Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Kartografia historikoa

Hasieran mapak, testu den aldetik, oroitzapen funtzioa zuen; gero, erregulazio ahalmenaren zentzua hartu zuen, bai eta, azkenik, erreferentzia ahalmena ere, aginpide tresna edo lanabes gisa. Mapa, beraz, instrumentazio politikoaren eta estrategikoaren oinarrizko elementu bat da. Ez dago kartografia egokian oinarritu ez den inperio ekonomikorik, ez politikorik. Estatuetako zentralizazio eta bateratze prozesuak bere lurraldearen bertsio marraztuen hedapenaz lagundurik burutu dira; irudikapen horietan, estatuaren lurraldeak mugakide zirenetatik nabarmenkiro bereiziak agertzen ziren, era horretara mapak benetako sinbolo izaera hartzen zutela, ikurrinen, armarrien eta gainerakoen parean.

Jarduera militarrari dagokionez, esan beharrik ere ez dago mapak zer nolako garrantzia duen; are gehiago, kartografia historiko gehienak hartan du jatorria.

Horren adibide garbi bat Euskal Herrian berean aurki daiteke. Izan ere, XIX.. ende bitarteko mapak kostaldea eta errege bideak (garraio eta merkataritza premiak) deskribatzera mugatzen ziren. Gero, 1840tik aurrerakoan, eskala handiko plano eta mapa ugari agertu ziren, bai barnealdeko eta bai kostaldeko eskualdeak bai herriak jasotzen zituztenak, guzti-guztiak karlistaldiak sortu zuen kartografia premiak eragindakoak.Mapa baten osagaiak• Mapa moldatzeko erabilitako iturri edo iturriak.• Erabilitako proiekzio eta topografia teknikak.• Mapa moldatu duen tailerra eta mapa egiteko mandatua nondik datorren (halakorik balitz).• Zertan baliatzekoa den.Mapa historiko batetik atera daitekeen informazioa • Toponimia.

• Komunikabideak (postak, zubiak e.a. barne) • Historia militarra: gotorlekuak, obrak… • Mugen ezaugarriak eta haien bilakabidea.

• Fisiografia alderdiak: erliebea, lurzoruaren erabilerak, hidrografia, e.a.XI. mendeko mapa mundi honetan agertzen da lehenengo aldiz “Wasconia”. Stéphane Garsie, St.-Sever monasteriokoa (Parisko Bibliothèque Nationale).<br><br>
Gure eskerrona adierazi nahi diogu Jaime Rodríguez Salís jaunari, bere kartografia bilduma bikaina hemen agertzen uzteagatik.

Orobat luzatzen diegu gure eskerrona Euskaltzaindiko Azkue Liburutegiari eta Bilboko Euskal Museoari.

 

EGILEA:

Felix Ugarte Elorza Geografian doktorea, Aix-En-Provence-ko Marseille II unibertsitatearen aldetik.

Geografiako irakasle titularra Euskal Herriko Unibertsitatean. Hirurogeita hamar lan baino gehiago argitaratu zituen. 1991n hil zen. Atal hau moldatzeko autoreak argitaratu gabe zituen oharrak erabili dira.

 

Dokumentazio kartografikoko zentroak

Gure herrialdeko erakundeetako dokumentu altxorra urria da inondik ere, lekuan lekuko artxiboetako eskuizkribuak (Protokoloak, udalei buruzkoak, e.a.) salbuetsita beti ere.

Madrilgo Ejerzitoaren zerbitzu zentralak dira material kartografiko gehienen sortzaile. Parisko Bibliothèque Nationale liburutegia hurbiltzen da gehien aurrekoetara, eta seguruenik haien gainetik ere jar daiteke, Frantzia osoko mapak kontuan hartuz gero, zeren eta halakoetan Iparraldeko lurraldeei –Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa– dagozkien eremuak agertzen baitira. Nolanahi dela ere, kontuan hartu beharreko gauza da, espainiar estatuaren barneko Euskal Herria frantses estatuari dagokiona baino eremu handiagokoa eta sozio-ekonomiaren ikuspegitik garrantzitsuagoa dela.

