Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Merkatua

Mikroekonomiak bereziki lehia perfektua duen merkatua aztertzen du. Merkatu hori definitzeko esan dezakegu ezin duela inork prezioa inposatu, hain dira handiak erosleen eta saltzaileen kopuruak. Hala ere, merkatuaren hutsegiteak azterturik, alde batetik, monopolioak eta oligopolioak azalduko dira eta, bestetik, kanpo-eraginak eta ondasun publikoak.

Merkatua, abstrakzioz, saltzaileen eskaintzak eta erosleen eskariak elkartzen diren gunea da, guztia prezio jakin batean doiturik. Beraz, lehenengo eta behin, eskaintza eta eskaria zer diren aztertuko dugu.

 

Eskaria

?Eskaria? hitz orokorraz ondasunen bat erosi nahi dutenen jokabidea deskribatzen da. Hitz horren bidez prezioaren eta eskaturiko kopuruaren arteko erlazioa adierazten da.

Ondasun bati bagagozkio, erosleek beren beharrak asetzeko aldi jakin batean erosi nahi duten kantitateari esaten zaio eskaturiko kopurua. Oro har, ondasunaren prezioa zenbat eta handiagoa den, hainbat eta txikiagoa da eskaturiko kopurua; aitzitik, prezioa zenbat eta txikiagoa den, hainbat eta handiagoa izango da eskaturiko kopurua.

Salbuespen bi daude: premia biziko ondasunak eta luxu ondasunak, lehenengoei prezioen gorakadek oso gutxi eragiten baitiete eta bigarrenak, beharrezkoak ez direnez, prezioa kontuan hartu gabe eskatzen baitira.

Eskariaren kurbak grafikoki erakusten du nolako erlazioa dagoen eskaturiko kopuruaren eta prezioaren artean. Adierazten du, hortaz, erosleek, produktu batetik, zenbateko kopuruak erosteko prest dauden, prezioa kontuan hartuta, ceteris paribus baldintzetan, esan nahi baita ?gainerako guztia aldatu gabe?, alegia, eskaturiko kopurua baldintzatzen duten gainerako faktore guztiek berdin irauten dutela, prezioa salbu.

Eskariaren kurba behera doa ezkerretik eskuinera, ondasunaren prezioak behera egiten duen heinean eskaturiko kopurua handituz doalako.Eskariaren determinatzaileak eskaturiko kopuruari eragiten dioten prezioaz kanpoko faktoreak dira, alegia, ondasun erlazionatuen prezioa (ondasun ordeztaileen, ondasun osagarrien, ondasun independenteen prezioak), kontsumitzaileen errentak (ondasun arruntak edo behe mailakoak diren kontuan harturik), kontsumitzaileen gustuak eta itxaroten diren etorkizuneko prezioak.

Ondasun ordeztailea da beste ondasun batek erosleen beharrak eta gurariak asetzen dituen neurri berean asetzen dituena.

Ondasun osagarri batek beste bat osatzen du baldin eroslearen guraria edo beharra asetzeko elkarrekin kontsumitu behar badira.

Ondasun bi independenteak dira baldin baten prezioak ez badio bestearen eskariari eragiten. Adibidez, kafea eta tea ordezko ondasunak dira, baina gasolina eta autoa ondasun osagarriak.

Ondasuna normala da baldin eta eskaturiko kopurua errenta gehikuntzarekin batera handitzen bada, ceteris paribus baldintzetan.

Ondasuna behe mailakoa da baldin eskaturiko kopurua errenta gehikuntzarekin batera txikitzen bada, ceteris paribus baldintzetan.

Eskariaren kurban zeharreko mugimendua: ondasun baten prezioa aldatzearen ondorioa da, eskariari eragiten dioten gainerako faktore guztiek berdin dirautelarik.

Eskariaren kurbaren tokiz aldatzea (ezker nahiz eskuinera): eskaturiko kopurua baldintzatzen duten determinatzaileetako edozein aldatzearen ondorioa, prezioa izan ezik.

Merkatu eskariak adierazten du kontsumitzaileek prezio guztietan eskuratu nahi eta ahal duten ondasun edo zerbitzu baten guztizko kopurua; kopuru hori banakako eskari guztiak batuz ateratzen da.Elastikotasuna: kontzeptu hori Alfred Marshallek sartu zuen ekonomian aldagai bat aldatzen denean beste bat nola aldatzen den neurtzeko.

