Historia»Erdi aroa - Gizartea
Gizarte feudalaren krisia (1250-1450)
Jaunentzako ordain derrigortuaren tasaren jaitsiera
Aurreko atalean egiaztatzeko aukera
izan dugun bezala, gizarte feudalaren eta
ekonomia sistemaren edo produkzio eraren
bi ezaugarri nagusiak lur sail txikien nagusitasuna
eta jaunek ekonomikoak ez ziren
bideez bortxaz zergak kobratzea ziren.
Bi alderdi horien artean etengabeko tirabirak
izan ziren, eta tirabira horietatik sortu
zen jaunen eta nekazarien arteko produkzio
harremanen bilakaera. Harreman horiek
jaunentzako ordain derrigortuaren tasa izan
zuten ardatz, alegia, nekazariek lantzen zuten
lur zati bakoitzaren produkziotik jaunak
eskuratzen zuen zatia. Hazkundearen
garaian, tasa horrek beherantzako joera izan
zuen, gizartearen antolamenduaren beraren
eraginez. Jaunek eta nekazariek, zeinek
bere aldera, bortxazko tasa kobrantzaren
gainean egiten zuten presioan, nekazariek
abantaila zeramaten, lurrari ateratzen zioten
etekinaren bidez eta produkzio prozesuaren
kontrolaren bidez; jaunek, berriz,
ekonomiaz kanpoko aginpidean zuten beren
indarra. Horren ondorioz bilakaera bat
izan zen epe luzera, eta bilakaera horretan
ekonomia indarren arteko harremana nekazarien
aldekoa izan zen, eta horrek ordainketa
derrigortuaren tasa gutxitzea ekarri
zuen. Nekazarien lur sailen ustiatzeak
ugaritu izanak ekarri zuen hazkundeari esker,
jaunentzako ordain derrigortuaren tasa
jaitsiera berdindu ahal izan zuten, eta, beraz,
Erdi Aroko errentaren kopuru osoak
gorantzako joera izan zuen.
Komunitateek zergak ordaintzetik
salbuetsiak izateko foruak eta gutunak lortu
zituztenean jaitsi zen jaunentzako ordain
derrigortuaren tasa aztergai dugun eremuan.
Foru horien bidez komunitateek lortzen
zuten beren zergak era askotara arautzea,
su bakoitzari edo komunitate osoari zegokion
urteko petxa bihurtuz zerga horiek.Lehenengo arau motak su bakoitzak dirutan
?2, 3 edo 4 soldata su edo etxe bakoitzeko?
edo bietara, dirutan eta gauzetan,
ordaindu behar zuen kopurua arautzen
zuen, horregatik pertsona bakoitzeko petxa
esaten zitzaion. Bigarren arau motak
komunitate bakoitzari kobratzen zitzaion
kopuru osoa zehazten zuen ?bai dirutan,
bai gauzetan, edo bietara?, komunitateak
gero bere baitan banatzen zuela kopuru
hori; petxa horiei petxa tasatuak, auzitara
eramanak edo osoak esaten zitzaien. Oso
noizean behin bi ordainketa mota horiek,
pertsona bakoitzekoa eta komunitate
osoarena, batera egiten ziren, esate baterako,
Oñatiko jaurerrian. Lehenengo zerga
salbuespenak nahiko goiztarrak izan ziren,
XII. mendekoak, eta nafar erregeen mende
zeuden lurretan ?20, Santxo VI.aren garaian,
30, Santxo VII.arenean eta beste 28, 1234tik
1349ra?, Iruñeko katedralean eta Leireko
San Salbadorren egin ziren; baina XIII.. ende erditik XIV. mende erdialdera bitarte,higikunde hori nabarmen hazi zen
jaunen mende zeuden lurretan, aldi horretan
berrogeita hamar petxa baino gehiago
arautu baitziren Nafarroako erresuman, eta
horiez gainera kontuan hartu behar dira urte
horietan bertan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko
hiribilduei eta Valderejoko haranari
eman zitzaizkien foruekin batera egiten ziren
zerga salbuespenak ere. Zerga salbuespen
horiek lortzea ez zen beti erraza izan,
nekazarien eskariek maiz jaunen gogortasuna
izan baitzuten aurrez aurre, eta askotan
jaunek ez zuten amore ematen gatazkak
eta auziak izan arte ?1313-1315an Oteizako
biztanleek Iratxeko monasterioaren aurka
izan zutena, adibidez?. Errentaren berregituratze
horren ondorioz, zerga salbuespenak
kasu askotan zerbitzuak lanaren bidez
ordaintzeko ohitura desagertzea ekarri zuen,
eta beraz lasaitu egin zituen mendekoek
jaunarekiko zituzten mendetasun loturak,
jaunak gero eta gehiago bihurtu zirela errenten
hartzaile soil.Euskal Herrian garai hartan izan zen
demografia hazkundeari esker, zerga salbuespenek
ekarri zuten ordainketa derrigortuaren
tasaren jaitsiera berdindu ahal izan
zuten jaunek. Pertsona bakoitzeko petxak
ordaintzen ziren eremuetan, su berriak sortu
izanak berdintzen zuen zergak ez igo izana,
baina petxa tasatuak ordaintzen ziren
eremuetan ere bazegoen jaunen sarrerak gehiagotzea,
eta horretarako erabiltzen zuten
bidea produkzio ondasunak besteri uztea
izaten zen, haiek ustia zitzaten. Hondasun
higiezinak uzteak, alde batetik, aurrezteko
aukera ematen zion jabeari, ustiatzeak zekartzan
kostuak maizterrak ordaindu behar
izaten baitzituen, eta, bestetik, uzte horren
truk jaunak errenta bat jasotzen zuen urtean.
Are gehiago, garai hartan igo egin zen
aldi baterako kontratuen batez bestekoa
?maizterra bizi zen bitartean edo urteka
egindako kontratuak?, ordu arte nagusi izan
ziren bizi guztirako uzteekin konparatuta,
hala, kontratua berritzen zen bakoitzean
kontratuaren baldintzak berregokitu egin
zitezkeen, eta hori, demografia hazten ari
zen eta lur gosea zegoen garai haietan, jabearen
mesederako izaten zen. Demografia
gehien hazi zen garaian, XIV. mendeko
lehenengo berrogeita hamar urteetan, alegia,
argi eta garbi ikusten da hori: Iratxeko
monasterioan gorde diren garai hartako
kontratuen %51,61 urte kopuru jakin baterako
alokairu kontratuak ziren, orobat Orreagako
ospitaleko kontratuen %37,5, Iruñeko
katedraleko %57,14 eta San Juango ordenaren
%68,18. Egoera horrek argiago ulertarazten
dizkigu jaunen jokabide jakin batzuk,
esate baterako, Arabako nobleek lugorriak
kontrolatzeko eta nekazariak beste
eremuetara alde egin ez zezaten 1332an
egin zituzten ahaleginak. Demografiaren
hazkundea gehienbat jaunen mesederako
izan zen.
