Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurrak

Lurren sailkapena egiteko buztin, harea eta lohi portzentajea erlatiboa hartzen dira kontuan besteak beste.<br><br>Triangeluan %0-tik (triangeluaren oina) %100-era (triangeluaren goiko erpina) bitarteko buztin portzentajea %0-tik (triangeluaren oinaren eskuin aldean) %100-era (triangeluaren oinaren ezker aldean) bitarteko lohi portzentajea eta %0-tik (triangeluaren eskuineko aldearen goiko erpinean) %100-erako (eskuineko aldearen beheko erpinean) harea portzentajeak ageri dira.<br><br>Horrela, %50 buztina eta %50 harea duen lurzoru bat (hau da, lohirik ez duena) triangeluaren ezkerreko aldean egongo litzateke kokatuta (%0 lohia), triangeluaren erpinaren eta oinaren erdi bidean (%50 buztina) ere bai eta baita ezker eta eskuin erpinen erdi bidean (%50 harea) ere.<br><br>Era honetako lurra, ikus daitekeen bezala, «buztin hareatsuen» mailan sartuko litzateke. Maila hori irudikatzen duen triangelu txikiagoak %45 eta %65 arteko harea portzentajea, %36 eta %55 arteko buztin portzentajea eta %0 eta %22 arteko lohi portzentajea duten lurrak biltzen ditu.<br><br>

Haitz baten meteorizazio prozesuaren azken emaitza lurra eratzea da.

Lurra material askeak dituen eta landareek beren sustraiak errotzen eta garatzen dituzten lur azalaren goreneko geruza da.

Lurrak aztertzen dituen zientzia Edafologia da.

Lurra osatzen duten materialak bi motakoak dira: haitzen meteorizazioz sorturiko mineralak eta bertan bizi diren izakien heriotzaren edo metabolismoaren ondorioz pilatzen den materia organikoa.

Sustantzia horiek biak eraldatu gabeko haitzaren gainean banatzen dira, horizonte deitu ohi diren geruza batzuetan.

Geruza horien kopuruan, bakoitzaren loditasunean eta osaeran oinarrituta bereizten dira lur motak.

Ondoren lur horiek klimaren arabera ere sailkatzen dira, klima baita, hain zuzen ere, lurraren egituren eraldatzaile nagusia.

Zehatzago esateko, prezipitazioa eta tenperatura dira lurren eraketan eragin handiena duten klima elementuak.

Gainerako baldintzak aldakortasun muga onargarri baten barruan mantentzen badira, baina euri gutxiago egiten badu, lurreko eduki organikoa ere gutxitu egiten da.

Eduki organiko horrek landare estalkiarekin zerikusi estua duenez, landare estalkia ere pobretu egingo da.

Bestalde, sustantzia disolbagarriak uretan disolbatzean, ioitu egiten dira, eta elementuen trukea gertatzen eta konplexu kimikoak agertzen dira.

Erreakzio horiek beharrezkoak dira lurren garapenerako eta landareen hazkuntzarako.

Hala ere, gehiegizko prezipitazioak koloideak eta baseak lixibiatuz haiek ezabatzeko joera du, eta lurra pobretu egiten du.

Tenperaturak, bere aldetik, bakterioen garapena eta jarduera baldintzatzen ditu. Tenperatura handia baldin bada, bakterioak ere azkarrago hazten dira eta jarduera biziagoa dute. Horrenbestez, materia organikoa bizkor desegiten da, lurrera gehitzen den humusaren kalterako. Hain zuzen ere, tenperaturak gora egin ahala, lurraren nitrogeno edukia gutxitu egiten da.

Adibide gisa, Euskal Herrian, Nafarroa Hezean, Pirinioetako haranen goi ibarretan eta, oro har, eragin ozeanikoko lurraldearen alde guztietan bakterioen ekintza ahulagoa da eta, beraz, deskonposatzen ari den landare geruza lodi batek estaltzen ditu basoetako lurrak.

Lurra ez da eragile atmosferikoek eta izaki biziek haitzak eraldatzean osatutako lur azaleko kanpoko geruza bakarrik; hori baino zerbait gehiago da lurra.

Lurrean dauden hiru materia motak (gai gotorrak, ura eta airea) elkar ukitzen dauden lekua da, lehenik eta behin.

