Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Kontabilitate nazionala

Makroekonomiak modu globalago batean ikertzen du ekonomia, ekonomia oso-osorik hartuta. Makroekonomiak, beraz, ekonomiaren jokabidea ikuspegi orokorretik aztertzea du helburutzat, halako denbora tarte mugatu batean ekonomia batean diren ekoizpen, errenta eta enplegu maila erantsiak zehazteko; horrelako mailak zergatik gertatzen diren azaldu eta, beharrezko izatekotan, hobetzen saiatzen da.

Makromagnitudeak edo makroekonomi aldagaiak analizatzea da makroekonomiaren ikergaia –errenta, ekoizpena, enplegua eta abar; baita batez besteko batzuk ere: prezioen mailarena eta interes tasena–. Aldagai horien garrantzia adierazle izatean datza, ekonomiaren funtzionamendua aztertzen laguntzen baitigute, baita hainbat herriren ekonomiak alderatzen ere.

Makromagnitudeen dimentsioa aztertzeko kontabilitatea egiten da. Magnitudeok definitu eta kalkulatzeko arazoak izaten direnez gero, kontabilizatzen eta neurtzen lagunduko duen sistema bat prestatu beharko da. Mota horretako sistemek kontabilitate nazionala edo kontu sistema nazionalak eratzen dituzte, enpresek beren kontabilitatea egiteko baliaturikoen antzekoak direnak. Espainian Estatistikako Institutu Nazionala (INE) arduratzen da nazioaren kontuak prestatu eta argitaratzeaz, herri guztietarako finkaturiko jarraibide erkideen arabera, kontuak herri guztietan homogeneoak izateko eta ekonomiak alderatu ahal izateko.

 

Hiru ikuspegi herri baten ekoizpena zehazteko

Kontabilitate nazionalaren helburua da ekonomia agenteen arteko transakzio guztiak bildu eta hori egindakoan, besteak beste, herri batek sorturiko ekoizpena zein izan den zehaztu ahal izatea.Herri bateko ekoizpena hirutara zehatz daiteke:

 

Adierazleak ikertu aurreko gogoetak

• Beharrezko da herri barnean lorturiko ekoizpena (barne ekoizpena) eta agente nazionalek lorturikoa (ekoizpen nazionala) bereiztea. Barne ekoizpenean kontabilizatuko dira herriko mugen barnean gauzatutako eragiketa guztiak, eta ekoizpen nazionalean delako estatuko agenteek gauzaturikoa, nahiz eta eragiketak herriko muga fisikoetatik landa egin.

• Era berean, ekoizpen gordina eta ekoizpen garbia bereiztu beharra dago.

Ekoizpen gordina osoko ekoizpena da, baita ekoizten erabilitako kapitalaren higadura ere (makinak, lanabesak...). Higadura horren ekonomia balioespenari amortizazioa edo balio galera esaten zaio. Ekoizpen gordinari amortizazioa kenduta lortzen da ekoizpen garbia.• Bitarteko produktuak eta azken produktuak ere bereizi behar dira, batzuak ala besteak kontabilizatuta adierazlea oso desberdina izango delako. Bitarteko ondasun esaten zaio langileak eraldatu ondoren, beste ondasun bat lortzeko erabiltzen denari.

Beraz, azken produktuak izango dira zuzenean kontsumitzeko direnak eta bitartekoak azken ondasunak egiten erabilitakoak.

Adibidez, gurpilak bitarteko ondasuntzat nahiz azken ondasuntzat jo daitezke, autoak osatzen dituzten enpresek bitarteko ondasun gisa erabil baititzakete, denda espezialduei eta jendeari, ordea, azken ondasun gisa salduko dizkietela.

• Kostu prezioa eta merkatu prezioa bereiztu behar dira. Merkatu prezioa (mp) lortzen da kostu prezioari (kp) zeharkako zergak (zz) gehitu ondoren –produktua garestitzen baitute (BEZ, besteak beste)– eta diru laguntzak (Dl) (ekoizpenak jasotakoak) kenduta, merkatu egiten dutenez gero.• Ez da berdin ekoizpena kontabilizatzea legezko prezioetan edo prezio konstanteetan (erreferentziatzat jota oinarri urtea).

Prezio arruntak izango dira ekoizpena aztertzen den urteko prezio indarrekoak.

