Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Klimatologiako gertaeren arriskuak

Azken urteotan kezka handia sortu da eguratseko gertaera ez ohiko edo bereziek eragiten dituzten kalteak saihestu eta murriztu beharraren inguruan; kezka hori dela eta Hondamen Naturalak Murrizteko Nazioarteko Hamarraldi izena eman zaio 1990-2000 hamarraldiari.

Nazio Batuen babespean nazioarteko elkarlanerako gune bat eratzea izan da hamarraldi horren asmoa, hala nazio aberatsek pobreekin batera jardun dezaten hondamen naturalak ezagutzeko, aurreikusteko, eta haien kalteak murrizteko.

Izan ere, Lur guztian 340.000 milioi dolarreko galerak eta hiru milioi eta erdi hildakotik gora eragin dituzte hondamen naturalek 1965 eta 1992 bitartean. 1990eko hamarraldiaren lehenengo lau urteetan bakarrik eguratseko gertaera ez ohikoek eragindako kalteekin batera etorri diren galera ekonomikoak 195.000 milioi dolarrekoak izan dira, eta, beraz, Munduko Produktu Gordinaren %0,25 galdu da, batez beste, urtean, eta 190.000 pertsona hil edo desagertu dira.

Hondamen naturalen arazoa are kezkagarriagoa da, baldin eta kontuan hartzen bada eguratseko gertaera ez ohikoek behin eta berriro hondatzen dituztela herri eta lurralde jakin batzuk, eta horren ondorioz herrialde horiek ekonomia lur jota daukatela, bizi maila ezin hobeturik. Horrez gainera, garabidean diren herrialdeak edo artean garatu gabeak dira kalte gehien izaten dituztenak, eta horrela, hondamenak are handiagoak izaten dira.

Hori gertatzen da, adibidez, Bangladeshen eta Indian, Ganges, Brahmaputra eta Indo ibaien uholdeek eta Indiako ozeanoko zikloiek kalte handiak eragiten baitituzte; zikloi tropikalek ere txikizio handia egiten dute Filipinetan eta Madagaskarren; Perun, berriz, «El Niño» esaten zaion gertaerak eragin handia du herrialde horretako arrantzan. Herrialde garatuetan ere galera handiak eragiten dituzte klimaren zenbait gertaerak, batez ere nekazaritzan, baina baita gainerako alorretan ere. Ordokiaren garatuei dagokienez, aipagarria da Estatu Batuetako erdialdeko lautadaren kasua ?tornadoen eraginpean dago?, kostaldearena ?urakanek gogor jotzen dute bazter hartan? edo Mississippi ibaiaren arroa ?uholde ugari izaten da?; eta nabarmentzekoa da, orobat, Australiako erdialdeko lurraldeen kasua, lehorte handiak eta sute handiak izaten baitira han. Era berean, euri erauntsi gogorrek kalte handiak eragiten dituzte uda amaieran eta udazken hasieran Mediterraneo inguruan, eguratseko eta itsasoko gertaerek garai jakin batzuetan bat egiten dutenean.

Espainian eguratseko gertaera ez ohikoek Barne Produktu Gordinaren %0,15 eta 1 arteko galera ekonomikoak eragiten dituzte ?nolako urte, halako galera?, eta kalte horietatik gehienak ?%60-75? nekazaritzan gertatzen dira.

1980ko hamarraldian, esaterako, hondamen natural asko izan ziren: Euskal Autonomia Erkidegoan aipagarriak izan ziren 1983ko abuztuko uholdeak, eta 1989ko lehortea, areago izan zena hidrologikoa eguratseko gorabeheren ondoriozkoa baino. Eta 1990eko hamarraldiari dagokionez, uholdeak izan ziren Donostian 1992ko ekainean eta Donostialdean 1997ko maiatzean. Dena dela, bereziki aipagarria izan zen 1996ko abuztuan Arásko sakanan izan zen bat-bateko uholdea (Huescako Pirinioak), euri erauntsi batek eragina, 86 lagun hil baitziren gertaera haren ondorioz.

