Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Egungo aroa

Barrualdeko probintzietako ekonomia: Araba eta Nafarroa

Bizkaia eta Gipuzkoako industrializazio prozesuetatik urrun, barneko euskal probintziek nekazari izaten jarraitu zuten XX.. endearen erdialdea arte. Une larriak pasa zituzten lurralde hauetako nekazaritza ekonomiek, batez ere, behar bezala eraldatuak eta eguneratuak ez zeudelako, bertako eta kanpoko merkatuetan lehiatu behar zuten bitartean. Horren ondorioz, zenbait sektore krisi sakonean sartu ziren, eta beste zenbaitek, aldiz ?mahatsaren kasuan bezala?, gora egin zuten. Araba eta Nafarroako nekazaritza, pixkaka eta nahiko nekez, ekonomia hauetako mekanismo kapitalisten gurpilean sartzen joan ziren. Herri handi samarretan eta, batez ere, hiriburuetan, eskulangintza garatu zen, nahiz eta, iritsitako mailagatik, industrializazioaz ezin daitekeen hitz egin, probintziara mugatutako langintzak eta zerbitzuak baitziren, azken batean.Barrualdeko euskal probintzietako gizartearen eta ekonomiaren aldaketa ez zen 1960ko hamarraldia arte gertatu, hau da, erabat industrializatu ziren arte. Nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren Nafarroako eta Arabako ekonomiaren oinarri ordu arte.

Hala erakusten dute, esaterako, 1900. urtean probintzia horietako langileen banaketari buruzko datuek:

 

Arabako ekonomia

Araban ekonomia krisi larria izan zen XIX. mendean, izan ere, bertako ekonomiaren oinarrizko sektorea, nekazaritza hain zuzen, zaharkitua zegoen erabat, ez aurrera ez atzera. Arabako iparraldeko probintzietanindustrializazioaren prozesua hasia zen; Araba, ordea, prozesu hartatik urrun zegoen. Hala ere, industrializazio horrek berak eta beste zenbait faktorek, aduanak lekuz aldatu izanak esaterako, aldaketa sakonak eragin zituzten Arabako ekonomian.

Arabak, mendeetan, nekazaritza eta abeltzaintza gaiekin hornitu zituen Euskal Herriko gainerako probintziak, eta salerosgaien eta zerbitzuen banatzaile ere izan zen.

Aduanak lekuz aldatu izanak, ordea, goitik behera aldatu zuen egoera hura.

Aldaketa horrez gainera Bizkaiko industrializazioa hartu behar da kontuan, izan ere, industrializazioaren eraginez ordu arteko hierarkia goitik behera aldatu zen, Bizkaiaren onerako; Bizkaiaren mende gelditu zen Araba, eta harrezkero, lehengaiak eta biztanleak, eta kapitala ere, Bizkaiaren mende gelditu ziren. Bizkaiko industrializazioak batetik, eta Arabak oinarrizko lehengaiak ez izateak bestetik, euskal ekonomiaren barruan hirugarren mailako funtzioak betetzera eraman zuten: administrazioan (probintzia mailakoak) eta militarren eta elizaren ingurukoak (lurralde mailakoak: 1843an, Gasteizen jarri zuten barruti militarreko Kapitain Nagusiaren egoitza ?handik berrogeita hamar urtera Burgosa eraman zuten?, eta 1862an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Eliz barrutietako hiriburu hautatu zuten). Bestalde, eskulangintza ia guztia Gasteizen bildu zen.

Arabako nekazaritzan XIX. mendean zehar zenbait aldaketa gertatu baziren ere, ez ziren nahikoa izan. Autokontsumorako izatetik salerosgai izatera igaro zen, eta Estatuko merkatuan barneratu zen poliki-poliki.

Prozesu horretarako lagungarri izan ziren garraio sareak (burdinbideak), eta eskualdeak espezializatzeko sortu zen joera: adibidez, laboreak eta patatak Lautadan (eta ondoren azukre erremolatxa), eta mahastiak Errioxan. Ustiaketa mota kapitalistak izan ziren horren guztiaren adierazgarri: soberakinak salerostea eta soldatako langileak erabiltzea (hegoaldean, batez ere).

