Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Ekonomia

Eskulangintza XI. mendetik XV. mendera

Legazpiko Mirandaola burdinolaren oinplanoa (Gipuzkoa), jatorrizko planoen arabera.<br><br>

Euskal Herriko gizartea, Europako beste herrialde guztietakoa bezala, baserritar gizartea zen Erdi Aroan. Lurra, lurraren jabetza eta lurreko lanaren kontrola ziren gizarte antolamenduaren oinarri nagusiak.

Ekonomia jardueren artean, funtsezko balioa zuen noski nekazaritzak. Baina nekazaritza ez ezik beste jarduera batzuk ere behar-beharrezkoak ziren. Adibidez, zaldunak norbait behar zuen armak egin ziezaizkion, nekazariak ere lanabesak behar zituen lurra lantzeko, bai batzuek bai besteek oihala behar zuten janzteko, scriptorioum bateko eskribauak nonbaitetik atera beharko zuen papiroa edo papera txostenak idazteko.

Eskulangintza eta industria zeuden premia horiek betetzera deituak. Non ziren baina eskulangile profesional horiek? Bada, herriguneetan, hiribilduetan eta hirietan, ofizioka antolatuak eta korporazioka banatuak.

Baina hiri ingurunetik kanpo ere, herrixka txikietan edo han-hemen sakabanatuta, eskulangile asko zegoen, oinarrioinarrizko kontsumo premiak betetzera zuzendua bere bizibidea. Eraldatze industria garrantzitsu batzuk ere, burdingintza esaterako, hiriez kanpo zeuden. Ideia nagusi horiek abiapuntu harturik, baliagarriak baitira industria aurreko garaiko Europa osoarentzat, euskal eskulangintzaren ezaugarri nagusiak aztertuko dira lan honetan.

 

Burdingintza tradizionala XI.. endetik XIII.. endera

Euskal industria Erdi Arokoaren ezagueran argiak eta ilunak, bietarik daude. Alor jakin batzuk ongi samar aztertuta daude: burdingintza, ontzigintza eta metalgintza esate baterako. Hutsuneak hutsune, ongi ezagutzen dira jarduera horien XIII. mendeazgeroko ezaugarriak eta bilakaera, Gipuzkoan eta Bizkaian behintzat. Nafarroako erresuman, Erdi Aroaren ikerlariek ongi aztertu dituzte hango politika eta erakundeak, baina industria behar bezala aztertu gabe dago oraindik. Ipar Euskal Herrian ere, Baiona eta inguruetako industriaz beste guztia ez da ongi ezagutzen. Bestalde, eta lurraldeak lurralde, azterketa honetako aldi ilunena 1000-1250. urte bitartekoa da noski.

Erdi Aroko euskal industriaz hitz egitean, burdingitzaz eta burdinolez hitz egin behar da nahitaez. Egoera aldekoa zen industria mota horientzat: mea oso kalitate onekoa zen, meatzeak inguruan zeuden guztiak, mearen ustiapenak ez zuen aparteko zailtasunik, eta garraiobide nagusiak ?bai lehorrekoak (Santiago Bidea) bai itsasokoak (Bizkaiko golkotik Flandriako eta Mantxako itsasarteko portuetara)? hurbilean zeuden. XI. mendeaz gero industria aurreratu izanaren eragile nagusia burdinaren eskaria handitzea izan zen. Industriaren aurreramendu hori Europako ekonomiaren hazkunde orokorrarekin batera etorri zen: biztanle kopuruak, oro har, gora egin zuen, lur sailak zabaldu egin ziren, hiriak berpiztu eta itsas merkataritza abiatu.

Euskal Herriko burdinoletako bitarteko teknikoak eta Europakoak antzekoak ziren funtsean. Burdinola zaharrenak mendietako haizeolak edo agorrolak ziren: burdina goritzeko sutegi hauspodun batzuk ziren, barruan, txandaka, mea eta erregai (egurra) geruzak zituztela. Hauspoak eskuz erabiltzen ziren bezala, burdina ere eskuz mailukatzen zen trinko-trinko egin eta zepa kendu ondoren. Burdinola haietan, beraz, giza indar handia behar zen, eta horregatik deitzen zitzaien, erdaraz, omes, eta are machuqueras ere. Lantegi horietan utzitako zapa aztarnategiak arakatu dituzte azkeneko urteotan arkeologoek Gipuzkoan (Zabaraingo aztarnategia, adibidez, Legazpi, Mutiloa eta Zerainen artean) eta Bizkaian (Ilso Betaio, Oiola eta Tresmoralgo aztarnategiak), X eta XII. mende bitartekoak guztiak. Burdingintzak, dena den, XIII. mendeak aurreraegin arte ez zuen aparteko garrantzirik izan Gipuzkoan eta Bizkaian, Araban baino gutxiago betiere. Abiatu ere, burdingintza lehenago abiatu zen Araban, lurralde jendeztatuagoa eta baliabide ekonomikoetan aberatsagoa baitzen, kostaldeko beste bi lurralde horietan baino. Ez alferrik, Donemiliagako monasterioak mendekoei zerga eskatu zien bi alditan (1025ean behin, eta XII.. endearen erdialdean beste behin), Arabari burdinazko produktuak eta Gipuzkoari eta Bikaiari, berriz, abelburuak eskatu zizkien.

