Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Satelite naturalak

Planeta telurikoen eta Ilargiaren egitura

Merkuriok eta Uranok salbu, Eguzki sistemako gainerako planeta guztiek badituzte beren sateliteak, bat edo gehiago.

Sateliteen neurriari begiratzen bazaio, hiru multzotan banatzen dira: satelite handiak (3.000-6.000 kilometro bitarteko diametroa dutenak), hau da, Ilargia, Galileok aurkitutako Jupiterren sateliteak (Io, Europa, Gaminede eta Kalisto): Titan, Saturnoren satelite handiena, eta Triton, Neptunoren satelite nagusia. Beste multzo bat satelite txikiagoek osatua da (diametroa 200-1.600 kilometro bitartekoa dutenek), eta hirugarren multzoa 200 kilometroz behetiko diametroa duten gorputz txikiagoek osatua. Gorputz txikiok, satelite handiek eta txikiek ez bezala, forma irregularra izaten dute. Sateliteen osaketari dagokionez, satelite handietako batzuk haitzez daude osatuta, besterik gabe, Ilargia eta Io, adibidez; gainerakoak, berriz, eta satelite txikiak ere bai, haitzez eta izotzez daude osatuta, nahastean, Europa, Gaminede, Kalisto, adibidez.

Titanek eta Tritonek atmosfera dute, gainerako guztiek ez bezala.

 

Satelite handiak

Ilargia Lurraren satelite natural bakarra da, eta haren inguruan grabitatzen du. Ilargiaren osakera, egitura berezia eta bilakaera geologikoa ezagutu direnetik, gaur egun satelitetzat ez baina planetatzat hartzeko dago joera, Merkurio bezalaxe.

Kanpoaldeko planeten satelite handi gehienek izozturik eta kraterrez josirik dute azala. Io da salbuespena, Jupiterren Galileok aurkitutako lau sateliteetako bat, sufre askoko sumendi egitura pila bat baitu, eta horrexen ondorio dira haren kolore biziak.

Sumendi jarduera bizia izan du satelite horrek inondik ere, beste planeta batzuen grabitazio eraginak sortua seguruenera.

Europak, Gaminedesek eta Kalistok, hiruek azala izoztua badute ere, oso azal mota desberdina dute, zeren Europaren azala, adibidez, oso distiratsua baita, milaka eta milaka kilometroko arrakalaz pitzatua eta ia-ia talkaz sortutako kraterrik gabea. Gaminedesen azala, berriz, askoz ere modu gehiagotakoa da; baditu gune ilun zabalak, kraterrez josiak, eta horien artean tarte argiagoak, krater gutxiagokoak. Kalisto satelitearen azala iluna da, ziur aski nahasian silikato asko duen izotzez estalia eta kraterrez josi-josia; krater horien diametroak 100- 150 kilometrokoak dira batez beste.

Titanen edo Saturnoren sateliterik handienaren (5.150 km diametro) azala ez da ikusten, nitrogeno molekularrezko atmosferatrinkoak estaltzen baitu erabat. Baliteke satelite honen ekuatore aldean metanozko ozeanoak izatea, eta poloak metano izoztuz estalita egotea.

Triton, Neptunoren satelite handiena (2.705 km diametro) 1989an ikusi ahal izan zen ongi lehendabiziko aldiz, Voyager 2 zundari esker. Tritonen azal izoztua Eguzki sistema osoko hotzena da, -236 °C. Baditu kraterrak, gutxi; faila ibar erraldoiak ditu, baditu nitrogeno likidozko aintzirak, oraindik haren zergatikoak azaldu ezin izan diren nolabaiteko barne jarduera baten adierazgarri.

3 km inguru lodiko atmosfera arin bat du, nitrogenoz eta metanoz osatua.

 

Saturno, Neptuno, Urano eta Plutonen satelite txikiak

Saturnoren satelite txikiak izotzezkoak dira, baina badute, ziur aski, haitzezko erdigunetxo bat. Azalean krater asko dituzte, meteoritoen talkaz eginak. Horrelako morfologia erarik ez duten lekuetan, ordea, kraterrik ez duten lekuetan alegia, oso egitura handiak dituzte, jatorri tektonikokoak ziur aski. Krater horien eragilea satelitearen barrenaldearen berotzea izan daiteke, era horretara azaleko izotza hautsi eta barrenetik ateratako izotzez berritu direlarik.Uranoren bost satelite txikiak izotzez eta silikatoz eratuak dira. Uranoren ekuatore planoan dute beren orbita, planeta horretatik 130.000-580.000 kilometrotara. Era askotako morfologia dute beren gainaldean.

Arielek, adibidez, meteorito talkek eragindako krater ugariekin batera, baditu barnea laua duten ibarrak ere, jatorri tektonikokoak ziur aski. Miranda, Uranoren planetarik txikiena, forma irregularrekoa da, eta faila ertzak ageri zaizkio garaieraz kilometro askokoak.

Neptunoren eta Plutonen satelite txikiak ez dira Saturnorenak eta Uranorenak bezain ongi ezagutzen, ezta gutxiagorik ere.

Caronte, Plutonen satelitea, bitxia da guztiz; 1.200 kilometroko diametroa du; Plutonetik 19.000 kilometrotara dago, eta orbita oso makurtua du planeta haren ekuatore planoari buruz. Plutondik horren hurbil dagoelarik, nekez beha daiteke zehatz, eta horrexegatik oso gauza gutxi ezagutzen da haren ezaugarri fisikoez eta haren azalaren ezaugarriez.