Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Baserria Errejimen Zaharrean

Etxalar aldea (Nafarroa), bere baserri zaharrekin, airetik ikusita.<br><br>

L. Febvre frantziar historialariak zioen, herriek iragana moldatu, goretsi edo beldurraren begiekin ikusteko izan ohi dutela joera. Agian, gizakiak berak edo gizarteak, oro har, bere izana osatzeko erabiltzen duen mekanismo bakar eta bereko hiru osagaiak dira, gaur garena iraganean izan ginena garela sinestaraztera garamatzan ustea baino ez. Eta Euskal Herriaren historia ere ez dago mota horretako “usteez” libre, azkeneko berrehun urte hauetan zehar baserriari eta nekazari inguruari eman zaion tratamenduak zerikusi estua baitu aurrez esan dugun horrekin.

Euskal baserriaz leku jakin eta denboran kokatu gabe edo bere izaera alde batera utzirik hitz egiteak, gorago salatu ditugun mota horietako nahasmenduak eragingo dizkigu. Beraz, lehenik esan behar dugu, Euskal Herriko zati handi batean dugun baserria izango dugula aztergai, ez Euskal Herri osoko baserria.

Inguru hezean, elkarrengandik aldendurik eta oso barreiaturik ageri ohi zaigun baserriaz (erromatarren saltus izenekoa) hitz egingo dugu, gure Mediterraneorako isurialdeko baserri eta landa inguruarekin (ager) zerikusi gutxi edo batere ez duen horrez, alegia. Hemen lurra eta giza harremanak antolatzeko eta ulertzeko moduaz hitz egingo dugu, jatorri eta historia jakin eta zehatzak dituen honetaz. Baserri barreiatuaren, bere kokagune fisiko eta giza harreman zein izaera juridikoaren sustraia haranetako okupazio bilduan dago, denbora igaro ahala basetxe gutxi batzuetako “auzoak” sortzen joan baitziren bizigune haietatik aparte.

Eta auzo hauetan hasten da nabarmentzen oinetxea zati juridiko banatu gisa XIII eta XIV. mendeetan zehar; ondoren, gerora, XV. mendearen inguruan, izaera fisiko propio eta desberdineko errealitate gisa azalduko den multzoa. Hau da, aztertuko dugun gaiaren protagonista.

 

EGILEA:

Jose Urrutikoetxea Lizarraga Salamancako Unibertsitatean lizentziatua Filosofia eta Letretan (Historia adarra).

Historiako Doktoretza Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. EHUko irakasle titularra. Nekazari inguruari buruzko ikerketa lanak egin ditu, batez ere, gizarte horren demografia, familia eta sozioekonomia alorrak jorratuz. XVIII. eta XIX. mendeetako euskal demografiari eta garai bereko gizarte gatazkari eta, bereziki, baserria eta baserritar familiari buruzko azterketa zenbait ere egin ditu.

 

Historiaren eta idealizazioaren artean

Euskal gaiei buruzko literaturan aipamen asko da nekazari inguruari eta beronen bi euskarri nagusiei buruz: baserria eta baserritar familia. Aipamen horietako asko deskribapen soiletik areago doaz eta balorazioen esparru labainkorretan murgildurik mito eta kontramitoen jokoan erortzen dira askotan eta, azkenean, zalantzak izan daitezke zein zer den benetan jakiteko garaian. Nolanahi ere, oso interesgarria da konstataraztea nola balorazio hauek aldatzen doazen guk jorratuko dugun denboran zehar.

Bizkaiko Foru Zaharrak, 1452. urtean, islatzen duen gure landa inguruaren irudia, A. Picaudek (1143) edo Fernán Gonzalezen Poeman (XIII. m.) ageri denaren oso antzekoa da. Foru Zaharrean ageri den honako irudi hau “Bizkaiko lurra eta Enkarterrietakoa eta Durangokoa oso menditsua izanik bertakoek ez dutela sailik ereiten, ez bihirik jasotzen ez eta bestelako uztarik ere izaten berentzat”, badirudi oso ondo egokitzen zaiola Picaudek dioen honako honi “sail eta baso ugariko eta oso menditsua, ogi eta ardo eta gainerako mantenugai urriko” edota aipatutako poemako “On Lope bizkaitarra, aberatsa sagarretan, urri ogi eta ardotan” pasarteari. A. Navagerok, XVI. mendean, edo Martinez de Isastik (1625), geroago ere, azaltzen dituzte muga horiek. Alabaina, eta Foru Zaharretik abiatuz, bakoitzak bere garaian, aurreko biziraupeneko defizita, arrakasta handiagoz zein txikiagoz, estaltzen lagunduko duten irtenbideak aurkitu eta aipatzen ditu: itsasoa eta basoa, alegia. Navagerok dio: “Asko irteten dira itsasora, kai eta ontzi asko dago, eskueran duten haritz eta burdin ugariari esker merke egiten baitituzte”.

