Historia»Historiaurrea
Haitzuloetako artea Paleolitos aroan
Atal honen lehenengo partean Paleolitos aroko haitzuloetako
artearen definizio labur bat ematen da; arte horren ezaugarriak,
teknikak, gaiak, kronologia eta arte lanen aurkikuntzei buruz egin
diren interpretazioak ematen dira aditzera. Ondoren Euskal Herrian
orain arte aurkitu diren haitzuloetako hamabi santutegien deskribapena
egiten da, eta santutegi horietako irudiak, estiloak, kronologiak
eta haitzulo barnean duten kokaera eta banaketa aztertzen dira.Goi Paleolitos aroan egin ziren gizonaren
historian izan diren irudi bidezko lehenengo
arte adierazpenak. Hormetako arte
horretako irudi multzoak ez daude, ordea,
garai hartan gizakia bizi zen eremu osoosoan
banaturik. Europa mendebalean baizik
ez baitira aurkitzen labarretako edo haitzulo
hormetako artearen adierazpenak, eta
ez modu berean ere alde guztietan. Eremu
horren barruan ere, hego-mendebalean,
Frantzian eta Kantauri itsasaldean daude
Europa aldeko santutegi irudidun gehienak.
Eremu horren barruan dago, hain zuzen,
Euskal Herria, alde batetik itsasertza eta
bestetik Pirinio aldea ere hartzen dituela.
Labarretako artea aipatzen denean, haitzuloetako
hormetan aurkitzen den eta leku
batetik bestera eraman ezin daitekeen neurri
handiko irudizko arte bat esan nahi izaten
da beti; irudi horiek kanpoko argia iristen
ez den lekuetan egon daitezke, edo egon
daitezke orobat kanpoko argia aiseago irits
daitekeen haitzulo sarreratik hurbilagoko
lekuetan ere. Hormetako arte horren bestaldean
arte higigarria jarri ohi da, neurriz
txikiagoa, batetik bestera aise erabiltzekoa,
normalean eguneroko bizitzarako behar
diren tresnetan egina izan ohi dena. Badirudi
arte mota hauxe dela lehenengo asmatzen
dena eta iraun ere gehien irauten
duena.
Haitzuloetako arte honek baditu zenbait
ezaugarri aurkitu izan den leku guztietan
berdinak direnak. Ezaugarri horien artean
aipatzekoak dira, besteak beste, euskarriaren
berdintasuna –haitzulo hormetako harkaitz
hutsa–, haitzulo sabaietako eta hormetakoberezko sartu-irtenak irudiei errealismo
biziagoa emateko baliatu izana, teknikaren
berdintasuna –margoa, grabatua eta
erliebea–, gaien berdintasuna –animalia irudiak
marrazten dira batez ere, hainbesteraino
hala ere non abere edo animalia artea
ere deitu izan baita arte mota hau–, gizakia
irudikatzeko interes edo kezka gutxi izatea,
zeinuak ugari izatea, eszenarik edo
pasadizorik ez irudikatzea, eta irudien proportzioari
baliorik ez aitortzea.
Haitzuloetako arteak, beste edozein arte
moduk bezalaxe, historiaurreko gizakiaren
gogoeta edo pentsamendu munduan barrena
sarrarazten gaitu. Aztergaia ez da beraz
tresna ukigarrien mundua, gizakia bere
eguneroko bizitzako esturetatik askatu nahi
duten sineste, sinbolo eta azti mundua baizik.
Horrexegatik eman dira horrenbeste
interpretazio Paleolitos aroko haitzuloetako
arteaz:
– Zenbaiten iritzian, ehizarako adei zeremonietarako
edo ehiztarigaiari ehizako
teknika eta trebeziak erakusten zaizkion
iniziazio errituak ospatzeko magia edo erlijiozko
irudikapenak dirateke arte mota
honetako irudikapenak.
– Beste zenbaiten iritzian, aldiz, bizimodu
eroso baten ondorioz eta haren isla bezala,
historiaurreko gizakia bere artea fintzen
eta doitzen egindako ahaleginen fruitu
datezke irudiok.
– Beste batzuentzat sinbolo bidezko irudikapenak
dira; sinbolo horiek santutegietan
ageri dira beteenik, historiaurreko gizakiaren
ingurune psikosomatikoaren aurrez
pentsatutako asmo baten arabera antolatutakoarte multzoak baitira santutegi
horiek.
