Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Geografia»Hiri sarea

Euskal Herriko hiri sarea

 

Urbanizatze prozesua

Euskal Herriko urbanizatze prozesuaren ezaugarri nagusia hiri gutxi batzuk asko handitu izana da. Prozesu hori, Industria Iraultza bezala, XVIII. mendearen bukaeran hasi zen eta hurrengo mende osoan iraun zuen, eta gaur egun arte etengabe hazi da, ez ordea beti neurri berean.

 

Aurretikoak

Erromatarien garaiak hirien nolabaiteko loraldia ekarri bazuen ere, Euskal Herriko hiribilduen sorrera eta zabalkundea Erdi Aroa aurreratuxea hasi zen. XII eta XIV. mendeetan sortu ziren Nafarroako, Gipuzkoako, Araba eta Bizkaiko hiribilduak. Bizkaia da prozesu horrek hartu zuen azken lurralde historikoa. Aldaketa horietan hurrengo faktore hauen eragina nabari da:
- Hazkunde demografikoa. XVI. mende bitarteko datuak badaezpadakoak badira ere, esan liteke biztanleriaren hazkundeak Erdi Aroan bi bultzada handi izan zituela: 1150etik 1270era bata, eta 1325etik 1350era bestea.
- Biztanle kontzentrazioa. Aurrekoarekin lotua dihoan faktorea da hau. Landak, baserriak, ez zuen biztanleriaren hazkunde naturala oso osorik hartzerik, eta jende multzo bat hirietara bildu zen. Produkzioaren gorakadak eta nekazaritza tekniketan egindako aurrerapenak zirela eta, langile gehiegia izango zen agian, eta jende horrek, bizitza aurrera atera nahi bazuen, lekuz aldatu beharko zuen, hiri aldera. Handikien eta bidelapurren gehiegikerietatik babestu beharrak eta merkatu egonkorra eratu nahiak ere, besteak beste, eragina izan zuten biztanle kontzentrazioan.
- Erregeek urbanizatze prozesuaren alde egin zuten eta erakundeak sortu zituzten prozesu hori bultzatzeko. Horrela, erregeak bere agintaritza eta lurraldearen gaineko kontrol militarra ezartzea lortzen zuen.

 

Hirien kokalekua

Kokalekua eta funtzioa hiriaren sorreran bat datozen edo egiten duten elementuak dira. Julio Caro Barojaren iritziz, hiru hiri mota daude, eta Euskal Herriko biztanleria gune gehienak banaketa horren barruan sar daitezke:
- Mendi mazela edo maldetan daudenak, azpitik ibaia edo erreka igarotzen dela.
- Muino edo goi ordokietan daudenak, ibaietatik hurbil.
- Ibarretan eta zabaldietan daudenak, ibaien ondoan horiek ere.

 

Hiribilduen funtzioa

Hiribilduek era askotako funtzioak dituzte: militarra, komertziala, administratiboa, erlijiosoa, kulturala eta abar. Horien guztien artean funtzio militarra eta komertziala dira nagusiak.
- Funtzio militarra. Funtzio hori betetzeko sortu ziren Erdi Aroan Euskal Herriko hiribildu eta herrisketako asko. Funtzio hori dela eta, bi hiri mota bereizi behar dira: batetik, hiria bera babesteko funtzioa zutenak, eta, bestetik, lurraldea babestekoa zutenak (hiri gotortuak edo mugako hiriak). Aurreneko motako hirien artean aipagarriak dira, besteak beste, Elgoibar, Zumaia, Errigoiti eta abar. Biztanleak gaizkileen eta bidelapurren erasoetatik babesteko sortu ziren, eta baita, bando gerrak zirela eta, Ahaide Nagusiengandik babesteko ere. Bigarren motako hiriekin zerrenda luzea osa dezakegu: Gasteiz eta Agurain Araban; Gares eta Iruñea Nafarroan; Hondarribia, Segura eta Donostia Gipuzkoan; Balmaseda eta Urduña Bizkaian; eta Baiona Lapurdin.
- Funtzio komertziala. Hiriko bizimodua eta merkataritza edo salerosketa estuki lotuak daude. Ez daiteke Erdi Aroan hiririk merkaturik gabe. Hiriaren kokalekua eskaintza eta eskaria leku jakin batean biltzeko aukerak zehaztuko du. Hiri batek funtzio komertziala izateko bete beharreko baldintzak hauek dira: kontsumogune izateaz gainera, produkziogune (eskulangileak) eta esportaziogune ere izatea, biak elkarren osagarri behar baititu hiriak bere mailari eusteko (hiriaren zentralitatea).
Euskal Herriko urbanizatze prozesuak izan zuen ere bestelako ezaugarririk: feriak eta merkatuak sortzea produkzioguneetatik urrun -bidegurutzeetan-, inoiz, hiri izatera iritsi zirenak, baita garrantziko hiri ere.

 

Hiriaren ezaugarriak

Hiriko osagaiak aztertuta, eraikuntzen kokalekua eta hiribilduen egitura soziala jakin daiteke, eta baita hiriaren bilakabidea ere.Lehenengo hiribilduetan hiriaren oinarrizko egiturari dagozkion, bi elementu nagusi bereiz daitezke: harresia eta elizak.
J. I. Linazasorok hiri mota hauek bereizten ditu Euskal Herrian:
- Bide ondoko hiriak (Auritz, Lizarra, Billabona).
- Oina angelu zuzena duten hiri erabat gotortuak (Gares, Zangoza, Donostia).
- Hiri gotortu irregularrak, bi eliza harresiaren parte dutenak (Biasteri, Gasteiz, Agurain).
- Eliza bakar baten inguruko hiriak (Arrasate, Azpeitia). Mota honetakoak dira Gipuzkoan sortutako hiri gehienak.
- Bizkaiko hiriak. Besteak baino beranduago sortu ziren, kale gutxirekin, eta hierarkia egiturarik edo mailakako antolaketarik gabe.
Euskal Herriko Erdi Aroko hiribildu gehienak plan baten arabera sortu zituzten. Batzu batzuek (Durango, Bermeo, Bilbo, Markina, Gernika, Tolosa, Agurain) antzekotasun handiak dituzte Frantziako hegomendebaleko hiri gotortuekin.
Euskal Herriko hirien arteko desberdintasunei dagokienez, aldea ez dago hainbeste hiriaren ezaugarrietan, hiriak ezartzeko aukeratu ziren lekuetan baizik: kostaldea, Pirinio aldea eta goi ibarrak, Gipuzkoako eta Bizkaiko haranak, Iruñerria eta Arabako Lautada, Errioxa eta Nafarroako hegoaldea.
XVI. mendetik XIXera, hau da, hiriak zabaltzen hasi ziren arte, Euskal Herriko hiriek ez zuten hazkunde handirik izan. Krisi ekonomiko larriek eta XVII. mendeko izurriteek XVIII. mendearen hasierako biztanle kopurua 1500-1550 urteetakoerara murriztu zuten. Komunikazioen hobekuntza, hala Euskal Herriko hirien arteko komunikazioa, nola hiri horien eta Gaztelaren artekoa, da garai hartako ezaugarrietako bat.
XVIII. mendearen lehen laurdenaz gero, Euskal Herriko hiriek halako eraberritze bat izan zuten, orduko plazek eta mendearen bukaeran egin ziren zabaltze lanek argi erakusten duten bezala. Lan horiek betiere hirietako klasizismoaren moldeari jarraituz egin ziren: lerro zuzena, bikaintasuna. Horren erakusgarri dira, adibidez, Gasteizko Plaza Nagusia, Donostiakoa, Bilbokoa, eta Tafallakoa.
XIX. mendean atzerapenez iritsitako industria garapenak eragina izan zuen hiriko antolamenduan. Azkeneko karlista gerraterainoko aldia trantsizio edo igaroalditzat har daiteke. Hiriaren garapenak bi ezaugarri nagusi izan zituen aldi hartan: hiriburuetan zabaltze lanak egitea eta industria haztea; batez ere Ibaizabal ibaiaren bokale inguruetan eta Gipuzkoako hiri batzuetan antzeman zen hori. Baiona poliki-poliki handitu zen. 1857an, Saint-Esprit bereganatuta, 35-000 biztanle zituen, eta, beraz, Baiona zen Euskal Herriko hiri nagusia. Donibane Garazik 2.000tik gora biztanle zituen eta Maulek 1.700. Bilbok 15.000 doi eta Donostiak 10.000, Iruñeak eta Gasteizek baino pixka bat gutxiago. 1887an probintzietako hiribiruek baino ez zituzten 10.000 biztanletik gora.

 

Hirien hazkundea

Industrializazioak eragin zuen Euskal Herriko hirien hazkundea. Industrializazio horren bilakaerak eta gorabeherek iragarri eta markatu zuten urbanizatze prozesua.
Donostiaren eta Baionaren hazkundea, aldiz, hiri horien eraginpean zegoen barrutiaren hazkundearen araberakoa izan zen. Izan ere, gero eta biztanle gehiago erakartzen ari ziren eta gero eta garrantzi handiagoa izaten ari ziren eskualde batzuen hornitzaile eta zentro funtzional nagusiak ziren bi hiri horiek.

 

Zenbait ohar hirialdeen gainean

Euskal Herriko hiri sistema ez dago bakartua, inguruko lurraldeetako beste hiri sistema eta hirialdeekin lotua baizik. Kontuan hartzekoak dira dituen ekonomia eta gizarte harremanak, hala nola Kantabriako, Burgos, Errioxa, Ebro ibaiaren ibarra, Landes eta Biarnoko hiriekin. Harreman horien ondorioz gauza askotan elkarren mendeko direla esan daiteke.
Kostaldeko hiru hirialde nagusiak (Bilbo, Donostia eta Baiona) industria, finantza, merkataritza eta zerbitzu jarduera konplexuko sarea dute antolatuta.
Maizko eta askotariko hartu-eman horiek gauzatzeko dauden garraiobide ardatz nagusiak Madril-Irun errepidea eta burdinbidea dira, kostaldeko azpisisteman betiere. Garraiobide ardatz hori Lapurdiko kostaldea zeharkatzen duen errepide eta burdinbideari lotuta Parisaino heltzen da. Garrantzi handi handikoa da Bilbo-Behobia-Baiona autobidea. Aipatzekoak dira ere Nerbioi ibaiaren ibarrean zehar Mirandara doazen burdinbidea eta errepidea, Bilbo Madrilekin, Errioxarekin eta Zaragozarekin lotzen dutenak. Bilbo-Miranda autobidea garraiobide sare horrekin lotua dago, eta Mirandatik hurbil Madril-Gasteiz-Irun errepidearekiko lotuneak izango dira. Errepide hori Bilbo-Behobia-Baiona autobidearekin lotuko da Maltzagan.
Azkenik, aipagarriak dira ere, garraiobideetan duten garrantziagatik, Bilboko portu handia, Pasaikoa eta Baionakoa, eta Sondika, Hondarribia eta Miarritze-Parme-ko aireportuak.
Lurralde barneko azpisistemari dagokionez, Gasteiz eta Iruñea dira hiri nagusiak, bilduagoa lehenengoa eta sakabanatuagoa bigarrena.
Gasteiz, merkataritza eta zerbitzu hiria zena, garrantzi handiko finantza, merkataritza eta industria gune da gaur egun, eta asko hazi da. Garraiobideei dagokienez.Arabako lurraldea —Gasteizko makrozefalia agerikoarekin— errepide eta burdinbide ardatz handiek egituratua dago, hala nola Madril-Irun eta Bilbo-Miranda de Ebro artekoak. Aipagarriak dira ere beste errepide hauek: Gasteiz-Bilbo (Barazartik, Mungiatik), Gasteiz-Deba ibarra (Arlabandik) eta Gasteiz-Lizarra, hala nola probintziaren hegoaldea zeharkatzen duen Miranda- Logroño artekoa.
Nafarroari dagokionez, Iruñea beste lurraldeetan baino oreka eta armonia handiagoa duen hiri sare baten buru da. Izan ere, Euskal Herriko urbanizatze eta industrializatze prozesu anarkikoak ez baitzuen hain gogor erasan Nafarroa. Prozesu hori 50eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoa aldetik kapital handia sartu zelarik, batez ere eraikuntza, metalurgia eta garraio azpisektoreetan.
Nafarroak Irurtzun-Iruñea-Tutera errepidea, Belate, Baztan, Aldude eta abar zeharkatzen dituena, eta Nafarroako autobidea ditu hiri sarearen garapenerako garraiobide nagusiak. Bestalde, errepide eta burdinbideetan egindako hobekuntzek eta Noaingo aireportuak hiri sarearen garapena ekarri zuten.