Hiru osagai horiek elkarren artean eta ingurunearekin orekan daude.

Horrela, hirurek batera, sistema dinamiko bat osatzen dute.

Sistema hori aldatu egiten da unean uneko baldintza klimatologikoetara eta bertatik bizi diren izakien bizien eskaeretara ere egokitzeko.Alabaina, lurra ez da minerala soilik.

Lurreko organismoak hiltzean edo beren hondakinak botatzean, haiek ere lurraren gainaldean geratzen dira, lurrean. Lurrean lurreko osagai inorganikoekin nahasten dira. Ondoren bakterioen ekintzak berriro mineral egiten ditu, eta horrela ekoizleek erabil ditzaten prest geratzen dira; horrela materiaren zikloa ixten da.

Berriro mineral bilakatzea ez da batbatean gertatzen, ordea, eta horregatik, lur gainera doan materia organiko horren parte handi bat pilatu egiten da lurrean, eta haren osagai bihurtzen. Dena den, lurrari gai organikoak gehitze hori ez da materia bizigabe eta pasiboa gehitze soil bat. Mineralizazio bidean dauden sustantzia organiko horiek erreakzioak egiteko gaitasuna dute, eta beste sustantzia batzuekin (organiko zein inorganikoekin) konbina daitezke eta molekula berriak sortu. Molekula berri horiek konplexuak izan ohi dira eta tasun eta ezaugarri berriak ematen dizkiote lurrari.

 

Lurraren osagaiak

Lur guztietan topa daitezke zenbait osagai, lur batean ala bestean proportzio desberdinetan ageri direnak. Hortik abiatuz, antzeko osagaiak antzeko proportzioetan dituzten lurrak taldekatu ahal izango dira, tipifikatzeko. Osagai horien artean materia organikoak eta inorganikoak bereiz daitezke lehendabizi. Materia inorganikoaren barruan azpisailkapen bat egin daiteke: materia minerala bera ?tamaina desberdineko pikor gotorrez osatua eta lurraren guztizko bolumenaren ehuneko berrogeita hamar osatzen duena? eta airea edo ura, kasuan kasu ?pikorren arteko hutsuneak betetzen dituena, lurraren bolumenaren ehuneko berrogeita bost osatuz?. Lurraren bolumenaren gainerako ehuneko bost lurreko materia organikoak, humusak, osatzen du. Elementu bakoitzaren barruan beste azpisailkapen batzuk egin daitezke. Urari dagokionez, esate baterako, libre isurtzen den ura (grabitazionala) eta pikor solidoei atxikia (kapilarra) edo itsatsia (higroskopikoa) eta kimikoki beste molekula batzuekin konbinatutakoa (konbinatutako ura) bereizten dira.

Materia mineralaren barruan material disoziatuak (erreakzio gaitasuna dutenak) eta disolbagaitzak (egitura supramolekularrak mantentzen dituztenak) bereizi behar dira. Azken horiek, era berean, tamainaren arabera sailka daitezke: legarrak, hareak, buztinak eta limoak.

Baina sailkapen horiek ez dira lur guztian betetzen, lurreko edozein osagaik eraldaketak izan baititzake eta beste era bateko gai bilaka baitaiteke. Horrenbestez, ur kapilarra beste mota batekora pasa daiteke edo legarra suntsitu eta harea bihur daiteke, proportzioak aldaraziz. Gaur egun, ezaguna da, lurra egitura aldakorrak da, azken finean batez ere klima baldintzen mende dagoen azken egoera baterako bidean. Sailkapena lurraren eratze prozesuaren eta hartarako mekanismoen arabera egiten da, beraz. Horregatik, bada, antzeko egitura eta osaera duten lurrak ez ezik, prozesu berean sortzen diren eta garapen bateko fase desberdinak adierazten dituzten lurrak ere kontuan hartzen dira sailkapen horretan.