Garrantziaren arabera, arestian aipatuez gainera, aipagarriak dira orobat Paueko Archives Départamentales des Pyrénées Atlantiques eta Nafarroako Artxibo Nagusia (Iruñea); dena den, Simancasko Archivo General (121 dokumentu) eta Valladolideko Archivo de la Real Chancillería ere ez dira gutxiestekoak. Gainerakoek ez dituzte dokumentu asko, salbu eta, beharbada, honako hauek: Baionako Bibliothèque Municipal, Madrilgo Biblioteca Nacional, Vincennesko Archive Historique de l’Armée de Terre, eta Gasteizko Udal Artxiboa, hirigintzako dokumentuei dagokienez.

 

Kartografia produkzioaren kronologia

Dokumentuen ugaritasunaren eta antzinatasunaren artean erlazio garbia dago; denboran aurrera egin ahala gero eta dokumentu gehiago dago: • %50 inguru XIX. mendeko produkzioa da.

• %33 inguru XVIII. mendekoak dira.

• XVIII. mendetik atzera egin ahala produkzioa askoz urriagoa da (XVII. mendea, %8; XVI. mendea, %3); XV. mendekoak eta aurrekoak gutxi-gutxi dira.

Izan ere, kontserbazio arazoak direla eta, dokumentu zahar asko galdu da.Ondoren aipatuko diren gertakarien eta kartografia produkzioaren gehikuntzaren arteko erlazioa garbia da: • Borbondarrak Hispaniako monarkian sartzea, eta frantses kartografoetara jotzea (De Fer adibidez). Izan ere, frantsesek lan ugari egin zuten Gipuzkoako kostaldearen eta mugaldearen inguruan: Hondarribia, Pasaia, Donostia.

• Espainiako kartografiaren hasiera, aldez edo moldez Estatuak bultzatu zuena: Tomás López (1802), Tofiño de San Miguel (1732-1795).

• Kartografia militarraren egintzak, bai Independentziako Gerran frantses gudarosteak egina (Vincennes-eko Achives Historiques de l’Armée de Terre horietan dauden bilduma bikainak ikusi besterik ez da), bai Espainiako gudaroste liberalak egindakoa, karlistaldien aurretik eta ondotik.

• Mugak zirela eta, Frantziako eta Espainiako koroen artean gertatu ziren auziek sortarazi zuen kartografia (XVIII eta XIX. mendeak).

• Kostaldeko eremuen erabilera ekonomikoa, batez ere ibai bokaleena. Baionaren kasuan, Aturri ibaiak kartografia ugari eman du XVI. mendetik aurrera; Bilboko itsas adarrari dagokiona, XIX. mendetik aurrerakoa (kanalizazioa) da batez ere aipagarria.

 

Dokumentuen jatorria

Egindako katalogoa kontsultaturik, eta erabatekoa ez dela kontuan harturik ere, hauteman daitekeenez Euskal Herrian bertako kartografia produkzioa ez zen XIX.. endera arte hasi, eta hori Diputazioarekin zerikusia zuten teknikoen inguruan gertatu zen. Nafarroan, Joseph de Horta “seme leial eta kuttuna” (XVIII. mendea) salbuespena izan zen: • Gipuzkoa: José Javier de Olazabal (1830). “Mapa de Guipúzcoa”.

• Bizkaia: Casimiro de Loyzaga (1832). “Mapa del M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya”.

Antonio de Goicoechea (1837). “Mapa de la Provincia de Vizcaya”.

Timoteo de Loyzaga (1846). “Mapa topográfico del M. N. y M. L.

Señorío de Vizcaya”.

• Araba: M. Saracíbar (1848). “Carta topográfica de la M. N. y M. L. Provincia de Alava”.• Nafarroa:Pedro de Ansoleaga y Aniceto Legarde (1874). “Carta general de las carreteras de Navarra”.Garbi dago, beraz, historian zehar ez zela bertako produkzioari ekiteko ahalmenik izan, eta Euskal Herriari buruzko kartografia, grabaketa eta inprimaketa kanpoko egileek eta tailerrek egin izan zutela.

