Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Antzin Aroa

Egipto : Inperio Zaharra.

Eskultura eta pintura

Menkaure faraoiaren eta haren emaztearen estatua (IV dinastia).<br><br>

Egiptoko estatuak zenduen irudiak ziren, eta garai hartako gainerako arte adierezpenek bezala, erlijio zergatiak zituzten azpian. Garai hartako Egiptoko estatuen ezaugarri nagusia da "kubo itxurakoak" zirela, arkitektura esparruak horretaraxe behartuta : serdab-ean edo kaperan jartzen ziren, eta, baldin eta faraoia bazen, tenpluaren barruan.

Estatua aurretik ikusteko egina zegoen, eta beraz, aurreko aldea eta alboak elkarrengandik bereizita daudela dirudite, aurpegia salbuetsita, zeinak, zenduaren erretratua ahalik eta leialen irudikatu behar zuenez gero, itxura bateratuagoa izaten baitzuen. Aldiz, erliebeetan, aldamenka irudikatzen ziren irudiak, nahiz eta pertsonen gorputz enborra aurretik ikusita bezala irudikatu.

 

Estatuagintza

Estatuagintza Mastabetako erliebeei esker ezagutzen da Inperio Zaharreko eskulturaren teknika, eskulangileak ikusten baitira lanean erliebeetan bertan. Bestalde, Menkaureren hileta eraikinen multzoan, eskultura lantegi baten hondakinak aurkitu ziren, non obra batzuk hasi berriak baitzeuden, eta beste batzuk, aldiz, amaitzeko zorian. Hala ezaguni ahal izan ziren estatua baten sorkuntza prozesuko etapa guztiak, eta baita erabilitako bitartekoak ere. Lehendabizi, harrizko blokea ateratzen zen harrobitik. Harria biguna zenean (kararria, hareharria, eskisto edo lapitza, alabastroa), nahikoa izaten zen zizel kolpeka blokea erauztea. Baina harria gogorragoa zenean (diorita, granitoa, kuartzita) blokeak pixkanaka ebaki behar izaten ziren. Lehenik arrakala bat ateratzen zen zizelez, gero zurezko ziriak sartu, urez busti, eta dilatazioz, nahi zen tokitik hautsarazten zen blokea. Behin blokea bereizi eta gero, harrobian bertan egiten zen arbastu lana, eta ondoren lantegira eramaten zen.

Lehenbizi estatuaren kanpoalderainoko guztia jaten zitzaion zizelka. Pixkanaka, buru aldetik hasita, doituz joaten zen, harik eta nahi zen irudia lortzen zen arte. Ondoren, besoak eta zangoak zizelatzen ziren, harritik ahalik eta gehien bereizteko, eta xehetasunak lantzen ziren. Azkenik leundu egiten zen. Eskulangileek erabiltzen zituzten lanabes gehienak harrizkoak ziren, silexezkoak batik bat, eta baita kobrezko zizel batzuk ere (Inperio Zaharrean), harri gogorrentzat oso eraginkorrak ez ziren arren. Hare-harrizko edo kare-harrizko estatuak margoni egiten ziren, baina harri gogorrezkoak, berez koloretsuak eta zaindunak zirenean, zeuden-zeudenean uzten ziren . Hala egin zuten, adibidez, Khaefreren estatua eseria (Kairo) egin zutenean, zeina Inperio Zaharreko ederrentzat jotzen baita.

Zurezko eta kobrezko estatuak ere egiten ziren, Pepi Zaren eta bere seme Merenrerena, esate baterako.

