Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Soziologiaren alorra
Soziologia ez ezik, oso berria da era
berean gizarte moduko zerbait badelako
nozioa. Arrazoi asko ditu aurreko baieztapen
honek; hona hemen nagusia: mendebaleko
gizarte modernoaren krisi bereziari
emaniko erantzun intelektual bat da soziologia.
Eta soziologia zer den eta zertan ari
den ulertu nahi bada, erantzun horren izaera
ere behar da ezagutu.
Eskuarki, bere bizitzaren egunorokoa
ustezko arazo batek hausten duenean baizik
ez da jendea hau dela eta beste dela
gogoetan hasten. Beraz, arazoak konponbidean
jartzeko modu bat da gogoetan jardutea.
Hori esan ondoan ongi konprenituko
dugu gogoetan jartzeak zauriak eragiten
dituela, mingarria dela. Nolanahi ere, behar
duenean baizik ez da jendea gogoetan
hasten. Baina mingarria izateaz gainera,
denbora eskatzen du gogoetak. Halatan,
jardun bitxia da hausnarketa jende gehienarentzat,
hausnarketa sistematikoa batez ere.
Gizartean bizi izan da betidanik jendea.
Baina, arrazoiak arrazoi, gizartea arazo bihurtu
denean baizik ez da hasi haren gaineko
gogoetan. Norberaren biografian gertaturiko
ezbehar baten ondorioa edo norbera
bizi den gizartean izaniko gertakari
ugari bezain desberdinen ondorioa izan
daiteke gogoeta.Gure egunorokotasunaren araberako
esperientzia: egintzat harturiko
mundu bat
Gutxi dira oro har gogoetari eskaintzen
zaizkion uneak, hala gizabanakoen bizitzan
nola gizarteen historian. Egintzat harturiko
mundu batean bizi dira gizartean bizi diren
norbanakoak eta norbanakoen multzoak.
Halatan, gizarte esperientziak gertaleku dituen
funtsezko egiturak ez dira zalantzan
jartzen; aitzitik, bizitzaren berezko ezaugarritzat
hartzen dira besterik gabe. Berezkotasun
hori babestearren, azalpenak, justifikazioak,
promesak eta are mehatxuak bideratu
ohi ditu etengabe gizarteak zalantzan jartzeko
ausardia izan duenaren aurka ihardukitzeko.
Zilegiztatze mekanismo deitzen zaie
gizartearen berezkotasun horri eusten dioten
mekanismoei. Baieztatze guztiz soilak
dira zilegiztatze horiek, honakoa eta harakoa
nola gertatzen den argitzen saiatzen diren
azalpen sistema moral, filosofiko eta erlijiosoen
arabera sortuak. Gizadiaren historiarenzati handi batean, erlijioak eskaini ditu gizarteari
eutsi dioten funtsezko zilegiztatzeak.
Guztiz soila da zilegiztatze erlijioso horiek
baliatzen duten mekanismoa. Haren arabera,
gizartearen egiturak eta instituzioak unibertsoaren
oinarrizko ordenaren ataltzat hartu
izan dira. Halatan, gizarte esperientziaren
araberako egunorokotasuna zuzenean lotzen
da gauzen izaerarekin, eta gauzak jainkoen
borondatearen adierazpenak baizik ez dira.
Horrenbestez, mendeko leiala, aita ona edo
laborari emankorra izatea gizartearen bizietikak
aintzat hartzen dituen bizimolde egokiak
ez ezik, gauzen barneko ordenaren
adierazpenak ere badira, eta gauza horien
bidez lotzen da gizabanakoa unibertsoarekin.
Egintzat harturiko munduaren aurreko mehatxuak: soziologiaren sorburua
Erdi Aroko gizartearen banatzearekin
batera, hau da, Kristautasuna zatitzearekin
batera, hasi zen gizarte modernoaren krisi
berezia. Gizartearen erlijio oinarrien ahuleria
gero eta nabarmenagoa zenean hasi zen
guk historia modernoa izenaz ezagutzen
dugun aroa, zilegiztatzearen krisi sakon
etengabea ekarri zuena. Gizarteak zilegiztatze
erlijiosoan bideratu zuen aldaketa arlo
politikora zabaldu zen eta, azkenean, instituzio
sistemaren esparru guztiak hartu zituen.