Eskala txikiko mapek (erresuma historikoen, probintzien… irudikapena) argi eta garbi erakusten dute Europako kartografiaren bilakaera XVI. mendetik aurrera, hala sorkuntzan nola argitalpenetan.

Pirinio inguruko lurraldea (Euskal Herria, Akitania, Biarno), irudikatzen duten lehen kartografia lanak (XVI. eta XVII. mendekoak) ordurako ezagunak ziren Holandako autoreek eta tailerrek egin zituzten (Hondius); lurraldean politikaren eta geografiaren arabera banaturiko eskualdeak bereiz daitezke lan horietan.

XVII. mendearen bigarren erditik aurrera frantses mapagileak nagusitu ziren, salerosketara bideraturiko tailerrak zirela medio (Sansson, Jaillot, e.a.), edo ingénieurs du roi direlakoen eskutik. Nolanahi ere, gure kartografiak holandarren interesa erakarri zuen aurrerantzean ere; interes hori, baina, alor berezi batera zuzendu zen, itsas kartografiara (Bizkaiko Golkoa / Gaskoinia).

XVIII. mendean frantsesen nagusitasuna agerikoa da, dela autore komertzialen bidez –Nolin esaterako–, dela mugaldeko mapetan ingurumariak ere irudikatzen dituzten ingeniari militarren bidez. Holandarrek betiere itsas kartografian zuten jarria arreta. Bestalde, mendearen bigarren erdian, Madrilen egin eta argitaraturiko lehen mapak kaleratu ziren (Tomás López, Tofiño de San Miguel).

XIX. mendeak bi ezaugarri nagusi izan zituen: kartografia produkzioaren nazionalizazioa, eta zeregin horien ardura zuten erakunde ofizialen esku hartzea.Frantzian ere gauza bera gertatu zen, lehenago ordea, aurreko mendearen bigarren erdialdean.

Probintziak irudikatzen dituzten lehenengo mapak, bestalde, XVI. mendekoak dira, Holandako tailer klasikoetatik ekarritako materialez eginak (Ortelius, Hondius, Blaeu); ordukoak dira Nafarroa eta “Biscaye” (Gipuzkoa barne, eta, batzuetan, Araba ere bai) lurraldeak irudikatzen dituzten kartografiak. Holandarrek 1600- 1672 urteetan galdu zuten nagusitasuna, eta, noski, aldaketak izan ziren. Hala, bada, XVII. mendean frantses mapagileen lehenengo lanak ikusi ahal izan ziren (Sansson: Iparraldea eta Nafarroa), eta baita italiarrenak ere (Cantelli, Rossi: “Biscaye” eta Nafarroa).

XVII. mendearen bigarren erditik XVIII.aren amaierara frantsesen kartografia nagusitu zen: Nolin, Delisle, De Fer, Robert de Vaugondy, Bailleul, Rous. Hiru eragile nagusi izan zituen nagusitasun horrek: frantses kartografiak, bai kopuruaren bai teknikaren aldetik, zuen garrantzia; Borbondarrak Espainiara iristea; eta Pirinioetako mugan liskarrak hastea. Horren adibide gisa, aipagarria da Hondarribia, Pasaia eta Donostiari buruz De Fer-ek egin zuen obra ugaria (XVIII. mendeko lehen hamarraldietan), eta baita 1719. urte inguruko Hondarribiaz ugari diren lanak ere (Berwick-eko dukearen setioa).

Frantsesen aldi hartako nagusitasunak, baina, bazituen salbuespen gutxi batzuk: • Joseph de Horta, Madrilgo grabatzailea.

• Van der Aa, Leidengo argitaratzailea (dirudienez, klasikoek egindako kartografia saltzen zuen).• Antonio de Zatta, Veneziako argitaratzailea.

