Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia unibertsala»Geografia

Lurrezko planetak edo barneko planetak

Artizarreko haizearen eragina. Planeta horretako hodeiak ekialdetik mendebalderantz mugitzen dira, eta Lurreko lau egunen buruan egiten diote bira Artizarrari.<br><br>

Merkuriori, Artizarrari, Lurrari eta Marteri lurrezko edo harrizko planeta esaten zaie; planeta horiek osatzen dute Eguzki sistemaren barnealdea. Horregatik, barne planetak ere esaten zaie, beren orbitak Eguzkiaren eta asteroide eraztunaren artean kokaturik daudenez gero.

Multzo aski homogeneoa osatzen dute, silikatodunak izatea baitute ezaugarri, nahiz burdina askorekin (Merkuriok, Artizarrak eta Lurrak) nahiz gutxirekin (Martek). Gainera, gorputz gotorrak dira laurak.

Haien dentsitateak Marteren 3,9-ren eta Lurraren 5,5-en artean daude.

Erdikoak dira tamainaz. Txikienak, Merkuriok, 2.489 kilometroko erradioa du batez beste; handienak, Lurrak, 6.378 kilometrokoa. Lurrak eta Artizarrak atmosfera nabarmena dute, Martekoa dentsoagoa da, eta Merkuriok ia ez du atmosferarik. Lurrak berezko satelite bat du, Martek bi ditu, eta Merkuriok eta Artizarrak bat ere ez.

Barne planetak atxikimenduz osatu dira, Eguzki sistemaren gainerakoarekin batera, orain dela 4.500 edo 4.600 milioi urte inguru.

Eratu ondoren, meteoritoen erasoa jasan zuten; gainaldeen morfologia aldatu zien horrek, talka kraterrak eta tamaina handiko arroak sortu baitzituen. Ondorengo bilakaera geologia gertakariek (bolkanismoak, tektonikak) baldintzatu dute, eta kasu batzuetan, Lurrean esaterako, atmosfera eta hidrosfera izateak; atmosfera eta hidrosfera horiek gainaldeak itxuraldatu zituzten gehiagoko edo gutxiagoko oldarrez, higaduraren eta sedimentazioaren bidez.

 

Merkurio: txikia eta iluna

Merkurio da, Pluton aldera batera utziz gero, Eguzki sistemako planetarik txikiena.

Eguzkitik hurbilen dagoen planeta denez gero oso argitsua da, nahiz eta Lurretik behatzen zaionean oso iluna agertzen den, Eguzkiak eragindako liluratzea dela medio.

Horregatik, Eguzkia atera baino apur bat lehenago edo sartu eta berehala soilik ikus daiteke, oso apal ostertzearen gainetik.

Horregatik pentsatzen zuten antzinakoek bi planeta desberdin zirela, eta grekoek bi izen ezarri zizkioten argizagi bat bera zela jakinik ere: Hermes edo arratseko izarra, eta Apolo edo goizeko izarra. Geroago erromatarrek oraingo izena eman zioten, Merkurio.

Merkurio oso geldi biratzen da bere ardatzaren inguruan: planeta hartako egunaLurreko 58,6 egun adina da. Eguzkiaren inguruko translazio periodoa Lurreko 88 egunekoa da.

Lurrak baino hamar aldiz energia gehiago hartzen du Merkuriok Eguzkitik, eta horregatik haren gainaldeko tenperatura 430 °Ctara hel daiteke egunez; gauez, berriz, beroari eutsiko dion atmosferarik ia ez duelako batez ere, -180 °C-tara jaisten da tenperatura.

Bere errotazio geldia gorabehera, badu Merkuriok eremu magnetikoa, metalezko gune batek soilik esplika dezakeena, antza.

Nahiz eta eremu magnetiko hori aski ahula den (Lurrarenaren 1/100-koa), nahikoa da magnetosfera murritz bat eratzeko.

Merkurioren gainaldearen ehuneko 40 soilik ezagutzen da gaur egun; meteoro talken ondoriozko krater ugariak dira nagusi haren topografian, eta, hortaz, Ilargiaren oso antzeko itxura du. Zalantzarik gabe, egitura zirraragarriena Caloris arroa da, morfologikoki1.300 kilometroko diametroko sakongune zirkularra osatzen duena eta 2 kilometroraino gora izan daitezkeen mendizko eraztun zentrokidez inguratua dena.

