Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Familiaren nolakotasunari buruzko eztabaida

Seneb nanoa eta haren familia, K.a. 2475 inguruko eskultura. Familia tradizionalaren egitura ez da askorik aldatu funtsean, eta kasu honetan adibidez, bat dator familia tradizionaleko seme-alaben kopurua eta gaur egungo familia askotakoa.<br><br>

Familiaren auzia eztabaidagai izan da soziologiaren ikerketan bere hastapenetatik bertatik, hau da, XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Familiaren erakundeari buruzko interesak sarrera lasterra izan zuen mendebaldeko gizarteek aldi horretan bizi izan zituzten demografia, ekonomia, gizarteeta politika izaerako aldaketen markoan.

XIX. mendeko gizarte berritzaile, moralista, politikari eta pentsalariek, beren ustez familiaren krisia eta gainbehera zenaren aurrean eta gizartearen bizimoldea arriskuan jartzen zuenaren aurrean, zuten kezka biziak eztabaida bat sortarazi zuen, eta eztabaida horren inguruan egin zituen lehen urratsak gaurko egunean familiaren soziologia deitzen dugunak; eztabaida hau behin eta berriz piztu da familia ikertzen dutenen artean, eta eskuarki familia ulertzeko molde banari erantzuten dioten jarrera bi bereiz daitezke: ? Familia erakunde natural, unibertsal eta ordezkaezin gisa, gizarte eta une historiko guztietan ezagutu dena. Frédéric Le Play frantsesak, familiaren soziologia baten aitzindariak, XIX. mende amaieran, familia gizartearen oinarrizko zelula zelako ideia planteatu zuenetik, ideia horren inguruan sortutako eztabaidek familiak, batez ere mendebaldeko familia gune monogamoaren ereduak, izaera orderkaezina duela erakustea izan dute helburu.

? Familia erakunde kultural gisa eta, beraz, familia gizakiek beren gizarte antolamenduan aurki dezaketen erantzun posible gisa, baina ez bakarra. F. Le Play-ek familiari begira formulatu zuen kontzepzioari L.H. Morgan-ek, J.J. Bachofen-ek eta F. Engeles-ek emaniko erantzunean ageri da planteamendu hau. Azken horien aburuz historian barrena aldatzen den gizarte egitura bat da familia, gizarte horren garapen mailaren arabera beste forma eta egituretara moldatzen dena eta gizarte horren ekonomia, gizarte eta politika egoeraren arabera aztertu behar dena. Jarrera hori hartzen dute oinarritzat familiaren izaera historikoa, behin-behinekoa, berriro ere aztergarria eta ordezkagarria ere dela frogatzeko egiten diren hitzaldi asko eta askok.

Jarrera hauek eragiten dituzten eztabaidak, kutsu zientifikoa baino areago ideologikoa dutenak, bazterrera utzirik, biek dute arrazoiaren parte bat; gizarte orotan bereiz daiteke familiaren antolamendu motaren bat, eta guztietan hain dira era askotakoak familiaren formak, edukiak eta funtzioak, ezen ez baita familia forma naturaltzat edo unibertsaltzat hartu. Egia esan, familien osaera eta funtzioak era askotakoak dira, herrialdearen ezaugarrien eta une historiko bakoitzean gizarte jakin horrek dauzkan ezaugarri kulturalen, gizartea antolatzeko moldeen eta ekonomiaren araberakoak, alegia.

 

Aldaketak Hego Euskal Herriko familien jokabideetan

Gaurko egunean Europako kontestuan azken hamarraldietan familian gertatzen ari diren aldaketen bide erdian dago Euskal Herria. Politikoki eta administratiboki Frantziaren eta Espainiaren artean banatuta egonik, familien bilakaeran halako alde batzuk daude Pirinioen alde batean eta bestean, baina alde horiek aldaketaren erritmoan dautza, ez aldaketaren beraren zentzuan.Hego Euskal Herrian Europan nagusi diren joerak aurkezten dituzte familiaren jokabideek, formak eta familia harremanak aniztu egin dira eta erakunde izateari utzi egin diote. Hala eta guztiz ere, aldaketak aldaketa, ez dirudi alde honetan eta epe laburrean Europako Iparraldeko herrialdeetako familien eredura iritsiko garenik. Hauexek dira, oro har, Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako demografien eta familien portaerek erakusten dituzten ezaugarrietako batzuk: ? 70eko hamarraldiaren erdialdetik aurrera jaiotza tasaren goranzko joera eten zenez geroztik, behera egin du jaiotzen kopuruak. 90eko hamarraldian, ugalkortasuna ez da Europako Iparraldeko herrialdeek hamar urte lehenagotik ezagutu zuten gutxieneko mailara iritsi, eta kontinenteko ugalkortasun tasarik baxuena ematen da gurean. 1997an emakume batek batez beste 1,0 seme-alaba zuen EAEan eta 1,6 seme-alaba Nafarroan. Seme-alabak edukitzeko adinak 25 eta 39 urte dituztenen multzora bildu dira eta, batez ere, 30 eta 34 urte bitarte dituztenen multzora.? Jaiotzen beherakadarekin batera behera egiten du, ziztu bizian, ezkontzen kopuruak.