Dena dela, garraioek eragindako merkatuen iraultza izan zen arazo nagusia. Arestian, Arabak inguruko eskualdeak hornitzen zituen; burdinbidearekin eta itsaso bidezko garraioarekin, aldiz, Ameriketako garia, Europako erdialdekoa edo, Gaztelakoa batik bat, Arabakoa baino askoz ere merkeagoak ziren, etekin handiagoak lortzen baitzituzten (hiru aldiz gehiago). Horregatik, mende bukaeran, ahultasuna nabarmena zela, nekazaritzaren krisia sortu zen. Dena dela, 1891ko muga zerga protekzionistak atzerriko gariaren konkurrentzia eragotzi zuen, ez, ordea, Espainiakoa. Ordu arte krisi ziklikoa zena, egiturazko krisi bihurtu zen: konkurrentzia gutxiago egoteak errentak eta prezioak jaitsiarazi zituen. 1889an hala zioten gai horren inguruan: ?Arabako herrialdea, gehienbat laboreak lantzen dituena, miseria gorrian dago; jendeak maizter lurrak utzi egiten ditu, etxebizitzak itxi eta emigrazio maila izugarria da??. Arabak biztanle kopuru bera zuen 1857an eta 1900an (96.398 eta 96.385 hurrenez hurren); horrek argi erakusten du Arabako ekonomiak garai hartan bizi zuen geldiunea.

Mahatsaren alorrean, bestalde, merkatuaren garrantzia antzekoa zen ?baita nazioartekoa ere?. Filoxeraren ondorioz, Frantzian sortu zen krisiak erosketa motak aldarazi eta Arabako produkzioa berpiztu zuen 1875-1885 urteen bitartean. Aldaketa hainbesterainokoa izan zen, non lur eremuetan ia labore bakarra lantzen baitzen (lur landuen %64 eta Biasteriko lege barrutiaren eremuaren %20, Errioxan). Frantziako krisiaz baliatuz, Frantziari ardo berria saldu zitzaion, haiek kalitate oneko ardoak egin zitzaten. Sektore horretan kapitala ezartzea ekarri zuen horrek (bertako kapitala, Bizkaikoa, Frantziakoa edo antzinako kolonietakoa); hala ere, hori ez zen nahikoa izan sektorearen etorkizuna segurtatzeko.

Hala, ondoren izan ziren meteorologia arazoekuzta txarrak ekarri zituzten, eta mildiu izurriak eta Frantziako produkzioaren igoaldiak erdira jaitsi zituen prezioak. Horren guztiaren ondorioz, nekazari jendeak Gasteiza, Bilbora edo Ameriketara aldegin zuen, eta kapitala beste sektoreetara eta beste lekuetara joan zen.

Eskulangintzan ere (Gasteizen bildua erabat) izan ziren aldaketak. Burdinaren eta metalen langintza, eta zura eta altzariak ziren eskulangintzako alor nagusiak. 1841.. rteaz gero deskapitalizazioa gertatu zen; ez zen 1850. urtea arte eten. Garai hartako eskulangintzaren ezaugarriak hauek ziren: lantegi txikiak, langile gutxi, lanaren banaketarik eza, makina gutxi eta kapital urria.

Kontsumorako gaiak egiten ziren batez ere ?garrantzi gutxiko galdaren bat edo beste salbu, siderurgia tradizionalaren lekua betetzen zuena; Araian, esaterako, bazegoen baina Bizkaikoarekin lehiatu behar zuen?, eta eskualde edo herrialde mailan saltzen ziren: gurdiak, larru onduak, txapelak, gozokiak? Bigarren karlistaldiaren ondoren alor berriak sortu ziren eta produkzioa berritu egin zen, baina ez zen nahikoa izan. Zurgintza, altzairugintza eta metalen langintza sendotu ziren batez ere (burdinazko oheak, gudarosterako tresnak, armak, nekazaritzarako makinak,?). Lurrina eta teknologia berriak erabiltzen hasi ziren. Erdi mailako lantegi berriak sortu ziren: Fournierren jokorako kartak, Alfaroko zakuak, Araneguiren ispiluak, pospoloak eta kandelak, larru onduak eta janariak.

XX. mende hasieran industrializaziorako aukera izan zuen Arabak, baina ezin izan zen mamitu. 1900. urtean 10,5 milioi pezeta gastatu ziren elkarte anonimoetan (horren aurreko kopuru garaiena 1,5 milioikoa izan zen). Elkarte horien artean aipagarriak dira: Gasteizko bankua, Azukre lantegia, metalurgia lantegi bat, iutezko ehunen eta zakuen lantegia, larru onduen faktoria garrantzitsua eta uhaltegiak. 1907. urtea arte lantegi ugari sortu ziren: metalurgia, okindegiak, larru lantegiak, etab. Kapital kopuru dexentea, lanaren banaketa, atzerriko patenteak eta dirua, eraikin modernoak, atzerritik ekarritako langile espezializatuak? garrantzizkoak izan ziren. Hona garai hartako lantegi nagusiak: Porvenir Industrial, Metalúrgica de Alava, Industrial Alavesa, Maquinista, Sierras Alavesas, Sociedad Darracq, Carmelo, Banco de Vitoria, Azucarera Alavesa, Ancora de Abechuco, Panificadora Vitoriana, Sociedad Cooperativa de Electricidad, Asfaltos de Maeztu-Leorza, Balneario de Zuazo,? Hala ere, lantegi gehienek porrot egin zuten, hainbat arrazoik eraginda: enpresaren administrazio txarra, hasierako inbertsioei eutsiko zieten kapital berriak lortzeko arazoak, ekonomiaren ezegonkortasuna eta ohiko egitura arazoak (burgesiak etabertako bankuek inbertitzeko zuten ahalmen eskasa, kredito merkerik eta langile aditurik ez egotea,?). Horrek guztiak, batetik, porrot sentipena zabaldu zuen, 1907tik Lehen Mundu Gerra arte iraun zuena, eta bestetik, inbertsioen geldialdia. Gasteizen hirugarren sektorea nagusitu zen, funtzionala, elizari eta armadari zegokiona; ondo baliatu ziren hartaz bertako saltokiak eta burokrazia ?eskulangintzarekin batera bizi zirenak?. Ekoizten zen manufaktura merkatu laburrekoa zen, lantegi umil haien jarraipenari eutsi arren, jauzi kualitatiborik egiteko gauza ez zena.

