Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Nazioarteko merkataritza

Ekonomiarik garatuenak ekonomia espezializatuak izan ohi dira, eta manufaktura zein zerbitzu aurreratuak sortzen dituzte, lan kualifikatuzko osagaiekin horniturik; hain garaturik ez dauden ekonomiak, aldiz, lehengaiak ekoizten baino ezin dira espezializatu.

Lehenengoek autonomia zabala izaten dute kanpo harremanetan, eta trukeetan abantailak aurkitzen saiatu ahal izateko; bigarrenek, merkataritza menpekotasun handiko egoeran daudenez gero, etengabe bilduko dituzte zorrak eta, azkenean, nazioaren ekoizpena bera hedatzeko aukerak oztopatuko dituzte.

Nazioarteko merkataritzak beste nazioetako dirua erabiltzera behartzen du, eta horiek denak truke tasak deituriko prezio erlatiboekin loturik daude. Esaterako, amerikarrek ondasun britainiarrak inportatzen dituztenean, azken buruan, libera esterlinak erabili behar dituzte ordaintzeko.

 

Nazioarteko merkatuaren teoriak

Adam Smith teorilariak (1776) merkaturaturiko ondasunak ekoizten eraginkortasun desberdinak dituzten herriarteko merkataritza trukeak aipatzen ditu.

Adibidez, ondoko taulan ekoizkin unitateko zenbat lan unitate behar diren adieraziko dira (A. Smith):Ingalaterra eraginkorragoa da oihalgintzan Portugal baino: lan ordu bat gutxiago darabil oihal unitate bakoitza sortzen; Portugal, aldiz, eraginkorragoa da janaria sortzen, 4 ordu baino ez ditu behar unitate batsortzeko (eta ez 5, Ingalaterran bezala).

Nazioarteko merkataritzarik erabili ezean, herri biok 6na lan ordu erabili behar lituzkete ondasun unitate bakoitza ekoizten.

Demagun herri bakoitza eraginkorren sortzen dituen ondasunak ekoizten espezializatzea dela merkataritzaren oinarria: Ingalaterrak bere sei lan orduak erabiliz gero oihalgintzan, sei unitate sortuko lituzkete; eta Portugalek bere lan orduak janaria ekoizten emango balitu, 1+ 1/2 unitate ekoiztuko lituzke.

Nazioarteko merkataritza hasi denetik, horrela gaude: Ingalaterrak 4 unitate oihal esportatuko balitu (2 gordeko ditu barne merkataritzarako) janari unitate 1en ordainez, onuradun aterako litzateke, lorturiko ondasunek (2 unitate oihal eta 1 unitate janari) nazioan 7 lan ordu eskatuko zizkiotelako autarkia egoeran.

Portugalek 1 unitate janari esportatuko du (eta 1/2 gorde barne kontsumorako) 4 unitate oihalen ordainez (2 unitate janari portugesen baliokideak), 8 lan orduren bestekoa, horiek ekoizten benetan 4 ordu baino erabili gabe; ondorioz, prozesuaren amaieran, 10 lan orduren ondasun baliokideak lortu dituzte, nahiz eta 6 orduan baino lan egin ez duten.

Laburbiltzeko, Adam Smith-en Trukearen abantaila absolutuen teoria-ren arabera, nazio batek beste bati merkantzia eskaintzen badio honek sortzen emandako baino kostu txikiagoan, erostea interesatuko zaio eta salerosten jardungo dute. Horra hor zergatik sortzen den espezializazioa nazioartean, denon onuragarri. Azalpen hori ez da aski, nekez pentsa baitaiteke nazioek abantaila absolutu iraunkorrak lor ditzaketenik.David Ricardo teorilariak (1817) argudiatu zuenez, nazioarteko merkataritzaren abantailen teoria baliagarria da herrietako bat (Portugal, hurrengo adibidean), ondasun biak ekoizten bestea baino eraginkorragoa izanda ere.Ondoko taulan unitateko zenbat lan unitate behar diren adierazten da (D. Ricardo):

 

Nazioarteko merkatuaren errealitatea

Honela laburbil ditzakegu gaur egungo nazioarteko merkataritzaren ezaugarriak:

 

Librekanbioa ala protekzionismoa?

