Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Historiaurrea

Azkeneko ehiztari eta biltzaileak

Epipaleolitos garaiko Euskal Herriko aztarnategi aipagarrienak.<br><br>

Atal honek historiaurreko gizakiak Holozenoa ezaugarritu zuten klima aldaketetara nola egokitu ziren azaltzen du. Lehenengo izotzaldiaren amaieran izan ziren klima motak aztertzen dira, azaletik bada ere, eta klima mota horiek Euskal Herrian izan zuten eragina ikertzen da. Azkenik, Euskal Herrian izan ziren kultur aldien berri ematen da, aldi bakoitzari dagokion aztarnategi eta ezaugarri nagusien azterketaren bidez.Izotzaldietako azkeneko garaietan klima epelduz joan zen, aroz aro, geroz eta eguraldi gozoagoa zela, harik eta aldi luze baten ondoren gaur egungo klima baldintzak sortu ziren arte. Würm izotzaldiaren azken garaietan (Würm IV. edo Azken Izotzaldi izenez ere deitu ohi denean) zenbait gorabehera izan zituen klimak, aldi epelagoak eta aldi hotzagoak elkarren segidan, baina behin ere ez ziren itzuli lehengo aldi hotzak. Aldi epel horietan Alleröd epelaldia (K.a. 10000-8500) izan zen Azken Izotzaldiko garairik beroena. Izotzaldia bukatu zenean Laugarren Aroaren bigarren aldia hasi zen, Holozenoa alegia, gaur egun gauden aldia hain zuzen. Gaur egun diren klima baldintzak azaldu arte Holozenoak beste aldi batzuk izan zituen, batzuk epelagoak, beste batzuk hotzagoak (Boreal aurrekoa, Boreala, Atlantikoa eta Boreal ondokoa). Holozenoak, bada, hegoaldeko izotz masa handiak behin betirako urtu eta desagertzea ekarri zuen. Klima berotuz zihoan ahala izotza atzeratuz zihoalarik, Europako eta Ameriketako iparraldeko inlandis zabalak urtuz joan ziren. Horren guztiaren lehenengo ondorioa itsasoaren azken goraldia berriro abiaraztea izan zen; zenbait lekutan 79-80 metroraino goratu baitzen itsasoaren maila. Itsasoaren azkeneko goraldi horrek K.a. 18000 inguruan du jatorria.

Bi izotzaldiren arteko epelaldia izan zen garai hori; itsasoaren maila, astiro eta geldiro bada ere, goraka egiten hasi zen poliki-poliki; Azken Izotzaldiko aldi hotzetan baizik ez zen eten gorakada hori. Egoera horren ondorioz, ordura arte izotzak estalirik edukitako eremu handiak agerian geratu ziren; beste batzuk aldiz, ordura arte azalean egonak, urak estali zituen.Etengabeko aldaketak gertatzen diren egoera horrek berorrek beste zenbait aldaketa eragin zituen historiaurreko gizakiaren inguruan, eta aldaketa horien aurrean erantzun berriak ematera behartu zuen gizakia, lehengoak bezalakoak ez ziren inguruneak ustiatu ahal izateko tresneria eta langintza berriak asmatzera. Itsas bazterreko ordokiak ustiatzeko jardunbideak, esate baterako, orduan asmatu ziren, bai eta itsaskiak biltzeko, baso ingurunea ustiatzeko… tresnak ere. Izotzak libre utzitako eremuak berehala estali zituen landarediak. Itsasoaren mailaren gorakadak bultzaturik landare motek geroz eta lur barreneragoko eremuak hartu behar izan zituzten. Era berean tenperaturaren gorakadak aldaketa handiak eragin zituen lur azaleko landaredianere, eta pinu, pago, haritz, haltz, urki eta urritz basoak zabaldu ziren berehala.