 

Urbanizatze fenomenoaren inguruko aldagaiak

Hauek dira urbanizatze prozesuan eragina duten aldagaiak:

 

a) Lehenengo sektoreko langile kopuma

Lehenengo sektorean diharduen langile kopuruak behera egin du XX. mendean zehar: langileria osoaren %60a hartzen zuen mende hasieran, eta %10a 1991n. Hona Euskal Herrian, lurraldeka, lehenengo sektorean diharduen langile kopurua:

 

b) Biztanle dentsitatea eta urbanizatze maila

Euskal Herriko biztanleriaren egituraketak aldaketa handiak izan ditu XX. mendean zehar, bai kopuruari bai bizilekuari dagokionez. Biztanleriaren banaketak orain baino askoz homogeneotasun handiagoa zuen 1900ean: biztanleen %22,67a hiri handitan bizi zen, %37,65a herri txikitan, eta %39,68a bestelakotan. 1991ko datuek, berriz, oso bestelako banaketa adierazten dute: biztanleen %77,8a hiri handita bizi zen, %7,62a herri txikitan, eta %15,30a bestelakotan.
Kopuru horiek ez dute ezer harrigarririk adierazten. Europako Mendebaleko beste herrialde askotan bezala, biztanleriaren banaketa erabat aldatu da mende batean zehar: biztanle gehienak hiritan biltzen dira, eta herri asko, berriz, hutsik gelditzen ari dira.
1940-1960 urteetan jende asko eta asko herritatik irten izanak goitik behera aldatu zuen biztanleriaren banaketa. Jendea herriak uztera bultzatu zuen arrazoi nagusia orduko egoera ekonomikoa eta soziala izan zen; izan ere, bukatu berria baitzen Espainiako gerra zibila (1936-1939). 1940-1950 bitarteko urteetan hasi zen urbanizatze prozesua, baina poliki-poliki, Europako gainerako herrialdeetatik bereizia egon baitzen Espainia.
1950-1970 urteetan, ordea, Egonkortasun Planak eta ekonomiaren hazkundea zirela eta, gero eta jende gehiago joan zen hiritara bizitzera. Izan ere, Espainiako industria Europakoaren pare jartzen hasi baitzen.
Prozesu horrek, bestalde, garrantzi handiko laguntza izan zuen: pezetaren debaluazioa. Horrela, atzerritarrek dirua ezarri zuten Espainian, eskulana merkeagoa baitzen, eta langileria, erreibindikaziotan, motelagoa.
Industria gehiena, gainera, Euskal Herriko hiriburu nagusietan ezarri zen (Bilbon, Donostian...). Hala bada, hiri horiek herrietako jende asko erakarri zuten, premia larriko jendea, gerra zibiletik atera berria.
Ipar Euskal Herriko biztanleriak Frantziak ezartzen zuen ereduaren araberako bilakaera izan zuen, eta bazter batean geratu zen, Frantziako Atlantiko aldeko ahulezia giroan murgilduta. Nolanahi ere, hazkunde aldi laburrak izan zituen, baina Hendaia eta Baiona arteko kostaldean baino ez.

 

c) Biztanle kontzentrazioa

Biztanle kopuruaren hazkunde bizkorra eta leku batera biltzeko joera Euskal Herri osora zabaldu zen XX. mendearen erdialdetik aurrera. Gaur egun hiriak baizik ez dira hazten ari.
Araban hiriburuaren eta lurraldeko gainerako eskualdeen arteko aldea izugarri handia da. Izan ere, Arabako biztanleen %75,6a Gasteizen baitago bilduta. Bizkaian, berriz, hiriburuak, Bilbok, probintzia osoko biztanleriaren %32a hartzen du.
Donostiak, berriz, Gipuzkoako biztanleen %25a hartzen du, eta Iruñeak Nafarroa osoko biztanleriaren %58,3a.
Ipar Euskal Herrian Miarritze-Angelu- Baiona hiri multzoak Lapurdiko biztanle kopuruaren %60a hartzen du, eta Lapurdik Iparralde osoaren %80a.

 

d) Udalerri kopurua

Hego Euskal Herriak dituen 522 udalerrietatik %50,7a Nafarroa Garaian dago, %21a Bizkaian, %18,3a Gipuzkoan eta %9,7aAraban.
- Gero eta udalerri txiki (500 biztanle artekoak) gehiago dago.
- Udaierri handiak nabarmen hazten ari dira.
Ipar Euskal Herrian 158 udalerri daude. Biztanie kopurua gainbehera doa Nafarroa Behereko udaierrien %93an, Zuberoakoen %89an eta Lapurdikoen %46an.

 

e) Udalerrien eremua

Hego Euskal Herriko udalerrietako bakoitzak 34,35 km 2 -ko eremua hartzen du batez beste. Espainiako estatuko udalerrien batez besteko eremua, berriz, 55 km 2 -koa da.
Arabako udalerrien batez besteko eremua estatukoena baino handiago da. Nolanahi ere, udalerri batetik bestera alde handi samarrak daude: handienak 81 km 2 ditu eta 20 km 2 txikienak.
Nafarroan, udalerrien batez besteko eremua 40 km 2 -koa da. Udalerririk handienak Erriberako ekialdekoak dira. Gipuzkoan, udalerrien batez besteko eremua 23,9 km 2 - koa da, eta Bizkaian, aldiz, 22,2 km 2-koa. Bi lurralde horietako udalerri eremuaren batez bestekoa Espainiako estatuko txikiena da. Udalerri eremuan, lurralde horiek aldeak dituzte eskualde batetik bestera, baina beste lurralde batzuetakoak baino txikiagoak halere.
Ipar Euskal Herrian, udalerrien batez besteko eremua txikixeagoa da (Lapurdik 21,42 km 2 , Nafarroa Behereak 16,19 km 2 , eta Zuberoak 18,8 km 2 ), baina kontuan hartu behar da bestelako administrazio barrutia dutela han, kantonamendua alegia, Hego Euskal Herrian eskualdea edo izan daitekeena.

 

Euskal Herriko hirialde nagusiak

 

Bilbo

Bizkaiko hiriburuan hiru gune nagusi bereiz daitezke: Bilboko hirigunea, hirigunearen ondokoa, eta hiriguneaz kanpokoa.
- Bilboko hirigunea: Parte Zaharra eta zabalunea. Parte Zaharrak funtzio komertziala du, eta erdiko mailako kiaseen bizitoki da. Zabaluneak —XIX. mendearen bukaeraz geroko zabaltze lana— Distrito Central de Negocios delakoa (CDB, Hiriguneko Negozio Barrutia) hartzen du, alegia, Gran Vía eta inguruko kaleak. Oso betea dagoenez, beste alderdi batzuk, hala nola Indautxu eta Zabalburu plazak, hartan integratu dira. Bilboko hiriguneko beste barruti batzuk hirigunearen ondoko barrutira igarotzeko bitarteko guneak dira:
- Hirigunearen ondoko barrutiak ez du muga jakinik Biztanleak erdi eta behe mailako klasekoak ditu. Jarduera nagusiak auzo mailako merkataritza, garraioa, garajeak, biltokiak, tailerrak eta industria txikiak ditu. Barruti horretan beste bi bereiz daitezke, Santanderreko burdinbideaz iparraldera dauden San Frantzisko eta Errekaldeberri, behe mailako klaseko jendearen bizitoki direnak. Barruti horrek, iparraldean, San Inaziotik Boluetarainoko ingurunea hartzen du,Deustua eta Begoña barne. Oso inguru heterogeneoa da: langile eta erdiko mailako klaseko auzoak (Torremadariaga), behe mailakoak (Bolueta, Atxuri eta Ollerías), ingurune degradatuak (Otxarkoaga), erdiko mailako auzoak (Santutxu), goi mailakoak (Deustua), nahasketa handikoak (Begoña).
- Hiriguneaz kanpoko barrutian hiru alde bereizten dira: Ezkerraldea, Eskuinaldea eta Hego-ekialdea. Ezkerraldeak etxeak nahas-mahasean eraikiak ditu, lantegi handien artean, eta betebetea dago. Erdi eta behe mailako klaseko jendea bizi da bertan. Alderik hondatuena Zorrotza eta Sestao artekoa du, eta hoberenak, berriz, Portugalete eta Santurtzi. Eskuinaldea (Leioa, Getxo) erdi eta goi mailako klaseko bizitokiez osatua dago.
Hego-ekialdeak Basauri, Etxebarri, Galdakao eta Arrigorriagako udalerriak hartzen ditu, hirialdeko industrian integrazio maila desberdina dutenak. Erdi eta behe mailako klaseko jendea bizi da.

 

Donostia

Hiru barruti bereiz daitezke: Hiri Erdialdea, Erdialdearen osagarria, eta Kanpoaldea.
- Hiri Erdialdea: Boulevard eta Artzain Onaren eliza arteko aldea hartzen du, Askatasunaren Hiribidea duela ardatz. Bulego eta banketxeak ugaltzen ari dira, etxebizitzen tokia hartuz. Erdi eta goi mailako klaseak bizi dira bertan.
- Erdialdearen osagarriak auzo hauek hartzen ditu: Parte Zaharra, Amara Zaharra, Amara Berria, Antigua, Gros eta Aiete
- Mirakontxa. Erdialdeari lotua dago, eta dibertsitate handikoa da. Bizilagun gehienak erdiko mailako klasekoak dira.
- Kanpoaldea edo periferia: Metropoliaren inguruko bi korridorek eta hiriaren inguruko beste bik osatzen dute.Metropoliaren inguruko korridoreak, Ulia-Ategorrietatik hasita, Intxaurrondo, Roteta, Altza, eta Herrerako auzoak, eta Pasaia, Lezo, Errenteria eta Oiartzungo udalerriak hartzen ditu.
Hiriaren inguruko korridoreak bi dira. Batak Loiola, Txominenea, Martutene eta Ergobia auzoak, eta Astigarraga, Urnieta eta Hernaniko udalerriak hartzen ditu; besteak, berriz, Lasarte-Oria, eta Usurbil udalerriak eta Benta Berri, Lorea, Berio, Ibaeta, Igara, Errotaburu eta Añorga auzoak.

 

Gasteiz

Gasteizen bada alde bat, Erdialdea, ageriko berezitasunak dituena, etxebizitzaz, bulegoz eta dendaz osatua. Plaza Berritik geltokira erdiko barrutia hartzen du, ardatz nagusia Dato kalea duela.
Lakuako bizitegi auzoak badu ondoan ingurune bat, bizitegi funtzionalez osatua, geroz eta garrantzi handiagoa duena. Horren inguruan ere bizitetxeak daude, berri samarrak, langile klasearen bizileku direnak.
1957. urtetik aurrera industrialdeak antolatu zituzten, eta sakoneko aldeketak izan ziren hirian. Hala, Gasteiz, merkataritza hiri izatetik industria eta zerbitzu hiri izatera igaro zen, eta gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburu da.

 

Iruñea

Elkarren osagarri diren bi barruti bereizten dira Iruñean: hirigunea eta aldiriak.
- Hirigunea Parte Zaharrak eta bi Zabalunek osatzen dute. Parte Zaharrak Nafarreria, San Zernin eta San Nikolas auzoak hartzen ditu. Dendez betea egotea eta auzokideak adinean sartuak izatea ditu ezaugarri nagusiak. Zabaluneetako batek, Parte Zaharraren mendebalean dagoenak, finantza zerbitzuak eta saltoki handiak ditu besteak beste, Gaztelu Enparantza eta Sarasate kalea bitarteko ingurunea duela erdigunetzat. Bigarren zabalunearen ardatz nagusia Carlos III.a kalea da, eta barruti horretan hirugarren sektoreko jarduerak dira nagusi.
- Aldirietan barruti hauek bereiz daitezke:
Hegoaldea: Arrosadia eta Santa Maria la Real auzoek osatzen dute, Etxabakoitz, Cordovilla eta beste herrigune batzuekin batera.
Iparraldea: Arga ibaiaren aldeko herri eta hiriguneak, langile auzo eta industrialdeekin.
Iruñearen hazkundea dela eta, Atarrabia, Uharte, Buriata eta abar hartzen dituen Metropolia sortu da.

 

Ipar Euskal Herria

Baionak, Angelu eta Miarritzekin batera, Lapurdiko kostaldeko hiri-aglomerazioa osatzen du (BAB), Iparraldeko industria gehiena ere biltzen duena. 36.000 biztanle ditu Baionak, hau da, Lapurdiko biztanleria osoaren %68,5a. Baionan daude bilduta merkataritza jarduera eta zerbitzu publiko eta profesional gehienak, hiriarenak eta ingurukoak. Baionak onura dakar Lapurdiko kostaldearentzat eta kaltea, berriz, barrualdearentzat, jendea herriak uztera behartzen baitu.
Azkeneko 40 urteetan biztanle kopuruak gora egin du, migrazioengatik batez ere, hazkunde naturalagatik baino gehiago. Kostaldeko konurbazioan eta hiriaren inguruetan handitu da batez ere biztanle kopurua (horietan bai, hazkunde naturala positiboa izan da).
Lapurdi eta Nafarroa Beherea Baiona aldera egiten duten nekazari guneak dira. Zuberoak, berriz, Paue (Biarno) aldera egiten du.
Iparraldeko barneko biztanleria gune horien garapena Lapurdiko kostaldearekin eta Biarnorekin izan ditzaketen harremanen mende dago.
Donibane Garazik, berriz, nekazaritza eta abere hazkuntza ditu bizibide nagusiak. Hiriko kale guztiak Merkatuko Plazan elkartzen dira, eta hiria hiru partetan banatzen dute: plazatik iparraldera, hegoaldera, eta mendebalera.
Maulek industria pixka bat badu. Hiriak, sarbideek eta irtenbideek zatitua, banaketa erregularra du.