Jaunen diru sarreren krisia
Sistemaren kontraesanek krisia ekarri
zuten. Nekazaritza zabalaren hazkundeak
eusten zion errenta feudalaren kopuru
osoaren gehikuntzari, baina nekazaritzaren
krisiari dagokion atalean ikusi dugun bezala,
hazkunde horrek mugak zituen eta
muga horiek XIV. mendeko lehen erdialdean
iritsi ziren. Urtez urteko uzta txarrak
izan ziren sistemaren etenaren adierazgarririk
garrantzitsuena, eta uzta txar horiek
goseteak eragin zituzten, XIII. mende
bukaeraz geroztik Euskal Herria gogor astintzen
ari zirenak, Nafarroa aztertu dugunean
ikusi dugun bezala ?Nafarroakoa baita
dokumentazio iturriek hobekien deskribatzenduten kasua?, mende hartako lehen
47 urtetik 25etan zailtasunak izan ziren. Ez
da harritzekoa aristokraziak izan zituen lehenengo
zailtasunak nekazaritzak izan zituen
lehenengo zailtasunekin batera agertu
izana. Hala, 1289tik 1347ra bitarte, Nafarroako
nobleziako gutxienez 15 familiei
beren ondasun eta errenta guztiak edo
haien zati bat bahitu zieten edo saldu behar
izan zituzten, zorrak kitatu ez zituztelako.
Era berean, garai horri dagozkio indarkeria
gehitu izanaren lehenengo zantzuak,
bai aristokraziako familien arteko liskarrak
eta bai aristokraziak nekazarien eta hiribilduen
kontra egin zituen borrokak; adibide
bakan horiek argi ematen dute nobleek
sortu zuten giro nahasi horren ondorioen
berri: Arabak eta Gipuzkoak Nafarroarekin
duten mugan bidelapurrak gehitu izana,
Amenduzen (Behe Nafarroa) bake biltzar
baterako deialdia egin izana Gamueko lurretan
indarkeriazko ekintza asko izan baitziren,
edo Argantzuneko biztanleek 1304an
egin zuten kexua aitoren semeek eta zaldunek
lurralde hartan egin zituzten txikizioak
salatzeko.
1348-1350eko pandemiak eta aldian aldiro
pandemia hori itzuli izanak ?gosetea
ere bazekarrela? ez zuen krisia areagotu
baizik egin, eta biztanle asko eta askoren
heriotzak nahitaez izan zuen eragina jaunen
errentan. Adibidez, Lobaner-ek, Mehaineko
jaunak (Behe Nafarroa) ikusi zuen nola
izurria baino lehen haren jaurerrian zituen
hamar suetatik, izurritearen ondoren ez ziren
lau besterik geratu. Ekoizleak desagertzeak
berehala ekarri zuen eremu landuak
desagertzea eta, beraz, produkzioa ere jaistea,
jaitsiera horren batez bestekoa %14 izan
zelarik Araban eta heren bat baino gehiago
Nafarroan. Pertsona bakoitzeko petxa
sistema nagusi zen jaurerrietan izurriak eragin
handia izan zuen, sua desagertzeak
petxa galtzea baitzekarren. Zerga salbuespenen
garaian petxa tasatuak ezarri ziren
eremuetan bestelakoa zen egoera, zeinahi
ere zela bizilagunen kopurua petxa ez zen
aldatzen, ordaindu beharreko diru kopurua
komunitatearen araberakoa baitzen eta ez
pertsonen araberakoa; nolanahi ere, biztanleria
hainbeste gutxitu zen, non komunitate
askok beren petxak edo ezin zituzten
ordaindu edo nekez ordain zitzaketen.
1348an izurria hasi zen unetik beretik, nekazariak
ahalegindu ziren urtero egin behar
zituzten ordainketen beherapena lortzen.
Beherapen horiek hiru eratakoak izan
ziren Nafarroako monarkian, soffrienças,
remissiones eta restanças. Soffriença esaten
zitzaion ordainketa beste urte batera atzeratuagatik
monarkiaren ordezkariek ezarritako
epearen ondoren kobratzeari uko egitenez zitzaion petxaren zatiari. Remission,
quitança edo gracia esaten zitzaion epe
mugatu baterako barkatzen zen petxaren
zatiari, eta soil-soilik ezinbestean ematen
zen beherapenari. Azkenik, restança esaten
zitzaion 1347-1350eko demografia beheraldiaren
eraginez petxa osoa ordaintzerik ez
zuten komunitateen kasuari, izan ere, ordainketa
horiek azken batean betiko atzeratzen
ziren, baina monarkiak sekula ez
zuen onartu petxa horiek legez murriztea.
1349ko abuztuan, erregeak erabaki zuen
erresuma osoko zergadunei urte hartako
petxaren herena ez eskatzea, urte hartan hil
zen jendetza handia zela eta. Heren hori
kopuru teoriko bat izan zen, lekuen arabera
aldaketak izan zituena, baina beherapen
hura soffriença bat zen azken batean, administrazioak
kobratzeko asmoa baitzuen
komunitateen egoerak horretarako bidea
ematen zuenean. 1362ko azaroan beste
beherapen orokor bat izan zen erresuma
osoan, erregearen administrazioak aletan
ordaindu beharreko petxen erdia eta dirutan
ordaindu beharreko petxen laurdena
barkatu zuenean, nekazarien behar gorria
ikusirik. 1376ko apirilean, Karlos II.ak erabaki
zuen 1362tik 1374 bitarte pilatutako
restança eta soffriença guztiak kentzea.
Nolanahi ere, beherapen horiek inoiz ez
ziren izan munta handiko kopuruak; 1377ko
kontuetan, petxa arintzeak ez ziren guztira
diru sarreren %1,20, gari sarreren %11,80
eta olo eta garagar sarreren %6 besterik izan.
Jaunen jarrera, hasieran behintzat, oso
zorrotza izan zen, Juana Almoravidek
1348ko uztailaren 15ean idatzi zuen testamentuak
frogatzen duen bezala, Zizur Nagusiko
nekazariek errenta jaisteko egin zioten
eskariaz ari zela honela baitio: ?Item
otrossi como fuesse pleyteada la pecha de
Çicurr que non cresce nin mengoa ? et
como agayno sean muertos muchos labradores
et labradoras et alguno deillos sean
cryaturas et haya requeridos a los labradores
que coian las heredades de los muertos
et que paguen la pecha toda dizen que non
podrian. Et yo sobre esto haya demandadoconseio en sauios que fare et me den por
conseio que tome los muebles et los fruytos
de los que son muertos sin criazon et yo que
de recaudo a la heredad destos muertos. En
esta manera que los parientes de los muertos
et si los otros labradores de Çiçur quisieren
tomar estas heredades que yo nin mi
fijo nin qui ouiere de heredar Çiçur non
pueda allegar tenencia nin appropiarse de
las heredades eyllos pagando toda la pecha
segun sus priuilegios et ata que sea requerida
destos labradores que los desempare et
que me pagaran la pecha toda que espleyte
las heredades yo o mi fijo o mis cabeçaleros
ata que sea conplido mi destin.? Testu
horretan ikus daitekeen bezala, errenta ez
zen beheratu, soil-soilik utzi zitzaien bizirik
zeuden nekazariei hildakoen lurrak hartzea
eta petxa osorik ordaintzea. Eskariei
amore ez ematerakoan jaunek erakusten
zuten zorroztasun hark ezin izan zuen luzaroan
iraun. Demografia hainbeste jaitsi
zen, non nekazari komunitate asko ez ziren
inondik ere izurri aurreko aldian ezarri
zen errenta ordaintzeko gauza, eta, beraz,
ordaintzen ez zuten nekazariak berehala
eraman zituzten auzitara. Hala, 1350ean,
Karlos II.a erregeak agindu behar izan zien
San Juango ordenako nekazariei ordain zitzatela
ordena horri zor zizkioten petxak.
