Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Erlijioa

 

Sarrera

Izadiaren izaeraren gaineko konbikzioak dira sinesteak. Haien egiazkotasuna edo gezurtasuna ezin da beti modu enpirikoan frogatu. Gizakien elkar eraginaren emaitzak dira sinesteak, eta eragina dute gizartean.

Horrenbestez, jendearen arteko harreman prozesu etengabeen bitartez sortzen dira sinesteak: gizarte esparru bat dute, eta esparru hartan sortu eta egokitzen dira. Sortu eta gero, eragin eta eragin egiten diote esparruari, eta itxuraberritzen dute. Elkarren eraginean oinarrituriko prozesua da hau.

Sinesteek fede bat adierazten dute beti eta unibertsoaren izaeraren gaineko balio, nozio eta irudien barneratze prozesu baten ondorio da fede hori. Horrek esan nahi du, sineste askok ez duela azterketa arrazionalik eskatzen eta emozioen bidez sentitzen direla. Sinesteen izaera hau dela-eta, haien artekotzat hartzen dira batzuetan itxuraz oso bestelakoak diren fenomeno batzuk, hala nola gizartearen aurreiritziak, erlijioa, magia eta ideologia. Kasu horietan guztietan, gizabanakoak, taldeak edo kolektibitateak sinetsi egiten dute, hau da, zalantzarik gabe dakite (edo badakitela uste dute): barneratu dituzte nozio horiek. Eskuarki, barneratzea kultura herentzia baten emaitza da, baina gizabanakoak aldez aurreko delibero eta arrazonamenduen bidez iristen du sinestea kasu batzuetan.

 

Erlijioa

Soziologiaren ikuspuntutik, munduan dimentsio traszendentala –naturaz kanpokoa, maizetan– aintzat hartzen duen sineste multzoa da erlijioa; honez gainera, baditu bere praktikak edo erritoak eta bere gizarte ordenua, eta moral jakin bat agintzen die bere jarraitzialeei. Erlijio sinesteak naturaz kanpokoak izaten dira, batzuetan natura munduko aldeak ere aintzat hartzen dituzten edo erreferentzia gaitzat dauzkaten arren. Émile Durkheim-ek dioenez, «erlijio oro da gauza sakratuen, hau da, bereizi edo debekaturiko gauza batzuen gaineko sineste eta praktika sistema solidarioa; sineste eta praktika horiek eliza izeneko komunitate batera biltzen dituzte atxikimendua adierazitako guztiak».

Erlijio sinesteak naturaz kanpokoak direla diogu, hain zuzen ere, erlijioak naturakoak ez bezalako ahal eta entitateen existentzia xedatzen duelako, hau da, natura bizi eta atzematen dugun bezala har ez di - tzakegun izakien izatea (jainkoak, aingeruak, deabruak) aldarrikatzen duelako.

Sinesleen gogoan, ordea, ahal eta entitate horiek harremanetan dihardute natura munduarekin, eta sakratu bihurtzen dira horrenbestez haren alderdi batzuk. Badago, beraz, eremu sakratu bat, eta aipaturiko ahal eta entitateek ez ezik haiekin lotzen den orok ere hartzen du hartan parte: gune santuek, ekintzek, hitzek eta objektuek.

Objektu hauen «sakratutasuna» berezkoa ez delarik (gizarte molde baten araberako objektu sakratu batzuk objektu arruntak izan daitezke beste baten arabera), sakratutasunaren sinbolotzat hartu behar dira. Erlijio oro da, horrenbestez, sinbolo multzo bat. Eta erlijio bakoitzak du bere eremu sakratua. Profanoa da hartan aintzat hartzen ez den guztia. Halatan, erlijio orok banatzen du mundua –erreala eta ideala– bi alde berezitan. Santua da erlijio batek sakratutzat hartzen duena, ona bada; gaizto edo deabruzkotzat hartzen da, gaiztoa bada. Baina ukiezina da kasu bietan sakratutasuna, eta berezia, mundu profanotik kanpo geratzen den aldetik. Horrexegatik deitzen zaio profanazio santutasunaren aurkako bortxari, ezen profanotasuna eta sakratutasuna nahasten direnean, ukitu eta zikindu egiten baitu bigarrenak lehenengoa, eta kontuan hartu beharra dago bi eremuak ezin batera daitezkeela. Argi eta garbi gertatzen da hori sakratutzat hartzen diren objektu ukigarrien kasuan, entitate ukiezinenirudiak balira bezala hartzen baitira.