Horrela, ekoizpena legezko pezetetan edo nominaletan neurtzen ari dela esango dugu.

Ekoizpena oinarri urte bateko prezioen arabera aztertu eta legezko pezetatan edo legezko pezetetan neurtu dela esaten da, prezioen gorabeherak kendu baitira.

 

Produktu nazionala ekoizpenaren ikuspegitik

Produktu Nazionala izango da halako denbora tarte jakin batean, urtebete normalean, ekonomia batek ekoizturiko azken ondasun eta zerbitzu guztien merkatu balioa.

Kontabilitate Nazionalaren helburuetako bat herriaren urteko ekoizpena kalkulatzea denez gero, ekonomia nola doan zehazteko (hazi ote den, bertan behera geratu ala atzera joan) Produktu Nazionala kalkulatzen da.

Produktu Nazionala kalkulatzeko azken ondasun eta zerbitzuak baino ez dira zenbatzen, bitartekoak gabe. Horrela itzuri egiten zaio kontabilizatze bikoitzari.Adibide gisa okintza hartuko bagenu, produktu nazionala kalkulatzerakoan, kontsumitzaileei salduriko ogi guztiak beren salneurriez biderkatuko genituzke. Horiek maneatzen erabilitako gariaren edo irinaren prezioa ere sartuko bagenu, okintza gainez baloratuko genuke, merkatu prezioak, ogi bakoitzeko ordainduriko salneurriak, lehengaien kostua ere baitarama barne. Gainera, kontsumitzaileek inoiz ez dituzte bitarteko produktuak ordaintzen.

Barne Ekoizpen Gordina (BEG) deritzon magnitudeak diru banakotan neurtuko du ekonomia batean agente egoiliarrek (bertako zein atzerritar) urtebetean kontsumituriko azken ondasun eta zerbitzuak.

Bestela esanda, nazio bateko geografia mugen barnean ekoizturiko azken ondasun eta zerbitzuen balio osoa da.Barne Produktu Gordina (BPG) BE- Gren eta atzerrian bizi diren espainiarren errentaren (EEE) batura da, Espainian bizi diren atzerritzarren errenta kenduta (AEE).

Horrela lortuko genuke ekonomia bateko agente nazionalek ekoizturiko azken ondasun eta zerbitzuen balio osoa.Balio erantsia (BEZ) kalkulatuko da produktuaren azken balioari kanpo hornitzaileei erositako bitarteko produktuen balioa kenduta. Horrela, produktu nazionala bitara neur daiteke: azken kontsumitzaileei ekoizturiko eta saldutako guztiaren batura gisa edo ekoizpen fase bakoitzean sorturiko balio erantsien batura modura. Balio erantsiak enpresa batek gehituriko ekoizpen ekarpena adierazten du. Horrela, adibidez, jostunak jantziak sortuko ditu etaprezio finkoan salduko, baina ez da, inondik inora, arropa horretako balio integratu osoaren sortzaile; ehuna, haria, josteko makina, lokala..., nolabait ekoizpenaren osagai dira, nahiz eta jostuna bera ez den egilea. Beraz, jostunak erantsitako balioa jakiteko, bere ekoizpenari kendu beharko zaizkio bitarteko produktu guztien merkatu salneurria.Azken ondasunek merkatuan dituzten salneurrien aldetik neurtzen dugunean Produktu Nazionala, orduan esan ohi dugu produktua balioetsi dela merkatu prezioen (mp) arabera. Bestela ere kalkula dezakegu Produktu Nazionala, ekoizpen faktoreen sariak zenbatuta, hau da, faktoreen kostua (fk), eta emaitza ez da bat etorriko salneurriarekin.

Merkatu prezioetan adierazitako nazio produktu gordina (NPGmp) lortzeko BPGri kendu beharko zaio amortizazioen prezioa, hau da, urtean kontsumituriko edo balioa galduriko kapitala. Esate baterako, garraiolariak kamioia erosten duenean badaki 5 urte iraungo diola eta tarte hori igarota ordezkatu beharko duela. Zergatik? Kamioa balioa galduz doalako urteak joan urteak etorri (kontsumituz, higatuz doa).

NPGren barnean kapital inbertsio netoa dago eta ez ondasunak birjartzekoa. Inbertsio netoa (kapital sorkuntza netoa) delakoak barne hartzen ditu izakinen eta kapital ondasunen –ekipo ondasunak: makinak, eraikinak eta abar– gehikuntzak.