1920an Gasteizen 3.440 langile ari ziren industrian, gehienak ehungintzan (855; 584 emakume), zurgintzan eta altzarigintzan (854), metalurgian (819), eta ondoren, eraikuntzan (438) eta janari industrian (352).

Ondorengo urteetan, dena dela, egoera ez zen asko aldatu, lantegiren bat sendotzea salbu. Ajuria lantegiak, esaterako, behin Aranzabaletik bereizita (Aranzabal 1938an sortu zen 4 milioiko inbertsioarekin), 1930eko hamarraldian bostehun langiletik gora eta hainbat ajentzia zituen Espainian sakabanaturik. Ajuria lantegiaren nekazaritza makinen produkzioak gora egin zuen gerra zibilaren garaian, baita gerra ondoko urteetan ere. Arabako lantegi nagusia zen; Errepublikaren garaian, gainera, Aiarako ibarrean izan zen industrializazio prozesu ahul baina progresiboan sortutako hainbat lantegi elkartu zitzaizkion: Mariano Corral (burdinbideetarako materiala; 1938an sortua 2,5 milioiko kapitalarekin), Vidrieras Llodio (1934an sortua; Oriol, Urigüen, Delclaux? etxeek eraikia 10 milioiko kapitalarekin).

 

Nafarroako ekonomia

Arabako nekazaritza-abeltzaintzaren ezaugarri berberak zituen oinarrian Nafarroakoak.

1931n, nekazaritzak lurraldeko eremuaren %34 hartzen zuen; laboreak (ia azaleraren erdia), mahastiak (1892an hasitako filoxera krisiaren eta prezioen jaitsieraren ondoren, eta Frantziari egiten zitzaizkion salmentak amaitu eta gero, berriro indartzen hasiak), erremolatxa edo artoa, eta hegoaldean olibondoa lantzen ziren, batez ere. Nafarroako eskualde batetik bestera alde handia zegoen nekazaritzaren ezaugarri sozioekonomikoei zegokienean: iparraldean, baserria ?ondasunen banakuntza galarazteko arauek babestua?, basoa eta larreak ?herri guztiak ustiatzen zituenak?, eta abeltzaintza ziren nagusi; erdialdean, jabegoak txikiak eta erdi mailakoak ziren, eta Erriberan, berriz, latifundioen ugaritasunak hainbat arazo sortzen zituen, eskortak zirela, jauntxoen lurrak zirela edo herri jabegoak zirela.XIX. mendearen amaieran (1885-1895) Nafarroako nekazaritzan gertatu zen krisia, hurrenez hurren izandako hainbat sektoreetako krisiek sortu zuten, nekazaritza gaien mundu mailako merkatua eratu baitzen garai hartan. Berehalako ondorioa ardoaren eta laboreen prezioaren jaitsiera izan zen; gainera, filoxerak eragindako krisiak (1892) galera handiak eragin zituen nakazaritzan. Galera horiek ehun milioi ingurukoak izan zirela uste da; Nafarroako ia mahasti guztiak hondatu zituen. Egoera horren ondorioz biztanleek lurrak utzi zituzten, lanerako teknikak aldatu ziren, eta nekazaritzarako lurrak gehitu eta aldatu egin ziren. Hori dela eta, XX. mendeanNafarroako nekazaritza gai zen, hainbat alorretan, Espainiako merkatuan lehian aritzeko.

