Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Gizarteratzea

Familia bat paseatzen. Gizabanakoaren lehen gizarteratzea familiaren baitan gertatzen da, eta garrantzi handiko prozesua da gizabanakoaren izakeraren bilakaeran.<br><br>

Gizarteratzea deitzen zaio gizakia gizartearen oinarrizko elementuak ikasiz eta barneratuz (hizkuntza, sinesteak, ohiturak, bizimoduak, elikadura, sentimenduak, maitasuna…) eta elementu horiek beren nortasunaren egituraren osagai bihurtuz identitate zehatzeko pertsona autokonsziente bilakatzen den prozesua, haren bidez moldatzen baita egokitu zaion gizarte moldera.

Halatan, bizi diren gizarteko kultura berenganatuz bihurtzen dira gizabanakoak gizartekide eta beren nortasuna osatzen dute aldi berean.

Antropologo eta soziologo anitzek, Berger tarteko, adierazi dute funtsezko gertakari biologiko bat dagoela izaera honen oinarrian.

Sortzen denean, inolako babesik gabe eta hartzen duen taldearen mendean dago guztiz gizakia. Gizaki jaio berriaren garapen organikoari erreparatu eta gainerako animalienarekin alderatzen badugu, gizakiaren fetoaldia gutxi gorabehera bizitzako lehen urtemugara arte luzatzen dela ikusiko dugu. Aldi honetan, beste animalien kasuan amaren barnean gertatzen diren osaera garrantzitsu batzuk bizi ditu giza organismoak, aldaketa horiek amaren sabeletik kanpo gertatzen baitira gizakumearen kasuan. Horrenbestez, ikuspegi fisiko huts batetik ezinbestekoa du gizakiak taldea, haren harrera eta babesik gabe ez baitzitekeen giza bizitzarik izango. Halatan, giza organismoaren garapen biologikoa ez da gizartean hasi orduko bukatzen. Hau da, garatzen ari den gizakia bere ingurune naturalarekin, hau da, sortu den lurraldearen natura ezaugarriekin ez ezik kultura eta gizarte ordenamendu jakin batekin, alegia zaintzen duten besteek eskaintzen dioten kultura eta gizarte ordenamenduarekin jartzen da harremanetan.

Gizabanakoak sorkuraz duen badaezbadako izaera hau erabakiorra izango da bere etorkizunean ezen, gizarte eta banako bizitza senean oinarritzen duten beste animalia batzuek ez bezala, gizakiak ikasteko, eta ikasi duena komunikatu eta irakasteko gaitasuna baitu. Giza bizitzan, jaiotza fisikoaren ondoan ezinbestekoa du gizakiak berriro jaiotzea, eta gizakiak bezala gizarteak.

Hots, espazio eta denbora jakin batzuetan beste gizakiekin, eta gizaki guztiek naturarekin, bideratzen dituen harremanen sintesia da gizaki zehatza. Berger-ek dioen bezala, gizabanakoa ezin da bakarrik ugaldu, eta ugalduz gero ezin uler daiteke bakarrik; haren barne errealitate sakonenak ez dira bakarrik bereak, ingurune zabalago bati dagozkio, eta ingurune hura gabe ezin gauza zitezkeen errealitate horiek, ez zuten zentzurik izango.

Ikuspegi honetaz heltzen diogu gizarteratzeari.

Gizakia ez da gizartean jaiotzen; gizartean bizitzeko joera du jaiotzen denean, gizarte horretako partaide bihurtuko da gero. Hau da, gizaki orok du bere bizitzan gizarteratzearen beharra sentiarazten dioten garaia eta egokitu zaion gizartearen arauak barneratzen ditu prozesu horretan. Gizarteratzeak «gizartekide» bihurtzen du gizabanakoa, taldearen arauen barneratzearen bidez. Hauxe da gizabanakoak bere taldearen arauak bereganatzen dituen prozesua eta hala jokatzen duenean hasten da harengan «ni»-a, berezkoaz hornituriko gizakia, nabarmentzen.

Halatan, gizabanakoa gizartean, eta gizartea gizabanakoagan, sarrarazten duen prozesua da gizarteratzea, honen bidez bihurtzen da gizabanakoa gizartekide eraginkor.