Baterako interpretazioa eman ala besterakoa
eman, gaur egun ezin izango da
inola ere asmatu, ziur asmatu behintzat, zer
sentipenek eragin zioten historiaurreko gizaki
hari arte hori egin zezan, zergatik kokatu
zituen irudi batzuk kokatu zituen lekuan
eta ez bestean, zergatik pilatu zituen irudiak
pilatu zituen bezala eta ez bestela, edo
zergatik nahiago izan zituen animalia mota
batzuk irudikatu eta ez besteak, bere sentipen
hura adierazteko.
Lehentxeagoko orrietan esanik geratu da
Goi Paleolitos aro honek guztiz aldi luzea
hartzen duela gizakiaren historiaren barruan.
Gizakiaren bilakaera geldi baina geroz
eta aurreratuagoak geroz eta harrizko
eta hezurrezko tresna hobe, finago, anitzago
eta konplexutasun handiagokoak sorrarazi
zizkion hari. Arrazoi berberagatik aro
horretan izan ziren arte adierazpenak ere
ezin geldi zitezken aldaketarik izan gabe,
gai eta teknika zaharkitutan ainguraturik eta
finkaturik. Historiaurreko haitzuloetako arteak
badu, historian izan diren kulturetako
arteak bezalaxe, bere bilakaera; hasierako
arkaismo batetik hasi, eta zenbait aldi desberdin
igaro ondoren, halako espresionismo
batera iritsi zen, errealismotik eta naturalismotik
igaro ondoren. Ikuspegi horretatik,
hain zuzen, A. Leroi-Gourhan irakasleak
kronologia eta ezaugarri ongi zehaztuak
dituzten lau estilo bereizi zituen Paleolitos
aroko haitzuloetako artearen bilakabidean.
Goi Paleolitos aroaren lehenengo kultura
aldietan (Arignac aldian) I. Estiloa garatu
zen. Ordukoak dira haitzuloetako artearen
lehen ahaleginak: animalia zatien
irudiak (buruak, atzealdeak, e.a.…), grabatuz
eginak, inoiz ez osoak, eta errealismotik
urrun. Irudi horien ondoan badira emetasun
ezaugarrien irudiak ere (aluak), aski
trakes marraztuak.
Goi Paleolitos aroa aurreratuz doan
ahala, Gravette aldian eta Solutré aldiarenlehen garaietan, II. Estiloak agintzen dituen
kanonak zabaldu eta finkatu ziren. Aurreko
aldian bezalaxe, aire zabalera jotzen
zuten santutegiak marraztu ziren garai horretan,
eguzkiaren argia berez iristen zitzaienak
alegia. Une horretan iritsi ziren beren
adierazgarritasun gorenera emetasunezko
gaiak eta sinbologiak. Animalien irudiak
marrazteko arauak ere orduan zehaztu ziren:
garro eta bizkar marra ongi markatzea
“S” mehe eta nabarmen baten gisa; gainerako
osagai guztiak ere oinarrizko egitura
horren inguruan kokatzen ziren.
Goi Solutré aldiaren azken aldera eta
Magdalen aldiaren lehen uneetan (I. eta II.
Frantzian erabili ohi den aldi sailkapenaren
arabera) III. Estiloa gauzatu zen. Aldi
eta estilo honetan badirudi historiaurreko
gizakiak duen mundu ikuspegian bat-batean
aldatzen hasi zela zerbait. Santutegiak haitzuloen
alderik barrukoenetara sartu ziren
gehienbat, eta han gorde ziren. Ordura arte
emetasuna zen ororen goraipamenezko irudiak
ia bat-batetik galdu ziren, eta askoz
ere mundu erasokor bat hasi ziren irudikatzen.
Animalien irudiak ere askoz ere era
errealistagoan hasi ziren irudikatzen. Garrobizkarreko
marra, aurreko estilo moduetan
finkatutako arauen zordun zena, arindu egin
zen, eta aberea aurreranzka bezala irudikatu
zen, pisurik eta astuntasunik batere ez balu
bezala. Marra modelatua, animalien gorputza
kolore desberdinetako orbanez betetzea,
bikromiaren lehenengo aztarrenak, mugimendua
irudikatzeko lehenengo ahaleginak
–irudikatzen den aberearen zati batzuk aurrerago
jarriz–, zeinu ugaritasuna, animaliekin
nahasian edo haien gorputzak sigi-sagan
igarotzen dituzten zerra marrak bezala,
garai honetan finkatu ziren irudigintza
eta marrazketa moduak izan ziren horiek
guztiak.