XVIII. mendearen bigarren erdialdean hasi zen –maiztasun handi samarrez eta lehenengo aldiz XVI. mendeaz gero– Espainiako erresuman bertan inprimatu eta sorturiko kartografia iristen: Tomás Lópezen (1731-1802) lana, alegia. D’Anvilleren ikasle izan zen López, Parisen, Madrilgo gobernuak hala eskaturik. Harrezkero, pixkana-pixkana, kartografia ekoizpena nazionalizatuz joan zen; nolanahi ere, Tomás Lópezek berak mugaldeko eskualdeetako kartografia ere egin zuen: Lapurdi, Nafarroa Beherea, eta abar.

Bidasoaz iparraldera kartografiak zientzia maila iritsi zuen, eta instituzio bihurtu zen, Cassini de Thury-ri esker (1748-1793). “Carte de France” deritzan mapa orokorra egiten hasi zen Cassini, 1/86.400 eskalan, orritan banatua, eta gaur egungo kartografiarenak ere badiren ezaugarriekin. Ipar Euskal Herriari 139. orria (Donibane Garazi) eta 140.a (Baiona) dagozkio.

XIX. mendeaz gero Europako kartografia banakatuz joan zen; hau da, erresuma edo estatu bakoitzak lan talde bereziak sortu zituen, mapak egin, grabatu, eta saltzeko (Ingeniari Militarren Taldeak, Dépôt de Guerre, Geografia Institutuak, eta abar). Espainian, adibidez, aipagarria da Tofiño de San Miguel, edo Coello, eta Frantzian, berriz, Dépôt de Guerre delakoa.

 

Kartografian jasotako eremuak

Kartografiaren ikuspegitik zer inguruk merezi izan duten arreta berezia erraz da antzematen. Antza denez, arreta hori ondoko hiru faktore hauen araberakoa da: • Garrantzi estrategikoa eta politiko-militarra. Estrategiaren aldetik garrantzia duten guneak irudikatzen dira: Espainiako eta Frantziako erresumen arteko muga –batez ere XVIII. mendetik aurrera–, inguruetako gotorlekuak –Hondarribia, Pasaia (portua), Iruñea, Donibane Garazikoak…–, eta abar.

Leku horien kartografia oso ugaria da, gainerako lekuetakoa baino askoz ugariagoa inondik ere. Frantziako erresumari dagokionez, XVII. mendeaz gero bazen elite mailako talde antolatu bat: les ingénieurs du roi (erregearen ingeniariak); talde horrek interes politiko-militar handia zuten lekuenkartografia egiten zuen, sekretuan eduki ohi zena, edo, gutxienez, zabaltzen ez zena (passé de loin ce que divulgaient les géographes).

Bidasoaz hegoaldera ez zen, dirudienez, horren interes handia; dokumentu gutxiago argitaratu eta inprimatu zen behintzat, kartografia bertan egiteko ahalbiderik ez zegoelako agian. XIX. mendean, berriz, kartografiaren egoera bestelakoa zen, eta Karlistaldiek eta Independentziako Gerrak hari buruzko interesa berriztatu zuten. Frantziako erakunde kartografiko militarrek moldaturiko dokumentu ugariek Euskal Herriko hainbat eskualdetatik pasa zirelako testigantza ematen dute (Archive Historique de l’Armée de Terre, Vincennes). Hala berean, Karlistaldiak zirela eta, garrantzizko mapa bilduma osatu zuten espainiar militarrek (ikus Servicio Histórico Militar-en eta Servicio Geográfico del Ejército-ren bildumak).

Gainera, lehenengo aldiz, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroaren barneko toki askotako mapak egin ziren, eskala eta dokumentu mota desberdinetan.

• Merkataritzaren eta garraiabideen garrantzia. Itsasaldeko zenbait leku eta portu irudikatzeko nahia merkataritzak eta garraiabideek duten garrantziari zor zitzaion. Leku horien artean hauek ziren aipagarrienak: Bilbo eta Bilboko itsasadarra, batez ere XVIII. mendearen bukaeratik aurrera; Baiona eta Aturri (aparteko bilduma diakroniko bikaina, XVI. mendetik aurrera); Pasaia, Donostia, Txingudiko badia eta Hondarribia. Bestalde, burdinolak, arma fabrikak… zeuden lekuak zehaztasunez adierazten ziren beti mapa horietan.