Aldiz, Martinez de Isastik dio: “orain gutxitik aurrera” (XVII. mendearen hasiera) “artoarekin, Ameriketako artatxiki deitzen dutenarekin” estaltzen dute, neurri batean bada ere, hutsune nabari hori. Errealitatea aldatzen da eta balorazioak ere aldatuz eta zabalduz doaz.

Hala, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, sarritan aurkituko ditugu gure baserri ingurua ikuspegi guztiz positiboaz aztertuko duten bertako zein kanpoko autoreak. “Mendeak dira lurrak atsedenik ez duela” edo “ez dirudi Gipuzkoa baino lurrik sendoago eta aberatsagorik izan daitekeenik” zioen Larramendik eta bat dator Von Humboldt-ek Euskal Herria deskribatzerakoan, “Euskal ongizatea” azaltzeko erabili zituen irudi bizi eta koloretsuekin. Bowles-ek (1775) Arkadia berri zoriontsu gisa deskribatu zuen herri hau, “inguru haietan barrena Homerok deskribatu zituen mende eta ohituretara itzuli nintzela iruditzen zitzaidan”. XVIII.. endeko irudi hau aldaketarik gabe, garbi, jasoko dute hurrengo gizaldietan.

Baina, Jovellanos, Torres y Villarroel edo Cabanillesek esaterako, erakutsi zuten, inguruko lurraldeen egoera latza gogoan izanik, euskal landak zuen indarra ez zela, agian, hainbestekoa izango; XVIII. mendeko gure autore kritikoek ere, gure artean ere izan baitziren halakoak, horrela erakusten dute. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea bera ere jabetzen da, 1766an, gure nekazaritzaren ereduaren muga larriez. Bat datoz azterketa eta diagnosi horretan, garai hartako Vargas Ponce edo Gipuzkoako Korrejidore zen Cano Mucientes. Dirudienez, hemen ere, ez dira oso ondo egokitzen ikuspegi sinplistegiak.

Alabaina, eta seguraski Mogelek idatziriko Peru Abarkan oinarriturik, XIX.. endean ere iraganeko nekazari mundu idealizatu bat ageri zaigu. Foruen krisialdiak eta industrializazioaren indartzeak, hurrenez hurren, desagertzeko bidean jarri zuen identitatea (errealitatea ulertzeko eta antolatzeko modua) berreskuratzeko dinamikaren elementu katalizatzaile bilakatzen du nekazari inguru hau.

Hori horrela ageri eta islatzen da bai literaturan, “euskal erromantizismo amarrugabean”, bai, ondoren, politikan (nazionalismoan). Saiakeragile, poeta, legegile eta beste hamaika idazle dira “nazio izaera” horren berreskurapena hartzen dutenak beren lanaren ardatz. 1890 ondoko hamarraldian gogapen eraberritzaile honek kultura eta politikaren arteko marra igarotzen du. Une horretatik aurrera “irudimenezko euskal baserria” euskarri eta alternatiba bilakatzen da. Eta Sabino Aranak, industrializazioak berarekin zekarren galerari, kanpotik zetorren izpiritu merkantilistari eta kanpoko “mundu galduaren birus” kutsatzaile horri, nazionalismoa kontrajarriko dio. Arana Goiri hasieran eta “Kizkitza”, XX. mendean aurrera, izango dira irudimeneko baserri inguru horren izaera biribiltasun eta indar handienaz defendituko dutenak. Bataren eta bestearen artean igarotako denbora luzean, “euskaltasunaren” inguruko gogoeta aberasten joango da iturri desberdinetako ekarpenekin.