Eskariaren prezio-elastikotasuna: ondasunaren prezioa aldatzen denean eskaturiko kopuruan gertatzen den ehuneko aldaketa, gainerako faktore guztiek berdin dirautela.

Adibidez, ohiko garraio baten prezioa aldatu arren, eskaria ia ez da aldatuko, kontsumitzaileek ezin baitute garraioa alde batera utzi. Beraz, eskaria zurruna da. Aitzitik, bitxien prezioak gora egiten badu, nabarmenki jaitsiko da eskaria; beraz, eskari elastikoa da hori.

Eskariaren errenta-elastikotasuna: eskatzaileen errenta gorabeheren arabera eskaria aldatzeko joera da, prezioek berdin irauten dutela.

 

Eskaintza

?Eskaintza? hitz orokorraz ondasunen bat saldu nahi dutenen jokabidea deskribatzen da.

Saltzaileek aldi jakin batean prezio guztietan eskaintzeko prest dauden ondasun baten kopuruari deritza eskainitako kopurua.

Eskaintzaren kurbak erakusten du saltzaileek, prezioen arabera eta ceteris paribus baldintzetan, produktu batetik zenbateko kopuruak dauden eskaintzeko prest.Eskaintzaren determinatzaileak eskainitako kopuruari eragiten dioten prezioaz kanpoko faktoreak dira: kapital fisikoa, teknologia, faktore aldakorren prezioa, klimaren baldintzak eta gobernuaren erabakiak (diru laguntzak eta zergak).

Kapital fisikoa ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenean parte hartzen duten ondasun ekoiztuak dira, adibidez, makinak, baliabide materialak eta eraikinak.

Teknologia deritza ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko beharrezkoak diren bitarteko eta metodoei buruz dauzkagun ezagupenen multzoari.

Faktore aldakorra: adibide bat emateagatik, pentsa dezagun enpresa batek bere kasa erabaki dezakeela zenbat lan egingo duen zerbait ekoizteko; beraz, faktore aldakor baten kantitatea erabakitzen du, epe laburrera egin ere. Berez, epe luzera faktore guztiak dira aldakorrak.

Eskaintzaren kurban zeharreko mugimendua: ondasun baten prezioa aldatzearen ondorioa, eskaintzari eragiten dioten gaineko faktore guztiek berdin dirautela.

Eskaintzaren kurbaren tokiz aldatzea (ezker nahiz eskuinera): eskainitako kopurua baldintzatzen duten determinatzaileetatik edozein aldatzearen ondorioa, prezioa izan ezik.

Eskaintzaren prezioaren elastikotasuna: ondasunaren prezioa aldatzen denean eskaintzaren kopuruan gertatzen den ehuneko aldaketa, gainerako faktore guztiek berdin dirautela.

 

Oreka

Hasieran esan dugunez, merkatua eskaintzaileak eta eskatzaileak elkartzen diren gunea da, eskema honek erakusten duen bezala:Merkatuko prezioa: produktu bat eros daitekeen prezioa.

Trukea: merkatuaren antzinako modua, hau da, merkantziak zuzenean trukatzen dira, dirurik erabili gabe.

Orekaren prezioa: prezio mota hori izaten dugu merkatuan eskaintzen eta eskatzen diren kopuruak berdinak direnean.

Baina gehiegizko eskaintza dago eskaintzen den kopurua eskaturikoa baino handiagoa denean; orduan, prezioa orekaren prezioaren gainetik jartzen da. Alderantziz, gehiegizko eskaria dago eskatzen den kopurua eskainitakoa baino handiagoa denean, orduan, prezioa orekaren prezioaren azpitik jartzen da.

 

Lehia perfektuko merkatua

Teoria klasikoaren eredu ekonomikoetan merkatu hau da nagusia eta berezkoena (ikus Pentsamendu Ekonomikoa).

Merkatuek, lehia perfektua izango badute, baldintza hauek bete behar dituzte:

 

Merkatuaren hutsegiteak

Merkatuen mekanismoak ez dira perfektuak, akatsak dituzte. Hutsegite horiek galarazten dute baliabide ekonomikoak akatsik gabe banatzea. Baina, bidenabar, bidezko egiten dute aginte publikoen esku hartzea, hasieran bederen, zuzena baitirudi gobernuak arauen bidez akats horiek saihesten ahalegintzeak. Merkatuaren hutsegiteen gaineko teoriak oinarri nagusia ematen die bai estatuaren esku hartzeari bai estatu modernoen banatzaile funtzioari.