Gizabanakoaren jokabidea bideratu eta orientatzen du gizarteratzeak; gizabanakoak aukera asko ditu pentsatu, sentitu eta jarduterakoan, eta gizarteratze prozesuan garatzen du, hain zuzen ere, muga zehatzak dituen halako jokabidea. Taldearen arauei jarraituz, ohikoa eta onargarria den horretara mugatzen da jokabide hori, hau da, kultura jakin batera moldatzen da.

Ezin gara, horrenbestez, gizaki eredu bakar batez mintza, kontuan harturik arauak edo kulturak hainbat direla gizaki izan, bihurtu edo sentitzeko erak.

Ikaskuntza prozesua da, beraz, gizarteratzea eta hartaz ikasten da taldearen kultura.

Zera da kultura, balioak, sinboloak, arauak, sentierak, sinesteak, ohiturak, usadioak, debekuak, eta abar… Ikaskuntza honek portaerak ekartzen ditu eta haien harian barneratzen da kultura gizabanakoraen nortasun psikikoan. Ikaskuntza eta barneratze prozesuaren emaitza dugu gizabanakoaren taldekidetzea eta, ondorioz, gizartearen erakuntza eta kohesioa.

Alabaina, ezinbestekoak dira betekizun batzuk gizarteratzea gauza dadin. Beharrezkoa da, lehenik, elkar eragina, hau da, gizakiak beste gizaki batzuekin jardutea.

Gizarte loturarik ez duen gizakia ez da gizarteratzen.

Halaxe erakusten digute beste gizakiekiko loturarik gabe hazi diren haurren kasuek: gizartearen partaidetzarik gabe, haurrak halako gorpuzkera fisikoa garatuko du gehienez, guztiz eskasa halere, baina inolaz ere ezin erlazionatuko da egokiro, ez da mintzamenaren jabe izango eta ez du itxurazko giza portaera baterako aukerarik edukiko. Halarik ere, ez da aski haurrari garapen fisikoa ziurtatuko dioten zaintzak eskaintzea, gizartean behar du bizi, besteekin jardun, komunikazioa behar du, afektua, gorputzen bidezko kontaktua. Premia hauek ez dituzte derrigorrez pertsona jakin batzuek bete behar. Gurasoek hartu ohi dute ardura hori, baina ez dago berez inolako oztoporik beste pertsona batzuen erantzukizuna izan dadin. Gizakiaren garapena ume-umetan besteekin eratzen diren lotura egonkorren baitan dago funtsean. Gizarteratzearen aspektu guztiz garrantzitsua da hau edozein kulturako pertsona gehienengan, kulturatik kulturara lotura horien ezaugarriak eta ondorioak bestelakoak izan daitezkeen arren.

Bigarrenik, elkarreragite prozesua horretan haurrak ez du paper guztiz pasiboa jokatzen, eraginkor ere azaltzen baita gizarteratze prozesuan. Gizarteratzeak ez du programazio informatikoen antzik, haurrak topo egiten dituen eragin guztiak pasiboki irentsi beharko balitu bezala. Horrelako zerbait gertatuko da agian jaio berritan, baina elkar eragiten hasiko dira berehala bera eta zaintzen dutenak, ikasten ari da haurra eta ikasten ari dira zaindariak ere: aita izaten ikasten, ama izaten ikasten… Alde batetik, haur jaio berri orok ditu zaindarien portaeran eragina duten premia batzuk eta, bestetik, paper bat joka arazten diote berehala zaindariek haur jaio berriari, jokabide modu bat proposatzen diote alegia. Haurraren jokabidea interpretatuko duten modukoa izango da haurraren aurreko erreakzioa.

Halatan, helduek haur jaio berri batekin duten erreakzioa ez da objektu bizigabe baten aurrean azaltzen dutenaren heinekoa, haurraren jokabidearen eta haurraren ustezko nahien araberakoa izaten baita.

Gogoan eduki beharra dago beste zerbait.

