Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Subdukzioa

Litosferaren subdukzioa eta bihurdura: a. Subdukzio fronte batean zeharreko profil batimetrikoaren eskema.<br><br>Ikus hobiaren asimetria. b. Interpretazio eskema: subdukzioz hondoratzen ari den plakaren bihurdura elastikoak konkor periferiko bat sorrarazten du.<br><br>

Hirurogei mila kilometroko ibilbide luzean zehar itsas bizkarrek igorritako labek batez beste 3,5 kilometro koadroko litosfera ozeaniko berria sortzen dute urtero.

Fenomeno hori orain dela 150 milioi urte baino lehenagotik gertatzen dela kontuan hartuz, Lurraren azalera handitu egin dela eta beraz erradioa eta bolumena ere handitu egin direla uste izan liteke.

Hala ere, geofisiko gehienek onartu dute Lurraren bolumenak aldagabe iraun duela denbora geologikoan zehar.

Arrazoi horregatik itsas bizkarren bidez ozeanoan litosfera eratzeak esan nahi du beste eremu batzuk ere existitu behar direla nahitaez, non litosfera hori desagertu egiten baita mantuaren baitan.

Fenomeno horri subdukzio deitzen zaio eta ozeanoetako sakonera handieneko tokietan gertatzen da, hobietan, alegia.Plaken tektonikaren teoriaren arabera lur azala eta goi mantua bitan banatzen dira: litosfera –edo geruza gogorra– eta astenosfera –edo geruza biguna–. Litosferak lur azala eta goi mantuaren goiko zatia hartzen ditu. Ozeanoan, batez beste, lur azalak bost-zazpi kilometroko lodiera du; itsas bizkarraren gailurretik urrun, litosferak ehun kilometro inguru ditu. Litosfera zenbait plaka zurrunetan apurtzen da, zurruntasun gutxiagoko astenosferan igeri baleude bezala edo.

Plakak bata besteari buruz lekuz aldatuz doaz, urteko zentimetro batzuetako lastertasunean; bi plakaren arteko muga elkarrekiko higiduraren arabera deskriba daiteke.

Dibergentzia ertzetan plakak banatu egiten dira elkarrengandik. Konbergentzia ertzetan plakak elkarrengana hurbiltzen dira; eskuarki plaka bat bestearen azpian hondoratzen da astenosferan, subdukzio esaten zaion prozesuaren bidez.

Grabitatearen neurketek erakusten dutenez, hobi ozeanikoetan uste baino apalagoa da grabitatea. Beraz, anomalia negatibo bat gertatzen da, hobiaren azpian dentsitate gutxiko materialak daudela esanez baizik ezin interpreta daitekeena. Itxuraz, kontraesana dago horretan, isostasiaren printzipioaren aurka baitoa, hobiaren hondoan dentsitate gutxi izateak azpikoaren goratzea eragingo bailuke, grabitazio oreka berriro ezartzeko. Horrela gertatzen ez bada indarren batek hobian behera eragiten duelako da. Honen arabera, mantuko konbekzio korronteak badirela frogatuz gero, badago esatea hobi horietakosubdukzioa eragiten duen indarra beheranzko higidura konbektibo batek sortua dela.

Indarrean dauden sumendi ugariak eta jarduera sismiko handiak dira ozeanoko hobiko uharteetako arku sistemen bi ezaugarri bereizgarrienak. Fenomeno natural horiek arriskuan jartzen dute Ozeano Bareko uhartedietan bizi diren biztanleen bizia.

Jarduera sismikoa da hain zuzen uharte arkuen ezaugarri adierazgarrienetako bat. Itsas bizkarrak eta Alpeetako eta Himalaiako orogenoak ere jarduera sismiko handiko eremuak dira. Eremu sismiko horien artean badira ordea oinarri-oinarrizko aldeak. Hipozentroen sakonera da alde nagusietako bat.

Uharte arkuetako lurrikaren hipozentroak azalekoak (60 kilometro baino sakonera gutxiagokoak), sakonera ertainekoak (60 eta 300 kilometro artekoak) eta sakonak (700 kilometroko sakonera artekoak) dira. Hipozentroen sakoneraren aldakortasun berezi hori ez da uharte arkuetan baizik gertatzen. Gainerako eremu sismikoetan ia lurrikara guztiak sakonera gutxiko aldeetan sortzen dira.

Subdukzio eremuetako hipozentroek sakonerari buruz duten banaketari erreparatuz gero, ondorio hau ateratzen da: hipozentroa zenbat eta kontinentetik hurbilago, orduan eta sakonagoak dira. Oro har, badirudi hipozentroak ozeanotik kontinenterantz okertzen den plano batean kokatzen direla.