Halatan, gizarte esperientziaren berezkotasunaren
aurreko mehatxua maizago
eta bortizkiago hasi zen azaltzen.
Gizartearen berezkotasuna ahultzen
denean, arazo bihurtzen da gizarte oso hori
edo haren zati batzuk, eta orduan hasten
da jendea gizarte arazoen gaineko gogoetan.
Gizarte maila guztietako pertsonak
hasten dira oinarrizko presupostuak zalantzan
jartzen eta horrenbestez agertzen dira
pertsonek gizartean bizitzeko dituzten moduen
inguruko ideia berriak. Egoera horretan,
askoz errazagoa da gizartearen gaineko
gogoeta bideratzea, esperientziak alderatzeko
aukerak zabaltzea. Beste kasu interesgarri
bat dugu taldeen marjinazioa, hauda, halako taldea gizarteko bizi-partaidetzatik
at utzi dutenean gertatzen den egoera.
Klase zapalduek, atzerriko biztanle taldeek
edo bestelako erlijio sinesteak eta praktikak
dituzten pertsonen taldeek beti erakusten
dute gizartearen gaineko gogoetarako bideak
urratzen dituen kontestua.Gizarte asaldurak eta gizartearen
gaineko gogoetaren historia
Hemen ez da deus berririk. Historian
zehar Antzin Arorantz abiatzen bagara, aldiro-aldiro
gizartearen berezkotasuna ahuldu
den egoeraren bat topatuko dugu.
Egoera horietako bat bizi izan izan zuen
Tuzidide-k antzinateko aro klasikoan: Atenasek
Peloponesoko gerran pairatu behar
izan zuen galtzapen mingarriak eraman
zuen Tuzidide historiaren eta gizarte ordenaren
zentzuaz galdetzera eta hain izan zen
sakona haren erantzunaren alkantzua non
askok soziologiaren aitzindari nagusitzat
hartu baitute. Islamdarren Erdi Aroak Ibn-
Khaldun-en bidez erakusten digu gizartearen
gaineko gogoetan marjinaltasuna zeinen
oparoa izan daitekeen: erbesteratu
politiko gisa, han-hemenka eman zituen
Ibn-Khaldun-ek bere bizitzako urte gehienak
eta, atzerritar gisa bizi izan zituen
esperientzietan oinarrituta, aro modernoaren
aurreko gizarte gogoeta-lan esanguratsuenak
idatzi zituen. Mendebalean Erdi
Aroko batasuna hautsi zelarik, eurrez ugaldu
eta bizkortu ziren esperientzia haiek.
Lehen aro modernoan, pentsalari askori
egoki geniezaieke soziologiaren aitzindari
nagusiaren titulua. Aipa ditzagun, besteak
beste: Francis Bacon, Erasmo, Maquiavelo
eta Montaigne.
Historiako krisiek luze jo ohi dute denboran
zehar. Aro modernoko gizartearen
esperientziaren krisia Kristautasunaren zatitzearekin
batera hasi zela esan genezakeen
bezala, haren gorena Frantziako Iraultzak
jo zuela esan beharra dago. Denbora-tarte
labur samar batean, estatu absolutuak eta
haren araberako instituzioek bete zuten ErdiAroko ordenaren deuseztatzeak ekarri zuen
hutsunea. Monarkia absolutuaren hornidura
ikusgarriak, Frantzian batez ere, estamentuen
araberako hierarkia sistemak eta erregeen
jainkozko eskubideari zerion legitimazioak
egintzat harturiko ordena berri bat
eskaini zuten eta zentzuz bete zen gizarte
bizitza. Ilustrazioko pentsalari haiek jarri
zituzten zalantzan ordena horren baliozkotasuna
eta zuzentasuna, Frantzian eta Ingalaterran
bereziki. Baina 1789ko Iraultzak
apurtuko zuen ordena hura, eta izugarrizko
kataklismoa eragingo zuen aldi berean.
Frantziako Iraultzak eraginiko krisialdian
jarri zen zalantzan gizakien gizarte esperientzia
eta ikuspegi berri bezain harrigarri batzuetatik
hartu zen gizartea gogoan eta ulertu
ziren haren mekanismoak. Frantziako
Iraultza ez zen inoiz amaitu. Filosofia, politika
eta ekonomiaren aldetik, egun bizi
dugun krisiaren hasiera zehaztu zuen. Haren
ondorio intelektualek ia osorik itxuratzen
dute ordutik aurrera gizarte-gogoetaren
edo pentsamendu sozialaren historia
deitu izan duguna. Ondorio intelektual
horietako bat dugu soziologia.