Erlijio ororen funtsezko osagaiak dira objektu sakratuak: tenpluak, idoloak, totemak, kalizak, erromesgune santuak eta, era berean, ofizio emaileak, apaizak eta eliz agintariak.

Ez dago eduki etikorik gabeko erlijiorik.

Hain zuzen ere, erlijio orok azaltzen du nolabait gaiztotasunaren existentzia eta irtenbideak ematen ditu harentzat, gaiztotasuna arazotsua baita berez, eta mehatxutzat hartzen da. Gaiztotasunaren existentzia funtsezkoa da espiazio eta salbazio nozioak ulertzerakoan: ia erlijio guztietan agertzen dira nozio horiek, baina askoz ere nabarmenago haietako batzuetan, beren izaera mesianikoa edo salbazionista dela-eta. Kasu horietan, gizabanakoa izaki erruduna da edo, hala ez bada, errudun izateko zorian bizi da etengabe. Erruaren erremedioa da salbazioa, geraera horrek era askotako itxurak ditu erlijiotik erlijiora. Erlijioen sailkapen bat egin daiteke espiaziorako bideratzen duten jokabidea eta salbazioari begira jarraitzaileei eskatzen dieten portaera morala kontuan harturik. Erlijio konplexuenetan, monoteistak badira (Islama, kristautasuna eta judaismoa esate baterako), jainkotasunarekiko komunikazio eta batasunaren ondorio da salbazioa. Jainkorik gabeko erlijioetan (Txinako konfuzianismoa esate baterako), edo erlijio politeistetan(hinduismoa, esate baterako) erlijioak naturaz kanpo zehaztu duen ordenu kosmikoarekiko identifikazio zintzoaren mende dago gaiztotasunaren aurreko inmunitatea eta salbazioa.

Ekintzen bitartez azaltzen da erlijioa gizartean. Horien artean, erritoak dira agerikoenak.

Funtsean, mitoak hartzen dituzte erritoek erreferentziatzat (naturaz kanpoko gertakarien sinesteak dira mitoak) eta salbaziorako jarduerarekin eta erruen espiazioarekin loturik ageri dira gehienetan. Era askotakoak dira erlijioarekin loturiko erritoak.

Izan daitezke errezuak, letaniak, kantuak edo jaki batzuk hartzea. Errito kristauak ditugu, esate baterako, meza, konfesioa, jaun hartzea eta bataioa. Errito ekintzak erlijio sinboloetarantz bideratuak direnez, eguneroko bizimodu eta ohituretatik bereizten dira eskuarki. Errito oro kokatzen da sakratutasunaren eremuan eta muga zehatza eratzen du profanotasuna edo sekulartasuna beste aldean utzirik.

Zeremonia kolektiboa hartu ohi da erlijioa eta majia bereizten dituen faktore nagusitzat, muga horiek horren zehatzak ez badira ere, ezta gutxiago ere. Naturaz kanpoko baliabideei deitzea eta haiek erabiltzea da majia, baina helburu praktiko zehatzak lortzeko. Mundu honetako bizitzari loturiko helburuak ditu funtsean majiak eta gizabanakoak aritzen dira horretan, ez sinesle komunitateak.

 

Erlijio erakunde motak

Kontzientzia kolektiboaren ekintzak eta edukiak dira sinesteak, erritoak eta mitoak.

