Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Antzin Aroa

Egeoko artea: Mizenas

Tirinto hiriko harresietako galeria bat.<br><br>

Minosko zibilizazioa sortu zen uhartearen aurrean, Greziako kontinentearen hego-ekialdean, beste zibilizazio bat sortu zen geroxeago : Mizenasko zibilizazioa. Errege mitiko bati zor dio batek izena, eta bere hiri nagusiari (Mizenas), berriz, besteak. Leku izen bat besterik ez zen Mizenas, harik eta, 1876an, Henri Schlieman negozio gizon prusiarrak, literatura greziarraren eta batez ere homerikoaren zale amorratua bera, bost errege hilobi aurkitu zituen arte, urrezko gauzez beteak. Schliemanek akaiarren hilobitzat hartu zituen,Troiako gerrako garairaino eginez atzera.

Mizenasko zibilizazioak bostehun bat urte hartu zituen : K.a. 1630 urtetik 1100 urtera, gutxi gorabehera. Denbora bitarte hartan, beraz, loaldi luze batetik esnatuta bezala, bertako tradizioei ezer gutxi zor zien zibilizazio bat sortu zen bat-batean. Zibilizazio hartako hiriak, Minosko zibilizaziokoak bezala, jauregien inguruan sortu ziren. Hiri haietan aurkitu ziren artelanak Minoskoak bezalatsukoak izanik, mizenastarrak Kretatik joanak ote ziren pentsatu zen hasieran ; gaur egun, ordea, greziar leinu primitiboen ondorengoak zirela uste da, K.a. 2000 inguruan lurralde hartara aldatuak.

Zibilizazioa bat-batean ernatu zen ; mendeak zeramatzan aurrera egin gabe : ez arkitektura lan handirik zeukan, ez arte produkzio aipagarririk. Hilobiak ere oso xumeak ziren, zulo txiki batzuk zeinetan belaunak bularraren kontra bilduta sartzen zuten hila, hezurrezko orratzak edo apaingarririk gabeko ontziren bat beste altzaririk gabe. Garaitsu hartan, Lehenengo jauregien aldia baitzen, askoz aurreratuagoak zeuden Kretan.

 

Putzu hilobiak

"Putzu hilobiak" lurrean oso barne zulatutako putzu handi moduko batzuk ziren ; paretak harkoskorrez eta buztinez eginak zituzten, eta hartxintxarrez estalia zorua.

Barrunbea ixteko, habeak jartzen ziren, eta harlosak edo landareez egindako tapiz moduko bat, buztinez irazgaiztua, gainean.

Hilobia hegika jarritako harlosa handiez inguratzen zen, hilen lekua bizien lekutik bereizteko.

Hila lurrean jartzen zen, bere bitei, arma eta metal landuzko gauzen artean. Hilobietako batean, adibidez, hogeita hamar bat arma aurkitu ziren hiru gerrariren ondoan ;beste batean, berriz, emakume eta haurren gorpuzkinak zeuden, urrezko apaingarri eta edergailu mordo baten azpian.

Hilobiotan aurkitutako gauzen artean aipagarriak dira mozorroak ; gizonen aurpegien mozorroak dira denak. Oso ezaguna da Schliemannek Argosko eta Mizenasko errege Agamenonen mozorrotzat jo zuena (30,3 cm). Itxura lasaiko aurpegia da : luzarana, masaila puztuxeak, sudur luze zorrotza, ezpain fineko ahoa, bizarra eta bibote luzea ditu. Atentzioa ematen clute haren begiek, luzaranak eta itxi-itxiak. Mozorro guztiak daude teknika berdinez eginak : tarte handiak mailuaz joz eginak, eta xehetasunak, berriz, tresna zorrotz batez landuak.Ezpata eta sastakaiak lantzen ere trebetasun handia erakutsi zuten Mizenasko urregile eta brontzegileek ; bolia, urrea, lapislazulia eta harri kristala erabiltzen zituzten heldulekuko zuraren eta ahoko brontzearen apaingarri, eta animaliak eta ehizaldiak irudikatzen zituzten batez ere. Urregintzako lanik harrigarrienak sastakai damaskinatuak dira : urrea, zilarra, elektrona (urre eta zilar nahastura, anbar kolorekoa) eta niela (esmalte beltza) maisutasunez konbinaturik daude, halako eran ezen gai horien kolore nahasketek (zuria, horia, gorrizta eta beltza) metal gaineko fresko ikusgarri moduko bat eratzen baitute.