XIII. mendearen erditik aurrera, pixkana-pixkana, ola mota berri batek ordezkatu zuen mendiko ola zaharra Bizkaian eta Gipuzkoan: zeharrola edo ola hidraulikoa zen, alegia, urak ibilarazia. Euskal Herrira XIII. mendearen erdialdean sartu zela ola berria dioten adituen artean aipagarriak dira Luis Miguel Díez de Salazar (Gipuzkoaren kasurako behintzat) eta Luis María Bilbao.

Bigarren aditu horren hipotesiak hartuko dira kontuan lan honetan, zorrotzagoak eta oinarri sendoagokoak baitirudite. 1293an, eta Antso IV.a Gaztelakoaren kontu liburuen arabera behintzat, 600 bat tona burdina esportatu zen Gipuzkoako portuetatik. Datu horren estrapolazioa eginez, Euskal Herrian 3.000 tona burdina ekoiztuko ziren garai hartan, baina burdinola hidraulikorik gabe, soil-soilik haizeolekin, ezinezkoa litzateke hori. Mendiko burdinola batean 2,7 bat tona burdina egiten zen urtean, eta horren arabera, 3.000 tona burdina ekoizteko 1.200 haizeola beharko ziren. Eta hori ezinezkoa da, gehiegizkoa, inondik ere, logikaz kontrakoa.

Burdinola hidraulikoa XIII. mendearen erdialdean zabaltzen hasi zelako beste aztarna bat Irungo eta Oiartzungo burdinolen forua da (1328), non argi eta garbi adierazten baitira burdinola hidrauliko baten elementu teknikoetako batzuk. Kontuan harturik legezko testu horrek beste errege batzuen garaiko arautegi bat baliatzen eta sistematizatzen duela, ez litzateke ausarkeria bat arautegi horren jatorria ?eta burdinola hidraulikoena bide batez?, XIII. mendearen azkeneko hamarraldietako bat dela esatea. Antso IV.ak Segurako hiriari 1290eaneman zion zerga salbuespenaren gutunean ere burdinola mota berri horri buruzko aipamenak ikusi nahi izan dira, baina horiek zailagoak dira interpretatzen.

Zer ezaugarri tekniko zituen baina, ola mota berriak? Gurpil batek, ibai baten korrontea baliaturik, indarra transmititzen zion mendiko oletakoa baino hauspo handiago bati, eta hauspoak haizea sartzen zuen indar handiz labean. Sistemak mailu handi bati eragiten zion, zeinak jotzen baitzuen, azkar eta indar handiz, burdina labetik atera berria. Burdina egiteko prozedura berri horrek aldaketa handiak ekarri zizkion euskal burdingintzari. Produkzioa azkartu eta hobetu egin zen eta olen kokalekua ere aldatu, handik hara ibai ertzean eraiki behar izan baitziren. Lurraldeetako produkzio moduetan ere izan zuen eraginik aldaketa horrek, handia gainera. Araban, adibidez, basoak soiltzean eta baliabide teknikoetan atzera geratzean, burdingintza lehentasuna galtzen hasi zen kostaldeko bi lurraldeen mesedetan; izan ere, bai Bizkaiak bai Gipuzkoak egur baliabide handiagoak eta ibai egokiagoak zituzten.

Burdinoletako lanaren antolamenduan ere izan zen aldaketarik. Langile kopurua handitu egin zen, eta lantegi handietan gehiago izan bazitezkeen ere, gutxienez lau izaten ziren: bi urtzaile, ijelea bat (burdinari xafla forma emateko) eta beste langile bat mea txikitzeko labean sartu aurretik. Eta egitekoaren zailtasunagatik hala behar izaten zenean, arduradun bat jartzen zen lanak zuzentzeko. Baina olan bertan ez bazen ere, askoz langile gehiago aritzen zen olarako lanean: meatzariak eta baso mutilak, adibidez, lehengaia eta erregaia eskuratzeaz arduratzen ziren. Eta, hala, herri txiki batean familia asko bizi zitekeen burdinola batetik, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian (eta baita Nafarroako mendialde atlantikoan ere), lurralde horietan nekazaritza eta abeltzaintza norberaren kontsumorako izaten baitziren gehienbat, eta horrek lan egonkorrik gabe uzten zuen biztanleriaren parte handi bat. Burdingintza osagarri ezin hobea zen lurralde horietako herrien ekonomiarentzat: burdinazko produktuen ordainez ohiz kanpoko elikagaiak eros zitezkeen (garia eta beste labore batzuk, ardoa), eta lehen sektoreko zereginekin bakarrik baino lanpostu gehiago zegoen. Burdinolek, beraz, pisu sozial eta garrantzi ekonomiko handia izan zuten Euskal Herriko historian.