Subdukzioa ozeanoko litosfera plaka bat beste litosfera plaka baten azpian sartzeada. Plaka hondoratua 700 kilometrotarainoko sakonerara heltzen da, eta hortik aurrera mantuan sartzen da. Barneratze hori fenomeno geodinamikoekin batera gertatzen da, sakonera handietaraino hedatzen den jarduera sismiko indar handikoarekin batera, besteak beste. Sakonera ertaineko hipozentro guztiak (300 kilometro inguruko sakoneran sortutakoak) sakonera handikoak bezala (700 kilometroko sakonera artekoak) subdukzio prozesuarekin daude lotuta.

Orobat dute subdukzioaren zerikusia bolkanismoak, hain sarri txikizio handiak egiten dituena, eta, oro har, ezegonkortasunak, arrisku handiko ingurune bihurtzen baititu subdukzio eremuak.

Adibiderik arruntena kontinente ertz baten azpiko subdukzio ozeanikoarena da, bazterreko itsaso batez bakartutako mendikate edo uharte arku batek adierazitakoa.

Baina plaka ozeaniko bat beste plaka ozeaniko baten azpian subdukzioz hondorarazten duen kasurik ere bada. Kasu horretan ozeano barneko uharte arkuak sortzen dira, Ozeano Bareko hego-mendebalean gertatzen den bezala.

Orain dela gutxi aztertu den kontinenteko litosferaren subdukzioa, aldiz, desberdina da. Subdukzio mota honetan kontinenteko litosfera plaka bat beste kontinente plaka baten azpian hondoratzen da.

A priori, fenomeno mugatu bat izango litzateke, kontinenteko litosfera –arina–, mantuaren goialdean –dentsoagoa– oso gutxi baino ezin baita hondoratu. Gehienez ere onar liteke mendikateen azpian lur azala pilatu izana, beren lur azalekosustraiak hor pilatu izana, alegia, gertaera horren ondorioa izan zela, aldez bederen.

Bi subdukzio mota bereiztea proposatu da orain dela gutxi. A motako subdukzioa, plaka ozeaniko bat plaka ozeaniko edo kontinental baten azpian sartzen denean sortua; hau da Lurrean ezagutzen den motarik zabalduena. B motako subdukzioaplaka kontinental bat beste plaka kontinental baten azpian sartzen denean gertatzen da, Andeetan edo Himalaian, esate baterako.

Banaketa honek nahasketak eragiten ditu, subdukzio gertaerak oso egoera heterogeneoak eta konplexuak hartzen baititu bere baitan, eta zaila izaten da gainera, eta nahasgarria ere bai askotan, gertaera honekin lotura duen edozein egoera aurrezdefinitutako bi egoera horietako batera makurtzea.

Zentzuzkoa dirudi subdukzio hitza ozeanoko litosferaren barneratzearen gertaera adierazteko baliatzea, plaken tektonikaren ikuspuntutik. Era horretara, subdukzio ozeanikoa arrakala mesozeanikoetako akrezio ozeanikoaren osagarria da, arrakala horietan sortzen baita litosfera ozeanikoa, eta horri esker mantentzen ditu Lurrak bere dimentsio ustez finkoak. Subdukzio eta akrezio gertaerek, biek elkarrekin konbinaturik, alde batera utziak dituzte Lurraren uzkurtze –garai batean mendikateen sorrera azaltzeko erabili ohi zen teoria– edo zabaltze kontzeptuak, nahiz azken hori berriz aipatu izan den azken aldi honetan arrakala mesozeanikoak aurkitzearekin batera.

Subdukzioaren eta akrezioaren artean sortzen den konpentsazio gertaera horrek koherentzia handiagoa ematen dio arrazoibide geodinamikoari, baina ez dago hala ere zehatz eta guztiz frogatuta.

Baieztapen horien haritik, eta subdukzio moten bereizketari argitasuna emateko bidean, oso kontuan hartzekoak dira 1979an S. Uyeda eta H. Kanamori japoniar sismologoek subdukzio eremuetako lurrikaren banaketari buruz egindako azterketak.

Ikerketa horrek ondorio hauek eman zituen: magnitude handiko lurrikaren ehuneko laurogeita hamar baino gehiago arku atzeko arrorik ez zuten (Ozeano Bareko ekialdea inguratzen duten uharte arkuak kontinenteko litosferatik banatzen dituzten arro txikiak) subdukzio eremuetan gertatzen zirela, Hego Ameriketako Ozeano Barea aldeko itsasertzeanadibidez; edo halako arrorik izanez gero ere, arku atzeko arroa ez dagoela indarrean, Kuril edo Aleutiar uharteetan gertatzen den bezala. Sismologo japoniar horiek plaken subdukzioaren mekanikarekin erlazionatu zuten gertaera hori, eta oinarrizko bi subdukzio mota bereizi zituzten beraz: Txileko eredua eta Mariana uharteetako eredua.

Txileko ereduko subdukzioa arrorik gabeko edo arroa indarrean ez duten uharte arkuei dagokie. Hondoratzen ari den plakaren inklinazio angelu apala da subdukzio eredu honen ezaugarri nagusia; plaka horrek gogor estutzen du aurkako plaka, eta konpresio indar gogor handihandi horrek lurrikara guztiz bortitzak sorrarazten ditu.