Garraiabideei doakienez, batez ere errege bide inguruko herriak, bidaiariek igaro behar izaten zituzten mendilepoak eta mendateak (San Adriango igarobidea adibidez), bentak, zubiak… adierazten ziren mapetan; horrelako informazioari lehentasuna ematen zitzaiola adierazten du inondik ere horrek. Hala, bada, mugaldeak eta igarobideak zehaztasunez adierazteari garrantzi handiagoa ematen zitzaionez, alderdi horiek irudikatzen dituzten mapa kopurua ere handiagoa da: ugariagoa da, beraz, Iparraldea, Gipuzkoa eta Nafarroako kartografia Bizkaia eta Arabakoa baino, atal honen amaieran ikus daitekeenez.

• Itsasaldeak barnealdeak baino garrantzi handiagoa. Hori ageriko gauza da garai bateko kartografoentzat (eta haien bezeroentzat). Batetik, estrategia kontuak eta merkataritza harremanak zirela eta, interes handiagoa zutelako inguru horiek, eta, bestetik, errege bideak eta joanetorri handikoak kenduta, lur barruko eskualde asko eta asko ezezagunak zirelako kartografiarentzat. XIX. mendea ondo aurreratu arte Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako lur barruko toki asko ez ziren mapetan azaldu.

 

Kartografiak aztertzen dituen gaiak KARTOGRAFIA PRODUKZIOA

Kartografia dokumentuetan aztertzen diren gaiak mapa eskalaren eta garaiaren arabera aldatu dira. XIX. mendetik aurrera kartografiak iritsi zuen teknika maila handiagoak gai ugaritasuna ahalbideratu zuen.

Eskala handiko planoetan gai ugari azaltzen dira, behar jakin batzuei erantzuteko eginak direlako. Gai horien berri jakiteko Pauen dagoen Archives Départamentales des Pyrénées Atlantiques artxiboko katalogoaren aurkibidera jo daiteke: geografia fisikoa, ekonomia, garraiabideak, instalazio hidraulikoak, nekazaritza, oihanak, ehiza eta arrantza, industria, artisautza, erakundeen historia, jabegoaren historia, Elizaren historia, arkitektura zibila, militarra eta erlijiosoa, portuak, herri osasuna, bizitza intelektual eta artistikoa, kartografia.

Aurkibide hori garrantzi handiko informazio iturria da benetan, eta interes handikoa historialarientzat, batez ere tokian tokiko azterlanei dagokienez, lehen mailako informazioa izanik aniztasun eta zehaztasun handikoa baita.

• Lurraldearen kokaera, eta non zer dagoen (fisiografia) zehazteko funtsezko informazioa eskaintzen duen kartografia alorrari oinarrizko kartografia deritza. Mapa historikoak, planoak baino eskala txikiagoan eginak, mota horretakoak ziren gehien-gehienak, baina egungo oinarrizko kartografiak dituenak ez bezalako ezaugarriak zituzten. XVI-XVII. mendeetan, eta XVIII.aren parte handian, honako informazio hau ematen zuten mapek: • Kokalekua; datu horretatik latitudea baino ez da gaur egun onargarri, longitudea zehaztasun handirik gabe kalkulatzen zen eta. Gauza bera esandaiteke lurraldearen mugaz eta itxuraz, ez ziren eta neurketa geodesikoetan oinarritzen.

• Fisiografiako datuak: hidrografia eta topografia, zehaztasun gutxikoak.

• Politika alorreko datuak: eremua merindadetan edo probintziatan zatitu, hiriak, herri handiak, errepideak adierazi, eta ezer gutxi gehiago.Frantses kartografiari dagokionez, Cassini de Thury (1748-1793) hartu ohi da oinarrizko kartografia modernoaren aitzindaritzat. Espainian, berriz, geroago heldu zen kartografia mota horren aurrerabidea, Coello (1820-1898) eta erakunde militarren lanekin.