Itxuragatik, badirudi talka uhinak planetaren barnean eta gainaldean zehar hedatu zirela, talkaren aurrez aurreko puntuan biltzeko.

Kraterren arteko aldeak ordoki zabalak dira, antza denez laba jarioaldiz estaliak daudenak.

Ehunka kilometro luze diren labarrak dira Merkurioren gainaldearen beste ezaugarri garrantzitsu bat. Etengune izugarriak dira, hiru kilometro gora diren malkor zutak dituztenak. Dirudienez, kanpoaldeen gotortze prozesuan gertatu ziren bolumen uzkurtzeen ondorio dira.

 

Merkurioren osagaiak eta barne egitura

Material silikatodunen nahaste ez trinkoek osatzen dituzte Merkurioren azaleko geruzak. Ez da haietan ur arrastorik aurkitu. Merkurio Lurra baino askoz txikiagoa izanik, haren batez besteko dentsitatea Lurrarenaren antzekoa (5,43 g/cm 3 ) denez gero, badirudi gune metaliko handia eduki behar duela barnean. Hortaz, uste da burdinak osatzen duela Merkurioren ehuneko 60 edo 70.

 

Artizarra

Artizarra da, Ilargiaren ondoren, Lurretik hurbilen dagoen argizagia. Merkurioaren eta Lurraren artean dago kokatua. Antzinatetik ezagutzen du gizakiak, neurriz gaineko distira baitu –Eguzkia eta Ilargia izan ezik beste edozein argizagirena bitu baino handiagoa dena–. Sartaldean arratsean ikus daiteke, eta sortaldean egunsenti inguruan.

Horregatik, Merkuriori bezala, bi izen eman zizkioten grekoek: Phospherus edo goizeko izarra, eta Hesperus edo arratseko izarra.

Geroago erromatarrek, Benus, maitasunaren jainkosaren izena ezarri zioten.

Baditu planeta honen orbitak ezaugarri aski bereziak. Errotazioa atzerakaria du –hots, Eguzkia mendebaletik ateratzen da eta ekialdetik sartzen– eta oso geldia, halako eran non denbora gehiago ematen baitu bere ardatzaren inguruan bira egiten (243 egun) ezen ez Eguzkiaren inguruan itzuli osoa egiten (225 egun). Hortaz, egunak urteak baino gehiago irauten du Artizarrean.

Artizarraren erradioa Lurrarenaren ehuneko 95 eta dentsitatea 5,25 g/cm 3 -koa direnez gero, XX. mendearen lehen herena arte uste izan zen Lurraren oso antzeko planeta zela, eta bizia sortzeko beharrezko baldintzak izan behar zituela. Lurretik ikusten bada, gainaldeari behatzea eragozten duten hodei lodiz estalia agertzen da Artizarra.

Hodei horiek babestuko omen zuten planetaren gainaldea Eguzkiaren irrada bortitzetatik, eta hortaz, atseginak izan zitezkeen tenperaturak han.

XX. mendearen hasieran Arrhenius suediar zientzialariak uste zuenez, Artizarraren egungo egoera Lurrak Ikatz Aroan, duela 300 milioi urte, zuenaren antzekoa zen, eta hortaz, flora eta fauna (iratze handiak, ornogabe, urlehortar eta narrasti primitiboak) ugariak izango ziren han. Arrheniusen ustea ustel gertatu zen, 1932an ikusi zenean Artizarraren atmosferaren osagai nagusia karbono dioxidoa zela. Hala ere, zenbait astronomok ez zuten baztertu Artizarreannolabaiteko bizia egon zitekeelako ideia, esate baterako, Lurrean Prekanbrikoko itsaso beroetan atmosferak karbono dioxido asko zuen garaietan zegoena bezalakoa.

Nolanahi ere, 1970 ondoko hamarraldiko urteetan erabat baztertu ziren uste horiek, planeta arteko lehen zundak Artizarrera bidali zirenean frogatu baitzen ezinezkoa zela bizia Artizarraren ezaugarriak zituen planeta batean.