 

Euskal Herriko udalerriak: tamaina eta kopurua

XX. mendearen hasieran 700 baino gehiago baziren ere, gaur egun 680 udalerri daude guztira Euskal Herrian. Izan ere, azken urteotan aldaketa handiak izan dira.
680 udalerri horietatik 158 Ipar Euskal Herrian daude. Lurraldeka, honela daude banatuta: Araban 51, Bizkaian 110, Gipuzkoan 88, Lapurdin 41, Nafarroa Beherean 75, Nafarroa Garaian 265, eta Zuberoan 41.
Udalerriek 20.262,3 km 2-ko eremua hartzen dute guztira. Eremu horretan bizi diren hiru milioi biztanle ingururen banaketari dagokionez, baina, alde handiak daude toki batetik bestera.
Kopuru horiek zuzen interpretatzeko kontuan hartu behar da lurraldea udalerrika ez ezik Hegoaldean eskualdeka eta Iparraldean kantonamenduka banatua dagoela. Aurrerago aztertuko dugu banaketa hori.
Udalerrien tamainari erreparatuz gero, 8 maila bereiz daitezke. Kopuru horiek aztertuta, ondorio jakingarri hauek ateratzen dira:
1) Biztanleriaren banaketan desoreka handiak daude Araban, Bizkaian eta Lapurdin.
2) Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleriaren banaketa, berriz, erregularragoa da.
3) Nafarroa Behereko eta Zuberoako biztanle kopurua gainbehera doa, eta herri gehienek 500 biztanletik behera dauzkate.
Ondorio orokor horiez gainera, bestelako oharpen batzuk ere egin daitezke Lurralde Historiko bakoitzean. Araban, adibidez, ehun mila biztanletik gorako udalerrien taldea - udalerri bakar bat duena, Gasteiz hain zuzen- nabarmentzen da. Horrek areagotu egiten du lurralde horretako biztanleriaren banaketaren desoreka. Esan beharra dago, bestalde, nekazari herriek (biztanleriaren %1 l,6a) eta erdiko mailakoek (%6,5a) kontuan hartzeko pisua dutela oraindik ere, hiri ezaugarriak dituzten udalerrien aurrean (%7,9a).
Gipuzkoan halako erregulartasun batez dago banatua biztanleria. Hiri ezaugarriko biztanleria guneak dira nagusi (%80,8). Aipagarria da, bestalde, erdiko mailako udalerriak (%l4,5a) industria eta hiri ezaugarriak dituztenetakoak izatea. Nekazari herriek, edo erdi nekazariek, talde txikia osatzen dute (%4,6). Hiriburuak ere beste lurraldeetakoek baino pisu gutxiago du (%25): Gasteiz (%75,6), Bilbo (%32), Baiona (%60) eta Iruñea (%58,3).
Bizkaiak Arabak duenaren antzeko desoreka du, nahiz eta hiriburuaren makrozefalia txikiagoa den (%46,6). Bizkaian 50.001- 100.000 eta 10.001-50.000 biztanleko taldea nabarmentzen da, biztanleen %38,3a hartzen baitu. Aldiz, erdiko mailako udalerriek (%5,6) eta nekazari herriek (%1,6) talde txikia osatzen dute. Baina kontuan hartuz gero Bilboko eta Bilboaldeko udalerrietako biztanleria, are handiagoa da desoreka. Horixe da Euskal Herrian dentsitaterik handieneko biztanleria gunea.
Nafarroan, hiriburuak biztanleriaren %36,la hartzen du. Makrozefalia txiki bat ere badu, baina, hala ere, erdiko mailako hiriek talde handi samarra osatzen dute (%15,2), eta, hala, biztanleriaren banaketa orekatua dela esan daiteke, hiri sarea ere orekatua den bezala.
Ipar Euskal Herrian (Bidasoa eta Aturri artean) 164.000 biztanle bizi dira 30 bat kilometroko tarte batean. Tarte horretan ia ez da urbanizatu gabeko lurrik.
Kostaldeko aglomerazio edo hiri-multzo horren bihotza Baiona, Miarritze eta Angeluk eta inguruek osatzen duten hiri-batasuna da, 127.000 biztanle dituena. Baionako aglomerazio horren inguruan dago bilduta Ipar Euskal Herriko biztanleen %80a, eta horixe da hain zuzen ere alderdi dinamikoena.Lapurdiko lurralde historikoa hiri girokoa da erabat, eta Nafarroa Beherea eta Zuberoa, berriz, nekazari girokoak dira.
Euskal Herrian, oro har, hiriek biztanleen %77,08a hartzen dute, nekazari herriek %7,63a eta erdiko mailakoek % 15,3a. Hala bada, esan daiteke Euskal Herriko biztanle banaketa orekatua dagoela, nahiz eta Lurralde Historiko bakoitzeko barne azterketak desoreka handiak daudela erakutsi duen.
Azter ditzagun orain gure udalerriak beste ikuspuntu batetik, hartzen duten azalera edo eremutik hain zuzen. Hona atera daitezkeen ondorio nagusiak:
1) Udalerri talde nagusia (%27) 10-19,9 km 2 arteko eremua dutenek osatzen dute. Eremu txikiko udalerriak dira, eta elkartzera behartuta daude biztanleriaren beharrizanak aseko badituzte.
2) Eremua 30-49,9 km 2 (%17,1), 20- 29,9 km 2 (%14,5) eta 5-9,9 km 2 (%17,1) artekoa dutenek, bestalde, antzeko portzentaiak dituzte. Bada datu interesagarri bat: hiru talde horietako txikienak eta 5 km 2 baino gutxiago dituzten udalerriak (%7) bat eginda aise gainditzen dituzte handienen bi taldeak (50 km 2 -tik 100 km J eta gehiagokoak).
3) 50-99,9 km 2 eta 100 km 2 -tik gorako taldeek udalerrien %l6,7a hartzen dute. Ez da oso kopuru handia, batez ere udalerri txikienekin alderatuz gero.
Araban ez dago 5 km 2 baino gutxiagoko udalerririk. 30-49,9 km 2 arteko eremua duten udalerriek (11 udalerri) eta 50-99,9 km 2 artekoek osatzen dute talderik handiena. Hau da, erdiko tamainako udalerriak eta udalerri handiak dira nagusi.
Gipuzkoan halako oreka bat gordetzen da maila guztietan, salbu eta udalerri handien taldeari dagokionez (100 km 2 -tik gorako udalerriak), udalerri bakarra baitago, eta udalerri txikienei dagokienez (7 udalerri). Talderik handiena (25 udalerri) 10-19,9arteko udalerriek osatzen dute, eta ondoren 5-9,9 km 2 artekoek (16 udalerri).
Bizkaiak udalerri kopurua berdintsua dauka maila guztietan. Talde handiena 10- 19,9 km 2 arteko udalerriek osatzen dute (31 udalerri). Eremu handieneko taldeek, alegia 50-99,9 km 2 bitartekoak eta 100 km 2 -tik gorakoak, 7 eta 3 udalerri dituzte hurrenez hurren.
Nafarroan ere udalerri kopurua berdintsua da maila guztietan. Bi talde dira nagusi: 10-19,9 km 2 artekoa (58 udalerri) eta 30- 49,9 km 2 artekoa (56 udalerri). 100 km 2 -tik gorako udalerri (12 udalerri) gehien duen lurraldea da, eta baita 50-99,9 km 2 bitarteko gehien (15 udalerri) duena ere. Oso udalerri txikiak ere badira, 5 km 2 baino gutxiagoko 15, adibidez. Hori horrela izatea oso gauza normala da, Nafarroak oso lurralde zabala baitu, elkarrengandik oso desberdinak diren hiru eskualde nagusi bereizten direlarik.
Lapurdin 10-19,9 km 2 arteko taldea da nagusi. Euskal Herri osoari eta tamaina horretako udalerrien taldeari dagokionez, udalerri gehien dituena da Lapurdikoa. Gainerako taldeek udalerri gutxi hartzen dituzte. Izan ere, Zuberoaren ondoren udalerri gutxieneko lurraldea baita Lapurdi; Zuberoak hiru guxtiago ditu. Ez dago 100 km 2 -tik gorako udalerririk.
Nafarroa Beherean ere bi talde horiek dira nagusi: 10-19,9 km 2 eta 5-9,9 km 2 bitartekoak hain zuzen. Udalerri txiki-txikiak, 5 km 2 -tik beherakoak, oso gutxi dira (4 udalerri), eta 100 km 2 baino gehiago duenik ez dago.
Zuberoan Nafarroa Behereko talde horiek berak nabarmentzen dira, 11 eta 13 udalerriz osatuak hurrenez hurren. Gainerako taldeek oso udalerri gutxi dituzte, 17 guztira. 100 km 2 baino gehiagoko udalerri bat dago.
Ipar Euskal Herriko udalerriak hogeita bat kantonamendu edo administrazio barruti berezietan daude bilduta.

 

Hiri sarearen eratzaileak

 

Garralobideak

Euskal Herriko garraio sareak lurraldea banatzen duten bi estatuen hiriburuak erdigunetzat dituen erradio antolaketa duenez, Espainiako Nazional I deritzan errepidearen Miranda-Irun zatia eta Frantziako Nazional 10 errepidearen Baiona-Hendaia zatia dira, hala Hegoaldearentzat nola Iparraldearentzat, garraio sarearen ardatza osatzen duten bi garraiobide nagusiak, horiei buruz paralelo diren burdinbideekin batera.
Ardatz nagusi horretatik bigarren mailako errepide adarrak ateratzen dira, lurralde desberdinetako hiriburuak eta eskualde buruak elkar lotzeko. Trafikoaren intentsitateari dagokionez, alde handiak daude errepide batzuetatik bestera. Bizkaikoak eta Gipuzkoak dira betiere joan-etorri handienekoak.
Hala ere, autobideak direla eta, goitik behera ari da aldatzen errepide sarearen antolaketa hori. Bilbo-Baiona autobideak, segurtasuna eta arintasuna ekartzeaz gainera, indartu egin ditu kostaldeko hiru lurraldeen arteko harremanak. Barneko eskualdeekiko lotura ere indartu egin da, Bilbo eta Irufiea Logroñorekin eta Zaragozarekin lotu direnez gero, eta Iruñea-Donostia autobideari esker.
Ontzat jo behar da, bestalde, Hegoaldeko aireportu kopurua; probintzia bakoitzak bat du. Burdinbide sareari dagokionez, «Euskal Y» deritzan proiektua da gauzarik aipagarriena: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintziak lotuko ditu.

 

Hirien eraginpeko barrutiak

Hirien erakarmen indarra noraino hedatzen den, merkataritzak, zerbitzuek eta administrazio eta finantza alorretako beste faktore batzuek mugatzen dute. Hiriaren eraginpeko barrutia probintziaren mugaz haraindi ere zabal daiteke, eta Bilbokoa, adibidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste probintzia batzuetara hedatzen da, Burgosko iparraldera eta Santanderreko ekialdera hain zuzen.
Gasteiz alde batera utzita -gero eta garrantzi handiagoa baitu Eusko Jaurlaritzaren egoitza denez geroztik-, Hegoaldeko beste hiru hiriburuak dira Euskal Herrian erakarmen indar handiena duten inguruneak. Hiri eta industria sarea aberatsagoa duten heinean, antolaketa ere konplexuagoa dute, hainbat mailatan banatuta.
Euskal Herriko gaur egungo hiri sarearen antolaketan Bilbo da buru, eta haren atzetik datoz, maila bat beherago, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baiona. Hirugarren mailan, aldiz, Eibar, Irun eta Durango daude, eta laugarren tokian Azpeitia, Laudio, Amurrio eta abar. Eta horrela, hurrenez hurren, ingurune txikienak ere sarean korapilatu arte. Hirialde gehienak Lurralde Historikoetako hiriburuen ingurura bilduta badaude ere, bazterretako beste batzuk, hala nola Arabako hegoaldekoak eta Nafarroako Erriberakoak, euskal eremuko eraginaz kanpo geratzen dira, Miranda de Ebroren eta Errioxaren eraginpean.
Erakarmen indarrari dagokionez, Bilbok du lehen tokia Euskal Herrian, hala Hegoaldean nola Iparraldean. Ia probintzia osoa du bere eraginpean. Haren eraginpeko barrutiaren barruan beste bi barruti bereizten dira, Gernika eta Durango. Hain zuzen ere, Erdiko Debarekiko harremanak Durangoren bitartez ditu. Erdiko Deba Donostiaren eraginpekoa da orobat, eta barruti partekatua esaten zaio horregatik. Donostiaren eraginpeko barrutiaren barruan beste hiru daude, Beasain, Tolosa eta Irun —Nafarroako Mendialdeko Ipar Isuriko Ibarrak, Bera, Lesaka eta abar—.
Nafarroa, ia oso-osorik, Iruñearen eraginpean dago. Mendialdeko Ipar Isuriko Ibarrak aipatu berri ditugu, eta Lizarraldeko Erribera, berriz, Errioxaren eraginpean dago. Iruñearen eraginpeko barrutiaren barruan lau barruti bereizten dira: Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Tutera.
Araban, Gasteizen eraginpeko barrutia lehian dago beste barruti batzuekin: hegoaldean Errioxaren eta Miranda de Ebroren eraginpekoekin, eta iparraldean (Aramaio) Deba Garaiaren eraginpekoarekin. Probintzia horretako gainerako lurraldea hiriburuaren eraginpean dago, salbu eta Kantauriko isuraldea (Amurrio eta Laudio), Bilboko Metropoliaren eraginpean baitago.
Ipar Euskal Herrian Baionaren eraginpeko barrutia da garrantzitsuenea, eta haren mende daude Lapurdiko eta Nafarroa Behereko Lurralde Historikoak. Zuberoa, aitzitik, administrazioz Pirinio Atlantikoetako departamenduaren hegoaldeari dagokionez, Oloroeren (Biarno) eraginpean dago.