Inbertsio gordina, beraz, inbertsio netoaren eta amortizazioaren edo balio galeraren batura da.Merkatu prezioetako nazio produktu netoari zergak (zz) kendu ondoren, diru laguntzak (Dl) gehitzen badizkiogu, faktore kostuetan adierazitako Nazio Produktu Netoa (NPNfk) agertuko da.Zeharkako zergak (zz).

Diru laguntzak: Estatuak ekoizpenari emandako ekonomi laguntzen multzoa dira.

Adibidez, garrantzi handikoak dira nekazaritzarako diru laguntzak.

NPNfk-ari Errenta Nazionala (EN) ere esaten zaio, eta bera dela bitarte adieraz daiteke nola ordaintzen zaien ekoizpen faktoreei.

 

Produktu nazionala gastua kontuan harturik

Gastuaren aldetik, Produktu Nazionala izango da herri bateko agente ekonomiko guztiek eginiko gastuaren batura: familia edo kontsumitzaile, enpresa, sektore publiko eta gainontzeko guztiena.

Familien gastuari kontsumo deritza (K), enpresenari inbertsio (I), sektore publikoak egindako gastuari kontsumo publiko (Kp) eta, azkenik, gainontzekoek erositako ondasun eta zerbitzuei, esportazio (X), eta saldutakoei, inportazio (M). Halaber, ekonomian planeaturiko gastu mailari Eskari Agregatua esaten zaio.

Horrela esan dezakegu Gastu Nazionala (GN) edo Eskari Agregatua ondokoaren baliokidea dela:Ondorioz, ondasunen eskari agregatua izango da ekonomia bateko gastu unitate guztiek, planifikaturikoaren arabera, ondasunetan gastatu nahi duten kantitatea; hau da, etxeko ekonomiek egingo duten gastua (kontsumo pribatua), enpresena (inbertsioa), Estatuaren gastua (kontsumo publikoa) eta kanpo ekonomiekiko salerosketak (esportazio-inportazioak).

Gastu Nazionalak eta Produktu Nazionalak berdinak izan behar dute ekoizpena irizpidetzat baliatuta, Gastu Nazionala agente erosleen arabera xehaturiko Produktu Nazionala baita. Gogora ekarri nahi dugu Produktu Nazionala kontabilizatzen dela ekonomia batean sorturiko azken ondasun eta zerbitzuen balio gisa edo ekoizpen fase bakoitzean sorturiko balio erantsien batura moduan.

 

Kontsumo pribatua

Kontsumoak bere baitan hartzen du etxe ekonomiek erositako ondasun iraunkorrak (elektragailuak, autoak e.a.), galkorrak (janaria, edaria, e.a.) eta zerbitzuak (bidaiak, medikuak, jatetxeak...). Kontsumo pribatuan ez da jasotzen ondasun higiezinak erostea (etxebizitza, adibidez), inbertsiotzat jotzen denez gero. Kontsumitu gabeko errenta aurrezkira doa eta aurrezkia inbertitzeko erabiltzen da.

 

Kontsumo publikoa (gastu publikoa)

Administrazio publikoek ondasun eta zerbitzu arruntetan eginiko kontsumoa da.

Zerbitzu publikoek sorturiko gastu guztiak (defentsa, hezkuntza, osasuna, herrilanak, errepideak, urtegiak e.a.) administrazio publikoen gastutzat jotzen dira. Kontsumo publikora ez dira biltzen transferentziak (sektore publikoak familiei ordaindutakoa, benetako kontraprestaziorik gabekoak), ekoizpenean ezik, errentari eragiten ei diote eta.

 

Inbertsioa

Inbertsioaren osagaia da enpresak kapital ondasunetan eginiko gastua, hau da, zuzenean kontsumituko diren ondasunetakoa izan beharrean, beste ondasun eta zerbitzuak ekoizteko ondasunetakoa denean.

Kontabilitate Nazionalean bi inbertsio sail bereizten dira: – Kapital finkoaren eraketa gordina (KFEG): osagai ditu planta eta ekipo inbertsioak (alegia, biltegiak, lantegiak, ekoizteko makina zein tresnak eta abar), eta egoitza eraikinetako inbertsioa, hau da, egoitza moduan erabiliko diren eraikinak, biztanledunak ala gabeak.

