Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Klima polarrak eta mendiko klimak

 

Klima polarrak

Klima polarrak latitude garaietako klimak dira. Poloetako klimek bi ezaugarri nagusi dituzte: oso hotzak dira eta ez dute udarik.

Poloetan hotz handia egiten du irrada garbiaren balantzearen defizita handia delako, izan ere, nahiz eta eguzkia hogeita lau orduz egon daitekeen zerumugan, irradak oso intentsitate gutxi du: eguzkiak zeharka jotzen du batetik, eta bestetik, irradek bide luzea egin behar dute eguratsean zehar.

Horrez gainera, elurra eta izotza daudenez gero, albedoa (edo gorputz batek jasotzen duen argiaren eta hedatzen edo islatzen duenaren arteko zatidura) oso garaia da, eta erabilgarria den energia potentziala, berriz, apala; potentzial horrek eragiten du tenperaturak apalak izatea. Lurburuak, bestalde, inguru lehorrak izaten dira, eta hori hala gertatzen da batetik, hotzaren ondorioz airea beheratzen delako (airea geruza garaietatik poliki-poliki eta multzoan jaisten da lurreraino), eta bestetik, lurruntze maila apala delako, eta aireak ahalmen higrometriko handirik ez duelako (edo hezetasunak izaten dituen aldaketen eragina izatea). Poloetan inguru lehor epeletan edo tropikaletan bezainbait euri egiten du; inguru subpolarretan ?borrasken igarobide direlako? baizik ez du egiten euri asko, mila milimetrotatik gora urtean, zenbaitetan. Ezaugarri horiez gainera, aipatzekoa da haizearen indarra, iparraldeko inguruetako presio handien eta poloen inguruko presio apalen artean sortzen den gradiente handiaren ondorioz sortzen baitira haize horiek; eguratsaren turbulentziak (airearen higidura irregularra eta zurrunbilotsua) handitu egiten dira lur azal izoztuetatik hurbil dauden ertzetan. Ertz horietan haize boladek orduko ehun eta berrogeita hamar kilometrotik gorako lastertasuna har dezakete. Poloetako eremuan, ordea, leku batetik bestera aldeak daude, baina zaila da klima desberdinen ezaugarriak zehaztea. Dena dela, bi klima mota nagusi daude: tundrako klima eta hormaguneetako klima.

 

Tundrako klima

Tundrako klimak Artiar ozeanoaren eta Antartiar ozeanoaren itsasertzak hartzen ditu; inguru horiek, bestalde, ozeanoaren eragina dute eta mendebaleko ekaitz ugari igarotzen dira bertatik. Hori dela eta, prezipitazio dezente izaten dute; ez da udarik izaten, eta neguak oso gogorrak dira. Itsasoaren eraginari esker tenperatura ez da hain gogorra izaten eta tenperatura aldeak hamar gradutatik beherakoak izan ohi dira; zenbait hiletan, zero gradutik gorako tenperaturak ere izaten dira, eta horietan lur azaleko izotza urtu egiten da.

Tenperaturak apalak dira, baita udan ere, eguzkia hogeita lau orduz odaiertzetik gora dagoela: eguzkiaren intzidentzia angelua txikia da, eta eguzkiaren energia ahuldu egiten da eguzki izpiek bide luzea egin behar baitute eguratsean zehar. Bestalde, Artiar lurraldeko tundran neguak kontinentalak dira, ozeanoa izotzez eta elurrez estalita gelditzen baita, eta lur azala latitude garaiko beste edozein inguruko lur azal izoztuaren modura portatzen da. Antartiar ozeanoa neguan ez da guztiz izozten: batetik, Antartidako aire hotzak alde egiten duelako eta bestetik, kontinentetik izotz asko bereizten delako. Horregatik guztiagatik, Antartiar lurraldeko tundra Artiar lurraldekoa baino beroagoa da neguan.

Tundrako klima heterogeneoa da eta klima subpolar ozeanikotik klima Artiar kontinentalera igarotzean negua belztu egiten da, tenperaturaren gorabeherak handiagoak dira, eta prezipitazio gutxiago izaten da.

