Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Haizea, higaduraren eta moldatzearen eragile

«Hauts erauntsia». 1930 ondoko urteetan sarritan izan ziren haize erauntsiak Estatu Batuetako erdialdean. Ordu arte lurralde haietan bultzatzen ari zen nekazaritza intentsiboaren zati handi batek hondoa jo zuen erauntsi horien ondorioz.<br><br>

Higadura eragileen sailkapen guztietan aipatzen da haizea.

Hala eta guztiz ere, haizeak ez du aurrez meteorizatu gabeko materialak (hau da, zatitu, sakabanatu edo eraldatu gabeak) mugiarazteko behar adina indarrik.

Horregatik, haizea, oro har, garraiatzaile bezala hartu behar da, zenbait ñabardura kontuan izanik.

Haizeak ez du tamaina handiko materialak mugitzeko adinako indarrik; pikor txikiak leku batetik hartu eta beste batera eramaten ditu, eta han metatu egiten ditu.

Ekintza horren eraginez, hezetasuna jaitsarazten du haizeak, eta, horren ondorioz, erliebean eragiten dituen egiturek basamortu tipologia izaten dute.

 

Meteorizazioa eta higadura

Meteorizazioa lur azaleko gaien deskonposatze prozesua da. Meteorizazioa izango balitz ekiten duen prozesu bakarra, sortzen diren lekuan bertan geratuko lirateke metaturik prozesuaren ondoriozko hondarrak.

Hori da gutxi gorabehera, lur azalaren sorrera prozesuan gertatzen dena. Prozesu hori eremu nahiko makur batean gertatzen denean, grabitate indarrak eta marruskadura indarrak angelu bat osatzen dute, eta grabitate indarra marruskadura indarra baino handiagoa bada, gai askeak maldan behera higituko dira. Horrela sortzen dira, adibidez, hartxintxar guneak, alegia, isurialde baten oinean isurialde horretako bertako erlaitzetik askatutako harri pusken pilatzeak.

Halakoetan, hain zuzen, grabitateari gehitzen zaion beste edozein kanpo indarrek, elur edo harri jausiek esaterako, edo material askearen eta haitzaren arteko marruskadura gutxitzen duen edozein eragilek, lokatz isuriek adibidez, erraztu egingo dute material askeen higidura prozesua.

Bestalde, baldin eta material askeak eremu horizontalean badaude, grabitate eta marruskadura indarrek norabide berbera izango dute, beraz, pikorrak batetik bestera mugituko badira, kanpoko beste indar elkarzutbat behar da. Litosferako estalki jariakari mugikorren (eguratsa eta hidrosfera) ekintzetatik baino ezin da indar hori sortu.

Gai askeak kanpoko eragile geologiko baten edo eragile horren eta grabitatearen arteko ekintzaren ondorioz garraiatzen direnean, higadura prozesua izan dela esaten da, kontuan hartu gabe eragile horrek berak edo beste batek desegin dituen gai horiek.Hori dela eta, higadura eragiletzat hartzen da material askeak garraiatzeko adinako energia sor dezakeen eragile oro.

 

Haizea eragile geologiko gisa

Higadura prozesuan materialak puskatzeko behar den indarra, material horiek herrestan eramateko edo higitzeko behar den indarra baino askoz ere handiagoa da.

Eragile batek egiten duen indarra lastertasunaren araberakoa denez gero, indarrak muga balioa izango du eta balio horren azpitik egiten den indarra ez da nahikoa izango gaiak dauden lekutik ateratzeko, baina, hala ere, eragileak gaiak higiarazten jarrai dezake. Muga balio hori kasu batzuetatik besteetara aldatu egiten da. Haizeak, adibidez, ez du inoiz balio hori iristen, hots, balio horren azpitik ibiltzen da beti, eta horregatik, haizeak, gehienetan, garraiatu egiten ditu materialak. Horrez gainera, lur azala landareez babesturik badago, haizeak nekezago eragingo du lur azalean, landarediak haizeari traba egiten baitio, eta ondorioz, moteldu egingo baita haizearen lastertasuna.

Haizea, beraz, landarerik gabeko eremuetan, ez besteetan, jarduten duen materialen garraiatzailea da.

Baina material guztiak ez dira tamaina berekoak, eta ezin dira erraztasun berdinaz garraiatu. Zenbat eta handiagoa izan gaia, orduan eta indartsuago izan beharko du gai hori garraiatzeko haizeak. Hori dela eta, haizearen garraioa hautazkoa dela esan daiteke, tamaina jakin batetik beherako gaiak garraiatzen baititu bakarrik; gehieneko neurri hori airearen lastertasunaren araberakoa da.