 

Klimak munduan eragiten dituen arriskuak

Klimaren gertaerek munduan eragiten dituzten arriskuak aztertzerakoan kontuan hartu beharra dago, alde batetik, zein gertaera diren gertaera ez ohikoak, eta, beste aldetik, gertaera ez ohiko bakoitzak munduko zein lurralderi eragiten dion. Oro har, klimak arrisku nagusi hauek ekartzen ditu lur azalera: hotz eta bero boladak, uholdeak eta kazkabar erauntsiak, lehorteak, indar handiko haizeak, eta gizakiaren jarduerak sortzen duen eguratsaren kutsadura.

 

Hotz eta bero boladak

Lurreko zenbait gunetan aldian behinka tenperaturaren erritmoan gorabeherak eragiten dituzten meteorologia gertaerak dira hotz eta bero boladak. Zalantzarik gabe bitarteko latitudeetan dute eragin gehien gertaera horiek, baina tropiko arteko zenbait gunetan ere izan ohi dira batzuetan.

Meteorologiaren Erakundeak honela definitu du hotz bolada: airearen bat-bateko hoztea edo aire oso hotzak lur eremu zabal bat hartzea (irrada bidezko izoztea).

Bero bolada, berriz, aire oso epelak eremu zabal bat hartzea eta han barrena zabaltzea da. Eguratseko bi gertaera horiek badituzte ezaugarri jakin batzuk: gutxi irauten dute (ez dute, oro har, hiru egunetik gora irauten, nahiz eta batzuetan aste bete eta gehiagoko boladak izaten diren); lur eremu zabal batean izaten dute eragina; horrez gainera, meteorologia-urteko tenperatura apalenak edo garaienak eragiten dituzte, eta hotz boladek elurte handiak ekartzen dituzte, eta bero boladek, berriz, balio apalenetara jaisten dute hezetasun erlatiboa.

Urte sasoiei dagokienez, ipar hemisferioan azaroa erdialdetik martxoa bitartera agertzen dira batez ere hotz boladak. Tarte horretan iristen dute haize hotzeko masek tenperaturarik hotzena. Bero boladak, berriz, udan izaten dira gehienak; arriskurik handiena uztailan eta abuztuan izaten da.

Hego hemisferioan alderantziz gertatzen da, urtaroen mekanismo kosmikoa dela eta.

Iparburuko edo artiar aire masak zabaltzearekin batera izaten diren hotz boladak eta izozteak kalte handiak eragiten dituzte bitarteko latitudeetako eta goi latitudeetako nekazaritzan; hondamenak are larriagoak izaten dira berez klima oso hotza ez duten lekuetan. Hala, beraz, Europan Italia, Grezia eta Iberiako penintsula dira hotz boladen kalte handiena izaten duten herrialdeak.

Hotz eta bero boladak edo kolpeak energia balantzarekin zerikusia duten Lurreko aire masen mugimenduaren ondorioz sortuak dira, eta gorabeherak eragiten dituzte bitarteko latitudeetako egurats zirkulazioan.

Zenbait egunez latitude horretara mugaturiko zirkulazioa gertatzen denean, trukerik onartzen ez duten eta beren ezaugarri hotzak edo beroak ohiko eragin guneetatik urrutiko latitudeetara eramaten dituzten masen zirkulazioa izaten denean, goi latitudeen eta behe latitudeen artean oreka termikoa hausten delako gertatzen da, hain zuzen ere, aire masen mugimendu hori.