 

Behe Erdi Aroa: XIV eta XV.. endeak

Euskal Herriko eskulangintzan, Erdi Aroan, alde handiak egon ziren lurralde batetik bestera. Sektore bat nabarmendu zenguztien gainetik, burdingintza, zeinak aurreko mendean finkatu baitzituen oinarriak.

Burdinaren ekoizpenak, gainera, beste jarduera batzuk bultzatu zituen: metalgintza eta batez ere armagintza (arma zuriak eta XV. mendeaz gero su armak). Orobat nabarmendu zen ontzigintza ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Garrantzi gutxixeagoko beste jarduera azpimarragarri batzuk oihalgintza eta larrugintza ziren.

Bizkaian eta Gipuzkoan XIV eta XV.. endeetan burdinaren produkzioak gorakada handia izan zuen, XV. mendearen bigarren erditik aurrera gehienbat, euskal burdinaren urrezko aroan alegia. Gorakada horren zergatiak azaltzea ez da batere erraza.

Kontua da zenbait faktorek bat egin eta izugarri handitu zutela burdina eskaria XV.. endearen azkeneko hamarraldietan, bai bertan bai kanpoan: beraz, aurreko gizaldiko krisiaren ondotik Europako nekazaritza berriro indartzea, hiriak hedatzea eta ugaritzea, garraiobideak garatzea eta nazioarteko gatazkak ugaltzea ?arma industriaren gorakada, alegia? izan ziren burdingintza ekoizpenaren bultzatzaile nagusiak.

Burdinaren ekoizpenaren zabaltze horrek ondorio nabarmenak izan zituen. Ola hidrauliko berriak erabat nagusitu zitzaizkien mendiko ola zaharrei XV. menderako, eta han eta hemen ugaritu ziren. Gipuzkoan burdinolak non zenbat zeuden argi azaltzen da Derechos de Ferrerías liburuan (1491) eta Zigiluaren Errejistro Nagusian gordetako dokumentazioan. Dokumentu horien arabera ola densitate handienak leku hauetan zeuden: Deba ibarrean (hamar ola), Oria ibaian eta ibai adarretan, Zarautz eta Zegama bitartean (hogeita hamar bat ola), Urumearen ertzetan (Hernaniko parean batez ere), Oiartzunen eta Irun-Urantzu aldean.

Harritzekoa da ordea dokumentu horietan zein ola gutxi aipatzen den Urola aldean: Azpeitia, Zestoa eta Legazpikoak baino ez.

Bizkaian oso sakabanatua zegoen burdingintza.

Nolanahi ere, sortaldean Busturiako merindadea eta sartaldean Markinakoa, Durangaldea, Bilbo ingurua eta Enkartazioak ?Gordexola bereziki? ziren ola dentsiate handieneko guneak. Olen ehuna etengabe berritu zen: XVI. mendean zehar ola berri gehiago gehitu zitzaien lehengoei, eta produkzio urrikoak desagertu egin ziren.

Burdina ekoizpenaren beste bultzatzaile nagusietako bat kanpo merkataritza izan zen nonbait. Euskal Herriko burdinak arrakasta handia izan zuen XV. mendean Ingalaterra, Frantzia eta Flandriako merkatuetan.

Ingalaterrak Gipuzkoatik eta Bizkaitik inportatzen zuen burdina gehiena (%80- 90), Londresko eta Bristolgo portuen bitartez: 900 tona 1450ean eta 3.000 inguru mende bukaeran. Dieppe, Rouen eta Bruggeko salerosketei buruzko datuetan ikusten da goranzko joera hori. Horrek guztiakargi erakusten du Euskal Herriko burdingintza zabalduz zihoala. Zaila da ordea gorakada hori kopurutan zehaztea, eta hemen aurkezten diren datuak badaezpadakoak dira ezinbestean. Hala bada, ahalik koherentzia handienaz eginik kalkuluak, uste da Bizkaiak eta Gipuzkoak 9.000- 11.000 tona burdina inguru ekoizten zutela, hau da, Europako mendebaleko ekoizpenaren %20-25a gutxi gorabehera.

Agintariek burdingintza arautzeko ardura bere gain hartzea eta langintza mota hori gero eta instituzionalizatuagoa egotea, horra euskal burdingintzaren gorakadaren beste bi froga. Oiartzunek eta Irunek 1328rako, eta Gipuzkoa osoak 1338rako, bazeuzkaten burdinola foruak. Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiek mende bete geroago osatu zuten burdinolei buruzko lehenengo corpus juridikoa (1440), eta haren xedapenei aldaketak egin zitzaizkien Foru Zaharrean lehenbizi (1452), eta Foru Berrian gero (1526). Bizkaiko eta Gipuzkoako burdingintzak bere erakunde eta kargudun propioak zeuzkan, eta kargudunen artean, olako alkatea zen buru; berak zuen industria arlo horretako langileen arteko auzi zibilak garbitzeko ardura. Gaztelako erregeak ere burdinoletara hedatu zuen bere aginpidea, eta horrek babestua egotea esan nahi zuen (Bizkaian, 1440ko foruaren arabera, burdinolek eta burdinoletako langileek erregearen babesa zuten kapareen erasoen aurrean), baina baita zerga bereziak ordaindu behar izatea ere, hala nola ekoizpenaren gaineko albala zerga, inportazioen eta esportazioen gaineko hamarren zaharra, eta saltzaileen gaineko alkabala zerga.

