Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Morfologiaren bilakaeraz jalkin arroetan eta erliebe tolestuan eratzen diren egiturak

Erliebe jurasikoa.<br><br>

Egitura hauen morfologia oso aberatsa da eskala guztietako formetan, eta hori da lur azalean eratzen diren paisajeen oinarria, bai haren forma funtsezkoen eraginez eta bai horiei lotuta dauden forma gutxi-asko konplexuen eraginez.

Nolanahi ere, eskualde jakin bateko morfotektonika, oro har, haren litologiarekin eta egitura-antolamenduarekin bat egoten bada ere, paisajearen beste ezaugarri asko eta asko klimak baldintzatuak izaten dira, eta haren bidez orobat baldintzatzen dute morfologiaren bilakaera.

Ondoren hiru egitura mota aztertuko dira, jalkin arroen eta haitz tolestuen bilakaeraren adierazgarri direnez gero: lauza egiturak, «jurasiko» erako toles egiturak, eta «Appalatxe» mendietako gisako toles egiturak.

 

Lauza egiturak

Lurralde batean lauza egiturak izateko arrazoi nagusia bertako geruzak lauak eta oso inklinazio gutxikoak izatea izan ohi da; jalkin arroetan izaten dira batez ere gisa honetako egiturak. Jalkin arro handietan jalkin geruza txandakatuz eratua izan ohi da zoruaren egitura; geruza horietako batzuk gogorrak izaten dira, besteak bigunak, eta jarraituak izaten dira distantzia handitara ere. Geruza horiek egoten dira batzuetan horizontal, zentzu batean inklinatu xamar edo oso inklinatu ere (egitura monoklinala), edota zertxobait tolestuak ere bai bestetan. Zoruaren bilakaera nahasixeagoa izan ohi da haitzaren egiturak desegokitasunak baditu, edota egiturazko gainaldeen ondoan higadurazko gainaldeak badira.Egituren deformazioari begiratzen bazaio, inklinazio gabeko egiturak eta egitura monoklinal edo «aldapak» bereizten dira.

Inklinazio gabeko egituraren ezaugarri nagusia deformazio handirik ez izatea da, eta geruza antolamendua izatea egiturazko erliebearen eragile nagusia. Gisa honetako egitura ohargarriena plataforma edo mahaia da. Egitura horizontala duen eskualde bateko ibai sareak ez du zertan eragin jakin bati erantzunik, eta zentzu orotakoa izan ohi da gehienetan, alegia, ez du beti noranzko jakin berari jarraitzeko joerarik izaten. Ibai profilek, ibaia berria edo gaztea den aldian (higadura aldian), tontorrak uzten ditu geruza gogorrak ebaki behar dituenean, eta geldiuneak haitz bigunen azaleratzeak igaro behar dituenean; gorabehera horiek, ordea, berehalaxe berdintzen dira. Isurialdeen profilak berriz luzaroan edukitzen dituzte, elkarren segidan, erlaitzak,geruza gogorrei dagozkienak, eta aldapa arineko ezpondak, geruza bigunei dagozkienak; erlaitzen azpian zuloak edo harpeak eratzen dira, geruza gogor horiek lodiak badira batez ere; geruza horiek bigunak baldin badira, horietan eratzen diren koska edo irtenguneak berehalaxe desagertzen dira maldan behera erortzen den higakin pilan. Horregatik, bada, esan daiteke geruzaren loditasunaren eta gogortasunaren arabera edo geruza horiei eragiten zaien higaduraren intentsitatearen arabera gertatzen dela erlaitzak atzeratzeko lastertasuna.

Atxikitasun handiko haitzak eta haitz apurkorrak txandaka dituzten jalkin zerrendetan egiturazko plataformaren ertzak aldapa itxura izaten du. Egiturazko plataforma horretan zehar goreneko material gogorrenek eratutako erlaitz bat ageri da profilean, eta haren azpian beheko material apurkorrenetan ebakitako ezponda bat. Malda horretan haitz gogorragozko geruzak izaten dira batzuetan, maila desberdinetan, eta orduan egiturazko zelaiguneak eratzen dira maldan.

Zenbaitetan plataforma hauen bilakaerak eta aldaparen profilak asko zor izaten diete beste elementu tektoniko batzuei, hala nola hausturei, bihurguneei eta tolesei.