Gizarteratzeaz mintzo garenean, gizarteratze «prozesua» esapidea erabiltzen da gehienetan. Ez da halabeharrez; izan ere, esapide horren bitartez bereziki azpimarratu nahi da gizarteratzea giza bizitza osoan zehar gertatzen den fenomenoa dela, kulturaren ikaskuntza haurtzaroan oso bizia bada ere. Gizarteko elkar eraginean, beste pertsonekiko harremanetan, etengabe ari gara portaera, arau eta eredu molde berriak bideratzen eta egoera berrietara moldatzen.

Haurtzaroan ikasten dugu hitz egiten, ona eta txarra bereizten, adinaren eta sexuaren rolak zehazten, eta une hartatik garai adinduenera bitarte, geure heriotzari aurre egiten ikasten dugun garaira bitarte, ikaskuntza eta moldaera berriak etengabe gertatzen den prozesu jarraitua da gizakiaren bizitza.

Gainera, biziago agertzen da hau egoera batzuetan, adibidez: eskola, amatasuna edo aitatasuna, lehen lana, langabezia, jubilazioa, ezkontza, emigrazioa… gizarteratze prozesuak gizabanakoaren bizitzan askoz era sakonagoan bizi diren uneak baitira. Hortaz, pertsona helduak inoiz ez du bere bizitzan gizarteratze prozesua uzten.

Esandakoaren harian, argiro ikusten dugu nolako garrantzia duen gizarteratze prozesuak hala gizabanakoagan nola gizartean.

Gizabanakoaren kasuan, bere nortasunaren eraketa dago jokoan haren arabera.

Gizartearen kasuan, eraberritze prozesu bat da, gizarteratze prozesuaren bidez transmititzen baita taldearen kultura: gizarteratzeak eskaintzen du kulturari, hau da, gizartearen existentzia ziurtatzen duten arauei, eusteko bidea.

Halaz ere, ez da ahantzi behar integrazioarekin batera gertatzen dela, bestalde, bereizkuntza. Hau da, talde baten bizimoduan integratzen ari garen eta «gu»-aren kontzientzia sortzen ari den aldi berean aldentzen ari gara beste talde batzuetatik.

«Gu»-aren eskutik, berehala sortzen da «haiek» edo «besteak» delakoa, eta mugak zehazten ditugu «beste» horiekin. Integrazio prozesuak berak dakar aldi berean baztertze prozesua. Talde bateko kide bihurtzen garenean, inkontzienteki bihurtzen dugu haren araberako kultura gainerakoen neurri. Etnozentrismoaren arriskua, hau da, talde batek bere kultura besteena baino gehiagotzat hartzeko arriskua, dakar honek.

Gizarteratzea gizabanakoaren bizitza osoan luzatzen den prozesua denez, hainbat etapa bereiziko ditugu hartan: Lehen gizarteratzea eta bigarren gizarteratzea bereizi dira eskuarki.

 

Lehen gizarteratzea

Hauxe da gizabanako gizartekide bihurtzen duena, eta haurtzaroan gertatzen da.

Garrantzitsuena da gizabanakoaren kasuan, aldez edo moldez markatzen baitu gu guztion bizitza haurtzaroan gure nortasuna itxuratu zen moduak. Gizabanako oro jaio da bere gizarteratzearen ardura dutenekin derrigorrez bat egin behar izan duen gizarte egituraren barnean. Errealitate objektibo gisa aurkezten zaizkio gizabanakoari besteek beraren egoeraz egiten dituzten azalpenak.

Gizarte egituran okupatzen duten lekuaren eta norberaren izakeraren arabera bereizten dituzte besteek munduaren aspektuak. Haurrak bere gizarteratzeaz arduraturiko horien hautapenean esku hartzen ez duenez, bat egiten du besterik gabe ikuspuntu horiekin. Horrenbestez barneratzen du haurrak besteek iragazten dioten mundua, ez hainbatean mundu guztien arteko mundu baten antzera edo errealitate objektiboaren ikuspegi partzial baten antzera, baizik eta «mundua» gisa, den eta izan daitekeen mundu bakar gisa. Horrexegatik, askoz sendoago eta tinkoago sustraitzen da giza kontzientzian lehen gizarteratzean barneraturiko mundua ondoko gizarteratze aldietan barneraturikoak baino.