Halaz ere, sineste eta praktika sistema horiek ez dira gizartean besterik gabe hedatzen, oso modu zehatzean txertatzen baitira talde horietako askotan; maizetan, sineste horiek berek eratzen dituzte gizabanakoak talde berezitan. Era askotakoak izan daitezke erlijio erakundeak.

Antolakuntza maila handiko sinesle kolektibitatea da eliza. Egitura formal burokratiko batez hornituak dira oro har elizak eta erlijio funtzionarioen hierarkia baten arabera jarduten dute. Egitura honek erlijioaren alde kontserbadorea izateko joera du, ordenu instituzionalaren barruan jokatzen duelako. Barruan sortzen da eliza bateko kidea, baina ez da kanpoko kide berriak sartzeko aukera baztertzen, proselitismoaren bidez. Gainera, elizak badu zigoraraudi bat eta haren bitartez borrokatzen da herejeen aurka, kanporatu arte. Elizek ez dituzte beste erlijioak toleratzen (edo ez dituzte onez eramaten), superstiziotzat hartzen dituzte askotan eta sinesgabetzat haien jarraitzaileak.Gizarte molde batean nagusi jarduten duten erlijioetatik kanpoko erlijio kolektibitatea da sekta. Beste erlijio talde baten aurkako protesta gisa sortzen dira maiz sektak.

Haren jarraitzaileek sineste, errito eta portaera moral batzuk aldarrikatzen dituzte eta utzi duten jatorrizko erlijioaren osagai nagusitzat hartzen dituzte gainera ez gutxitan.

Hau da, ortodoxiaren jabetzat aldarrikatzen dute beren burua. Sekta batean kideak beren borondatez dira kide, ez sortzez; besterik gertatzen da eliza batean, jarraitzaile konbertitu berrien kopurua askoz txikiagoa izaten baita hauetan. Gainera, sortzen diren gizartearen arauen aurreko gatazka giroan bizi izaten dira sektak. Halaz ere, denborak aurrera egin ahala gizartera moldatu ohi da sekta (eta eliza bihurtzen da eskuarki), bazterrean geratzen ez bada. Elizan baino biziagoak dira sektan balio karismatiko berritzaileak, elizan ohitura bihurtzen baita neurri handi batean karisma, erritoen eta liturgiaren bidez.

Denominazio deitzen zaio «hoztutako» sektari, protesta talde eraginkorra izatetik instituzionalizaturiko gorputza edukitzera igaro den sektari. Denominazio bihurtzen dira inolaz ere halako denboran zehar irauten duten sektak.

Kultua da (kontestu honetan ez gara erlijio errito edo praktikez ari) erakunde maila xumeena, sekta berriena baino xumeagoa, duen erlijio taldea. Kultuak dira erlijio erakunde guztietan antolakuntza maila ahulena dutenak eta, horrenbestez, iragankorrenak. Kultu bateko kideak komunitate txikitan biltzen dira, esperientzia mistikoen bila. Kultua karismatikoa eta adogmatikoa da berez, eta bizipen mistiko kolektiboak ditu xede nagusia. Pertsonak ez dira formalki kultu batekin lotzen, eta kideei beste erlijio lotura batzuk edukitzea uzten zaie eskuarki. Sektak bezala, aitzindari gartsu baten inguruan eratzen dira maizenik kultuak. Eliza handiek kultuak onartzeko gaitasuna izaten dute, haien asimilazioak eta integrazioak arazorik sortzen ez dutenean.

Aipatu ditugun lau eredu horiek egokiak dira erlijio erakundeen alderdi batzuk aztertzeko, baina kontu handiz erabili behar dira tradizio kristauak islatzen dituztelako bereziki. Islamaren kasuak adierazten duen bezala, erlijio ez kristauetan ez da eliza beste instituzioetatik argi eta garbi bereizten, eta beste erlijio zabaldu batzuek ez dute halako hierarkia burokratikorik garatu. Hinduismoa, adibidez, hain da hetereogenoa bere barne egituran non oso zaila baita hartan antolakuntza burokratikoaren aztarnarik aurkitzea.