Higadurak, urak eragindako higadurak batez ere, egiturazko plataforma hauetakoren bat ebakitzen duenean, ibaiarteak estuagoak izaten dira, material baten aurreneko frontetik aski urrundurik ere egon daitezkeen geruza gerakinak eratzen dituzte; gerakin horiei lekukotasunezko muino edo lekuko muino esaten zaie; gaineko haitz geruza gogorragoa izaten dute beheragoko mailetakoa baino. Gaztelako goi ordokian edo Iberiako Erdialdeko Mendialdean dauden depresioetan era honetako egitura asko daude hirugarren aroko haitzetan ebakita: Alcarria, Valladolid, Leongo mendi lauak, Palencia, Valladolid eta bestetako testigantzazko muinoak, «otero» deituak, etab.

Egiturazko forma hauek bestelako ezaugarriak dituzte jalkin segida homogeneoetan eratzen direnean. Horixe gertatzen da, adibidez, kanbriko aurreko plataformak geruzaka estaltzen dituzten hareharrizko geruzetan. Ikaragarrizko egitura horietako haran, testigantzazko muino eta ertzek oso profil malkorrak izaten dituzte zehar begiratuz: jalkin haitzezko ertz inklinaziorik gabeko (deformazio handirik ez duten egituren ertzetako) eta antzinako galdazko materialezko edo material metamorfikozko malkor horiei glint izena eman ohi zaie.

Malda aski apala duten jalkin serie berezituei aldapa izenez ezagutzen diren forma disimetrikoak dagozkie. Gisa honetako egiturazko erliebeetan aldapa apalena duten maldak geruza gogorren gainaldeari dagozkio normalean, aldaparen bizkarrari hain zuzen, eta aldaparik malkorrenak erlaitzari eta mailari dagozkionak izaten dira, haietan profil ahurreko ezponda bat eratzen baita; puntu horretan oso eragin handia izan ohi du higadurak. Horrela bada, aldapak hiru alde izaten ditu: aurrealdeko fronte bat, geruza gogorra eten den lekuan; depresio ortoklinal bat, epai depresioa, malkorraren oinean jarraitzen duena; eta bizkar bat, lehen ikusian geruza gogor inklinatuaren bizkarrari dagokiona. Frontean bi alde bereizi ohi dira: goiko aldean geruza gogorrak erlaitz bat eratu ohi du askotan, eta gutxienez oso malda pikoa: beheko aldean azpiko geruza bigunak ezponda ahur bat eratuz azaleratzen dira; goiko geruza gogorretik erauzitako puskak ezponda horretatik behera irristatzen dira. Frontea erliebe jarraitu bat izaten da, ibaiek egiten dituzten ebakiek baizik mozten ez dutela; ibaiek geruzen inklinazioari jarraitzen diote eta frontea ebakitzen dute, inbutu baten gisa.

Ibai horiei ibai kataklinal deitzen zaie, lurraren maldari jarraitzen baitiote normalean, aldaparen kasuan geruzen maldari, alegia.

Aldapa zerrenda bat dagoenean, eta, oro har, zentzu berean inklinatuta dauden geruza gogor eta bigun txandakatuak daudenean, erliebe isoklinala dagoela esaten da.

Aldaparen sorrera material txandakatuzko geruza desberdinek higadura prozesuen aurrean dituzten erantzun desberdinek eragina izaten da. Geruza gogorrenak eta atxikienak irtenguneetan geratzen dira.

Aldapen ezaugarriak baldintzatzen dituzten oinarrizko hiru eragileak hauek dira: material geruzen jokaera desberdinak edo litologia, geruzen inklinazioa edo tektonika, eta klimatologia, hidrologia eta higadura prozesuak.

Gisa honetako egituretan eratzen den sare hidrografikoaren geometriazko egitura ortogonala izan ohi da, lur mota honetan eratzen diren ur lasterrak angelu zuzenean giltzatzen baitira elkarri buruz. Ibai horien ibilguek definitzen dituzte erliebe horien epaiak. Ibai sarea osatzen duten ibaien antolamenduari begiratuz, ibaien hainbat epai sistema mota daude. Badira, adibidez, ubide kataklinalak, geruzen malda zentzu bera dutenak; horietako batzuek aldapa bizkarrean egon ohi dira, handienek, berriz, ataka kataklinaletatik igarotzen dute alderik alde aldapa. Ur lasterra geruzen inklinazioaren kontrako zentzuan duten ubideei ubide anaklinal deitzen zaie; ubide horiek aldaparen frontearen aurrean izaten diren material bigunetan eratzen diren depresioetarantz isurtzen dute ura. Aldaparen frontearen noranzko berean hedatzen diren sakan hauetako ura biltzen duten ibai hauei ibai ortoklinalak deitzen zaie.