 

Euskal Herriko hiri sistema

Nazioarteko muga dela eta, Euskal Herriak ez du hiri sistema bakarra lurralde osorako.
Hala eta guztiz ere, mugaz gaindiko harremanak oso estuak dira, batez ere Donostiaren eta Baionaren artean.
Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) bi hiri hauen eraginpean dago: Baiona eta Paue (Biarno).
Precedoren arabera, Hego Euskal Herrian Bizkaiko eta Gipuzkoako hirien eraginpeko barrutia probintziaz kanpora hedatzen da: Errioxa, Santander, Burgos, Araba, Nafarroa.
Bizkaiko eta Gipuzkoako hirialdeek, beren urterik oparoenetan (1960-1970), ondorio onuragarriak izan zituzten probintziaren kanpoaldean, eta eragin hondatzailea, berriz, ingurumarietan, ondoko nekazari herriak jendez gabetu baitzituzten, eta desoreka handiak sortu. Saenz de Buruaga eta Perñiña Grau adituen arabera hiri eta industria dentsitate handikoak izaten dira ingurune horiek.
Beste zentro-periferia teoria bat ere bada, Friedmann-ena, zentzua duena baldin eta Bizkaia eta Gipuzkoa teknologia berrikuntzak kanpoaldera zabaltzen dituzten bi eskualde-gune gisa hartzen baditugu. Hala, Gasteiz inguruko industrietako asko Deba Bailaran sortuak dira.
Urbanizatze prozesua berandu hasi zen Euskal Herrian, Europako beste eskualde batzuekin alderatuz gero behintzat. Euskal hiribilduen eratze prozesua Behe Erdi Aroan hasi zen, defentsa, ekonomia, merkataritza eta, besteak beste, politika arrazoiak zirela medio eskualdeetako jendeztatze eta planifikatze politika bultzatu zenean.
Hiribildu horiek dira Euskal Herriak gaur egun duen hiri sistemaren eta XIX. mendeko urbanizatze prozesuaren oinarri. Mende horretan geratu ziren lurralde barneko hirialde nagusiak —Gasteiz eta Iruñea— hirietako industrializazio prozesutik aparte.
Euskal Herrian biztanle dentsitate handieneko barrutietan sortu ziren hiririk garrantzitsuenak, hiriari dagozkion funtzio gehien eta industria gehien izango zituztenak gerora.
Hiribildu txiki batzuek industria izateak eta nekazari jendea herrisketan eta baserrietan sakabanatzeak erein zuten urbanizatze prozesuaren ernamuina.
Euskal Herriko hiri sistemak biztanle/eremu banaketari dagokionez gaur duen antolaketan Bilbo da buru, nagusitasun nabarmenik gabe bada ere, eta ondoren beste lau metropoliak datoz: Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Baiona. «Maila-tamaina» erregelatik hurbil dagoen banaketa da hori, eta banaketa horretan 2., 3., 4. eta 5. tokiak hartzen dituzte hiri horiek.
Aditu askok egokitzat jo dute Euskal Herriko hiri hierarkia, baina eskualde mailako hiri egiturek ez dute halako ezaugarririk ageri.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin hirialdeak bat egiten ari dira, eta honezkero, kasu askotan, udal administrazioak egiten dituen banaketak ez du zentzurik, ez baitator bat hirialdeen gaur egungo eraketarekin.
Metropoli bateko mugak zehazteko oso irizpide malguak erabili ohi dira, eta eguneroko lanak sortzen dituen lekualdatzeetara, eta laugarren sektoreak hiriaren erdialdearen inguruetan dituen funtzioen banaketara jo behar izaten da.
Industrializazioaren hasieratik 70eko hamarkada bitartean, gero eta handiagoa izan da hierarkizazioa. 1970. urtetik aurrera prozesu hori motelduz joan da, eta Atlantiko aldeko hirien hazkundea ere uste zena baino motelago joan da.
Euskal Herriko hiri sistemaren gaur egungo hierarkian hurrenkera maila hauek bereziten dira: lehenbiziko maila Bilboaldeari dagokio; bigarrena Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baionari; hirugarrenen Eibar, Irun, Bermeo, Durango, Altsasu, Tutera, Tafalla eta, besteak beste, Tolosa daude; laugarren mailan, berriz, Elgoibar, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Laudio, Amurrio, Balmaseda, Agurain eta abar. Eta horrela, hurrenez hurren, ingurune txikienak ere sarean korapilatu arte.
Euskal Herriko hiri sistema Christaller eta Losch-en ereduekin alderatuko dugu. Eredu horretan hirialde gehienak hiriburuen eraginpean geratzen dira, baina badira beste hirialde batzuk, kanpoalderago daudenak, hala nola Arabako hegoaldea eta Nafarroako Erribera, horiek batez ere, euskal eremuaz kanpo geratzen direnak, Miranda de Ebroren eta Logroñoren eraginpean.
Hiriburuen arteko loturak aztertzen baditugu, argi ikusten da garraiobide sarearen ardatzek Bilbo, Donostia eta Baiona arteko harremana estutzen dutela. Horien aldean, Bilbo eta Gasteiz arteko harremanak, edota Donostia eta Iruñea artekoak, bigarren mailakoak dira. Nolanahi ere, Bilbo eta Gasteiz arteko garraiobideak nola Donostia eta Iruñea artekoak onak dira, autobiak baitituzte.
Hirugarren mailari dagokionez, Euskal Herriko hiri sistemaren beste lekualdatze garrantzitsu batzuk aipatu behar dira: Debaren Erdiko Bailararen (Eibar-Elgoibar, batez ere) eta Ibaizabalen bailararen (DurangoElorrio) artekoak, eta Deba Garaiaren (Arrasate-Ofiati) eta Arabako hiriburuaren artekoak.
Badira garrantzizko beste lekualdatze batzuk ere, hala nola Nafarroako ipar-ekialdearen (Lesaka, Bera eta abar), Donostialdearen eta Bidasoaren Behealdearen (Irun-Hondarribia) artekoak. Altsasuk, berriz, Urola Garaiarekin eta Goierrirekin ditu harremanak.
Euskal Herriko hiri sistemaren hierarkia ez da zehazten erraza. Bilbok lehen tokiari eusten dio biztanle kopuruari eta funtzioei dagokienez, eta beste hiriburuak gainditzen ditu. Bilbok duen garrantzia beste maila goragoko batean neurtu behar da, Espainiako Estatuaren barruan, hirugarren tokia baitu estatuko hirien mailakako hurrenkeran.
Gaur egun indarrean dagoen marko ekonomikoaren joera nagusia hirugarren eta laugarren sektoreetako funtzioak deszentralizatzekoa da. Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioak Gasteiz du hiriburu, eta horrek asko lagundu dio hiri horri laugarren sektorea indartzen.
Aipagarriak dira, bestalde, Bilbo industria hiri gisa iraunarazteko dagoen tema, Superportuaren proiektua eta Sondikaren zabaltzea. Bestalde, Nafarroa Euskadiko Autonomia Erkidegotik kanpo geratzean Iruñeak garrantzi handiagoko papera jokatuko du bere probintziako barrutian.Euskal Herriko hiri sistema eskema honen arabera dago antolatua:

 

1) Kostaldeko azpisistema:

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi dira kostaldeko azpisistema osatzen duten lurralde historikoak. Bizkaian Bilboaldeak duen kontzentrazio handia nabarmentzen da. Lapurdin, berriz, Baionaren eta bere inguruko barrutiaren erakarmen indarra, Lapurdiko kostalde osoan barrena Landeseraino hedatzen dena. Izan ere, kontuan hartu behar da Baiona-Angelu-Miarritze hiri multzoak Lapurdiko kostaldeko biztanleen %70a hartzen duela, Lapurdi osoko %55a, eta Ipar Euskal Herriko biztanleria osoaren %45a.
Azpisistema horren barruan, aipagarria da Gipuzkoako kasua, Donostialdea buru duten tamaina txikiko eta erdiko biztanleria gune sakabanatuetan antolatua. Gipuzkoa, beraz, Lapurdiko kostaldeak duen kontzentrazio handiko ingurunearen eta Bilboren arteko lotunea da.

 

2) Lurralde barneko azpisistema:

Araba, Nafarroa Garaia, Nafarroa Behera eta Zuberoa dira lurralde barneko azpisistema osatzen duten lurralde historikoak.
Kostaldeko azpisisteman ez bezala, azpisistema honetan kontzentrazio handiko ingurune bakarra dago, Gasteiz hain zuzen ere. Nafarroa Garaiak, Iruñea izaten ari den biztanle, funtzio eta zerbitzu hazkundea eta kontzentrazioa gorabehera, badu, Gipuzkoak duen bezala, erdiko tamainako zentroez osaturiko hiri sare bat, egoera hori oreka dezakeena, baldin eta lurraldearen ordenamendurako politika arrazionala bultzatzen bada.
Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Lapurdiko barnealdean bezala, biztanleria gune gehien-gehienak herri txiki sakabanatuak dira. Herri horietako biztanle kopurua gainbehera ari da, eta jendea kostaldeko eskualdeetara edo Frantziako Estatuko beste leku batzuetara joaten.
Bi azpisistema horien antolatzeko era aintzat harturik, hainbat ardatz dagoela esan daiteke; biztanleria gune bakoitza dagokion hierarkia mailarekin lotzen dute ardatz horietan zehar egiten diren lekualdatzeek, eta hiri sareak eta hirialdeak eratzen dituzte.
Lehen-lehenik, luzetara antolaturiko ardatz bat dugu: Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldea-Lapurdiko barnealdea- Nafarroa Beherea-Zuberoa.
Beste ardatz batzuk ere izango ditugu gerora, hala nola Araba-Nafarroa Garaia; Nafarroa Garaia-Nafarroa Beherea-Lapurdi-Zuberoa, eta auzo lurraldeekin -Landes, Biarno, Errioxa, Kantabria, Burgos- antola daitezkeenak.
Hiri sistema hori, beraz, dinamikoa da, etengabe aldatzen ari dena, eta harremanak, lekualdatzeak, elkarrekiko mendekotasuna eta abar bultzatzen ari dena.

 

Hiri banaketa lurraldez lurralde

Gipuzkoan Donostia eta Donostiako periferia daude hiri hierarkiaren goreneko mailan. Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriek osatzen dute Donostiako periferia.
Hiri sistemaren mailakako hurrenkera horretako hurrengo mailan hiri ezaugarriak dituzten beste biztanleria gune batzuk daude, nekazari herriekin eta gune mistoekin nahastuta, Gipuzkoako ibai ibarretan eta kostaldean zehar.
Gipuzkoako hiri sistemaren hiri banaketa orekan dagoela esan daiteke. Ez da ahaztu behar tamaina txikiko probintzia dela Gipuzkoa, goi-behe handiko erliebea duela, eta ondorioz, eraikitzeko lur egoki gutxi izatea duela arazo handienetako bat. Nazioarteko ereduaren arabera —malda handiko lurrak baztertzen dituela kontuan harturik- lurralde osoaren hemezortzirena baino ez da erabilgarri.
Eragozpen horiez gainera, bada kontuan hartu behar den beste bat; hirigune gehienek barne antolaketa irregularra dute, are anarkikoa ere, espekulazioa zabalduta eta legea bete gabe eraiki baitira hiriak, plangintzarik egin gabe. Horren ondorioz, etxe pila handiak eraiki dira, eta baita etxebitzitzak eta lantegiak elkarren ondoan jaso ere, bien kalterako.
Gipuzkoako hiri antolaketak beste ezaugarri batzuk ere baditu: mikrokomunitateak -Azpeitia-Azkoitia; Andoain-Billabona; Zumarraga-Urretxu; Arrasate-Aretxabaleta; Beasain-Ordizia-Lazkao-Olaberria; Irun- Hondarribia- eta konurbazio linealak -Deba, Oria eta Urola ibaien ibarretan zehar ondoz ondo dauden herriek osatuak—.
Bizkaian bi alde nagusi bereiz daitezke: Bilboaldea eta ibarrak.
Ferrer geografoa da Bilboaldea gehien aztertu duena. Arestian aipatu dugun bezala, banaketa hau egiten du berak: Bilboko hirigunea, hirigunearen ondokoa, eta hiriguneaz kanpokoa.
Ibarrei dagokienez, banaketa hau egin daiteke: Enkartazioak (Balmaseda, Aranguren, Sodupe, Zalla...), Kostaldea (Gernika, Markina eta Mungia), Nerbioi Garaiko Ibarrak (Urduña eta Otxandio), Nerbioiren eta Ibaizabalen Erdiko Ibarrak (Durango, Lemoa, Elorrio eta Amorebieta).
Dentsitate txikiko inguruneak dira horiek, era askotako jarduerak dituztenak. Aukera ezin hobea eskaintzen dute Bilboaldeko pilaketa arintzeko, baldin eta orain arte baino arreta gehiago ematen bazaie eta lurra erabiltzeko eta okupatzeko plangintza egoki bat prestatzen bada betiere.
Araban hiru alde bereiz daitezke: Nerbioi Garaiko Ibarra, Gasteizko ingurunea eta bigarren mailan dauden biztanleria guneak eta ardatzak.
Nerbioi Garaiko Ibarrak bi hiri nagusi ditu: Laudio eta Amurrio. Barruti horrek Bilboaldearen bultzada jasotzen du, eta Bilbo zabaltzeari zor dio izan duen hazkundea. Hiri horiek bigarren eta hirugarren tokiak hartzen dituzte gaur egun Arabako demografia eskalan.
Gasteizko barrutiaren garapena I957an hasi zen, Deba inguruko industria hedatzean, eta Gipuzkoatik eta Bizkaitik kapitala sartzean. Hazi, baina, Lautadaren bizkar hazi da. Gasteizek halako efektu zurrupatzailea eta hondatzailea izan baitu Lautadan, baina baita probintziako beste eskualdeetan ere, eta hara bildu da probintzia osoko biztanleriaren %75,6a.
Bigarren mailako gune eta ardatzen garapena 1968-1970 urteez geroztik hasi zen, Gasteizko Foru Aldundiaren laguntzaz industrialdeak antolatu zituztenean, bai Gasteizko inguruneko pilaketa arintzeko, bai Arabako lurraldearen ordenamendu egokiagoa lortzeko.
Halako hazkundea izan zuten herrien artean hauek aipa daitezke: Oion, Agurain Araia-Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Oka- Iruña eta Zanbrana. Hiri eta industria pilaketa arintzeko politika horri eutsi beharko litzaioke aurrerantzean ere.
Nafarroan ere bi barruti nagusi bereiz daitezke: batetik Iruñea eta bere metropolia (Atarrabia, Uharte, Egues, Burlata, Antsoain, Zizur, Galar, Elortz, Aranguren, Oltza eta abar), eta, bestetik, maila desberdinetan banatuta dauden beste biztanleria guneak, Nafarroako hainbat eskualdetan banatuak (Mendialdeko Ipar Isuriko Ibarrak, Mendialdeko Hego Isuriko Ibarrak, Iruñerria, Aoiz-Irunberriko Arroa, Nafarroako Erdiko Mendebalea, Nafarroako Erdiko Ekialdea, Lizarraldea eta Tuterako Erribera).
Hiri sarearen antolaketari dagokionez, eta A. Precedoren arabera, bakarrik Tuterako Erriberak, Nafarroako Erdiko Ekialdeak, Nafarroako Erdiko Mendebaleak eta Mendialdeak dituzte barruti funtzionalak antolatzeko moduko hiri ezaugarriak. Aditu horrek berak dioenez, Nafarroako hiri sareak hierarkia maila egokia du, baina Iruñea eta Iruñeko metropoliko kontzentrazioa eragozteko neurriak hartu beharko lirateke, eta erdiko tamainako biztanleria guneen garapena bultzatu: Tafalla, Lizarra, Tutera, Bera, Lodosa, Marcilla, Doneztebe, Altsasu- Olatz-Urdiain, Etxarri-Aranatz, Atallu- Betelu, Zangoza eta Elizondo.
Ipar Euskal Herrian, beste sailkatze modu batzuk alde batera utzita (ekonomia eskualdeak, departamentuak, kantonamenduak,barrutiak, hiriguneak...), bi alderdi nagusi bereiz daitezke: Lapurdiko kostaldea eta barnealdea.
Lapurdiko kostaldean Baiona nabarmentzen da, kostaldean ondorio onuragarriak eta lurralde barnean, berriz, kaltegarriak dituela. Hiri kate eta konurbazio bat eratzen du Miarritze eta Angelurekin. Kateak Lapurdiko kostaldean zehar jarraitzen du, hegoaldera Gipuzkoaraino eta iparraldera Landesetaraino.
Lapurdiko kostaldean hiri multzo hauek bereiz daitezke: Baiona-Angelu-Miarritze, Donibane Lohizune-Ziburu, Hendaia- Behobia eta Bidarte-Getaria. Biztanle kontzentrazio handia dago, eta bigarren eta hirugarren sektoreetako jarduerak ere pilatuta daude, desoreka handiak sortuz toki batetik bestera.
Lurralde barneko aldeak Uztaritze, Ezpeleta eta Hazparneko kantonamenduek osatzen duten «postpais» delakoan du hasiera. Kantonamendu horietako lurraldearen parte batek harreman zuzena du Lapurdiko kostaldearekin, eta gainerakoa barnealdeko barrutiari dagokio. Bidaxuneko kantonamendua ere, Agramont familiaren egoitza izan zena, barnealdeari dagokio; kantonamendu horretako udalerriak Lapurdin eta Nafarroa Beherean daude banatuta.Lapurdi barneko lurraldea muinoz osatua dago. Lurralde hori Nafarroa Behereko iparraldera hedatzen da Bastida, Iholdi eta Donapaleuko kantonamenduetan zehar, eta Zuberoako iparraldera Maule-Lextarreko kantonamendutik zehar.
Muinoz osaturiko lurralde horretaz gainera bada beste ingurune bat, menditsua, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hegoaldeko lurrei dagokiena, eta kantonamendu hauek hartzen dituena: Nafarroa Behereko Baigorri, Donibane Garazi eta Atharratze, eta Zuberoako Sorholüze.
Oro har, lurralde barneko barrutiko herri guztietan biztanleria gainbehera ari da, eta laguntza handia beharko dute gaur egun dagoen desoreka desegin nahi bada.
Barneko lurralde horretako hiri hierarkian hauek dira biztanleria gune nagusiak: Lapurdin Hazparne, Kanbo, Uztaritze eta Ezpeleta; Nafarroa Beherean Donapaleu, Baigorri, Donibane Garazi eta Bidaxune; eta Zuberoan Maule-Lextarre. Horietatik guztietatik Hazparne, Maule eta Donapaleu dira industria gune nagusiak, Lapurdiko kostaldeko industria zentroetatik alde handira baina.