Bete behar zuen funtzioaren araberakoa izaten zen estatuaren forma. Hasieratik, tronu kubiko batean eserita irudikatzen ziren erregeak, eta tronuaren bi alboetan lotoa eta papiroa antzezten ziren, goiko eta beheko Egiptoren ikurrak, hain zuzen ere. Faraoia xendjit izeneko zapi bat jantzita irudikatzen zen eta erregetasunaren ikurtzat nemes edo koroia buruan eta gezurrezko bizarra kokotsean eramaten zituen. Horrelako estatuetan, faraoia bakarrik egon ohi da, eta emaztearekin dagoenean, emaztea haren oinetan eserita agertzen da. Estatua bikoitzak edo hirukoitzak oso bakanak dira, baina horien artean aintzat hartzekoak dira Menkaure eta emaztea inrdikatzen dituena (Boston), eta Menkaureren hirukotea (Kairo). V. dinastiatik aurrera, erregeen estatuetako jarrera zertxobait aldatzen hasi zen, ideologia teokratikoaren eta aginpide politikoaren arteko erlazioaren eraginez. Horrela ulertzen da, lehen aldiz, faraoia jendaurrean erlijio eskaintzak egiten irudikatzen zuten estatuak egin izana, Pepi Zarena, esate baterako, faraoia belaunikaturik irudikatzen baita, bi ontzi eskaintzeko jarreran (Brooklyn Museum). VI.. inastiaren azkenaldera, erregearen haurtzaroa antzezten zuten estatuak egin ziren, hala nola Pepi Ilaren alabastrozko estatua (Kairo), eta faraoi berbera amaren magalean irudikatzen duena (Brooklyn). Azken hau estatuagintza politika errealitatera egokitu izanaren seinale argia da, artean hatlltl'o bat zela egin baitzuten faraoi Pepi II.a. Bi estatua hauek alabastrozkoak dira, oso material bakana Egiptoko estatuagintzan. Zenbait espezialistak esan du balitekeela harri mota horren esne kolorea haurtzaroaren erreferentzia bat izatea.

Errege ez ziren pertsonak, nolanahi ere, ez ziren haiek bezain_ jarrera zurrunetan agertzen estatuetan. IV. dinastian, artean, erregeen estatuen oso antzekoak ziren pertsona zibilenak adibidez, Rahotep eta Nofreten estatuek (Kairo) kubo antzeko estatua eseriaren eredua errespetatzen dute. V. eta VI. dinastietan asko ugaldu ziren zibilen estatuak, Abusir eta Sakarako mastabetan jartzeko. Garai hartan asko aldendu zen zibilen estatuagintza eredu ofizial klasikoetatik, baina kalitatez ez zuen eskasagoak, Louvren eta Kairon gordetzen diren eskribau eserien irudi bikainetan ikusten den bezala . Nahiz eta mugimendu askatasuna handiagoa zen, ez zioten uko egin jarrera konbentzionalei : zutik edo eserita, gortean betetzen zuten eginkizunari zegozkion ezaugarriekin, edo familia multzoetan. Jarrera askatasuna handiagoa zen, hala ere, eta errealismorako joera nabarmena hartu zuten . VI. dinastian areagotu egin zen errealismorako joera hori, eta horren froga argia da Seneb epotxaren familiaren estatua.

V. dinastiatik aurrera, harrizko estatuez gainera, asko ugaldu ziren zurezkoak ere, eta horietako batzuk, hain zuzen, Inperio Zaharreko eskulturagintzako maisu lan handitzat hartzen dira. Denetan ezagunena, beharbada, Kaaperen estatua da (Kairo), hain errealismo apartekoa, non, Sakarako haren mastabako indusketa lanetan ari ziren langileek xeij el beled (herriko alkate) deitu baitzioten, herriko alkatearen antzantzekoa iruditu zitzaielako.

VI. dinastiatik hasita, eguneroko bizitzako pasarteak irudikatu ziren zurezko, lurrezko eta harri margotuzko eskulturetan, mastabetako erliebeetan egiten zen antzera . Leleen Bitarteko Aroan ugaldu zen, batez ere, joera hori.

 

Erliebea

Erliebeak eta pinturak egiteko mastaba barruan lan egiten zen. Kararri finezko paretak leuntzen ziren eta laukiak markatzen ziren pasarteak irudikatzeko. Gero, izan behar zuten bezala marrazten ziren, azken xehetasuneraino, hieroglifo testuak ere barne zirela. Ondoren erliebea zizelatzen zen.

Horretarako, irudigaiak erreserbatu eta atzealdea hustutzen zen. Khufuren garaitik aurrera (IV. dinastia) teknika hori bakundu egin zen : irudigaiaren inguruan arrakalaxume bat egiten zen "hutsunean" egindako erliebearen itxura izan zezan. Gero, xehetasunak finkatzen ziren arrakala herriak eginez. Benetako "hutsuneko erliebea", hau da, hustutako ingurune baten barman grabatzeko teknika, ez zen ia monumentu, estatua edo hilarrietako hieroglifoetan baizik erabiltzen.

