Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ekonomia jarduera

Petrolio findegi baten ikuspegia. Ekonomiaren bigarren sektorea, eta batez ere energia ekoizpena, da herrialde aurreratuetako ekonomiaren oinarria.<br><br>

Ekonomia jarduera gizakien banako edo taldeko beharrizan materialak asetzera, hori erdiesteko behar diren baliabideen usantza eskuratzera eta ondarea edo aberastasuna lortzera dago bideratuta, banakoek eta taldeek gizartean bizi ahal izateko metatu beharrekoak baitira noraezeko ondasun edo zerbitzuak eskuratu ahal izateko.

Ekonomia jardueraren alderdi guztiek gizakia bera dute protagonistatzat, dela ekoizten, natura itxuraldatzen, dela berak edo beste batzuek landutako ekoizkinak kontsumitzen. Ekonomia jardueraren gaineko ikaskuntzak giza oinarria izan beharko du ondo kontuan eta hori dela eta, demografia analisiak toki nabarmena du ekonomia ikaskuntzan.

Ekonomia jarduera bat dator gizarte bizitzaren alor mugatu batekin, baina ekonomia arazoak antzeman daitezke ekonomia jarduerarekin inongo harremanik ez duten gizarte ekintza askotan.

Ekonomia arazo esango zaio gizarte egoera bati, hori ebazteko erabakiaren kostu eta etekinak kalkulatu behar izaten direnean.

Ekonomia gertaera esango zaio jarduera bati, gizartekideen beharrizanak asetzeko eduki behar diren baliabideekin zerikusia duenean, edo ekonomia erabakiak ondorioztatzen dituenean.

Gizakien ekonomia jarduera gauzatzen da gizartekideek elkarrekiko edo izadiarekiko harreman sare bat eratzen denean.

Giza beharrizanak asetzeko horiek beteko dituzten ekoizkinak sortu beharko dira, baldin eta naturan bertan denon eskuragarri ez badaude. Gizakiek izadia eraldatuko dute ekoizpenaren bidez; harreman soziala izango dute izadiarekin. Ekoiztu ahal izateko, teknika ez ezik, ekoizpenaren antolamendu soziala ere beharrezkoa da.

Ekonomia jarduera ulertuko bada, berariaz aztertu beharko dira bai gizakien elkarrekiko harremanak bai gizakiok beharrizanak asetzeko erabiltzen dituzten gauzekikoak.

 

Ekonomia harremanak

Ekonomia harremanak hainbat alderdiren bitartez adierazten dira, horietariko bakoitzak halako ekonomia egitura jakin baten osoko izaera diseinatzen laguntzen duela:1. Jabetza harremanak: baliabideak norenak diren eta norenak ez diren adierazten dute, baita jabetza araubide nagusiaren itxura eta helmena ere. Jabekuntza eskubideen sistema eratzen dute, alegia, baliabideekin zer den zilegi eta zer galarazia, gizakiek beharrizanak asetzeko behar den gauza oro eskuratu eta gozatzeko baldintzak arautuz.

2. Ekoizpen harremanak: gure beharrizanak asetzeko ekoizkinak sortzerakoan baliabideak nola erabiltzen diren adierazten dute. Sortzaileen eta ekoizpen bitartekoen harreman teknikoa adierazten dute. Teknologia desberdinek, halaber, hainbat ekoizpen formula eratzen dituzte eta, ondorioz, gizartea asetzeko edo ez asetzeko formulak.

3. Banatze edo distribuzio harremanak: horien bitartez adierazten dira ekoizleen eta horien lanetako ondorioaren arteko harremanak, baina kontsumatu aurrekoak.

Hau da, xedatu beharko dute nork dauzkan ekoizpenaren emaitzak eta nork aprobetxa ditzakeen lanaren eta ekoizpenaren emaitzak. Giza lanaren antolamenduak eta baliabideen ustiapenak errentak sortzen dituzte eta horiek lansari edo etekin gisa gauza daitezke.

4. Kontsumo harremanak: lanaren agenteen eta emaitzen arteko loturak adierazten dituzte, betebeharrak ase ditzaketen objektuak diren aldetik. Kapitalismo primitiboan langileek bizirik irauteko beste baino ez zuten kontsumitzen eta aurrerago, masa kontsumoa ezarri zenetik (fordismoa deritzona) ondasunen eta zerbitzuen handizkako ekoizpena salduko dela bermaturik egongo edo da.

Azken buruan, materia eraldatzeko harremanek adieraziko dituzte gizakiaren eta natuaren arteko hartu-emanak (ekoiztu eta kontsumitzeko harremanak), baina gizarte antolamenduko harremanak ere badira (jabetza eta banaketa harremanak), eta horrelakoak loturik daude gizarte bakoitzak beharrizan sozialak asetzeko bitartekoak eskuratzeko ezarritako baldintzei.