 

Hiri nagusien azterketa

 

Bilboko metropolia

Arestian aipatu dugun bezala Bilbo eta Bilboko metropolia dira Euskal Herriko Hiri Sistemaren buru. Bilboko metropolian parte hauek bereiz daitezke:
- C. B. D. (Central Bussines District) edo Negozioetarako Barruti Zentrala, Gran Vía eta inguruko kaleak hartzen dituena.
- C. B. D. delakoren barruti osagarria, Parte Zaharra eta hiriburuko lehenengo bi zabaluneak hartzen dituena.
- Hirigunearen inguruko Trantsizio barrutia: Olabeaga, Basurto, Errekaldeberri, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Iralaberri, San Adrian, La Peña, Ollargan, San Inazio, Bolueta, Deustua eta Begoña.
- Hirigunearen inguruko Kanpoaldea: Ibaiadarraren Ezkerraldea (Zornotzatik Santurtzira), Erandio, Abraren Eskuinaldea (Leioa, Getxo, Neguri, Areatza eta abar), Etxebarri, Basauri, Galdakao eta Arrigorriaga.
- Asimilazio barrutia, eraldatze prozesuan dagoena: Sopela, Plentzia, Cuenca Minera, Asuako Harana, Kadagua (Alonsotegitik Zallaraino), Ibaizabalen ibarra (Galdakaotik Zorrotzaraino).
Eskema horren arabera C. B. D. delakoa Bilboko negozio zentro bihurtu da. Baina jarduera horri inguruko kaleetako (Hurtado de Amezaga, Ertzilla...) merkataritza eta zerbitzu jarduerak gehitu behar zaizkio. Negozio zentro hori da hain zuzen ere Bilbo Handiaren bihotza, komunikabide lotunea, zerbitzuak biltzen dituen gunea, eta 30.000 bat pertsonaren lanlekua.
Bizitegi auzoak metropoliaren ardatzean zehar daude sakabanatuta. Ibaiadarraren ezkerraldeko udalerriek -industria astunari lotuak— biztanle dentsitate izugarri handia dute; Sestaok eta Portugaletek (10.000 biztanle/km 2 ), adibidez, argi eta garbi erakusten dute udalerri horiek gonburu egin dutela biztanlez. Bilboren hazkundea, berriz, gelditu egin dela dirudi, eta horrek ibaiadarraren eskuinaldearen hazkundea eragin dezake, industria guneen pilaketak lantegien kokaleku berriak bilatzera bultzatu duen bezala. Durango eta Durangoko eskualdea da kokaleku berri horietako bat; Ibaizabal ibaiaren ertzean egonda, Bilbo Handiaren pilaketa arintzeko bidea ematen dute.

 

Donostiako metropolia

Donostiako hirian barruti hauek bereiz daitezke:
- Hiriko erdialdea: C. B. D. delakoa eta barruti osagarriak osatzen dutena.
- Hiriaz kanpoko aldea edo periferia: Metropoliaren inguruko korridorea eta hiriaren inguruko korridoreak.
Hiriko erdialdeak halako batasun bat du, baina zerbitzuak, funtzio zentralak, ekipamenduak eta biztanleria direla eta, zenbait barruti bereiz daitezke.
C. B. D. (Negozioetarako Barruti Zentrala) delakoak Askatasunaren Hiribidea du ardatz, eta Boulevard eta San Martin kaleen arteko barrutia hartzen du.
C. B. D. barrutiaren ingurukoari barruti osagarri deritza. Hainbat zerbitzu eta funtzio eskaintzen ditu, eta auzo hauez osatua dago: Parte Zaharra, Amara, Aiete-Miraconcha, Gros eta Antigua. Ingurune heterogeneoa da, izaera ugarietako atalez osatua eta hiriaz kanpoko inguruneari lotua.
Hiriaz kanpoko barruti hori konplexutasun handiko ingurunea da. Bi korridore nagusi bereizten dira bertan, Metropoliaren ingurukoa, eta Hiriaren ingurukoa, Gipuzkoako hiriburua erdigunetzat duen hazkunde motari dagokion bezala. Metropoliaren inguruko korridoreak CN-I errepidea du ardatz eta Ulia, Bidebieta, Herrera eta Altzako auzoak hartzen ditu, eta Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalerriak. Hiriaren inguruko korridorearen hego-ekialdeko adarrak Urumea ibaiaren ibarrean barrena egiten du, eta Loiola, Martutene eta Ergobiako auzoak hartzen ditu, eta Astigarraga, Hernani eta Urnietako udalerriak. Hiriaren inguruko korridorearen hego-ekialdeko mendebaleko adarrak Añorgako errekastoa, Zubietako landa eta Oria ibaiaren ibarrean barrena sartzen da, eta Donostiako auzo batzuk (Antiguaren alde txiki bat, Ibaeta, Igara, Afiorga-Errekalde eta Zubieta) eta Usurbil eta Lasarte-Oriako udalerriak hartzen ditu.
Metropoliaren hazkunde demografikoa nabarmenagoa izan da kanpoaldeko auzoetan. Horren ondorioz, Donostiak eta Donostialdeko udalerriek ia bat egin dute.
Funtzioei eta zerbitzuei dagokienez, desoreka handia dago gaur egun hiriaren erdialdearen eta hiriaz kanpoko ingurunea osatzen duten auzoen eta biztanleria guneen artean. Hiriburuak administrazio, politika, kultur eta, besteak beste, merkataritza alorretako funtzioak betetzen ditu, eta hiriaz kanpoko biztanleria guneek, berriz, industri, merkataritza eta lotegi funtzioak eskualdean diharduen langileriarentzat. Hiriaz kanpoko inguruneak gabezia handiak ditu zerbitzuetan, eta daudentxoek ez dituzte biztanleria gune horien beharrizanak asetzen. Gabezia horiek askoz nabarmenagoak dira kanpoaldeko auzoetan eta zabaldu berri diren beste ingurune batzuetan, nahasmahasean eta, askotan, legea bete gabe eraiki baitira.

 

Gasteizko metropolia

Gasteizen, azken urteetako zabaltzea dela eta, hiriaren erdialdeaz kanpoko eremuak hartu eta industrialde handiak antolatu baitira, hiriburua erdigunetzat duen egituraketa zentrokidea eratu da.
Antonio Zaratek zatiketa hau egin du Gasteizko hiri antolaketa aztertzean:
- Hiriaren erdialdea, Parte Zaharrak eta XDC. mendeko zabaluneak osatua (C. B. D.).
- Trantsizio barrutia. Hiriaren erdialdearen inguruko barrutia da, Parte Zaharraren, C. B. D. barrutiaren eta 1950. urteaz gero kanpoaldean eraikitako bizitegi auzoen artekoa hartzen dituena.
- Kanpoaldeko bizitegi barrutia. Trantsizio barrutiaren ingurukoa da, azken urteetako hazkunde demografikoa dela eta bizitegi gehienak eraiki diren barrutia hain zuzen.
- Industrialdeak. Hiriaren ingurabideaz bestaldera.
Gasteizko Parte Zaharra degradazio materialeko hirialdea zen 1975. urte aldera, Estatu Batuetako soziologoen hitzetan esateko: trantsizio pasiboko aldea. Bakarrik Parte Zaharraren ipar-ekialdean eta ekialdean ari ziren berrikuntzak egiten (etxebizitza berriak), eta horrek biztanleria gaztetzea ekarri zuen.
XIX mendeko zabalunea hiriko C. B. D. zen, administrazio, merkataritza eta finantza jarduera gehienak bilduta zeuden tokia. Lurraren merkatu balio handia zela eta, bizitegi funtzioa ordezkatu zuten beste batzuk nagusitu ziren, C. B. D. barrutiari hobeto egokitzen zitzaizkionak.
Trantsizio barrutian lurraren erabilerak eta biztanleriaren demografia ezaugarriak askotarikoak dira. Azken urteetan hiriaren erdialdearen mendebalera eta ekialdera zabaldu da C. B. D. barrutiaren jarduera. Trantsizio aldeari dagokion gainerako partea muga zehatzeko hirialdeez osatua zegoen. Hiriaren erdialdearen ipar-mendebalean langileentzako bizitegi bat sortu zen 50eko hamarkadaren bukaeran, erdigunetzat Coronaci6n auzoa zuena. Trantsizio barrutiari zegokion, orobat, Judizmendiko lorategi hiria; burdinbidearen hegoaldera lurrak askotariko erabilerak zituen.
Hiriaz kanpoko bizitegien barrutia trantsiziogunearen inguruan eraiki zen, azken urteetako demografia hazkunde handiak hartaratua. Jende gaztea bizi zen, etorkinak gehienak, ondoko industrialdeetako langileak. Hiriaz kanpoko bizitegi horiez gainera erabilera bereziko beste batzuk eraiki ziren, hala nola gizarte segurantzaren egoitza, zahar etxea eta abar.
Hiriko ingurabideak mugatzen du industria gunea. Badira han zenbait herri, hiriaren berrikuntza prozesuak eraldatu eta nekazari herrien ezaugarriak guztiz galdu dituztenak: Arriaga, Betoño eta abar. Industria guneen ondoko beste herriek ere sakoneko aldaketak izan dituzte.