Eliza, sekta eta denominazio kontzeptuak kultura modu baten araberakoak dira neurri batean: halarik ere, agerian uzten dute erlijio orok «berritzearen» eta instituzionalizazioarenartean tentsioa sortzeko duen joera. Denbora jakin batean iraun duten erlijio erakundeek burokrazia eta tinkotasun ortodoxorako joera dute. Halaz ere, erlijio sinboloek indar emozional izugarria eduki dezakete sinesleen artean, eta eutsi egiten diete, horrenbestez, ohitura huts bihurtzeko egiten diren saioei. Etengabe sortzen dira, horrexegatik, sekta eta kultu berriak.

 

Erlijioari buruzko teoriak

Soziologiaren araberako ikuspuntuei dagokienez, eragin handia izan dute teoria soziologikoaren hiru autore klasikoren ideiek. Karl Marx, Émile Durkheim eta Max Weber dira autore horiek.

 

Karl Marx: erlijioa alienazio iturri gisa

Marx-ek erlijioari buruz azaldu zituen ideiak Ludwig Feuerbach-ek bere «Kristautasunaren esentzia» obran (1841) plazaratu zituen ideietan oinarritzen dira neurri handi batean. Feuerbach-en arabera, gizakiek beren kultura garapenean sorturiko ideiak eta balioak daude erlijioaren muinean, baina oker bideratu ziren horiek guztiak jainko edo jainkozko ahalmenen bidez proiektatu zirelako. Gizakiek beren historia osorik ulertzen ez dutenez, gizartean sorturiko balio eta arau batzuk jainkozkotzat hartzeko joera dute. Feuerbach alienazio kontzeptua erabili zuen gizabanakoei berek sorturiko balio eta ideia horiek bestelako izakien, erlijio ahalmen edo jainkoen, emaitzatzat harrarazten dien prozesua adierazteko. Feuerbach-en arabera, alienazioaren ondorioak iraganean negatiboak izan baziren ere, erlijioa alienaziotzat hartu ondoan itxaropentsuagoa izango da etorkizuna.

Marx-ek bere egin zuen erlijioa gizakiaren autoalienazioa delako ideia. Marxek erlijioa mesprezuz hartzen zuela uste izaten da askotan, baina egiatik urrun dago juzku hori. Haren arabera, erlijioa desagertuko da –eta desagertu behar du– bere forma tradizionalean; halarik ere, hori ez da gertatuko erlijioaren araberako ideiak eta balioak berez okerrak direlako, haren araberako balio positiboak lur honetako gizateriaren patua hobetuko duten ideia gidari nagusi bihur daitezkeelako baizik. Marxen ustez, gizakiek ez dute berek sorturiko jainkoen beldur zertan izanik eta ez dute berek bidera ditzaketen balioak jainkoen esku zertan utzirik.

Esaldi ospetsu batean, erlijioa «herriaren opioa» izan zela aldarrikatu zuen Marx-ek.Erlijioak munduaz haraindiko bizitza baterako uzten du giza zoriontasuna, eta bizitza honen araberako baldintzak etsipenez onartu beharra aldarrikatzen du. Halatan, mundu honetako desberdintasunak eta injustiziak alde batera utzi eta hurrengo munduak agintzen duen promesari egiten zaio kontu. Gisa honetan, erlijioaren osagai ideologiko handia azaldu zuen Marx-ek: erlijio sineste eta balioek aberastasun eta aginpide desberdintasunak zilegizkotzen dituzte askotan.

 

Émile Durkheim: erlijioa gizartearen faktore integratzaile gisa

Durkheim-en «Erlijioaren oinarrizko formak» (1912) obra da agian erlijioaren soziologian egin den azterketa eraginkorrena.