Magdalen aldiko kulturaren azken garaietan
(III-VI. Frantzian erabili ohi den aldi
sailkapenaren arabera) IV. Estiloko arauak
(ezaugarri berezikotzat eman den azken
estilokoak) finkatu ziren. Konplexutasun
handiko aldia izan zen hau, Goi Paleolitos
aroko azken kultura handiaren azken aldia
zelako hain zuzen. Konplexutasun horretan
badu eragina alde batetik gizakiak bereingurunearekin duen harmonian bizitzetik
lortzen duen ongizateak eta bestetik klimaren
aldaketa hasteak eragiten duen sistemaren
krisiak; horrek guztiak berehalakoxe
ondorioak izan zituen artearen munduan.
Horregatik hain zuzen bi aldi bereizi izan
dira Estilo honen barruan: Zaharra eta Berria.
Erdi Magdalen aldian (III-IV. Frantzian
erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera)
Estilo Zaharra izan zen nagusi. Orduantxe
izan ziren oparoen eta iritsi ziren beren
gorenera santutegiak. Animalien irudiak
lehen baino ere errealistago irudikatu ziren,
ahalik eta xehetasun gehienak erantsiz.
Garai horretako artistak ahaleginetan saiatu
ziren beren obrei bolumen sentsazioa
ematen. Era guztietako teknikak baliatu ziren
bai pinturan bai grabatuan, era horretako
arteetan gehiago inoiz gainditu ez den
maila batean. Une horretan, ahalik eta errealismorik
handienera jotzeko lehia horretan,
zirriborro bilakatuz joan ziren irudiak,
hainbesteraino non animalien gorputz atal
batzuk –apatxak– batere marraztu gabe
uzten hasi baitziren. IV. Estilo Berria Goi
Magdalen aldian eta Azken Magdalen aldian
egon zen bere gorenean (V-VI. Frantzian
erabili ohi den aldi sailkapenaren arabera).
Aldi honetan garrantzi handiko aldaketa
gertatu zen artearen munduan, gizakiak
bere ingurunearekin zituen harmoniazko
harremanetan zerbait eten-edo izan balitz
bezala. Haitzulo barreneko santutegi handiak
desagertzen hasi ziren, eta ongi grabatu
edo ongi pintatutako xaflak azaldu
ziren haien lekuan. Animalien irudiak ez
ziren aurreko garaietan zuten errealismo
berberaz margotu, eta ia irri-marra bihurtzeraino
aldatu ziren. Hala bada, artea egiteko
modu soilago eta oihesago bat azaldu
zen, eta horrek Paleolitos aroko artearen
bukaera ekarri zuen.
Euskal Herriko haitzuloetako santutegiak
Euskal Herrian ez da aurkitu orain arte
behintzat I. Estilokotzat, figurazio aurreko
estilokotzat ziur eman daitekeen haitzuloetako
arte adierazpenik. Gainerako Estiloei
dagokienez, aldiz, adierazpen ugari aurkitu
ahal izan da han-hemen diren hamarretik
gora santutegietan.
Venta Laperra. Haitzulo hau Karrantzako
Molinar-en dago (Bizkaian); santutegia
L. Sierrak aurkitu zuen 1904an, Paleolitos
aroko haitzuloetako artearen egiazkotasuna
frogatu zenetik oraindik urte gutxitara. H.
Breuil, haitzuloetako artearen ezagutza eta
aitorpena zabaldu izana zor zaion garaihorretako historialari frantsesak 1906an
ikustaldi bat egin zuen haitzulo honetara,
eta hango irudietan agertzen ziren animaliak
zeintzuk ziren zehaztu ahal izan zituen.
Santutegi honetan bost animalia irudi eta
marra multzo bat bereizi ahal izan dira.
Bukatu gabe dagoen hartz bat, hiru bisonte
eta behia-edo izan daitekeen bat dira
animaliak. Irudi horiek guztiak grabatuz
eginak dira, marra zabal sakon batez grabatuak
hain zuzen. Kanpoko argia iristen
den kanpo alderako leku batean daude.
Kronologiari dagokionez Gravette aldiaren
azken aldera kokatzekoak dira irudiok, II.