Animaliek beste lekuetara emigratu behar izan zuten, biotopo eta klima baldintza egokien bila; beste animalia asko, klima aldaketekin desagertu zen. Hala, elur oreinak Europako hego-mendebaletik alde egin eta iparraldean aurkitu zuen bere bizi lekua, eta han bizi da oraindik. Mamutak aldiz, Siberiako estepa gogorretan aurkitu zuen lehenik babeslekua, baina han desagertu zen. Animalia horiek hemendik alde egin ahala ordea, beste batzuk azaldu ziren joandakoen lekua hartzeko, basurdea adibidez.

Aldaketa horiek guztiak Euskal Herrian ere nabaritu ziren. Hala, K.a. 6500. urte inguruan itsasoaren maila gaur dena baino 33 metro beherago zegoen, K.a. 350 ingurua arte ez baitzuen hartu itsasoak gaur duen maila.

Goi Paleolitos aroaren bukaeratik zeramika asmatu zen arteko aldi hau Epipaleolitos eta Mesolitos izenez deitu ohi da. Gure artean, Euskal Herrian bertan eta inguruko lurraldeetan lau mila urtez luzatu zen, gutxienez, aldi hori. Hobeto aztertu ahal izateko hiru aldi edo garai bereizi dira berorren barruan: Epipaleolitos Zaharra, Epipaleolitos betea edo Mesolitos aroa eta Azken Epipaleolitos edo Azken Mesolitos aroa.

Epipaleolitos Zaharrean Azil kultura eta Azil ondoko mikroxaflen kultura izan ziren. Azil kultura oso goiz hasi zen azaltzen Pirinio mendien inguruetan, Alleröd epelalditik aurrera, artean azken izotzaldia amaitu gabe zela. Kantauri itsasaldean berriz askoz geroagokoak dira lehenengo aztarrenak, Azken Izotzaldiaren azken aldi hotzean, Dryas III-an, hasi baitzen.

Azil kulturak zuzen-zuzenean hartu zuen bere ondarea Azken Magdalen aldiko kulturatik.

Hainbesteraino, hala ere, non zenbait ikerlarik ez baitu zalantzarik izan “Goi Paleolitos aroaren hil ondoko seme” deitzeko Azil kultura. Hala ere, bere baitan darama bere desagertzea eragingo dion hazia; oso garbi ikusten da hori Azil ondoko mikroxaflen kulturan. Bere ezaugarri nagusia karraska txikiak ditu; marruska horiek biribilak dira askotan, baina badira xaflazko marruskak ere, argi eta garbi Magdalen alditik datozenak. Burilak galduz joan ziren, erabat desagertu arte.

Xaflatxo meheak eta ertza jandako muturrak oso ugari ziren, are ugariago aldi horren bukaera aldera. Hezurrezko azagaiak eta eztenak egin ziren aurrerantzean ere; hortz ilara bateko edo biko arpoi zapalak, oinean botoi zulo baten gisa zulatuak dira tresna horietan berezienak.

Aldi horretan –iraultza aldia zenbaitentzat– Paleolitos aroko artea gainbehera egiten hasi zen, eta uharri gainetan margotzen zen pintura mota ez figuraziozko batek hartu zuen haren lekua. Kultura hori itsasbazterreko lurraldeetan garatu zen batez ere, Goi Paleolitos aroaren bukaera aldera biztanle asko zituzten lurraldeetan, eta apalago bada ere, Pirinio mendietatik hurbil dauden eta haien antza duten lurraldeetan.

Lurralde horietan giza industria oso desberdina zen, batean izan ala bestean izan, ekonomia jarduerak ere batean ala bestean desberdinak zirelako edo espezializatuak zirelako, agian. Garai honetako kulturari dagozkion geruzak aztarnategi askotan aurkitu dira: Abittaga, Arenaza, Atxeta, Atxurra, Bolinkoba, Laminak II, Lumentxa, Santa Katalina, Santimami?e, Silibranka eta Urratxa Bizkaian, Aitzbitarte IV, Anton Koba, Ekain, Ermittia, Pikandita eta Urtiaga Gipuzkoan, Abauntz, Berroberria, Portugain eta Zatoia Nafarroa Garaian, eta Isturitz Nafarroa Beherean.