 

Lurraren eraketa

Lurra litosferaren barrutik kanporatutako haitz baten gainaldetik sortzen da. Gainalde honek era bateko edo besteko meteorizazioen eragina izango du. Meteorizazio horren ondorioz gutxi-asko birrindutako materialez osatutako azaleko geruza bat eratzen da. Geruza horren lodiera, osaera eta ehundura, jatorrizko materialaren eta geroztik izan duen meteorizazio edo higadura motaren araberakoak dira.Meteorizazio kimikoak haitzari eta haitz honetatik askatutako zatiei erasotzen die, ioiak askatuz. Ioi horiek geruzako uretan pilatuko dira. Geruzako ura ez balitz ezinezkoa izango litzateke meteorizazio kimikoa gertatzea. Lurraren harrotasunak ?lurrean diren hutsuneek? eta urak, grabitatearen eraginez, beheranzko joera duenez, ura lekurik sakonenetan pilatzea eragiten dute. Horrexegatik berorrengatik, hain zuzen, meteorizazioak azpiko haitzari erasotzen jarraituko dio, eta hura desegiten jarraituko da aurrerantzean ere.

Beraz, askatutako materialen geruza lodituz joango da, eta horrela errotu ahal izango dira lur horretan lehenengo landareak.

Landare horiek hiltzean materia organikozko edo humusezko hondarrak utziko dituzte; horiek lurra ongarritzen lagunduko dute, eta gero eta landare gehiago hazi ahal izango dira lur horretan. Egoera hori aurrera doan ahala gero eta lur sakonagoa eratuko da eta berehala mineralizatuko ez denez, gero eta materia organiko gehiago edukiko du.

Hala ere, desintegratutako geruza hori loditzean, urak ezingo ditu hutsune guztiak bete, eta alderik sakonenetan pilatuko da, geruza osoan zehar igaro ondoren.

Horren ondorioz, gatz mineral disolbagarriak geruzaren beheko aldera eramango ditu urak, eta gaineko aldea pobretu egingo da. Prozesu horri lixibiazioa deitzen zaio.

Sustantzia organiko (humus) asko denean, lixibiazioa ahuldu eta atzeratu egiten da, humusak dituen azido erradikalek gatz mineralekin erreakzionatzen dutelako, hain zuzen. Era horretara gatz mineralak pilatu egiten dira, eta urak ez ditu behealdeko geruzetaraino eramaten. Gero, ioi horiek askatu egiten dira beharrezkoak diren neurrian, eta honela landareek hobeto baliatu ahal izaten dituzte.

 

Lur zonalak eta azonalak

Goian azaldutako prozesu hori zehazki betez sortzen diren lurrei lur zonal esaten zaie eta ondo definitutako ezaugarriak izaten dituzte. Baina, badaude bestelako lurrak ere; horrelakoei lur azonal esaten zaie. Horiek ez dute lur zonalen egitura bera eta ez dira prozesu berdinen bidez eratzen. Bi lur mota horien artean desberdintasun asko eta era askotakoak daude.

Desberdintasun handienetako bat erliebe topografikoa da. Erliebe malkortsua duten eremuetan lur azonalak izan ohi dira, urak eta harekin batera hartan disolbatutako materialek beheranzko joera baitute grabitatearen eraginez. Horrelakoetan bi motako lur azonalak izan daitezke. Batetik, oso aldapa handiko eremuetan ura lur azalaren gainetik isuriko da, geruzan barrena sartu gabe. Horrelakoetan, grabitatearen eta uraren eraginez gainaldeko geruzak eta, batez ere, humusa urak eramaten duenez, lurraren bilakaerak ezin izango du normala izan, eta horrenbestez lur mehea eratuko da, litosol deitua. Lur mota honetan, izenak berak dioen bezala, osagai minerala izango da nagusi. Bestetik, maldarik ez dagoen tokietan urak eramandako material guztiak erliebearen behereneko aldeetara joango dira, eta han metatuko. Metatze hori ordenarik gabe gertatuko da, eta erregosol esaten zaienak eratuko ditu. Era horretako lurra lodia izan ohi da, eta materia organiko asko du. Hala ere, mota honetako lurretan ez dira geruzak bereizten. Beraz, kasu bietan, lurraren egitura eta osaera aldatu egin dira materialen galera edo gehiegizko ekarpenagatik.

Horrexegatik, mota honetako lurren azterketa zailagoa da.

 

Lurraren egitura

Aldarazitako geruzaren ohiko hazkuntza prozesuak eta material disolbagarrien beheko alderanzko garraioak hainbat geruza horizontaletan banatzen du lurra. Geruza horiei horizonte deritze, eta geruza horien guztien multzoari, profila. Zehatzago esanda, horizonte izenak geruza edo formazio desberdin bakoitza adierazten du.