Lehen gizarteratzea eduki-ikaskuntza soila baino gehiago da. Emozio karga handiko zirkunstantziatan gertatzen da. Arrazoi asko dago besteenganako atxikipen emozionalik gabe ikaskuntza prozesua oso zaila, are bideraezina, litzatekeela uste izateko.

Haurrak era askotako emozioen bidez egiten du bat besteekin; baina bide horiek zeinahi ere diren, identifikazioa gertatzen denean baizik ez da barneratzea gauzatzen. Haurrak besteen rolak eta jarrerak onartzen ditu, hau da, barneratu eta bereegiten ditu. Eta besteen identifikazioaren bidez bilakatzen da bere burua identifikatzeko gai, identitate subjektibo koherente batez jabetzeko gai. Bestela esanik, entitate erreflexua da ni-a, besteek berarekiko harremanetan aurrez bideratu dituen jarrerak islatzen dituelako; nolabait esan genezake inguruan dituenek aintzat hartzen duten heinean dela gizabanakoa gizartekide.

Gizabanakoa identitate baten jabe egin orduko bihurtzen da munduan, errealitate gisa azaltzen zaion horretan, leku bat betetzeko gauza.

Gizarteratze prozesuan barneratzen diren edukiak ez dira berdinak, jakina, gizarte batean ala bestean, horietako batzuk bazter orotakoak badira ere. Hizkuntza ikastea da haurrak duen eduki nagusia. Mintzoaren bidez barneratuko ditu haurrak portaera-eskemak eta haiek arautzen dituen sistema. Hau da, haurrak zer egin behar duen eta zergatik egin behar duen ikasten du haren bidez. Esan ohi denez, lehen gizarteratzea gizabanakoaren kontzientzian soziologian bestetasun orokorra deritzan kontzeptua eratu denean, hau da, haurra garatzen ari den kulturaren araberako balio eta arau moral nagusiak bere egiten dituenean, bukatzen da. Gizartekide eraginkorra da orduan haurra eta ni baten eta mundu baten jabe subjektiboa da ordurako.

Haatik ere, gogoan eduki beharra dago errealitate subjektiboan badirela beti gizarteratze prozesuan sortu ez diren elementuak, norberaren gorputzaren kontzientzia esate baterako, gizartearen ezein eraginaren aurrekoa baita hori. Biografia subjektiboa ez da osotoro gizartearen ordaina, ez da erabat soziala. Gizabanakoak bere burua ikusten du gizartearen barnean, baina baita hartatik kanpo ere eta, horrenbestez, etengabeko oreka-ariketa da gizabanakoaren eta gizarte mundu objektiboaren arteko erlazioa.

 

Bigarren gizarteratzea

Gizarteratze prozesua ez da lehen gizarteratzearekin bukatzen. Gizartea eratzen duten esfera, zati edo munduen barneratzea da bigarren gizarteratzea. Lanaren banaketa eta metaturiko ezagutza handiagoak diren heinean da konplexuagoa gizartea, konpartimentu gehiago ditu. Egoera horren ondorioz, gehiago dira rolak, jokatu beharreko paperak, eta bigarren gizarteratze prozesuaren helburua da rol horiek bideratzea eta gauzatzea, gizarte molde bakoitzaren betekizunei jarraiki.

Bigarren gizarteratzea lehen gizarteratzearen ondokoa da beti, hau da, bere «ni»a eta mundu zehatz bat dagoeneko barneratu dituen subjektu bat du gertaleku beti.

Une horretan barneratu beharreko edukiak zeinahi ere diren, eduki horiek gainditu egin behar dute nolabait ordura arteko errealitatea.

Bada, beraz, koherentzia arazo bat lehen barneratzeen eta berrien artean, eta arazo hori kasuen arabera izango da bideratzen errazagoa edo zailagoa.

Bestalde, lehen gizarteratzea haurraren eta zaindarien arteko identifikazio emozionalik gabe gauza ez daitekeen bezala, bigarren gizarteratze prozesuko alde gehiena identifikazio mota hori gabe bidera daiteke, hartan gizakien arteko komunikazio orok behar duen elkar identifikazio soil hori gertatzen bada.

