Gizarte jakintza»Gizarte gaiak
Ikerketa gizarte zientzietan
Gizarte alorreko ikerketak Grezia klasikoaren
garaietatik ezagunak badira ere
–hor daude Herodoto eta Aristotele-ren
lanak–, egun ezagutzen ditugun ikerketateknikak
ez ziren XVIII eta XIX. mendeetara
arte erabili. Bi tradizio hasi ziren garai
haietan bereizten: ikerketa orokorrak, metodologia
planteamendu teoriko batzuk ere
aintzat hartzen zituztenak, alde batetik, eta
gizarte arazoei buruzko ikasketa enpiriko
zehatzak, industria iraultzarekin batera hasi
zirenak eta gizarte errealitatea aztertzeko
tresneria berezia sortuko zutenak, bestetik.
A. Comte-k (1798-1857), Soziologiaren
aitzindaritzat hartu direnetako batek, zehaztu
zituen gizartearen gaineko zientzia naturalista
baterako oinarriak, bere ideiak kontrastatzeko
halako ikerketa enpirikorik sekula
bideratu ez zuen arren; Comte-ren arabera,
gizarte izaerako gertakariak fenomeno naturalen
antzera har daitezke eta, horrenbestez,
haiek bezala behatu eta aurreikusi (Comte,
1957; 1964; 1965). Bell-ek (1984) azpimarratuko
zuen bezala: «Hiru burubide hartu zituen
aintzat Comteren ikuspegi sinoptikoak:
fenomeno guztiak daude lege natural aldaezinen
mendean; lege horiek zientziaren
metodoen bitartez, indukzioz eta dedukzioz,
bereizi eta zehazta daitezke; eta giza pentsamenduak
maila teologikotik maila metafisikora
eta postibora eginiko bideak argiro
erakusten zuen ezagutzaren hedapena, eta
errealitatearen atalarri berri bat ageri zen
orduan bilakaera haren eskutik».
Comte-k proposaturiko metodo zehatzak
ditugu behaketa (eta neutroa ezin dela
izan dio, teoria batek gidatu eta haren arabera
interpretatuko baita beti), esperimentazioa
(zuzeneko esperimentazioa) eta alderaketa
(gizarte bilakaeraren estadioak alderatzeko
aukera eskaintzen duena). Metodo
historikoa ere gehitu zien aurreko hiru
metodoei bere Filosofia Positiboaren Ikastaroko
48. Ikasgaian, gizarte bilakaera ezagutu
ahal izateko.
Spencer (1820-1903) ere saiatu zen,
bere Soziologiaren hastapenak liburuan,gizarte gertakariak lege aldaezinen ondorio
direla frogatzen, haren obran erreferentzia
metodologiko zehatzik ia ez dagoen arren.
John Stuart Mill-ek (1806-1873), bestalde,
zuzeneko ikerketa soziologiko enpirikorik
bideratu ez bazuen ere, Comte-ren
planteamenduen aurka jo zuen, bere Logika
sistema obran (1843) inferentzia induktiboari
begira zehaztu zituen arau batzuen
bitartez. Gizartearen ikerketarako datuak
sortzeko eta lortzeko estrategia nagusiak sistematizatu
zituen Mill-ek bere obran.
Halaz ere, soziologiaren teoriaren aurrekoa
da gizarte inkestak, behaketa lanak
eta helburu praktikoei begira, teoria mailako
arazoetatik aparte, datuak jaso ondoan
eginiko azterlanak oinarritzat hartzen dituen
gizarte ikerketa enpirikoa, eta soziologia
akademikoa eta, areago, bilakaeraren eta
gizartearen gaineko teorizazioa baino lehenago
hasi zen historia luze, garrantzitsu eta
interesgarri bat du.
Halatan, John Howard-ek (1726-1790)
bideratu zituen lehen gizarte ikerketa «modernoak»,
bere Ingalaterra eta Galesko
presondegien egoera ikerlanaren bidez.
