Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurruntzea, izerditzea eta lurruntze-izerditzea

Ziklo hidrologikoaren diagrama.<br><br>

Ura da Lurrean hiru egoera fisiko desberdinetan (gotorra, isurkaria eta gasa) berez agertzen den molekula bakarra. Prozesu fisiko eta kimiko askok eta biologiazko eta kulturazko gertaera gehienek ura dute ardatz.

Leonardo da Vinci zientzialariak senez hauteman zituen gertaeretatik Nazioarteko Hidrologia Programek gaur egun dituzten helburuetara aldatuz joan dira uraren zientziaren aztergaiak. Gaur egun hauek dira urari buruzko adituak gehien kezkatzen dituzten alorrak: uraren balantzea, hidrologia prozesuak neurtzea, ur baliabideak kudeatzea, eta gizakiak uraren zikloan zer nolako eragina duen jakitea.

Hidrosfera batua eta jarraitua da, urak energia ahituz edo askatuz (bero latentea) bere egoera fisikoa alda dezakeelako. Uraren batasun hori ezin zatituzkoa da, ez dutelako ura Lurrean mugiarazten duten indar guztiek beherantz egiten, grabitate indarraren eragina beti berbera izanagatik. Ur lurruna igo egiten da, eta ur isurkaria alboetara mugitzen da batzuetan. Beraz, ozeanoen, atmosferaren eta kontinenteen arteko ur elkartrukeak eredu zikliko baten arabera gertatzen dira.

 

Lurruntzea Uraren balantze globala

Ura isurkari egoeratik lurrun egoerara aldatzea da lurruntzea, eta ur zatikietako molekulek elkarren artean duten erakartzea gainditzeko bezainbat energia sortzen den bakoitzean gertatzen da.

Ura egoera gotorrean dagoenean, uraren molekulak barne kohesio indarrak erakartzen ditu elkar, eta distantzia bera izaten dute beti elkarrekiko, nahiz baden betiere halako dardara bat. Ura berotu ahala, mugitu egiten da, eta haren molekulak bata bestearen gainera mugitzen dira edo elkar jotzen dute; ordurako ez dute zeinek bere leku jakina izaten, isurkari egoera iritsi baitu urak. Ura zenbat eta gehiago berotu, orduan eta gehiago astintzen dira molekulak, eta molekula horietako batzuk gainerako guztiak baino lasterrago mugitzen dira; orduan gerta daiteke molekula lasterrago horiek, gainalde asketik hurbil baldin badaude, gainaldeko tentsioa izatez den eragozpide handia gainditzea, eta airera joatea lurrun zatiki bihurturik.

Ur lamina bat tenperatura jakin batean baldin badago, eta aire lehorra baldin badu gainean, molekula batzuek isurkariarengainaldetik ihes egin eta airera igarotzeko bezainbat energia zinetiko hartzen dute berehala. Zenbat eta molekula gehiago igaro airera, orduan eta lurrun gehiago pilatzen da atmosferan, baina aldi berean lurrun molekulen astintze termikoaren beraren eraginez, lurrun molekula batzuk uraren baitara itzultzen dira berriro, kondentsatu egiten dira, alegia. Lurruntzeak jarraitzen du, harik eta isurkaria utzi duen molekula kopuruaren eta ur tanta bihurturik isurkarira berriz itzultzen den molekula kopuruaren arteko oreka iristen den arte; airea asea dagoela esaten da orduan. Tenperaturak gora egiten badu, energia gehiagotzeak lurruntzea gehitzea ekartzen du; eta tenperaturak, berriz, behera egiten badu, orduan energia gutxitzeak lurruntzea ere urritzen du.

Ur isurkariaren lurrun tentsioa esaten zaion gertaeraren bidez urak lurruntzeko duen joera neurtzen da, isurkaritik ihes egiten duten molekulek aireari egiten dioten presioa neurtzen da, alegia; ur lurrunak alderantzizko eragina izaten du isurkarian, eta ur lurrunaren presio partziala esaten zaion gertaeraren bidez neurtzen da uretara berriro itzultzen diren lurrun molekulen kopurua. Bi neurri horienbalioak berdintzen diren unean airea asea egoten da. Ur isurkariaren lurrun tentsioa ur isurkariaren tenperaturaren araberakoa izaten da; beraz, uraren tenperaturak zenbat eta gorago egin, orduan eta energia handiagoz astintzen dira molekulak, eta errazago lurruntzen orobat; uraren lurrun presio partziala, aldiz, gasaren tenperaturaren, bolumenaren eta ur lurrun molekula kopuruaren araberakoa izaten da. Printzipio horiek atmosferaren baldintza naturaletara aplikatuz gero, hala ikusten da airearen tenperatura dela aldagai nagusia.