Nazioarteko merkataritza aztertzerakoan, harrigarria da ikustea nolako tartea dagoen merkataritza zergatik gertatzen den azaltzen duten teorietatik errealitatera, maiz eta etengabe mugatzen dituztelako agintariek nazioarteko merkataritzako trukeak.Protekzionismoa neurri multzo batek osatzen du eta neurrion helburua inportazioa murriztea da (are salgai batzuen esportazioa ere), horrela jokatuta barne merkaturako ekoizpen nazionalari laguntzeko.

Neurri protekzionista horietako batzuk muga arantzelak igota gauzatzen dira atzerriko produktuen inportazioak galarazi edo mugatzeko, edo baliabide edo ekoizkin nazionalak esporta ez daitezen, barne ekonomiarako garrantzizkotzat edo estrategikotzat jotzen direlako.

Muga edo arantzel babesa ekonomia politikako tresna da eta industria nazionala sustatu nahi du, muga zergak gehituz atzerritik babestearren.Librekanbioa deritzon ekonomi teoriak eta praktikak diotenez, nazioarteko merkataritza ez da zedarritu behar, “abantaila konparatiboak” direla bitarte (David Ricardo, 1817), alde guztiek onura lortzeko moduko merkatua ezarri ahal izateko, horren arabera herri guztiek onurak lortuko baitituzte nazioarteko merkataritzatik espezializaziora jo eta atzerrian baino kostu erlatibo txikiagoko kostuak ekoiztuta; bestalde, ekoizpen erlatibo garestiagoa dutenak inportatu beharko dituzte.Abantaila konparatiboen teoria horren arabera, eta hauxe izan da gaur arte geroko adierazpen librekanbista guztien zurigarria, merkataritza libreak egoera hobean uzten ditu herriak merkaturik ezak edo merkatu artifizialki mugatuak baino; nazioak ondasun eta zerbitzu gehiago lortzen ditu bere ekoizpenaren truke, barnean baliabide berberak erabilita ekoiztuz baino.

Librekanbioaren iritzi horiek nazioartean nagusi badira ere eta praktika protekzionistak mugatzeko hainbat nazioarteko hitzarmen eta erakunde eratu diren arren, hala nola Arantzelei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra (GATT), Munduko Merkataritza Erakundea (MME) (ikus nazioarteko ekonomia), egia esan, eta hala adierazi dugu, maiz jotzen dute halako babes neurrietara, are potentzia nagusiek ere, nekazaritza, batez ere, oso babesturik edukitzen dute eta.GATTi esker zenbait aurreramendu gauzatu badira ere muga arantzelak hainbat negoziazio elkarrizketaldiren bitartez murrizteko (ikus nazioarteko ekonomia), ia egin guztiak ekoizkin manufakturatara mugatu dira, orain arte oztopo ia gaindiezinak izan direla lehengaien merkataritzan.

 

Ordainketa balantza

Nazioarteko eragiketak salmentazkoak edo erosketazkoak izan daitezke. Joan-etorri ekonomiko horiek bi kanpo merkataritza talde handi osatzen dituzte: inportazioak eta esportazioak.Inportazioak herri batek atzerrian erositako salgai guztiek osatzen dituzte. Barne hartzen ditu merkantzien erosketa, atzerritarrek emandako zerbitzuak eta kapital inportazioak. Kanporanzko ordain korrontea sortzen dute. Esportazioek barne hartzen dituzte atzerriko herriei saldutako guztiak.

Beren baitan badira merkantzia salmenta, zerbitzu eskaintza eta kapital irteerak.

Kanporanzko kobrantza korrontea sortzen dute.Ordainketa balantza kontularitza dokumentua da, eta berariaz jasotzen ditu nazio bateko biztanleek eta munduko gainontzeko lagunek halako epe jakin batean, normalean urtebetean, egindako ekonomi transakzioak.

Ordainketa balantzan jasotako transakzioak bi motatakoak izan daitezke: alde bakarrekoak eta alde bikoak.Transakzio alde bakarrekoak: orekatze sarrerarik gabeko ekonomia eragiketak dira, adibidez, Hirugarren Munduko herrientzako dohaintzak.