 

Aldapak bereizten dituzten eragileak

Aldapa frontea higaduraren ondorioz eratua dela jakinik, kontuan hartu behar da orobat fronte hori atzeratuz joaten dela denbora guztian, eta ibaien sorburutik dagoen distantziaren araberakoa, ibaiek eratutako ibarren inbutuetatik dauden distantziaren araberakoa, eta frontea dagoen lekuan eragina duten gainerako eragile guztien araberakoa izaten dela atzeramendu hori. Frontearen atzeramendua zenbaterainokoa izan den, gainera, gerta daiteke aldaparen frontea koskaz janik egotea, zaharra bada, edo gerta daiteke fronte zuzena, edo lerro zuzenetan banatua, edo geometrikoa edozeinetara ere, izatea, tektonikak eragindako faila berri batena baldin bada. Aldaparen bereizketa eragiten duten sei faktore daude:1. Aldapa erliebea eragiten duten geruza gogorraren eta geruza bigunaren arteko gogortasun erlazioa. Bi geruzen arteko erresistentzia aldea handia bada, aldapa hori oso nabari ageri da erliebean, eta erlaitz zehatza izaten du. Alderantziz, geruza gogorrek eta bigunek alde handirik ez badute gogortasunean, erlaitzik batere ez da izaten, eta aldaparen profila ganbila izaten da goiko aldean eta ahurra behekoan, paisajean ia igarri ere egiten ez dela.2. Bi geruzen loditasun erlazioa. Geruza gogor mehe bat baldin badago geruza bigun lodi baten gainean, aise puskatzen da, eta estalki gogorra oso bizkor atzeratzen da eta erlaitz lerroa bihurritua izaten da, sigi-sagan. Alderantziz gertatzen bada, berriz, alegia geruza bigun mehe baten gainean geruza gogor lodi bat baldin badago, higadurak nekez jaten du aldapa, eta nekez atzeratzen da, beraz; horregatik erlaitzaren lerroa zuzen xamarra izaten da, eta aldaparen itxura oso trinko eta sendoa.3. Inklinazioa handikoa ala gutxikoa izatea.

Pendiza txikitu ahala, bizkorrago atzeratzen da frontea, eta are bihurriagoa izaten da erlaitz lerroa. Hain zuzen ere, higadurak frontea jan ahala indar handiagoa behar da geruza gogorretik haitz puska bat pendizaren kontra erauzteko, bloke horren grabitate zentroa are atzeratuagoa egongo baita aldapa bizkarraren aldera. Alderantziz, geruzen inklinazioa apala denean, testigantzazko muinoak ez dira aldapa frontea baino askoz ere altuagoak izaten, eta, horrenbestez, aise irauten dute, eta era horretara handiak izaten dira erlaitz lerroaren sigi-sagako sargune-irtenguneak. Geruzen inklinazioa handia denean, berriz, fronteak atzera egin ahala geratuko liratekeen testigantzazko muinoak hain altuak izango lirateke aldapa frontearen erlaitzaren batez besteko goratasunaren aldean, non aise jango bailituzke higadurak eta muino horiek desagertzeko joera izango bailukete: halakoetan aldapa frontearen erlaitz lerroa aski zuzena izaten da, eta ez da testigantzazko muinorik izaten. Aldapa berean ez da, ordea, beti berdina izaten geruzen inklinazioa. Albotarako desberdintasunek sinklinalak eta antiklinalak eratzen dituzte; gune sinklinalek irauten dute gehien, eta irtenguneak eratzen dituzte aldapa frontean; gune antiklinalei aiseago eta azkarrago erasotzen die higadurak, gorago egoten baitira besteak baino.4. Higadura sistema morfoklimatikoa.

Aldapa fronteen atzerakada oso geldiro gertatzen da klima epeletan; oso klima hotzetan eta tropiko artekoetan, aldiz, oso azkar atzeratzen dira aldapa fronteak. Hain zuzen ere, klima hotzetan, jalkin haitzei, gelibazioak (ura izoztu eta berriro urtzeak) zartaturik, aise erasotzen die higadurak; tropiko arteko kliman, aldapa fronte guztietan nagusi den higadura kimikoak aldi beretsuan eta fronte erlaitzaren paraleloan atzerarazten ditu; aipatu diren klima baldintza bi horietan frontearen atzeratzea ebaki kataklinaletatik hurbil ala ebaki kataklinal horien arteko eremuetan lastertasun berdintsuan gertatzen da; horregatik aldapa frontean diren sarguneek ez dute handiagotzeko joerarik izaten. Klima epel hezeetan, berriz, ebaki kataklinaletan gertatzen da batez ere aldaparen higadura; ebaki horien bitartean aldapa ez da hain lodia izaten.5. Sare hidrografikoari dagokionez aldapak duen kokalekua. Klima epeletan du batez ere garrantzia eragile honek, gorago ikusi den bezala.6. Aldaparen bilakaera aldia. Aldapa gaztea edo berria oso gutxi landu du oraindik ere higadurak; aldapa zahar edo heldua, berriz, oso agerian egoten da.