Lurruntze prozesuak energia handia eskatzen du. Adibidez, zero gradu zentigraduko tenperaturan ur gramo bat lurruntzeko 600 kaloria inguru behar izaten dira gramo bakoitzeko; egoera gotorretik isurkarira aldatzeko, berriz, 80 kaloria behar izaten dira gramo bakoitzeko –kopuru horri fusioko bero latentea deitzen zaio–, eta ura irakiten ari denean gramo bakoitzeko 539 kaloria behar izaten dira. Lurruntzeko behar izan den bero energia hori atmosferara ere igarotzen da, ur lurrunean baitago metatua lurruntzearen bero latente gisa, eta, horren ondorioz, lurrundu ez den isurkariaren gainaldea hoztu egiten da galdu duenberoaren proportzio berean; arrazoi horregatik, gero eta energia gehiago behar izaten da lurruntzeak iraun dezan. Guztiz kontrako gertaeraren eraginez, kondentsazioaren eraginez alegia, xurgatu den bero hori bera askatu egiten da, eta gainaldera nahiz atmosferara itzultzen da, kondentsaziozko bero latente gisa, eta, beraz, lurraren edo airearen tenperaturak gora egiten du.

Prozesu horietan ez da aldatzen lurrundutako edo kondentsatutako uraren tenperatura; eta horrenbestez «latentea» deitzen zaio horietan behar izaten den beroari, eta «hautemangarria», aldiz, bero hori hartzen duen gorputzaren tenperatura igoarazten duenari.

Era horretara izaten diren bero aldaketak oso garrantzitsuak dira, eta Lurraren tenperatura eta tenperaturak egunean zehar izaten dituen gorabeherak erregulatzen laguntzen dute, zeren eta egunez lurruntzea izateak eta gauez kondentsazioak leundu egiten baititu tenperatura aldaketak, hezetasunik ez balego ehun gradu ingurukoak izango lirateke bestela. Horregatik dira beraz hain garrantzitsuak bai bero latentea xurgatzeak atmosferan eragiten duen berotzea, eta bai ur lurrunak klima sistemaren orekan duen zeregina.

 

Lurruntze prozesua eta lastertasuna hainbat eragileren mende egoten dira:

– Tenperatura da garrantzitsuena, ur lurrunduaren kopurua hainbat eta handiagoa izaten baita, zenbat eta gorago egin tenperaturak. Horregatik, klima hotzean ez da lurruntze handirik izaten, eta klima epelean, berriz, lurruntze handia izaten da.

– Asetze maila. Aireak ezin du iristen zaion lurrun guztia hartu, eguratsaren asetze maila du hain zuzen muga, eta horren mende egoten da uraren egoera aldaketa; hori dela eta, aire lehorrean lurruntzea bizkorra izaten da, eta airea zenbat eta hezeagoa, orduan eta lurruntzea ere motelagoa, gero eta molekula gehiago itzultzen baita uretara.

– Haizea ere garrantzi handiko eragilea izaten da, aireak ur lurrundua eramaten baitu mugitzen denean eta maila apalean mantentzen du eguratsaren asetzemaila, eta lurruntzeak ez du era horretara etenik izaten.

– Lurruntze eremua. Baldintza berberetan, isurkaria hainbat eta bizkorrago lurruntzen da, zenbat eta handiagoa izan lurruntze eremua.

– Uraren konposizioa: badu orobat zerikusia lurruntzean, moteldu egiten baitu ura gazia denean; ozeanoetako ura ur geza baino ehuneko bost motelago lurruntzen da beraz, gatzak gutxitu egiten baitu isurkariaren gainaldeko tentsioa.