Durkheim-ek ez du erlijioa lehenlehenik gizarte desberdintasunekin edo aginpidearekin lotzen, gizarte baten instituzioen izaera globalarekin baizik. Totemismoari buruzko azterketa batean hartu zuen oinarria bere obra idazteko, Australiako gizarte aborigenen praktiken gaineko ikerketatik abiaturik, eta totemismoa erlijioaren «oinarrizko» estadioa dela adierazi zuen. Horra bada liburuaren izenburuaren jatorria.

Talde batek adiera sinboliko berezi batez hornitzen zuen animalia edo landare bat zen jatorriz totema. Objektu sakratu bat da, gurtua eta errito batzuez inguratua. Durkheim sakratutasunaren eta profanotasunaren arteko bereizkuntzatik abiatzen da erlijioa definitzeko. Objektu eta sinbolo sakratuak existentziako ohituratik, profanotasunaren eremutik, bereizitako zerbaiten gisa hartzen dira. Zergatik da totema sakratua? Durkheim-en iritziz, taldearen sinboloa delako; taldearen edo komunitatearen funtsezko balioen irudia da. Erlijioan, gizartea bera da egiazko gurtza objektua.

Erlijioa ez da soil-soilik sineste kontu bat. Erlijio orok ditu bere zeremoniak eta errito bereziak, sinesleak taldetan biltzen dituztenak. Zeremonia kolektibo horietan sendotzen eta goraltzen da taldearen elkartasun sentimendua. Zeremoniek gizarte bizitza profanoko kezketatik goragoko esfera batera eramaten dituzte gizabanakoak, eta esfera horretan sentitzen dira kideak goragoko maila bateko indarrekin harremanetan.

Totem, jainkozko eragin edo jainkoei berei egokitzen zaizkien indar nagusi horiek kolektibitateak gizabanakoagan duen eraginaren adierazpena baizik ez da.

Gizarte modernak garatzearekin batera ahultzen ari da, Durkeim-en ustez, erlijioaren eragina. Zientzia pentsamenduak ari eta ari dihardu erlijio azalpenaren lekua betetzen, eta zeremoniek eta erritoek gizabanakoen bizitzaren zati txiki bat baizik ezdute dagoeneko hartzen. Halaz ere, bada agian erlijio modu batek iraungo duen esparru bat. Balioak berretsiko dituzten erritoen mende dago kohesio oro, baita gizarte modernoetan ere; halatan, baliteke aurrekoen ordez zeremonia berriak sortzea.

Zentzu honetan, erlijio zibilez mintzo dira batzuk gaurko egunean, gizarte modernoen loturak berretsi nahirik erabiltzen eta bideratzen diren sinboloak (banderak, himnoak), erritoak eta ospakizun zibilak kontuan hartzerakoan.

 

Max Weber: erlijioa gizartea aldatzeko faktore gisa

Max Weber-ek mundu osoko erlijioen ikerketa lan erraldoiari ekin zion eta arreta berezia jarri zien berak munduko erlijioak deitu zituenei, sinesle multzo handiak erakarri eta munduko historian berealdiko eragina izan duten erlijioei, hain zuzen ere.

Weber-ek erlijioari buruz idatzi zituen artikuluek badute berezitasunik Durkheimenen aldean, erlijioaren eta gizarte aldaketaren arteko erlazioa aztertzea baitute asmo nagusia. Ez datoz, era berean, Marx-en ikuspegiarekin bat, Weber-en ustetan erlijioa ez baita ezinbestean indar kontserbadore bat; aitzitik, erlijioak bultzaturiko higikundeek gizarte aldaketa dramatikoak eragin dituzte askotan. Halatan, «Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua» obran (1905), erlijio ideien eta garapen ekonomikoaren arteko erlazioa adierazi zuen Weber-ek. Protestantismoak, eta bereziki kalbinismoak, Jainkoaren fabore bihurtu zuen arrakasta materiala. Etika protestanteak erlijio jarrera bihurtu zituen indibidualismoa, bizimodu estua, aurrezkia eta lanaren laudorioa, eta kapitalismo modernoaren sorrera eta garapena bizkortuko zituzten jarrerak dira horiek guztiak.