Lurreko aire masen multzoaren artean, artiar eta Iparburuko kontinenteko aire masek, mugitzen direnean, hotz boladak sorrarazten dituzte, eta tropikoko kontinenteko aire masek, berriz, bero boladak eragiten dituzte. Lehenengo kasuari dagokionez, aire masa hotzak latitude beheragoetara iristen dira neguan eta eremu zabaleko beheraguneak (depresioak) sorrarazten dituzte; beheragune horiek ezegonkortasuna eramaten dute eremu horretara, eta haizea oso hotza izaten da. Bero bolada gertatzen denean, berriz, oso tenperatura beroa izaten da, aire masa tropikal kontinentalak ohi baino latitude garaiagoetara iristen direlako. Bai batek eta bai besteak, dena den, kalte handiak eta hildako ugari eragiten dituzte. Horrenbestez, nekazaritzan kalte handiak egiten ditu ohi baino tenperatura askoz ere hotzagoak edo beroagoak, izozteek eta lehorteek uzta hondatzen baitute.

Ipar Ameriketan, esaterako, 1949 eta 1979 bitarteko hotz boladen eraginez 355 hildako izan ziren. Europan, 1985eko hotz boladak Valentziako eta Murtziako fruitu zitrikoen eta barazkien uzta hondatu zuen, eta 50.000 milioi pezetatik gorako galerak izan ziren.Hotz handiko eta elur prezipitazioekiko egoerekin loturik, bada beste arrisku bat, mendialdeetako elur jausiena hain zuzen ere. Bero boladek, bestalde, kalte handia egiten diete izaki biziei, beroaren ondorioz behar baino ur gehiago galtzen dutelako.

Landareek eta gizakiek nekez eramaten dituzte berrogei gradu zentigradutatik gorako tenperaturak, baina berrogeita hamar gradu zentigradutatik gora landare gehienak hil egiten dira. Bero boladek ingurugiroari kalte handia egiten dion beste ondorio bat izaten dute gainera: suteak eratzen dira, bero handia eta giro lehorra lagun. Horrenbestez, bero boladen ondorioz 20.000 hildako izan ziren Estatu Batuetan 1936 eta 1975 bitartean.

1995eko uztaileko bero boladaren ondorioz mila lagunetik gora hil ziren, eta Chicago izan zen hildako gehien izan zituen hiria; 1995. urtea izan baita, ez alferrik, ipar hemisferioan mende honetako urterik beroena.

 

Uholdeak eta kazkabar erauntsiak

Lur azalera arrisku larriak ekartzen dituzten gertaera nagusien artean, zikloi tropikalak dira kalterik handienak eragiten dituztenak. Zikloi tropikalak tropiko arteko eremuan energia handia abiarazten duten zikloi egitura mugikor gisa definitu izan dira. Zikloi tropikalen ondorio larrienak indar handiko haizeak eta euri uholdeak dira; izan ere, zikloi tropikal batek 1.000 milimetrotatik gora euri bota dezake egun bakarrean, eta hala gertatu zen 1979an Alvinen, Estatu Batuetako Texas estatuan, «Claudette» urakanak gogor jo zuenean. Horrez gainera, oso kaltegarria da zikloiak itsasaldian duen eragina, tapoi moduko oztopo bat sorrarazten baitu ibai handien bokaleetan (Ganges, Mississippi).

Zikloi tropikalen ondorioek hondamen ikaragarriak eragiten dituzte biztanle askokokostaldeetara iristen direnean. Zikloi tropikal batek 300.000 lagun hil zituen ordu gutxitan 1970eko azaroan, Bangladeshen. Herrialde hartan zikloiek berez dakarten arriskua areagotu egiten du ekonomiaren egoera kaskarrak, itsasaldien eraginak eta biztanle dentsitate handiak (900 biztanle km 2 -ko).

Zikloi tropikalek Ozeano Barearen iparraldean eta Atlantiko iparraldeko ipar-mendebalean eta ipar-ekialdean dute gehienbat eragina.

Hondamena ekarri ohi dute, orobat, udako montzoi haizeekin sortzen diren eurite handiek. Asia hegoaldeko eta hegoekialdeko montzoien eraginpeko lurraldeetan udan egiten du urte guztian egiten duen euriaren portzentajerik handiena. Txinan esaterako, mila-bi mila hildako izaten dira urtean hegoaldeko ibai handien uholdeetan.