1360ko auzi baten sententziak Ororbiako
nekazariak cena zerga eta petxaren atzerapenak
Leireko monasterioari ordaintzera
behartu zituen, 1348az geroztik osorik ordaindu
gabe baitzituzten; eta urte hartan
bertan, Etxaburuko nekazariak Eusako jaun
Juan Martínezen ondorengoei zor zizkieten
petxak ordaintzera kondenatu zituzten.
Hurrengo urteetan ere arazo horrek bere
izanean iraun zuen.
1360 inguruan, jaunek onartu behar izan
zuten ez zegoela politika hori aurrera eramaterik
eta amore eman zioten azkenik
errentan beherapenak egiteari, bai ordainketa
atzeratuak barkatuz, bai petxa osoari
beherapenak eginez. Hala, 1358an, La Olivako
monasterioak Deierriko petxa beheratu
zuen, %50ko beherapena aletan ordaindu
beharrekoan eta %67koa dirutan ordaindu
beharrekoan; Zizur Nagusiak, orduan
monasterio horren mende baitzegoen, bi
beherapen lortu zituen, bata 1372an eta
bestea 1398an ?%20ko beherapena garitan
ordaindu beharrekoan eta %40ko olotan
ordaindu beharrekoan?; eta 1436an Kaparrosoko
petxak ere beherapenak izan zituen,
%30eko beherapena garitan ordaindu
beharrekoan eta %38,50ekoa dirutan
ordaindu beharrekoan. San Juango ordenak
gauza bera egin zuen Ribaforadako nekazariekin
1360an, Zubitzakoekin 1363an eta
Aberinekoekin 1408an. Iratxeko monasterioaren
mende zeuden lurretan petxakbeheratu zituzten, mendearen lehenengo erdialdean
zerga salbuespenak eman ziren
lekuen %80an. Kontratu bidez utzitako ondasunak
ustiatzen zituztenek ere zailtasun
handiak izan zituzten beren zergak beti osoosorik
ordaindu ahal izateko, hori gertatu
zitzaien San Juango enkomiendakoei Cabanillasen
1381ean eta Leireko monasterioari
ordaindu behar zioten Igariko nekazariei
1404an.
Demografiaren krisiak beste eragin batzuk
izan zituen jaunen ekonomian. Lan
eskuak bakantzeak soldaten igoera ekarri
zuen; 1351tik 1380ra soldatak ia %30 igo
ziren Nafarroan, 1351n eta 1365ean soldatak
finkatzeko hartu ziren neurriak gorabehera.
Antzeko zerbait gertatu bide zen Gaztelan,
han ere 1351n gorteek gehienezko
mugak jarri baitzizkieten soldatei. Soldatak
igotzeak zuzenean ustiatzen ziren lurrak eta
kontratu bidez ematen ziren produkzio
ondasunak jaistea ekarri zuen, baina demografiaren
krisiak bete-betean joa zuen aldi
hartan baldintzak ez zeuden jabeen alde.
Lur ugari zegoen eta ez zegoen beti zergazordunik
aurkitzerik; San Juango ordenak
Leten zituen lurrak alokatu gabe gelditu
ziren 1348tik 1352ra, eta Leireko monasterioak
ez zuen 1359 arte lortu Etxazaharreko
herri jendez hustuari zergarik jartzea. Baldintza
berriei esker zerga-zordunek kontratu
hobeak egin ahal izan zituzten eta bizi guztiko
errentak berriro nagusitu ziren.
Baina ekonomia baldintza berrien eraginez
izan zituzten ondasun galerez gainera,
nobleen diru sarrerak beste arrazoi batzuengatik
ere murriztu ziren. Hauek ziren
nobleen diru sarrera nagusiak: erregearen
administrazioko kide izateagatik jasotzen
zuten soldata, soldadu lanak egitearen trukeematen zitzaizkien poltsa-feudoak, egindako
zerbitzuen sari dirutan ematen zitzaizkien
errentak eta, jakina, dirutan kobratzen
zituzten petxak. Diru iturri horiek guztiak
nabarmen egin zuten behera, erregeek beren
diru iturriak epe motzera gehitzeko saioan
egin zituzten diru debaluazio sarrien
eraginez. Debaluazio horiek zirela eta,
1412an Nafarroako poltsa-feudo baten balioa
ez zen 1350ean zuen balio errealaren
erdira ere iristen, nahiz eta bi data horien
artean bere balio nominala 20 libera karlinetik
30era igo zen. Debaluazioak ondorio
okerragoak ekarri zituen Gaztelan, askoz
sakonagoa izan baitzen; baldin eta 1300ean
Florentziako urrezko florin batek 5 marabedi
eta 8 diru balio bazituen, 1400ean 66
marabedi balio zituen ?11 bider gehiago?
eta 1500ean, berriz, 375 marabedi, 65 bider
gehiago, alegia.
Horren ondorioz, nobleak zorpetu egin
ziren eta ondarea galdu zuten; Nafarroako
nobleziako gutxienez 32 familia ?Godofre
infantea, Corteseko kondea, Karlos III.a
erregearen seme sasikoa barne? zorrak ez
ordaintzeagatik kondenatu zituzten edo
beren ondasunak arrazoi beregatik bahitu
zizkieten, eta gero jendaurreko enkantean
saldu, 1350etik 1442ra bitarte.
Jaunek krisiari eman zioten erantzuna
Nobleek hainbat baliabide erabili zituzten bizi zuten ekonomia krisi larriari aurre egiteko. Azaletik bada ere, aipa ditzagun orain garrantzitsuenak.
Indarkeria
Lehen esan dugun bezala, indarkeria
izan zen Euskal Herriko aristokraziak bere
sarrerak gehitzeko baliatu zuen lehenengo
baliabideetako bat. Alde batetik, ondasunak
kentzen zizkieten beste jaurerrietako edo
erregearen mende zeuden beste lurretako
nekazariei, bidelapurren gisa arituz, bereziki
barruti desberdinen arteko eremu mugakideetan,
adibidez, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren
artean eta ?batez ere? Araba eta
Gipuzkoa Nafarroarekin mugakide ziren
eremuan, hura baitzen, izatez, ?gaizkileen
muga?. Horrelako kasu ugarien artean, aipatzekoa
da Luxa eta Agramonteko jaunek
1341ean egin zituzten txikizioengatik Nafarroa
Behereko biztanleek egin zituzten
kexuak, eta 1353an Arrasateko hiribilduaren
inguruko zazpi herrixka Arrasaterekin
elkartu izana, arrazoi hauek zirela medio:
?los males e dapnos e furtos e robos e fuerzas
e desaguisados que recivimos de los ricos
omes e cavalleros e escuderos poderosos
que viven e moran en dicha tierra e en la
comarca?. Bestalde, familia nobleak elkarren
artean borrokan ari izan ziren ?hura
izan zen ahaide nagusien borroka zeritzanaren
muina? jabetza, errenta edo jaurerriak
nork eskuratuko; borroka horien adibide
ugarien artean, aipa dezagun 1412an Orozkoko
jaurerria beretzeko Aialatarrek Abendañotarren
aurka egin zutena.