Mariana uharteko ereduko subdukzio eremua (Mariana uharteetako arkua, Tongako hobiko Lau-ko arroko arkua, biak Ozeano Barean), aldiz, arroa indarrean duten arkuetan gertatzen da. Kasu honetan, hondoratze angelua askoz ere handiagoa da. Hori dela eta, plaka gainkatuaren ertza ez dago hain konprimitua, eta horrenbestez lurrikara gutxiago izaten da, eta, izatekotan, askoz ere arinagoak izaten dira inondik ere.Subdukzio lastertasuna zeharkako metodoen bidez neurtu izan da orain arte, plaken mugimenduaren azterketa orokorraren ondorio gisa. Metodo horrek konbergentzia lastertasuna neurtzeko aukera ematen zuen, kontuan harturik, eta mundu osoa harturik neur-eremu eta dimentsio konstantekoa dela ustez izanez, bai ozeanoetako irekitzeak –ozeano hondoetan neurtutako anomalia magnetikoei esker neurtuak– eta bai kontinenteen leku aldatzea –paleomagnetismoaren bidez neurtua–.

Horri guztiorri esker jakin ahal izan da lastertasuna gehienez ere urtean hamar zentimetrokoa dela. Hala ere, berriro esan behar da, batez besteko balioez definitutako lastertasunak dira horiek, datu paleomagnetikoen serie berriekin berrikusi beharrekoak, eta ez dute inola ere bat-bateko une baten ideia irudikatzen. Badirudi aurki aurrerapen handiak egingo direla, eta satelite bidez lastertasun horiek zehatz-mehatz, bai zentimetrotan ere- neurtu ahal izango direla.

Subdukzio plano gehienek kontinenteranzko aldapa dute; Ozeano Bareko erdialdeko ertzek adibidez. Baina badaude ozeanorantz makurtuta dauden subdukzio planoak ere, Ozeano Barearen mendebalean adibidez; hain zuzen ere Txinakoitsasoko Manilako eta Tasman itsasoko Hebrida Berrietako hobien subdukzioen kasuak dira halakoak.

Subdukzio planoaren malda aldakorra da ba hobi, bai uharte arku, eta bai mendikate berberean zehar, hamar graduko inklinaziotik ia laurogeita hamar graduko inklinazioraino. Gaur egun arte ezin izan dira neurtu subdukzio planoaren malda aldaketa horiek eragiten dituzten ondorioak.

Hala ere, gauza jakina da egitura estentsiboak askoz errazago sortzen direla malda handietan –Ozeano Bareko mendebaleko bazter itsasoen kasua, esate baterako–, eta egitura konpresiboak, berriz, askoz errezago sortzen direla aldapa txikietan –Ozeano Bareko ekialdeko mendikateen kasuan bezala–.

Subdukzioaren ondorio tektonikoak bi muturren artean daude. Sedimentazioa handia eta konbergentzia lastertasuna handia den eremuetan, subdukzioz hondoratzen ari den ozeanoko litosferaren estalki sedimentarioko geruza batzuk banatu egiten dira batzuetan beheranzko plaketatik, gainean ezartzen ari den plakak eragiten dien marruskaduraren eraginez.

Beraz, jalkinak gainean ezartzen ari den plakaren aurrean pilatzen dira, eta kontinente ertzarekin batera akrezio prisma esaten zaiona eratzen dute, uharte arkuaren aurreragune bat osaturik orobat. Mota honetako egitura bat aurkitu da Antilla Txikietako arkuan.

Sedimentazio gutxiko eta konbergentzia lastertasun gutxiagoko eremuetan, ozeanoko litosfera kontinente ertzaren azpian hondoratzen da jalkinezko estalkia eta guzti, ia marruskadurarik gabe; ez da beraz akrezio prismarik sortzen.

Gertaera hori Erdiko Ameriketako hobian egiaztatu ahal izan da. Han, subdukzioaren maila berean, sei mila metroko sakoneran, antzinako jalkin metatzeak daude, Goi Kretazeokoak (80 milioi urte ingurukoak).

Beraz, ez datoz bat akrezioa gertatuko balitz neurtuko liratekeen datekin.

Hori bera gertatzen da Peruko hobian ere.

Beraz, egoera bi horiek (akrezio prismadun konbergente-konpresibo motako ertza eta Erdiko Ameriketako hobiko moduko ertz konbergente-estentsiboa) muturreko eredu gisa hartzen badira, badago esatea edozein ertz bi mutur horien artean dagoela, jalkinen lodiera, konbergentziaren lastertasuna, eta subdukzioaren gainaldearen malda nolakoak diren kontuan hartuta. Subdukzio esaten zaion gertaerak emaitza tektoniko desberdinak ditu beraz.