 

Artizarreko atmosfera: marruskatzailea, erregarria eta zirimolatsua

Hodeiei eskerrak du Artizarrak distira neurriz gainekoa. Laranja koloreko hodei horiek oso trinkoak dira, 47 kilometrotik eta 67-rako garaieran daude eta hartzen duten argiaren ehuneko 80 ispilatzen dute. Azido sulfurikozko tantaz osatuak dira eta 90 kilometrotaraino hedatzen den laino batek inguratzen ditu gainetik eta azpitik.

Azpiko atmosfera argia baino trinkoagoa da, eta, hortaz, azalaldeko sakadura Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa da gutxi gorabehera. Osagai nagusia karbono dioxidoa da (%96,5), gero nitrogeno molekularra (%3,5) eta ondoan beste zenbait osagaiurri, hala nola sufre dioxidoa, ur lurruna, atmosferako oxigenoa eta nitrogenoa, argoi, neoi, xenoi gas geldoak, esaterako.

Horien heina milioirenetan neurtzen da.

Artizarraren azalaldeko tenperatura 470 gradu ingurukoa da, eta 35 kilometroko garaieran 160 °C ingurukoa da oraindik.

Hain balio garaien zergatikoa berotegi efektua da: karbono dioxidoa gardena da irrada ikusgaientzat, baina opakoa infragorrientzat.

Hortaz, argia azalaldera heltzen denean xurgatu egiten du hark, baina energiaren zati txiki bat atmosferara itzultzen da irrada infragorri gisa, eta atmosfera berotzen du.

Artizarreko atmosfera oso dinamikoa da.

Hodeiak, planeta osoa hartzen dutenak, noranzko atzerakarian higitzen dira segundoko 10 eta 100 metro bitarteko lastertasunez, planetaren itzuli osoa lau egunetan eginez.

 

Artizarraren azalaldea

Etengabeko hodeiak egoteak galarazi du Artizarreko azalaldearen zernolakoak ezagutzea.

1980 ondoko hamarralditik aurrera baizik ez da hasi gizona haren berri jakiten, erradar seinaleen bidez hodeizko estalkia zulatu denean.

Artizarraren gainaldea aski interesgarria da, beste planeta guztietakoez bestelako ezaugarriak baititu. Haren ehuneko 60 zabaldi hedatu kizkurtuek hartzen dute, oraindik zehazki ezagutzen ez diren egitura biribilak dauzkatenak. Haien artean badira ziur aski sumendi egiturak, meteorito talkaz sortutako kraterrak eta sakongune tektonikoak.

Zabaldi horien gainean lau alderdi menditsu goititzen dira. Planeta honen iparraldean Isthar Terra-ko eskualdea dago, zenbait mendikate dauzkana. Alde horrek Australiaren hedadura bera du, tolesduren eta alderantzizko failen aztarnak ditu, eta hortaz orogenesi alpinoaren gisako kate tolestu batekin konparatu izan da. Gainera, eskualde horretan kokatzen da mendirik garaiena, Maxwell Mons izenekoa, erreferentzia mailatik 11.800 metro goititzen dena.Ekuatore aldean beste alderdi menditsu bat hedatzen da, Aphrodite Terra, hobi tektoniko aski etengabeez osatua. Horietako batzuk 5.000 kilometroraino dira luze.

Gainerako bi eskualdeak, Alpha eta Beta Regio, sumendi jatorrikoak dira.

 

Artizarraren osagaiak eta barne egitura

Venera IX eta Venera X sobietar zundek, biek 1975. urtean, bidali zituzten Aztizarraren azalaldeko argazkien azterketek argi eta garbi erakusten dute Artizarra basaltikoa dela nolakotasunez. Hortaz, Artizarraren azalaldea, osagaien aldetik, Lurreko lehorraren azalaren kidekotzat har daiteke.

Artizarraren dentsitate handiak adierazten duenez, guneak burdina asko izan behar du. Magnetismo gabeziaren zergatikoa planeta honen errotazio guztiz geldia dela dirudi.

Laburbilduz, azal, mantu eta gune bereziak dituen planeta da Artizarra, eta antz handia du Lurrarekin.