Hiru hutsegitek hondatzen dute lehia perfektuaren idiliozko esparrua: ? Lehia inperfektuak ? Kanpo-eraginek ? Ondasun publikoek Hiru kasuetan, antzeko arazo bat da gakoa: merkatuaren emaitzan, prezioek ez dituzte benetako gizarte kostu bazterrekoak islatzen (banako gehigarri bat ekoizteak dakarren kostu gehigarria).

 

Lehia inperfektua

Horrelako lehia gertatzen da merkatua lehia garbi eta perfektuaren hastapenen arabera antolatzen ez denean. Orduan, monopolioak, oligopolioak... agertzen dira.

? Monopolioa Monopolioa den merkatuan saltzaile bakarra dago produktua baldintza jakin batzuetan eskaintzeko, bestela esanda, ez du ordezko onargarririk. Beraz, monopolioa lehia perfektuaren aurkaria da. Kasu honetan, prezioa ez du merkatuak ezartzen enpresak baizik.

Hona hemen merkatuan monopolioa izateko behar diren baldintzak: ? Saltzaile bakar batek eskaini behar du ondasuna.

? Ez dago ondasun horren ordezkorik.

? Hesiak daude merkatuan sartzeko: saltzaileek lehiatzaileei ez diete sartzen uzten beraiek mozkinak lortzen ari diren industrietan. Jakina, mozkinak izateko diru sarrerek kostuek baino handiagoak izan behar dute.

Aipa dezagun sarrerako hesiak nolakoak izaten diren: ? Berezko hesiak: kostuak handiegiak dira enpresentzat, adibidez, eskakizun tekniko oso bereziak behar direlako.

? Hesi artifizialak: patente batek jarriak.

Dakigunez, gobernuak asmatzaileari bermatutako bakarreko jabetza eskubidea da; horrela, aldi mugatu batean bera bakarrik balia daiteke asmakizunaz, baina jabeak eskubide hori saltzea edo uztea dauka.

Hortaz, aginte publikoak emandako aldi baterako monopolioa da. Horren ondorioz,aldi mugatu batez asmatzaileak bakarrik egin eta sal dezake bere asmakizuna.

Eskala ekonomiak dira monopolioak eratzeko arrazoi nagusietariko bat.

Eskala ekonomiak (desekonomiak): Sektorean lehenagotik ezarrita dagoen enpresak, tamainagatik, monopolioari eustea dauka kostuak murriztearen bidez, lehiatzaile txikiek ez bezala. Eskala ekonomia da lanabesa. Eskala ekonomien kasuan, ekoizpen faktoreetan % X gehitzen bada, gehikuntza horrek eragiten du % X baino gehiagoko (gutxiagoko) gehikuntza ekoizpenean.

Bestela esanda, ekoizpen unitatearen tamaina handituz lortzen da produktuaren kostua unitateko txikitzea.

Zenbait industriatan enpresa handiek merkeago ekoizten dute txikiek baino.

Ekoizpen prozesuaren maila guztietan eskala ekonomiak egonez gero, industria hori berezko monopolioa izango da.

Monopolioen kontrako legeak ezar daitezke, monopolioen aginpidea eta jokabideak kontrolatzeko.

Enpresa batek industria jakin baten ekoizpena beste askok baino eraginkortasun handiagoz eskaintzen badu, berezko monopolioa du, kostuetan guztizko abantaila du-eta, normalean instalazio kostuei eskerrak. Horixe gertatzen da oso orokorrak diren zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin, esate baterako, hiri handietako ur hornikuntza eta garraio publikoa eskaintzen dutenekin. Ohikoak izan badira ere, desagertzen ari dira gaur egun. Posta zerbitzu ofiziala berezko monopolioa izan da, baina egun lehiatzaileak ditu, Seur adibidez, antzeko zerbitzuak eskaintzen dituela.

Era berean, Telefonica monopolioa izan da oraintsu arte, baina lehiatzaileak agertu zaizkio.