Bigarren gizarteratzearen araberako rolak izenen isilean gertatzen dira neurri handi batean; erraz asko bereizten dira bideratzen dituzten gizabanakoengandik. Hortaz, halako tartea zehazten du gizabanakoak bere «ni» eta errealitate osoaren eta rolaren araberako ni eta errealitate partzialaren artean. Adibidez, pertsona batek modu batean hartuko du aintzat oro har bere burua eta gero bere burua ikusiko du ama, auzoko, ingeniari, ekonomia ministro edobeste zernahi gisa. Hau lehen gizarteratzearen ondoan baizik ez da lortuko, hau da, ezinbestekoa da ni-a aldez aurretik eratua izatea.

Lehen gizarteratzearen eta bigarren gizarteratzearen araberako egitekoak hainbat instituziotan banatu ohi dira eta banaketa hori gizarte moldeen konplexutasunaren araberakoa izan ohi da. Gizarte molde xinpleenetan, instituzio erakunde berbera arduratzen da lehen eta bigarren gizarteratzeez, lehenaren ondoan neurri handi batean bidera baitu bigarrena. Konplexutasun handiko gizarte moldeetan, erakunde bereziak bideratzen dira bigarren gizarteratzeari begira, eta prozesu horren araberako hezkuntzarako bereziki prestaturiko giza bitartekoak ezartzen dira. Hezkuntzaren garapena da, esan gabe doa, bigarren gizarteratzearen adibide garrantzitsuenetako bat, eta erakunde berezien gidaritzapean bideratzen da.

Gizarteratzearen prozesuarekin lotzen den beste kontzeptu garrantzitsu bat da bergizarteratzea. Gizarteratzeari buruz orain arte esan dugun guztiak aurreikusten du errealitate subjektiboak, gizabanakoen niak, bizitzan zehar aldaketak egiteko aukerak dituela. Gizartean bizitzea gure errealitate subjektiboan eragina izango duen aldaketa prozesu etengabean bizitzea da, hau da, geure burua aztertzen badugu erraz asko konturatuko gara denboran barrena pixkana-pixkana aldatu ditugula gustoak, izaera, iritziak, eta abar… Pertsona batengan goitik beherako aldaketak gertatzen direnean, «alternazio» deitzen zaio aldaketa handi horri; hori gertatzen da gizabanakoak aurrez onartzen zituen balioak eta portaeraereduak alde batera utzi eta guztiz bestelako batzuk onartzen dituenean. Gazteen delinkuentziarena da adibide ezagunena, baina badira beste batzuk, garrantzitsuak guztiak, hala nola emigrazioa beste kultura eremuetara, dibortzioa, erlijio konbertsioa, kartzelan sartzea, eta abar… Egoera hauetan, gizabanakoak beste gizarteratze eredu bat jaso du aurrekoaren ordez.

Ordezkatze hori erabatekoa da eta oso denbora-tarte laburrean gertatzen denez, gizabanakoak bergizarteratze prozesuak behar ditu, identitatea halako gaitzak har ez dezan eta koherentziak bereari eutsi ahal diezaion.

Lehen gizarteratzearen antzeko prozesuak dira hauek ezen, aldaketa hauek gizabanakoarengan egoki daitezen, neurri handi batean sendotu beharko baitute elementu gizarteratzaileekiko identifikazio afektibo bizia, haurtzaroan gertatzen den bezala. Baina lehen gizarteratzearenak ez bezalakoak dira elementu horiek ezerezetik sortzen ez diren aldetik eta, gainera, identitatearen hustutze prozesu bati aurre egin behar diote, errealitate subjektiboaren aurreko egituradeseginik dagoen heinean. Bergizarteratze prozesua gauzatu eta pertsonak, emozio-oreka hautsiko dion hutsunean erori gabe, bere bizitza jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da nortasun berria arrazoiz eta legitimazioz hornitzea. Legitimazioz hornitu behar da errealitate berria ez ezik errealitate hori ekarri duten etapak ere, alternatibatzat azaltzen diren beste errealitate guztiak alde batera uzten edo arbuiatzen diren bitartean. Alterazioaren aurreko guztia hartzen da haren gidaritzat, ondoko guztia errealitate berriaren ondoriotzat hartzen den bezala. Adibidez, erlijio konbertsioari esker ikusten du sinesle berriak nola gidatu duen Jainkoak fede aldera iraganeko gertakarietan barrena eta, horrenbestez, errealitate berritik aurrera, fede horri esker eman ahal izango dio bizitzari zentzu berri bat eta fede horren arabera planifikatu ahal izango du egingo duen guztia.