Transakzio alde bikoak: orekatze sarrerak dituzten ekonomia eragiketak. Esaterako, makinak atzerrian erostea, ordaindu behar izaten delako.Azpi-balantzek saldo positiboak zein negatiboak izan ditzakete eta, amaieran, horiek elkar orekatu beharko dute. Hau da, kontu korronteagatiko defizita finantzatu beharko da kapital eta finantza kontuko superabitaz.

 

Kontu korronteko balantza

• Merkataritzako balantza Merkataritzako balantzak (Merkataritzako Balantzako azpi-balantza da) salerosgaien transakzioak biltzen ditu. Erregistro honen bitartez jakin dezakegu ekonomia batek desorekarik ba ote duen, esportazioen eta inportazioen arteko aldea kalkulaturik.

1995ean inportazioak handiagoak izan ziren esportazioak baino eta, hartara esaten da 1995ean espainiar ekonomiak merkataritzako defizita izan zuela. Horrek munduko gainontzeko herrien zordun bihurtu zuen Espainia.

• Zerbitzu balantza Zerbitzu balantzak jasotzen ditu garraio, turismo, aseguru eta beste zerbitzu batzuen trukeagatiko transakzioak. Sasoi batean esportaturiko zerbitzuetatik inportaturikoetarako aldea positiboa bada, azpi-balantza horrek superabita izango du eta bera erabilita ekonomia horretako desoreka guztiz edo aldez ordainduko da. Alde hori, aldiz, negatiboa bada, zerbitzu balantzak saldo defizitarioa izango du.

• Transferentzia balantza Transferentzia balantzak orekatze sarrerarik gabeko kanpo eragiketak biltzen ditu, adibidez etorkinek herrira bidalitako diruak edo nazioarteko laguntzak. Orekatze sarrerarik ez dakarten transferentziak publikoak zein pribatuak izan daitezke. Espainiarentzat, adibidez, transferentzia publikoen artean azpimarragarriak dira Europako Batasunarekikoak, bateko Batasunaren aurrekonturako espainiar ekarpenak eta besteko Espainiak hainbat europar fondotatik laguntza modura jasotako fluxuak jasotzen dituztelako.

• Errenta balantza Errenta balantzak batera biltzen ditu lanaren errentak (aldiko edo sasoiko langileen lansaria) zein kapital errentak (inbertsio zuzenenekoen errentak edo dibidenduak eta mailegu edo gordailuen interesak).

Zuzeneko inbertsioa: inbertitzaileari sozietatean eraginkortasunez eragiteko aukera ematen dion parte hartzea; ordezkaritzak edo establezimenduak eratu, hedatu edo erostea.

Inbertsio kartera: balio karteran inbertsioak eginez parte hartzen soziedadeetan (pertsona fisiko edo juridiko baten akzio, obligazio edo bestelako jabetza titulu sortak –ikus Balio merkatua–).

 

Kapital eta finantza balantza

Balantza honek finantza fluxuak kontabilizatzen ditu. Aktibo finko edo finantzarioetan espainiar/atzerritar batek atzerrian/ Espainian eginiko inbertsioak dira esanguratsuenak.

Esate baterako, espainiarrek pisuak erostea Miamiko hondartzetan eta atzerritarrek beste horrenbeste egitea Marbellan,edo espainiarrek IBMren akzioak erostea edo atzerritarrek Telefónicarenak. Kapital eta finantza balantza horretan jaso beharrekoak dira bertako bankuek atzerritarrei emandako maileguak edo atzerriko finantza etxeek bertakoei emandakoak.

Lehen komentatzen genuenez, kontu korronteko defizita finantzatuko da kapital eta finantza kontuko superabitaz, erreserba aldakuntza deritzon tresnari esker, zuzenean neurtzen baitu halako tarte jakin batean zenbat gehitu edo murriztu diren kanpo ordainbideak atzerrian eginiko eragiketengatik. Saldo positiboa izanez gero, herriak dibisa gordailua gehitu duela adieraziko digu, hau da, hartzekodun egoera hobetuz doala munduko gainontzeko herriekiko. Ordea, defizita izanez gero, dibisa gordailua murrizten ari dela adieraziko digu eta, beraz, zordun egoera txartuz doala munduko gainontzeko herriekiko.