Sarritan, monopolioek prezio diskriminazioak egiten dituzte. Adibidez, zenbait medikuk eta abokatuk bezeroei erosteko ahalmenaren arabera kobratzen diete. Ura nekazaritzarako merkeagoa da hirietakoa baino. Trenak merkeago edo garestiago dira egunen eta orduen arabera. Hortaz, enpresek prezio desberdinak zerbitzuen funtziotik edo kostuetatik kanpo ezartzen badituzte, prezio diskriminazioa egiten dute.

Bi diskriminazio hauek egiten dira: ? Erosleari saldutako banakoak bereiztea.

? Erosleak bereiztea. Hau gertatzen da baldin eta erosle batzuek daudela, bakoitzak aldi bakoitzeko banako bana erosi nahi badu eta prezio desberdinak ordaintzeko prest badago.

Kasu bietan monopolistak etekina ateratzen dio prezio diskriminazioari. Hori horrela, esan daitake ekoizpen maila orotan prezioak bereizteko sistemaren bat dagoela, prezio bakar batez lortzen diren diru sarrerak baino oparoagoak eskuratzeko.Monopsonioa: erosle aberats batek aurrean saltzaile gutxi dituenean gertatzen da, adibidez, armadak tankeak erosten dituenean, ez baita beste eroslerik.

Lehia monopolista gertatzen da enpresa batzuek antzeko produktuak eskaini arren, produktu horien artean lehia sortzeko bezainbat desberdintasun badaudenean.

Enpresa askok produktu desberdinak baina antzekoak (desberdinduak) ekoizten dituzte, ia ordezkoak izan daitezkeenak, baina ez bete-betean.

Ondorengo hauek dira lehia monopolistako merkatuen ezaugarriak: ? Partaide asko dituzte ? Produktuak ez dira berdinak ? Askatasuna dago industrian sartzeko edo irteteko ? Oso informazio ona du.? Oligopolioa Merkatu mota honetan gutxi dira antzeko produktuak edo desberdinduak eskaintzen dituzten saltzaileak, baina erosleak, aldiz, asko.

Oligopolioaren oinarrizko ezaugarri bat lehiatzaileen arteko mendekotasuna da: enpresa batek harturiko edozein erabakik lehiatzaileen erantzuna eragingo du. Enpresak elkarren aurkariak dira. Enpresa baten erabakiak gainerako guztiei eragiten die.

Egoera horrek ziurgabetasun handia sortzen du merkatuan, baina badaude aukera batzuk txikiagotzeko: ? Enpresa lehiakideen asmoak igarri eta aurre hartzea. Orduan, prezio gerrak sortzen dira (enpresek behin eta berriz jaisten dituzte prezioak lehiakideenak baino merkeagoak izan daitezen).

? Enpresen arteko akordioak, ?kartel? direlakoak. Kartela enpresa elkarketa bat da, ageriko hainbat konpromisoren inguruan bildua. Enpresak independenteak badira ere, kontratuak egiten dituzte prezioak, bakoitzaren ekoizpena edo merkatuaren banaketa finkatzeko. Beraz, lehiakideen jarduera mugatzea eta elkarrekin ahalik eta mozkin handienak lortzea da xedea. OPEP (Petrolioa Esportatzatzen duten Herrialdeen Erakundea) da ezagunena. Elkarte honek partaide bakoitzak zenbat petrolio eta zein preziotan saldu behar duen erabakitzen du.? Kapitala kontzentratzeko beste modu batzuk ? Trust-a: bi enpresak edo gehiagok bat egiten dute eta bakoitzak lehen zuen independentzia juridiko eta finantzarioa galtzen dituzte. Fusioa gertatzen da enpresa batzuk kontrol bakar baten azpian batzen direnean, akzioak erosi edo trukatu direlako edo beste nolabait batu direlako.

Fusio horizontalean enpresa lehiakideak elkartzen dira. Fusio bertikalean elkarren hornitzaile edo bezero direnak elkartzen dira. Hortaz, trust horizontalak (industriabakar bateko enpresena) eta trust bertikalak (lehengaiez elkar hornitzen duten enpresena) daude. Adibide batzuk: US Steel Corp.. ltzairu trusta, KIO, Tyssen Taldea, etab.

? Holding-a: enpresa askoren finantza kontrola duen elkartea, nahiz eta formalki independenteak izan. Rumasa izan zen Espainiako ezagunena.

? Pool-ak: sektoreko merkatua kuota zehatzen bidez elkarren artean banatzen duten enpresen elkartea. Ipar Amerikako industria siderurgikoan baliatu dira sistema horretaz.