 

Gizarteratze ajentziak

Giddens-ek dioen bezala, gizarteratzearen eragileak gara oro har guztiok zeren, santzio informal batzuk bideratuz, hala nola kritika, zentsura, baztertzea, laudorioa…, eta gure jardunean dagokigun kulturaren arauak betez, geure gizartearen eredu nagusiaren bidetik gidatzen baitugu besteen jokabidea, geure kultura munduaren iraupena ziurtatzen dugula horrenbestez.

Gizarte molde xinpleenetan, lan banaketa eskasa eta gizartea berdin samarra direnean, bitarteko informal hauek aski izan daitezke gizartekide berriak gizarteratzeko.

Baina gurea bezalako gizarte molde konplexuetan, balio, ezagutza eta jarrera asko ikasi behar diren gizarte moldeetan alegia, beharrezkoak dira taldeak, gizarte kontestuak eta instantziak, kulturaren transmisioa haien bitartez gauza dadin. Gizarteratze ajentzia deitzen zaie instantzia horiei.

Batzuen helburu zehatza eta guztiek aitortua da heztea, printzipio batzuk barnaraztea, ezagutzak hedatzea; eta zeharka, halako zehaztasunik gabe alegia, baizik ez dute beste batzuek jarduten, hau da, hala jardun arren, ez dute hori xede, beste batzuk baitira haien helburu zehatzak. Lehen motako ajentzien adibideak ditugu familia edo eskola, bigarren motakoak kirol elkarteak edo sindikatuak.

Nolanahi ere, familia, berdinen taldea, eskola eta hedabideak aipatzen dira beti gizarteratze ajentzia nagusi gisa.

 

Familia

Gaurko egunean oinarrizko papera jokatzen du familiak gizarteratze prozesuan.

Arrazoien artetik, hona hemen garrantzitsuenak: haurrak topo egiten duen lehen ajentzia da eta hartan hasten da prozesua; lehen identitate eta partaidetza sentimentua eskaintzen du, hau da, lehen «gu»-a; hartan barneratzen dira lehen aginte arauak (gurasoak–seme-alabak) eta lehen berdintasun arauak (anai-arreben artean); gizarte tradizionaletan bezain agerikoa ez bada ere, sortetxeak baldintzatuko du neurri handi batean gizabanakoaren gizarte maila bere bizitza guztian; gizabanakoaren familiaren gizarte klaseak eta inguruak eragin sakona dute gizarteratze ereduetan, hau da, haurrek familiaren inguruko portaera moldeak bideratuko dituzte eta, ikusirik familiarteko harremanek duten emozio karga handia, portaera horien eraginak bizirik iraungo du pertsonaren bizitza osoan zehar.

Alabaina, haurra gizarteratzen badu ere, familia ez da transmititzen dituen balioen sortzailea, jatorri askotakoak baitira hauek: erlijioa, nazioa, gizarte klasea, kultura maila, etnia, eta abar… Kontuan hartu beharra dago, bestalde, familia-sistemak oso bestelakoak direla kulturen arabera, eta horrenbestez haurrak harekin dituen erlazioak eta hartatik jasotzen dituen eraginak ez dira bazter orotan bat.

Amaren papera bera ere ez da berdina kultura guztietan. Mendebaleko gizarte moldeetan ere ez da familia egitura berdin bideratzen, hau da, haur batzuk bere gurasoekin bizi dira, beste batzuk guraso dibortziatuen edo gurasordeen zaintzapean daude, beste batzuek bikote komosexuala dute guraso, beste batzuek ezkongabeak dituzte gurasoak… hau da, gaurko egunean era askotakoa izan daiteke familiaren kontestua. Baina familia da, nolanahi ere, gizarteratze ajentzia nagusia haurtzarotik adolezsentziara bitarte, baita gerokoan ere, belaunaldiak bateratzen dituen gizarte instantzia den aldetik.