 

Iruñeko metropolia

XX. mendearen lehenengo erdian Nafarroak oso hazkunde motela izan bazuen ere, behin Iruñeko harresiak botata hiriburuko biztanle kopurua handituz eta handituz joan zen. Etorkin gehienak hiriburuak erakarrita Nafarroako herrietatik aldegindako jendea zen. Biztanle hazkundea askoz nabarmenagoa izan zen 60eko hamarkadatik aurrera, industrializazio prozesua zela eta. Nafarroari dagokionez Iruñearen inguruan gauzatu zen prozesu hori, hiriaren kanpoaldean, halako metropoli bat sortuz, probintziaren hiri sistemaren oreka arrisku bizian jarri zuena.
Iruñeko metropoliaren barruan barruti hauek bereiz daitezke:
- Hiriaren erdialdea: Parte Zaharra eta Zabalunea hartzen ditu, eta bizitegi eta zerbitzu funtzioak betetzen batez ere. Parte Zaharra Iruñea Zaharraren irudi zehatza da, eta bizitegi funtzioa betetzen du batez ere, merkataritza jarduera urritzen ari baita bertan.
- Hiriaren hegoaldeak garrantzi handiko zerbitzuak ditu: Unibertsitatea eta Erietxeak.
- Erdialdearen eta kanpoaldeko auzoen arteko muga egiten Arga ibaia dago. Hiriaz kanpoko auzo horietan bizitegiez gainera industrialdeak ere badira. Bizitzeko etxeez osaturiko barruti bat Txantreako auzoa da. Industriak Landabenen ezarri ziren, Arga ibaia eta burdinbidearen eta Uharteren artean. Errotxapean, berriz, lurrak erabilera mistoa izan du.
Hiriburuan bertan elkartzen diren garraiobide ardatzen bitartez inguruko probintzietako hiriburuekin lotua dago hirialde hori, eta probintzietako hiriburuekin ez ezik baita gaur egun industria eta bizitegi funtzioak dituzten herriska edo auzo zaharrekin ere; hauek izugarri handitu dira azken urteetan, hiriburuaren gertutasunak eta industriak lagunduta.

 

Baionako metropolia

Baiona Handian eta Baiona Ttipian dago hiriaren erdialdea dei genezakeena, bertan baitaude merkataritza eta zerbitzu jarduerak, ez bakarrik hiriarenak, baita ondoko herrienak ere. Barruti hau Alles Marines aldera hedatzen da.
St. Esprit auzoak bilakabide berezia du, baina, aldi berean, lotua dago hiriaren erdialdeari. Bertan zenbait barruti bereiz daiteke, eraikuntzen morfologiaren arabera: dendak eta saltokiak, bizitetxeak, biltegiak eta lantegiak. Aturri ibaiaren ertzean portuko jarduerari dagozkion lanbideak dira nagusi.
Baiona Berriak eta Laxepailletak erdiko eta goiko mailako klaseko auzo bat eratzen dute, dendak, tailer txikiak, erietxeak eta zerbitzu publikoak dituena.
Allees Marines-en portuko jarduerari lotutako lanbideak dira nagusi: tailerrak, biltegiak, ajentziak, bulegoak, etxebizitza batzuk eta suprefetura.
St. Leon eta Marracq auzoak Baionaren hegoaldeko zabaluneak dira, Errobi ibaiaren ertzean. Batez ere erdiko mailako klaseko jendea bizi da, eta etxebizitzak, enpresak, ikastegiak, komentuak, erietxeak... daude.
Beyris eta Mousserolles auzoek funtzio nabarmena betetzen dute, bizitegiarena. Erdi eta behe mailako klaseko langileen bizileku dira. St. Bernard, St. Frederic eta St. Etienne ere bizitegi auzoak dira. Azkeneko hori da berriena, ekipamendu kolektiboak ditu, eta arkitektura eta urbanizazio molde modernoak; erdi eta behe mailako klaseko jende multzo heterogeneoa bizi da han.
Funtzioari, morfologiari eta tipologiari dagokienez, Aturri eta Errobi ibaiek, harresiek, berdeguneek eta plazek hiri egitura etena eman diote Baionari.
Baiona Handia eta Baiona Txikia barrutiei dagokionez, iparraldeak merkataritza eta negozio jarduerak ditu, eta hegoaldeak, berriz, bizitegi funtzioa betetzen du gehienbat.
Kontuan hartu behar da, bestalde, Baionaren hazkundea dela eta aldiriak sortu direla inguruetan, Hiriburu, Mugerre, Bokale eta, besteak beste, Angelu barne.
Baionak, Miarritze eta Angelurekin batera, B. A. M. deituriko hiri barrutia eratzen du, eta Lapurdiko kostaldeko konurbazioaren buru da. Hiri multzo edo konurbazio horrek, Gipuzkoako kostaldekoarekin lotzen dena, biztanle kontzentrazio handia du, arestian esan dugun bezala.

 

Donibane Garazi eta Maule

Atal honetan sartzen baditugu ez da hiri sarean garrantzi handiko guneak direlako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiriburu direlako baizik.

 

Donibane Garazi

Hiri txikia da (1.270 biztanle). Nekazaritza eta abere hazkuntza ditu jarduera nagusiak, eta elementu bereizgarri gisa lau errepide ditu, Maulerekin, Kanbo eta Baionarekin, Baigorrirekin, eta Luzaide eta Iruñearekin lotzen dutenak.
Errepideak Merkatu plazan elkartzen dira, Floquet plazaren ondoan, eta hiru barrutitan zatizen dute hiria: iparraldekoa, hegoaldekoa eta mendebalekoa.

 

Maule

Zuberoako hiriburua da. Gaur egun industria jarduera apala du. Antolaketa erregularra du Maulek, eta hiriko sarrera-irteerako errepideek —Sauvaterrerekin, Oloroe eta Nabarrenkoxerekin, Donibane Garazirekin eta Atharratze-Sorholüzerekin lotzen dutenak— lau barrutitan banatzen dute.
Zapatagintza da industria jarduera nagusia eta eragina du inguruko herrietan.

 

Euskadiko Autonomia Erkidegoko lurraldearen ordenamendurako gidalerroak eta barruti funtzionalak

Euskal Herriko hiri sistemak bideak ireki behar ditu hornidura, zerbitzuak eta berrikuntzak biztanle guztiengana irits daitezen.
Bestalde, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Hiri Sistemak badu berezitasun bat, hiri nagusietako hiru elkarretatik hurbil izatea. Hiri horiek, gainera, Euskal Herri osoaren buru egiten dute nolabait.
Bilboko metropoliak, Donostiak eta Gasteizek, duten funtzioaren araberako tamaina baitute, eta leku estrategikoan kokatuak egonik gainera, garrantzi handiko zeregina betetzen dute, zeinek bere Lurralde Historikoaren egituraketan.
Euskal Herriko hiriburuen makrozefalia mailaren azterketa eginez gero, bada nabarmentzen den gertaera aipagarri bat, nola baita Nerbioi Ibaiadarraren inguruko biztanle pilaketa, mendearen hasieraz gero pixkana handituz joan dena; gaur egun milioi inguru pertsona bizi dira barruti horretan.
Gipuzkoan, aldiz, Donostiako Hiri Barrutiko makrozefalia maila ez da oso handia, eta ez dirudi handitzera egingo duenik, alderantziz baizik. Akzen finean, Donostiako Hiri Barrutia erdiko tamainako eta ongi banatutako hiriez osatua dago.
Bilboko eta Donostiako kasuak muturrekotzat jotzen baldin baditugu, Gasteizko makrozefalia maila horien bitartekoa zen 1900ean. Harrezkero handituz joan da eta handitzen ari da gaur egun ere. Ondorioak: desoreka handiko lurraldea da Araba. Gasteizek biztanleria kontzentrazio izugarri handia du, eta hura izan ezik, hiri handirik ez da Araban. Horrek inguruko herrien biztanleriaren gainbehera dakar.
Azken bost urteetako joerak erakusten duenez, Bilboko metropoliaren makrozefalia maila handitu egin da; Gasteizkoa, aldiz, txikitu. Donostiakoa ez da aldatu, ez baita ez handitu ez txikitu.
Euskal Herriko hiriburuek Hiri Sistema Nukleoanitza eratzen dute, eta Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroen bidez horixe bultzatu nahi da: azpiegituren bidez lotura sendoagoak egin eta Europako hiri sisteman eta Euskal Herriko erdiko tamainako hirienean gehiago integratu.
Euskal Herriko Hiri Sistema Nukleoanitzak helburu hauek ditu hiriburu bakoitzean:
- Bilboko metropoliak goreneko maila du Kantauri aldeko hiri banaketan. Azterketa guztien arabera, galtzen ari da, neurri batean, garai bateko erdikoikeria. Euskal ekonomia indartzeko indartu egin behar da Bilboko metropolia eta gehiago integratu inguruko hiri nagusietan. Bilbo indartzeko proposatzen diren puntuen artean hauek dira nagusiak
- Oinarrizko azpiegitura hobetzea, gune eta ardatz nagusietara lotzeko bidea emango duena.
- Bilboko kokagunea hobetzeko neurriak hartzea.
- Hiri eta ingurugiro kalitatea hobetzeko programa bideratzea. Hiriaren eraldaketa bideratu behar da, birmoldaketa ekonomikoaren arabera, eta, bestalde, Ibaiadarraren ingurua pixkanaka berritu.
- Gasteiz: industriaren alde egin du. Bi gauza aipagarri: produkzioaren espezializazioa eta industria jardueretarako lurra aukeran izatea. Gasteizen integrazioa laguntzeko «Y» burdinbidea -Abiadura Handiko Trena- proposatzen da.
- Donostia: Donostiako barruti funtzional osoa metropolizazio prozesu baten barruan dago. Donostiak duen erronka hau da: industria alorreko produkzio jardueren garapena eta goi mailako hirugarren sektorean duen funtzioa -aisia, denbora pasa, kultura, eta kalitateko turismoari lotutako beste jarduera batzuk- bateratzea.

 

Lurraldearen barruti funtzionalak

Lurraldearen barruti funtzionalak eta horietako bakoitzari dagokion hiri burua dira lurraldeko oreka estrategiko posibleak Euskadiko Autonomia Erkidegoan aplikatzeko «giltzarriak».
Euskadiko Autonomia Erkidegoari dagozkion Lurraldearen Barruti Funtzionalak mugatzeko hauek dira Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroek kontuan hartu dituzten helburuak eta irizpideak:
- Lurraldearen Barruti Funtzionalen muga horiek proposatzen den lurralde eredua aplikatzeak dakartzan betebeharrei egokitzea.
- Lurraldearen garapen orekatua bideratzea, bai Euskadiko Autonomia Erkidego osoan bai barruti bakoitzaren barne egituraketan.
- Autonomia Erkidegoaren eta udalerrien arteko lurralde marko bat antolatzea.
- Proposamen horrek kontuan hartzen ditu gainera, bai inguruneari dagozkion ezaugarriak, bai biztanleen jokabideari eta jarduerari dagozkion jarraibideak eta bai biztanle horien herritasun sentimendua ere.

 

Euskadiko Autonomia Erkidegoak inguruko herriekin duen harremana

Euskal Herriak ahalegin berezia egin behar du kanpora zabaltzeko, auzo lurraldeekin hartu-emanak izateko eta ekonomia loturak bilatzeko.

 

Nazioarteko muga

Harreman ekonomiko, sozial eta kultural handia dago, batez ere Donostiako Barruti Funtzionalaren eta Akitaniaren artean. Ahalegin guztiak egin behar dira Donostia- Baiona korridorea indartu eta dinamizatzeko, ekonomia jardueraren ardatz izan dadin, hirugarren sektorerako gehienbat.

 

Irun eta Donostiaren eragina Nafarroan

Irunek eskualde buru izaten jarraitu behar du Nafarroako iparraldeko udalerrientzat, eta Donostiak handitu egin dezake Nafarroan duen eragina.

 

Logroñoren eragina Arabako Errioxan

Begien bistan da Logroñok, bere funtzioa dela eta, eragin handia duela Arabako Errioxa osoan, Biasterik ez baitu duen tamainarako berez legokiokeen funtzioa betetzen, eta gaur egun ez dago bere mendeko barruti funtzionalaren buru izateko inondik ere prestatua.

 

Miranda de Ebroren eragina Gasteizko Barruti Funtzionalean

Gasteizek bere barruti funtzionalean duen makrozefalia kontuan hartuz, esan liteke Miranda de Ebrok garrantzi handiko zeregina duela egoera hori orekatzeko. Hori lortzeko Lantaron, Erribera Beitia, Aramiñon, Beranturi eta Zanbranako udalerrien garapena bultzatu behar da, eta, hala, Mirandaren eta Arabaren arteko harremanak sendotu.

 

Bilboko metropoliaren eragina Kantabrian

Bilboko metropoliak dituen funtzioak eta hirien mailakako hurrenkeran duen garrantziak eragin handia dute Kantabriako lurraldearen hiri sisteman.

 

Enklabeen arazoa

Turtzioz-Billaberde eta, batez ere, Trebiñoko edo Udako konderria garrantzi handiko enklabeak dira. Beharrezkoak diren akordio politikoak lortu behar dira arazo horri konponbidea emateko eta lurralde horiek beren ingurunean integratzeko.

 

Azpiegiturak: Garraio sistema

Euskal Herriko garraio sistema hiri sistema osatzen duten biztanleria guneen barneko eta kanpoko loturak hobetzeko diseinatu da.
Indarrean diren planak eta proiektuak ontzat hartu, eta era askotako ekintza osagarriak proposatzen dira Euskal Herriko hiri sistema Europan integratzeko.
Honezkero bideratzen ari diren plangintzez eta proiektuez gainera, beste ekimen batzuk ere proposatu dira, aurrekoen osagarri, Euskal Herriko hiri sistema Europan integratzeko.
Euskal Herriko hiru hiriburuak elkar lotzea, erdiko tamainako biztanleria guneak hiri sarean kateatzea, barruti funtzionalak lurraldeka egituratzea eta halako oreka bat lortzea dira helburu nagusiak.
Baina helburu nagusia Euskal Herriko hiri sistema bere ingurune hurbileko eta Europako ekonomi eskualde inportanteenekin lotzea da: Burgos eta Madrilekin, Kantauriko kostaldearekin, Ebro ibaiaren ardatzarekin -Logroñotik eta Iruñetik-, Bordele eta Parisekin -Donostia-Baiona korridoretik-.
Euskal Hiriburuen Sistema Nukleoanitzaren eta Abiadura Handiko Trenaren arteko lotura.
Hiri handienetan Edukiera Handiko garraio publikoa erabiltzeko aukera proposatzen da. Adibidez, Bilboko metroa.
Portuetako azpiegitura zabaltzea (Bilboko portua), Atlantiko aldeko goren mailako portua izateko.