Horizonteak elkarri buruz eta azalari buruz paraleloak dira eta lur sakonagoan zehar ere jarraitzen dute. Horizonte horiek koloreak, egiturak, ehundurak eta ezaugarri kimikoek eta biologikoek bereizten dituzte.

Normalean, burututa dauden lurretan hiru horizonte agertzen dira, baina batzuetan lau edo bost ere ager daitezke, lurraren garapen graduaren eta egindako analisi motaren arabera. Hiru horizonte horiek goitik behera, A, B eta C hizkiez izendatu ohi dira.

Horizonte horietako bakoitzaren barruan azpi horizonteak aurki daitezke. Azpi horizonte horiek banatzeko, zenbakizko azpi indizea gehitzen zaio horizontearen izen hizkiari; zenbat eta sakonagoa izan horizontea, orduan eta zenbaki handiagoa, alegia, A1, A2, A3,? C1, C2, C3,? etab. Lur tipikoetan lau horizonte bereizten dira. Lau horizonte horietatik, ordea, gaineko biak baino ez dira hartzen lurrarenak berarenak diren horizonte gisa. Gainaldetik hurbilenekoari garbiketa edo elubiazio eremu deitzen zaio eta lixibiazioa (urak daraman gatz garraioa) jasan duen geruzak osatzen du.

Beraz, materia organikoa izan ezean, gatz gutxi izaten da eremu horretan.

Lehenengo geruza honen azpian, ilubiazio edo sedimentazio gunea dago. Bertan lehen aipatutako goreneko geruzatik ekarritako gatzak metatzen dira. Geruza hori lurraren maila freatikoarekin bat etorri ohi da, hots, sakoneko ur askeak kapilaritatez gora eginez iritsi dezakeen mailarekin.

Bigarren geruza horren azpian, eta lurrekoak izan gabe, beste bi horizonte daude.

Lehenengoa, zorupe deitua, meteorizatuta dagoen edo meteorizatzen ari den jatorrizko haitzak osatzen du. Bigarrena, zorupearen azpikoa, eraldatu gabeko haitzak osatzen du.

Horizonte horien gainean, baldintza egokietan, lurrustel izeneko bostgarren geruza bat aurki daiteke. Geruza hori lurrean pilatu eta desegiten ari diren hondar organikoez dago osatuta. Horizonte horiek ez dira zehazki banatuta egoten. Elkar ukitzen duten eremuetan gertatzen diren hartu-eman edo elkarrekiko eraginen ondorioz bitarteko tasunak dituzten azpi geruzak sorrarazten dituzte. Azpi geruza horiek benetan trantsizio gune gisa jokatzen dute eta lurra zenbat eta aberatsagoa izan, hainbat eta gehiago agertzen dira.

 

Lurraren ezaugarrietan eragina duten faktoreak

Lurrak, lehenago azaldu den bezala, zenbait faktoreren elkarren arteko eraginez eratzen dira. Faktore horiek, lurraren eratzaile deituak, aktiboak zein pasiboak izan daitezke. Faktorerik garrantzitsuenak jatorrizko materiala, topografia, eraginaren iraupena, klima eta izaki bizien jarduera dira.

Jatorrizko materialak baldintzatuko du, oso-osorik ez bada ere, zer eratako gai elkartuak eta ioiak izango diren lurrean.

Jatorrizko materialaren egiturak erraztu edo zaildu egin dezake deskonposatzea, eta zer forma sortuko diren ere baldintzatuko du.

Topografiak eragina du lurraren sakoneran eta lodieran. Malda materialak garraiatzeko bezain nabarmena ez bada ere, ura lur gainetik isuriko da, eta ez bada lurrean sartzen, urak ez du orduan eragin handirik izaten bazter horietan.

Eraginaren iraupena zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta egitura osoagoa eta helduagoa izango du lurrak.

Klima da, beharbada, kanpo faktore aktiboetan garrantzitsuena eta eragin handiena duena. Klimaren osagaien artean hezetasuna da, batez ere, azpimarratzekoa.Bestalde, tenperaturak eta haizeak baldintzatzen dute hezetasuna, haien araberakoa baita lurruntzea.

Izaki bizien jarduera da bostgarren faktorea. Oso faktore konplexua da hori.