Estiloari dagokion garaian.
Arenaza I. Galdamesko San Pedron
aurkitzen da haitzulo hau, Bizkaian. Margoz
eta grabatuz osatutako santutegi bat du
barruan. 1973an aurkitu zuen P. M. Gorrocheteguik.
Barreneko santutegi deitu izan
direnetakoa da; bi gela ditu guztira: ardatzetik
alborako sargune edo barrunbe bat
eta galeria nagusia. Albo sargunean hamar
orein emetaraino daude margoturik, gorriz,
tanpoi teknikaz eginak. Galeria nagusian
bada uro handi bat, gorriz margotua eta
margoaren gainetik grabatua. Haren ondoan,
muturraren aurrean, marra sakon
zabalez grabaturik bada behia-edo izan
daitekeen animalia baten buru bukatu gabe
bat. Eta galeria honetako marrazkien osagarri,
kolore gorrikara batez egindako orban
batzuk daude. Kronologiari dagokionez,
garai zaharretan kokatzekoa da Arenaza I;
Gravette aldia, Solutré aldia edo Magdalen
aldi zaharra proposatu dira margo eta grabatu
hauen sorrera garaitzat.
Santimamińe. Kortezubiko Basondo
auzoan dago haitzulo hau (Bizkaian). Irudiak
dauden gela ustekabez aurkitu zuten
1916an J. F. Bengoetxeak eta harekin zihoazenek.
H. Breuilek berehalaxe egin zuen
ikustaldi bat haitzulo horretara, eta lehenengo
ikerketa luze sakona 1925ean argitaratu
zen, T. Aranzadi, J. M. Barandiaran eta E.
Egurenek idatzia. Haitzulo honetako santutegia
margo eta grabatuzko irudiz osatua
da; hiru gela edo barrunbetan banaturik
dago: ganbara aurrea, ganbara eta gela berria.
Ganbara aurrean, han eta hemen diren
zenbait marrarekin batera badira bisonte
irudi osatu gabe batzuk, beste bisonte oso
bat, uro buru bat, zaldiak edo zaldi atalak,
grabatuak eta pintatuak, eta basurde izan
daitekeen bat. Ganbara barruko irudi multzoa
ezagunagoa da: beltzez margotutako
bederatzi irudik osatzen dute: irudi horietako
bat zaldia da, eta gainerako zortziak
bisonteak. Bisonte hauetako bi bizkarrez
bizkar jarrita daude, eta ez daude osorik.
Gainerakoak osorik daude, bina-bina banaturik,
eta elkarri bizkarra emanez. Multzo
horren aurrez aurre badira hartz arre
baten irudia, orein buru bat, ahuntz bat etabizkar konkordun bat zer den asmatzen
erraza ez dena, denak beltzez margotuak.
Ganbara horretan berorretan, estalagmita
horma batean badira, elkarren azpian, hiru
bisonte, horietako bi elkarren aurrez aurre
kokatuak. Azkenik badira ganbara horretako
hormetan han hemenka barreiaturik,
marrazturik zein grabaturik, bisonte irudiak,
basahuntz irudiak eta zer diren nekez zehatz
daitezkeen beste zenbait irudi. Gela
berrian badira lau irudi margotu, hiru lekutan
elkarrengandik urruti. Hiru leku horietako
lehenengoan basahuntz irudi bat eta
bisonte irudi bat aurkitzen dira, bigarrenean
zaldi irudi bat eta hirugarrenean bisonte
irudi bat. Kronologiari dagokionez, Magdalen
aldiaren erdi aldera egina dateke santutegi
hau (III-IV. Frantzian erabili ohi den
aldi sailkapenaren arabera), eta estiloari dagokionez,
berriz, IV. Estilo Zaharrak finkatutako
kanonen barruan behar da kokatu.