Bitarteko latitudeetan, goi troposferan aire masa hotzak zabaltzean sortzen diren konbekziozko ekaitzak dira euri eta ibai uholdeen eragileak. Estatu Batuetan uholde asko izaten dira, eta urtean 3.000 milioi dolarreko galerak sortzen dituzte; bereziki aipagarriak dira Missouri-Mississippi ibaien arroko uholdeak. Europan, berriz, udazkeneko euri jasak eta euri horien ondoriozko uholdeak dira arrisku gehien dakartenak; kalte handienak Mediterraneo mendebalean (Frantzia, Italia, Espainia) eta Afrikako iparraldean izaten dira, euri bideetan eta ibaieuri bideetan sortzen diren uholdeen eraginez.

Espainian euri uholdeak dira, lehorteekin batera, ekonomia galera handienak eta, batez ere, hildako gehien eragiten dituen klimaren gertaera, batez ere irailean eta azaroan. Kantauri aldean, dena den, uda aldean izaten dira euri erauntsi larrienak (abuztuan batez ere), eta baita otsailean eta martxoan ere. Oso kontuan hartzekoak dira 1983ko abuztuan Nafarroan, Kantabrian eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan izan ziren uholdeak, 80 hildako eta ekonomia kalte handiak sorrarazi baitzituzten.Prezipitazio ez ohikoak dira, halaber, kazkabar erauntsiak, denbora gutxian baina indar handiz gertatzen dira, eta zenbat irauten duen erauntsiak eta zein neurrikoak diren kazkabar aleak, kalte handia egiten dute nekazaritzan eta azpiegituretan. Kazkabar prezipitazioak udaberrian eta udan gertatzen dira, oro har, udako uztak helduta daudenean (fruta, barazkiak eta laboreak).

Kazkabar aleak izotz kozkorrak dira, konbekziozko hodei indar handikoetan hodei barneko goranzko haize laster indar handikoek sorturiko izotz harriak; horrela, 8 zentimetroko diametroa duen kozkor bat eratzeko, orduko berrehun kilometroko goranzko haize lasterrak behar dira hodeietan.

 

Lehorteak

Prezipitazio indar handikoez gainera, denbora tarte handietan prezipitaziorik ez izateak ere ekar dezake hondamena. Eguratseko zenbait gertaerek prezipitazioen ohiko erritmoa aldatzearen ondorioa da lehortea, eta lehortea gertatzen den eremuan zenbat jende bizi, zenbat lur landu, eta hirietako azpiegitura zein egoeratan egon, hartara izango dira haren kalteak handiagoak ala txikiagoak.

Oro har, klima lehor edo erdi lehorretako gertaera da lehortea, baina azken hamarraldietan klima ozeanikoko eremuetan gertatu diren lehorteek, adibidez, Euskal Herrian, edo montzoi eurien eragina duten lurraldeetan, garbi erakutsi dute prezipitazio urriko denbora luzeak Lurreko eremu guztietan izan daitezkeela.

Eskualde jakin batek ohi dituen ezaugarri nagusien oso bestelako egoeran, aldi batez ur gutxi izatea edo urik batere ez izatea da lehortea. Oro har, Munduko Meteorologia Erakundearen Nazioarteko Meteorologiako Hiztegiak honela definitzen du lehortea: denbora tarte handi batean prezipitazio gutxi edo batere ez izatea. Baina lehorte hitza, definitu, era askotara definitu behar izaten da, asko baitira eta elkarren oso bestelakoak Lur osoko euri errejimenak.

Adibidez, Nazio Batuek eman dute nola-halako definizio bat, garapenerako antolatu duten programaren baitan: lurralde batean, lurralde horri urtean dagokion batez besteko prezipitazioaren %60 baino prezipitazio gutxiago izatea bi urtetan zehar, gutxienez, eta lurralde horren %50eko edo gehiagoko eremuan. Lehorte kontzeptuak ez du beraz, inondik ere, definizio orokor zehatz bat Lur osorako baliagarria, aitzitik, lekuan lekuko ezaugarrien araberako ñabardurak hartu behar ditu definizio horrek kontuan.