 

Ekipamendu sistema

Ekipamenduak eskualdeka banatzeko diseinuak erdiko tamainako hiri sarea indartzea du helburu, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiri nagusietatik aldenduta dauden biztanleei zerbitzuak eskaintzeko estrategia gisa.

 

Barruti funtzionalen helburua

- Barruti funtzionalek «barruti ahulen» antolamendua eta zuzperraldia ahalbidetu behar dute, oinarrizko hornidura eta jarduera erdialdeetara hurbilduz.
- Gaur egun jendez gainezka dauden eta ingurunea hondatua duten hirialdeak birgaitzea.
- Barrutiak mugatzeko irizpidea Autonomia Erkidegoaren eta udalerrien arteko lurralde marko bat eratzea izan da.
- Barrutiak mugatzeko, gainera, kontuan hartu dira ingurune fisikoaren baldintzatzaileak, hau da, eskualdeei nolabaiteko homogeneotasun geografikoa ematen dieten ezaugarriak. Biztanleen jokabideari eta jarduerari dagozkien jarraibideak -eskualdeen arteko harremanak zehazten baitituzte- eta herritartasun sentimendua faktore erabakigarriak dira. Barruti horiek ez dute zertan administrazio barrutien berdinak izan, Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroek ezarritako helburuen arabera antolatu behar baitira.
— Barruti funtzional bakoitzarentzat Lurralde Plan Partzialak prestatuko dira, Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroetan zehaztutakoa garatzeko.

 

Barruti funtzionalak

 

Arrasate-Bergara

Eskualdea: Deba Garaia.
— Barruti funtzional honetako herriburuak Arrasate eta Bergara dira. Garrantzizko beste biztanleria gune batzuk: Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatza.
— Biztanle dentsitate txikia du.
— Demografia bilakabidea: atzerapena.
— Bigarren etxebizitzaren fenomenoak ez du garrantzi handirik barruti honetako udalerrieran.
— Eskualde hau Euskadiko Autonomia Erkidegoko garraiobide ardatz nagusiekin lotzeko lanari ekin diote: Gasteiz-Donostia autobidea Arrasatetik eta Bergaratik igaroaraziz, eta Durango-Bergara-Beasain ardatza alderik alde igaroaraziz, Durangaldea, Deba, Urola, Oria eta Goierri ibarrak elkarri lotzeko.
— Eskualde honentzat garrantzi handikoa da Abiadura Handiko Trenak geltokia izatea bertan. Izan ere, biztanle bolumen handiko eskualdea baita hau, eta, gainera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Hiriburuen Sare Nukleoanitzen sistematik aldenduen dagoen tokietako bat.
— Aisiarako guneak: Urkiola, Urrunaga, eta Aizkorriko mendilerroa.

 

Balmaseda-Zalla

- Eskualdea: Enkartazioak.
— Ez dago Ingurune Natural Babestuak eratzeko proposamenik, baina Interes Natural Bereziko Ingurune bat badu: Ranero-Betaio.
— Enkartazioak bakarturik daude, handik kilometro gutxira dagoen Bilboko metropoliko berrikuntzetatik aldenduta. Azpiegitura eta hornidura urriak dituzte, eta biztanleria ere gutxitzen ari da.
— Balmaseda da eskualde honetako hirialde nagusia. Biztanle dentsitatea: 70,6 km 2 (1986).
1981-1986 bitartean hazkunde tasa negatiboa izan du. Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroek bigarren etxebizitzaren fenomenoa sustatzea proposatzen dute Karrantza, Lanestosa, Artzentales eta Turtziozko udalerrietan.
Produkzio egiturari dagokionez, enplegu gehienak zerbitzuetan eta industrian daude; lehenengo sektoreko jarduerek ere garrantzi handia dute.Langabezia tasa handia da eta errenta maila oso apala.

 

Beasain-Zumarragako barruti funtzionala

- Eskualdea: Goierri.
- Ingurune Natural Babestuak: Aizkorri- Aloña-Leintz eta Aralar.
- Biztanle dentsitate handi samarra: 192,3 km 2.
- Demografia bilakabidea: atzerapena.
- Eskualdeko hirialde nagusiak: Beasain, Ordizia, Lazkao, Zumarraga, Urretxu eta Legazpi. Zumarraga da eskualde burua.
- Barruti funtzional honek badu nolabaiteko dinamismoa.

 

Biasteri

— Eskualdea: Arabako Errioxa.
— Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen eraginpeko eremuaz kanpo dago, Logroñoren eraginpeko eremuan. Eskualdeak ez du herribururik.
— Garrantzizko biztanleria guneak: Oion, Biasteri.
— Euskadiko Autonomia Erkidegoko barruti funtzionalen artean hau da biztanle dentsitate txikiena duena. Biztanleriaren herrikako banaketa Autonomia Erkidegoko homogeneoena eta sakabanatuena da.
— Demografia bilakabidea: atzerapena.
— Bigarren etxebizitza asko.
— Euskadiko Autonomia Erkidegoko barruti funtzionalen artean, Biasterin du nekazaritzak garrantzirik handiena.
- Laguardiara bildu nahi da barruti funtzional honetako jarduera, errepide sarea eta ekipamendu sistema hobetuz.
- Ingurune Natural Babestua: Kantabria- Toloño.
- Erabat Babestutako Inguruneak: Biasteriko aintzirak, El Pinar de Dueñas eta Conchas de Haro.
- Kontserbazio Aktiboko Ingurunea, interes berezia duena: Esperal.

 

Durango:

- Eskualdea: Durangaldea (Ermua eta Mailabia izan ezik).
- Ingurune Natural Babestua: Urkiola.
- Barruti funtzional honen hirialde nagusia Durango-Abadiño da. Garrantzizko beste biztanleria guneak: Amorebieta-Etxano, Elorrio, Zaldibar eta Berriz.
- Biztanleriaren bilakabidea: hazkunde nabarmena.
- Dentsitatea: 247,8 biztanle/km 2.- Biztanleria orekaz banatua dago herrika.
- Bigarren etxebizitzaren fenomenoak ez du garrantzi berezirik ezein udalerritan.
- Produkzio egitura: industria da jarduera nagusia (biztanleen %60a). Beraz, industria krisiak erasan duen barruti funtzionaletako bat da.
- Barruti funtzional honen ekonomiak hazteko duen eragozpen nagusia industria espezialitate jakin bati lotua egotea da, metalaren eraldatze industriari hain zuzen ere.
- Garraiobide ardatzak: Euskadiko Autonomia Erkidegoko garraiobide ardatz nagusietako bat igarotzen da bertatik, A-8 autobideak eta N-634 errepideak eratzen dutena. Garraiobide ardatz honek Gipuzkoako ibar garrantzitsuenekin (Urola, Oria, Deba) lotzen du Durangaldea. Euskal lurraldearen integraziorako elementu nagusietako bat da hori.

 

Eibar:

- Eskualdea: Deba Beherea (Ermua eta Mallabia barne).
- Eskualdeko hirialde nagusia Eibar- Ermua da. Garrantzizko beste biztanleria gune batzuk: Elgoibar, Deba, Soraluze, Mutriku.
- Eibar-Ermua eta Elgoibar dira enplegu eta zerbitzu gehienak dituztenak. Olgetari lotutako jarduerak kostaldean daude. Bazter hauetako jende askok bigarren etxebizitza du kostaldean.
- Biztanle dentsitatea: 382,8 biztanle/km 2. Biztanle kontzentrazio handi samarreko lekua da beraz.
- Barruti funtzional honen ekonomia industriari lotua dago erabat (biztanleen %60,6a), eta industria krisiak eragin handia izan du beraz.
- Barruti funtzional honen sarrera-irteerek N-634 errepidea eta A-8 autobidea dute ardatz. Maltzagaren eta Gasteizen artean autobidea egitekoak dira.

 

Gernika-Markina:

- Eskualdeak: Gernika-Bermeo eta Markina-Ondarroa (Mungiako barruti funtzionalaren barne dauden Arrieta eta Fruiz izan ezik).
- Barruti funtzional honen hirialde nagusia Gernika-Lumo da. Garrantzizko beste biztanleria gune batzuk: Ondarroa, Lekeitio, Bermeo eta Markina.
- Demografia bilakabidea: atzerapena. Biztanle dentsitate txikia.
- Turismoa indartzea eta, kostaldean, bigarren etxebizitza sustatzea dira helburu nagusietako batzuk.
- Euskal Herriko lurraldea egituratzen duten garraiobide ardatzekiko lotura txarra izatea du arazo larrienetako bat.
- Ingurune Natural Babestua: Urdaibai.
- Erabat Babestutako Ingurunea: Gaztelugatxe eta Matxitxako arteko labarra.
- Kontserbazio Aktiboko Ingurunea: Ogoño eta Lagako hondartza.

 

Igorre:

- Eskualdea: Arratia-Nerbioi (salbu eta: Otxandio, Ubidea, Orozko, Arakaldo,Zeberio, Arrankudiaga eta Ugao-Miraballes).
- Biztanleriaren bilakabidea: ez aurrera ez atzera, egonkorra.
- Eskualde txikia da, biztanle dentsitate txikikoa; Bilboko metropolitik hurbil dago.
- Bigarren etxebizitzarik ez.
- Industria du produkzio jarduera nagusia. Zerbitzuek ere garrantzi handia dute, Bilbo ingurutik hurbil egoteagatik. Eskualde honen hazkundea Bilboko metropoliaren bilakabidearen araberakoa izango da, Bilboren mende baitago neurri handi batean Igorre.
- Ingurune Natural Babestuak: Urkiola, eta Gorbeiako ingurune naturalaren parte bat.
- Barruti funtzional hau hiri sarean integratu nahi bada, eskualdeko herri burua inguruko garraiobide ardatz nagusiekin (Bilbo-Donostia eta Gasteiz-Donostia) lotu beharko da.

 

Laudio:

- Eskualdea: Arabako Kantabria (Orozko barne).
- Administrazioari dagokionez gehien gehiena Arabaren barruan egonagatik, dituen funtzioak direla eta, oso lotua dago Bizkaiari.
- Barruti funtzional honen herriburua Laudio da. Garrantzizko beste biztanleria guneak: Amurrio.
- Barruti funtzional honen biztanleria kontzentrazioa neurriz gaindikoa da.
- Industria du produkzio jarduera nagusia (biztanleen %58,4a). Hirugarren sektoreak ere badu nolabaiteko garrantzia. Eskualde honek Euskal Herriko langabezia tasa handienetakoa du.
- Demografia bilakabidea: ez aurrera ez atzera, egonkorra.
- Ingurune Natural Babestua: Gorbeia.
- Interes Natural Bereziko Inguruneak: Salbada-Ayala mendilerroa eta Gibijo mendilerroa.
- Erabat Babestutako Inguruneak: Fraile mendiko eta Salbada mendilerroko labarrak
- Kontserbazio Aktiboko Ingurunea: Laudioko artadiak.

 

Mungia:

- Eskualdea: Uribe-Kosta (Arrieta eta Fruiz barne). Plentzia, Lemoiz, Barrika, Gorliz, Sopela eta Urduliz barruti funtzionalaz kanpo daude, Bilboren eraginpean.
- Mungia da barruti honetako herriburua. Bere neurriari legokiokeena baino zeregin apalagoa izatea da eskualde horren arazo nagusia; Bilbo oso gertu izateagatik da hori horrela.
- Demografia bilakabidea: dinamikoa. Bilbotik joandako jendea hartzen du.
- Kostaldea Bakioko udalerriak eta labarrizko ingurune batek osatzen dute. Ingurune turistikoa.
- Produkzio jarduera nagusiak zerbitzuak eta industria dira, baina lehen sektoreko jarduerek ere garrantzi handia dute.
- Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroetan barruti funtzional hau erabiltzea proposatzen da Bilboko pilaketa arintzeko.
- Erabat Babestutako Inguruneak: Armintzaren eta Bakioren arteko labarrak.

 

Tolosa:

- Eskualdea: Tolosaldea.
— Barruti funtzional honetako herriburua Tolosa-Ibarra da. Garrantzizko hiria: Billabona.
— Bigarren etxebizitzaren fenomenoak ez du aparteko garrantzirik.
— Ekonomia jarduera nagusiak: industria (%49,9a) eta lehen sektoreko langintzak.
— Biztanle kontzentrazio handia.
— Demografia bilakabidea: atzerapena.
— Lurralde plangintzaren helburua: barruti funtzional honen ekonomia gainbehera geldiaraztea.
— Ingurune Natural Babestuak: Aralar, Pagoeta-Ernio-Andatza.
— Interes Natural Bereziko Ingurunea: Murumendi.

 

Zarautz-Azpeitia:

— Eskualdea: Urola-Kostaldea.
— Azpeitia eta Zarautz dira barruti funtzional honen herriburuak. Garrantzizko biztanleria guneak: Zestoa, Azkoitia, Zumaia eta Orio.
— Biztanle dentsitatea: Euskal Herriko batez besteko dentsitate bera. Jende pilaketa handirik ez dago, baina toki batzuetan biztanle kontzentraziorako joera nabari da.
— Biztanleriaren bilakabidea: Euskadiko Autonomia Erkidegoko barruti funtzional dinamikoena.
— Jende askok bigarren etxebizitza du kostaldean. Hauxe da Euskal Herri osoko turismo jarduera handieneko eskualdea, Donostiarekin batera.
— Industria du produkzio jarduera nagusia. Hirugarren sektorea behar bezala garatu gabe dago.
- Ingurune Natural Babestuak: Pagoeta- Ernio-Andatza.- Interes Natural Bereziko Inguruneak: Izarraitz eta Murumendiko parte bat.
- Erabat Babestutako Inguruneak: Santiagoko hondartzako hareatzak eta padurak, Atxurriko lurmuturreko kostaldea eta Murumendiko labarrak.
- Kontserbazio Aktiboko Inguruneak: Orioko ibaiadarreko padurak.