Makroorganismoek hainbat sustantzia hartzen dituzte lurretik beren funtzionamendurako, lurrak orduan era horretako sustantzia gutxiago ditu beraz, eta pobretu egiten da horrenbestez; baina, era berean, sustantzia berriak sortzen dituzte eta soberakinak inguruan botatzea. Mikroorganismoek, beren aldetik, gai elkartu organikoen mineralizazio edo transformazioan oinarritzen dute beren metabolismoa. Batera zein bestera izan, izaki bizien jarduerak lurrean zeuden gai substantzien osaera eta proportzioak aldarazten dituzte.

 

Lur motak

Gaur egun lurrak sailkatzeko erabiltzen den irizpidea Dokutxaiev errusiarrak proposatutako sailkapenean oinarritzen da, eta lurra eratu duten prozesuei ematen die garrantzirik handiena. Eragile nagusi gisa, klima faktorea hartzen dute. Honen arabera, oinarrizko hiru lur mota bereizten dira: klima hotzetakoa, klima epeletakoa eta ekuatoreko klima duten eremuetakoa.

Klima hotzari dagokion lur motan prezipitazio asko izaten denez biziki garbiak dira horizonteak. Horrenbestez, ioi txikienakgaldu egiten dira: handienek, berriz, burdinak eta aluminioak bereziki, azido humikoekin erreakzionatzen dute, eta azpiko horizontean pilatzen dira. Horren guztiaren ondorioz podzol lurrak sortzen dira. Lur horietan kolore griseko elubiazio azidoko eremu bat, batez ere silizez osatua, eta materia organiko asko duen ilubiazio leku ilun trinko bat izan ohi dira. Lur hori ez da oso egokia izaten laborantzarako. Horrelako lurretan koniferoen gisako landare azidofiloak hazten dira ondo.

Klima epeletan desberdina da egoera, txandaka izaten baitira sasoi hezeak eta lehorrak.

Horren ondorioz lur arreak sortzen dira; era horretako lurretan ondo bereizigabeko horizonteak izaten dira, eta osagaiak nahiko era uniformean banatzen dira beraz. Gainaldeko aldean burdina badago, kolore gorri eta iluna izaten du lurrak, burdinaren oxidazioagatik. Ioi txikiagoak, kaltzioa bereziki, garbitu egiten dira sasoi hezean, eta lurruntzearen eraginez gorantz igo sasoi lehorretan. Txandakako prozesu horiek ioi mota hau sakontasun jakin batean pilatzera behartzen dute, eta hala konkrezioak sor daitezke. Humus asko izaten da, lur mota honetan bizi diren hosto erorkorreko zuhaitzak direla eta; bestalde, humusa han-hemen barreiatuta egoten denez, lur mota hori oso emankor egiten du.Ekuatore aldeko lurraldeetan lur lateritikoak agertzen dira. Prezipitazio bortitzak eta tenperatura handiak direla eta, oso lur lodiak eratzen dira. Lur horietan bakterioen jarduerak oso bizkor mineralizatzen ditu hondar organikoak eta, horrenbestez, humusik ez da eratzen. Humus eskasia horrek burdina oxido moduan pilatzea eragiten du, lurrari kolore gorri-gorria emanez. Bestalde, pH-a nahiko oinarrizkoa izatea eragiten du, eta silizea disolbagarri bihurtzean, desagertu egiten da lurretik eta horizonte elubiala oso geruza fin batera murrizten du.

Horrek guztiak, ioi txikienak eramaten dituen garbiketarekin batera, emankortasun gutxiko lurrak sorrarazten ditu.Oinarrizko tipologia edafologiko edo sailkapen horri lur mota berezien kategoria bat gehitu behar zaio. Lur mota berezi horietako lehenengoa eskualde idorretakoa da.

Prezipitazio urritasunaren eraginez, lur meheak eratzen dira. Era berean, tenperatura handiak lurruntzea indartzen eta kapilaritatea azkartzen ditu, eta era horretara gatzak berdin banatzen dira alde guztietan. Horri guztiari landareak eta humusa urri izatea gehitzen bazaio, basamortu lurrak eratzen dira.

Lur horiek grisak edo gorriak izan ohi dira ?jatorrizko materialaren arabera?, pobreak eta horizonte bereizirik gabeak.

Beste kasu bat ura nekez husten den eskualdeetan sortzen diren lurrena da. Horrenbestez, lur interzonalak sortzen dira.