Kartzeletako egoeraren gaineko estatistika
deskribatzaile honetan presoen sailkatze
moduei, kartzela zainen kopuruari eta beste
hainbat xehetasuni buruzko datuak eman
zituen. Kopuru-datu hauekin batera, presondegietan
eginiko elkarrizketak ere argitaratu
zituen. Ikerlan hura bukatu eta beste
bati ekin zion 1789an Europako lazareto
nagusien mapa osatzearren; helburu hari
begira, lazareto haietako batean bizi izan
zen, Veneziakoan hain zuzen ere, eta
egonaldi bat ere egin zuen ontzi kutsatu
batean. Egun etnografikotzat hartuko genukeen
metodologia batez baliatu zen hainbestean.
Howard-en ekarriak garrantzi handikoak
izan ziren, helburu baten mendean
ezarri baitzuen bideratu beharreko ikerketa
oro. Metodologia eta datu-bilketarako
teknika zehatzak erabili zituen: barne-behaketa,
elkarrizketa eta ondoko datuen azterketa(hala estatistika datuenak nola dokumentuenak),
eta helburu teoriko-praktikoak
dituzte gainera hark aurkezturiko datuek:
egoera bat deskribatzen da halako
ezaugarriak dituen jende-multzo baten bizi
baldintzak hobetzearren.
Howard-en ondotik, funtsezko ekarria
egin zuen Adolphe Quételet-ek (1796-
1874) aurkeztu zuen gizarte ikerketa enpirikoaren
eta, horrenbestez, dagoeneko zientziatzat
hartuko zen Soziologiaren garapenerako,
gizarte mundutik kanpo zegoen arlo
batetik (astronomiaren mundutik, hain zuzen
ere) abiatu bazen ere. Probabilitate-matematikaren
eta gizarte errealitatearen gaineko
ikerketa enpirikoaren arteko bateratzerako
oinarriak finkatu zituen autore honek
eta gizartearen eta demografiaren alorreko
ikerketa kuantitatibo garrantzitsuak
bideratu zituen era berean. 1835ean Gizakiaz
eta giza ahalmenen garapenaz: gizarte
fisikaren gaineko saiakera izenaz argitaratu
zuen obran, ezaugarri batzuk kopuruen
arabera sailkatu ez ezik, saiatu zen gizarte
portaeran halako erregulartasunak zehazteko
behar ziren aldagaien arteko harremanak
agerian uzten eta matematika ereduak
soziologian aplikatu zituen lehena izan zen
horrenbestez. Aldagaien azterketan eta alderaketan
oinarrituriko gizarte lege hauek
erregulartasun enpirikoen bitartez egiazta zitezkeen
eta horregatik izango ziren Gizarte
Zientzia berriaren oinarria.
Quételet-en obra argitara eman ondoren,
haren eta Comte-ren arteko eztabaida
izan zen, «Gizarte Fisika» terminoa zela-eta,
eta «Soziologia» izena eman zion Comte-k
bere zientzia berriari, «oro har, gizartea industriaren
garapenaren araberako arrazionaltasun
instrumental edo teknifikatzailearen mendean ezarritako natura esparruen
pare jarriko duen saiotzat har dadin» (Rodriguez
Zuñiga, 1992).
Quételet ekarri kuantitatiboez arduratua
zebilen garai hartan, ikuspegi kualitatibotik
hasi zen Frederic Le Play (1806-
1882) ingeniari frantsesa industriaren zabaltzeak
Europako langile familietan zuen eragina
aztertzen, eta estatistika ofizialen erabilera
arbuiatu zuen soziologiaren praktikan
eraginkorrak ez zirelakoan. Helburu horri
begira, ikerketa egin ahal izateko, hainbat
herritako hogeita hamasei familia lanbide
desberdinekoen artean bizi izan zen eta,
ikerlan haren fruitu gisa, 1855ean argitaratu
zuen bere Langile europarrak liburu ospetsua,
gizarte ikerketarako tekniken garapenean
eragin handia eduki zuena. Izan ere,
barne-behaketaren araberako baliabide
metodologikoak erabili zituen, kasuak banan-banan
aztertuz, eta teknika kuantitatibo
batzuk erabili zituen era berean, hala
nola galdetegiak edo familia aurrekontuen
azterketa estatistikoa.