Baina indarkeriaren erabilera horrek ez
zuen soilik aristokraziako familia, leinu eta
alderdietan izan eragina, estatuak ere sartu
ziren gatazka kate horretan bertan, batek
besteari lurraldeak harrapatzeko lehia horretan.Garai hartako borroken ezaugarri
nagusiak biltzen dituen gatazka Ehun Urteko
gerra izan zen, Ingalaterraren ?eta bere
mende zituen Akitaniako lurren, Lapurdi eta
Zuberoa barne? eta Frantziaren artekoa;
gerra horretako aldi batzuetan ez bakarrik
Gaztelak eta Nafarroak parte hartu zuten,
gudu batzuk euskal lurretan ere izan ziren,
Naxerako guduarekin bukatu zen 1366-
1367ko ekinaldia adibidez. Euskal Herrian,
berriz, liskar giro horren adierazgarri izan
ziren nafarrek Araban, Gipuzkoan eta
Errioxan izan zituzten lurraldeak berreskuratzeko
egin zituzten ahaleginak eta gaztelarrek
Pirinioetako erresuma beretzeko egin
zituzten saioak, borroka horietan aipagarriak
direla 1335-1336, 1366-1373, 1378-
1379, 1429-1430eko guduak eta gaztelarrek
1451z geroztik Nafarroako gerra zibilean
egin zituzten sarraldiak.
Nekazarien gaineko presioa gogortzea
Arestian ikusi ahal izan dugun bezala,
jaunek ez zuten gogo onez onartu demografiaren
hondamendiaren ondoren bizirik
iraun zuten nekazarien petxak murriztu
beharra, izan ere, XIV. mende erdialdetik
XV. mende erdialdera maiz saiatu ziren
beren nekazariek errentan edo lanetan ordaindu
behar izaten zuten ordainketa derrigortuaren
tasa igotzen. Hori azaltzeko
Oñatiko jaurerriaren adibideaz baliatuko
gara, baina, nolanahi ere, auzi horrek sortu
zituen liskarrak Euskal Herri osoan zabaldu
ziren. Lehenengo albisteak 1388koak
dira; urte hartan Oñatiko aitoren semeek
?edozein zerga ordaintzetik salbuetsia zegoen
gizarte taldea hain zuzen ere? kexu
zerrenda bat aurkeztu zioten haien jaun
Beltrán Vélez de Guevarari, zeren eta ?de
poco tiempo aca que pue[de ?] diez años,
poco mas o menos tiempo, que vos el dicho
[don Beltran] commo cavallero poderoso nos
fasedes pagar por fuerça et [contra nuestr]a
voluntad, syn rason et syn derecho, como
non devades, pechos et [tributos d]esaforados,
quantos queredes et nos fasedes
pagar commo poderoso?, alegia, jaun horrek
ez zuen aitoren seme haien zerga salbuespena
errespetatu eta ordaintzera behartu
zituen nekazariak bailiran, zerga ordaintzaileen
kopurua handitzeko saioan.
Baina neurri horien eragina gehienbat
nekazariek jasan behar izan zuten, 1420-
1421ean Oñatiko jaurerriko nekazariek ordaindu
behar zuten errenta gehitu egin baitzen.
Ordu arte, nekazari bakoitzak 24 marabedi
ordaindu behar izaten zituen, beste
37 marabedi, 3 arrabete gari, arrabete bat
olo eta hiru oilo, gainera, nekazari guztien
artean 5.000 marabediko petxa oso bat ordaindubehar izaten zuten. 1420-1421ean
aldaketa hauek egin zituzten nekazariek
ordaindu beharreko errentan: nekazari bakoitzak
dirutan ordaindu behar zuena Aragoiko
urrezko florin bat zen eta Gaztelako
dobla bat urrezkoa, eta laboretan ordaindu
beharrekoa, berriz, 1,5 anega gari eta 0,5
anega olo; gainontzeko ordainketak bere
horretan gelditu ziren. Garbi ikusten da nola
dirutan egin beharreko ordainketak urrezko
dirutan egiten ziren, diru horrek ez baitzuen
debaluazioaren eraginik izan, eta gauzetan
egin beharreko ordainketak, berriz,
bi halako gehitu ziren. 1420. urteaz geroztik
igo ez ziren produktuen errenta 1482an
igo zuten; nekazari bakoitzak oilotan egin
beharreko ordainketa zazpira igo zuten eta
petxa osoa Aragoiko 100 florin urrezkora;
berriz ere aurreko igoaldiko politika bera
zen hura, alegia, dirutan egin beharreko
ordainketa diru egonkorrean egin zedin
ziurtatzea eta gauzetan egin beharreko ordainketak
gehitzea. Errentak izan zituen
aldaketa horiez gainera, Oñatiko jaurerriko
nekazariak kexu ziren 1482an jaunak lanetan
eta monopolio arinetan ordaindu beharreko
zergak berriz indarrean jarri nahi
izan zituelako.
Nekazaritzari irtenbidea eman zioten ekonomia jarduerak
Dagokion atalean esan dugun bezala,
nekazaritza izan zen krisia gehien jasan
zuen ekonomia jarduera. Izurriaren ondorengo
aldian abeltzaintzak indar handia
hartu zuen nekazaritzaren irtenbide gisa,
ekonomiaren goraldia bitartean laboreen
aurrerakuntzak baztertuxea baitzuen. Nekazaritzaren
krisia aztertu dugunean ikusi
dugunez, abeltzaintza oso jarduera erakargarria
izan zen, landu gabeko lur asko baitzegoen
eta ez baitzuen lan esku askorik
eskatzen. Abeltzaintzan aritzeko interes
handia izan zuten ez bakarrik nekazari aberatsek
eta elizaren erakundeek, baita jaun
laikoek ere, jendez hustutako eremuen
mugarriak bereganatzen saiatu baitziren, eta
horrek esan nahi zuen larretarako erabiltzeko
eremuak lortu nahi zituztela. Hala,
adibidez, 1406an Pedro Arnaldo de Garrok
Andrikiaingo eremu jendez hustua lortu
zuen Nafarroako Karlos III.arengandik, bere
mugarri eta eskubide guztiekin ?eskumena
izan ezik?; Juancoxe de Suhescunek, berriz,
Gardalaingoa, 1421ean.
Era berean, hiribilduen munduak etekinak
ateratzeko aukera handiak eskaintzen
zizkien nobleei, eta hori gomendatu zion
Lope García de Salazar bizkaitar kronikariari
bere aitak. Izan ere, aitoren seme familia txikietako kide asko hiribilduetan bertakotzen
joan ziren, gutxienez XIV. mende
hasieratik ?1346an Tolosan bazen jadanik
aitoren semeen errolda bat?, eta merkataritzan
eta administrazioan jardun zuten, ezkontza
bidez harreman estuak izan zituzten
merkatari aberatsenekin eta hiriko oligarkiak
sortzen lagundu zuten. 1386an,
Gasteizko udaleko 8 zinegotzietatik 6 nekazaritza
giroko noblezia txikiko kideak
ziren. Era horretako adibideak Euskal Herri
osoan aurki zitezkeen: Maturanatarrak eta
Alavatarrak Gasteizen, Legizamondarrak
Bilbon, Salazartarrak Portugaleten, Mezetatarrak
Gernikan, Guraia eta Báñez de Artazubiagatarrak
Arrasaten, Andiatarrak Tolosan.