 

Marte: planeta gorria

Marte da, zalantzarik gabe, Eguzki sistemako planeta ospetsuena. Lurretik begiratzen bazaio gorrixka agertzen da; horregatik erabili bide zuten erromatarrek planeta hau izendatzeko gerraren jainkoaren izena, Marte.Erraz beha daiteke Lurretik teleskopio batez, mehea eta gardena baita haren atmosfera.

Huygens-ek egin zituen Marteren gainaldearen lehen eskemak, 1659an. Harrezkero argibide asko bildu dira, eta une batzuetan pentsatu izan zen bazituela Martek aski baldintza onak biziak aurrera egin zezan. Ordea, planeta arteko zunden datuetan oinarriturik, biribilki frogatu zen basamortu tankera duela planeta honek.

Nahiz eta Marte Lurra baino askoz txikiagoa den, Lurraren gune aldearen gisakoa, ezaugarri orokorrak Lurraren ezaugarrien antzekoak ditu: Marteko egunak 24 ordu eta 37 minutu irauten du, eta biratze ardatza ekliptikari buruz 25 gradu makurtua dagoenez gero –Lurrarena 23° 27' makurtua dago–, Martek ere urtaroak ditu.

Aitzitik, Marteren urtea Lurrarena baino luzeagoa da, planeta gorriak 687 egun ematen baititu Eguzkiaren inguruan itzuli osoa egiten. Alde honetaz gainera, adierazi behar da Marteren orbita askoz eszentrikoagoa dela, halako eran non perihelioan Eguzkitik ehuneko 20 inguru gertuago baitago afelioan baino. Alde honek esplikatzen du planeta horren zati handi batean gertatzen diren hauts ekaitz ezagunak.

 

Atmosfera eta urtaro aldaerak

Marteren atmosferaren %95,3 karbono dioxidoz dago osatua. Gainerakoa, nitrogenoak (%2,7) argoiak (%1,6) eta beste gas geldo batzuek osatzen dute. Ur lurrunarenehunekoa oso apala da (0,003koa), nahiz eta urtaroen arabera aldaketa handiak, ehuneko 30 ingurukoak, gertatzen diren.

Marteren atmosfera jarduera bizi eta azkar baten (bortiztasun handiko haizeen, hauts ekaitzen, hodei egitura eskergen) oinarria da. Jarduera horrek gainaldean izaten diren elkarren arteko eraginean du jatorria, urtaroen arabera aldatuz doan ur lurrunaren kontzentrazioan hain zuzen.

Elkarren arteko eragin hori askozaz gorabehera handiagokoa izango zen antzina, Marteren aspaldiko atmosferako ur lurrunaren zati handi bat poloetako izotz eremuetan eta lur azpian, pergelisol eran, bildua baitago gaur, itxura denez. Ekaitzen eragitez, hauts kopuru handiak jaurtitzen dira atmosferara, 50 kilometrotaraino gora.

Marteko klima urtaroen araberakoa da, ekliptikari buruz oso makurtua dagoen ardatz baten inguruan biratzen baita planeta.

Orbitaren eszentrikotasun handia gehitu behar zaio zertzelada horri.

Hego Hemisferioko udan, %20 inguru gertuago dago Marte Eguzkitik Ipar Hemisferioko udan baino. Honen ondorioz, ehuneko 45 areagotzen da eguzkitzea, eta horrek goititze handia, 30 °C ingurukoa, eragiten du Hego Hemisferioko udako tenperaturetan, Ipar Hemisferioko udakoekin alderatuz.

Nolanahi ere, Lurrekoak baino askoz apalagoak dira Marteko gainaldeko tenperaturak, -133 °C eta +17 °C artekoak hain zuzen, Eguzkitik aski urrun baitago.

Baina planeta osoa hartzen duten hauts ekaitzak dira, zalantzarik gabe, urtaro aldaketen erakusgarri nagusia. Hego Hemisferioan hasten dira, udaren hasieran, planeta perihelioan dagoenean eta berotzea gorena denean. Aire berotua goititzen denean berebiziko hauts hodeiak jasotzen ditu; hautsak areago berotzen du airea, eguzkiaren argi gehiago hartzen baitu. Era horretan, hautsezko hodei izugarri bat sortzen da, denbora laburrean planeta osoa estaltzen duena. Metatu den hauts kopuru handi horrek eguzkiaren argi gehiena egozten duen arte irauten du ekaitzak; orduan hozten da gainaldea eta gelditzen haizea.