– Izakinen aldakuntza (IA): elementu moduan du ekoizpenean erabili gabeko zein merkatuan saldu gabeko lehengai, produktu erdilandu eta azken produktuen aldakuntza netoa (gehikuntzei jaitsierak kenduta).

Adibidez, ikuzgailu enpresa batek 1996.eko abenduan 60.000 banako zeuzkan stockean, eta 1997ko abenduan 100.000 ikuzgailuko stocka zeukan. Beraz, enpresaren izakinak 20.000 banakotan gehitu dira.

Inbertsioa edo Kapitalaren Eraketa Gordina (KEG) Kapital Finkoaren Eraketa Gordinaren eta Izakinen Aldakuntzaren batura izango da.

 

Esportazio-inportazioak

Esportazioak dira nazio batean ekoizturiko ondasun eta zerbitzuetatik atzerritarrei saldu zaizkienak. Sail honetan egongo dira herri batean sortu eta nazio bateko ekonomi lurraldetik mundu zabalera behin betiko ateratzen diren ondasun nazional berri eta erabili guztiak, baita lurralde nazionalean atzerritarrek kontsumiturikoak ere.

Inportazioak ditugu atzerrian ekoizturiko eta atzerritarrek saldutako ondasun eta zerbitzuak, hau da, nazionaren ekonomi lurraldera mundu zabaletik etorritako ondasunak edo nazio horretako biztanleek atzerrian kontsumiturikoak.

 

Produktu nazionala errentaren ikuspegitik

Oso modu errazean azaldu nahi izatekotan nola sortzen eta neurtzen den errenta nazionala, errentaren fluxu zirkularra erabiliko da eskema gisa, segituan azalduko den moduan. Bi lagun talderen transakzioak jasoko ditu: kontsumitzaileena eta ekoizleena.Produktu Nazionala ekoizpen faktoreei eginiko ordainak batuta ere neur daiteke.

Ordain edo sari horiek honela daude osaturik: • Langileek jasotako lansari eta soldatak.

• Errenta mistoak: ekonomian soldatapeko zein jabe gisa diharduten gizaldeen errentak dira, adibidez, autoaren jabe den taxistarenak. Herri bateko Errenta Nazionaleann egun oraindik oso garrantzizkoa da lanari atxikitako errenten multzoa, hau da, lansari errentak eta errenta mistoak.• Errenta eta alokairuak, ondasun higiezin guztien truke ordainduriko alokairu sariak zein jabeek berek erabilitako etxebizitzen alokairuak dira.

• Interes netoak, mailegaturiko finantza baliabideak erabiltzeagatik ordainduriko interesak, gobernuaren zor publikoaren eta bestelako maileguen interes gisa ordaindurikoak kenduta.

• Baltzuen zerga aurretiko etekinak, dibidenduak, banatu gabeko mozkinak eta baltzuen errentaren gaineko zerga barne.

Sari eta ordain horiek guztiak batuta, Errenta Nazionala lortuko dugu, Gastu Nazionalaren eta Produktu Nazionalaren baliokidea dena.Beraz, hau izango da Errenta Nazionala:Errenta Pertsonala (EP) pertsonek lortzen duten saria da. Hori kalkulatzeko, Errenta Nazionalari (EN) kendu beharzaizkio enpresen mozkin banatu gabeak (Mbg), mozkinen gaineko zergak (Mt), enpresek ordaindu beharreko gizarte segurantza eta enparauak (GSt) eta familiek Estatutik lor ditzaketen transferentziak gehitu: bekak edo bestelako laguntzak (Ft).Per capita errenta (pce) lortzeko Errenta Nazionala banatu beharko da herriko biztanleria osoaz. Adierazle honen bitartez aldera ditzakegu herrien errentak, eta dolarretan jaso ohi da.Errenta pertsonal erabilgarria (EPE) definitzerakoan esaten da gizabanakoek kontsumitu zein aurrezteko benetan daukaten errenta pertsonalaren zatia dela. Gizabanakoek bi zeregin esleituko dizkiote: kontsumoa (K) eta aurrezkia (A).Gainera, Errentaren zati bat erabiliko dute Estatuarekiko eginbeharrak kitatzeko, hau da, zuzeneko zergak (Zz) ordaintzeko.Laburbildurik, ekoizpen nazionala hiru ikuspegitatik kalkulatzeko, datu hauek erabiliko ditugu:Adibidez, bigarren zutabeak merkatu prezioetan adierazitako BPG (BPGmp) jasotzen du. Faktore kostuetan adierazitako BPG (BPGfk) lortzeko (hirugarren zutabea), BPGmp delakoari zeharkako zergak (zz) kendu behar zaizkio eta diru laguntzak gehitu (Dl).Modu bertsuan, hirugarren zutabea (BPGfk) hartuta, NPGfk (laugarren zutabea) lortu nahi izatekotan, BPGfk deritzonari kendu beharko zaizkio atzerritzar egoiliarrek Espainian lorturiko errentak (AEE), eta egoiliar espainiarrek atzerrian lorturiko errentak gehitu (EEE).