Hilaren ondoan aurkitutako gauzen artean aipagarriak dira, azkenik, bitxiak eta metal bitxizko ontziak.

Mizenasko bitxigintza, armetarako brontzegintza bezala, Minosko tradizioan oinarritu zen batez ere, baina ez hartan bakarrik, esan baitaiteke putzu hilobietan bi tradizio independentek bat egin zutela : tradizio greziarrak, batetik, eta Minoskoak, bestetik.

Gauza asko eta era askotakoak aurkitu dira hilobiotan, emakumeen gorpuzkinen ondoan batez ere, baina baita gizonen ondoan ere : koroak eta diademak, urrezko xafla eta zirrindolak jantzietan josteko, lepokoak, eskuturrekoak eta orkatilekoak, kateak, orratzak, belarritakoak, eraztunak.

Batzuk -diademak, adibidez- hilentzat berariaz egindakoak zirela uste da.

Metal bitxizko ontziek Mizenasko aberastasunaren neurria ematen dute : bilobi zaharrenetan (B zirkuluko hilobiak) urrezko hiru eta zilarrezko bi aurkitu ziren ; geroagokoetan (A zirkuluko hilobiak), berriz, urrezko hogeita lau eta zilarrezko hogei.

Ontzi txikiak dira gehienak, eta bi motatakoak bereiz daitezke : edateko erabiltzen zirenak (edontziak) eta isurtzeko erabiltzen zirenak (pitxerrak). Landare eta animalia irudiez apaintzen ziren batez ere, baina baita eguneroko bizitzako gertaerez ere, behin edo behin. Artelan hauetan ere bi aldetako eragina nabari da, Kretakoa, batetik, eta kontinente barrukoa, bestetik.

 

Gotorlekuak eta hilobi kupuladunak

Mizenasko zibilizazioaren goren mailan arkitektura lan aipagarriak egin ziren : jauregi edo gotorleku handiak, muino malkartsuetan, harresi ikaragarriez (5 m zabal) inguratuta . Nahiko ezagunak dira Mizenas eta Tirintokoak (Argolida), haina aipagarria da ere, adibidez, Gla uhartekoa (Beozia), zeinak 3 kilometroko harresia baitzuen. Harresi sendo horiek igarotzeko ateak ere ez ziren, noski, nolanahikoak ; ezagunena, beharbada, Mizenasko Lehoien atea da, gotorleku hartatik gorde den atalik inportanteena . Benetan ikusgarria da ateburuko erliebea : bi lehoi, zutabe baten alde banatan, atezain. Haien gorputz tinko gihartsuek eta egikera simetrikoak antzinako Sortalde Hurbilaren eragina iradokitzen dute.

Mizenasko jauregiak egoitza gotortuak ziren beste ezer baino gehiago, eta gotortasun horrexek bereizten ditu Kretako jauregietatik, erabat ingurura zabalik. Salbuespen bakarra dago : Pilos. Esango litzateke ezen Pilos, Mesenia urrutian bakarrik, ez zela beste herrien erasoen beldur.

Jauregiotako gela nagusia, jauregiaren erdigunea, nolabait esateko, audientzia aretoa zen : megarona. Lauki zuzen baten itxurako gela handia zen megarona ; gelaren erdian, sabaiari eusten zioten zurezko lau zutaberen artean, sutondo biribil bat zegoen. Megaronaren aldamenetan beste gela asko izaten zen : janari biltegia (ardo eta olio pitxerrez betea), baxera gordetzeko gela, artxiboa(buztinezko oholtxoez beterik apalak) etab. Gela batzuk kanpotarren logeletarako gordetzen ziren eta beste txiki bat, lur egosizko ontzi edo upel moduko bat zuena, bainugelatzat erabiltzen zen. Gela gehienetan freskoez apainduta zeuden hormak.

Hilobi arkitekturan ere hilobi mota berri bat sortu zen, biribila eta kupuladuna.