Berritasun garrantzitsu bat ekarri zuen
Charles Booth-ek (1840-1914) gizarte ikerketaren
alorrera, lehen aldiz bultzatu baitzuen
talde-lana Londresko biztanleen lana
eta bizimodua izeneko ikerketan (1889-
1891). Londresko auzoetan (ausaz aukeratu
ziren bizilekuak) bizi ziren langileekin eta
beste pertsona batzuekin, sendagile eta eskola-irakasleekin
bereziki, eginiko elkarrizketak
izan ziren lan haren oinarri nagusia.
Elkarrizketa haietatik abiatuta, pobreziaren,
marjinazioaren, giza ustelkeriaren eta dirusarreren
arteko erlazioa zehaztu nahi izan
zuen kopurutan. Bigarren industria iraultzaren
ondoan, ikerlan hura berretu zuen
H. Lewllyn Smith-ek, eta horrenbestez zehaztu
ahal izan zituen bigarren iraultza haren
ondorioak. Halaxe bideratu zen ezagutzen
dugun lehen alderatze-ikerketetako bat.
Ikerketa hauek Britainia Handian bideratu
ziren aldi berean, Gizarte Zientzietan
berealdiko garrantzia izango zuten ikerketa
enpiriko batzuk ari zen egiten E. Durkheim
(1857-1917) Frantzian, gizarte teoriaren
eta ikerketaren arteko elkargunearen
bila ari baitzen. Durkheim-en lanak ez ziren
ikerketa zehatzetara mugatu, Gizarte
Lanaren banakuntza (1893) edo Suizidioa
(1897) lanek iradokitzen diguten bezala, eta
oraingo honetan bereziki interesatzen zaigu
soziologiaren metodologiaz idatzi zuen
liburua, gai horri bereziki heldu zion lehena:
Metodo soziologikoaren arauak, 1895ean argitaratua.
Ikerketari ekiterakoan aurreiritziak
saihestu beharra, aztertuko diren fenomenoak
aurrez zehaztu eta mugatu beharra,
azpimarratu zuen Durkheim-ek obra hartan,
baina, batez ere, agerian utzi zuen gizarte
gertakariek guztizko autonomia dutela
subjektuen aurrean eta gauzatzat hartu
behar direla horrenbestez. Berebiziko eraginaizan zuen ideia honek metodologia
soziologiko enpirikoaren garapenean eta,
zehazkiago, gizarte ikerketarako tekniketan,
ideia horren pean jardun baitu neurri handi
batean ikerketa soziologikoak mende
honetan guztian zehar. Garrantzi handia
izan du honetan L’Année sociologique, Durkheim-ek
sortu eta, lehen garaietan, gidatu
zuen aldizkariak.
Alemanian, esparru akademikoetan landu
zen soziologia zientzia gisa: zehazkiago,
1844an argitaratu zuen F. Engels-ek
(1820-1895) bere Klase langileen egoera Ingalaterran
obra eta F. Tönnies-ek (1855-
1935), Quételet-en tradizioari jarraituz, soziografia
hitza sortu zuen datuen bilketa
estatistikoa zientzia mailara jasotzeko asmoz.
K. Marx-ek (1818-1883), bestalde,
ongi ezagutzen zituen Quételet-en obra eta
gizarte inkesten tradizioa. Bottomore-k
(1976) adieraziko zuen bezala, Marx-ek
bereziki azpimarratu zuen errealitatearen
behaketa enpirikoaren beharra gizarte ikerketaren
ezinbesteko jardunbide gisa.