Txina eta India tradizionaletan, adierazi zuen Weber-ek, historiako hainbat garaitan garatu ziren narbarmenkiro merkataritza, manufaktura eta hirigintza, baina garapen horiek ez zuten Mendebaleko industria kapitalismoaren pareko gizarte aldaketa bortitzik ekarri. Erlijioa izan zen aldaketa hura galaraziko zuten faktoreetako bat.

Ekialdeko erlijioak ez bezala, salbazio erlijioa da kristautasuna, hau da, gizakiak erlijio sinesteak aintzat hartu eta haren araberako dogmei jarraituz gero «salbatu» egin daitekeelako ustea barneratzen du. Garrantzitsuak dira alor honetan bekatuaren nozioa eta Jainkoak bere graziaz bekatutik eros gaitzakeelako ustea. Ekialdeko erlijioetan aurki ez daitezkeen tentsioa eta emoziodinamismoa sorrarazten dituzte. Ekialdeko erlijioek sineslea ordenuaren aurrea pasibo izatera bultzatzen duten bitartean, kristautasunak bekatuaren aurkako borrokalehenesten du eta, horrenbestez, ordenuaren aurkako joera errebeldeak ere susta ditzake.

 

Erlijioa gizarte modernoan

Gizartearen lehen behatzaileak argiro ohartu ziren zientzia pentsamenduaren garapena eta modernitatearen araberako arrazionalizazio prozesua zalantzan jartzen ari zirela erlijio tradizionala, mundua ulertu eta aintzat hartzeko bide gisa. «Jainkoaren heriotza» ere iragarri zuten pentsalari batzuek.

Sekularizazioaren tesiaren arabera, Mendebaleko lurraldeetan nabarmen ahuldu da azken mende hauetan kristau erlijioak gizarte bizitzan duen eragina. Erlijio praktikaren beherakada dugu fenomeno horren adierazle agerikoenetako bat, ez ordea garrantzitsuena.

Askoz esanguratsuagoa da erlijio balio eta motibazioek hiriguneetako eguneroko bizimoduan duten presentzia txikia, helburu ekonomiko eta kontsumozale batzuen nagusitasunaren aldean.

Hala eta guztiz ere, egungo munduan kontrakarrean datozen zantzu batzuk suma daitezke sekularizazio prozesuaren alorrean.

Elizek instituzio publikoetan zuten presentzia Mendebalean ia guztiz galdu den bitartean –Estatuaren konfesionaltasunak errazten zuen presentzia hori–, elizaren eta estatuaren arteko identifikazioa guztizkoa da egun ere islamdar herri askotan. Munduan ekonomia, zientzia eta teknologia gehien garatu diren Estatu Batuetan ere, noizbehinka ageri dira erlijioa indarberritzen ari ote den susmoa dakarkiguten fenomenoak, sekten ugaltzea esate baterako.

Bestalde, azkenaldi honetan eduki etiko sakonak dituen kristautasun molde bat agertu da Hegoameriketan eta, oro har, garatu gabeko munduan. Fenomeno hauek guztiek agerian uzten dute ez dela batere erraza egungo munduko erlijiotasunari buruz halako diagnostiko zehatza egitea eta ez dela hain egokia sekularizazio prozesuaren bizkortasunaz mintzo den tesia.