Lurreko lurruntzeak aldaketa handi samarrak izaten ditu leku batetik bestera eta garai batetik bestera, eta era horretara eragina izaten du klimetan. Lurruntzea ezaugarri jakin batzuen arabera banatzen da Lurrean, eta ezaugarri horiek bat datoz, oro har, tenperaturekin; lurburuetan ez da, horrenbestez, lurruntze handirik izaten, baina eremu epeletara eta tropiko arteko eremuetara zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta handiagoa izaten da lurruntzea. 15° eta 20° Ipar Latitudeetan eta 20° eta 10° Hego Latitudeetan izaten du lurruntzeak bere goren maila, gertaera jakin batzuen eraginez hain zuzen: batetik, eremu horietan energia handia izaten da, luzeak baitira eguzkialdiak eta bakanak, berriz, egun hodeitsuak; bestetik, haize alisioen eraztunak etengabe berritzen du aireko hezetasuna.

Ekuatorearen inguruan lurruntzea gutxitu egiten da, batez ere ekuatoreko baregune eraztunaren inguruan, haizeak indar gutxikoak izaten baitira hor, eta aireak ia asetze maila iristen baitu; kontinenteetako eremuetan, berriz, baso masa handiaren izerditzeak berdintzen du, aldez, lurruntze gutxi hori.

Alde handia izaten da baita ere ozeanoetako eta kontinenteetako eremuen artean, batean askoz ur gehiago baitago, jakina, bestean baino. Lurruntzea askoz handiagoa izaten da, noski, ozeanoetan, Indiako Ozeanoan batik bat, bi mila laurehundik gora milimetro ur lurruntzen baita urtean; lurruntze handia izaten da baita ere Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoaren mendebalean, kontinenteetako barrualdetik datorren aire lehorreko lasterrak itsaslaster beroetan duen eraginez bi mila milimetrotatik gorako lurruntze kopuruak izaten baitira urtean. Kontinenteetan lurruntzea askoz apalagoa da, baina, aitzitik, gerta daiteke lurruntze-izerditze potentziala kopuru handitan izatea, batez ere tropikoz beheko basamortu beroetan, hala, adibidez, Saharako basamortuaren bihotzean, non, beroak energia handia sortzen duenez eta ia urik ez dagoenez, lurruntze-izerditze erreala zero baita, eta lurruntze-izerditze potentziala, berriz, lau milatik sei mila milimetro bitartekoa izaten baita urtean.

 

Izerditzea Lurruntze-izerditzea

Landareek bizitzeko egin behar dituzten zereginetan ura lurrun moduan botatzeari edo galtzeari izerditzea esaten zaio.Prozesu horretan landareek sustraien bidez ura hartzen dute lurretik, ur horrek landare osoan gora egiten du, eta azaleko zelulen mintzetatik kanpora botatzen du landareak ura, batez ere estoma deitzen zaien hostoetako poro txikietatik.

Landarearen beraren ezaugarriei eta lurraren eta eguratsaren hezetasun mailari lotuta egoten da izerditzea. Badirudi gehiago edo gutxiago izerditzeak baduela zerikusirik landare motarekin eta haren hosto kopuruarekin; hala, hosto erorkorra duten zuhaitzek, adibidez, izerditzetik ia erabat gelditzen dira neguan; eta eremu beroetako landare batzuek hosto guztiak galtzen dituzte urtaro lehorrean, ur gehiegi galtzetik babesturik egon ahal izateko. Tenperaturak ere eragin handia du horretan, hotzak izerdia gutxitzen baitu, eta tenperaturak zenbat eta gorago egin, orduan eta gehiago izerditzen baitu landareak ere.Lurruntze-izerditzea lurrak lurruntze zuzenaz eta landareen izerditzeaz hezetasuna galtzea da, arestian aipatu diren bi prozesuak batera gertatzea, alegia. Besteak beste, zenbat ur dagoen du lurruntze-izerditzeak muga nagusia, eta horrenbestez oinarrizko bi kontzeptu bereizi behar dira klimaren ikuspegitik: Lurruntze-izerditze erreala (LIE) eta Lurruntze-izerditze potentziala (LIP). Lehenengo kontzeptua benetan galdu den ur kopuruari dagokio; bigarrena, berriz, klima jakin bat eta landaredi jakin bat dituen eremu batean, ustez eta ur kopuru mugagabea duela, lurrak gehienez gal dezakeen ur kopuruari.Energia zinetikoa Higitzen ari den gorputz baten energia mekanikoa da hori, mugitzen ari den masak eta masa horrek mugitzean duen lastertasunak sortua. Geldirik dagoen gorputz baten energia zinetikoa zero da.