111. dinastiaren garaian, mastabaren kaperako ate faltsuan egon ohi ziren hilarriak baizik ez ziren zizelatzen. 111. dinastiaren azken alderako harriz estalitako gurutze formako ganbara bat bihurtu zen kapera, eta ate faltsua atzealdeko horman egoten zen.

IV. dinastiakoan, gurutze formako kaperaren alboetako hormetan, nagusia eta honen emaztea ahaideen eskaintzak jasotzen irudikatzen zituen erliebezko irudiak egon ohi ziren. V. eta VI. dinastien garaian, mastabako sala eta korridoreetako paretak erabat estaltzeraino korapilatu eta ugaldu ziren hasierako gai bakun haiek, eta hala, hildakoaren eguneroko bizitzako pasarteak eta beste munduan egitea espero zituenak irudikatzen ziren.

Mastaba barruko erliebeetako gai gehientsuak hasieran ate faltsuaren ondoan irudikatutako gaien bilakaera ziren. Horrela, lehenago eskaintza bakun zirenak, azokatik salerosgaiak zekartzaten emakume ilara bihurtu ziren; hileta otordurako haragi zatiak, berriz, abere hazkuntzako pasarte bilakatu ziren, txahal hiltzeak barne zirela ; ogia eta ardo/garagardo pittarrak, gari ereite eta ardo/garagardogintzako pasarte bihurtu ziren ; hasieran hegazti baten eskaintza baizik irudikatzen ez zena, gero, hegaztiak lakioz ehizatzen edo antzaren hazkuntza antzezten zuten erliebe bilakatu ziren. Zenduarentzat eskaintzak prestatzen ari ziren eskulangileak ere azaltzen ziren : urrea urtzen eta bitxiak egiten zituzten urregileak eta estatuak egiten zituzten es1,ultoreak. Hori guztia, ahaidez, lagunez, mirabez eta aberastasunez inguraturik, beste munduan zoriontsu bizitzeko bermetzat hartzen zuten.

Garai horretako erliebeen kalitatea ona zen ia mastaba guztietan, baina badira batzuk bereziki nabarmenak : Ti-ren mastaba (V. dinastia), esate baterako, mastaba barnrko erliebeen gailurtzat jotzen da, xehetasunen doitasunagatik eta gaien aniztasunagatik ; Iduten mastaba ere aparta da, uretako pasarte zoragarriak baititu non doitasun harrigarriz irudikatuak dauden hegaztiak eta arrainak; aipatzekoak dira Nuferren hilobikoak ere, polikromia oso ongi gorde baitute, nahiz eta xehetasunei dagokienez, ez diren Ti-ren mastabakoekin alderatzeko modukoak.

VI. dinastiaren garaian estimazio handia izan zuten mastaba erliebedunek gorteko funtzionario nagusien artean, eta ez zegoen eskariari erantzuteko hainbat eskulangile aditu. Askotan, amaitu gabe uzten ziren, edota arrakala axalagoz amaituta. Faraoiaren hurbileko funtzionarioek ordea bazituzten eskulangile adituak eta hauek kalitate handiko lanak egiten zituzten, nahiz eta V. dinastian bezainbateko orijinaltasunik ez den soinatzen irudikatutako gaietan . Hori gertatzen da, esate baterako, Merenikaren eta Mahuren mastabetan, non erliebearen arrakala sakonagoa den eta kalitatea V. dinastiako lan hoberenekin alderatzeko modukoa.

 

Pintura

Inperio Zaharreko pintura gutxi gorde da. Denetan ezagunena Meidumeko antzarak izeneko horma irudia da (Kairo), Itet eta Nefermaaten mastaban zegoena, IV. dinastiaren hasierakoa. Egun ikus daitezkeen sei antzarak Niloren ertzetako bizitza gogorarazten zuen multzo handiago baten parte baizik ez ziren. Esandako margolanak Snofru faraoiaren seme Iteten emazte zen Nefermaaten kaperan zeuden ; pintura zoragarri hori margotu zuen artistak koloregai mineralak erabili zituen uretan nahastuta, eta aglutinatzaile gisa, arrautza zuringoa eta landare goma. Pinturaren atzealdea igeltsozko geruza gris argi bat da.

Konposizio simetrikoa da. Panelaren alde banatan hiru antzara pare ageri dira, kontrako norabideetara begira. Marrazkia errealismo handikoa da, baina lumen marrazkera estilizatuan ez ziren errespetatu izadiko ereduak.