Bestalde, M. Weber-ek (1864-1920) langileen
lan-egoerari buruzko ikerketa enpiriko
batzuk egin zituen, eta galdetegiez eta
zuzeneko behaketaz baliatu zen horretarako;
interesa ere agertu zuen teknika kuantitatiboen
aurrean, berriemaileen hautapena
eta galdetegien diseinuaren hobekuntza
aintzat hartu zituztenak batez ere. Weberenean,
zientziaren araberako objektibotasun
mugatzaile bat aintzat hartu ezina zen azterketa
soziologikoaren arazo nagusia: atzemaniko
datuak eta erlazioak ez dira objektiboak
ulergarriak ez badira. Weber-en «objektibotasuna»
zientzia azalpenen balioneutralaren antzekoa da horrenbestez. Durkheim-en
obra paradigma estruktural-funtzionalistaren
(arrazionalista nahiago zuen
berak) oinarritzat hartu den bezala, Weberen
ekarriak interpretazio ulergarrian oinarrituriko
teoriaren zutabetzat hartuak dira.
Eragin handia izan du aurkakotasun honek
gizarte ikerketaren garapenean.
XX. mende hasiera arte, bilakaeraren
araberako terminoen bidez formulatu zen
soziologia, eta filosofia deterministarantz
lerratu zen hein batean. Halaz ere, biziki
saiatu ziren lehen belaunaldiko soziologoak
(Tönnies, Durkheim eta Weber) determinismo
historiko horretatik aldentzen: «Soziologiaren
arloan, Tönnies, Weber eta
Durkheimen obrek erakusten diguten bezala,
bilakaera saihestea (kontzeptuak eskema
eboluzionista batean txertatzen baziren
ere) eta soziologoari edozein gizarte multzo
eta gizarte gertakari multzo alderatzeko
aukera eskaintzen zioten oinarrizko gizarte
egiturak zehaztea zen asmoa» (Bell,
1984).
Ikerketaren arloan, datuen zuzeneko
bilketari eta, inkesten eta barne-behaketaren
bidez, kasu zehatzen azterketari ekin
zioten, espekulazio mailako terminoak alde
batera utzirik. Obra garrantzitsuak izan ziren
Thomas eta Znaniecki-renak (Laborari
poloniarra), baita F. Boas-ek eta bere
jarraitzaileek antropologiaren esparruan
egin zituzten landa-lanak ere.
Termino analitiko zabalagoetan, ikusgarria
izan zen aldagaien arteko erlazioa zehazten
duten teknika estatistikoen garapena,
eta aupada handia egin zuten era berean
izaera kuantitatiboagoko azterketekere. Kopuruen ikuspegi honetatik, Quételet-en
jarraitzaile nagusietako batek, K.
Pearson (1857-1937), Londresko University
College-eko matematika irakasleak
hain zuzen ere, garrantzi handia eman zien
berriro ere aldagaien arteko erlazioei, jarduera-arau
batzuk zehazteko. García Ferrando-k
(1979) adieraziko zuen bezala,
Pearson-enean, egiaren egiaztapena ezagutzaren
alderdi guztietan lortzea da zientziaren
helburua. Helburu hori zientzia metodoaren
bidez baizik ezin da lortu, hau da,
ezinbestekoa da horretarako gertaeren sailkapen
txukuna eta guztiz zehatza, korrelazioen
eta sekuentzien behaketa, eta zientzia
legeak irudimen sortzaile baten bidez
agerraraztea.
Durkheim-en obran gizarte ikerketa
teoriarekin uztartzen den arren, mende
honen erdialdean berriro ere bereizi egin
ziren biak, ikusiko dugun bezala, Estatu
Batuetan teoria kuantitatiboek bizi izan
zuten bultzada eta hedatze handiaren eraginez.