 

Produktu Nazionalaren mugak eta kritikak gizartearen ongizate materialaren adierazle gisa

• Produktu nazionalak ezkutatu egiten ditu jarduera sozial eta ekonomiko batzuk: 1. Etxeko andreak etxeko ekonomiei eginiko ekarpena da garrantzitsuena. Euskal Autonomia Elkartean (EAE) 450.000 etxeko andre dira eta 6 milioi baino gehiago Espainian. Egunean 5,2 ordu eman ohi dituzte etxeko zereginetan, baita asteburuetan ere, zenbaitetan etxetik kanpoko lana egin ondoren. Egile batzuek kalkulaturikoaren arabera, etxeko andreek Barne Produktu Gordinaren %20 eta %40 artean sortzen dute.

2. Norberak kontsumitzeko jarduerak, batez ere nekazaritza ekonomietakoa.

3. Lurpeko ekonomiak, ekonomia ezkutuak sorturiko jarduerak: ondasunak etxeetan edo egoitza klandestinoetan egitea; legez kanpo dauden atzerritarrak; droga ekoiztu eta banatzearekin zerikusia dutenak; prostituzioa; enpresaburu txiki, komisionista eta autonomoen jardueren osagai ezkutua...4. Boluntario sozialen lanaldiak.

• Denbora faktorea ez erabiltzea analisi kategoriatzat.

Produktu Nazionalak ez du aisialdia kontuan hartzen, gizarte ongizatearen neurririk garrantzizkoetako bat izanik. Gizarte batek ondasunetan ekoizten badu beste gizarte batek lain, baina denbora laburragoan, begi-bistan dago «hobeto» biziko dela.

Ikuspegi horretatik, auto-ilara eta abarretan alferrik galdutako denbora gizarte ongizate txikiagotzat jo behar lirateke.

• Gizarteak behar bezala ez balioztatzea sorturiko ekonomi ondasunak.

Produktu Nazionalerako berdin balio dute oinarrizko beharrizanak asetzen duten ondasunek (osasuna, kultura) zein armagintzarekin, publizitatearekin edo hirietako trafiko zailtasun gero eta handiagoek eragindako gasolina hornidurarekin erlazionaturikoek.

• Ez dira kontabilizatzen ekoizpen jarduerak sorturiko gizarte kostuak, ezta baliabide natural ezberriztagarriei eragindakoak ere.

Produktu Nazionalean kapital fisikoaren higadura eta balio galera kontuan hartzen dira, eta horien balioa amortizazioen bidez kentzen da. Hala ere, ez du aztertzen Natura babestu beharra edo ingurunea hobetu beharra, aldiz natura kapitalaren kontsumoa aberastasun handiagotzat jotzen da: inguruneari kalte egitea, zuhaitzak irizpiderik gabe moztea, baliabide ezberriztagarriak agortzea... Hala ere, adibidez, trafiko istripuak gehitzen direnez gero, BPG hazten da.• Produktu Nazionala banatzearen arazoa.

Produktu Nazionala haz daitekeen arren, aldi berean gerta daiteke (eta halaxe gertatzen da) biztanleen artean gero eta modu desberdinagoan banatzea.Produktu Nazionalari gizartearen ongizate adierazle gisa dituen hutsei eginiko kritika horiek direla eta, bestelako adierazle alternatiboak proposatzen dira, adibidez, Giza Garapenaren Adierazlea (GGA) (ikus Garapena eta Azpigarapena).