Baina hirietan bizileku hartzeak noble
txikiei ez bakarrik eman zizkien aberasteko
aukera berriak, eman zien baita ere aginpide
berriak iristeko aukera. Udalbatzak
kontrolatu zituzten lehenengo ?udaleko
zerga bilketa bere alde baliatzeko bidea
ematen ziela?, probintzietako hermandadeetan
nagusitu ziren gero, eta hirietako
noblezia txikiko kide batzuek iritsi zuten
aginpideari esker, haien itzala eta ospea probintziaz
haraindi zabaldu zen; horren adibide
dira, besteak beste, Diego Martínez de
Alava, Arabako ahaldun nagusia, eta Domenjón
González de Andía tolosarra, haren
omenez kantatzen zela: ?Sagarra eder
guezatea/ Guerriyan ere ezpatea/ Domenjon
de Andia/ Guipuzcoaco erreguia?. Gipuzkoako
erregea, alegia, gizon horiek bere
garaiko euskal gizartean izan zuten aginpideahobe eman liteke aditzera, baina ez
modu adierazgarriagoan.
Aristokraten ondarearen
zuzenbidezko babesa.
Maiorazkoa
Herentzia zatitzeko ohiturak asko gutxitu
zuen familia aristokraten ondarea; familiaren
ondasunak urritzen zihoazen, belaunaldiz
belaunaldi, zati bat seme-alaba
txikiei zegokien senipartea eman ahal izateko
erabiltzen baitzen. Epe erdi eta luzera
ondorioak oso larriak izan zitezkeen, ondare
murritza eta oso zatikatua, alegia, Juan
Hurtado de Mendozaren herentziak erakusten
duen bezala. 1285-1289an haren ondorengoek
Galar hiribildua saldu behar izan
zutenean zorrak kitatzeko, horietako ondorengo
batzuek ondarearen hogeiren bat
zuten.
Horren irtenbidea ondarea oso-osorik
ondorengo bati ematea zen, bereziki seme
zaharrenari, maiorazkoari, alegia. Baina oinordekotzak
ez zuen soilik esan nahi oinordeko
bakarraren sistema aukeratzen
zela, ondasunen lotura ere bazekarren, alegia,
oinordekoa errentaren jabe zen, baina
ez zen errenta hori sortzen zuten ondasunen
jabe, ezin zituen ez saldu, ez zatitu, ez besterendu,
baina ezin zizkieten ezta ere zorrak
kitatzeko bahitu, eta haren ondorengoari
utzi behar zizkion aldez aurretik ezarritako
ordena baten arabera, oinordekotzaren
arabera, alegia. Oinordekotza erregeak
ematen zuen. Euskal Herrian, Arabako Aialatarrak
(1373) eta Mendozatarrak (1380)
izan ziren beren lurrak oinordekotza bidez
lotu zituztenak; ondorengotza XV. mendean
zabaldu zen eta bakanak izan ziren, Gipuzkoako
Loiolatarrak bezala, oinordekotza
ezartzeko XVI. mendea arte itxaron zuten
familiak.
Ordainketa derrigortuaren tasarako bideen definizio berria. Zergak eta errenta banaketa
Europako aristokraziak bere ekonomia
berriz antolatzeko erabili zituen bide guztien
artean garrantzitsuena, nobleek gizartean
zuten nagusitasuna ziurtatu zuena,
estatu feudalismoa sendotzea izan zen, edo
bestela esanda, estatu modernoa sendotzea.
Baldin eta, ikusi dugun bezala, ekoizleei
errenta ateratzeko ohiko bideak krisian
bazeuden, behar-beharrezkoa zen produkzioa
klase gidariek bereganatuko zutelaziurtatuko zuten bide berriak aurkitzea.
Estatua izan zen premia horren erantzuna,
zergen bidez bide ematen baitzien produktoreen
ekonomia soberakinei, eta gero
nobleen artean berriz banatzen baitzituen
era askotako baliabideen bitartez: administrazioan
edo gudarostean egindako zerbitzuak,
egindako zerbitzuen truke jasotako
sariak, zergak alokatzea, zor publikoa, etab.
Estatuaren zerga sistema berria abian jartzea
oso lotua zegoen gerrari, komunitatea
kanpoko erasoetatik babesteko premiak
zuribide morala ematen baitzion zerga berriak
ezarri izanari. Hasieran zerga berri
horiek noizbehinkakoak izan ziren, gerra
garaian bakarrik indarrean jartzen zirenak,
baina berehala bihurtu ziren ohiko zerga,
gerra zein bake garaian biltzen ziren. Gaztelan
zerga berri horri alkabala zerga deitu
zitzaion, 1342an jarri zen indarrean eta salerosien
gaineko zeharkako zerga bat zen.
Nafarroan, berriz, 1355ean indarrean jarri
ziren zerga laguntzak ez ziren izan ondasun
higiezinaren gaineko zeharkako zergak
baizik.
Estatuek diru sarrerak gehitu zituztenean,
aukera izan zuten monarkiaren eta
administrazioaren bidez sarrera horiek berriz
banatzeko. Kargu publikoan egoteak ez
bakarrik soldata zekarkion kargua zuenari,
bere mesederako erabil zezakeen aginpidea
ere ematen zion. Hala, Lazkanotarrak
luzaroan egon ziren Areriako (Gipuzkoa)
alkate nagusien karguan, halako eran, non
1461ean Gaztelako erregeak esan baitzuen:
?siempre sojuzgaron (e) sometieron a los
dichos mis vasallos, vezinos e moradoresque fueron e (son) de la dicha alcaldia e
los tubieron tanto apremiados e sojuzgados
commo sy sus propios vasallos solariegos
fueran, cohechadolos a los que querian e
fazianles otros muchos eçesos, agravios e
sinrrazones?. Soldadutza erakarpen handiko
jarduera izan zen, soldataz gainera bestelako
diru iturria baitzen, harrapakin, lapurreta
eta presoen eta lurralde bahituen eros
sarien bidez. Nafarroako Karlos II.ak gerran
egin zituen ibilerak diru sarrera handiak
eman zizkien ez bakarrik nafar nobleei,
baita Saint-Pée, Sault, Ezpeleta eta Garro
lapurtarrei, Domezain, Sainte-Engrace eta
Osserain zuberotarrei, eta Murua eta Oñaz-
Larrea gipuzkoarrei ere, nafar erregearen
zein ingeles erregearen zerbitzura borrokatu
baitziren Frantziaren eta Gaztelaren aurka.
?Beste aldean?, arabar, bizkaitar eta gipuzkoar
asko borrokatu zen ingeles-gaskoien
aurka eta Gaztelako eta Frantziako
erregeen alde, esate baterako, Martín Ruiz
de Abendaño, 1403an 42 ontziko ontzidi
baten buruzagia izan zena Ingalaterraren eta
Gaskoiniaren aurka.