Egun, halarik ere, teoria eta ikerketa
enpirikoa uztartzeko joera ageri da berriro
ere, informatikaren garapenak datuen azterketa
kuantitatiboa izugarri bultzatzen
duen arren.
Espainian XIX. mendearen erdialdean
hasi zen gizartearen zientzia ikerketa, Le
Play-ren obra, Narciso Gay-k eta Luis Pidal
y Mon-ek eginiko argitalpen eta iruzkinen
bitartez, ezagutu ondoan.
Hauen aurretik, Jaime Balmes (1810-
1848) har liteke Espainiako ikerketa enpiriko
positiboaren aitzindaritzat. Bere irizpidea
(«El Criterio») obran adieraziko zuen bezala,
Balmes-en aburuz «gertakarien behaketa
adikor zorrotza» da gizarte zientzietarako
metodo egokiena. Mende honen
erdialdera arte, hertsiki loturik egon zen
Espainiako gizarte ikerketa korronte filosofiko
eta ideologikoekin, hala katoliko tradizionalen
artean nola gizartea eraberritu
nahi zutenen artean. Gerra Zibilaren parentesiaren
ondoan, 1950. ondoko urteetan
«birsortu» zen Soziologia (Giner y Moreno,
1990), Estatu Batuetan bideraturiko
eskolen eraginpean, eta horrenbestez, dagoeneko
Soziologiaren instituzionalizazio
garaian hasi ziren korronte teorikoak eta
ikerketa bereizten.
Izaera akademikoko zientzia zehatz eta
instituzionalizatu gisa harturik, garrantzi
handia izan zuen soziologiak Estatu Batuetan.
Hiru sorburu nagusi bereiz daitezke
hango gizarte ikerketan: Sinclair-ek eta
Riis-ek miseria eta marjinazioari (muckraking)
buruz eginiko ikerketak, alde batetik,
hainbat hiritan gizarte arazo zehatzak
konpontzearren egin ziren gizarte inkestak
edo monografiak (social survey), beste alde
batetik (aipagarriak dira horien artean Kellog-ek
1909-1914 bitartean Pittsburgh hirianeginiko lana eta Harrison-ek 1920an
Spriengfielden burura emaniko azterketa),
eta inkesta espezializatu handiak (Social Research),
azkenik. Inkesta haien bidez, teoria
aplikatu nahi zen gertaeretan, gertaerak
azaltzarren.
Azken hauen artean, aipagarriak dira
Thomas eta Znanniecki-ren lan dagoeneko
aipatua, dokumentuen (gutunen) eta
elkarrizketen azterketatik abiaturik emigrazioari
buruz eginiko azterketa, Laborari
poloniarra Europan eta Ameriketan (1920-
1921) izeneko lanean argitara eman zena,
eta Elton Mayo-k Hawtorne lantegietan
1928-1930 bitartean eginiko ikerketak. Mayok
elkarrizketa, esperimentua eta behaketa
erabili zituen lanaren antolakuntza-arauen
eragina zehazteko, eta Soziologiaren adar
garrantzitsu bati ateak zabaldu zizkion horrenbestez,
Industria Soziologiari hain zuzen
ere.
Izan ere, Wright Mills-ek (1961) adieraziko
zuen bezala, XIX. mendearen bigarren
erdialdean, Estatu Batuetako gizarte
zientziak zuzenean lotu ziren higikunde
erreformazaleekin eta gizartearen hobekuntzarako
jarduerekin. «Gizarte zientziaren
higikundea» deitu ohi dena –1865ean sortu
zen «Gizarte Zientziarako Elkarte Iparramerikarra»
izenaz–, XIX. mendearen bukaeran
gizarte arazoetan «zientzia» taktika politiko
inplizitoetara jo gabe bideratzeko saio bat
izan zen.
Garai hartan berean utzi zen alde batera
teoria erreformazalea, baina soziologiak
sustraiak eginak zituen ordurako praktika
gisa eta beste esparru batzuetara hedatu zen.