Altxerri. Orioko mugapean dago haitzulo
hau (Gipuzkoan). 1962an aurkitu zuen
espeleologo talde batek haitzulo honetan
dagoen santutegia. Haitzulo barruko santutegia
da; irudi grabatuak eta beltzez margotutako
irudiak ditu. Animalia irudiak eta
marrazko zeinuak denak batera hartuta 149
irudi kontatu dira; galeria nagusian eta bi
albo barrunbetan daude irudiak, zortzi multzo
desberdinetan banaturik. Irudietan agertzen
diren animaliak bisonteak, zaldiak,
basahuntzak, oreinak eta elur oreinak dira,
Paleolitos aroko arteak oso ohiko dituen
gaiak guztiak. Gai horiez gainera badira beste
batzuk haitzuloetako artean askoz ere
bakanago agertu ohi direnak: giza irudiak,
piztiak, sugeak eta hegaztiak, adibidez. Irudi
horietako batzuek marra edo arrasto sakonak
dituzte alderik alde. Kronologiari dagokionez,
Magdalen aldiaren erdialdetik
amaiera aldera bitarteko aldi luze batean
zehar egina da, dirudienez, Altxerriko santutegia,
Estilo desberdinetako irudiak baitaude
bertakoen artean.
Ekain. Debako mugapean aurkitzen da
haitzulo hau. Bertako irudi multzoa R. Rezabal
eta A. Albizurik aurkitu zuten 1969an.
Haitzulo barreneko santutegietakoa da
Ekaingo hau ere. 70 iruditaraino bereizi ahal
izan dira, animalia eta zeinu. Irudi horiek
beltzez edo gorri arrez, edo biak tartekatuz,
margotuak dira gehienak; beste irudi
batzuk grabatuak dira, eta batzuk margoz
eta grabatuz batera eginak. Bereizteko modukoak
diren berrogeita hamahiru animalia
irudietatik hogeita hamahiru zaldiak dira.
Santutegi osoa bost multzotan dago banaturik.
Lehenengo multzoan uhin zeinu batek
eta zaldi buru batek –biak beltzez margotuak–
sargune batera jotzen dute, eta
hartan bi orein, lau basahuntz eta izokin
bat, beltzez margotua, aurkitzen dira. Bigarren
multzoa, lehenengo zaldi iruditegi handiaduena, hogeitabost zaldik, bederatzi bisontek,
beste bi bisonte zalantzazkok, orein
eme batek, basahuntz batek, arrain batek
eta bestelako zenbait marra eta arrastok osatzen
dute. Hirugarren multzoa lehenengo
zaldi multzoaren eta barreneko multzoaren
artean dago; beltzez margotuta dauden bi
hartz irudik osatzen dute. Laugarren multzoa,
bigarren iruditegia, zazpi zaldi margotuk
eta zenbait marra eta arrasto margotu
eta grabatuk osatzen dute. Bosgarren
multzoa, azkena, azken iruditegi horren
aurrez aurreko horman dago, eta errinozeronteak
izan daitezkeen bi irudiren isla grabatuek
osatzen dute. Kronologiari dagokionez,
Goi Magdalen aldian egina dateke santutegi
hau, IV. Estilo Zaharrean.
Alkerdi. Haitzulo hau Nafarroako Urdazubin
aurkitzen da. Haitzulo barreneko
santutegi bat du barrenean. N. Casteretek
aurkitu zuen 1930ean. Santutegi honetako
irudi guztiak grabatuak dira, batzuk hala ere,
oso marra finez grabatuak. Bi irudi multzotan
banatu dira irudiak. Lehenengo multzoa
zaldi baten atzeko atalek, bisonte batek,
orein irudi batek, zeinu batzuek eta behi
eta zaldi irudikapenak izan daitezkeen irudi
batzuek osatzen dute. Bigarren multzoa
berriz orein buru batek eta otso baten aurrealdea
(burua eta lepoa) izan daitekeen
irudi batek osatzen dute. Kronologiari dagokionez,
Behe Magdalen aldian edo Erdi
Magdalen aldian beharko litzateke kokatu
santutegi hau.
Isturitz. Isturitzeko haitzuloa Isturiz eta
Donamartiri bitartean aurkitzen da, Behe
Nafarroan. Gazteluko karaitzezko muinoaren
goiko aldean du sarrera. Muino
horretan berorretan daude Haristoi edo
Oxozelhaia haitzuloak, erdi aldeko mailan,
eta Erberuakoa, behereneko mailan. Isturitzeko
haitzuloan badira oso marra sakoneko
zenbait grabatu, ia-ia behe erliebetzat
eman daitezkeenak. E. Passemardek aurkitu
zituen 1912tik aurrera haitzulo horretan
egin zituen indusketetan. Grabatu horietako
parte bat arkeologiazko betegarriz estalita
zegoen. Elur orein bat, bi orkatz, hartz bat
eta zaldi bat dira lehenbizi aurkituak. Horiez
gainera beste irudi batzuk ere aurkitu
ziren geroztik: elur oreina edo orkatza izan
daitekeen bat, bestelako zeinu bat, zaldi bat
eta mamuta izan daitekeen bat. Irudi multzo
bau Erdi Magdalen aldian edo Azken
Magdalen aldian behar da kokatu.