Burdingintzaren instituzionalizazioak eragina izan zuen lanaren antolamenduan.

Olagizonak gremioetan elkartzea erabaki zuten, kabildo, kofradia eta hermandade deituetan. Elgoibar eta Mendaroko ibarretako olagizonen kabildoak, adibidez, ordenantza bilduma mardul bat ezagutarazi zuen lan baldintzak xehe-xehe arautuz. Elkartasunari dagokionez, baina, Arrasate nabarmendu zen guztien gainetik; XV. mendean hiru elkarte antolatu ziren han: maisu matxinoena, kurrikagileena eta iltzegileena (Santa Luzia), eta meatzariena (San Balerio).

Elkarte horietan erlijioak garrantzi handia zuen, talde bakoitzak bere debozioko santua izaten zuen eta jaiak antolatzen zituen haren ohoretan.

Olak jabe bat edo bat baino gehiago izan zezakeen. Ola batzuk jabeak berak ustiatzen zituen, eta beste batzuk ?gehienak XV. mendearen bigarren erditik aurrera? errentan uzten ziren. Erdi Aroa eta Aro Berria bitartean olajaun talde ahaltsu bat eratu zen, hiru elementu nagusi hauez osatua: ahaide nagusiak (oinordekotzan uzten zituzten olak), kontzejuak (errentak handitzeko nahi zituzten olak) eta salerosleak (olajaunekin salerosketan aritzetik olak erostera igaro ziren, eta are olak berritik egitera ere).

Orain arte aipatu den guztia baina, Gipuzkoarentzat eta Bizkaiarentzat da baliagarria, ez Arabarentzat. Arabako burdingintzak, iparraldeko hermandadeetan gehiena (Asparren, Barrundia, Zigoitia, Legutio), garrantzia galdu zuen Gipuzkoa eta Bizkaiakoaren aldean. Gainbehera, XIII. mendean jadanik hasia, areagotu egin zen hurrengo mendearen aurreneko erdian, besteak beste Arabako burdingintza, energia hidraulikoaz baliatzen hasi gabea, atzeratua geratu zelako. Baina ez zen hori izan gainbehararen eragile bakarra: noblezia, adibidez, abeltzaintza eta beste jarduera batzuk bultzatzen hasi zen Arabako olek zeukaten lekurik hoberenean; eta nekazaritza ere krisialdi larria pairatzen ari zen. Dena den, 1375-1525 bitartean, goraldi bat izan zuen Arabako burdingintzak ola hidraulikoa erabiltzen hasteagatik, baina ez horregatik bakarrik, baita nekazaritza zuzpertu zelako (XV. m.) eta gerrek (Ehun Urteko gerra Europan, eta Euskal Herrian bandoen gerrak) burdina eta burdinazko produktuen eskaria goratu zutelako ere. Gipuzkoan bezala Araban ere, prozesu horren barruan sekulako papera jokatu zuen aristokraziak, alegia, ahaide nagusiek (Abendañotarrak, Ayalatarrak, Gebaratarrak eta Mendozatarrak), haiek baitziren ola jabeak, olak eraiki eta ustia zitzaketen bakarrak. Arabako burdingintzaren zuzpertze horretan ordea bazen hutsune bat Araba beste lurraldeetatik bereizi zuena. Araban ez zen ola forurik ez ezer antzekorik, hau da, Arabako burdingintzak ez zuen marko juridiko propiorik izan.

Burdingintzari loturiko jardueren artean armagintza nabarmendu zen, batez ere Eibar, Soraluze, Markina eta Gasteizen. Eskariak leku askotatik heldu ziren: Europatik (Irlandara ere esportatu ziren armak) eta batez ere Gaztelatik, zeren Koroaren gudarosteak, nazioarteko eginbeharrak ugaritu ahala, gero eta arma gehiago behar izan baitzuen.

Armagintzaren beste bezero nagusietako bat euskal eta gaztelar nobleak eta kapareak ziren, haientzat armak estatus jakin baten sinbolo baitziren. Arma mota asko egiten zen, eta langintza horren barruan lanbide berezi asko sortu zen. Arma batzuk babes armak ziren (altzairuzko jantziak, bularrekoak eta burukoak, burdinsarezko gerruntzeak eta besape babesak, ezkutuak eta abar), eta erasorako besteak (azkonak, baleztak, aiztoak eta labanak, dardoak, aizkorak, ezpatak, lantzak, geziak eta abar).