Soziologiaren hasiera: Auguste Comte
Izen horretaz, XIX. mendean sortu zen
soziologia, Frantzian lehenik, Alemanian
eta Estatu Batuetan gero. Bizkor garatu zen
hiru estatu horietan. Soziologiaren aro klasikoa
dei genezake ondoren 1890-1930 bitarteko
garaia, urte haietan landu baitziren
arlo honen funtsezko kategoriak. Garai klasiko
horretako idazle handien proposamenak
gauzatzen eta biribiltzen saiatu dira ordutik
aurrera jardun duten soziologo gehienak.
A. Comte-k (1798-1857) asmatu zuen
soziologia izena. Filosofoa zen Comte funtsean,
eta positibismo izeneko eskola filosofikoa
sortu zuen. Helburu handiak zituen
hala filosofiarako nola haren adartzat hartzen
zuen soziologia berrirako. Hain zuzen
ere, erlijio arrazional bat sortu nahi izan
zuen Comte-k gizadi osoak erlijio tradizionalaeta Frantziako Iraultzaren ideologia
aldi berean arbuia zitzan. Kontserbadorea
zen inolaz ere Comte. Biziki aztoratu zuten
Iraultzaren zurrunbiloak Frantzian eta
beste lurralde batzuetan eraginiko ondorio
kalapitatsuek. Egun «legea eta ordena» deitzen
dugunaren defendatzaile sutsua zen.
Izan ere, haren iritziz gizarte ordenaren eta,
horrenbestez, ordena horri eusten dion zentzuaren
legeak zehaztea da soziologiaren
oinarri nagusia. Honez gainera, Ilustrazioaren
semetzat zuen Comte-k bere burua
beste arlo askotan. Eliza kristauaren aurka
jo zuen, inboluzioaren eragiletzat jotzen
baitzuen gizakiaren historian. Aurrerakuntzaren
eta, horrenbestez, zientziaren sinesle
gartsua zen eta gauza handiak espero zituen
hartatik.
Soziologia zientzien errege berria izango
zen, hartara bilduko baitziren gizakiaren
jakituria teorikoa eta mundua eraberritu
eta berrantolatuko zuen jardunbide
praktikoa, gidaliburu baten moduan.
Comte-ren arabera, honako hau da zientziaren
helburua: «ezagutzea, gertaerei aurrea
hartzeko eta kontrolatzeko».Comteren ekarria. Hiru estadioen
legea: «estatika eta dinamika»Bi dira bereziki Comte-renean aipatzen
diren ekarri nagusiak. Lehenaren arabera,
hiru estadio bereizi behar dira giza
historiaren garapenean: teologikoa, metafisikoa
eta positiboa. Lehen estadioa gizakia
halako ilusio erlijiosok gidatzen
duten garaiari dagokio, bigarrenean ilusio
horiek sekularizatu egiten dira eta hirugarrena
zientzia positiboaren garaia da.
Gutxik hartu zuen aintzat Comte-ren hiru
estadioen azalpen hau; halarik ere, bizirik
dirau oraindik ere gizakia eta, horrenbestez,
gizartea etapa-progresio bizkorrago
edo motelago baten arabera garatu
delako ideia. Bigarren ekarri nagusiaren
arabera, bitan banatu zen soziologiaren
helburua: estatika eta dinamika ditugu
horiek. Estatikak garai beretsuan sendo
ageri diren gizarte-egituren arteko harremanak
aztertzen ditu eta dinamika gizartean
aldaketak eta gatazkak sorrarazten
dituzten indarren arteko harremanez arduratzen
da.
Emile Durkheim: nola lor daiteke gizarte ordena?
Frantziako aro klasikoari gagozkiolarik,
Emile Durkheim (1858-1917) da inolaz
ere soziologo aipagarriena. Frantziako
soziologian berebiziko eragina izateaz gainera,
oso leku garrantzitsua bete zuen
bere garaiko intelektual eta politikari frantsesen
artean. Honez gainera, zuzenean
hartu zuen parte Hirugarren Errepublikako
krisi intelektual eta politiko garrantzitsuenean,
Dreyfus afera ospetsuan hain zuzen
ere. Krisi haren poderioz, bitan banatu
zen Frantzia, Ezkerra alde batean eta
Eskuina bestean. Iraultzaren aldeko ideien
iraupena zen lehenaren lehia nagusia eta
iraultzaren aurkako erresistentzia kontserbadorearen
tema setatsua bigarrenaren
ikurra.