Ekonomia jarduerak beharrizanak asetzea du helburua eta horrelako beharrak asebetetzeko ondasunei ekonomia ondasun esaten zaie.

 

Beharrizanen azterketa

Beharrizana, zabal jota, eskuratu nahi den edozein gauza da.

Beharrizan primarioak, estu hartuta, bizirik irauteko ezinbesteko beharrizan materialak dira.

Zabal jota, herritar gisa guztiz jokatu ahal izateko, alegia halako une jakinean gizartean indarrean dagoen batez besteko standingaren arabera jokatu ahal izateko, asebete beharreko beharrizanak izango dira primarioak eta, ondorioz, gizarte ongizatearen oinarria ez da izango biziraupen hutsa, gizakiak osotoro (ikuspegi politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletik begiratuta) garatzeko lagungarri guztiak eskuratzea baino.Beharrizanen gizarte sistema. Gizarteak berak sortzen ditu beharrizanak, eta nolakoak diren gizartearen izaera eta interes nagusiak, horrelakoak izango dira gizakiak sentituko dituen beharrizanak. Gizakiaren beharrizanak asebetetzeko ekonomia baliabideak urriak izatea izango da arazo nagusia. Ondorioz, beharrizan guztiak ezingo dira ase eta horiek estaltzeko gizarte sistema bat ezarri beharko da, hau da, aukera mekanismoak abiaraziko dituen sistema bat beharko da ezarri, beharrizanetako zein eta nola ase erabakiko bada.

 

Ondasunen ekonomia ikerketa

Ondasuntzat hartzen da gizakiak eskura duen eta bere beharrizanak asetzeko baliagarritzat duen oro.

Ekonomia ondasuntzat, berriz, gizakiak dohainik eta mugarik gabe jaso ezin duena hartuko da, baldin eta hura eskuratzeko esfortzurik edo baliabiderik erabili behar bada, ondorioz, ahalegin edo esfortzu hori beste ezertan baliatzerik ez dagoela.

Ekonomia ondasunak urri dira, nekez eskuratzekoak eta horrexegatik bereizten ditugu ekonomiazkoak halakoak ez direnetatik, hau da, ondasun libre edo doako deituetatik, jaberik gabeak eta kantitatearen aldetik mugagabeak direnez gero.

Era askotara sailkatu izan dira ekonomia ondasunak: – Kontsumo ondasunak eta kapital ondasunak: erabileraren arabera, nahi edo behar bat asetzeko berehala erabiltzen den ala beste ondasun batzuk eskuratzeko inbertsio ondasun moduan ezartzen den.

– Ondasun galkorrak eta ondasun iraunkorrak: iraupenaren aldetik, luzaroerabil ote daitezkeen edo denbora joan ahala berehala baliogabetzen diren.

– Ondasun materialak eta ondasun inmaterialak: ohiko bereizketa da, nahiz eta egun zentzurik ez duen; ondasuna ekonomia jarduera hautemangarri ala ezhautemangarriaren ondorio izatea da baterako ala besterako irizpidea.

– Bitarteko ondasunak eta azkeneko ondasunak: ondasunek, kontsumo ondasun bihurtu aurretik, bestelako eraldaketarik jasan behar duten ala erabili edo kontsumitzeko jasan beharreko guztiak eginak dituzten da bereizteko irizpidea.

Ekonomia ondasunei merkantzia edo salgai ere esaten zaie, ekoizpen prozesua jaso eta birproduzitzeko gai izan arren, elkartrukatuta lortzen direlako.

 

Ekonomia jardueraren antolamendua

Ekonomia jarduera antolaturik dago gizarte erabakien arabera, hiru galdera oinarri hartuta sailka daitezkeela: zer ekoiztu?, nola ekoiztu?, norentzat ekoiztu? Ekonomia jarduera antolatzeko erak bereizteko oinarrizko irizpide gisa erabiltzen dira ohitura, sena, agintea, merkatua, hierarkia, negoziazioa eta abar.

Urteak joan urteak etorri, hainbat antolamendu mota izan dira eta horiek aztertzeko ekonomia sistema kontzeptu abstraktua edo erabili behar da. Besteak beste, ekonomia sistemak ezberdintzeko honako ezaugarri hauek erabili behar dira: – Zein subjektu ekonomikok dituen iniziatibaren eta arduraren erantzukizuna; hau da, nork erabakitzen duen ekonomia jardueren gainean eta nor den horrelakoen erantzule eta onuradun.

– Zein den ekonomia jarduerari izendaturiko helburua.

– Zein jardunbide erabiltzen den baliabideen erabilera antolatzeko.Bi ebazpide handi eta muturreko baliatu ohi izan dira: – Kapitalismoa, non subjektua gizabanakoa den, eta eskuratu gurako helburuak banakoari baliagarri izatea eta onurarik handiena lortzea. Baliabideak izendatzeko merkatua bera erabiltzen da mekanismo gisa, kontratazio askea eta jabego pribatua oinarri dituela.