Sekularizazioaren tesia XIX. mendean zientziaz jabetu zen eboluzionismo arrazionalistaren emaitza da. Ikuspegi eboluzionistaren arabera, erlijio sinbolismoak eta taldeek mendeetan zehar gizartearen gainerako egituretatik kanpo bultzatu duten bereizkuntzaren areagotze bat baizik ez da sekularizazio prozesua. Halatan, mendebaleko erlijioaren historian zehar gero eta autonomia handiagoa iritsi du gizabanakoak erlijio subjektu gisa. Max Weber-ek adierazi zuen nolako eragin arrazionalizatzailea eduki zuen erreforma protestanteak kristau erlijioan, giro hartatik garatu eta bereizi baitziren arian-arian egungo kapitalismo modernoaren araberako gizarte egiturak.Hala eta guztiz ere, erlijio egiturak funtzio askorik gabe utzi dituen bereizkuntza horrek ez dakar ezinbestean erlijioaren jausaldia edo garrantzi galtzea, eragina izateko beste era bat baizik. Eragin hori ez da dagoeneko presentzia publiko instituzionalaren bitartez gauzatzen, gizabanakoen konpromisoaren bidez baizik. Zentzu honetan, sineslearen autonomia gero eta handiagoa eta identitate eta integrazio foko berrien aurrean hartzen duen konpromisoa ezinbestean ari dira erlijioaren sinbologiaren aldatze prozesua bultzatzen.

Sekularizazioaren eta erlijio erakundeen integraziorako ahalmenaren gaineko diagnostikoa erlijioari eta sakratutasunari buruz aurrez aintzat harturiko kontzepzioaren mende dago. Izan ere, gizarte modernoetan ahuldu egin da erlijio instituzio tradizionalen eragin publikoa eta soziala, eta eragin hori bizitza pribatuaren eta gizabanakoen esperientzia subjektiboaren eremura mugatu da askotan. Baina, Durkheim-ekeginiko azterketari bagagozkio, gizabanakoak bere natura eta gizarte giroan bizi duen esperientziaren erdigunean dirau betiere erlijioak. Izan ere, sekularizazioarekin batera munduan ez dira erlijio sinboloak desagertuko edo jarduera sinbolikoa amaituko.

Gizabanakoak betiere saiatuko dira kosmos sakratu bat itxuratzen beren esperientziek azken esanahi bat eduki dezaten; jarduera honi erlijio deituz gero, giza jarduera nagusia da orduan erlijioa. Halatan, ezinezkoa da sekularizazioa, kosmos sakratuaren desagertzearekin edo erlijioen erabateko suntsipenarekin lotzen badugu.

Bere funtsezko mailan, erlijioa –erlijiotasuna, sakratutasuna– betiere egongo da presente gizarte ororen kohesioaren lehen faktore gisa. Alabaina, erlijio mota batzuk –mota instituzional tradizionalak batez ere– eragina galtzen ari dira, halako eran non malgutzen eta dimentsio berri batera egokitzen ari baita erlijiotasun instituzionala; horren ondorioz, erlijio tradizionalak gizartean dituen giza multzoak zatikatzen ari dira, eta beste erabilera batzuen bidez ari dira zehazten taldeak erlijio doktrina eta sinbolismoa, gizartean dituzten premia, interes eta kokalekuen arabera interpretatuz.

Egungo egunean, pentsamendu arrazionalista modernoa eta erlijio kontzepzioa tentsio egoera deseroso batean bizi dira elkarrekin. Ikuspegi arrazionalista gure existentziaren alderdi askoren jabe egin da eta ez da espero izatekoa irudika genezakeen etorkizunean indar hori ahultzea.

Hala eta guztiz ere, ezinbestekoak dira arrazionalismoaren aurkako erreakzioak, eta erlijioa biziberrituko den garaiak etorriko dira presio horren eraginez. Azken batean, zientzia eta pentsamendu arrazionalistak isilik geratzen dira funtsezko gaien aurrean, bizitzaren zentzua eta xedea eta gisako gaien aurrean esate baterako, eta erlijioaren muinean egon dira betidanik gai horiek.