Ezkerraren aldekoa zen Durkheim argi
eta garbi. Esan dezagun, halarik ere, garai
hartan ezkerrak ez zuela horren agerikoa
egun duen konnotazio sozialista.
Errepublikazalea, progresista eta antiklerikala
zen ezkerra. Ezkerraren garaipenarekin
amaitu zen gatazka hura: Eliza eta
Estatua bereizi ziren 1905ean eta Durkheimen
irudiak garrantzi handia izan zuen
ordudanik gobernuaren eta akademien
inguruko zirkuluetan. 1905etik aurrera
erlijioaren irakaskuntza gobernuko eskoletatik
kanpo geratu zelarik, batzorde bat
era zezala eskatu zioten Durkheimi, honakoarazo honi heltzeko: Nola hezi haurrak
moralitatean erlijio ikasbide tradizionalik
gabe? Durkheimen arabera, soziologiak
bazuen erantzun garrantzitsu bat
galdera horrentzat; izan ere, arrakastaz
jokatu zuen soziologia curriculum horretako
gai bihurtu ondoan. Bestela esanik,
halako dotrina laiko bihurtu zen orduan
soziologia.Elkartasun mekanikotik elkartasun
organikoraNola lor daiteke gizarte ordena? Galdera
horri egoki erantzuteko saioa dugu
Gizarte lanaren banaketa obra. Historiaren
ikuspegi soziologikoa aurkeztu zuen
Durkheim-ek liburu hartan. Berak dioskunez,
gizarte orok behar du elkartasuna,
hau da, jende guztia salbuespenik gabe
bestearen mendean ezarriko duen sentimendu
bat. Halaz ere, bestelakoak izan
daitezke historian zehar ageri ohi diren
elkartasun motak. Bi funtsezko elkartasun
mota bereizi zituen Durkheim-ek: elkartasun
mekanikoa eta elkartasun organikoa.
Antzinako lehen gizarteen ezaugarria
zen lehena, elkarren premian bizi
baitziren gizaki guztiak; elkartasun horren
antzeko zerbait dago egun ere bizirik familia
askotan. Gizarte modernoen ezaugarria
da elkartasun organikoa; aurrekoa
baino askoz konplexuagoa da, elkarren
premia zehazten duen sentimendu hutsa
baino, lanaren banaketaren ondorioz sorturiko
kontratu-harremanez ehuniko sare
konplexua da. Gizartea fedean eta elkarkidetzan
oinarritzen denean, baturik eusten
dio elkartasun mekanikoak gizarteari;
bestalde, legeak eta arrazoiak eusten dio
baturik elkartasun organikoan oinarrituriko
gizarteari. Bi gizarte ordena hauek
bereizteaz gainera, mundu modernoaren
funtsezko ezaugarritzat aldarrikatu zuen
Durkheim-ek elkartasun organikoa.«Gizarte gertakariak gauzak dira» eta
«Kontzientzia kolektiboa»Metodo soziologikoaren arauak izan
zen Durkheim-en lan eraginkorrena.
Obra honetan landu zituen soziologiaren
arloaren bi ideia nagusiak, eta soziologiaren
etorkizuneko programa bat ere aitzinatu
zuen. Lanaren hasieran, Durheim-ek
biziro borrokatu behar izan zuen beste
arlo akademiko batzuen (filosofiaren eta
psikologiaren) ordezkarien aurka, soziologiaren
balioa eta autonomia etengabe
ukatzen ari baitziren. Metodo soziologikoaren
arauak obran, gizartea gertakari
psikologikoetara muga ez daitekeen berezko
errealitatea dela frogatzen saiatu zen
Durkheim. «Berezko errealitatea» da gizartea.
Inork errealitate horretatik kanpo
ezin jardun izanak argi erakusten du gizarteerrealitatea bestelakoa dela. Gizarteak
naturaren pareko ?ez ordea berdina?
objektibotasuna duelako iharduki
egiten die gure gogoeta eta nahikundeei.