Haristoi edo Oxozelhaia. Isturitzeko
haitzuloa dagoen muino berean dago. Badira
bertan irudi multzo grabatuak eta margotuak.
G. Laplacek eta J. D. Larribauk aurkitu
zituzten, 1955ean hark eta 1982an honek.
Laplacek aurkituak: hiru zaldi osorik
eta beste baten zati bat, orein eme bat eta
interpretazio zaila duen marra sail bat, denak
grabatuak, eta beste bi zaldi txiki beltzeta bisonte gorri bat, margotuak. Larribauk
aurkituak Laplacek aurkituetatik urruti daude:
eskuko hatzez markatutako “macarroni”
sail bat, giza irudia izan daitekeen bat,
bisonte grabatu bat eta beste zenbait irudi,
hogeita bat guztira. Horien artean aipamen
berezia merezi du zaldi margotu batek,
muturrean eta lepoan oso marra markatuak
baititu, aho burdin baten uhalak bailiran.
Kronologiari dagokionez, Erdi Magdalen aldiaren
eta Goi Magdalen aldiaren artekotzat
eman ohi da Haristoiko irudi multzoa.
Erberua. Gazteluko muinoaren behereneko
partea da. Haitzulo barreneko santutegi
bat du barruan. Cl. Barroumes eta J.
D. Larribauk aurkitu zuten 1973an. Galeria
bat baino gehiagotan banaturik dago; grabatuak
eta margoak, bietatik ditu. Galerietako
batean hiru zaldiren irudi grabatu eta
margotuak daude. Beste galeria batean,
hormari erantsitako buztin leundura batean
grabaturik edo modelaturik, lau bisonte, basahuntz
bat, bi zaldi modelatu, beste zaldi
bat grabatua, beste bi zaldiren atalak, elur
orein bat eta zenbait zeinu. Beste galeria
batean hiru zaldi margotu eta grabatu eta
katukia izan daitekeen beste irudi bat. Beste
galeria batean beltzez margotutako zaldi
irudi handi bat, beste zaldi grabatu txikiago
batzuk eta hiru esku negatiboz eginak.
Eta azkenik, beste galeria batean hartz irudi
bat, kolore gorri arrez margotua. Kronologiari
dagokionez, Erdi Magdalen aldian
egina dateke santutegi hau, IV. Estilo deitu
denaren arauei jarraituz.
Etxeberriko-Karbia. Haitzulo hau Gamere
Zihigako udal barrutian aurkitzen da,
Zuberoan. Haitzulo barreneko santutegi bat
du; P. Boucher eta G. Laplacek aurkitu zuten
1950ean. Irudiak margotuak dira gehienak,
eta batzuk grabatuak; bi multzotan
banaturik daude gehienak. Hamabi zaldi,
bi bisonte, bi orkatz eta marra eta zeinu batzuk
ditu guztira. Kronologiari dagokionez,
Behe Magdalen aroan edo Erdi Magdalen
aroan egintzat eman daitezke, eta estiloz,
IV. Estilo Zaharrekotzat.
Sinhikoleko-Karbia. Haitzulo hau ere
Gamere Zihigako udal barrutian aurkitzen
da, Zuberoan. 1971n aurkitu ziren bertan
zenbait irudi margotu: zaldi bat, bi bisonte
osatu gabe eta giza aurpegi gisa interpretatu
izan den irudi bat. Kronologiari dagokionez,
Behe Magdalen edo Erdi Magdalen
aldikotzat eman daiteke, eta estiloz IV. Estilo
Zaharrekotzat.
Sasisiloaga. Haitzulo txiki bat da Altzürüküko
udal barrutian, Zuberoan. Bi bisonte
irudi ditu, bata grabatu eta gorri arrez
margotua, eta bestea buztinez moldatua. P.
Boucher-ek aurkitu zituen irudiok 1950ean.
Kronologiari dagokionez Etxeberriko-Karbiako
haitzuloko irudien garaikidetzat eman
daiteke.