1900-1910 urteak bitarteko migrazioa ?26.000 lagun? ordu arteko handiena izan zen, eta 1950eko hamarraldia arte ez zen kopuru horretara iritsi. Ongarri kimikoak ?Espainiako batez bestekoa halako bi? eta makina eta metodo berriak erabiltzen hasi ziren (galtzu premiarik gabeko landareak, mahasti berriak, Bardeetako eta Nafarroa ekialdeko luberriak ?horri eskerrak Nafarroako nekazaritzarako erabiltzen zen lur eremua 1891n 267.171 hektareakoa izatetik 1935ean 387.785ekoa izatera iritsi zen?, nekazaritzan aritzen zen biztanle kopurua gutxitzea,?). Nafarroako nekazaritzarenzuzpertzean garrantzi handia izan zuen Lehen Mundu Gerran prezioek izan zuten goraldiak; beraz, 1921. urte arteko aldia oso positiboa izan zela esan daiteke, oro har. Urte hartaz geroztik nekazaritzaren hazkundea moteldu egin zen; etekinak eta nekazaritza gaien balio tasak gutxitu egin ziren ondorioz. Errepublikaren garaian geldiune egoera nagusitu zen; nekazaritzak, beraz, ezin zion presio demografikoari aurre egin. Ondorioz, migrazio gehiago izan ziren eta lurrari ez zitzaion behar adina etekin ateratzen. Ezinbestekoa zen lurraldea industrializatzea bertako ekonomia berpiztu eta ekoiztu gabeko energiak eskuratzeko.Izan ere, Nafarroako nekazaritzaren osagarri nagusia lurraldeko industria egitura ahula zen. Langileen %20tik behera aritzen zen industrian, eraikuntza, zurgintza, metalurgia eta janari industrian batez ere.

Araban nagusi ziren sektore berberak: eskualdekoedo herrialdeko lehengaiekin egiten ziren gaiak, hain zuzen. Gasteizen gertatzen zenaren antzera, Iruñean langileen %40ak eskulangintzan ziharduen.

1910eko hamarraldian nolabaiteko industrializazioa gertatu zen Nafarroan. Ebroeta Genil ibaien ibarretan azukre industria garatu zen, batez ere (Marcillako Nª Sª de la Concepción, 1909an sortua eta Espainiako Sociedad General Azucarerakin elkartua; Tuterako Agrícola Industrial Navarra, 1916an sortua, alkohola, erregaliza? lantzen zituena; Cortesko Raperie, 1918an eraikia; Azucarera del Ebro, hau ere Cortesen, baina Raperie baino lehenagotik eraikia?).

Nekazaritzaren bizkortzearekin batera kimika industria sendotu egin zen, ongarrien industria batez ere (Compañía Navarra de Abonos Químicos, 1908an Iruñean eraikia, edo Sociedad Navarra Industria, 1916an Lodosan sortua). Metalurgia Beran eta Altsasun biltzen zen (Fundiciones de Vera, 1907an eraikia, altzairua eta burdin xaflak eta burdin barrak egiten zituena; Fundiciones de Alsasua, 1920an sortua, eta 1903an sortutako beste galda batetik zetorrena; bainuontziak egiten zituen azken horrek batez ere?). Baso eremu handiak zeudenez gero, zuraren industria sendotu egin zen, pagoarena eta pinuarena batez ere (Iratiko zerrategia, Ekainen, Agoitzetik hurbil; Hijos de Victoriano Echavarri, Olazti eta Zubiriko trenbiderako trabesak egiten zituena,?).

Bestalde, azienda ugari zegoen Nafarroan; horri eskerrak, larru onduen eta zapaten eskulangintza garatu zen, Iruñea eta Tutera inguruan, batez ere. Eraikuntzarako gaien industriak ere garrantzi handia izan zuen Iruñearen zabaltzea eta ubideen eraikitzea zela-eta (Lodosa eta Bardeetako ubideak, Esako urtegia). Eraikuntza gaien lantegien artean aipagarriak dira: Cementos Portland Olaztin, 1905ean sortua 300 langilerekin; Iruñeko zeramika eta mosaiko lantegia, XIX. mendean eraikiak. Paper industria Atarrabian ?Onena, 340 langilerekin? eta Iruñean ?Sociedad Papelera Española eta Artística Navarra? bildu zen. 1930eko hamarraldian garrantzi handiko beste hainbat lantegi sortu ziren, besteak beste: Compañía de Sales Potásicas de Navarra (1930), Múgica, Arellano y Cia. metalurgia lantegia Iruñean (1935), eta Cerrajera San Antonio Lakuntzan (1935). Bankari dagokionez aipagarriak izan ziren: Crédito Navarro (1863), Vasconia (1901), Caja de Ahorros de Navarra (1923), Caja Municipal de Pamplona (1872) eta Federación Católico- Social Navarra (1910).

Laburpen gisa, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Arabak eta Nafarroak nekazaritzan oinarritutako ekonomiarekin jarraitu zuten; eskulangintza hirien eta hiriburuen inguruan zuten, eta hirugarren sektoreak probintziako eremua besterik ez zuen hartzen.

Beraz, iparraldeko ekonomiak erabat bestelakoak izan ziren; hala erakusten zuen iparraldeko ekonomiekiko harremanak eta mendekotasunak.