Horixe adierazi zuen Durkheimek bere
esaldi gogoangarrienetako batean: «Gauzak
balira bezala aztertu behar dira gizarte
gertakariak». Gauza baten ezaugarria
da, hain zuzen ere, guregandik kanpo
izatea. Metodo soziologikoaren arauak
lanean betiere, Durkheim-ek bere obra
osoko topagune nagusi bihurtuko zen gaia
aurkeztu zuen: gizabanakoen kontzientzien
konbinazioak eratzen du gizartea.
Kontzientzia kolektiboa deituko zion geroago
konbinazio horri. Hau da, gogoetek,
ideiek, gogoak itxuraturiko egiturek esku
hartzen dute gizartearen sorkuntzan.
Hainbestetan azpimarratu zuen gizarte
errealitatearen autonomiaren gaineko
lan praktikoa aurkeztu zuen Durkheimek
Suizidioa liburuan. Suizidioaren kausa
sozialak hartu zituen bereziki aintzat
lan honetan. Interesgarria izan zen lan
hau, gizakiok egin dezakegun ekintza indibidualistenetako
bat baita, itxuraz, suizidioa.
Hala eta guztiz ere, estatistika datu
kopuru ikaragarri batez baliaturik, Durkheim-ek
argiro erakutsi zuen pertsona
baten gizarte eta kultura etorkia erabakiorra
dela suizidioaren probabilidadeak
neurtzerakoan. Halatan, suzidio maila hirietan
landa-eremuetan baino goragokoa
zela frogatu zuen, goragokoa protestanteen
katolikoen artean baino, goragokoa
emakume dibortziatu eta alargunen artean
ezkonduetan baino. Kasu bakoitzean, gizarte
elkartasun edo lotura ezak argitzen
du aldearen arrazoia. Aurkikunde haietan
oinarriturik, bere kontzeptu garrantzitsuenetako
plazaratu zuen Durkheim-ek:
anomia. Hitzez hitz, ordena eza edo arau
eza adierazten du hizkuntza grekoari harturiko
termino honek; Durkheim-ek haren
bidez adierazi zuen gizarte elkartasun
edo lotura eza bizi duten pertsonen edo
pertsona taldeen egoera. Suizidioari
buruzko azterketaren kontestuan, gizarte
bizitzak elkartasun hori ezinbesteko duela
frogatu zuen Durkheim-ek.
Bizitza erlijiosoaren oinarrizko formak
izan zen, halarik ere, Durkheim-en obra
nagusia. Erlijioaren soziologiak dituen obra
klasikoetako bat da. Liburu hartan azaldu
zuenaren arabera, erlijioa gizarte fenomeno
bat da inolaz ere, halako eran non bizi
den gizartea islatzen baitu. Sakonago jo
zuen, ordea, eta argiro erakutsi zuen obra
hartan gizartea bera erlijio fenomenoa dela
funtsean, partaideak lotzen diren funtsezko
balioetan oinarritzen baita azken batean
gizartea. Beraz, Durkheimen ikuspegiaren
arabera, sineste eta balio amankomun batzuetara
bilduriko gizakien multzoa da gizarte
jakin bat.
Alemaniarren erantzuna Frantziako Iraultzari
Soziologiak bestelako historia bizi izan
zuen Alemanian, zuzenean ez bazen ere,
Frantziako Iraultzaren ondorio intelektualen
eragina jaso zuen arren. Historia izan
zen XIX. mendeko pentsamendu alemaniarraren
kezka nagusia; begibistakoa da
kezka hori, bi filosofo handien lanetan,
Hegel-enean eta Marx-enean hain zuzen
ere. Hegel-en arabera, Frantziako Iraultzak
modu saihestezin eta aldi berean dramatiko
batez heldu zion historiaren gaiari.
Bizitza osoan zehar, azken urteetan erakutsi
zuen joera kontserbadorearekin ere, Iraultza
gertakari garrantzitsua eta giza izpirituaren
aurrerakuntzaren aldekoa izan zela
sentitu zuen Hegel-ek. Eta luzaroan azalduzuen juzku hori, modu ia erlijioso batez.