Azil kulturaren ondoren datozenetako tresnagintzan beherakada handia sumatuzen hezurrezko eta adarkizko tresnetan.

Harrizko tresnagintzari dagokionez, mikroxaflaz egindako tresnak argi eta garbi nagusitu zitzaizkien gainerako tresna guztiei.

Horiekin batera triedro epaiko bestelako tresnak ere azaldu ziren, kamerrak edo horztunak. Era honetako tresnagintza Azil kultura iritsi ez zen barreneragoko lurraldeetan agertu da batez ere –El Montico de Charratu-n, adibidez, Trebi?on–, baina baita Azil kultura ezagutu zuten beste zenbait aztarnategitan ere, Nafarroako Berroberria eta Zatoiako haitzuloetan, adibidez.

Itsasaldeko zenbait lekutan, Azil kulturakoen gisako tresnagintza erakutsi duten zenbait aztarnategitan, edo haietatik hurbil ere aurkitu izan dira gisako tresnak. Horixe gertatzen da adibidez Arenazan eta Santimami?en, Bizkaian, edo Ekainen eta Marizulon, Gipuzkoan. Epipaleolitos aroaren aro zahar hau K.a. 6500. urte inguruan amaitu zen, Boreal aldia iritsi zelarik, Holozenoan.

Epipaleolitos betea, eta Mesolitos aroa, oso aldi jakin mugatua da, eta Goi Paleolitos aroko kultura antolamenduetatik datorren tresnagintzaren bilakaeraz kanpo dago itxura denez. Joera berri horren ezaugarri nagusia tresneria berria da; tresna horiek forma geometrikoz eginak ziren, txikiak, trapezioz, hirukiz zirkulu segmentuz eratuak. Geometrismo hori K.a. 6000.. rte inguruan azaldu zen Euskal Herriko Historiaurrean. Badirudi elementu geometriko horiek kanpotik iritsitako joera bat direla Euskal Herriko harrizko tresnagintzan, kanpotik inportatutako elementuak alegia. Tresneria geometriko hori Ebrokoharaneko aztarnategietan aurkitzen da, itsasertzetik oso urrun beraz, haitzuloetan eta harpeetan, Mediterraneo kulturen eragin handia duten lekuetan alegia; lurralde honetara sartzeko igarobide naturaletan ere aurkitu izan da gisako tresneria: Fuente Hoz eta Kanpanoste Goikoako aztarnategietan (Araba), Aizpea, La Pe?a eta Aita Aresokoetan (Nafarroa). Tresneria geometriko hori zekarten gizataldeak mikroxaflazko tresneria erabiltzen dutenekin batera bizi izan ziren agian, baina haien tresneria aldatzera iritsi gabe ordea.

Epipaleolitos-Azken Mesolitos aldiaren amaieran oso klima baldintza onak izan ziren; gaur egungoak baino tenperatura beroagoak eta hezetasun maila ere gaurkoa baino altuagoa izan ziren. Atlantiko izenez ezagutzen da garai hori. Tresneria geometrikoa darabilten gizataldeak eta mikroxaflazkoa darabiltenak elkarrekin bizi ziren Euskal Herrian, batzuek besteei gaina hartu gabe ordea. Garai horretan berorretan beste gizatalde batzuk iritsi ziren Mediterraneo aldetik Euskal Herriaren hegoaldera.

Horiek ekarri zituzten Neolitos aroko ezaugarri ziren berrikuntzak, zeramika eta abere hazkuntza, adibidez. Epipaleolitos aroko azkeneko gizataldeek, Kanpanoste Goikoakoak, adibidez, etorri berri ziren gizatalde horiek ekarritako berrikuntzak beretu zituzten, baina lehendik zituzten ekonomia eta industria moduak aldatu gabe, itxuraz behintzat. Ehiztari eta biltzaile jarraitu zuten izanez –azkeneko ehiztariak eta biltzaileak–, baina Neolitos aroak ekarritako teknika berrikuntzen jakitun, hala ere.