 

Hormaguneetako klima

Hormaguneetako klima Artiar ozeanoko bankisa izoztuetan (lurburuetako itsasoetako izotz geruzak dira bankisak), eta batez ere, Groenlandia barrualdean eta Antartidan izaten da. Azken horietan, latitudeari goratasuna gehitzen baitzaio eta gauza jakina da garaierak tenperatura oso beheak eragiten dituela.

Izan ere, Groenlandia hiru mila metroko garaiera izateraino heltzen da, eta Antartidaren parte handi bat garaiera handiagoan dago. Baina eragin handien duen ezaugarria, udan batez ere, lurra beti izoztuta egotea da. Izotzak albedo oso handia du eta har - tzen duen eguzki irradaren ehuneko laurogei isla dezake; gainerako aire masek duten bero gehiena izotza urtzeko edo lurruntzeko erabiltzen da, beraz, ez du eguratsaren tenperatura igotzeko balio.

Hortaz, hormaguneetako klima poloetako klimarik hotzena da: tenperatura beti zero azpitikoa da, eta inoiz neurtu izan da zero azpitik laurogeita zortzi gradukoa ere, esate baterako Vostok-eko behatokian (3.488 metrotara itsas mailaz gaindi), Antartidan.

Hotz handia egiten duenez gero, tenperatura azpikozgoratzen da eta azaleko goi presioak sortzen dira; haizeak bareak izaten dira, edo ez da haizerik izaten. Baina zenbaitetan, horiei aurrez aurre haize gogor katabatikoak izaten dira, izotz geruzaren barrualdetik ertzetara egiten dutenak; malda handitu ahala, haize horien abaila ere handitu egiten da eta haize erauntsi gogorrak izaten dira. Prezipitazioak urriak izaten dira beti, eta gehienetan, elurra egiten du; hala, Groenlandia barrualdeko urteko prezipitazio kopuru osoa ehun eta berrogeita hamar milimetrotatik behetikoa da, eta Antartidaren barrualdean oraindik eskasagoa.

 

Mendiko klima

Mendiek aldaketa asko eragiten dituzte meteorologian eta baita klimen banaketa orokorrean ere. Mendien orientazioak, goratasunak, eguzkialdiak eta bolumenak ondorioak izaten dituzte eta ez daudenlekuansoilik: mendialde garaiak eta zabalak direnean, klima mota bereziak sortzen dira.

Zenbat eta garaiera handiagoa, orduan eta apalagoa izaten da eguratsaren presioa.

Eguratsaren masa txikitzeak eta presioa apaltzearen batetik, eta bestetik, eguratsaren osagai aldakorrak gutxitzearen ondorioz eguratsak eguzki energia gutxiago xurgatzen du eta lurrera iristen diren eguzki irraden intentsitatea handitzen da. Mendietako aireak bero gutxi atxikitzen du eta tenperatura apal mantentzen du; mendi hegaletan, aldiz, eguzki irradek zuzenean jotzen dutenean, egunez bero kontzentrazio handia izaten da eta horrek tenperatura garaiak eragiten ditu; gauez, alabaina, aire dentsitate apalak hotz handia dakar. Eguratsaren presioa asko jaisten denean, tenperaturak behera egiten du garaieran gora egin ahala. Hozte gradientea, gutxi gorabehera, gradu erdikoa izaten da ehun metroko desnibeleko; baina gradiente hori (magnitude baten aldaketa, noranzko jakin batean, gehienetan horizontalean edo bertikalean) lekuan lekuko baldintzen arabera aldatu egiten da eta baita urtaro batetik bestera ere. Ibarretan, askotan, tenperatura azpikozgoratzen da eta horrek, zenbaitetan, gradientearen banaketa normala nahastu eta aldarazi egiten du. Bestalde, zenbat eta garaiera handiagoa, orduan eta prezipitazio gehiago izaten da, behintzat maila batera arte.