Marx izan zen, halaz ere, Iraultza gizarte
zientzien kezka nagusi bihurtu zuen
autorea. Marx-en iritziz, gizadiaren aro
berria zabalduko zuen iraultza proletarioaren
aurreko lehen urratsa baizik ez zen
izan Frantziako Iraultza. Honen argitan
landu zituen Marx-ek bere oinarrizko kontzepzio
asko, hala nola gizarte klasea, klase
borroka, faktore ekonomikoen lehentasuna
historian eta iraultzaren premia
historikoa. Aro klasikoko pentsamendu soziologiko
alemaniarrak bat egin zuen ia
guztiz Marx-en ideien kontra. Izan ere,
Marx-en jarraitzaileek proposatu zuten «sozialismoaren
zientziaren» aurreko alternatiba
baizik ez zen izan soziologiaren arloaren
ideia. Frantzian bezala, Alemaniako
soziologiaren lehen aupada iraultzaren aurkakoa
eta kontserbadorea izan zen berez.
Hala eta guztiz ere, guztiz azpimarratu beharra
dago soziologia mota horren azken
ondorio eta inplikazioak ez zirela molde
horretakoak izan.
Max Weber: modernitatea, kapitalismoa eta ideien papera historian
Frantzian bezala, irudi handi bat eduki
zuen Alemaniako soziologiak aro klasikoan:
Max Weber (1864-1920). Haren azken bi
urteak alde batera utzirik, Weber-ek Durkheimek
baino askoz ere inplikazio txikiagoa
izan zuen bere garaiko gatazka politikoetan.
Zentzu horretan, hurbilago jokatu
nahi izan zuen akademia alemaniarrak
aldarrikatzen zuen objektibotasunetik. Bizitzan
zehar Durkheim-ek adina arrakasta
akademiko izan ez bazuen ere, berebiziko
eragina eduki zuen bere garaiko askoren
artean. Weber-en arazo intelektual nagusia
kapitalismoaren jatorria zehaztea izan
zen. Bi kontzeptu nagusi frogatuak zituen
auzi horri ekin zionerako: mundu modernoaren
izaera guztiz berezia, alde batetik,
eta kapitalismoak mundu modernoaren
sorreran jokatu duen funtsezko papera,
bestetik. Halatan, kapitalismoaren jatorriaren
auzia mundu modernoaren oinarrien
auzi bihurtu zen Weber-enean. Gai garrantzitsu
ez hain garrantzitsu honi loturik bada,
ordea, Weber Marx-en aurka harturik baizik
ulertuko ez den dimentsio bat. Kapitalismoaren
jatorriaren gaia landu ondoren
azaldu zuen Weberrek ideiek historian jokatzen
duten paperaren aurreko kezka.Etika protestantea: barne munduko
aszetismoa
Weber-en lehen lana izan zen Etika
protestantea eta Kapitalismoaren izpiritua
obra. Haren bidez zehaztu nahi izan zuen
kapitalismoaren jatorriaren eta erlijio protestantearen
ezaugarri batzuen arteko lotura.
«Barne munduko aszetismoa» izan zen
argudioan erabiliko zuen kontzeptu nagusia.
Weber-en arabera, protestantismoak
mendebaleko gizarteen historian eduki zuen
eragin handienetako bat izan zen «barne
munduko aszetismo» hura, alderdi askotan
eragin hori berariazkoa izan ez bazen ere.
Aszetismoa erlijio-diziplinaren aldaketaren
emaitza izan zen, mundu transzendentalaz
arduratzetik mundu honetaz arduratzera
aldatu baitzen. Lutero-ren erreformak eman
zion aldaketa honi lehen bultzada, erlijio
bokazio hutsa nozio laiko bihurtu zuen aldetik.
Kalbinismoaren arabera, bizitza guztia,
baita jarduera ekonomikoa ere, jarri
behar zen erlijio-diziplina zurrun baten
mendean. Azalpen burutsu baten bidez,
harremanetan jarri zuen Weber-ek diziplina
hura kalbinisten predestinazio doktrinaren
ondorio psikologikoekin. Aldi berean,
jarduera ekonomikoaren zilegiztatze garrantzitsuiraunkorrenetako bat eskaini zuen
kalbinismoak, diziplina, lan gogorra eta
aurrezkia eskatzen zituen aldetik bereziki.Aszetismorik ez
Etika protestantea eta Kapitalismoaren
izpiritua obraren ondoan, erlijioaren soziologia
konparatiboari buruzko lan erraldoi
bati ekin zion Weber-ek. India, Txina eta
Ekialdeko Hurbileko erlijioei buruzko ikerketak
aurkeztu zituen lan hartan. Erlijioaren
soziologiari buruzko idatzi haietako batzuek
eragin handia izan zuten arlo horretako ikerlarien
artean, intelektualen eta Indiako salbazio
erlijioen arteko erlazioari buruzko
ikerketak, Txinako burokraziaren gaineko
azterketak eta antzinako Israelgo profezien
interpretazioari buruzko lanek esate baterako.