Honen adibide bat lurburu inguruetako eskualdeetan sortzen diren lurrak dira. Haietan ura izoztuta egoten da gehienetan baina gainaldeko geruza, molli lurra deitua, urtzen da udan eta meteorizazioa gertatzeko aukera ematen du horrek.

Lurraren gainerako zatia, permafrost deitua, izoztuta egoten da denbora guztian.

Alde hori izotzak barneraturiko eta apurtutako zatiek osatzen dute. Landare hondarrak oso geldiro desegiten dira, zohikatzezko humus geruza behe bat eratzen da.

Geruza hori alubioi gaiek estaltzen badute, ikatz bihur daiteke. Horrelakoetan ere ez da izaten profil nabarmeneko egiturarik. Lur honen gainean landare gutxi hazten da: liken, belar eta goroldio batzuk besterik ez.

Antzera gertatzen da leku zingiratsu eta hustubide urriko lurretan ere: ura bertan harrapatuta geratzen da geldirik eta lixibiazioa eta kapilaritatea galarazten ditu; horrenbestez, gley izeneko geruza bakar batean pilatzen dira, horizonterik gabe, horrelako lurretan eratzen diren produktuak, eta haren gainean pilatzen dira hondar organikoak, aurretxoan aipatutako kasuan gertatzen zenaren antzera.

Atmosferako oxigenoa ukitzen ez dutenez, mineralak ez dira oxidatzen eta materia organikoa ez da mineralizatzen.

Lur interzonal honek, eta lehen aipatutako lur zonal eta azonalek, osatzen dituzte lurren azterketarako eta sailkapenerako abiapuntu diren hiru lur taldeak.

Orain arte aipatutako gertaera guztiak kontuan hartuz, Euskal Herrian lur mota hauek bereiz daitezke: metro koadroko 1300 milimetro baino baino gehiagoko prezipitazioak dituzten eremuetan, lur arreak eta lur arre kare-harritsuak daude.

Lur horietan kare-harri eta materia organiko asko izaten da A horizontean. Haitz silizeoen gainean, aldiz, lur arre hezea izan ohi da. Lur arre horietan koloiderik gutxi edo batere ez da herrestan joaten, eta askotan ezin izaten da B pilaketa horizonterik bereizi. Horrelako lurretako landare mota tipikoa Europa erdialdeko hosto leuneko baso egokitua da (haritza, pagoa).

Malda handiko eremuetan ranker motako lurrak eta litosolak ageri dira. Ranker deitua bilakaera laburreko lur mota bat da, kaltzio gutxikoa, haitz azidoen gainean eratuohi dena. Litosol, berriz, A horizontea hamar zentimetro baino meheagoa eta zuzenean C horizontearen gainean jarria duten lurrei esaten zaie. Euskal Herrian Mediterraneo aldeko klima edota Mediterraneo- Atlantiko bitartekoa duten eremuetan lur arre kare-harritsuak izaten dira. Horrelakoetan, hala ere, humus gutxi izaten dute eta ehundura buztinaren antzekoa izaten dute.

Era honetako lurretan arte eta artelatz basoak hazten dira. Azkenik, ibai ibilbideen inguruko eremuetan lur kolubialak eta alubialak izaten dira, oso bilakaera eta garapen laburrekoak, egitura xehea eta osaera buztintsua izan ohi dutenak. Sailkapen hori Euskal Herriko Lurralde Historikoetara aplikatuz gero, hau aterako da: Gipuzkoan lur arreak, arre kare-harritsuak, alubialak, litosolak eta rendzinak (heldutasunera iritsi ez diren lur kare-harri gisakoak) dira nagusi. Bizkaian, Gipuzkoan gertatzen den bezalatsu, lur arreak, arre kare-harritsuak eta rendzinak dira nagusi. Araban lur arreak, arre kare-harritsuak eta alubialak. Nafarroan lur arreak, arre kare-harritsuak, arre hezeak, rendzinak, alubialak eta kolubialak, litosolak eta lur grisak aurki daitezke. Lapurdin lur arreak, arre kare-harritsuak, rendzinak eta alubialak. Eta azkenik, Zuberoan eta Behe Nafarroan lur arre, arre kare-harritsu eta rendzinak ez ezik, lur alubialak eta kolubialak ere badira.