 

Bilbo

- Eskualdea: Bilbo Handia esan ohi zaiona hartzen du, baina beste udalerri batzuk gehitu zaizkio, metropoliaren erekarmen indar handiak polarizatuta dauzkanak: Uribe Kostako mendebalekoak (Plentzia, Lemoiz, Barrika, Gorliz, Sopela eta Urduliz) eta hegoaldeko mugakoak (Zeberio, Ugao- Miraballes eta Arrankudiaga).
Barruti funtzional honek Bilboko hirialdea osatzen duten udalerriak hartzen ditu. Administrazio barrutien beste banaketa batzuen aldean, zertxobait handitu da barruti hau, Bilboko metropoliaren arazoak tratatzeko ingurune egokiena osatzeraino. Horrela, Uribe Kosta sartu da, Getxo alderako joera duena, eta urteak daramatzana Bilboren eraginez sortutako urbanizazio prozesuak jasanez.
Ugao-Miraballes ere barruti horretan sartu da, Basauri eta Arrigorriagarekiko duen mendekotasun funtzionalaren eraginez.
Bilborekin muga egiten duten hiru barruti funtzionalak (Balmaseda-Zalla, Mungia eta Igorre) Metropoliaren eragin gogorraren pean daude. Bestalde, Bilboko hirialdearen ertzean dauden udalerrien metropolizazio prozesua dela eta, hainbat tentsiogune sortu da mugetan. Hala, Okondo, Arrankudiaga, Arakaldo eta Orozkoko udalerriak bi eragingune desberdinen pean daude, Bilborenaren pean alde batetik eta Laudiorenaren pean bestetik. Gauza bera gertatzen zaie Amorebieta-Etxanori, Bediari eta Lemoari.
- Nerbioi ibaiadarraren inguran biztanle asko pilatu da pixkanaka, eta hala, Bilboko Metropolia Espaniako Iparraldeko hiri aglomerazio handiena da gaur egun. Bizkaiko gainerako lurraldean erdiko tamainako hiriak daude (Durango, Gernika, Bermoa), bigarren mailako zeregina betetzen dutenak, eta Bizkaiko lurralde ereduaren desoreka aldatzeko ahalmenik gabeak.
- Lurralde honek Euskadi osoko biztanleriaren %44a hartzen du gaur egun, eta Autonomia Erkidegoaren batez bestekoa baino 6 aldiz dentsitate handiago du.
Udalerrien hazkunde demografikoa aztertuz gero, gorabehera handiak ikusten dira udalerri batzuetatik besteetara. Bilbo, Basauri eta ezkerraldeko udalerriek biztanleak galtzen ari dira, eta, aitzitik, hego-ekialdekoek (Arrigorriaga, Zaratamo, Galdakao) eta Lezama, Zamudio, Erandio eta Leioak irabazten. Getxo-Lemoiz kostaldearen bizitasuna da, beharbada, gauzarik azpimarragarriena.
- Produkzio jarduera nagusia: zerbitzuak (%55,4a).
- Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroetan iragartzen diren proposamen nagusiak:
* Bilboko metropoliaren erdian dauden industriak lekuz aldatzea, Kadagua eta Txorierriko korridoreetara, Laudioko barruti funtzionalera eta Igorre ingurura. Nolanahi ere, pilaketa arintzeko ardatz nagusia Miranda-Gasteiz korridorea izango da. Aisiarako eremuak: Unbe Mendia, Gorlizko hondartza, Plentzia, Getxo eta Sopelako hondartzak, La Arboleda, Ganguren- Artxanda mendilerroa, Areatzako hondartza eta Ereagako hondartza.
* Industria Paisajea hobetzea helburu duten programak bideratzea ezkerraldeko industria guneetan eta Nerbioi eta Ibaizabal ibarrek bat egiten duten industrialdeetan.
* Abiadura Handirako Trenarentzat iragartzen den ibilbidearen arabera, beste euskal hiriburuekin lotuko du trenak Bilboko metropolia.
* Bilboko Portua handitzea.
* Sondikako Aireportuaren instalazioak handitzea eta hobetzea.
* Sondikatik gertu, Asuako ibarrean, ekonomia jarduera berezitarako leku bat erabiltzea (Zamudioko Teknologia parkea, Enpresa Parke Berriak, Negozio zentroak...).
* Hiri ezaugarrien araberako bizitegiak eraikitzea kostari buruz paralelo den lerro batean zehar (Gerxo, Sopela, Barrika, Plentzia eta Gorliz).

 

Donostia

- Eskualdea: Donostialdea, Bidasoa Beherea, eta Andoain.
Garrantzizko beste hirigune batzuk: Irun- Hondarribia, Hernani, Lasarte-Oria, Oiartzun, Andoain, Usurbil eta Urnieta. Irun- Hondarribia eta Hernaniko industrialdea azpibarruti funtzional izendatuta daude.
Donostiako barruti funtzionala da biztanle dentsitaterik handiena duena, Bilboko metropoliaren ondoren. Biztanle dentsitate handia izan arren, biztanleriaren banaketa askoz orekatuagoa du Donostiak Bilbok baino.
* Turismoa: Donostia eta Zarautz dira aipagarrienak. Hondarribia eta Donostia goi mailako hirugarren sektorean espezializatu dira.
* Ekonomiari dagokionez, Donostiak bere lurraldearen mugak gainditzen dituen zenbait eginkizun ditu.
* Produkzio jarduera nagusiak: zerbitzuak (%59,7), industria (%33) eta eraikuntza (%5,9).
* Lurraldearen Ordenamendurako Gidalerroetan egiten diren proposamen nagusiak: Gipuzkoak ez du izan Bizkaiak bezain desoreka handirik lurraldearen antolamenduan. Beraz, arazoa gaur egun ez da lurralde antolamenduaren eredua aldatzea, hiri barrutiak eta baliabide naturalak lehengoratzea baizik.
* Donostiako barruri funtzional osoa metropolizatze prozesu baten barruan dago. Pasaia, Donostia, Errenteria eta Lezok hiri eta industria segida bat osatzen dutenez, berrikuntzak egin behar dira (Hiri industria lekuz aldatu).

 

Gasteiz

Eskualdea: Arabako Lautada, Arabako Haranak, Gorbea ingurua.
Gasteizko makrozefalia dela eta, hau da desoreka handiena duen barrutia. Gasteizko hirigunearen tamaina funtzionala 259,7 da. Gasteizez gainera ez da barruti zabal horren barruan eragina izan dezakeen beste hirigunerik, Agurain salbu. Araba banatua dagoen sei administrazio eskualdeetatik Arabako Errioxa eta Kantaurialdea dira Gasteizko barruti funtzionaletik kanpo dauden bakarrak.
- Bigarren etxebizitzaren fenomenoa udalerri horietako biztanleen jarrera jakin bati dagokio. Izan ere, bizi, Gasteizen bizi badira ere, ez baitira jatorrizko herrietatik erabat bereizi.
- Produkzio jarduera nagusiak: zerbitzuak (%46,6), industria (%42,8), eraikuntza (%6,1) eta nekazaritza (%4,5).
- Industria ekintzetarako barrutiak eraikitzea proposatzen da: Gasteizko udalerrian eta Nazional I errepidearen ardatzean (korridore bat Miranda de Ebro aldera), eta beste bat Aguraingo udalerrian.

 

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko barruti funtzionalak

 

Nafarroako barruti funtzionalak

Nafarroan Iruñerriko barruti zabala nabarmentzen da bereziki. Barruti horrek oso eremu zabala menderatzen du: Zangoza eta Tafalla aldea, Agoitz eta Irunberri aldea, ipar-ekialdeko eta Pirinioetako ibarrak (Erronkari, Izaba, Otsagabia, Auritz), eta Nafarroako Erdiko iparraldea (Izarbeibar eta Orba gehiena). Sakana bereizita dago, Altsasuko barruti funtzionalaren eragin gero eta handiagoa dela eta, Lizarra, Tutera eta Tafalla bezala. Zangozako eskualdea Zangoza eta Valdibar aldera mugatzen da, eta Tafallakoa Hegoaldetik eta Mendebaletik zabaltzen da (Aragoiko Bailara eta Mendigorria, Larraga, Berbinzana, Falces eta Peralta). Hego-mendebaleko muturra Lizarraldearen eraginaren eremutik kanpo geratzen da, Logroñoko barruti funtzionalak harrapatzen duelako. Argi utzi behar da Nafarroa osoan duela eragina Iruñeak, baina hiriburutik aldendutako lekuetan, auzo herriekin edo beste hiri txikiago batzuekin partekatzen du eragina: iparraldean, adibidez, Donostia, Irun eta Tolosarekin; Burundan eta Lizarraldearen Mendebalean Gasteizekin; hego-ekialdean Logroñorekin eta Calahorrarekin; eta hegoalde-hegoaldean Zaragozarekin. Ondasunetan eta eguneroko zerbitzuetan bakarrik kentzen diote Iruñeari lehentasuna eskualde buruek eta mailaz beherago baina eskaria dagoen lekutik hurbilago dauden beste zentro batzuek.

 

Ipar Euskal Herriko barruti funtzionalak

Ipar Euskal Herriko barruti funtzionalen eskema oso sinplea da. Bidasoa eta Aturri artean, kostaldean, konurbazio handi bat dago, Baiona, Miarritze eta Angeluk osatua, eta Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lurralde historikoak barne hartzen dituen barruti funtzionalaren erdigunea dena (bai biztanleriari dagokionez bai ekonomiari dagokionez). Zuberoak, berriz, Oloroe-Paue aldera egiten du.

 

Euskal Herriko hiri sistema Europako hiri sisteman integratzea

Euskal Herriko hiri sistemak garratzi handiko zeregina bete dezake Europako hiri sistemaren barruan, iparralde-hegoalde eta ekialdea-mendebale arteko lotune gisa. Euskal Herriko Hiriburuen Sistema Nukleonanitzak eta Bilboko Metropoliak —honek batez ere, inguruko lurraldeetan ez baitago maila horretako hiririk- goi mailako funtzioak indartzeko bokazioa azaltzen dute.
Euskal Herria Atlantikoko arkuaren barruan dago. Garrantzi handiko faktore batzuk direla eta, Euskal Herria garrantzi handiko lotunea izan daiteke Atlantikoko arkuaren eta Europako beste lurralde dinamikoagoen artean (Europako Dortsala eta Hegoaldeko Iparraldea).
Atlantiko arkuak hartzen dituen Iberiako Penintsulako beste lurralde batzuen aldean (Kantaurialdea, Galizia eta Portugal) Europaren erdialderago dago Euskal Herria, «Goi Teknologiaren Orbita» esaten zaionetik hurbilago. Beraz, aukera handiagoak ditu Europako Erkidegoko erdialdeko lurraldeetan integratzeko.
Gainera, Euskal Herria gehien hazten ari diren Europako lurraldeetatik hurbilen dagoen eskualdeetako bat da, Atlantiko aldeko eskualdeei dagokienez.Lehen aipatu dugun Iparralde-Hegoalde korridore horren eta garrantzi handiko beste bi korridore hauen arteko elkargunean dago orobat:
- a) Ebro ibaiaren ardatza (Euskal Herria, Logroño, Zaragoza, Bartzelona), Euskal Herria Europako «Hegoaldearen Iparraldea» esaten zaion eskualdean gehiago integratzea ahalbidetuko duena.
- b) Kantauriko kostaldea, korridore gisa sendotuz gero Euskal Herria Europako beste eskualde batzuetan integratzea ahalbidetuko lukeena.
Bilboko Metropoliaren inguruan, nahiko gertu, maila handiko hiriak daude, eta gehiago integratzeko aukera dutenak (Bilboko Metropolia, Donostiako Hirialdea, Gasteiz, Santander, Iruñea, Logroño).
Oro har, helmen handiagoko eskualdeen erdiguneko lotunea izatera irits daitezke Euskal Herria.
Helburu horretara iristeko, eta Euskal Herria Atlantikoko arkuaren eta Europako eskualde dinamikoenen arteko lotunea izatera iristeko, maila handiagoko ekimenak bultzatu behar dira. Euskal Herriko Hiriburuen Sare Nukleoanitza gehiago integratu behar da, eta azpiegitura lan handiak egin, besteak beste:
- a) Euskal Herriko Hiriburuen Sare Nukleoanitza osatzen duten hirien arteko loturak (errepidea eta burdinbidea) hobetzeko lanak, integrazio handiagoa lortzeko asmoz.
- b) Euskadiko Autonomia Erkidegoaren hiri eta ingurugiro kalitatea hobetzeko lanak, lurraldeak erakarmen indar handiagoa izan dezan.
- c) Bilboko aireportua eta Euskal Herriko Aireportu Sistema sustatu, batez ere nazioarteko hegaldietan.
- d) Bilboko merkataritza portua sustatu eta sarrera-irteerak (errepidea eta burdinbidea) hobetu, hinterland-a handitzeko.
- e) Euskal Herriko Hiriburu Sistema Nukleoanitza eta Ebro ibaiaren ardatza lotu (errepidea) Iruñean eta Logroñon zehar.
- f) Madrilekiko eta Parisekiko loturak hobetu, Europako Iparralde-Hegoalde korridorean zehar.
- g) Kantauriko kostaldean korridore bat sortu, Atlantiko aldeko eskualde hori Europako gainerako hiri sisteman integratzea lortzeko.
- h) Mugaz gaindiko lankidetza sustatu, batez ere Hego Euskal Herriaren eta Akitaniaren artean.
- i) Euskal Herria Abiadura Handiko Trenaren burdinbide sarean sartu.
- j) Teknologia berriak garatu.