John Dewey arrazionalista metodologikoak
(1859-1952) eragina izan zuen Estatu
Batuetako soziologian 1920 ondoko urteetatik
aurrera, garrantzi handia eman baitzien
sinboloei eta hizkuntzari, kontuan
harturik gizarte produktua den aldetik bidea
eskaintzen duela hizkuntzak zientzia
ezagutzetara heltzeko, «nahiz ez diren egia
absolutuak lortzen, baizik eta konponbide
lorgarriak, esperimentazioan egiaztatu beharreko
ereduak eta hipotesiak» (García Ferrando,
1979a, 78). Psikologiaren alorretik
bideraturiko ikerketa esperimentalek ere
eragin handia izan zuten; alde honetatik,
kontuan hartzekoak dira J.B. Watson-ek,
L.L. Thurstone-k, G.A. Lundberg-ek eta
S.C. Dodd-ek eginiko lanak, jarrerak eragiketen
bidez, indize eta eskalen bidez,
neurtzen saiatu baitziren.
1920 ondoko urteetan ere, omen handia
irabazi zuen Chicagoko Eskola Ekologikoak
eta, zehazkiago, R. Park-ek, R.
MacKenzie-k. E. Burgess-ek eta L. Wirthek
eginiko azterketek. Lan hauek hiriko
bizimoduari heldu zioten batez ere, behaketa,
kasuen azterketa eta azterlan estatitikoen
bitartez, eta Giza Ekologiaren aitzindaritzat
hartuak dira horrexegatik.Ekarri garrantzitsuak egin zituzten beste
ikerlan batzuk ditugu gizarte klaseei
buruzko tratatuak. Autore horien artean,
aipagarriak dira Thorstein Veblen (1857-
1929) (Klase laxoaren teoria, 1899) eta
Lynd senar-emazteak (Middletown, 1929.
Langile klasearen –working class– eta negozio
klasearen –bussiness class– arteko bereizkuntza
egin zen obra honetan).
Era berean, 1920 ondoko urteen hasieran
sortu zen Europan neopositibismo
izeneko eskola, Vienako Zirkulua-ren
arrimuan sortua. Korronte enpirista (Quételet,
Galton eta Pearson estatistikazaleen
araberako kuantitatibismoa bereziki) epistemologia
positiboaren araberako logikarekin
uztartu nahi izan zuten. Autore hauenean
bi enuntziatu-molde baizik ez dago:
logika eta matematikaren araberako enuntziatu
formalak, tautologikoak, eta enpirikoki
egiazta daitezkeen enuntziatu faktikoak.
D. Bell-ek dioen bezala (1984), Vienako
Zirkulua II. Mundu Gerraren ondoan
desegin zen eta ondoko urteetan irabazi
zuten gizarte zientziek omena eta eragina,
teknika konplexu berrien aurrerapen
bizkorrak bultzaturik, lehen konputagailuak
agertu ondoren bereziki. Ordutik
aurrera, teoriak ez ziren ideia edo erretorika
hutsa izango, era enpiriko egiaztagarrian
enuntziaturiko proposamaenak baizik.
Argot moduan adieraz dezagun: «gogorrak»
ziren ordurako gizarte zientziak,
natur zientziak bezala. Horrez gainera,
beste faktore batzuk hartu behar dira kontuan
garapen bizkor horren arrazoiak zehazterakoan:
zientzia berri batzuk sortu
ziren II. Mundu Gerraren ondoren, bizkor
garatu ziren oro har unibertsitateak eta
ikerketa, eta azken honen zuzeneko finantzazioan
hasi ziren esku hartzen gobernuak
eta fundazioak.