Cassinik “Carte de France” egiteko proposamena aurkeztu zion Luis XV.aren gobernuari. Hona hemen mapa orokor horren ezaugarriak: kartografia geodesikoa; zeharkako proiekzio zilindrikoa, Parisko meridianoaren araberakoa; 1:86.400 eskala (lerro bat 100 toesa bakoitzeko –Frantziako antzinako neurria, 1,949 m-ren baliokide dena–); erliebea hachures eta cavalière-z baliatuz irudikatzea.

Frantzia osoa hartzen duten 182 orrietan honako elementu hauek irudikatzen dira: ibaiak, basoak eta bestelako landaredi multzoak, lehen mailako bide sarea, hiriguneak –hierarkia mailaren arabera–, toponimia nagusia eta toponimia txikia.

• Oinarrizko kartografian oinarriturik eskuarki, interes bereziko gai bati buruzko informazioa irudikatzen duen kartografia alorrari gaiaren araberako kartografia esaten zaio. Historian zehar gehien erabili diren gaiak honako hauek dira: kartografia militarra, itsas kartografia, ibaien eta portuen kartografia, hiri kartografia, ibilbide mapak.

• Kartografia militarra da ugariena, aldi eta alde guztietan: kostaldeko eta lur barneko gotorlekuen krokisak, mapak eta planoak, itsasoratzeko lekuak, ibilbide mapak eta abar.

• Mota horretako adibideak dira frantses gudarosteak Espainia bere mendean eduki bitartean egin zituenak; horien jatorrizkoak Vincennesko Archives de l’Armée de Terre delakoan daude; hala berean, gisa horretakoak dira Espainiako gudaroste liberalak karlistaldietan, borroken aurretik eta horien ondoren egin zituenak (Servicio Geográfico del Ejército, Servicio Histórico Militar). Bilduma horietako dokumentuen izenburuak adierazgarriak dira oso: Elgetako gudua; Urnietako borroka; Santa Barbara mendia bere gotorlekuarekin; Gudalekuaren krokisa; Bilbotik Portugaleterako krokisa; Iparreko Gudarostearen borrokaldien gudutokia… Zenbaitetan, berez xede politiko-militarra zuten dokumentu batzuek –hala nola De Fer-ek, Frantziako erregearen aginduz, Hondarribia, Pasaia eta Donostiari buruz egindako kartografia (1719)–, irudiaren kalitatea (eskala handia) eta irudikatze mota (perspektibako ikuspegia) direla eta, balio handikoak dira fisiografiarentzat, oinarrizko informazio elementuak direlako. Dokumentu horiek guztiz interesgarriak dira Laugarren aroari dagozkion gaietan (geomorfologia, botanika, e.a.) aditua den jendearentzat; izan ere, estuarioek, padurek eta abarrek oraintsu arte izan duten bilakabideari buruzko informazioa lor baitaiteke, eta hartara fisiografiaren azken urteetako bilakabidea interpretatzeko aukera ematen baitute.

• XVI-XVIII. mende bitarteko itsas kartografia gehien-gehiena holandarrek eta ingelesek egina da. XVIII. mendearen bukaeran Tofiño de San Miguelek Espainiako iparraldeko itsasaldeari buruzko lanak argitaratu zituen.

Holandarrek tradizio luzea dute gisako dokumentutan, eta langintza horretan bereziki trebatu ziren tailerrak zituzten, hala nola Van Keulen familiarena (XVII- XVIII. m.). Ospe handikoak dira Espainiako kostaldeko itsas gidak: Lucas Jansz Waghenaen-en “Spieghel der Zeevaerdt” (1584); Jac. Aerts Colom-en “Veurige Colom” (1632-1633); Joh. van Keulen-en “De Keulen nieuwe groote lichtende Zeefachel” (1687-1758). Ingelesei dagokienez, “The English Pilot” argitalpenak oso ezagunak dira.Kartografia mota horrek ezaugarri jakin batzuk zituen, helburu nagusi bat zuelako: itsasketari eta lehorreratzeari laguntzea.