Nazioarteko erreserbak: herri guztiek izaten dute erreserba urrea edo atzerriko dirua. Kanpo ordainei aurre egiteko erabiltzen dira.

 

Dibisa merkatua

Nazioarteko merkatuek harremanetan jartzen dituzte hainbat ekonomia agente edo eragile, eta eragile horiek beste hainbeste ekonomia agintari eta diru moten mendean egon ohi dira. Beraz, nazioarteko trukeek oinarri hartu beharko dituzte diruek elkarrekiko dituzten balio erlatiboak. Horri truke tasa esaten zaio, hau da, diru bakoitzaren prezioa, eskariak eta eskaintzak beharturikoaren arabera.

Dibisak izango dira atzerriko diruz gauzaturiko ordainbideak.

Dibisen merkatuan, beste merkatu guztietan legez, dibisa eskaria eta eskaintza izaten dira. Adibidez, Espainiaren eta Alemaniaren arteko merkataritza harremanetan, dibisak eskatuko dituzte (markoak) eta nazio dirua eskainiko (pezetak) honako agente hauek:• Dibisa eskatzaileak: produktu alemanen inportatzaile espainiarrak, inportazioak markotan ordaindu beharko dituzte eta. Beraz, bankura jo beharko dute pezetak dibisa alemaniarraren trukean eskaintzera.

Alemanian turismoa edo inbertsioak egiten dituzten espainiarrak eta alemaniarrei dirua mailegatzen dieten banku espainiarrak diru dibisa eskatzaileak.• Dibisa eskaintzaileak: produktu espainiarrak alemanei bidaltzen dizkieten espainiarrak. Inportatzaile alemanek markozordaintzen badiete esportatzaile espainiarrei, hauek dibisak eskainiko dituzte eta pezetak eskatuko.

Dibisa merkatuan atzerriko dirua eskainiz eta eskatuz truke tasa ezartzen da. Diruen arteko truke tasak finkoak, malguak eta finko aldakorrak izan daitezke.

Diruaren truke edo kotizazio tasa diru baten prezioa da, beste diru bat oinarri hartuta. Beste diru banako bat lortzeko zenbat unitate diru hartu behar diren adierazten du.

Truke tasa libre edo malguak dibisa eskariaren eta eskaintzaren ondorio dira, inongo parekotasun ofizialik ezarri gabe diruen artean edo dolarrarekiko. Adibidez (diru baten truke tasa handituz gero, balio irabaztea gertatuko da, eta txikiagotzekotan, berriz, balio galera).

Zenbat eta txikiagoa/handiagoa truke tasa, orduan eta handiagoa/txikiagoa dibisa eskaintza. Truke tasaren eta dibisa eskaintzaren arteko erlazioa negatiboa da; zenbat eta tasa handiagoa izan, orduan eta nazio diru gehiago eman behar da atzerriko diru unitate bakarraren truke eta, beraz, dibisaren prezioa garestitzerakoan, dibisa gutxiago eskatuko dira.

Bestalde, zenbat eta txikiagoa/handiagoa truke tasa, orduan eta handiagoa/txikiagoa dibisa eskaintza. Truke tasaren eta dibisa eskaintzaren arteko erlazioa positiboa da; zenbat eta truke tasa txikiagoa, orduan eta banako gutxiago ordaindu behar nazio diruetan atzerriko diru banakoaren truke eta, beraz, dibisaren prezioa garestitzerakoan, dibisa gehiago eskainiko dira.Truke tasa malguko sistemak abantailatsuak dira dibisa eskariari eta eskaintzariorekan eusten dietelako. Dibisa eskaintza handiegia izanez gero (eskatu baino marko gehiago eskaintzen badira), merkatu indarrek truke tasa jaistera beharko dute, hau da, nazio diruak balioa irabaziko du eta markoak gutxiago balioko du pezetarekiko (pezeta gutxiago marko bakoitzeko).