Vienako Zirkulua-ren positibismo logikoaren
araberako ideien ildotik, eta
funtzionalismoa bere gorenean zegoela
(1940. eta 1950 ondoko urteak), garrantzitsuak
izan ziren Columbiako Unibertsitatean
eginiko lanak, metodologia kuantitatiboak
egin zituen aurrerapenen gune nagusi bihurtu
baitzen. Aipagarriak dira Lazarsfeldek
eta Berelson-ek (The People´s Choice,
1944), S. Stouffer-ek (The american Soldier,
1949), eta beste metodologo batzuek
(hor ditugu, besteak beste, H. Zeisel, M.
Jahoda, R. Lickert, L. Guttman, M. Rosenberg
eta H. Hyman) eginiko lanak.
Metodologia alorreko ekarriak garrantzitsuak
izan baziren ere, ikuspegi kuantitatiboaren
aldetik batez ere, ongi gogoan hartzekoak
dira, era berean, egin zituzten ekarri
teorikoak. Teoriaren arlo honetan aipagarriak
dira R.K. Merton-en obra eta autore
honek teoriaren eta ikerketaren arteko erlazioei
buruz plazaratu zituen ideiak.Garai hartatik aurrera, hiru higikunde
guztiz garrantzitsu bereiz daitezke Gizarte
Zientzien munduan. Lehenik, eta antropologiaren
alorean oinarriturik, garatu zen Kultura
eta nortasuna izeneko azterketa-alor
berria, bere baitan hainbat diziplina jasotzen
zituena. 1930 ondoko urteen hamarraldian
R. Benedict-ek egin eta argitaratu zituen
lanetan oinarritu zen higikunde hau.
Kultura bakoitzaren definizioa erraztuko
zuen kultura-eredu nagusia zehazten ahalegindu
ziren, kultura horren partaide ziren
gizabanakoen nortasunaren ezaugarrien
azterketaren bidez.
Bigarrenik, funtzionalismo estruktural
bat sortu zen Soziologiaren alorrean, Durkheim-en
ideien garapen gisa eta Malinowski-ren
funtzionalismoaren eragina ere
ageri zuela. T. Parsons (1902-1979) izan
zen soziologia molde honen ordezkari nagusia.
Parsons-en aburuz, bere «Balio Sistemaren»
bitartez egituratzen da gizarte bat,
eta balio horiek, gizabanakoen jokamoldea
gidatu eta rolak aurrez zehazten dituzten
aldetik, gizartearen jokabidearen oinarrizko
ereduak bermatzen dituzte. Parsons «Gizarte
jardunaren teoria orokor» bat itxuratu
nahi izan zuen, gizarte eta kultura integraziorako
mekanismoak zehaztuta, eta gizarte
jarduera mota guztiak zehaztuko zituzten
terminoak definitzen eta azaltzen saiatu
zen helburu ahri begira. Durkheim eta
Weber-en logika batu eta garatu nahirik,
teoria eta enpirika batera ekartzen saiatuzen, zientzian oinarrituriko teoria bideratu
nahi bada ahalik eta estuen lotu behar baita
teoria ikerketa enpirikorako teknikekin,
kontuan izanik horiexek adieraziko digutela
gure ideia teorikoak «egiazko teoria» ala
espekulazio hutsa diren (Parsons, 1968).
Hirugarrenik, eta funtsean 1960 ondoko
urteetatik aurrera, gizarte arazoak «berraurkitu»
ziren eta gizarte zientzian eginiko
aurrerapenak gizarte politikan ere erabili
nahi zian ziren, baina ahalegin enpiriko
hutsa, ezein soziologia teoriarekin inolako
loturarik ez zuena, izan zen hura ia beti
(gainera, askotan ez ziren datu guztiz fidagarriak
erabili eta horrenbestez etorri zen
molde horretako saio frankoren porrota).
Eta hain zuzen ere, ahaleginak egin ziren
gizarte baten definizioa eskainiko luketen
gizarte-adierazleak zehazteko (aldagai
makroekonomikoak deskribatzeko erabiltzen
diren adierazleen antzera), gizarte alorreko
pronostikoak egiteko eta, azkenik,
gizarte programen ebaluazioa eta gizarte politikaren
araberako inbertsioen jarraipena
ziurtatuko lituzketen ikerketak bideratzeko.