Ikerketa norabide askotara zabaldu
bazuen ere, bere kezka nagusira itzultzen
zen beti: historian prozesu inteletualen eta
ekonomikoen artean izan den erlazioa.
Mendebaleko historian, erlijioaren eta kapitalismoaren
arteko erlazioa zehaztua zuelarik,
gizakien erlijio guztien historia erabili
nahi izan zuen bere tesi nagusia egiaztatuko
zuen laboratorio erraldoi gisa. Antzinako
erlijio ez mendebaldarren gaineko
ikerketen ezaugarri esanguratsuena da aszetismoaren
ausentzia.Ideien eta taldeen «hautazko kidetasuna»
Guztiz azpimarratu beharra dago Weber-ek
ez zuela marxisten determinismo
ekonomikoaren ordez determinismo idealista
edo erlijioso bat aldarrikatu. Aitzitik,
faktore askoren arteko eragina azpimarratu
zuen beti. Gai honen gainean erabili zuen
kontzeptu nagusia da hautazko kidetasuna,
hau da, ideia jakin batzuk eta gizarte talde
batzuk historian «elkarren bila» abiatzen
diren prozesua, Weber-ek berak adieraziko
zuen bezala. Halatan, Weber-ek inoiz ez
zuen esango konfuzionismoak Txinako sistema
burokratikoa sortu zukeenik, baizik
eta Konfuzio-ren eta beronen jarraitzaileen,
hau da, konfuzionismo sistema etiko eta
erlijioso bihurtu zutenen lehen burubideak
guztiz egokitu zirela Txinako klase berezibaten (klase burokratiko deituaren) beharretara.
Halatan, talde honek eta ideia hauek
elkar hautatuko zuten, berez antzekoak eta
kideak zirelako.
Ikuspuntu askotan, Weber ez zen Durkheim
bezain teorikoa eta metodologikoa
izan, soziologiaren teorian eta metodologian
egin zituen ekarriak oso garrantzitsuak izan
ziren arren. Hala eta guztiz ere, ekarri horiek
ez ziren haien lehen interesa, soziologiaren
eta, batez ere, erlijioaren soziologiaren
alorreko arazo nagusiei buruzko lanaren
emaitzak izan baitziren gehienbat. Nolanahi
ere, teoria soziologikoaren gainean,
Ekonomia eta Gizartea izenburuaz idatzi
zuen tratatu sistematikoa izan zen argitaratu
zuen lan handiena. Obra hartan xehetasun
handiz aztertu zituen egun ere erabiltzen
ditugun kontzeptu soziologiko asko.
Bere azterlan garrantzitsuenetako batzuk
aurkeztu zituen liburu hartan, burokraziaren
izaeraz idatzi zuena esate baterako.
Ameriketako soziologia: arazo praktikoak bideratuz
Ameriketako soziologia Europakoa ez
bezalako egoeran sortu eta garatu zen. Soziologia
Estatu Batuetan gara arazi zuen
gizarte esperientziak zer ikusi gutxi zuen
Frantziako edo Alemaniako soziologiak bizi
izan zituen eztabaida politiko-ideologikoekin.
Izan ere, industrializazio bizkorrarren
eta hirien hazkunde azkarraren atzaparretan
zegoen gizarte inmigrantearen arazoek
sorrarazi zuten jakintza berria. Ameriketako
soziologiak helburu praktikoei heldu zien
hasieratik. Pragmatismo honek, soziologia
amerikarraren joera erreformista honek,
sustrai sendoak dituela erakutsi du.
Europan ez bezala berriz ere, ezin mintza
gaitezke halako irudi gailenei buruz
Estatu Batuetako soziologiaren aro klasikoan.
Hala eta guztiz ere, hasierako bi
autore garrantzitsu aipatuko ditugu:
William Graham Sumner (1840-1910) eta
Thorstein Veblen (1857-1929).