Muinoren albo batean egiten zen : muinoa albo batetik zulatu, ganbara biribil baten itxura emanez hustu, eta lurrezko tumulu batez estali. Korridore luze bat izaten zen, drornosa, barruko ganbara biribilerako sarbide . Hilobi horietako bat ixten zuen atearen arrasto gutxi batzuk aurkitu dira : zurezko ate gotor bat izan bide zen, bolizko eta urrezko apaingarriekin. Hilobi hauen hormak egiteko erabilitako harriak, putzu hilobietako harkoskor landugabeak ez bezala, harritzar landuak ziren, zehaztasun handiz ebakiak. Handienak, zeina bere bikaintasunagatik Atreorerz altxorra deitzen baita (Mizenas), zortzi metroko ataburu erraldoia du, 120 bat tonakoa.

 

Horma irudiak

Kretakoak bezala, Mizenasko zibilizazioko jauregi eta etzeetako hormak (eta zoruak) pinturez apaindu ziren. Hiru gai nagusi erabili zituzten margolanotan : gizarte bizitza, erlijio bizitza eta izadia (izurdeak, olagarroak, arrainak). Beste gai nagusi bat, hartu zuen hedaduragatik besterik ez bada, apaindurazko marrazkia da. Mizenasko pinturak Kretako arte moldeari jarraitu zion, oro har, baina, adibidez, Knossosko jauregiko irudien mugimendu askatasunaren aldean, hura baino askoz zurrunagoa da.

Nolanahi ere, nekez aurkituko da Kretan Mizenasko fresko zati baten marrazkiaren bikaintasuna. Jainkosa baten marrazkia da (K.a. XIII. m.) ; bularretik burura bitarteko zatia besterik ez da gorde. Blusa lepo-has batez jantzita dago, eskuturrekoez eta lepokoaz apaindua, sorbalclez beheragoko hiru txirikorda luzetan duela orraztua ilea.

Esku batean daramatzan bihiei begira hezala dago. Harrigarriak dira haren aurpegi soslaiaren garbitasuna eta eskuen eta begiaren marrazkiaren bikaintasuna.

 

Zeramika eta plastika lanak

Mizenasko zibilizazioaren ezaugarri berezienetako bat zeramika da, zeinak, bide batez esanda, oso lotura estua baitu pinturarekin . Zibilizazioa bera bezala Kretako ereduan oinarritu zen hasieran Mizenasko zeramika ere, bai formetan bai gaietan, baina putzu hilobien garaian ezin bereizi bazitekeen ere Mizenasko ontzi bat Kretako batetik, bilakaeraren bilakaeraz bere molde propioa hartu zuen, margozko dekorazioa estilizatuz, eslcematizatuz eta soilduz. Estilo berri hori Peloponeso osora ez ezik, Greziako erdialdera eta Eubeara ere zabaldu zen, zerarnikagintza mota berriaren eta zibilizazioaren beraren gailentasunaren eralu.tsgarri.

 

Beste arte adierazpen batzuk

Mizenasen ez zen, Kretan izan ez zen bezala, estatua handietarako zaletasunik. Tamaina handiko lan bakarra ezagutzen da : igeltsu margotuzko emakume (edo esfinge bat ote?) buru bat (K.a. XIII. m.). Aldiz, lur egosizko estatua txiki asko aurkitu dira hilobietan, kontinente osoan. Jainkosak dira gehienak, eta egikeran desberdinak badira ere, badute zenbait ezaugarri komun : buru txikia hiruki itxuran moldatua, begi handi irtenak eta sudur nabarmena ; lepo luze iraina, zilindro itxurako enbor soila gorpuztzat, eta erantsitako bi kono txiki bulartzat.

Besoak altxatuta eta koroa buruan irudikatzen da askotan, margo beltz edo marroizko marra soilez apainduta.

Azkenik, metalezko eta bolizko lanei dagokienez, aipatu beharrekoak dira Vafioko urrezko edontziak (K.a. 1500 ing.) eta Mizenasko bolizko hiru jainkosak (K.a. 1550-1400 ing.), zein baino zein bikainagoak. Bolizko irudi honetan atentzioa ematen du keinuen fintasunak eta irudien gizatasunak, ez baita antzinako artearen munduan, greziarrak iritsi arte ez behinik behin, hurkoarenganako maitasuna halako berotasunez eta edertasunez irudikatzen duen obrarik.