Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Antzin Aroa

Egipto : aldi arkaikoa

Narmer-en paleta. Dinastia aurreko aldia, K.a.<br><br>3000.<br><br>

Gutxi ezagutzen da K.a. 3000. urteaz aurretiko historiaurre aldia. Egipto Garaiko gune neolitikoetan bertako kulturak garatu ziren, bakoitzak bere hilobietarako arte eta kultura bereziak zituela.

Egiptoren lehen bateratzea bi erresuma handitan banandua zegoela gertatu zen. Iparrean, Egipto Beherea, deltatik Dahsur-eraino. Koroa gorria zuten hango erregeek. Hegoan Egipto Garaia, Gebel-es-Silsileh-raino. Hemengo erregeek koroa zuria zeramaten.

Hegoko faraoi batek, Narmer-ek, batu zituen «Bi Erresumak» K.a. 3000 aldera, eta, erresuma bakoitzak bere burujabetzari eutsi bazion ere, jainkozko errege bakarraren pean batuta jarraitu zuten ondorengo hiru mila urteetan.

Batasunarekin batera hasten da Egiptoren aldi historikoa, Menesekin, alegia, faraoi hauxe izan baitzen hogeita hamar dinastietan lehenari hasiera eman ziona eta Menfis hiriburua fundatu zuena. I eta II. dinastietako (3000-2788) errege eta printzeen hilobietatik antzematen da garai hartarako egituratuak zeudela Egiptoko erakundeak eta kultura. Erliebearen, pinturaren eta eskulturaren ezaugarri nagusiak nahiko zehaztuak zeuden K.a. 3100 ingururako.

 

Dinastia aurreko artea

Badariar zibilizazioan (el-Badari, Assiut-etik hurbil) sakratutzat zeuzkaten zenbait animalia. Eltzegintzarako labea asmatu zuten eta perfekzioraino iritsi ziren, bazter beltz metalizatu dirdaitsua zuen zeramika gorri bat egitean. Orraziz marraztutako uhin moduko batzuekin ere apaintzen zuten.

Kobrea urtu eta landu zuten, eta harrizko ontziak, arbelezko paletak eta bolizko estatuatxo, orrazi eta sastakai kirtenak zizelatuzituzten. Ehizatzen zituzten hipopotamoen hortzez etxerako tresnak egin zituzten : jostorratzak, eztenak, orraziak, koilarak eta edateko ontziak.

Arbelezko paletak -betazalak apaintzeko pinturak ehotzeko erabiltzen zituztenlauki zuzen soilak izatetik harrigarriro landutako pieza handiak izatera pasa ziren.

Kuartzo urtuz estaltzen zituzten lepokoen aleak. Kuartzo urtuarekin kobre apurtxo bat nahastean Egiptoko urdin ospetsua asmatu zuten, eta berehala hedatu ziren tonu urdin edo berdezko Egiptoko portzelanak.

Nagadako zibilizazioko piezak (Nagada, Luxorren ipar aldean) badariarrenen antzekoak dira, baina apaingarrien kalitatez eta teknika prozeduraz desberdinak. Lehen Nagadan (4000-3500) zeramikagileek ia gaurko mailaraino menderatu zuten teknika.

Zeramika beltzak egin zituzten, edo gorriak, gorriak eta beltzak, edota gorriak apaingarri zuri-horixkekin (landare eta zuhaitzen abarrak, animaliak, edo uretan ehizean ageri diren giza irudiak) eta forma askotakoak.

Marrazkiak angelutsuak dira, zuri-horixkak, eta lerro zuzenak, laukitxoak eta sigi-sagak txandakatzen dira. Gaiak geometrikoak dira eta animaliak oso meharrak. Ezerezetik hasi eta pixkanaka lurra erantsiz heltzen zen eltzegilea irudiak osatzera. Dinastiak hasi aurreko azkenaldiko emakume irudien ezaugarri bat da besoak zerura altxata dituztela, pinturetan bezala. Orduan agertzen dira faraoien garaiko ezaugarri izango diren itsasontzi eta mirabe irudiak.

Harria ordurako oso ongi lantzen zen.

Dioritari eta esmerilari esker husten zen harria, eta zilindro formako ontzi guztiz finak lortzen ziren. Arbelezko paletak, hasieran lauki zuzenak baziren ere, animalia itxuran egiten dira orain. Artelan bihurtu dira jada eta Egiptoko artelan guztiek bezala, bizitza honetarako adina balio dute besterako . Lehen estatua horiek txikiak eta lantzen errazak dira : lurrezkoak, bolizkoak, hezurrezkoak. Dituzten forma meharrek pinturetakoak gogorarazten dituzte.

 

Dinastia aurreko azkenaldiko artea

Beranduko Nagadan (Gerzehko zibilizazioa ere deitzen zaio, ei-Gerzeh, delta muturraren hegoan) (3500-3100), kanpokoekin harreman handiagoak zituztelako edo, zibilizazio finduagoa agertzen da.

Egostean tonu gris edo horiak hartzen dituen beste buztin mota bat erabiltzen dute.

Zeramika hauek apaindura gorriak dituzte eta forma berezia : ontzi handi heldulekudunak dira. Formak biribilagoak dira eta geroko Egiptoko artean guztiz ohiko bihurtuko diren elementu batzuk azaltzen dira : itsasontzi arraundunak perspektiba gabeko paisajearen erdian, eta han-hemenka, animaliak, landareak, zeinu geometrikoak, eta pertsona irudi txiki eskematikoak : emaztekiek bularralde eta aldaka markatuak dituzte, oinak aldamenka, besoak altxata eta buru gainean arkua eginez, eta gizonezkoen irudiak baino handiagoak dira ; gizonezkoekbesoak zintzilik dituzte, edo makilatxo bati eusten, aurrez daude, gonatxo modukoak dituzte eta zangoak aldamenka. Pinturan ere islatzen dituzte gaiok.

Harria lantzen zutenek edontzi ia hautsi ezinak egin zituzten. Harri bigunetatik gogorretara pasa ziren, eta kolore eta marra aniztasunari esker ez dago antzeko hi edontzirik . Emaitza hain zen ederra, ezen zeramiketan imitatzen ere saiatu baitziren.

Kosmetikoetan ere, paletak geroz eta finagoak dira. Grabatutako animaliak pareka eta simetrikoki eginak daude. Zenbait xehetasun, hala nola animalien adarrak, erliebean egiten dira. Hezurrean edo harrian zizelatutako iruditxoak gizakienak edota idoloenak dira, nahiz eta artean jainkoak izen gabeak izan.

 

Dinastia aroko artearen hastapenak

 

Eskultura

Erliebea, hain garrantzitsua Egiptoko artearen historian, beranduko Nagadaren erdialdera sortu zen (K.a. 3300). Gauza txikiekin hasi ziren : aizto kirtenak eta arbelezko paletak. Baina hasierakoak izanagatik perfekzio harrigarrikoak dira. Errealitatea bi dimentsiotan irudikatu ahal izateko ondorengo hiru mila urteetan iraungo duen egiune sail bat ezartzen da : aurpegia aldamenka, gerritik beherakoa erdizka, bizkarra eta begia aurrez ; baita marrazkiari dagozkion beste zenbait egiune ere : perspektiba eza, gauzakiaren itzulingurua baliatzea, ardatz simetriko baten araberako antolakuntza, kontakizuna rnaila desberdinetan antolatzea, irudiak lerroan jartzea, pertsonajearen tamaina garrantziaren araberakoa izatea. Ezaugarri horiek paleta handietan agertzen dira, hala nola Narmer erregearen paleta guztiz bikain eta ongi kontserbatuan. Gaiok klasiko bihurtuko dira. Erregeak, zezen itxuran, lurrean erorita dagoen gizon bat zapaltzen du adatsetik oratuz. Aurpegi batean hegoko koroa zuria darama, eta bestean, gorria, iparreko erreinu menderatu berrikoa. Hieroglifoen bidez -artean hieroglifo traketsak badira ere- erregearen izena eta garaituen kopurua adierazten dira. Zibilizazio berriaren ezaugarri nagusiak idazkera eta erregearen aginpidea izango dira. Narmer Nemes da I. dinastiako lehen erregea, eta haren paletak ez du jada ohiko erabilpena, zeremonietako paleta bihurtu baita.

Gauza bera gertatzen da, nola teknikan hala tratatzen diren gaietan, zizelatutako makila burudunekin.

Suharrizko lanabesetan kalitate maila handia lortu zen historiaurrean. Lehen dinastiaren aurreko aro hurbilenean, hezurrezkoedo bolizko sastakai kirtenak, garrantzizko gertaera historikoak gogorarazten bide dituzten grabatuekin apaintzen dira, eta, oro har, Narmerren paletaren arauak jarraitzen dituzte. Zenbait kasutan hainbestekoa da doitasuna, ezen zoologoek berrehun eta hogeita zazpi animalia identifikatu baitituzte helduleku baten bi aldeetan .

Lehen dinastiaren garaiko hilarriak eskala handian egindako erliebeen adibideak dira. Errege Sugearen Hilarria da (Wadji faraoia) adibide nabarmenena. Lauki zuzen baten gainean belatz bat ageri da. Lauki zuzenaren barman suge itxurako hieroglifo batek jauregi baten aurrealdea koroatzen du.

Goiko erremate biribildua Egiptoko hilarrien beste ezaugarri bat da. Garai honetako beste hilarri batzuetan, nahiz eta hain finak ez izan, geroko hilarrietan funtsezko elementuak izango direnak aurkitzen ditugu : hilobiaren jabea aulkian eserita, esku bat luzatua, bestea bularrean tolestua, eta izena eta titulua hieroglifoetan idatzia ; eskainitako animalien buruak, mahai bat ogiekin eta mahaipean pegar bat garagardo.

Garai berekoak dira etrketak ere. Zurezkoak edo bolizkoak ziren, grabatuak edo pintatuak, hieroglifoekin edo beste irudi batzuekin. Zerbaiti lotu eta zelako objetua identifikatzeko edo datatzeko balio zuten.

Zigilu zilindrikoak ere baziren, harrizkoak, hezurrezkoak edo zurezkoak. Eskumuturretik edo lepotik zintzilik erabiltzen ziren. Pittarraren edo beste edozein ontziren buztin bigunean uzten zuten zigiluaren marka.. odiak hieroglifoak dira. Zigilu eta etiketa hauetan azter daiteke hasierako idazkera hieroglifikoa.

Dinastia aurreko azken alditik lantzen zen estatua bakandua, eta din.stien garaian ere jarraitu zuen zurezko eta bolizko eskultura tradizioak. Lehen dinastiaren azkenerako agertzen dira zurezko giza estatuak, ezkerreko oina aurreratua dutela. Egiptoko ondorengo gizonezko estatua guztietan errepikatuko da ezaugarri hori. Izan ere, orduan tinkatu ziren Egiptoko jainkoen behin betiko itxurak. Zuraren eta boliaren hauskortasunak eraginda, harrizko estatuak zizelatzen hasi ziren.

Lehen dinastiatik gordetzen diren zatietan zurezko lehen obren itxura kubikoa ikusten da. 11. dinastiaren garaian, gizarte indartsua islatzen da kargu altuen hilobi aberatsetan eta estatuetan. Khasekhem faroiaren eskistozko estatua eseria benetako monumentua da, nahiz eta tamaina naturalera ez iritsi. Orduan hasten dira garatzen estatuagintza monolitikoaren ezaugarriak. Tronua trinkoa da orain, ukabilak itxita daude pieza bereiztua den aginte makilari heltzeko, eta burua aurreratua dago koroari eusteko .Gorde dira animalien eskultura bakanduak ere, lehoienak batez ere. II. dinastia garaiko terrakota batean, itxura kubikoa eta proportzio mozkoteak antzematen dira ; garai hartako giza irudien ezaugarria ere bada azkeneko hau. Dinastia aroaren hasierako kare-haitzezko bi lehoi ere badira, tamaina naturalekoak, kalitate handikoak, tenplu edo jauregiren bat apaintzeko eginak. Lehoia, ordurako, erregetza sinboloa da, eta beraz, ondorengo estatua askotan piztiaren gorputza eta erregearen burua lotuko dira : es- Finjea.

Bolia lantzen zutenek perfekzio maila handia lortu. zuten nola estatuagintzan hala ebanisterian, eta idi hanka itxurako altzari oin bikainak egiten zituzten.

 

Arkitektura dinastia aroaren hasieran

Lehen dinastiako hilobietako arkitekturaren ezaugarri nagusia mastaba da.

Saggarakoa lauki zuzen formako gainegitura bat da, ardatz luzea iparretik hegora doa eta lurpeko hilobi ganbara eta biltegi multzo baten gainean hedatzen da, hauen sabaiak habe trinkoak direla. Goiko egituran zenbait gela dago, hildakoaren dotea uzteko. Kanpoko paretak eguzkitan lehortutako lohizko pezoz eginak daude, zokoak eta irtenuneak txandakatuz ; barrenetik lodiagoak dira gorenean baino, aurreko eraikuntza sisteman bezala. Dinastia garaiko eraikuntza guztien ezaugarria izango da hori, baita eraikuntzak harrizkoak direnean ere. Kanpoko apaindura "jauregi fatxada" deiturikoan oinarritzen da, hau da, errege jauregiaren sarrerako diseinuan : ate garai bat eta zutabeak alboetan .

Ivlastaba eta jauregi aurre alde hauei esker ikus dezakegu garai hartako errege jauregien -batez ere san -eraren- bikaintasuna eta edertasuna. II. dinastiako eraikin erlijiosoak harriz eginak ziren.