Gipuzkoako eta Bizkaiko metalgintza teknologia berrietara moldatu behar izan zen, eta XV. mendearen hasieran su armak egiten hasi zen: kanoiak, artileriako jaurtigaiaketa abar. Armagintzako lantegietan, gainerako lanbide gehienetan bezala, hiru maila zeuden: maisuak (lanaren zuzendaria eta emaitzaren erantzulea), ofizialeak (soldata baten truke aldi baterako kontratatuak) eta mutilak, ikasten ari zirenak.

Baina armak ez ezik beste gauza asko ere egiten zen burdinaz. Ontzigintzak eta nekazaritzak, adibidez, metalezko beste produktu askoren beharra zuten. Bilbon, XVI. mendearen hasieran, garrantzi handia izan zuen aingurak egiteko industriak. Iltzeak, ferrak-eta egiteko ere asko erabiltzen zen burdina. Produktu horiek edozein lantegitan egin bazitezkeen ere, XV. mendean industria hori Goierrin zegoen gehiena,batez ere Oñatin eta Deba Beherean (Eibar eta Elgoibar). Nekazaritzako lanabesak (laiak, goldeak eta aitzurrak) non egiten ziren zehaztea zailagoa da, baina Gasteiz zen, nonbait, ekoizgune nagusietako bat.

Olek eta sutegiek ere hainbat material behar zuten beren lana egin ahal izateko, ingudeak, adibidez. XV. mendean Oñatin eta Arrasaten egiten ziren gehienak.

Ontzigintza izan zen Euskal Herriko industriaren beste jarduera aipagarrienetako bat Erdi Aroan. XIII. mendean itsasketak aurreramendu handia izan zuen Gipuzkoan eta Bizkaian zenbait faktorek bat eginari esker: lehengai ugari zegoen, marinelak eta itsasgizonak trebatuagoak zeuden, eta ezzen zaila kai naturalak aurkitzea. Asko handitu zen ontzien eskaria, bai arrantzarako, bai salgaien garraiorako eta baita gerrarako ere. Ontzigintzak beste zenbait jarduera sustatu zuen aldi berean, hala nola metalgintza (iltzeak, aingurak eta bestelako burdina gaiak) eta zurgintza. Ontziolak, beraz, asko ugaldu ziren Bizkaian (Lekeition, Bermeon eta batez ere Nerbioi ibaiaren zehar, hau da, Portugalete, Bilbo, Deustua eta Abandon), eta Gipuzkoan (Hondarribia, Donostia eta Getaria). Ontzigintzaren zabaltzeak berrikuntza teknikoak ekarri zituen.

Era askotako hobekuntzak egin ziren: ontziko oholak jartzeko moduan, ontzia gobernatzeko moduan (lema finkoa jarri zen txopan), eta abar. Ontzigileak lehengoez gainera beste ontzi mota asko egiten hasi ziren, ordu artekoak baino sendoagoak eta pisutsuagoak, hala nola bajelak, naoak eta karabelak XIV. mendean, eta galerak, karrakak eta galeoiak XV. mendean.

Oihalgintza ez zen euskal industriaren sektore nagusietakoa izan Erdi Aroan, baina merezi du hala ere aipamena lan honetan.

Bazen antzinaz geroztik oihalgintza tradizional bat, lehengaitzat artilea eta batez ere lihoa erabiltzen zuena, eta norberaren, etxekoen edo herrikoen premiak asetzera zuzendua. Gero, XV. mendean, garrantzizko hiru oihalgintza gune sortu ziren, Gasteizen, Bergaran, eta Durangon, eta beste bat, apalagoa, Balmasedan. Lantegi horietan ez zen oso oihal fina egiten (hori Flandriatik inportatzen zen), arrunt samarra eta merkea baizik, herri xehearen premia gero eta handiagoak asetzeko. Izan ere, herri xeheak soldata hobeak eta, beraz, erosteko ahalmen handiagoa lortu zuen garai hartan, hemen azaltzeak luze joko lukeen arrazoi batzuengatik. Gainera, neurri bereziak hartu ziren oihalgintzari laguntzeko.

Gasteizen, adibidez, 1487an, aduana neurriak hartu ziren bertako oihalgintza atzerriko konkurrentziatik babesteko. Erregeerregina Katolikoek ere baimen berezia eman zuten 60 ehundegi jartzeko Arabako hiriburuan (1497). Garaitsu hartan, 1496an, Durangoko oihalgileek ordenantza berezi batzuk hartu zituzten beren jarduera beharbezala arautzeko eta babesteko. Gasteizen argi ikusi ahal zenez, hiriko industria bi modutara zegoen antolatua. Produkzioaren parte bat hiriko gremioen esku zegoen, ordenantzak, kontrolak eta guzti. Baina enpresario askok, gremioen arautegi estutik ihes egin nahiz, inguruko herrietan zabaldu zituzten lantegiak, eta horrela, gainera, asko gutxitzen zuten lanaren kostua, zeren lantegi mota horietan langileetako asko emakumeak baitziren, askoz merkeagoak alegia.