Afrikan, Saharako basamortuaren hegoaldeko muturrean dagoen Sahel zerrenda erdi idorrak ondo erakusten du lehortearen ondorioek zer nolako hondamena eragiten duten. Aipagarriak dira, hondamen handia ekarri zutelako lurralde hartara, 1970 inguruko lehorteak eta orobat 1980 ingurukoak, haien eraginez jende asko hil baitzen gosez, eta herri askok emigratu behar izan baitzuen ur eta elikagai bila.

Esan bezala, klima ozeanikoa duten bitarteko latitudeetako lurraldeetan ere izaten dira lehorteak, eta lurralde idor edo erdi idorretara bezain ondorio larririk ekartzen ez duten arren, oso kontuan hartu beharrekoak dira beti, gertaera horren ondorioei aurre egiteko behar bezalako prestakuntzarik ez baitago eremu horietan. Horrela, Europa mendebaleko zenbait herrialdetan 1975. eta 1976. urteetan izan zen lehorteak uzta hondatu zuen, eta Ingalaterra hegoaldean 17 egunez moztu behar izan zuten ur hornitzea.

Mediterraneo inguruko kostaldeko lurraldeetan larria da lehortearen arazoa; izan ere, eremu horretan prezipitazioen errejimena gorabehera handikoa da, eta lehortea Mediterraneoko klimaren ezaugarri bihurtu da, eta horrela, tarteka izaten dira uholde handiak eta lehorte luze larriak.

Iberiako penintsulan hegoaldea eta hegoekialdea dira lehorte gehien izaten duten eremuak. Dena dela, gogoan izatekoa da 1989 eta 1990. urteetan Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Nafarroan izan zuten lehortea; lehorte hura hidrologikoa izan zen plubiometrikoa baino areago, baina garbi erakutsi zuen klima hezeko lurraldeetako zenbait eremuk ere jasan behar izaten dutela prezipitazioen urritasunen ondorioa. Antizikloi egoerak dira ondorio horiek bideratzen dituzten eguratseko gertaera nagusiak; antizikloiek beheratzea esaten zaion gertaera eragiten dute, aire jarioari bidea irekitzen diote, eta fronte egiturako ekaitzak latitude garaiagoetara eramaten dituzte. Prezipitaziorik ezak nekazaritzan du eragin handiena, eta hala, landatutako lur hektarea bakoitzari dagokion ur kopurua gutxitzen da, lur landuen eremua bakantzen, uztaren kalitatea kaxkartzen, uzta nekez saltzen da (ekoizpena kalitate txarragokoa baita), eta ureztatzeko uraren prezioak gora egiten du.

 

Indar handiko haizeak

Indar handiko haizea askotan izaten da goi latitudeetako eta bitarteko latitudeetako herrialdeetan, indar handiko erauntsiak mugitzen direnean mendebaleko haizeen baitan.

Bada eguratsean gertaera bat lastertasun handi-handiko haizeak abiarazten dituena: tornadoa. Bitarteko latitudeetan izaten da tornado gehien, batez ere «tornadoen kalezuloa» esaten zaion eremuan, Estatu Batuetako erdialdeko estatuetan, alegia, urtean800-1.200 tornado izaten baitira han, batez beste. Eremu horretan urte guztian zehar gerta daitezke tornadoak, baina arrisku gehieneko sasoia apirila eta ekaina artekoa da, sasoi horretan gertatzen baita urteko tornado guztien %60. Tornado kaltegarrienen artean aipagarria izan zen 1925eko martxokoa, «hiru estatuetako tornado» esan zitzaiona, Missouri eta Indiana artean 350 kilometro egin zituen, orduko 91-109 kilometro arteko lastertasunean, eta zazpiehun hildako baino gehiago eragin zituen, hamaika mila lagun gelditu zen etxerik gabe, eta zortzi mila hektarea lur suntsitu zituen.

Espainian indar handiko haizeak mendebalekoak eta ekialdekoak izaten dira.