Erregeari leial zerbitzatzeak sari egokia
zekarkien nobleei, kargu publikoak, erregearen
altxorraren gaineko errentak eta jaurerriak
jasotzen baitzituzten. Hala, Nafarroan,
1550ean, klase gidariko kideei egindako
emaitza erresumako gastuen %48 zen,
eta horrez gainera, %23, administrazioaren
soldatetan. Errenta horiek nobleen ekonomiaren
batez besteko handia ziren: 1488anBarriako monasterioko diru sarreren %35
Gasteizko alkabala zergetatik zetorren;
1537an Infantadoko dukeek Arabako beren
jaurerrian jasotzen zuten %60 hango alkabala
zergatik zetorren (292.265 marabedi),
eta, 1467an, Pedro Fernández de Velascok
195.000 marabedi jasotzen zituen Donostiako
alkabala zergetatik eta itsasoaren gaineko
hamarrenetik. Bestalde, Araban,
1332an erregearen lurretara atxikia izan
zelarik, 1384rako lurraldearen %80 jaun batzuen
artean berriz banatua izan zen. Euskal
nobleek lortu zituzten jaurerriak ez ziren
bertako lurretara mugatu, ezkontza bidez
eta emaitzen bidez beren eraginpeko
eremua Gaztelara zabaldu zuten ?adibidez
Mendoza arabarrak orobat ziren Santillanako
markesak, Real del Manzanareseko
kondeak eta Infantadoko dukeak? eta Gaskoiniara
?Nafarroa Behereko Agramondarrak,
adibidez, Mussidaneko eta de Blayeko
jaun ere baziren? eta lehen mailan egon
ziren beren garaiko gizarte aristokratikoan.
Prozesu hori hain garrantzitsua izan zen,
non nobleek errenta berriz banatzeko bideak
kontrolatzeko zuten interesak gatazka
handiak sortu baitzituen aristokraziaren
beraren alderdien artean. Euskal Herrian,
adibiderik esanguratsuena Nafarroako gerra
zibila da ?1451n hasia eta aldizka aldizka
Gaztelak Nafarroa konkistatu zuen arte
jarraitua?; gerra horretan nobleek elkarri
eraso zioten, aurreko belaunaldiez geroztik
alderditan banatuak baitzeuden, erresumako
gobernuak ?Karlosek, Bianako printzeak?
emaitzak ematerakoan oreka hautsi
zuenean familia jakin batzuen alde (Beamont,
Uriz,? gerora Beamondar izango
zirenak) eta beste batzuen kaltetan (Peralta,
Ezpeleta?, gerora Agramondar izango
zirenak).
Nekazarien krisia
Orain arte nobleen arazo ekonomikoak
aipatu baditugu ere, nekazariak izan ziren,
dudarik gabe, urrialdi hartan gehien sufritu
zutenak. Nekazaritzaren krisiak nekazariengan
izan zuen eraginik handiena, nekazariak
egoten ziren goseak, nekazariek saldu
behar izaten zituzten abereak edo zorpetu
behar izaten zuten aleak erosteko, errenta
ordaintzeko edo, besterik gabe, beren familiari
jaten emateko. XIII. mende bukaeraz
geroztik behin eta berriz uzta txarrak
izateak ondorio zuzen bat ekarri zuen, nekazari
askoren txirotasuna, adibidez Eransus-en,
1329an, ?ay VII peyteros en la villa
que non labran nin sembran en lur tierra
por lur grant pobredat et finqua yerma?.
Nekazariak izan ziren orobat jaunen indarkeriaren
jasaile nagusiak, esate baterako, Argantzuneko
biztanleak 1304an ?avian resçibidograndes dannos e perdidas de quemas
e tomas que les avien fecho rico omnes e
infansones e cavalleros e otros omnes en
guisa que eran muy pocos e muy pobres?;
gauza bera gertatu zitzaien 1353an Arrasateko
barrutiari erantsi zitzaizkion 7 herrixketako
komunitateei.
1347-1350eko haustura demografikoak
oso bestelako ondorioak izan zituen nekazarientzat.
Alde onen artean, aipatu beharra
dago lur eremu handiak libre gelditu
zirela, eta horren ondorioz lur sailak handiagoak
ziren, uzte kontratuak hobeak (bizi
guztiko kontratuak) eta soldatak handiagoak;
era berean, diruaren debaluazioak
gutxitu egin zuen errenta gisa ordaindu
behar izaten zen kopurua, kontuko dirutan
kotizatzen zena ?arrazoi hori zela eta ikusi
dugu nola nobleek interes handia izan zuten
ordainketa urrezko dirutan egin zedila
ziurtatzeko?, baina familia guztiek ezin izan
zuten baldintza berri horietatik etekinik atera.
1348ko izurriteak eta hurrengo urteetan
izurriak eta goseak berriz gogor jo izanak
ondorio kaltegarriak izan zituen nekazari
familiek lanerako indarrak baliatzeko zuten
ahalmenean, ez baitzen harrigarria su asko
gelditu izana familiako buru bat edo bi gabe
edo adin handiko senar-emazte eta haur oso
txikiekin. Zertarako balio du lur ugari izateak
lur hori ustiatzeko ahalmenik ez badago?
Izurriteak eta goseak beste ondorio
larri bat izan zuten petxa osoen sistema
indarrean zuten komunitateetan. Baldin eta
zabalkunde garaian, petxak aldaketarik izan
ez zuenez, biztanle bakoitzak ordaindu
beharreko kopurua gutxitu egin bazen familia
berriak sortu izanari esker, 1348 ondoren egoera oso bestelakoa izan zen; petxa
berbera zen, baina petxa ordaindu behar
zutenen su kopurua gero eta txikiagoa
zen, eta, beraz, familia bakoitzak ordaindu
behar zuen proportzioa igo egin zen, kasu
batzuetan baita bikoizteraino ere.
Gari, izurrite eta gerra krisi bakoitzak
areagotu baizik ez zuen egiten lurren pobretasunagatik
lurra ezin landu eta ezin
erein zuten eta, beraz, jarduterik ez zuten
edo gutxi jarduten zuten suen kopurua.
Horren ondorioz nekazarien arteko aldeak
handitu egin ziren eta elite bat sortu zen
nekazaritza ingurunean. Hori garbi ikusten
da 1429-1430eko nafarren eta gaztelarren
arteko gerraren ondoren Carcar-eko hiribilduak
bizi izan zuen egoeran; hango 30 suetatik,
12 familiari petxa barkatu zioten, beste
11 familiari arindu egin zieten petxa eta 7
familiak lehengo kopuru bera ordaintzen
jarraitu zuen. Gerra aurretik azken 7 familia
horiek ordaintzen zuten petxaren batez
besteko kopurua petxa zeharo barkatua
izango zitzaien 12 familiek ordaintzen zuten
kopurua baino bi aldiz handiagoa zen,
alegia estuasunek eragin handiagoa izan
zuten pobreengan, eta erregearen administrazioak
zerga familia haiei beheratu behar
izan zien gehien. Amezkoa Beheko Ekala
herrixkaren egoerak argi eta garbi ematen
du desoreka horren berri: ?dos casas del
logar cugen pan para su provision del aino,
un aino con otro, et las otras (cinco) escasament
para la mitat del aino?, herrixka
hartan bertan bazirelarik beste hiru su pertsona
bakar batek osatuak eta pobrezian eta
besteren errukiari esker bizi zirenak.