Larruzko eskulangintzak garrantzi handia hartu zuen garai hartan Gasteizen. Lehengai asko zegoen, eta gainera hiriko biztanle kopurua eta bide batez eskaria ere asko handitu ziren. Hala beraz, Gasteizko eskulangileetako asko, larruginak, larru ontzaileak, sokagileak eta zapatariak, azpisektore horretan aritu ziren lanean. Produkzioaren zati bat hiriaz kanpora saltzen zen, baina, aitzitik, babes neurri gisa, debekatua zegoen kanpoan egindako zapatak hiriko merkatuan saltzea.

Nafarroan, Behe Erdi Aroari buruzko informazio gehiena 1427ko etxe zerrendaren hiru liburuetatik atera da. Liburu horietan (erdaraz ?Libros de fuegos? deituetan) batez ere Mendialdeko, Lizarrako eta Zangozako merindadeei buruzko datuak gorde dira. Iturri horiek arakaturik ez da zaila ondorio hauek ateratzea, alegia, Nafarroako industria hiru azpisektore nagusiz osatua zegoela ?larruaren eskulangintza, metalgintza eta oihalgintza?, eta merindade guztien artean Mendialdea nabarmentzen zela, eta Iruñea haren barruan noski, hura baitzen Nafarroako eskulangintzaren eta merkataritzaren erdigunea. Ez da, baina, ahaztu behar Bortziriek ere garrantzi handia izan zutela Nafarroako industrian, hura baitzen Nafarroan ola gehien zegoen eskualdea.

Nafarroako hiru eskulangiletatik batek larrua lantzearekin zerikusia zuten ofizioetan egiten zuen lana: zorrogileak ziren, uhalgileak, poltsagileak, larru apaintzaileak, mantalgileak, larruginak, zapatariak. XV.. endearen hasieran lanbide horiek hain garrantzi handia izatea larrua franko eta merke zegoelako da, eta hori abeltzaintzak Behe Erdi Aroan aurrerakada handia egin izanaren ondorio zen.

Oihalaren produkzioaren erdigunea Iruñea izan zen. Jarduera horri lotutako lanbideak (ilaginak, ehuleak-eta) gremioetan elkartuta egon ziren 1350. urtea arte, alegia, erregeak hala aginduta desegin ziren arte. Erregeak irabazi handiak lortu zituen oihalgintzatik, Iruñeko tindategiak haren eskuetan baitzeuden. Zangoza ere garrantzizko gune bat izan zen oihalgintzarentzat; 1357 eta 1373. urteetako dokumentuetako datuen arabera, erregeak beste tindategi bat izan zuen han. Tuteran ere ehuleak, Iruñekoen antzera, gremioetan elkartu ziren, eta ordenantzez hornitu (1321). Ehundegi gehiagoere bazen, baina haien produkzioaren zenbatekoa zehaztea ez da batere erraza: XIII. mendeko dokumentu baten arabera, errege tindategi bat zeukan Lizarrak, eta Atarrabian eta Burlatan oihala jotzeko makinak zeuden.

Ehungintzari loturiko lanbideen bilakaeran izan zen gorabeherarik mende horietan.

Kalitate handiko oihalgintzak gainbehera egin zuen, eta oihal merke eta kalitate apalekoa egiteak, berriz, gora. Gainera, teknikaren aurreko mendeetako aurrerapena eten egin zen XIV. mendean, eta Nafarroako lantegietako tresneria atzeratua geratu zen inguruko erreinu batzuenaren aldean, Aragoikoaren aldean esate baterako.

Nafarroako errege-erreginek interes handia erakutsi zuten, oihalgintzaren industria zuzpertzeko lantegietan ezinbesteko berrikuntzak eginez. Zenbait plan ere prestatu zen, eta neurri zehatzak hartu ziren lantegi berriak sortzeko, monarkiaren kontrol estuaren azpian betiere. Eta hala, Karlos II.ak oihal errotak eta tindategiak sortu nahi izan zituen Lizarran eta Tuteran, 1365ean eta 1372an hurrenez hurren, eta bietara kanpoko maisuak ekarri zituen, Zaragozakoak.

Xedapen horiek, baina, huts egin zuten Lizarrako kasuan, eta zer edo zer eraginkorragoak izan ziren Tuteran, baina erdipurdikoak hala ere. Monarkiak, azkenean, bertan behera utzi zituen bi proiektuak.

Datarik adierazgarriena 1418. urtea da, Karlos III.ak errege tindategia utzi baitzien tuterarrei, oihala Aragoira bidaltzen ibili beharrik izan ez zezaten tindatzeko. Beraz, azkenean, ez zen garrantziko aldaketarik egin. Oro har, nahiago izan zen artile gordina esportatu eta oihal fina Baionatik, Hondarribiatik eta Donostiatik inportatu.

Nafarroako oihalgintzak kalitate apaleko oihala egiten jardun zuen. Erabaki horrek sustrai soziala zuen funtsean. Nafarroako industria ahulak ezin izan zion zenbait merkatariren interesei aurre egin, oso negozio etekintsua baitzuten: alegia, artilearen esportazioa (lehengaia) eta oihalaren inportazioa (eskulangintza).