Mendebaleko haizeek Kantauri itsasoko kostaldean egiten dituzte kalte gogorrenak, batez ere, Cabo de Peñas eta Breton arteko eremuan; ekialdeko ekaitzek, bestalde, gogor astintzen dituzte Mediterraneo aldeko kostaldeko lurraldeak. Mendebaleko edo ipar-mendebaleko indar handiko haizeak latitudean zeharreko zirkulazio indar handiko batekin edo ?kantauri aldeko? ekaitzekin daude loturik, eta horiek galernak sortzen dituzte. Apiriletik urria arteko sasoia da galernena, eta, areago, ekainetik iraila bitarteko aldia.

 

Gizakiaren jarduerak eragindako egurats kutsadura

Industrializazioak ondorio kaltegarriak ekarri dizkio inguruneari, eta arriskuak sorrarazi ditu orobat klima sisteman. Eguratsaren kutsadura, Antartida aldean ozono geruza zulatu izana, eta berotegi efektuak kliman eragin dituen aldaketa larriak dira ekonomiaren bilakaera neurrigabearen ondorio nagusiak.

«Euri azidoa» esaten zaio 7 HPtik beherako prezipitazioari, industriek eguratsera jaurtitako zatiki kutsagarri askoz osatua egoten da ?batez ere sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta hidrokarburo hegaskorrak?, eta zatiki horiek urarekin eta SO-arekin erreakzionatzen dutenean azido sulfuriko eta nitrikoa, amonio gatzak eta beste azido batzuk sorrarazten dituzte.

Kutsadura «azidoa» eragiten duten iturri nagusiak indarretxe termikoak eta erregai fosilak erabiltzen dituzten industriak dira.

Azken urteetako txostenetan hainbat eta hainbat adibide agertzen dira euri azidoak mundu guztian egiten duen kalteari buruz.

Grezian, esaterako, euri azidoa Partenongo marmola jaten ari da, eta Indian, Taj Mahalekoa; Suediako 90.000 aintziretatik 20.000 aintzirek azidotasun maila handia dute, eta horietako 18.000 aintziretan ez dute, ustez, bizirik iraungo arrainek. Espainian euri azidoarenondorioak ez dira arestian aipatu diren herrialde horietan bezain larriak; Castellongo Els Ports eskualdea da, Teruelgo mugan, euri azidoaren ondorio larrienak izan dituena, Andorrako indarretxe termikoaren (Teruel) eraginez, seguruenik.

Euri azidoak zatiki kutsagarriak dituzten hodeiak batetik bestera leku aldatzen direnean sortzen dira. Estatu Batuetako eta Kanadako kostaldean mendebaleko haizeei lotuta egoten dira, Aintzira Handietako industrietako kutsadura Atlantikoko kostaldera eramaten baitute mendebaleko haizeek.

Europan, berriz, kontinente erdialdeko industria gune handietako hondakinak kostaldera mugitzean gertatzen dira, erlojuaren orratzen norabidearen kontrako norabideko haizeen eraginez: troposferako bitarteko geruzetan eta goi geruzetan ipar-ekialdeko beheraguneak eratzen dira (depresioak) eta Europa erdi eta ekialdetik Iberiako penintsula aldera mugitzen dira erloju orratzen kontrako norabidean; horrela, Europa erdialdeko aire masak (eremu azidokoak, beraz) penintsularaino iristen dira, eta industria gune handietako zikinkeria kimikoak eramaten dituzte hara.

Euri azidoaren arazoa konpontzeko, herrialde batzuetako gobernuek hainbat erabaki hartu dituzte elkarlanean euri azidoak ingurunean duen kaltea murriztearren.

Azken hogeita hamar urteetan tximinia gero eta garaiagoak ezartzera behartu dituzte indarretxe termiko asko, kutsadura sakabanatzeko eta ahalik eta gehien urruntzeko, era horretara ahalik eta gutxiena kutsa dezaten haien ingurune hurbila.