Nahiz, arestian ikusi dugunez, nekazari
komunitate askok lortu zuten beren petxak
aldi baterako beheratu edo barkatzea, XIV.. endearen erdialdeaz geroztik indarrean
jarri zen zergak igo egin zuen nekazari
komunitateek ordaindu behar zuten nahitaezko
tasa kobrantza. Falceseko nekazariek
1357an egin zuten matxinadari eta geroztik
matxinatuei bahitu zitzaizkien ondasunei
erreparatuz gero, aise ikusten da izurriaren
eta zergaren eraginez zerga presioaigo egin zela. Falceseko biztanleei abuztuan
bahitu zitzaien uztaren kopurua 4.788 lakari
garikoa eta 3.392 lakari garagar eta olokoa
izan zen. Ogia egiteko ziren 4.788 lakari laboreei
hurrengo urteko uztarako aleei zegokion
zatia kendu behar zitzaion lehenik
?1etik 4ra edo 1etik 5erako etekinarekin?,
gutxi gorabehera 1.000 lakari; gero petxa
kendu behar zitzaion, 425 lakari alegia, eta,
beraz, 3.363 lakari gelditzen ziren. Falceseko
biztanleen artean 210 ziren petxa ordaintzen
zuten suak, 1350eko Diruen Liburuaren
arabera, alegia, 700 edo 800 bat biztanle,
su bakoitzak 4 biztanle baino gutxiago
izango zituela kalkulaturik, kontuan hartu
behar baita oso denbora gutxi iragan zela
izurria bukatu zenez geroztik. Kalkulatu izan
da gizabanako batek 4 lakari eta 2 erregu
gari kontsumitzen zuela urtean, beraz Falceseko
700 edo 800 biztanleei jatekoa emateko
3.150 eta 3.600 lakari gari behar ziren.
Alegia, arestian aipatu ditugun 3.363 lakariekin,
falcestarrek, beren buruen hornidura
bermatu ondoren, ez zuten gari soberakinik.
Gainera, kontuan hartu beharra dago
izurriaren aurretik Falcesen 552 su zeudela,
1330eko Diru Liburuaren arabera, ?1350ean,
berriz, 210 zirelarik?, eta, beraz, familia bakoitzaren
zerga tasa bikoiztu egin zen izurritea
eta gero. 1355etik aurrera, zerga laguntzak
indarrean jarri zirenean, Falceseko
nekazariek 250 liberatik gora ordaindu behar
zituzten, 400 lakari garik balio zuena,
alegia. Aleei eta petxari zegokiona kendu
ondoren biztanleen hornidura bermatzeko
gelditzen ziren 3.363 lakarietatik 400 lakari
horiek kenduz gero, argi ikusten da gariaren
oreka hautsita zegoela. Hamar urtetan
bortxazko tasa kobrantza bi aldiz asko igo
ondoren, ez da harritzekoa Falceseko biztanleak
azkenean matxinatu izana. Hori
guztia, esan beharra dago, XIV. mende erdi
aldean gertatu zen, bai-urteetan, uzta txarrik
gabeko aldian, alegia, mende hartako
lehenengo berrogeita hamar urteetan izan
zen krisi latzaren ondoren. Dudarik gabe,
egoera askoz okerragoa izango zen ezurteetan
eta goseteetan.
Nekazariek krisiari eman zioten erantzuna
Euskal Herriko nekazariek aurre egin zieten zailtasunei, bai ekonomiaren alorrean, krisiak jotako nekazaritza utzi eta beste jardueratan arituz, eta bai gizartearen alorrean, jaunek egiten zuten presio gero eta handiagoari buru eginez ?batzuetan indarkeria erabiliz?.
Irtenbide ekonomikoak
Nekazaritzaren krisiak izan zuen agerpide
ikusgarrienaren ondorio gisa, lur landuen
jaitsierarena alegia, abeltzaintzak goraldi
bat izan zuen, nekazaritzaren hazkundearen
garaian izan zuen beheraldiaren
ondoren. Izan ere, abeltzaintza izan zen
lehen sektoreko jarduera nagusia Bizkaia,
Gipuzkoa eta Arabako iparraldean eta Nafarroa,
Lapurdi eta Zuberoako Pirinioetako
haranetan. Azken Erdi Aroan zerri hazkuntza
oinarri-oinarrizko jarduera izan zen Pirinioetako
haranetan. Pirinioaurreko arroetan,
berriz, mendietan larre nahikoa zegoenean
bakarrik haz zitzaketen zerriak, ?de
los montes, quando cargan pazto? zioen
1427-1435eko Nafarroako Suen Liburuak,
eta hori ez zen urtero hala izaten, laboreetan
izaten ziren kalteek ?lehorteak, izozteak,
kazkabarra,?? eragina izaten baitzuten
orobat basoetan eta belardietan. Behi eta
zaldi haziendak zabaltzeko joera izan zuen
iparraldeko eta Pirinioetako lurraldeetan;
behiak, berriz, Euskal Herri osoan zehar
hedatu ziren, baita Ebroko Erriberan ere,
kopuru handian, 1433ko Nafarroako Txostenak
adierazten duen bezala (ikus nekazaritzaren
krisiari dagokion atala), eta Lizarrako
Merindadean 1385ean egindako txostenak
zioenez, 42.349 behi zeuden 119
udalerrietan banatuak.
Baina nekazaritzaren krisiari dagokion
atalean esan dugun bezala, aziendaren jabetza
ez zegoen berdin banatua nekazari
guztien artean eta, beraz, nekazari askok
beste bide batzuk bilatu behar izan zituzten
bizimodua atera ahal izateko. Besteak
beste, soldatapeko lana, 1428ko Suen Liburuan
aipatzen den Vidangozeko adibideak
erakusten duenez, nekazariei lana eskaintzen
baitzitzaien ez bakarrik besalari
gisa, baita garraiolari gisa ere, garraio abereren
batekin garraioak eginez. Hori guztia,
gogora dezagun, soldata errealak hazi
egin ziren garaian gertatu zen, XIV. mende
erdialdean demografiak izan zuen beheraldiari
esker. Hirietatik hurbil bizi ziren biztanleek
irabaziak izaten zituzten egurra hiriko
azoketan salduz, eta burdinolen inguruko
eremuetakoek aukera handiak izaten
zituzten burdingintzari lotutako jardueretan:
mea ateratzea, harrikatza egitea eta garraiatzea?
Nekazari familiaren antolaketa
Garai hartan, aurreko aldian ez bezala,
lur antzua oso ugaria zelarik, nekazari familiak
bere lurrak ustiatzeko zuen gaitasuna
zen gauzarik garrantzitsuena, alegia, laneanegin zezakeen inbertsioa. 1350. urteaz geroztik,
izurriak eta goseak aldian aldiro jotzen
zutelarik, nekazari familiek arazo larri
bati egin behar izan zioten aurre, demografiaren
eta nekazaritzaren krisialdiari dagozkion
ataletan ikusi dugun bezala.