Morfologiaren aldetik, Martek bi hemisferio ditu, argi eta garbi bereziak, eta Ipar edo Hego Hemisferioekin bat datozenak gutxi gorabehera. Hemisferioen arteko disimetria horren ildoan, alde handia dago bi hemisferioen garaieran, 3 kilometrotarainokoa izan daitekeena.

Ilargiaren antzeko itsasoak eta meteoritoen talken ondorioz sortzen diren kraterren ugaritasuna ditu ezaugarri Hego Hemisferioaren gainaldeak. Hemisferio horretan erreten ugari dago; luzaz aritu dira astronomoak aburumenka egitura horien izaeraz, baina azken behaketek argi erakutsi dutenez, mugitzen ari zen isurkari bat izan da haiek eratu dituena, eta isurkari hori urada halabeharrez. Dena dela, gauza ziurra da ez dagoela gaur egun ur isurkaririk Marteren gainaldean. Hortaz, zalantza sortzen da erreten horien jatorria uraren higadura izan ote daitekeen.

Begien bistako gauza da Marteko azaleko geruzek ur asko daukatela, nahiz mea hidratatu gisa, nahiz ur izoztu gisa azaleko harkaitzen poro eta pitzaduretan. Harkaitz horiek, meteorizaturik eta talkaz hautsirik, erregolito delakoa osatzen dute. Marteren ezaugarri den kolore gorrixka, erregolitoko burdin oxido eta buztin burdindunek ematen diote.

Kalkulatu denez, Marteko erregolitoan dagoen ur guztia urtuko balitz, 400 metroko ur geruza batek estaliko luke planeta hori.

Udan urtu egiten da izotzaren zati bat; dena dela, ur lurrunaren zenbatekoa eta atmosferaren sakadura hain dira apalak, ezen berehala lurruntzen baita ur hori.

Egiaztapen horiek guztiek pentsarazten dutenez, Marteko klimak, antzina, askoz beroagoa eta hezeagoa izan behar zuen, eta izango zen hidrosfera egonkor bat isurkari egoeran.

Ezin da aipatu gabe utzi Marteko egitura ikusgarrienetako bat. Valles Marineris izeneko eskualdea da, arroila ikarragarri batzuek osatzen dutena. 4.500 kilometro luze da, 600 kilometrotaraino zabal eta 7 kilometrotaraino sakon. Uste denez, tektonikazko, sumendizko eta ibai higadurazko prozesuak konbinatuz sortu bide zen egitura erraldoi hori.

Sumendi etorkizko zabaldi eskergatzat har daiteke Ipar Hemisferioa. Hego Hemisferoaren maila baino bi edo hiru kilometro apalago dago, eta ez du ia talka kraterrik.

Nolanahi ere, sumendi-ezkutu eskergak daude hemisferio honetan, ehunka kilometroko diametroa dutenak eta Lurreko edozein mendi baino goragoak direnak.

Bai sumendiak, bai haien laba jarioek eraturiko zabaldiak, Hego Hemisferioko eskualdeak baino gazteagoak dira.

Gaur egun ageriki bederen ez dihartuten sumendi egitura horiek, jarduera bizi azkarra izango zuten denbora luzaz, duela 800 milioi urte arte edo.

Sumendien artean Olympus Mons da aipagarriena, 600 kilometroko diametrokoa eta 25 kilometro gora dena, bere gaztetasunagatik eta garaieragatik.

Poloetako eremuak. Marteko poloak izotzezko eremuz daude estalirik, urtaroen arabera handiagoak eta txikiagoak direnak.

Gaur egun badakigu karbono dioxido gotorrez osatuak daudela neguan, eta udako tenperatura goititzeak karbono dioxido horren sublimazioa eragiten duela; horregatik, eremu horiek ez dute udan ur izoztua besterik izaten, baina ur hori kutsatua dago hegoaldeko udak eragiten dituen ekaitzetan jalkitzen diren hauts aleez.