Mugimenduak sortzen duen energia da beraz.

Beroaren energia energia zinetiko bihurtzen du aire beroak gora egiteak edo bestela aire hotzak bat-batean behera egiteak.

Azaleko tentsioa Gertaera horrek badu zerikusia isurkarietako molekulak elkarri kohesio indarraz lotuta egotearekin; molekula horietako bakoitza erakartze indar berberaren mende dago norabide guztietan, molekula berdin-berdinez baitago inguratuta. Nolanahi ere, azaleko molekulak barrenaldera erakarriak izaten dira, eta beraz isurkariak ahalik eta eremu libre gutxien hartzeko joera izaten du. Tenperaturak zenbat eta gehiago egin gora, orduan eta tentsio gutxiago izaten da azalean, eta tentsio horrek ez du zerikusirik isurkariak hartzen duen eremu librearekin.

Kondentsazioa Eguratseko ur lurruna isurkari edo gotor bihurtzeari esaten zaio kondentsazioa. Airea ase denean, hau da, aireak ihintz puntua esaten zaiona iritsi duenean gertatzen da kondentsazioa, tenperatura jakin batean ur lurrun gehiago ezin eduki dezakeenean, alegia; soberakina kondentsatu egiten da orduan. Prozesu horrek lurruntzeaz geroztik lurrunean bildua egon den bero latentea askatzen du. Kondentsazioa lurraren gain-gainean gertatzen bada, orduan ihintza edo intzigarra sortzen du; aireko geruza beherenetan gertatzen bada, berriz, behe lainoak edo lanbroa sortzen ditu, eta airearen baitan gertatzen bada, hodeiak.

Bero latentea Klimatologiaren alorrean, ezin hauteman daitekeen beroari esaten zaio bero latentea, termometroak neurtzen ez duenari, alegia, lurruntze prozesuan teorian kontsumitu den ur lurrunari atxikia egon denari hain zuzen. Kondentsazioaren ondoren aske gelditzen da, eta hautemangarria izaten da orduan.

Lurruntzea Ur isurkaria eguratseko ur lurruna bihurtzen duen prozesu fisikoari esaten zaio lurruntzea; beroak eragina izaten da, eta airearen baldintza jakin batzuek (turbulentzia, haizea, hezetasun erlatibo apala, etab.) eta landarediak biziagotua orobat. Lurruntzean beroa kontsumitzen da, ur lurrunera igarotzen da ur hori, eta latentzia egoeran gelditzen da han, harik eta kondentsazioak aire masara berriz itzultzen duen arte.

Lurruntze potentziala esaten zaio denbora jakin batean eta eremu libre batean, eta tenperaturaren arabera, eremu-banako bakoitzean lurrundu daitekeen ur kopuruari. Lurruntze erreala, berriz, leku jakin batean benetan lurrundu den ur kopurua da.

Izerditzea Izaki bizien bidez ura lurruntzea, landareen bidez bereziki.

Lurruntze-izerditzea Zuzenean lurrundutako uraren eta landareek izerditutakoaren batura da; landareenari lurruntze biologikoa esaten zaio, eta jakin beharra dago badutela landareek lurraren sakon-sakonetik ura xurgatzeko ahalmena. Eguratsera benetan igaro den ur kopuruari lurruntze-izerditze benetakoa esaten zaio. Lurruntze-izerditze potentziala, berriz, eguratsera, teorian, igaro daitekeen ur kopuru gehienekoa da, hori bai, baldin eta lurra etengabe badago hornitua, eta baldin hezetasun gehiegi edo gutxiegi dagoela jakin badaiteke, zenbat euri egin duen kontuan harturik.

Asetze maila Aireak ihintz puntua iristen duenean asetze maila iristen du, hau da, tenperaturak halako mailaraino egiten du behera, non aireak ezin eduki baitezake ur lurrun gehiago.