Burdingintza Nafarroako iparraldeko isuriko ibarretan zegoen gehiena, Bortzirietan batez ere (Lesaka eta Bera): 19 burdinola XIV. mendearen bukaeran. Larraunen, Anizlarrean (Goizueta), Donezteben eta Leitzan ere 22 zeuden guztira. Ibar horiek oso egokiak ziren olak jartzeko, denetarik baitzuten: basoak erregaiz hornitzeko, burdina meak ?ez oso kalitate onekoak halere? lehengaiz hornitzeko, eta errekak indarra lortzeko. Bortzirietan ola hidraulikoak ?beren gurpil, presa eta antepara edo ubide eta guzti? zeudelako lehenengo berriak 1431. urtekoak dira. Lehenagotik ere izango ziren beharbada, Gipuzkoan XIII. mendeaz geroztik baitziren. Zangozako merindadean ere bazen olarik, hango mendebaleko ibarrak oso egokiak baitziren.Euskal Herriko beste lurralde batzuetan bezala, aldeak zeuden leku batetik bestera olen jabetzan eta ustiatzeko moduan. Ola batzuk (28 ola 1379an, horietako bost Beran) erregearenak ziren, eta beste batzuk, berriz, ustiatzen zituenarenak izaten ziren, edota inork errentan hartuak bestela. Gehienetan jabe bat baino gehiago zeukaten.

Oletako asko tokian tokiko leinuen eskuetan zeuden, eta halakoetan, burdinolak, balio ekonomikoa izateaz gainera, gizarte nagusitasuna ezartzeko bitarteko bat ziren, langileak leinuen mende geratzen baitziren.

Erregeak kontuan hartzen zituen olagizonen beharrak haiei laguntzeko. Gerrek edo uholdeek lantegiak kaltetuz gero zergak ordaintzetik salbuesten zituen zenbait urtetan, bai kontzejuak bai banakakoak.

Xedapen horiek baina ez ziren beti zuzen bete, zeren olagizon askok zerga salbuespena indarrean zegoen urtea burdin asko produzitzeko aprobetxatu zuen, basoa soiltzen zuen, eta lantegia bertan behera uzten zuen gero. Beste laguntza mota bat adituei mea prospekzioak agintzea izan zen, produkzioa hobetzeko helburuaz. Hala, 1392an, Karlos III.ak zenbait meatzari aleman hartu zuen bere zerbitzura Urrobi, Orotz, Betelu, Lesaka eta besteak beste Berako meak aztertzeko.

Metalgintzaren adarren artean armagintza nagusitu zen. Familia lantegi txikietan egiten zen lana, langile gutxi batzuekin eta maisu gutxi batzuren ardurapean. Ehungintzak eta siderurgiak bezala, armagintzak ere monarkiaren laguntza jaso zuen. Izan ere, han-hemen tarteka zituen gerrak zirela eta, industria mota hori bultzatzen ahalegindu zen erregetza. Nafarroako erregeorde Luisek 1358an eta Karlos II.a erregeak 1378an zenbait ekimen bultzatu zuten bide horretatik.

Maisu armagin batzuk ekarrarazi zituzten Bordeletik, eta laguntza eman zitzaien bertan gera zitezen asmoarekin. Asmoak ordea huts egin zuen, zeren langile horiek jaioterrira itzuli baitziren azkenean. Zailagoa da metalgintzako beste lanbide batzuen garrantzia ezagutzea; jarduera horiek tokian tokiko merkatu premiak betetzera mugatu ziren segur aski. Lanbide horien artean aipagarriak dira pertzagileak, kanpaigileak, sarrailagileak, aiztogileak, eztainulariak eta baleztagileak.

Ipar Euskal Herriko Behe Erdi Aroko eskulangintzaz hitz egiteko Baionara jo behar da nahitaez. Batetik, Bizkaiko golkoko gune nagusietako bat izanik, hiriak garrantzi handia zuelako. Bestetik, garai hartaz ezagutzen diren datu gehienak hiri horretakoak eta ingurukoak direlako. Gero ere, kontuan hartu behar da Baionan, Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, merkataritzak eta industriak gainbehera egin zutela XV. mendean, aurreko bi mendeetako goraldiaren ondoren. Lan honetan Baionakoeskulangintzako hiru sektore nagusiak aztertuko dira: zurgintza, larrugintza eta metalgintza.

Baiona zur kontsumitzaile handia zen: pinua, haritza, pagoa, gaztaina, hurritza eta lizarra. Eta zenbait industria antolatu zen horren inguruan: etxegintza, ontzigintza, upelgintza eta armagintza (lantza hagak), besteak beste. Bereziki aipatzekoak dira Iparraldeko upelgileak, XIV. mendean gorakada handia egin baitzuten Bordeleko merkatuaren eskari handiari esker. Upelgintza gune nagusia Baiona zen; hala ere, zenbait datuk pentsarazten dute Senperen eta Orzaizen ere bazela horrelako jarduerarik.