1960 ondoko hamarraldiaren ondoren
etorri zen funtzionalismoaren krisia eta
sarrera bizkorra egin zuen Teoria Kritikoa,
indarberriturik azaldu ziren elkarreragite sinbolikoaren
eta fenomenologiaren eskutik.
Ahuldu egin ziren horrenbestez metodologia
kuantitatiboaren araberako proposamenak
eta sendo hedatu teoria interpretaziozaleak.
Halatan, 1970. urtetik aurrera hasizen aldatzen soziologia eta bide banatan
abiatu ziren bi korronte nagusi: alde batetik,
ikerketaren arloko arazo enpirikoak
berriro aztertu ziren izaera orokorreko lege
erabilgarriak zehazteko asmotan, eta aurrerapen
handiak egin ziren soziologia kuantitatiboagoaren
alorrean; beste aldetik, biziki
zabaldu zen soziologia interpretaziozalearen
aldeko joera, aurreko garaian gizartearen
jokabidea ulertzen saiatu zen positibismoaren
aurka. Teoriaren eta ikerketaren
arteko bereizkuntza berriak areagotuko
zuen banakuntza hura. Faktore hauen eraginpean
sortu ziren triangulazio deitu prozesuaren
aldeko proposamen batzuk. Gerokoan
ikusiko dugun bezala, metodo kualitatiboen
eta kuantitatiboen arteko adostea
bilatu zen prozesu horren bitartez (Webb
et alt. 1966).
Gaurko egunean jardunean ditugu funtsezko
hiru ikuspegi soziologiko: estruktural-funtzionalismoa
(haren jatorria positibismo
frantsesean eta organizismo alemaniarrean,
alde batetik, eta antropologia ingelesaren
lan praktikoetan, bestetik, bilatu
behar da), teoria kritikoak (marxismoan oinarrituak
direlarik, ikuspegi kritikoa berdin
dute baina ez dira bat), eta teoria interpretaziozaleak
(gizarte jardunaren teoria, elkarreragite
sinbolikoa eta fenomenologia).
Zera dute azken hauek berdin, errealitatearenikuspegia, elkarreraginean oinarrituriko
prozesu gisa, eta giza jarduera kontzientearen
aurreko kezka, inposizio estrukturalaren
aurka (Guerrero, 1996).
Espainiari dagokionez eta kontuan izanik
zientziaren munduan mugek gero eta
zentzu gutxiago dutela, garbi dago soziologia
zientzia gisa instituzionalizatu dela,
baina ezin ahantzi dugu gizarte alorreko
ikerketarekin zuzenean loturiko faktore
batzuek izan duten eragina: lehen FOESSA
txostenak (1966), Instituto de Opinión Pública
erakundearen sorrera (1964, Centro
de Investigaciones Sociológicas bihurtuko
zen 1976an), Soziologia Institutuen eta soziologoen
jarduera pribatuaren zabaltzea
(De Miguel, 1991, 1994), soziologia elkarteak
agertzea (Moreno, 1990), eta –eragin
berezia izan du datu honek– Soziologia
ikasketak Unibertsitatean sartu izana.
Gizartearen ezagutza teorikoaren aldeko
interesa gero eta handiagoa da inolaz
ere, baina nabarmen txikiagoa da gaurko
egunean ikerketarekin loturiko gaien aldeko
joera: emendatu egin dira, alde batetik,
metodologia soziologikoaren gaineko agerkariak
eta, bestetik, datuen bilketarako eta
sondeoak eta gizarte inkestak –hala izaera
orokorrekoak (CIRES, FOESSA) nola ezagutzaren
eremu berezietan bideraturikoak–
egiteko baliabideak.