 

Kanpo-eraginak

Maiz, pertsona edo enpresa baten ekintzek beste pertsona edo enpresa batzuei eragiten diete. Kostuak ezartzen dizkie beste batzuei, baina ez die konpentsaziorik ematen, edo mozkinak irabaztera ematen, eta hark ez du inolako ordainik jasotzen.

Egoera horretan kanpo-eraginak daudela diogu, ondasun baten kanpo-eraginak: ondasunaren kontsumoak edo ekoizpenak eragina du jatorrizko kontsumitzaile edo ekoizle ez diren beste batzuen ongizatean edo mozkinetan, baina mendekotasun horrek ez du ukitzen prezioa.

Bi kanpo-eragin mota daude: ? Negatiboak: pertsona edo enpresa baten ekintzek kostuak eragiten dizkiete beste batzuei; esate baterako, enpresa batek sortutako kutsadura (atmosferan, ibaietan, zarata) edo pertsona baten zigarroak botatako kea (beste batzuentzat kaltegarri, erre nahi ez dutenean, erretzaile pasibo bihurturik).

? Positiboak: eragina onuragarria da besteentzat; adibidez, enpresa batek langile ondo prestatuak behar dituelako ikasketa horiek inguruko herrietan kokatzen badira eta laguntza bereziak eskaintzen bazaizkie ikasleei karrera hori aukera dezaten. Beste adibide ezagun bat Osakidetzak egiten dituen txerto kanpainena da: txertoek, jasotzen dituztenak ez ezik, ingurukoak ere babesten dituzte, infekzioak mundu guztia harrapa dezakeelako.

Kanpo-eragin negatiboei ?kanpo-desekonomiak? ere esaten zaie. Eragileek kostu osoa beren gain hartzen ez dutenez, kanpo-eragin gehiegi sortzeko joera dute.

Kanpo-eragin positiboen beste izena ?kanpo-ekonomiak? da. Horiek, ordea, oso gutxitan gertatzen dira, eragileek ez baitituzte eskuratzen kanpo-eragin positiboek sortutako onura guztiak.

Horiek guztiak esanda, argi dago kanpo-eraginak daudela kostu edo mozkin pribatuak eta kostu eta mozkin sozialak desberdinak direnean, merkatuko prezioetan ez direlako ekoizpen edo kontsumoaren bigarren mailako ondorioak sartzen. Adibidez, enpresa batek ke sulfurosoak jaulkidituela kausa, kalte egin die ondoko etxebizitzei eta herritarren osasunari. Eragin horiek ordaindu ezean, kutsadura egoera egongo da, eta halatan, kontsumitzaileen ongizatea txikiagoa izango da (kanpo-eragin negatiboa).

 

Ondasun publikoak

Ondasun publikoen ezaugarri nagusitzat jotzen dugu kontsumitzaileen arteko lehiarik ez sortzea, hots, pertsona batzuek ondasun publiko jakin bat kontsumitzeak ez die gainerakoei kontsumitzea galarazten.

Ondasun publiko garbiak eta garbiak ez direnak bereizten dira: ? Ondasun publiko garbiak ez dira baztertzaileak; kontsumitzaile gehiago agertuz gero, gainerako kontsumitzaileen onurak ez dira murrizten.

? Ondasun publikoak garbiak ez direnean, ostera, nolabaiteko lehia agertzen da; kontsumoa gehitzen denean, lehenengoen onura txikiagotu egiten da eta, kontsumo maila batetik aurrera, pilaketa handiegia gertatu eta lehenengoen ongizate maila jaitsi daiteke.Laburbilduz, ikuspegi neoklasikoaren ?lehia perfektuaren? eta oreka estetikoaren kontra, beste autore batzuek diote, fisikatik irudi bat hartuz, merkatua ezin dela makina baten antzera deskribatu, ez baitituberez eta automatikoki eskueran dauzkagun baliabide urriak kopuru mugatuetan banatzen, eta ez baitu globaltasunez eta lehia perfektuaren baldintzetan lan egiten.

Ekonomilari liberal horien aburuz, merkatua etengabeko bilaketa prozesua da; horrela, parte hartzen dutenek baliabide urriez eraginkortasunez baliatzeko modua aurki dezakete beren mozkinetan edo gustuetan.