Praktikan, diru agintariek ez diote uzten truke tasari libre gora eta behera joaten, oztopo garrantzitsuak dituenez gero: • Truke tasa malguek segurtasun gabezia sortzen dute nazioarteko merkatuan, erosketak ez direlako ordaintzen edo kobratzen saltzen diren egunean bertan, handik egun batzuetara baino, eta ez dago jakiterik zein truke tasa egongo den indarrean.

• Truke tasa malguko sistema bateko merkatuan dibisa espekulatzaileak izan ohi dira, eta dirua erosten dute gerokoan balioa irabaziko duela susmatzen dutenean; aitzitik, balioa galduko dutelakoan badaude, saldu egingo dute. Horrek zuzeneko eragina du esportazio-inportazioen prezioetan eta, ondorioz, nazio horretako inflazioan.

Truke tasa finkoko sisteman diru agintariek hitz ematen dute beren diruak truke tasa finkoa izango duela beste diru edo merkantzia bati buruz. Adibidez, urre patroiaren sisteman, nazio diruak urreari loturik zeuden parekotasun finkoa zela bitarte (ikus nazioarteko ekonomia). Truke finkoen beste adibide garrantzizko bat Bretton Woods Sistema da, indarrean egon zena Bigarren Mundu gerratik 1971 arte.

Herriei aukera ematen zien parekotasun finkoak ezartzeko, hau da, elkarren arteko truke tasa finkoak finkatzeko; 2,40 $ libera esterlina bakoitzeko, 4 marko aleman $ bakoitzeko eta abar.

Truke tasa finko aldakorrean diruak gorabeherak izaten ditu muga jakin batzuen artean. Truke tasa finko baina aldakorraren sistemaren adibidea da Europako Diru Sistema (ikus ekonomia integrazioa). Sistema horrek erabaki kolektiboak ditu ezaugarri, zeren eta herri kide bakar batek ere ezin du bere aldetik euroarekiko parekotasuna (diruaren erlazioa indarreko nazioarteko diru patroiarekin) aldatu. Kontsulta sistema baten bidez doitzen dira tasak, truke merkatuak itxita daudenean, larunbat edo igandeetan bildu eta aho batez erabakita.

Truke tasak (atzerriko diruaren prezioa), ondasunen prezioen antzera, diruaren prezioaren gisan (interes tasa), aldatu egin daitezke, balioa irabazi edo galdu. Horiek horrela, merkatu indarrek balioa gehitu edo murrizten dietenean, balio irabaztea edo balio galera izan dela esango dugu (truke tasa gehitu ala murrizten den kontuan izanik).

Hala ere, diru agintaritzak balioa gehitu edo murrizten duenean, debaluazioaedo errebaluazioa gertatuko da (erabiliriko politika zein izan den: truke tasa gehitzea ala murriztea).

Beraz, debaluazioa esango dugu diru agintariak diruaren parekotasuna aldatzen badu ofizialki eta beherantz, eta errebaluazioa parekotasuna gorantz aldatzen duenean.

Diruaren balio irabaztea jazoko dadiruak balioa irabazten badu diru agintaritzak esku hartu gabe, eta balio galera gertatuko da diruak berez galtzen badu balioa.

Diruak balioa galduz gero, bere prezioa ere jaitsiko da beste diru batekiko (pezetaren trukea dolarrekiko 1$ = 100 PTA bada eta Banku Nagusiak pezetari balioaren %10 kentzen badio, truke tasa berria 1$ = 110 PTA izango da). Debaluazioaren ondorioz, garestiagoak izango dira atzerriko diruaz ordainduriko produktuak, diru horrekiko balioa galdu baitu, bertako produktuak merkeagoak izango diren bitartean. Beraz, debaluazio batek aukera emango du esportazioak gehitzeko (lehiakorragoak direlako prezioen aldetik) eta inportazioak murrizteko (garestiagoak), bertako produktuez ordezkatuko dira eta. Horiek horrela, neurri hori erabili beharko da kanpo defizita handia eta iraunkorra izatekotan.

Gobernuen esku hartzeak ondorioak izango ditu bere diruan ez ezik, merkatu baldintza orokorretan eta baita nazioarteko ordainketetan ere. Horra hor zergatik den noraezekoa esku hartze sistemak arautzea eta truke tasak ahalik eta egonkorren egiteko sistemak indarrean jartzea.