 

Jardun mekanismoak

Lehenik, kontuan hartu behar da material zatiki baten mugimendua zatikiak berak hartzen duen energiaren araberakoa dela. Marruskadura gainditzeko adinakoa den energia kopuru txiki batek zatikia gainazalean zehar mugiaraziko du, zatikiaren grabitate zentroaren garaiera aldatu gabe; oztopo bat aurkitu bezain laster, oztopoa txikia izanda ere, gelditu egingo da zatikiaren lerratze mugimendua. Energia zertxobait handiagoa bada, ordea, zatikia, lerratzeaz gainera, herrestaka edo biraka higituko da. Higidura berezi hori zatikiaren grabitate zentroa gora eta behera higitzen denean gertatzen da; zatikiak dena dela, ez du gainazalarekiko kontaktua galtzen, eta horrez gainera, oztopo txikiak saihets ditzake eta malda txikietan gora igo ere bai.

Energia handiagoa denean zatikia lurretik bereizten da, eta aldi batez grabitate puntua ere gaindi dezake; ondoren, haizeak herrestan eramaten du eta, poliki-poliki, lurra jotzen du berriro. Lurra jotzen duenean botea egiten du, eta prozesu hori, jauzi prozesua esaten zaiona, hasten da berriro.

Energia kopurua oso handia denean, zatikia goi geruzetara joaten da arrastan haizearen gogara; hala gertatzen da, esate baterako, haize ekaitzetan.

Hortaz, haizearen energiaren eta zatikiaren tamainaren arabera higitzen da zatikia.

Indar batek material zatiki txiki bat herrestan edo jauzika higiarazten duen bitartean, indar horrek berak zatiki handiago bat herrestan higitu edo lerratu ahal izango du soilik. Era berean, higidura mota jakin baten mende dauden zatiki multzo bateko zatiki txikienak gainerakoak baino urrutirago arrastatuko ditu. Bi mekanismo horiek egiaztatzen dute garraioa hautazko prozesua dela.

 

Haizearen ondorioak

Landarerik gabeko eskualdeetan, haizearen eragina bikoitza izaten da. Alde batetik, zenbait alderdik beren osagai finak galduko dituzte (deflazio izeneko prozesua), eta beste alderdi batzuetan, osagai horiek metatu egingo dira. Lehenengo kasuan, herrestan eramaten den materiala antzeko tamainakoa bada, deflazio sakonguneak osatuko dira: gainalde ahurreko eremuak.

Euri garaian, ura sakongunearen erdialdean pilatzen da, eta horrela sortzen dira putzuak. Aitzitik, zatikiak bai osaeraz bai tamainaz heterogeneoak badira, zatiki finenak desagertu eta neurri askotako haitzak geldituko; hala, basamortu harritsu edo reg bat osatuko da.

Bigarren kasuan, zatikiak leku jakin batean pilatu arte eramaten dira herrestan, eta hala lodiera handiko geruzak osatzen dira. Zatikien eta ingurunearen arabera, bi egitura mota sor daitezke: materialak hareatsuak badira, erg izeneko hondar eremua sortzen da, gainaldean dunak dituena; aldiz, zatikiak buztintsuak badira, loessak sortzen dira.

Baina haizeak herrestan daramatzan zatikiek elkar jotzen dute batzuetan, eta, besteetan, oztopoekin topo egiten dute; talka egiten dutenean, era batera egin edo bestera egin, duten energiaren parte bat igortzen dute. Horrek bi ondorio izan ditzake.

Alde batetik, zatikiek elkar jotzen dutenean biribildu egiten dira eta gainazala higatzen zaie; hala gertatzen da, esate baterako, basamortuetako harearekin. Beste alde batetik, higitzen diren zatiki horiek bidean aurkitzen dituzten oztopoak ere higatzen dituzte. Prozesu horri korrosio esaten zaio. Korrosioak berez oztopoaren behealdean eragiten du, jauzi gunean. Beraz, haitzek dorre edo onddo itxura hartzen dute, eta alderdi garaienetan barrunbe berezi batzuk osatzen dituzte.