Hego Euskal Herrian ezkontza gutxi dago. Gutxi ezkontzen dira eta adin jakin batetik aurrera, bai emakumezkoak bai gizonezkoak. Baina batez ere emakumeak dira zaharrago ezkontzen direnak, dudarik gabe emakumeek hezkuntza sisteman eta lan sisteman eginiko aurrerapenen erakusgarri dena. 90. urteen erdialdera, batez beste 29 urterekin ezkontzen ziren gizonezkoak eta 27 urterekin emakumezkoak.

? 80ko hamarraldiaren hasieran Dibortzioaren Legea aldarrikatu zenean, arianarian gora egin zuten ?motel baina? 1976- 1980 urteetan jada hauteman ziren legezkoedo benetako banaketen kasuek. 90eko hamarraldian modu apalean hasi zen hautematen 80ko hamarraldian jarritako Dibortzioaren Legearen eragina, baina oraindik alde handia dago Europako Iparraldeko herrialdeetan jada mendearen erdialdetik aurrera ezagutzen diren datuak kontuan hartzen badira. Segur asko horixe da euskal demografiaren eredua berezi egiten duen ezaugarrietako bat.

? Guztizko jaiotzen kopuruan gora egin du ezkontzaz kanpotik sortutakoen kopuruak, eta gainera, jaiotza hauek portzentaia handiagoan izaten dira 30-40 urte bitarteko emakumeen artean, ezkondu ez baina egiazki bikotekidearekin bizi direnen kopuruak gora egin duelako seinalea daitekeena.

EAEaren kasuan eta 90eko hamarraldiaren erdialdera, %10era iristen zen ezkontzaz kanpo sortutakoen portzentaia,Europako Batasunean ageri den batez besteko portzentaia (%22 ingurukoa) baino apalagoa eta garai berean Frantzian (%35) eta Suedian (%52) aurkeztu zirenak baino askoz ere apalagoa.? Familiaren egitura gunea da. Semealabak dituzten etxeak guztizkoaren bi herenak dira, horietara biltzen dira biztanleen erdiak baino gehiago eta batez beste lau kidez osatua da familia gune hori, baina kopuruak beheranzko joera erakusten du.

Biztanle gehienek ezkontzaren eta familia gunearen hautua egiten dute, eta horixe da lehenago edo geroago nagusi izango den joera. Nolanahi ere, 80ko hamarralditik aurrera gero eta gehiago dira guraso bakarreko familiaz osaturiko etxeak. Gehienak seme-alabak dituzten alargunak dira baina baita laurogeigarren urteetatik aurrera gero eta gehiago ere dira banatutako eta dibortziatutako aiten eta amen seme-alabekin osatutako etxeak, izan ere, 90eko hamarraldian mota honetako bost familietatik bat bigarren multzokoa zen. Bukatzeko, Hego Euskal Herriko gizartean seme-alabak dituzten etxeetan aipagarria da seme-alaba horiek zeinen berandu arte egoten diren gurasoen mende, asko eta asko gurasoen etxean bizi baitira hogeita hamar urte inguru izan arte.

Nagusi den gune egiturarekin batera, lagun bakar batez osatutako etxeen kopuruak gora egiten duela nabari da hirialdeetan; etxe horiek gehienetan adineko pertsonez osatuta daude. Aitzitik, desagertu ez den arren, familia handituak nabari galdu du garai bateko nagusitasuna, eta nekazaritza eremuan eta baserriaren ustiapenari lotua dagoen portzentaia txiki bat baino ez du hartzen egun.