– Sozialismoa, non subjektua gizartea osoa litzatekeen, eta helburua denon ongizatea. Jardunbideak planifikazio demokratikoa izango luke erdigune.

 

Ekonomia sektoreak

Ekonomia batek hainbat ekonomia jarduera ditu eta horiek sailkatzeko ekonomia sektoreak erabiltzen dira. Sektore sailkapenik erabilienak hiru talde handi ditu: Lehen sektorea: ingurune naturala aldatzearekin lotura estua duten jarduerak hartzen ditu: nekazaritza, abeltzaintza, ehiza, arrantza eta basogintza edo silbikultura.

Egile batzuek meatzaritza bera (mineralak lurretik ateratzea) ere sartzen dute, bestetzuek bigarren sektorera biltzen duten arren.

Bigarren sektorea: industrian eta industria jardueretan dihardutenak hartzen ditu. Industria jarduerek lehengaiak bitarteko edo kontsumoko produktu bihurtzen dituzte prozedura fisiko edo kimikoak erabiliz.

Egile batzuek meatzaritza ere hemen sartzen dute (lehenengoan sartu ordez).

Bestalde, garraioen sektorea ere sektorehonetatik atera eta hirugarrenera eroaten dute.

Industriaz orokorrean mintzatzerakoan, kontzeptu orren baitan sartu ohi dira energia ekoizpena eta eraikuntza ere. Hala ere, ikuspegi hertsiago batetik jarduera horiek kontzeptu honetatik kanpo uzten dituzte batzuek, teknologia eta merkatu ezaugarri bereziak dituztelako. Normalean, eraikuntza sektore edo alor berezitzat hartzen da, ekonomian garrantzi handia duelako.

Hirugarren sektorea: Sektore hori saski-naski hutsa da eta aurreko bi sektoreotan (lehenengoan eta bigarrenean) sartu ez den guztia biltzen du.

Beraz, zerbitzuen sektoreak osagaitzat du ekonomia jarduera askotariko multzoa eta horrexek oztopatzen du, hain zuzen ere, horiek denak laburbiltzeko definizio bakarra aurkitu ahal izatea. Jarduera mota horiek guztiek ia osagai bakarra dute berdina, hain suertez produktu ukiezina eskaintzea (merkataritza, kultura, turismoa...), nekazaritzakoak eta industriakoak ez bezala, ekoizkin materialak eskaintzen dituzte eta.Enpresa zerbitzu-emaileak noraezekoak dira gainontzeko enpresak, eta gizartea bera, behar bezala joan daitezen. Horien arteko batzuk aipa ditzakegu: merkataritzakoak, finantzetakoak, garraioak, aseguruak eta abar.

Zerbitzuak modu askotan sailkatzen dira. Sailkapen garrantzitsu bat zerbitzu publikoak eta pribatuak bereiztean datza.

Zerbitzu publiko esaten zaie Estatuak berak edo tokian tokiko Administrazio publikoek emandako edo babesturiko zerbitzuei, gizalde batentzat oso garrantzitsuak direnetik.

Zerbitzu pribatu esaten zaie salgaitzat jartzen diren zerbitzuei. Merkatu legeek arautzen dituzte gehienbat. Banakoentzako zerbitzuak eta enpresetarakoak ere bereiz daitezke.

Sektore berria: laugarren sektorea, kuaternarioa: Egile batzuek «sektore kuaternarioa» terminoa darabilte ekonomia jardueraren osagairik berriztatzaileenari esateko.

Komunikazioak, hedabideak, ikerketa, informatika, irakaskuntza eta abar talde horretan birsailkatu dira. Horrelako pentsalarien iritziz sektore hau industria osteko aroaren ikurra da eta herri garatuetan hirugarren sektorea bera baino esanguratsuagoa da. Antza denez, egungo joerak adierazten omen du informazioari loturiko sektoreak gero eta garrantzizkoagoak dira.

Nolanahi ere den, sektore sailkapen horiek oraindik erabiltzen dira helburu argia dutelako, hau da, halako toki bateko ekonomia jarduera neurtzeko estatistikak paratzen laguntzea, horrela denboraren araberako barne konparazioak zein beste eskualde edo lurraldeekikoak egin ahal izateko.

Sektore sailkapenik erabilienak ekonomia bateko Balio Erantsi Gordinaren (BEG) edo Barne Produktu Gordinaren (BNG) egiturari buruzkoa edo biztanleria aktiboaren sektorekako okupazioa (ikus kontabilitate nazionala) dira. Biak ehunekotan adierazi ohi dira, zama erlatiboa haztatu ahal izateko.