Upel eta barrika produkzioan espezializazio handia zegoen, gutxienez mende horren hasieratik. Batzuk upel oholak ?zurezko xafla ganbilak?, egiteaz arduratzen ziren eta beste batzuk, berriz, uztaiak egiteaz.

Langile arruntak xaflak uztaiez elkartzeaz eta alde bana oholez estaltzeaz arduratzen ziren.

Ontzigintza zen zur asko behar zuen beste jardueretako bat. Ontziolak Aturri eta Errobi ibaien bokaletan zeuden, eta Baionako merkatarientzat, eta are Ingalaterrako erregearentzat ere, lan egiten zuten. Baionako 1307ko ordenantzetan bi multzotan sailkatzen ziren ontziak: batetik, kostatik gertu eta ibaietan zehar ibiltzeko barkuak (pinazak, gabarrak, corau-ak?) eta, bestetik, itsaso zabalean ibiltzeko itsasontziak (naoak edo Baionako ontziak eta galerak).

Ordenantza horien arabera debekatuta zegoen 100 tona baino gutxiagoko itsasontziak egitea.

Ontzigintzan langile espezialistak aritzen ziren lanean: zurgin espezialistak, istinkatzaileak eta arraungileak gehienbat. Beste lanbide batzuk bezala, arautua zegoen Baionako ontzigintza ere; 1326ko ordenantzetan, adibidez, zurginen eta istinkatzaileen lan ordutegiak eta baldintzak zehazten ziren.

Langile horiek, beraz, ongi antolaturiko talde profesionala osatu zuten, eta nortasun juridiko osoa zuten. Arraungintzak ere gero eta garrantzi handiagoa zuen, eta hala, 1371n, arraun produkzioaren kalitatea kontrolatzeko ordenantzak eman ziren.

Larrugintzak ere garrantzi handia izan zuen Lapurdin. Aipatzekoa da, adibidez, Hazparne, Beskoitze eta Mugerreko zapatagintza.

Baionan larruaren eskulangintzak Saint Leongo burguan zeukan bere txokoa.

Izan ere, 1342ko udal ordenantzen arabera larruginak eta larru apaintzaileak burguan bizitzera behartuta zeuden gainerako hiritarrei trabarik ez egiteko, jardueraren usain txarra zela-eta, besteak beste. Larrugintzaren lanbideak elkarren osagarri ziren; larru apaintzaileak larruginen eta zapatarien eskarien arabera aritzen ziren. Udal ordenantzak, baina, mugatzaileak ez ezik babesleak ere baziren. 1342ko ordenatzen araberalarruginek zeukaten larrua ?untxiarena eta katagorriarena izan ezik? erosteko monopolioa.

Ipar Euskal Herriko industria produkzioaren parte handi bat burdingintzari lotua zegoen. Lehengaia (burdina mea) Bizkaiatik eta Gipuzkoatik inportatzen zen gehiena (XIII. mendeaz geroztik jada), eta bertako meatzeetatik ekarrarazten zen gainerakoa.

Meatze asko zegoen Lapurdin, baina mea oso kalitate txarrekoa zen, eta horregatik zegoen Hegoaldetik ekarri beharra.

Teknikari dagokionez, maila berean zeuden Lapurdiko burdingintza eta Gipuzkoakoa edota Bizkaikoa, Iparraldean ere XIII. mendeaz gero zabaldu baitziren ola hidraulikoak edo zeharrolak.

Iparraldeko burdinaren parte bat ontzioletan erabiltzen zen osagaiak-eta egiteko.

Baionako burdinolek, esate baterako, aingurak egiten zituzten, eta ez bakarrik bertako ontziolentzat, baita Ingalaterrako erregeentzat ere. Armagintza ere garrantzizko industria zen Iparraldean. Bankako lantegietan azkonak egiten ziren, eta baita kanoiak ere, XIV. mendeaz geroztik segur aski.

Donibane Garazin baleztak egiten ziren.

Gainerako lanbideetan bezala, armagintzan ere Baiona zen produkzio gune nagusia.

Hiriko lantegietan, XIV. mendearen hasieraz geroztik, gudu jantziak eta baleztak egiten ziren (kalitate handikoak gainera, XVI. mendean oraindik ere aipatuak), setiatzeko makinak ?katapultak eta?, eta, XV.. endetik aurrera, besteak beste, labanak eta dagak.

Baionako metalgintza bertako agintariek arautua eta babestua zegoen, Koroak berak ere (Ingalaterrako Koroak XV. mendearen erdialdea arte) arautua eta babestua batzuetan.

Eduardo I.a Ingalaterrakoak 1294an eman zuen abantaila baten arabera debekatua zegoen Gaztelako, Nafarroako eta Biarnoko burdina gaiak inportatzea Baionako industria gizonen baimenik gabe.

Faures-en antolamendu profesionala, 1500 eta 1602. urteetako arauetan oinarritua, oso aurreratua zegoen Baionan. Haien lantegiak hiriko kale jakin batean zeuden (?la rue des faures?), eta eskubide eta abantaila bereziak zituzten han, beste auzo batzuetara joan ezinaren ordainetan, baina.