Aire masak oztopo orografikoek behartuta igotzen direnean, hodei gehiago izaten da eta baita prezipitazioak ere (euria bezala elurra); hala ere, prezipitazio eta garaiera arteko harremana asko aldatzen da mendiak non dauden, haize nagusiei buruz zein orientazio duten edo mendiaren erliebearen beraren ezaugarrien arabera; hortaz, berezitasun asko dago kontuan hartu beharra.

Eskualde menditsu bateko klima ?batez ere irrada zikloa, tenperatura erritmoa eta, bereziki, prezipitazioak? mendia dagoen latitudearen mende dago. Tropiko arteko eremuetan, haietan urte guztian tenperatura beretsua izaten baita ?eguzki irradak zutak baitira lurrari buruz?, tenperaturaren batez besteko balioek behera egiten dute zenbat eta gorago egon, eta horrek klimen mailaketa sortzen du, maila batetik besterako aldaketa nabarmena izaten dela. Hala, Andeetan adibidez, 500-1.000 metro bitarteko tarteari ?lur beroa? esaten zaio, 1.000 eta 1.500-2.000 tarteari ?lur epela?, 3.000 metro bitarteari ?lur hotza?, gero ?paramoa? eta ?puna? daude, 4.500 metrotara artean, eta horren gainetik ?paraje elurtuak?.

Prezipitazioei dagokienez, gorabehera handiak izaten dira mendiko klima mota batetik bestera; tropiko hezeetan, esaterako, prezipitazio asko izaten da. Tropiko horien ezaugarri plubiometriko bereziak eta garaiera direla eta, munduko euri errejistro ikusgarrienak jaso dira horietan; Hawaii uharteetan adibidez, urteko batez besteko euri kopuruamila milimetrotatik gorakoa da. Hala ere, gehieneko prezipitazio maila horiez gainera, tropikoko eta ekuatoreko toki garaietako hainbat mendi sistemetan prezipitazio mailak behera egiten du eta elkortasuna ere izan ohi da; Boliviako edo Peruko plataformetan adibidez, bostehun milimetrotara ez dira iristen, eta Kilimanjaro mendian, lau mila metroko garaieran, berrehun milimetroz azpitikoak izaten dituzte.

Goi latitudeetan eta tartekoetan, aldiz, tropikoetan baino tenperatura aldaketa handiagoak izaten dira neguaren eta udaren artean; tenperatura aldaketa horiek kontinentearen barrualdean nabarmenagoak dira oraindik. Horrez gainera, eguzki izpien makurdura dela eta, tenperaturaren banaketa isurialdeen norabidearen mendekoa da, eta egutera eta laiotza bereizten dira. Ekialde-mendebal norabidea duten bailaretan, iparraldea hotzagoa eta hezeagoa da, eta neguan, astetan eguzki izpirik ez iristea gerta daiteke; horren ondorioz, tenperatura beheraldiak bizkorragoak izaten dira eguterako aldean itzalaldean baino, eta baita tenperatura oszilazioa ere. Mendialdean, bestalde, euri kopurua igo egiten da bi mila edo hiru mila metro arte, eta prezipitazio gehienak elurrezkoak izaten dira; dena dela, elur kopurua, behe latitudeetan gertatzen den bezala, haize epelen eraginaren araberakoa da. Mendikate gehienek isurialde bat hezea izaten dute eta bestea lehorra. Isurialde hezean, aurrealdeko prezipitazioek euri jasa handiak ekartzen dituzte; isurialde lehorra, aldiz, Föehn efektuaren eraginpean egoten da, eta oso euri gutxi egiten du. Erliebearen ardatza zenbat eta perpendikularragoa izan haize nagusien norabideari buruz, orduan eta handiagoa izango da alderdi hezearen eta lehorraren arteko aldea; hala gertatzen da, esate baterako, Txileko Andeetan mendebaleko haizeekiko.

Horregatik guztiagatik, mendialdeetan klima desberdintasun handiak izaten dira.

Argitu diren ezaugarri orokorrez gainera, beste hainbat ezaugarri direla eta ?latitudea, itsasoa hurbil egon ala urrun egon, eguzkialdia, topografia, etab.?, tokian tokiko klima bereziak sortzen dira.