Bilakaera aurreratu ahala, berriz, ubideak ia gehiago hondoratzen ez direnean, aldapak ezabatuz joaten dira geldirogeldiro.

 

Jurasiko erako toles egiturak

Jalkin geruzezko multzoetan eratzen diren egiturazko formak era askotakoak izaten dira, haiei dagozkien baldintza geologikoak ere era askotakoak diren bezala.

Orain arte aipatu diren gainkatzeez eta gainkatze geruzez gainera, badira beste mota batzuetako toles egitura batzuk ere, hala nola erliebe jurasikoak eta Appalatxe erako erliebeak.

Erliebe jurasikoak Europa erdi aldeko Jura aldeagatik deitzen dira horrela. Erliebe mota hauek lodiera berdin samarreko geruza gogorrak txandakatuz eratuak izaten dira, eta bi forma tektoniko tolesekin bat etortzea dute ezaugarri nagusia: mont eta val. Mont-en ezaugarria antiklinalean tolestutako haitz gogorrez eratua izaten da.Maldetan ibaiek egindako ebaki kataklinalak izan ohi dira askotan (ruz zintzurrak).

Val ibarra, aldiz, sakan sinklinala izaten da, eta kanporantz itzulirik ditu alboetako malkorretako erliebeak. Ibarrean zehar luzetara ibaia izan ohi da, mont mendialdea ebakitzen duten cluse izeneko zintzurrez lotzen direla toki bateko eta besteko ibarretako ibaiak elkarrekin.

Kare-haitzez eta tupa-buztinez eratutako jalkin formazioetan, tupa-buztinezko geruzak askoz lodiagoak izaten baitira kare-haitzezkoak baino, geruza batean eta bestean gertatzen diren higadura maila desberdinek forma itzulikatuak eratzen dituzte askotan, eta bertako topografia ez da adosten hari dagokion forma tektonikoarekin. Combe deitua antiklinalaren gune hustuari dagokion sakongunea da, eta aldapa fronteei dagozkien malkorrak ditu alboetan.

Beste erliebe itzulikatu mota berezi bat sinklinal eskegia da; erliebe honen goreneko puntuan haitz gogorrezko gontz sinklinal bat (geruzen zentzuaren aldaketa lerroa) izaten da.

 

Appalatxe mendietako gisako toles egiturak

Gisa honetako egiturak bilakaera luzeko erliebe zaharretan aurkitzen dira batez ere. Erliebe horietan aldi hauek bereizten dira: toles aldia, higadurazko gainaldea, eta higadura diferentziala; horren guztiaren ondorioz, erliebe horietako gailurrak erresistentzia handiagoko gailur lerrokatuak (kuartzitazkoak, kare-haitz metamorfizatuzkoak, hare-harrizkoak), eta arbeletan, tuparrian edo argilitetan ebakitako ildo edo sakanak izaten dituzte.

Gisa honetako egiturak direnean, haitz gogorrezko eta haitz hauskorrezko gainaldea gune lerrokatuak izan ohi dira erliebean.

Haitz gogorrez gailurrak eratzen dira, eta haitz hauskorrez, ildoak, gertaera tektoniko nagusien arabera lerrokaturik guztiak.

Appalatxe erako erliebea bilakaera luze baten ondorioa izaten da. Hasieran tolesturik zegoen eskualde bat, erdi ordoki bilakatu zen, eta hurrengo goraldi baten ondorioz higadura hasi zen berriro, higadura selektiboa ordea, haitz bigunak jaten baititu, eta horrexegatik sakontzen, haitz gogorrak, aldiz, agerian eta goraturik utzirik.

Appalatxe erako erlieberik ezagunena, hartatik hartua baitu izena ere, Estatu Batuetako Ekialdeko Appalatxe mendietakoa da.tzia handiagoko gailur lerrokatuak (kuartzitazkoak, karaitz metamorfizatuzkoak, hareharrizkoak), eta arbeletan, tuparrian edo argilitetan ebakitako ildo edo sakanak izaten dituztela.