• Ibaien eta portuen kartografiari doakionez, Euskal Herrian mota horretako bi adibide guztiz garbiak daude. Bata Aturri ibaiaren bokaleari dagokio, eta Baionako portua eta itsasorako irteera ditu xedetzat. Eskualde hori irudikatzen duten mapa eta plano asko dago (XVI-XIX. m.), eta horrek garbi erakusten du itsasorako irteera horrek Baionaren ekonomiarentzat zuen garrantzia. Bestalde, kezka hori bestelako ikerketa mota baterako interesgarri den prozesu baten adierazgarri da; ibai bokalearen sedimentazio prozesuaz ari gara, itsasoratzean ibaiaren ibilguak izan ditzakeen aldaketekin zerikusia duena. Prozesu horren azterketa balio handikoa da geomorfologia ikerketentzat; beraz, Aturri ibaiaren kartografia bilduma oso baliagarria gerta daiteke.

Bestea, Bilboko itsasadarrari dagokio. Kartografiaren hasierako mendeetan (XVI-XVIII. m.) itsasadarri buruzko dokumentu gutxi dago, baina XIX. mendean askoz ugariago dira. Ugaritasun hori itsasadar osoak (Bilbotik Abraraino) garai hartan izan zituen aldaketa handien adierazgarri da: kanalizazioa; sedimentazioa eragozteko lanak; lurzoruaren beste erabilera batzuk, guztiz diferenteak. Dokumentu horiek ere aparteko interesa dute fisiografiari buruzko lanetan: ikus, adibiderako, Churrucaren (1871) eta Sir John Coude-ren (1873) dokumentuak.

• Hiri kartografiak arreta berezia merezi du batez ere Braun-ek eta Hogenberg-ek “Civitatis Orbis Terrarum” (1574) argitaratu zutenetik; bilduma horretan San Sebastián (herri xehearentzat Donostien zena) eta Bilbo sartu zituzten. Lehentxeago beste bilduma bat agertua zen Italian, “Racolto de la piu illustre e famose citta di tutto il mondo” (1572), Francisco Valerok Donostiaz egindako planoa zekarrena.

Geroagoko beste zenbait bildumatan, hala nola “Les délices de l’Espagne” izenburupean Leidenen argitaratu zen batean (1715), Donostia eta Bilbo agertzen dira. Gauza bitxia da Gasteiz eta Iruñea –kostaldetik urrun samar– ez azaltzea, ez batean ez bestean.

Izan ere, kostaldeko eta muga inguruko hiriak bilduma askotan agertzen baitira, baina Gasteiz, aldiz, oso gutxitan: Iruñeko plano gehienak arrazoi estrategiko-militarrek bultzatuta egin ziren; 1719ko krisian De Fer-ek eta Bailleul-ek egindakoak ere badira.

Bilbon ere arrazoi militarrengatik egin ziren planoak XIX. mendean (Karlistaldiak), baina, oro har, eragin handiagoa izan zuen ekonomiak (itsasadarra eta portua). Donostia eta Baiona hirikoak, berriz, arrazoi estrategikoak eta komertzialak, biek bultzatuta egin ziren.

Gainerako hiriguneetako dokumentu kopurua urriagoa da (Pasaia, Hondarribia, Tutera, Donibane Garazi, Donibane Lohizune…).“Fontarabie”, Nicolas de Fer mapagileak XVIII.. endearen hasieran egina. Eskala handian militarrentzat egindako kartografiaren erakusgarri da. (Argazkia: J. G. Bilduma: J. R.<br><br>S.).<br><br>

 

KARTOGRAFIA PRODUKZIOA

Mendeak: XVI XVII XVIII XIX GuztiraBaiona: 5 32 98 20 = 156Donostia: 9 14 83 145 = 261Iruñea: 7 4 153 74 = 260Bilbo: 5 4 12 63 = 89