 

Basamortuak

Haizeak landarerik gabeko ingurune lehorretan eragiten duenean, basamortu lehorrak osatzen dira. Bai reg eta bai erg eremuetan ur gutxi izaten denez gero, ez da meteorizazio kimikorik gertatzen, eta horren ondorioz, antzuak izaten dira bi eremuak.

Hala ere, ez dute egitura bera. Regean gainazala estaltzen duten material harritsuez gainera, onddo itxurako gainak izaten dira, deflazioa pairatu duten material gogorrez osatuak. Erg-ean, bestalde, hondar gainaldea horizontala da, sedimentatze prozesuetan gertatu ohi den bezala; gainalde hori, bestalde, haizeak aldatzen du eta dunak sortzen ditu, hondarra metatzen den beste ingurune batzuetan gertatzen den bezala, hondartzetan adibidez.Duna horiek hondarrak oztoporen bat topatzen duenean osatzen dira. Hori gertatzen denean, hondar aleak bertan itsatsita geratzen dira, eta bata bestaren gainean metatzen; azkenik, muino bat osatzen dute.

Prozesu hori ez da amaitzen harik eta muinoak oztopoaren garaiera gainditzen duen arte. Une horretan zatikiak gailurrera iristen dira, baina haizeak sortzen duen zurrunbiloaren ondorioz, muinoaren atzeko aldetik erori eta bertan metatzen dira oreka maldaren arabera. Atzeko malda aurrealdekoa baino nabarmenagoa izaten da, ez baitago haizearen eraginaren mende. Haizearen eraginez hondar aleak aurreko isurialdetik atera, malda igo eta atzeko isurialdera erortzen dira; era horretan, dunak aurrerantz egingo du haizea gelditzen den arte, edo alearen garraioa galaraziko duen oztoporen bat (landareak esaterako) bidean aurkitzen duen arte. Bazterretako aleak errazago higitzen direnez gero, duna aurrerantz doan heinean, ilargierdi itxura hartzen du.

Duna horiek ez dira, oro har, bakarturik egoten, multzoka baizik. Bi dunen arteko tartea haizearen indarraren araberakoa da; indarraren muga balio batetik gora ez da dunarik eratzen.

ERG-a: elkarrengandik desberdinak diren duna multzoez osatutako hondar metatze handia. Erga handia denean, dunek beren morfologia galtzen dute, batzuk besteekin elkartzen baitira, eta hala, era askotako topografiak sortzen dira; horien artean aipatzekoak dira oinarri makurreko duna lerroak (draa), uhin formako lerroak eta sare itxurako lerro hareatsuak.

REG-a: eremu idorretako gainalde harritsua, deflazio eolikoaren ondorioz sortua: haizeak zatiki finak eraman eta osagai lodienak bakarrik uzten ditu.

 

Loessa

Basamortutik kanpora ere garrantzizko zeregina du haizeak. Hormaguneen ekintzak ere higadura handia eragiten du, nahiz eta higadura horretatik sortutako materialak izotzetan babesturik edo bildurik gelditzen diren. Hala ere, lurburuetako izotz eremuak gutxitzen hasten direnean, kanpoko geruzetako zatikiak babesik eta landaredirik gabe gelditzen dira. Lurburuetako haize gogorrek atal horietan eragiten dute, eta elementu txikien deflazioa gertatzen da, kasu horretan buztinen eta limoena.

Ingurune periglaziarrak basamortu bihurtzen dira osagai finak galtzen dituztenean; osagai horiek, aldi berean, haizeak herrestan eramaten ditu eta beste gune batzuetan metatzen dira, baina geruzarik osatu gabe.

Ale fineko zatiki horiek nahiko zorrotzak izaten dira, ez baitute meteorizazio prozesurik jasan. Ondorioz ondo gordetzen dute ura, eta ez badute higadura sakonik izaten eta landare estalki bat geratzen bada gainazalean, oso lur emankorrak izaten dira, hala nola, Errusiako estepak, Ameriketako larreak edo Europa Erdialdeko goi ordokiak.

Hala ere, material hori ez da oso trinkoa, beraz, erraz higa daiteke. Sedimentazioak gero eta presio handiagoa eragiten du azpiko masan, eta, horren ondorioz, materiala trinkotu egiten du, eta gainazala arraildu egiten da. Efektu horrek, bestalde, haizearen, ur libreen edota gizakiaren higadura errazten du.

Material fin eta trinkoak direnez gero, higadurak erliebe malkartsua sortzen du, eta erliebe mota horretako hormetan ez da luizirik izaten.