Nekazariek lurrak lantzen jarraituko
zutela ziurtatzea eta lur landu horietan lan
egiteko gauza izango ziren pertsona helduen
gutxieneko kopuru bat bermatzea zen
indartu beharreko estrategia. Horregatik
sortu ziren su anizkunak deritzatenak, alegia,
senar-emazte bikote bik edo gehiagok
bizileku berean eratutakoak (normalean
senar-emazteak eta seme edo alaba ezkondua
izaten ziren). Hala, su bakuna bikoteko
kide bat edo biak hilko ote ziren arriskuaren
mende bazegoen, su anizkunak
arrisku hori saihesten zuen, bikote bi edo
gehiago egoitza berean bildurik, lan esku
baliagarriz gabetua izateko arriskua gutxitzeko.
1427-1435eko Nafarroako Suen Liburuan
mota horretako suak deskribatutako
suen %21,6 ziren, eta 1433ko txostenetik
gorde diren zatietan, Zangoza eta Lizarrako
merindadeak aipatzen dituen atalean, su
horiek %30 eta %28 ziren hurrenez hurren.
Estrategia horrek, ustez, arrakasta izan zuen;
1427ko txostenean su anizkunek gehiago
ordaintzen zuten ?ondasun higiezinaren
proportzioan ordaindu behar baitzen zerga?,
eta 1433koan, su anizkunek su bakunek
baino laboretarako abere gehiago zituzten
batez beste, bai eta behi gehiago ere.
Klase borroka eta jaunen aurkako jazarraldia
Arestian ikusi ahal izan dugun bezala,
jaunek, ikusirik beren errentak behera egiten
zutela, nekazariekin borrokan ari izan
ziren nekazaritzako soberakin gero eta murritzagoak
nork eskuratuko. Orain beste
ikuspegi batetik ikusiko dugu borroka hori.
Ikusi dugu nola demografiaren egoera nekazarien
alde zegoen, gizon gutxiago eta
lur libre gehiago egoteak esan nahi zuen
petxa murrizteko aukerak negoziatu zitezkeela,
nekazariak lurra lantzeari utziz gero
noblea leku bateko errenta osoa galtzeko
arriskuan baitzegoen. Zirt edo zart erabaki
behar horretan, ez zen ezinezko gauza nekazariek,
aldez bederen, garaipena lortzea
eta, ikusi dugun bezala, garaipen hori sarri
iritsi zuten nekazariek. Petxa murrizteak beti
ekarri ez bazuen ere zerga presioaren maila
izurriaren aurreko garaikoa bezalakoa izatea,
Zangozako nafar merindadeko hamabost
komunitateen azterketak adierazten
zuen su bakoitzeko batez besteko petxa
izurriaren aurretik 6 erregu garikoa zela;
1377an batez besteko horrek gora egin zuensu bakoitzeko 20 erreguraino, eta 1430 inguruan
lortu zuten nekazariek petxaren
batez besteko hori su bakoitzeko 14 erregura
jaistea. Esan behar dugu baita ere,
jaunek malguago jokatu bazuten ere ?halabeharrez?,
Nafarroako monarkia ez zela
hain eskuzabala izan eta eutsi egin ziola nekazarien
komunitateen gainean bortxaz aritzeko
eta zergaren bidez nekazariei soberakin
ekonomikoak kentzeko bide berriak
sortzeko ahalmenari.
Zerga neurriz gain igotzeari nekazariek
aurre egin zioten hasieran, bai batzuetan
indarrez aurre egin ere; aipatua dugu jadanik
1357an Falcesen izan zen altxamendua
edo Gamue eta Oztibarreko lurretan 1369-
1370ean izan zena, baina hala eta guztiz ere
zerga ohiko eran derrigorrez ezarri zuten.
Ez zen gauza bera gertatu jaunek bidegabeki
eta beren borondate hutsez egin zituzten
errenta igoerekin, edo zerga salbuespenen
garaian kenduak edo gutxituak izan
ziren zerbitzu lanetan egin beharrekoak edo
ohiko monopolioak berpizteko saioekin.
Batzuetan, nekazarien erresistentziak indarkeriazko
gatazkak sorrarazi zituen, adibidez,
1423an Leintz haranean izan zen matxinada
edo 1443an Pedro Lopez de Ayalari
Agurainen egin zitzaion erasoa. Nekazarien
haserrealdi horiek, zergen aurkako matxinadek
bezala, ez zuten arrakastarik izan.
Jaunek beren klasearekiko elkartasunez jokatu
zuten eta nekazarien higikunde horiek
zapaldu zituzten aristokraziako edo monarkiako
beste familia batzuen laguntzaz; Leintz
haraneko altxamendua Fernán Pérez de
Ayala arabarrak eta Juan de Mujika eta
Ochoa de Salazar bizkaitarrek zapaldu zuten,
eta 1443an Araban izan zen matxinada
Aguraingo kondeak, Haroko kondeak eta
Lope García de Salazar bizkaitarrak zapaldu
zuten. Adibiderik garbiena, gauza bitxiabadirudi ere, Euskal Herritik urrun izan zen,
Nafarroako Karlos II.ak, Frantziarekin gerran
bazegoen ere, Frantziako aristokraziari
laguntzea eta haien soldaduen buru jartzea
erabaki zuenean 1358ko jacquerie
?Frantziako iparraldeko nekazarien altxamendua?
zapaltzeko, harik eta Melloko
guduan matxinatuak garaitu zituen arte.
Aurkaria higatzeko borroka bakezkoa
izan zen nekazariek erabili zuten eta azkenean
garaipena ekarri zien estrategia, alegia,
jaunak auzitara eramatea eta haien aurka
laidoen bildumak aurkeztea monarkiaren
zuzenbide erakundeen aurrean. Hala,
Aramaioko herritarrek 25 salaketa aurkeztu
zituzten Juan Alonso de Mujikaren kontra
1453 eta 1480 bitartean, eta laidoen bilduma
bat orobat 1488an; Oñatiko nekazariek
auzitara eraman zuten beren jauna
1482az geroztik. XV. mendeko azken hogeita
bost urteetan ugaritu egin ziren jaunen
aurkako auziak, bai askotan nekazariek auzi
horiek irabazi ere. Oro har, nekazariek lortu
zuten bidegabeki ezarritako zergak, lanetan
ordaindu beharreko zerbitzuak,
etab? kentzea, baina ez zuten lortu jaunen
eskumenetik ateratzea. Hermandadeen babesari
esker, nekazariek lortu zuten baita
ere indarkeriazko presioari aurre egitea eta
ordena publikoa ziurtatzea jaunen eraso
sarrien aurrean.
Ikus dezakegunez, eta arestian ikusi
dugunez, jaunek nekazarien soberakinak
beretzeko erabili izan zituzten bideak zaharkituak
geratu ziren. Estatua zen orain,
sarrerak zergen bidez hartzen baitzituen,
sarrera horiek berriro banatuz nobleen bizi
maila eta nobleek gizartean zuten lehentasuna
bermatzen zuena. Hala, XIV. mende
erdialdeaz geroztik, estatu feudalismoaren
edo feudalismo zentralizatuaren aldia hasi
zen nagusitzen.