 

Berdinen taldea

Lagun arteko taldeak dira; haietan, sakonak eta aurrez aurre dira harremanak. Adin berekoak izaten dira kideak. Talde hauetako harremanak demokratikoagoak dira haurren eta gurasoen artekoak baino, elkarren onarpena izaten baita funtsezko lotura. Egia da haurren bat saiatuko dela askotan nagusitzen, baina bada beti hartu-eman bat. Gurasoek barnarazten dizkiete haurrei jokabiderako arauak, baina berdinen taldeetan bestelako harreman motekin egiten dute topo haurrek eta aukera izaten dute haietan beste jokabide mota batzuk entseatu eta bideratzeko.

 

Eskola

Funtsezko garrantzia du eskolak, horixe baita gizarteek kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzeko antolatu duten bitarteko nagusia. Bi transmisio molde bideratzendu eskolak: alde batetik, gizarte mota guztietako eskolek dituzte gai-multzo batzuk halako zientzia ezagutza zehatzak ez ezik politika, gizarte eta erlijio izaerako balioak ere transmititzeko; baina, beste aldetik, horrekin batean, badira haurren ikaskuntza oso baldintzatzen dituzten eskola praktika berezi batzuk. Halatan, praktika hauen bitartez gizarteratzen da haurra balio eta arau batzuen arabera: lortu nahi izaten da haurrak eskolan isilik egotea, puntualak izatea eta eskola diziplinaren araberako arauak errespetatzea; lehenengo aldiz ikasiko du haurrak leihakor izaten eta produktibitatearen eta errendimenduaren beharra aintzat hartzen; erakutsiko zaio irakaslegoaren agintea onartzen eta hari men egiten; areago, irakasleen erreakzioek baldintzatuko dituzte haurrek beren gogoan aintzat hartu dituzten helburuak. Ongi ulertuko dugu nolako garrantzia duen eskolak haurren heziketan, gogoan edukitzen badugu zein arreta handiz kontrolatzen dituzten sistema politikoek irakatsi beharreko gaiak eta barnarazi beharreko balioak, eta nolako ardura jartzen duten irakaslegoa prestatu eta aukeratzerakoan.

 

Hedabideak

Inprenta asmatu zenetik egungo telebista edo Internet garaira arte, funtsezko papera jokatu dute hedabideek gizarte molde guztietan. Mota guztietako informazioa eskaintzen dute, gertakari, balio eta jarreren gaineko iritziak, portaera-ereduak. Era guztietako manipulazioak bidera ditzakete. Eta, gainera, milioika lagun daude haien eraginpean.

Hedabideen artetik, aipagarria da telebistaren garrantzia, beren bizitzako ordu asko ematen baitituzte haurrek eta helduek haren aurrean. Baina hedabideek iritzi eta portaeretan duten eraginaren gainean ikerketa asko egin den arren, ez dago ikerketa horietatik aho bateko ondoriorik atzeratzerik.

Hala eta guztiz ere, ezin da hedabideen eragina zalantzan jarri.

 

Beste gizarteratze ajentziak

Gizarteratze ajentzia hauez gainera, beste talde edo kontestu batzuek ere badute eragina dute gizabanakoengan. Mota guztietako elkarteak –kultura, aisia, erlijio,… elkarteak–, alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte higikundeak, eta abar…, ez dira soilsoilik berez dituzten helburuen arabera hartu behar, kontuan hartu beharra baita balioak transmititzen dituztela, molde guztietako sentimenduak barnarazten dituztela eta beren egitekoetan saiatzen dituztela kideak. Gizarte modernoetan, berebiziko eragina du lan munduak gizabanakoagan, mundu honek aldaketa handiak eskatzen baitizkio maiz pertsonari, hala nola aldaketak aurkezteko unean, kanpoko itxuran, portaeran, hitz egiteko eran, eta abarretan…; horrez gainera, gizarte modernoetan oso mugarri garrantzitsua da pertsonaren bizitzan lanean lehen aldiz hastea.

Gainera, soziologian gizarteratze inguruneak deritzenek era badute eragina gizarteratze prozesuan. Hona hemen garrantzitsuenak: