Historia»Egungo aroa
Bigarren industrializazioa
Gerra ondoko lehen urteetako Euskal Herriko ekonomiak kontraesanez
beteriko egoera bizi izan zuen. Siderurgian eta hornigaigintzan aritzen
ziren enpresa handiak ikaragarri garatu ziren, estatuaren politika
autarkikoari eta gerratean suntsitutakoak konpontzeko premiei esker.
Zenbait industria eta negoziotan kapitala metatzea eta etekin handiak
lortzea ekarri zuen horrek. Estraperloa osagarri garrantzitsua izan zen
prozesu horren barruan. Alderantziz, beste sektore askok bizirik
irautera mugatu behar izan zuten eta, herritarrek batez ere, miseria urte
luzeak bizi behar izan zituzten. Zenbait kasutan, garaileen aldetiko
«gizarte mendekutzat» ere har daiteke egoera hura. 1950eko
hamarraldiaren azkenetatik aurrera, ekonomia ziklo berriak eta balditza
egoki sail batek bide emanda, industriaren garapen orokorra etorri zen,
batik bat, lehendik industria zegoen tokietan (Bizkaian eta Gipuzkoan);
barnealdeko probintzietara ere heldu ziren fabrikak, ordu arte
nekazaritza eta eskulangintza apala besterik ez zuten lurraldeetara,
alegia.
Gerra ondoa: ekonomiaren hazkundea eta industriaren espezializazioa
Berreraikuntza
1936ko gerra zibila Euskal Herrian aski
goiz bukatu izanak –1937ko ekainean– eta
Espainiako industria astunaren zati handi
bat lurralde honetan egoteak abantaila handiak
ekarri zizkion euskal ekonomiari, Francoren
gudarostearentzat gudarako eta azpiegituretarako
gaiak hornitzen zituen industriarik
garrantzizkoena bilakatu zelako.
Industria berriro lehengo martxan jartzeko
ahaleginak 1937ko udan bertan hasi ziren,
eta hurrengo urteetan are gehiago azkartu
ziren. Gerra amaitu zelarik, orduantxe indartzen
ari zen euskal ekonomia haren
mesederako izan ziren gerrak eragindako
kalte eta hondamen guztiak, eta Bigarren
Mundu Gerraren ondorioz Espainiak pairatu
zuen bakartze eta baztertze politika, Espainiaren
berreraikitze politikak eta orduraarteko inportazioak osatu beharrak bertako
industria indartzea ekarri baitzuten.
Gerrak herrietan, azpiegituretan, burdinbideetan
eta material mugigarrietan, merkataritzako
ontzidian etab. egindako kalteak
osatu ahal izateko Euskal Herriko industria
astuna indartu beharra izan zen –siderurgia
eta ekipo hornidurakoa batez ere–.
Berebiziko ahalegina egin behar izan zuen
industria horrek, eskura zuen teknologia eta
lehengaiak erabiliz, gerra ondoko berreraikuntza
prozesuak sortzen zuen merkatua
hornitu ahal izateko. Euskal siderurgiaren
produkzioa erakusgarri ona izan daiteke
industriaren mobilizazio hori zenbaterainokoa
izan zen ezagutu ahal izateko. Burdin
lingoteen produkzioa, adibidez, 1935ean
produzitzen ziren 246.956 tonatik 1940an
426.178 tona produzitzera iritsi zen, %72,6ko
hazkundea beraz; altzairu produkzioari bagagozkio
berriz, 398.692 tonatik 507.791
tonara igo zen, %27,4ko hazkundea beraz.
Industria astunaren eta ekipo hornidurako
industriaren hazkundea bultzatu zuten
beste bi sektore ontzigintza eta burdinbideetako
materialgintzarena izan ziren. Euskal
Herriko ontzigintzako industriak, Euskal
Herrian baitzegoen izan ere Espainia
guztiko itsasoko ontzigintzaren erdia baino
gehiago, gerrak desegin edo hondatuzuen ontzidia berriro osatzeko egin behar
zuen ahalegin horren ezaugarri itsasontzi
berriak egiteko eta lehendik zeudenak konpontzeko
eskari ugariak dira. Bizkaian,
adibidez, ontzigintzak berebiziko hazkundea
izan zuen, 1940an 28.180 tona izatetik
1943an 179.517 tona izatera iritsi baitzen,
eta antzeko kopuruak izan ziren 1940 ondoko
hamarraldi horretako gainerako urte
guztietan ere. Gauza bera gertatu zen burdinbideetarako
material berria egin edo
hondatua konpontzeari dagokionez ere.
1940an bertan 111 lokomotor eta 572 bagoi
egin ziren edo ari ziren egiten, eta 43
lokomotor eta 1.962 bagoi ari ziren konpontzen.
1942an, 100 lokomotor eta 1.213
bagoi egin ziren edo ari ziren egiten, eta
beste 50 lokomotor eta 879 bagoi konpondu
ziren. Datu hauek guztiek aski garbi
uzten dute zenbaterainoko eragina izan
zuen Espainiako berreraikuntza politikak
Euskal Herriko industriak gerra ondoko lehenengo
urte horietan izan zuen hazkundean.
Prozesu hori bera bestelako industria batzuetan ere izan zen: eraikuntza eta
zementu industrian adibidez, Espainiako zementugintza
gehiena Euskal Herrian baitzegoen
kokaturik. 1946an Gipuzkoan –Gipuzkoa
baitzen Espainiako probintzietan
zementu gehien produzitzen zuena–
189.658 tona zementu produzitzen zen, eta
Bizkaian 180.776. Bi probintzia horien artean
10.606 langile enplegatzen ziren eraikuntzan
1946an; 1950erako 26.989 langile
enplegatzen ziren sektore horretan.
Inportazioen ordezko produkzioa
Beste alde batetik, Espainiako ekonomiak
1950 ondotxora arte pairatu zuen bazterkuntzaren
ondorioz, ezin izan zuen merkatua
normal eta behar beste hornitu ez
oinarrizko lehengaiez ez teknologiaz; horren
ondorioz ahalegin bereziak egin behar
izan zituen Espainiako industriak ekonomia
egoki ibili zedin oinarri-oinarrizko
zituen inportazioko gaien ordezkoak produzitzeko.
Inportazioz ekartzen ziren ongarrien,
paper orearen, tresneriaren, farmazia
eta kimika produktuen ordezkoak eduki
beharra zela eta, lehenago inportazioz
ekartzen ziren gai horien ordezkatzearekin
zerikusia zuten industria elkarte berriak
sortu eta indartzen hasi ziren. Gipuzkoan
eta Bizkaian kimika industrian ari ziren langileen
kopurua %124 hazi zen 1940-1950
bitartean (5.356 langiletik 12.017ra). Gipuzkoan
paper fabriketan ari ziren langileak
3.762tik 6.885 langilera ugaldu ziren
bitarte horretan berorretan. Baina berrikuntza
ahalegin hori gehien nabarmendu zen
sektorea metalurgiarena izan zen, eta metalurgiaren
barruan makina lanabesaren
sektorea hain zuzen. Laburtzeko, bada,
metalurgiak, siderometalurgia ere barnean
hartzen dela, urte horietan hartu zuen bultzadak
are gehiago indartu zuen euskal
ekonomiak lehendik ere ia industrian bakarrik
oinarritzeko zuen joera; joera hori berori,
gainera, gehiago indartu zen oraindik
1960 ondoko urteetan euskal ekonomiak
izan zuen hazkuntza aldian. 1940an Gipuzkoan
lanean ari zen biztanleriaren %41
industrian ari bazen, 1950ean %47koa zen
proportzio hori, 1954an %54 eta 1963an
%61. Bizkaian, 1940 ondoko lehenengo
urteetan, langileen %50etik gora metal industrietan
ari zen lanean; 1959rako %47 zen
proportzio hori. Gipuzkoa eta Bizkaia, bi
probintziak batera harturik, 1940an 52.946
langile ziren guztira metalurgian; 1950erako
92.180 langile ziren, eta 1959rako 175.946
langile, %237ko hazkundea beraz 1940tik
1959ra. Hazkunde hori bestelako sektore
tradizional batzuen kaltetan gertatu zen(papera, ehungintza, elikagaiak adibidez),
horiek urritu egin baitziren proportzioz
Euskal Herriko industrian.
Ekipamenduen eta makinen zahartzea
eta hondatzea izan zen Espainiako industriak
nolabait erantzun eta konpondu behar
izan zuen beste arazoetako bat. Zahartze
eta hondatze hori 1930etik aurrera hasia
zen, hamarraldi horretan ekonomiak izan
zuen beheraldiaren, gerra zibilaren, gerra
ondoko bazterkuntzaren eta dibisa urritasunaren
ondorioz; horrek guztiak industriarako
tresneria berria prestatu beharra ekarri
zuen Espainian, hondaturik zegoena konpontzeko,
bazterkuntzagatik Espainian bertan
produzitu behar baitzen tresneria hori.
Eskaera horren eraginez makina lanabeseko
garrantzi handiko industria sortu zen
Hego Euskal Herrian 1940 ondoko bi hamarraldietan.
Horren erakusgarri, 1940-1959
bitartean Espainian sortu ziren makina lanabeseko
153 industria berrietatik %62 Euskal
Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan
sortu ziren.
Euskal ekonomiaren eta industriaren
hazkunde horrek Espainiako ekonomiaren
gorabehera berberak izan zituen ordea.
Lehengaien urritasunak eta haien kalitate
eskasak, energia urritasunak, elektrizitate
indarrarenak batez ere –urte horietako batzuetan
ekonomia eta industria jarduera
osoan izan baitzuen eragina eta lanorduak
urritu beharra izan baitzen– eta behar-beharrezko
ziren teknologiak eta lehengaiak
erosteko dibisarik ezak arras baldintzatu eta
mugatu zituen ekonomiaren hazkundea,
industriaren produktuen kalitatea eta produktibitatea
bera. Espainiako gobernuak,
metalurgia sektorea bultzatzeko, Gipuzkoakometalurgiarena bultzatzeko batez ere,
eta enpresarioei behar zituzten atzerriko
ondasunak (teknologia adibidez) erosi ahal
izateko dibisak Espainiako merkatuan ziren
prezioetan baino merkeago lor zitzaten zenbait
lege neurri hartu zituen, OG eta M-1
deituak, 1950 aurretxoan metalurgiako esportazioak
bultzatu ahal izateko. Laburtzeko,
dibisak prezio onetan erosteko aukera
ematen zitzaien, era horretara atzerrian teknologia
eta lehengaiak erosi ahal izan zitzaten,
esportaziorako metalurgiako salgaiak
sortzeko industria indartu ahal izateko. Hau
da, dibisak merke erosteko aukera ematen
zitzaien, esportazio bidez dibisa horiek ugaltzeko
aukera sortzen baitzen. Sistema horrek
arrakasta izan zuen, eta esportaziorako
metalurgiako salgaien produkzioa handitu
ahal izan zen alde batetik, bestetik prozesu
horretan sarturik zeuden enpresen ekonomia
balantza hobetu ahal izan zen, eta dibisak
ugaldu ziren. Esportazio eragiketa
berezi horiek arras ugaldu ziren 1950 ondoko
urteetan; 1949an 19,6 milioi pezeta
baziren, 1952rako 213,8 milioi pezeta ziren,
eta 1957rako 370.9 milioi pezeta. 1956an
esportazio horiek 343 milioi pezeta eman
zituzten; horietako %99a Euskal Autonomia
Erkidegoko hiru probintziei zegokien, %87
hain zuzen Gipuzkoari; esportazio gehienak
Hego Ameriketako lurraldeetarako izan ziren,
Brasil, Txile eta Mexikorako batez ere,
eta horien atzetik zetozen Estatu batuak eta
Ingalaterra.
Gehien saldu ziren produktuak josteko
makinak, su armak, ferreteria, makina lanabesak
eta nekazaritzarako makinak izan
ziren; horrekin batera hasiak ziren autoetarako
ordezko aldagaiak ere saltzen, etahurrengo hamarraldietan berebiziko garrantzia
izango zuen industria horrek, Gipuzkoan
batez ere.
1958ko krisiak eta ondorengo Egonkortasun
Planak aldi berri bat ekarri zuten ekonomia
eredu horretan, M-5 programa sortu
zelarik; programa horretan hain zuzen siderurgiako
produktuak eta ontzigintzakoak
izan baitziren metalurgiako esportazioetan
garrantzizkoenak, eta Bizkaiko probintziak
hartu zion Gipuzkoakoari esportazioetan
zuen lehen lekua, Bizkaian siderurgiak
eta ontzigintzak zuen garrantziari esker.
Hazkundea, aurrezkia eta banketxeak
Zerbitzuen sektoreari dagokionez, lehendik
tradizioa zuten bi azpisektorek hazkunde
handia izan zuen: itsas garraioen
sektoreak eta banketxeenak. Euskal Herriko
garraioko ontzidiak onura eta irabazizko
aldi luze bat bizi behar zuen (1940-1973).
Espainia Bigarren Mundu Gerran ez sartu
izana eta gerra hori bukatzean mundu
osoan hasi zen ekonomiaren hazkunde aldi
luzea ongi baliatu zituzten Euskal Herriko
garraioko ontzi enpresek, eta parte on bat
izan zuten nazioarteko itsaso bidezko garraioan.
Sektore horren oparoaldia mintzagai
dugun aldi honen hasieratik bertatik hasi
zen sumatzen bai garraio enpresen kontabilitatean
eta irabazietan bai haien akzioek
burtsan zuten balioetan ere, 1. koadroan
ongi ikusten den bezala.
Bada, azkenik, beste faktore bat ere azpimarratzekoa:
finantziaketa kapitalari dagokiona
alegia, gerora Espainiako ekonomian
geroz eta eragin handiagoa izango
zuena. Gerra ondoko urteetan metatutako
ondarearen zati bat finantza elkarteetan jarritakoaurrezki bilakatuko zen. Diru asko
metatu zen, izan ere, merkatu beltzean, eta
askoz ere neurri apalagoan bada ere, merkatu
ofizialean ere bai, Espainiako ekonomia
eskaera horri erantzuteko gai ez zenez
produkziozko inbertsiotara eta kontsumora
bideratu ezin izandako irabaziengatik
batez ere.
Bilboko komertzio Ganbara Ofizialak
«zenbait gertaera ekonomikoz» prestatutako
txosten «gordean edukitzeko» batean esaten
denez, «estualdi honek dirua aurrezkietan
gordetzeko joera ekarri du. Hiri honetako
banketxeetan eta Aurrezki Kutxetan oso
diru sarrera handiak ikusi dira urte osoan
zehar (1943), aurreko urteetan baino askoz
ere handiagoak, hain zuzen, eta aurrezki
hori fabrika eskualdeetatik bezala nekazaritza
lurraldeetatik datorrela sumatu da,
nekazari lurraldeetatik hala ere gehiago
besteetatik baino”. Hurrengo urteetan are
gehiagora egin zuen aurrezki joera horrek.
Esandakoaren erakusgarri ona izan daiteke
Bizkaiko finantza instituzioetan sartu zen
aurrezkiaren bilakaera. 1941ean sartu ziren
1.076 milioi pezetak 2.005 milioiera iritsi
ziren 1945erako, 4.630 milioira 1950erako
eta 9.419 milioira 1954rako. Aurrezki hori
baliatzea beren esku izan zuten finantza
erakundeek era askotako inbertsioetara
bideratzeko. Aurrezki horrek guztiak Espainiako
industria sarean indarrez sartu ahal
izateko bidea eman zien, hainbesteraino
non Espainiako industria enpresariorik handiena
bilakatu baitzen finantza sistema hori,
hurrengo hamarraldietan enpresa erakunde
handietan esku handia izan zuela.
Merkatu beltzean egindako irabazi metaketaren
parterik handiena Espainiako finantza
erakundeetara joango zen azkenean,
banketxe pribatuetara batez ere. Banketxe
pribatuek urte horietan Espainiako ekonomianduten pisua ezagutzeko aski da inbertsioen
eta kutxaren partida begiratzea.
Bi horien batuketa nabarmen hazten da
gerra ondoko lehenengo urteetan. 1935eko
azkeneko lau hilabeteetan 9.972 milioi pezeta
zirenak 41.229 milioi pezeta bilakatuko
dira 1946ko azkeneko lau hilabeteetarako.
Euskal Herriko banketxeek %20 baino
gehiagoko partea zuten diru partida horietan:
4.077 milioi pezeta 1941. urtearen
bukaeran eta 8.421 milioi 1946 bukaeran.
Nolanahi dela ere, banka bezala zituen
bermeak Espainiako banketxe pribatuenak
baino handiagoak ziren, autofinantzaketak
–bere baliabide propioen eta kapital ordainduaren
arteko erlazioak– eta berme indizeak
erakusten duten bezala. 1946 bukaeran
Euskal Herriko banketxeen baliabide
propioak kapital ordainduaren %95 adina
ziren; Espainiako gainerako banketxeetan
aldiz, %57 ingurukoa zen erlazio hori.
Banketxeen baliabide propioen (erreserbak
eta kapital ordaindua) eta hartzekodunen
kontuaren arteko erlazioa –berme indizea–
%12,5ekoa zen Euskal Herriko banketxeetan;
Espainiakoetan, berriz, %8,2koa. Azkenik,
Euskal Herriko banketxeek urte horietan
duten beste ezaugarri bat inbertsio politikarena
da, industrietara eta sektore publikora
bideratua baita: Espainiako bankak
industriako balioetan duen inbertsio
osoaren %28,2 baitu 1946an Euskal Herrikoak,
eta hark ondare publikoetan duen
inbertsioaren %22,7 urte horretan berorretan.
Hitz gutxitan esateko, banketxeak protagonismo
berezia ari ziren hartzen Espainiako
ekonomian, eta Euskal Herrikoan
batez ere. Garai hartako ekonomia albistariek
argi ikusi zuten hori. Honela idatzi zen,
adibidez, 1942an: Bizkaiko finantzen aurreramendu
hau Bilboko Bankak bultzatu du”,
bere baliabide propioen eta, batez ere, inorenen
bitartez, gauza izan baita “nazioaren
aurrezkitik datozen baliabideak nazioaren
mesedetarako erabiltzeko, eta gauza izan
baita, orobat, Estatuaren maileguei arreta
berezia eskainiz, enpresa berriak eraginkortasunez
finantzatu ahal izateko”.
Diru beltzeko merkatuan irabazitako
“diru erraza” bai Burtsak bai finantza
erakundeek berenganatu zuten. Goian
emandako datuek oso garbi erakusten dute
hori. Finantza erakundeetako aurrezki kopurua
1935ean garaiko 1.026 milioi pezeta
izatetik 2.332 milioi pezeta izatera igo zen
1946rako, eta Bilboko Burtsan egin ziren
inbertsioak 1935ean 244 milioi pezeta izatetik
1946an 1.012 milioi pezeta izatera.
Lehendik zeuden negozioak handitzeko edo
berriak sortzeko egindako inbertsioetan
handiagoa izan zen oraindik aldea. Bizkaian,
adibidez, 1940tik 1949ra bitartean3.902 milioi pezetako kapital handitzeak
izan ziren, eta bitarte horretan berorretan
elkarte berrietako kapital sozialetan egindako
inbertsioak 1.822 milioi pezetakoak
izan ziren. Urte bakar batean, 1946an, Bilboko
Burtsan izan zen kapital mugimendua
–1.013 milioi pezeta–, Errepublika garai
osoan izandakoa beste izan zen (1.117
milioi pezeta).
Bilboko Burtsa izan zen aurrezkia bereganatu
zuen beste erakunde nagusia.
Burtsako negozioaren mugimendua erakusgarri
ona izan daiteke kapital merkatua eta
beronen jokaera ezagutzeko. 1934-1935
urteetan Bilboko Burtsa negozioa 153-244
milioi pezetakoa zen, garaiko pezetetan;
1941erako 731 milioi pezetara iritsia zen,
eta 1946rako 1.013 milioitara. Hala eta guztiz
ere, Espainian gerra ondoan Burtsako merkatuak
izan zuen jokaeraren gauzarik bereziena
Bilboko Burtsak eta Bartzelonakoak
izan zuten jokaera arras desberdina da
hain zuzen ere; desberdintasun horretan
Euskal Herriko eta Kataluniako (finantza)
burgesiek merkatu horri buruz izan zituzten
jarrera desberdinak eta errejimen politiko
berriari Zor Publikoan eta Errenta
Finkoan egindako inbertsioen bidez ematen
zieten berme eta sostengu desberdina
ageri dira batez ere.
Bi merkatu horiek, edo beste era batera
esanda, bi burgesia horiek Francoren
errejimenari zioten atxikimendua edo gaitzespena
neurtzeko barometro gisa burtsen
emaitzak hartuko balira, bistan da errenta
finkoaren (Zor publikoa) erakusle horrek
euskal burgesia, finantza baliabideen jabe
zena behintzat, errejimen berriarekin eztitan
eta pozik asko erakutsiko ligukeela, eta
errejimen hari ez litzaiokeela faltako laguntzarik
burgesia horren aldetik; neurgailu
horrez berorrez Bartzelonako Burtsa neurturik,
aldiz, errejimen harekin batere eztitan
ez zegoen burgesia bat erakutsiko liguke,
errejimenari laguntza handirik emateko
prest ez zegoena, Burtsan egindako
inbertsioek, errenta finkotan eginek batez
ere, erakusten duten bezala. Izan ere, euskal
burgesiak errenta finkotan egiten dituen
inbertsioak 1936tik 1940ra bitartean 10 aldiz
gehiago izateraino, eta 1944rako 31 aldiz
gehiago izateraino jasotzen dituen bezala,
Kataluniako burgesiak gutxitu egiten
ditu inbertsio horiek, eta gerra ondoko lehenengo
urteetan 1936an baino inbertsio
gutxiago egingo ditu, 2. irudian erakusten
den bezala. Kopuru horiek garbi ikusten
dute zein jarrera desberdina izan zuten hango
eta hemengo burgesiek Francoren errejimenarekiko,
honen hasierako urteetan.
Atxikimendu suharra batek, goganbeharra
eta errezeloa besteak.
Estatuaren eskuhartzea eta Espainiako merkatuaren desegituratzea
Merkatu ofiziala eta merkatu beltza
Ikusten ari garen bezala gerra zibilak
atzerabiderik gabeko etena ekarri behar
zuen kapitalismoaren eta langile mugimenduaren
bilakaerarako. Historian eragina
izango zuten faktore berriak eratuko ziren
gerraren emaitzen ondorioz: “nazionalen”
aldearen, eta hura ordezkari zuten interes
sozioekonomiko, ideologiko eta politikoen
garaipena eta errepublikaren eta haren euskarri
ziren alderdi politiko, sindikatu, ideologia,
gizarte klase eta taldeen hondamendia.
Historia eragingo duten faktore berri
horien artean aipatzekoak dira, lehenik,
kapital metaketa, produkzioaren eta berorren
merkaturatzearen arteko erlazioak eratzeko
izango diren oinarri berriak; estatuaren
merkatu bakarra izango ez den bestelako
modu batez antolatutako merkatu bat
baitago, hain zuzen ere: bi merkatu desberdin
aldi berean, batean prezioak Estatuak
kontrolatzen dituelarik, bere prezio
ofizial finkatuekin, merkatu ofiziala alegia,
eta bestea merkatu askea, ezkutukoa, merkatu
beltza. Lanaren eta soldaten merkatua
Administrazioak arautuak eta kontrolatuak
izan ziren beti. Uste izatekoa zenez, sakonetiko
aldakuntza horiek kapitalismoaren
egitura bera eta kapital metaketa prozesuak
ere aldatu egin zituzten; aberastasuna kontzentratzeko
prozesuak eta gizartearen polarizazioa
areagotu egin ziren. Era berean,
horrekin batera, Estatuaren esku hartzea ere
areago indartu zen, eta azkenerako Espainiako
kapitalismoaren joera nazionalista,
autarkikoa eta oligopolio zalea indartu zen.
Garai horretako ekonomia gaiak, gizarte
harremanei, langile mugimenduari, merkatuaren
funtzionamenduari, errentari, soldatenerosketa ahalmenari, industrializazioari,
eskualdeen arteko desorekei dagozkien
gaiak aztertu nahi badira, ekonomiaren eta
merkatu errealitate berri horren azterketatik
beharko da abiatu: merkatu ofiziala eta
merkatu beltza, bi egitura elkarren paralelo
eta elkarren desberdin. Merkatu ofizialean
prezioak, irabaziak eta kapital metaketa
Estatuak arautzen ditu; baina merkatu beltzean
izango dira, aldiz, legez kanpo, kapital
metaketa eta irabazi handienak.
Argitzeko dagoena ez da, zinez, ezdeusetako
gauza. Asko baitago argitzeko: produkzio
osoaren zenbateko partea saldu zen
merkatu horietako bakoitzean, kapital metaketa
zenbatekoa izan zen ezagutzeko, zein
talde izan ziren gizartean horretatik irabazi
gehien atea zutenak, eta zenbat iraun zuen
prozesu horrek guztiak, hain zuzen ere
faktore horiek guztiek arras baldintzatuko
baitute ondoren etorriko den historiaren
bilakaera guztia.
Nekazaritzako produkzioari eta berorren
komertzializazioari buruz badira zenbait lan
kopuru aski sinesgarriak ematen dituztenak,
bai produkzioari berari dagokionez, bai
produkzio horretatik merkatu ofizialean eta
merkatu beltzean saldu ziren kopuruez.
Naredo, Barciela edo Gutiérrez del Camporen
lanek, adibidez, argi asko ekarri dute
gai horietara, eta nahiko argi azaldu dute
merkatu beltzak edo estraperloak nekazaritzako produktuen komertzializazioan izan
zuen eginkizuna eta partea. Labore produkzioari
dagokionez, erakusgarritzat gariaren
salmenta harturik, 1939-1940tik 1952-
1953 bitartean produkzioaren erdia baino
gehiago merkatu beltzean saldu zen. Urte
horietatik guztietatik, 1939-1940, 1946-1947,
1950-1951 eta 1951-1952 nekazari urteetan
baizik ez da gertatzen gari salmentan merkatu
beltzaren partea %50 baino txikiagoa
izatea, %44,89, %47,62, %35,41 eta %24,09ko
proportzioa izan baitzuen aipatu urte horietan.
Gainerako urte guztietan (10 urte)
merkatu beltzean saldutako produkzioaren
partea erdia baino gehiago da, 1944-1945
urtean izandako %52,33tik 1942-1943 urtean
izandako %64,36 bitartean. Lau urtetan
merkatu beltzaren partea %60 baino gehiagokoa
izan zen, eta 8 urtetan %56 baino
gehiagokoa. Olioari dagokionez, merkatu
beltzean saldu ziren produkzio kopuruak
merkatu ofizialean saldu zirenen antzekoak
izan ziren.
Horrexegatik hain zuzen, hain argi eta
garbi ikusten bada nekazaritzako produkzioaren
erdia edo gehiago merkatu beltzean
saltzen zela, kapital metaketa prozesuan
eta kapital horren eta errenten banaketan
gertatzen ari ziren aldakuntzak
ezagutu nahi badira, nahitaezkoa izango da
bi merkatu horietan (ofizialean eta beltzean)
prezioek nola funtzionatu zuten, komertzializazio
prozesua nola gertatu zen eta
prozesu horietan guztietan politikak zer
eragin izan zuen ongi aztertzea.
Industriaren produkzioari dagokionez,
merkatu betetik eta bestetik zein proportziotan
bideratu zen ez da ezagutzen oraindik.
Merkatuen arteko desberdintasuna nekazaritzako
produktuetan baino txikixeagoa
izan daitekeela sumatzen da; baina gerta
daiteke kontsumorako gaien industriako
produktuen artean eta lehengaien (mea eta
ikatza) eta metalurgiako eta siderurgiako
lehen produktuen (burdin lingotea eta altzairua)artean alde handiak izatea. Baliteke,
eta ziur aski hala da, siderometalurgiako
produkzioaren merkatu beltza gai eraldatuena
izatea batez ere. Siderometalurgiako
produkzioaren prezioak eta haren oinarri
ziren lehengaienak (burdin mea eta ikatza)
Estatuak mugatu zituen beti. 1940 ondoko
hamarraldian Administrazioak lehengai “kupoak”
edo kopuru finkoak izendatzen zituen
mea konpainiek siderurgiako enpresei
salneurri jakin batean eman ziezazkieten.
Askotan gertatzen zen produkzio kostuak
izendatutako salmenta prezioak baino
handiagoak izatea, eta hala merkatu
horretan galerak sortzea; galera horiek esportazioen
bitartez berdintzen ziren. Jokaera
horren oinarrian gobernuak siderurgiari lehengaiak
salneurri apaletan izan zitzan ziurtatzeko
zuen asmoa zegoen, era horretara
siderurgiak ere, burdina eta altzairua prezio
apaletan egin zezan Estatuarentzat, zuzenean,
edo Metalaren Sindikatu nazionalarentzat
–zeharbidez berau bilakatuko baita
1942tik aurrera siderurgiako produktuen
kontsumitzaile eta banatzaile nagusi–.
Siderurgiako industria eta ekipo ondasunena
errejimen berriaren industriarik kutunenak
ziren. Autarkia proiektu guztiek
kontsumorako gaien produkzioaren gainetik
enpresa horiei lehentasuna ematea eskatzen
zuten. Horrexegatik bada, gisa horretako
enpresa gehien zegoen lurraldeak,
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziek
hain zuzen, ekonomia hazkunde handia
izan zuten 1940tik 1960ra bitartean.
Euskal Autonomia Erkidegoko BPG (Barne
Produktu Gordina) bikoiztu egin zen
1930etik 1960ra (%90eko hazkundea), eta
1930-1950 bitartean %22 hazi zen. Espainiak
eta Kataluniak, berriz –Kataluniak hala ere
kontsumorako gaien industriaren ordezkari
bezala–, %3ko eta %17ko hazkundea izan
zuten aipatu aldi horietan. Kataluniaren eta
Euskal Herriaren arteko desberdintasunak,
ordea, batek eta besteak Espainiako BPGnzuten partean ikusten dira ongien. Euskal
Autonomia Erkidegoko hiru probintzien
BPGa Espainiakoaren %5,4 zen 1930ean,
%6,7 1950ean eta %7,38 1960an. Kataluniarena,
aldiz, Espainiakoaren %21,38, %18,29
eta %18,32 izan zen urte horietan berorietan.
1940rako BPGren proportzio hori Euskal
Autonomia Erkidegoko hiru probintzien
BPGren alde jartzen hasia zen zegoeneko,
eta aldea geroz eta handiagoa ari zen
bihurtzen. Euskal Autonomia Erkidegoko
hiru probintzien BPGa Espainiakoaren
%5,40 zen 1936an eta 1940rako %6,16 izateraino
igo zen; Kataluniaren partea aldiz,
1936an %21,28 izatetik %18,32 izatera jaitsi
zen 1940rako. Portzentaia horiek garbi
erakusten dute zenbateko abantailak dituen
Euskal Herriko industriak gerra zibilak iraun
zuen bitartean, eta zenbateraino finkatuko
ziren abantaila horiek ondoko urteetan.
Estatuaren eskuhartzea eta siderurgia industria
Espainiako Administrazioa Estatu osoko
siderurgia produkzioaren “kontsumitzaile
nagusia” bilakatuko zen 1942tik aurrera, bai
zuzenean, berez, bai zeharbidez, Metalaren
Sindikatu Nazionalaren bitartez. “Barreneko
ohiko merkatura” zihoan siderurgia produkzioak,
aldiz, kolpetik egin zuen behera
1942tik aurrera, bai bide horretatik merkaturatzen
zen produkzioaren proportzioa
jaitsi zelako, bai, halaber, bide horretatik
merkaturatzen zen produkzioaren kopurua
osotara ere urritu zelako. Proportziotan,
1941ean merkaturatzen zuen produkzioaren
proportzioa %56,4tik %21era jaitsi zen
1942an, eta %0,9ra 1945ean; zuzenean merkaturatzen
zen siderurgia produkzioa, zentzu
berean, 1941ean 359.673 tona izatetik
1945ean 6.094 tona izatera urritu zen. Zalantzarik
ez da egoera horrek merkatu beltzaren
indartzea ekarri behar zuela; merkatu
beltz horretan, jakina, siderurgiako produktuen
prezioak arras goratu ziren. Adibide
bat jartzeagatik: burdin lingotea 1936an
baino %900 ordaintzen da Katalunian
1943an, merkatu ofizialean T profilen
prezioa %63 baizik goratu ez zelarik.
Laburtuz bada, siderometalurgiako produktuentzat
eta industriako produktuentzat
orohar beste merkatu bat sortua zen, merkatu
ofizialaz aparte eta haren paraleloan.
Merkatu ofizialeko produkzioa eta prezioak
Administrazioak kontrolatzen zituen, eta
hartatik aparte hainbat enpresario, espekulatzaile
eta politikok bere kontuak ateratzen
zituen Administraziotik izendaturik zetozkien
produktuak alde handiko preziotan
salduz, edo beraiei izendatutako kupoak
irabazi handiz eta prezio handitan berriro
salduz merkatu beltza hornitzeko.Estatuak siderurgiaren produkzio osoaren
%37,1 kontsumitzen zuen 1941ean,
1942an %61,8 kontsumitzen zuen, eta
1945ean %50,5. Metalaren Sindikatu Nazionalak,
erakunde ofizialak beraz, %2,0 kontsumitzen
zuen 1941ean, %10,6 1942an eta
%44,7 1945ean. Administrazioak kontrolatzen
zuen siderurgiako produktuen kontsumo
ofiziala, beraz, 1941ean zen %39,1etik,
1942an zen %72,4ra eta 1945ean zen
%95,2ra igo zen. Portzentaia horiek argi
erakusten dute siderurgian eta industria
astunean Administrazioak kontrolatzen zituela
bai merkatua bai prezioak. Horrek ez
zuen eragozten ordea produktu horien berorien
merkatu beltz bat, irabazi handikoa
hala ere, sortzea.
Merkatu bikoitzaren ondorio sozialak: “mendeku soziala” eta kapital metaketa
Kontsumorako prezioen zerrenda osatzen
duten gaien prezioak, bai merkatu ofizialean
bai merkatu beltzean, xehekiago
aztertuz, berehalaxe ikusiko litzateke bai gai
horiek orokorrean harturik, bai xeheka harturik,
zein alde handiak ziren merkatu mota
batetik bestera; orobat ikusi ahal izango litzateke
salgai bakoitzaren prezioak merkatu
horietan izan zuen bilakaera; eta aise
ikusi ahal izango litzateke halaber zenbaterainokoa
izan zen “mendeku soziala” eta
zenbateraino zabaldu zen errejimen berriaren
ustelkeria, Espainiako produkzioaren
erdia merkatu beltzean saltzeko bide eman
zuena, horrek gizartean zituen ondorio gaizto
guztiekin (langileen artean eta maila
apaleko gizarte mailetan batez ere) eta zenbaiti
ekarri zien bidegabeko aberastearekin.
Ekonomia eta politika iturburu horietatik
edanda burgesia berri bat sortuko zen, errejimenari
ondo atxikia, ezaugarri nagusiak
merkatu beltzean oso denbora laburrean
aberastu izana eta aberaste horretarako bideizan zituen adiskidetasun politikoak izan
zituena.
Espainian gerra zibilaren ondoren eratu
zen jokabide berri horren adibide bikain
bat nekazaritzaren produkzioan eta produkzio
hori saltzen den merkatuetan aurki
daiteke. Ikusi dugu nola nekazaritzaren
produkzioaren erditsu bat merkatu beltzean
saldu zen ia hamabost urtez, gaiek merkatu
ofizialean zutena baino hainbat bider
gehiago ziren preziotan.
Zehazkiago begiratu nahi bada, Bilbon
gai horiek merkatu beltzean eta merkatu
ofizialean izan zituzten prezioak azter daitezke.
1940 ondoko urteetan eta 1950 ondoko
lehenengoetan, oinarrizko elikagaien
eta hornigaien prezioek izan zituzten merkatu
batean zein bestean gorakada handienak;
baina merkatu beltzeko prezioak
merkatu ofizialekoak baino hainbat bider
handiagoak izan ziren maiz. Elikagai eta
hornigai horiek honako hauek dira: ogia,
olioa, azukrea, arroza, ilar-xabalak, babarrunak,
etab.Esandakoa ikusteko 1942an Bilbon ziren
prezioak adibide ona izan daitezke.
Merkatu beltzeko eta merkatu ofizialeko
prezioen arteko erlazioa honela baitzen:
11,9 bider garestiago ogia, 11 bider garestiago
azukrea, 10 bider arroza, 5,1 bider
olioa… Oihalari dagokionez ere badirudi
garrantzi handia izan zuela merkatu beltzak,
prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen
arteko aldeak argi erakusten duen bezala.
1942ko urte horretan berorretan, oihal metroa
%380 garestiago zen merkatu beltzean
ofizialean baino, eta 1943an %708 garestiago.
Oihala eta oinarrizko elikagaiak izan
ziren merkatu beltzeko prezioen eta merkatu
ofizialekoen artean alderik handienak
izan zituztenak.
Horregatik hain zuzen, ia hamabost urtez
(1938-1953) gisa horretako merkatu bikoitz
bat izateak, nekazaritzako produkzioaren
erdi ingurua eta industriaren produkzioaren
puska handiak, kontsumorako
gaiak batez ere, merkatu beltzean saltzen
zirela, eta merkatu beltzeko prezioak merkatu
ofizialekoak halako bi edo halako
hamaika –urteen eta gaien arabera– izan
zitezkeelarik, dudarik ez da kapital metaketa
handiak eskuratzeko bidea eman ziola
merkatu beltzean saltzen zuen burgesiari,
bai produkzioarekin loturiko burgesiari
–nekazaritzako burgesia edo industriako
burgesia–, bai produktu haien merkataritzarekin
loturiko burgesiari –burgesia espekulatzailea–.
Kasu batean zein bestean, burgesia
horiek edo errejimen berriarekin bazuten
nolabaiteko harremana edo zuzenean
zeuden sartuta politikan.
Beste alde batetik, oso kontuan hartzekoak
dira orobat nekazaritzako produktuek
prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen
artean sortzen ziren lekuan bertan zutenaldea eta kontsumitzen zuten lekuan zutena,
alde horiek ere desberdinak izaten baitziren
askotan, laboreei eta irinari dagokionez
gertatu ohi zen bezala. Ogiari dagokionez,
esate baterako, merkatu beltzeko
prezioak bizpahiru aldiz handiagoak izan
ohi ziren soberakinak produzitzen ziren
lekuan; alde hori berori, berriz, hainbat aldiz
handiagoa izan ohi zen produkzio defizita
zuten lekuetan –hiri handiak eta haien
ingurua–. Bilbon, adibidez, hamar bider
garestiago izatera ere iritsi zen. Gauza bera
gertatu ohi zen Alacanten, Bartzelonan,
Donostian, etab.
Produkzio guneen eta kontsumo guneen
arteko prezio desberdintasun horrek,
irabazpide handiak ematen baitzituen, oparo
bete zituen burgesia espekulatzailearen
patrikak. Hori, jakina, ezin gerta zitekeen
horrela baldin eta errejimenak gauzak horrela
izatea onetsi izan ez balu eta errejimen
horretako pertaide nagusi asko negozio
ustel baina irabazi handiko horretan
partaide izan ez balitz. Errejimenak berak
sortu zuen eskasia, neurri handi batean artifiziala,
eta burgesiak eta politikariek urrialdi
hori esan den merkatu bikoitz horren
–ofiziala eta beltza– bidez jestionatu zuten;
irabazirik handienak merkatu beltzetik ateratzen
zituzten, esan bezala, horretarako
Espainiako produkzioaren zati handi bat
merkatu horretara bideraturik, gainerakoa,
askoz ere prezio apalagoetan, merkatu ofizialera
bidaliz. Burgesiaren eta politikoen
onespen eta parte hartze hori –“ezikusia
egin”– izan ez balitz, ezin bideratu eta saldu
izango zatekeen Espainiako nekazaritzaren
produkzioaren erdia legez kanpoko
merkatu beltzean. Francoren errejimenak
bere lehenengo urteetan –15 urte inguru–
egoera horretarako aukera eman eta berariaz
bultzatu zuen, era horretara kapital
metaketarako mekanismo berriak eratzen
zirela, baina errejimenarekin eta haren politikarekin
lotura estua zuten zenbait gizarte
talderi –nekazaritzako burgesiari eta burgesia
espekulatzaileari– erraztasun bereziak
emanez. Horrekin batera, ordea, ekonomian
eta politikan ustelkeria nagusitzeko mekanismoakezarri ziren, eta azkenean, horren
guztiaren ondorioz kapitalismoaren konkurrentzia
bera bere egiturarik sakonenetan
hondatuko zen, produkzio egituretan alegia,
nazioarteko merkatuarekin alderatuz konkurrentzia
ahalmena galduko baitzuen, eta zaharkiturik
utziko baitzuen. Konkurrentzia
ahalmenaren galera horrek babes neurriak
eta esku hartze neurriak indartzera bultzatuko
zuten Estatua, era horretara burgesiako
talde horiei barne merkatuaren kontrola eta
haren irabaziak ziurtatu ahal izateko.
Beste alde batetik, merkatu bikoitzari
eusteko politika horrek, eta merkatu banaketa
horren iraupenak berak, eragin larria
izan zuten biztanleriaren sail handietan
(langileetan eta gizarte maila apaletan).
Gerra zibilak izan zuen amaierak soziologikoki
ere izango zituen ondorioak. E. Labroussek
erabili izan duen kontzeptu bera
erabiliz, Francoren armadaren garaipenak
erabateko beta eman zien Espainiako eskuinari,
armadari, Estatuko Administrazioko
goi mailako partaideei, elizari, nekazaritzako
burgesiari eta industriako eta finantzetako
burgesiako kide batzuei –aginpidean
jarri zen taldeari, alegia– gizarte maila
apaleko eta langileriako biztanleriaz sozialkieta ekonomikoki “mendeku hartzeko”,
gizarte maila horiek baitziren errepublikaren
eta ezker politiko, sozial eta laboralaren
euskarri eta sustengu. Horregatik,
gerra ondoko ekonomiaren bilakaeraz eta
bilakaera horrek kapital metaketan eta
errenten banaketan, bai geografiaz bai gizarte
mailaz, izan zituen ondorioez azterketarik
egin nahi bada, aipatu den merkatuaren
banaketa bikoitz hori ezagutzetik
beharko da abiatu, eta horretarako merkatu
beltzak nazio errentan zuen partea ezagutzen
ahalegindu, diru baliotan askoz ere
handiagoa baitzen merkatu beltzaren parte
hori merkatu ofizialean saltzen eta erosten
zenaren balioa baino. Gauza bera hartu
behar da kontuan jende xehearen soldaten
eta errenten egiazko erosketa ahalmena
aztertu nahi bada ere.
Merkatu beltzak burgesiarentzat zenbateko
garrantzia izan zuen Bilboko Merkataritza
Ganbarak berak jartzen du agerian.
Erakunde horrek hamabost egunez behin
prestatu ohi zituen kontsumo gaiek merkatu
ofizialean eta ezkutuko merkatuan –hala
deitzen baitzioten merkatu beltzari– zituen
prezioen taulak, era horretara beren bezeroei
–edozeinetariko erakundeak– produktu
mota bakoitza merkatu horietako bakoitzean
zein egoeratan zegoen eta egoera hori
nola ari zen aldatzen ezagutarazteko, bezero
horiek merkatu batean ala bestean saltzeak
izan zitezkeen abantailez balia zitezen.
Bilboko Merkaritza Ganbarak, beraz,
honela zioen Bizkaiko ekonomiaren 1947ko
lehen sei hilabeteetako egoera azterturik:
“nahitaezkoa da (merkatu beltza) elikaduraz
hornitzeko eta kuporik ez duten, edo
behar besteko kuporik ez duten, edo kupoak
behar diren garaian iristen ez zaizkien
industria askorentzat lehengaiez hornitzeko.
Izatez, arras ari dira zabaltzen eta orokor
bihurtzen ezkutuko prezio horiek, eta ekonomia
osoa ari da prezio horien arabera bideratzen.
Bada kupoak berak ere saltzenari denik, prezio ofizialen eta merkatu beltzekoen
artean dauden aldeak ikusirik”.
Ororen buruan, bada, epe luzera estatuko
merkatu libreko egiazko prezio bilakatuz
joan ziren merkatu beltzeko prezio horiek.
Elikaduraren arazoa langileriarentzat: ahuldura eta produktibitatearen beherakada
Ikusten ari garen bezala, garai honetako
ekonomiaz, soldaten eroste ahalmenaz, gizarte
klase eta taldeen arteko bizi mailaren
eta errentaren banaketaz azterketarik egin
nahi baldin bada, bi merkatu desberdin izatea,
bi horien arteko prezioen aldeak, Administrazio
berriak merkatu horien sorreran
eta bilakaeran izan zuen zerikusia eta
bi merkatu horiek izateak gizartearen errealitatean
zer eragin izan zuen aztertu behar
da lehenik. Ez da ahaztu behar, gainera,
prezio ofizialetan soldatetan baino igoera
askoz ere handiagoak izan zirela urte horietan.
Bilbon, adibidez, prezio ofizialen indizea
%169,7 igo zen 1936ko uztailetik
1942ko abendura, %380,5 1946ko abendura
bitartean, eta %719,4 1950eko abendurako;
siderurgiako peoi baten soldata, aldiz,
%9an igo zen 1942rako, %60 1946rako
eta %10 1950erako, 1936ko soldata hartuz
%100tzat.
Pentsatzekoa denez, oinarrizko hornigaientzat
elkarren oso prezio desberdinak
dituzten bi merkatu elkarren paralelo antolatzeak
dakarren bihurdura horrek oso ondorio
txar eta larriak ekarri zituen soldatarik
apalenentzat, eta arras jaitsi zen langileen
erosteko ahalmena eta orobat beren
elikadura. Garai horretan errejimenaren
kontra izango zirenik nekez pentsa daitekeen
iturriek, Espainiako Merkataritza, Industriaeta Itsasketa Ganbara Ofizialen Kontseilu
Gorenak, edo Bilboko Merkataritza
Ganbarak, argi eta garbi uzten dute, adibidez,
langileriak bere soldataren erosmenaren
beherakadarengatik nozitzen zuen urritasuna
eta hondamena; argi diote egoera
horren ondorioz elikadura urritasuna ari
direla pairatzen, kaloria gutxiagoko elikadura
dutela, eta osasuna galtzen ari direla
orobat. Horrek guztiak ondorio txarrak ekarriko
zituen langileriaren produktibitateari
dagokionez.
Ganbara Ofizialen Kontseilu Gorenak
1942an zioenez, lanaren produktibitatean
sumatzen ari zen beherakadak bazuen zerikusia
“langileak elikadura urritasunagatik
nozitzen ari diren osasun galerarekin”.
Zenbat eta egin beharreko lana gogorragoa
izan, hau da, zenbat eta indar gehiago egin
behar izan lana egiteko, eta beraz zenbat
eta kaloria gehiago behar langileak era
horretako lana egiteko, orduan eta neke eta
kalte handiagoa langilearen osasunean, eta
orduan eta galera handiagoa lanaren produktibitatean.
Iturburu horretxek zioen halaber,
“giza indar handia behar zuten lanetan
lanaren produktibitatea garai normaletan
ohi zenaren erdira jaitsia zela”. Datu
horiek oso kontuan beharko lirateke hartu
lanaren produktibitatearen galera eta galera
horrek enpresetan eta horien produktibitatean
izan zituen ondorioak aztertzerakoan;
enpresek izan ere, langile kopurua
eta enplegua handitu beste biderik ez baitzuten
izan produktibitate galera berdintzeko,
teknologiaren bitartez ez baitzen biderik
galera hori berdintzeko. Espainiako industriak
zituen tresneria eta lanabesak hondatzen
ari ziren, hondatzen ziren berritzen
ez ziren heinean. Enpresa askok gerra garaian
eta gerra ondoren egin zituzten produkzio
ahaleginak beren kapital finkoa eta
instalazioak hondatu zituen, eta ez ziren
berritu teknologiari dagokionez behar bezala.
Horrek guztiak produktibitateak izanzuen galeraren zergatiak azaltzeko balio
lezake; galera hori bi merkatu izateari eta
prezioen gorakadari esker, merkatu beltzeko
prezioenari esker batez ere, berdindu
ahal izan zuten enpresa jabeek.
Bigarren industrializazioa eta krisia
Euskal ekonomia Espainiako ekonomian
Barne Produktu Gordinean islatzen diren
makroekonomiako kopuruak euskal
ekonomiak 1940-1960 bitartean izan zuen
bilakaeraren ikuspegi zabal bat izateko baliagarri
izan daitezke. Hogei urte horietan
zehar Barne Produktu Gordinak eta biztanleriak
hazkunde handia izan zuten biek,
baina horren aldean are esanguratsuagoa
da Espainia osoarekin alderatuz Hego Euskal
Herriko ekonomiak izan zuen geroz eta
pisu handiagoa, Espainian zen beste industria
eremu handiak Espainiako ekonomian
zuen partea urrituz zihoan aldi berean.
Madrili dagokionez ere haren Barne Produktu
Gordina konparazioz bizkorrago hazi
zen beste lekuetakoa baino, baina hori erabaki
politikoak hala izan zirelako gehiago
gertatu zen merkatuen ikuspegitik, lehengaien
hornidurari dagokionetik etab. estrategiazko
garrantzi handia zuelako baino.
Espainiako industrializazio zaharrari
–Katalunian, Hego Euskal Herrian eta Kantauri
aldeko erlaitzean pilatua, beren arteko
lotura ardatz Ebroko harana zutela–
Madrilgo industria eremua gehitu zitzaion
1940-1973 bitartean. Hiru industria eremu
horiek (Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoko
probintziak eta Madril) Espainiako
ekonomian geroz eta pisu handiagoa joango
dira hartuz; 9 puntu baino gehiago (9,3)
irabaziko dituzte Espainiako ekonomian
1940tik 1973ra, Espainiako Barne Produktu
gordinean 1940an %33 izatetik 1973an
%42,3 izatera iritsiko baitira. Aberastasuna
eskualde jakin batzuetan kontzentratzeko
joera hori indartu baizik ez da egingo 1970
ondoko urteetan.
Euskal Herriari dagokionez, ekonomiaren
hazkundearekin batera biztanleriaren
hazkunde handia izan zen aldi horretan
zehar, Espainian izan zen batez besteko
hazkunde tasa baino askoz handiagoa hain
zuzen: urteko %1eko hazkunde tasa (aurrekoaz
gaindikoa) batez beste 1940 ondoko
hamarraldian, eta %2,6koa 1950 ondokoan.
Biztanleriaren hazkunde horren ondorioz,
Euskal Autonomia Erkidegoko hiruprobintziek Espainiako biztanlerian zuten
partea, 1940an zen %3,61etik, 1960an %4,43
izatera aldatu zen. Zalantzarik ez da inmigrazioak
eragin handia izan zuela hazkunde
horretan.
Beste alde batetik, ekonomiaren hazkunde
horren berezitasuna bigarren sektoreak
izan zuen bultzadan ere ageri da aski
garbi, 1940an Euskal Autonomia Erkidegoko
probintzien Produktu Gordinaren %47 izatetik
1960an %56,2 izatera iritsiko baitzen,
ehuneko 9 puntuko hazkundea beraz. Hazkunde
horren parte bat metalgintzako industrien
hedatzeak ekarri zuen; horrek berorrek
eragin handia izan zuen Euskal Herriko
industria alor berezietara mugatzeko
joera indartuz joan zedin, oso mota gutxitako
industriak bultzatzeko joera alegia,
1973ko krisiaren ondoko urteetan ikusiko
ziren ondorio larriak ekarriko zituena hain
zuzen. Probintziaka harturik, Bizkaiak, eta
batez ere Bilboko ibaiadarrak, Euskal Herriko
biztanleriaren eta orobat Barne Produktu
Gordinaren, erdia inguru zuen.
Demografia, garapenaren erakusgarri
Euskal Herriaren frankismoaren garaiko
industrializazioaren aldi berri hori, bigarren
industrializazioa deitu duguna hain zuzen,
Euskal Autonomia Erkidego osora zabalduko
zen; lehenengo urteetan ordea –1940-
1960– itsas bazterreko probintzietan gertatu
zen batez ere hazkundea. Lehenengo
indrustrializazio aldian bezala, Bilboko
ibaiadarraren ingurua izango da ekonomian
indar eta mugimendu gehien duen eremua;
horren eraginez, eremu horrek izango du
biztanleriari dagokionez ere hazkunde handiena,
eta Euskal Autonomia Erkidegoko
hiru probintziak batera hartuz, 1940an biztanleriaren
%34 eremu horretan baldin bazen,
1960rako %39 izatera iritsi zen proportzio
hori. Bilboko ibaiadar inguruko biztanleriaren
hazkundea urteko %1,4koa izan zen
(aurrekoaz gainera) 1940 ondoko hamarraldian,
eta %3,6koa 1950 ondokoan; Euskal
Autonomia Erkidegoko hiru probintzietakoa,
aldiz, %0,8 izan zen 1940 ondoko urteetan
eta %2koa 1950 ondokoetan.
Bigarren aldia –1960-1975– Espainian
1960 ondoren izan zen hazkunde aldiari
dagokiona hain zuzen, beste hazkunde aldi
bat izango da berriro Euskal Autonomia
Erkidegoko probintzietan. Araba ere industrializazio
prozesuaren barruan sartzen da,
eta gainerako bi probintziek baino hazkunde
bizkorragoa izango du biztanleriari dagokionez
1960-1975 bitarteko urteetan. Bilboko
ibaiadar ingurua eta Gasteiz izango
dira urte horietan biztanleriaren hazkunderik
handiena duten eremuak. 1950etik aurreraGasteiz izango da Euskal Autonomia
Erkidegoko hiriburuetan hazkunderik handiena
duena. 25 urteren buruan 3,3 bider
handiagoa bilakatuko da bertako biztanleria,
eta Arabako biztanleen %44,2 izatetik
%71,7 izatera iritsiko da. Gipuzkoako probintzian,
berriz, hazkunde hori (industriarena
eta biztanleriarena) askoz ere barreiatuagoa
izango da, eta erdi mailako industria
herrietan gertatuko dira hazkunderik
handienak. 1950etik 1975era Donostiako
hiriaren biztanleria hazkundea probintziaren
batez bestekoa baino apalagoa izango
da.
Euskal Herriaren industrializazioak betetzen
duen mende osoan –“Euskal industriaren
mendea” dei daitekeena, 1876-1975
bitartea–, arras aldatzen da Euskal Automia
Erkidegoko paisajea: hiriak eta industriak
eratzen eta hazten dira, baina arras kontzentratzen
dira horiek hiru multzo handitan,
hiru horiek (Bilboko ibaiadarraren inguruko
hirigunea, eta Donostia eta Gasteizko hiriak)
EAE osoarekiko duten biztanleria proportzioa
geroz eta handiagoa baita 1970era
arte. Biztanleriaren biltze horrek mende
osoa iraungo du, baina XX. mendearen
azken laurdenean ez da aldatuko. Aipatudiren hiru hirigune horiek EAEko biztanleriaren
%18 zuten 1860an, 1900ean %38,4
dute, lehenengo industrializazioaren ondorioz
–Bilboko ibaiadarraren inguruan batez
ere–; 1930erako EAEko biztanleriaren %47
hartuko dute hiru hiriguneen artean. Bigarren
industrializazioaren ondoren, 1960rako
EAEko biztanleriaren %54 hartuko dute, eta
1975ean biztanleriaren %58.
Laburtuz, bada, hiru hirigune horietako
biztanleria 15,7 bider handiagoa bilakatu
zen 1860tik 1975era; EAEko hiru probintzietakoa
aldiz, 2,5 aldiz baizik ez zen biderkatu
bitarte horretan. Hitz batean esateko,
hirigune horiek dira EAEko hiru probintzietako
biztanleriaren hazkundean eragin
gehien dutenak, baina baita dinamismo
ekonomiko, sozial eta politiko handiena
dutenak ere. 10. koadroan ikusten diren
biztanleriaren hazkunde tasek ederki
erakusten dute hori. Hirigune hauetako biztanleria
1860ko 76.109 biztanletik 1975eko
1.194.984 biztanlera igotzen baita.
Bigarren industrializazioa Mendearen azken laurdeneko krisia: industriaren garaldi eredu baten amaia
EAEko hiru probintzietako ekonomiak
gerra zibilaren ondoko urteetan izan zuenhazkundeak, ondoren etorri zen garalditik
–1960-1975 bitarteko garaldia hain zuzen–
abantailarik handiena ateratzeko egokiera
paregabean jarri zuen probintzia horietako
produkzio egitura. Lehen ere esan dugun
bezala, hazkunde garai horretako dinamika
demografiaren hazkuntzak erakusten du
ederki berriro. EAEko hiru probintzietako
biztanleria bi bider handiago egiten da hogeita
bost urteren buruan, 1950ean zituen
1.061.000 biztanletik 2.072.000 biztanle izatera
iristen baita 1975ean. Hazkunde horren
zati handi bat inmigrazioak ekarriko zuen:
%63 inguru.
EAEko hiru probintziek Espainia osoarekin
alderatuta, bai ekonomiaz bai demografiaz,
zuen pisua handituz joan zen 1955etik
1975era bitartean. EAEko probintzietan
erroldan sarturik zegoen biztanleria,
1955ean Espainiako biztanleriaren %4,1
zena, 1975erako %5,7 bilakatu zen, Barne
Produktu Gordina berriz, Espainiakoaren
%7az goitik egon zen (%7,2 1955ean eta%7,6 1975ean). EAEko hiru probintzietako
ekonomia urteko ia %6 hazi zen batez beste
20 urte horietan, Espainiako ekonomiak
zuen hazkundea (%5,3) baino gehiago alegia.
Ekonomia sektoreka harturik, industria
izan zen hazkunde horren eragile nagusia,
urteko %7,6ko hazkundea izan baitzuen
batez beste, aurrekoaz gainera; horren ondorioz
industriako espezializazioa, lehendik
ere bazena, are nabarmenago egin zen, eta
EAEko hiru probintziak Espainiako eskualderikindustrializatuena bilakatu ziren. Hiru
probintzia hauen espezializazio indizea Espainiako
gainerako probintzien batez bestekoa
baino %61 handiagoa zen.
Industriak 8 puntu gehiago hartu zituen
aztertzen ari garen aldi honetako lehenengo
hamarralditik (1955-1964) bigarrenera
(1965-1975) izan zen hazkuntzan; gainerako
sektore guztiek berriz, behera egin zuten
Barne Produktu Gordinean zuten portzentaian.
Ekonomiaren garaldi luze horretatik hiru
probintziek atera zuten irabazia, baina Araba
izan zen ekonomiaz eta demografiaz
gehien aldatu zen lurraldea. Probintzia horren
ekonomiaren hazkuntza tasa urteko
%7,5ekoa izan zen. Horren ondorioz probintzia
bakoitzak EAEko ekonomia osoan
zuen proportziozko pisua zertxobait aldatuz
joan zen. Bizkaiak EAEko Barne Produktu
Gordinaren erdia baino gehixeago du
denbora guztian, %55 inguru, Arabak geroz
eta proportzio handiagoa du, eta Gipuzkoak
aldiz, behera egiten du proportzioan.
Hitz gutxitan, bada, EAEko hiru probintzien
bigarren industrializazio honen ondorioz
Espainiako lurralderik aberatsenetako
bat bilakatu ziren hiru probintzia hauek;
hala, frankismoa amaitzen denean, 1975ean,
EAEko BPG/per capita, Europako Ekonomia
Erkidegoko batez bestekoa baino bost
puntu altuagoa zen, per capita errenta Espainiako
gainerako probintzietakoa baino
askoz handiagoa zen, aldi horretan guztian
zehar desberdintasun horiek berdintzen
joan baziren ere. 1955ean EAEko probintzietako
per capita errenta Espainiako batez
bestekoa baino %71 handiagoa izan
bazen, 1975erako %31raino gutxituta zegoen
alde hori.
Hiru probintzien artean ere, batetik besterako
aldeak arras berdinduta zeuden 1975
ingururako, eta 1969tik aurrera Arabak izan
zuen per capita errentarik altuena EAEko
hiru probintzien artean. Arabaren aurreramendua
ikaragarria izan zen. Pezeta aldagabekotan
neurturik, %130 igo zen 18 urtetan,
Bizkaiko per capita errenta aldi horretan
%63 hazi zen, eta Gipuzkoakoa %70.Diktaduraren amaierak, Francoren heriotzak
eta 1973-1982 bitarteko aldian Espainiako
gizartearentzat sortu ziren era guztietako
zalantzek segurtasun urriko aldi bat
eratu zuten; horregatik guztiagatik, ekonomiari
dagokionez, nazioartean gertatzen ari
zen krisialdiaren ondorio txarrak itzurtzeko
hartu beharrekoak ziren neurriak eta
erabakiak hartu gabe geratu ziren. Arazo
ekonomikoak larrituz joan ziren (inflazioa,
defizita, konkurrentziarako gaitasunaren
galera, Espainiako bankuan ziren erreserbak
geroz eta bizkorrago hazten ari zen
energiaren faktura ordaintzeko xahutzea,
etab.), bideratzeko denbora behar izan zuen
politikaren eta estatuaren krisialdi baten
ondorioz.
1982an trantsizioaren lehenengo aldia
bukatzen denerako, berebiziko hondamena
zuen eragina ekonomiaren krisiak Euskal
Herriko ekonomian eta industrian. Nolanahi
dela ere, 1876-1975 bitartean eratutako
egitura ekonomikoetan behar dira bilatu
horren arrazoi nagusiak; lehen ere aipatu
izan diren hiru ikuspegi nagusietan
laburbil daitezke arrazoi horiek: 1. Industria
mota, geroz eta metalgintzan espezializatuagoa,
burdinaren eta altzairuaren industrian
batez ere. 2. Hasieratik bertatik kapitalismo
babeszale, korporatibo, autarkiko
eta oligopoliozale baten arabera eratzen den
industrializazioa izatea. 3. Baliabideak, bai
ekimenak bai kapitalak, oraindik ere ondorioak,
finantzazkoak batez ere, sumatzen
diren “hirugarren industrializatze” zoritxarrekoak
beretu izana. Datuek oso garbi
erakusten dute euskal ekonomiaren krisia.
EAEko Barne Produktu Gordinaren hazkundeaatzeranzkoa izan zen, negatiboa alegia,
1975etik 1985era bitartean (-%0,3); garai horretan
berorretan Espainiako BPGak %1,8ko
hazkuntza izan zuen. Europako Ekonomia
Erkidegoarekin alderatuz gero, begibistakoa
da galera. Hala, adibide bat jartzeko, EAEak
per capita Barne Produktu Gordina Europako
Ekonomia Erkidegokoarena baino
%105 handiagoa zuen 1975ean; 1985erako
%81 izatera jaitsi zen; urte horietan berorietan
Espainiako BPG EEEkoaren %80,4 eta
%71,8 izan zen. Beraz, EAEk 24 puntu galdu
zituen, eta Espainiak 8,6.
Zalantzarik ez dago lehen aipatu diren
hiru eragile nagusi horien ondoan (industria
espezializazioa, garapen eredua eta hirugarren
industrialdi jaio gabearen ondorioak),
euskal industriaren krisialdiaren
egiazko arrazoi nagusiak horiek badira ere,
badira beste arrazoi batzuk ere, beste era
batzuetakoak, eta azken finean aipatu diren
horiekin zerikusia dutenak edo horien
ondorio direnak: teknologiazko atzerapena
–industriako tresneriaren zati handi bat zaharkiturik
egotea–, babes zergen galera,
Espainiako ekonomia geroz eta gehiago
nazioartean kokatzea, 1985ean Europako
Erkidegoan sartu zenetik batez ere, eta
Euskal Herriak bizi duen politikazko ezinegona.
Euskal Herriko industriak I. Mundu Gerraz
geroztik izan duen teknologiazko atzerapena
–teknologia zaharkitua izatea– Espainiako
kapitalismoaren garapen ereduak
berak are zaharkituago bilakarazi zuen,
geroz eta babeszaleagoa eta geroz eta korporatibistagoa
izan baitzen.
1973ko krisiaz geroztik pilatu ziren arazoek
teknologiaren atzeramendu hori agerian
jarri baizik ez zuten egin, eta gaur egungo
arazoak are larriagoak bihurtu dituzte
politika ekonomikoaren beharkizunek:
kanpora zabaldu beharra eta babeszaletasunaren
eta korporatibismoaren deuseztea,orain arteko garapen ereduaren deuseztea
alegia. Ohiko industria sektoreetan izan zituen
ondorio larrienak egoera berriak. Eta
ez da ahaztu behar sektore horietako batzuek
Euskal Herrian zeudela kokaturik,
Kantauri aldeko erlaitzean hain zuzen (siderurgia,
metalgintza astuna eta arina, ontzigintza,
kimika, papergintza, itsas garraioak…).
Administrazioan, krisi horrek eragin zituen
moldatu behar sozial eta ekonomikoek
hizkera berezi bat sortu zuten, baina ez zen
besterik izan; hizkera hori ordea, industriarako
politika berri bat bailitzan aurkeztu
zen, krisian sarturik zeuden ohiko industria
eta ekonomia sektoreen deusezteari
aurre egiteko, ustez; “industriaren “birmoldatzea”
esan hori zen, eta berriro industrializatzeko
eskualdeak bultzatu eta sustatzea.
Euskal Herriak bere aspaldidaniko industria
ehun gehientsuaren galera ezagutu zuen
urte horietan; baina hori ere baino larriago
dena: politika horrek Ikerketa+Garapena
politikan eta garapen ahaleginetan izan zituen
ondorioengatik industriako enpresa
handi gehienak ere galdu egin ziren.
Teknologiazko atzerapen luze hori azkeneko
bi hamarraldi hauetan ari da nolabait
osatzen Espainiako ekonomia. Horregatik
gertatzen da 1975ean eta 1994an lanean ari
zen biztanleria oso antzekoa izanik ere,
Barne Produktu Gordina ordudanik lehen
halako bi izatera iritsi izana. Badirudi datozen
urteotan berreskuratze horrek oraindik
ere jarraituko duela. Horrek erakusten du
zergatik Espainiako ekonomiak ia ezin izan
duen enplegu berririk sortu, eta irabaziak
ugaldu diren ahala langabezia ere neurrigabe
zergatik ugaldu den. Badirudi datozen
urte hauetan, mende bukaerarako, teknologiazko
atzeramendua berdindu ahal
izango dela, eta gure garapen maila bereko
herrialdeen produktibitate maila berera
iritsi ahal izango dela; horrela ekonomiaren
hazkundeak aurrera jarraituko du, baina
enplegu berria sortuz oraingoan. Horregatik,
bada, gehiegizko langabezia honen
arrazoiak Espainiako kapitalismoaren garapen
ereduan eta hark industria guztiz babestu
eta konkurrentzia ahalmenik gabeko
bati eragin zion teknologiazko atzeramenduan
behar dira bilatu. Nazioarteko merkatuetan
sartzeak eta babes-zergak kentzeak
–1985ean Espainia Europako Elkartean
sartzearekin are gehiago bizkortu ziren prozesu
horiek– oso agerian utzi dituzte ekonomia
eta industria sektoreek beren egituretan
zituzten akatsak, ordura arte babes
politiken itzalean egonak baitziren eta konkurrentziarako
ezintasun eta teknologiazko
atzerapen handiak baitzituzten aspaldidanik.
Aldakuntza horiek eragindako ondorioak
oso garbi ageri dira Bilboko ibai inguruak
laurogei eta larogeita hamar ondoko
urteetan nozitzen duen industria galeran; hain zuzen ere Bilboko ibai ingurua
izango da urte horietan krisiak ondoriorik
larrienak izango dituen eskualdea.
Azkenik, Euskal Herriaren eta beronen
erakundeen egoera politiko berria ere zalantza
handiak ari da sortzen, gero inbertsioan
eta ekonomiaren hazkundean ondorio
txarrak dituztenak. Euskal Autonomia
Erkidegoaren eta Espainiako estatuaren arteko
erlazioei dagozkien arazo ideologiko,
politiko eta antolamenduzkoak, labur bada
ere, planteatzen ahalegintzea azken mende
laurden honetako euskal errealitate sozialaren
arazo politiko-sozialik larrien eta
labainenetako bati, baina aldi berean inbertsioan
eraginik ezkorren eta atzerakorrenenetakoa
duen bati, enpresarioak Euskal Herrian
geratzetik atzeratzeraino iritsi daitekeen
arazo bati heltzea da. Eragin horren
erakusle bikaina Euskal Autonomia Erkidegotik
inguruko beste Autonomia Elkarteetara
(Nafarroa, Errioxa, Gaztela-Leon, Burgos)
alde egin duten enpresen kopurua litzateke,
eta orobat Autonomia Elkarte horien
industria sektorerako espezializazio
indizea: hain zuzen ere, Euskal Autonomia
Erkidegoan industriaren pisua 1985eko
189,4tik 1994rako 166,7ra jaitsi den bezala,
Nafarroan 146tik 186,4ra igo zen urte horietan,
eta Errioxan 121,2tik 143,2ra, Espainiako
batez bestekoa 100tzat hartuta.
Beste adierazle batzuk ere badira, krisiaren
sakontasuna zenbaterainokoa den
argi erakusten dutenak. Barne Produktu
Gordinaren, errentaren eta langabeziaren
bilakaera da bat. Euskal Autonomia Erkidegoko
Barne Produktu Gordina 1975eko
136,7tik 111,3ra jaitsi zen 1985erako, eta
108ra 1993rako, Espainiako estatuaren batez
bestekoa 100tzat harturik. Langabeziari
dagokionez, 1975ean %2,4ko langabezia
izatetik (Espainiako %5,6aren parean)
1985ean %23,8 izatera igo zen (Espainiako
%21,9aren parean). Laburtuz, Euskal Autonomia
Erkidegoko langabezia tasa %892
handitu zen, Espainiakoa %291 hazi zen
bitartean. Ekonomiaren krisi hori familian
erosteko geratzen zen errentaren galeran
ere sumatu zen, Espainiako batez bestekoarekin
alderatuz (100tzat hori harturik)
1975ean zuen 125eko mailatik 1985ean 99,
eta 1993an 96 izatera jaitsi baitzen.
Barne Produktu Gordina, per capita
errenta, Barne Produktu Gordineko portzentaia,
langabezia, biztanleriaren bilakaera
eta gisako adierazleek ongi erakusten dute
zenbaterainokoa den krisia. Euskal Autonomia
Erkidegoak Espainiako Barne Produktu
Gordinean duen partearen portzentaia
1975ean zen %7,8tik %5,8 izatera jaitsi zen
1992rako. Baina historian zehar industria
gehien izan duten bi probintziek (Bizkaiak
eta Gipuzkoak) Espainiako per capita Barne
Produktu Gordinaren mailaketan izanzuten atzerapena guztiz da aderiazgarria (15.. oadroa).
Krisiaren zergatiak azalduko dituen beste
arrazoietako bat ekonomiako eliteak 1960
ondoko garaldiaren amaieran hartutako erabakietan
behar da bilatu, erabaki horiek
Euskal Herriko industria ehunak eta are
Espainiakoak ere neurri batean, etorkizunean
izango zituen ahalmenak baldintzatu
baitzituzten, hain zuzen ere, aurrera edo
atzera erabakitzeko zen une hartan lehendik
zegoenaren ardura alde batera utzi eta
azkenean lurralde honetako ekonomiari lur
jo arazi baizik egingo ez dioten “hirugarren
industrializatzeko” proiektu handinahi batzuetara
bideratu baitzituzten enpresen ahaleginak
eta kapital handiak. Hor daude zentral
nuklear bat bukaturik, eta itxita –Lemoizkoa–
eta beste bi diseinaturik (Ea eta
Deba), Bilboko portu handiaren obrak erdi
hasirik, 600 kilometroko autobide bat erdi
hutsik Bilbotik Bartzelonara, laugarren siderurgia
eremua diseinaturik, petrokimika
industriak jaio ere egin gabe, etab. Hirugarren
industrialdi horren asmo eta porrotaren
adierazgarrien direnak baizik ez aipatzearren.
Baina erabaki horiek hartzen dituen
ekonomiako elite hori ez dator enpresaren
mundurik, enpresa publiko eta pribatu
handien –banka eta finantza erakundeak
batez ere– administrazio kontseiluetan
kokatu den goren mailako burokrazia
ekonomikotik baizik, bere dirua ez baina
herritarrek eta enpresek metatu dutena arriskatzen
dutela. Diseinu hutsegite hori larrutik
ordainduko da XX. mendearen azkenlaurdenean, lehendik zegoen industria ehunaren
parte handi bat galduz, egiturazko bilakatzeraino
hazi den langabezia batez; langabezia
hori 1975ean EAEko biztanleria aktiboaren
%2,4 izatetik 1995ean biztanleria
horren %25 izatera iritsi da hain zuzen, Espainiakoa
1975ean %5,6 zelarik eta orain
%24, eta bide beretik herrialde honen gaixotasun
soziala okerragotu eta euskal gizartean
erradikalismo politikoa errotzen lagundu
du. Euskal Barne Produktu Gordinaren
barruan industriak zuen partea 1975ean %50
izatetik 1989an %41,7 izatera jaitsi zen –8,3
puntuko galera beraz, Espainian galera hori
4,5 puntukoa zen bitartean, %31,8tik
%27,3ra alegia–. Industrian enplegatzen den
langileriari dagokionez, are handiagoa izan
zen beherakada hori, 1975ean biztanleria
aktiboaren %46 industrian enplegatzetik
1980an proportzio hori %33,7 izatera jaitsi
baitzen, Espainian pareko proportzioak urte
batean eta bestean %27,2 eta %22,2 direla.
Laburtzeko eta bukatzeko, ekonomiazko
eta ekonomiaz kanpoko okerrerako eragile
multzo bat bateratzen da mende bukaera
honetan EAEko probintzietako industriaren
krisia makurragotuz, eta ezin esan daiteke
zein aldetara joko duen datorren mendean.
Industriaren galera hori oraindik ere
okerragora eramango duen egiturazko krisi
sakon bat datorkigu ala ekonomia eredu
bat galdu eta beste berri baten atarian gaude?
Erantzunik gabeko galdera, oraingoz behintzat,
baina ekonomi adierazleak, ingurukoekin
alderaturik, ez dira, gaurkoz bederen,
zoragari-zoragarriak.