“Hiriaren” (Bilbo) paradigma negatiboaren aurrean, kutsatu gabeko gordeleku bakarrera itzultzea gailentzen da, “ordena morala” biziarau duen txokora, gure baserri ingurura, alegia. Eta, ondorioz, bere benetako izaera galdu eta tresna ideologiko bilakatzen da, ikur moldakor batean. “Ordena moral” horren jatorri eta azken babeslekua izanik, baserrian, “euskal identitatearekin” loturik, gizarte antolamendu egoki eta hoberena biltzen da (ordena, kaparetasuna, fedea…). Baserria, denboraz kanpokoa, “arrazaren garapenerako prozesuaren gune nahitaezko” (Kizkitza) bilakatzen da, aberriaren euskarri, nobleziaren eta askatasunaren berme. Bere zutabeak: etxea, lurra, leinua, aitaren agintaritza eta erlijioa. Baina, horretara mugatzen al da gure baserri inguruaren aniztasun konplexua? Ideologia tratamendu horrek erantzuten al dio bere iraganaren errealitateari? Irakurketa idealizatu eta murriztaile honen aurrean, beharrezkoa da, edo horrela dirudi behinik behin, kontestualizazio lan handi bat egitea, R. Madariagak zioen bezala, “zientzia ororen aurkako maitemin eta ditiramboen araua baztertuz” egitea. Nekazaritzaren historiak, gure kasuan, bidea erakutsi eta lana bere testuinguruan kokatzen lagun diezaguke.

 

Landa ingurua eta baserria: egitura eta funtzioa

Landa inguruaren iragana ulertzeko, lehenik, Errejimen Zaharreko euskal gizartean baserriak jokatu zuen rola eta izan zituen funtzioak ezagutu behar dira. Garai desberdina da, ondo ezagutu beharrekoa eta gaurkoaren proiekzio anakronikoan erortzeko tentalditik apartatuz aztertzekoa. Egin dezagun, bada, gauzak bere lekuan kokatzeko ahalegina.

Sintesi lanik eginez gero esan daiteke, agian gehiegi esatea litzateke baina, Errejimen Zaharraren oinarrizko bi zutabeak gizartearen ordezkaritza korporatiboa eta aginpidearen biltzea direla. Lehenengoa gizartearen funtzionamendua zenbait estatus sozialen protagonismoaren eta burujabetzaren inguruan artikulatzen da, gerora, gizabanakoaren eta beronen eskubide ukaezinetan oinarrituko den eredu liberal eta burgesaren printzipioa eta praktika nagusituko bazaio ere.

Eta, familia eta familia barneko loturen hegemonian oinarrituriko gizarte antolamendu honetatik areago, kapare eredua nagusitu eta zabalduko da herrialdeko parte honetan, eta hala, “oinetxea”/“lurra” eta “leinua” (baserria eta familia) korporatibismo haren leku zein giza agerpenaren erakusgarri bihurtuko dira. Hala, baserria (oinetxea) eta nekazari familia (leinutik eratorria) engranaia osoaren oinarrizko osagai bilakatuko dira, hala ekonomian nola gizartean eta politikan, bai eta giza sistemaren arauketa eta aurrerapenerako bide nagusi izan ere. Lurraren defentsa eta banaezintasuna (oinetxearen iraupena) oinarrizko helburu eta sistemaren jarraipenerako ezinbesteko baldintza dira. Baina, hori guztia horrela izateko famili buruaren eskutan dagoen “bakea” egitea beharrezkoa izango da. Hari dagokio baserriaren ekonomia antolatzea, batasun horretako kide bakoitzari dagokion rola eta lana arautzea eta “guztien arteko batasuna” lortzea kanpora begira, eta horretarako ahaidetasunaz baliatuko da. Baina, baita eta batez ere, ondoretza gaietako desberdintasuna kide guztiek onartaraztea ere: herentziaren banaketan asimetriak egitea; zorroztasunez jokatzea bakoitzak gizartean duen rola erabakitzerakoan, bereziki, “bigarrengoen” ezkontzarako trabak, hala behar direnean, jartzerakoan eta famili barneko liskarrak ezkutatzea (…).

Lurra-baserria, jurisdikzioa-aginpidea dira. Leinua-familiak eta “etxeko jaunak” aginpide hori erabiltzen duen protagonista aktibo eta pasiboen arteko lotura adierazten dute. Eta giza funtzionamendurako sistema zehatz honi eutsi eta ondorengoei pasatzeko helburu nagusiari eusteko ondorio desberdineko bideak (“estrategia”) erabiliko beharko dira, batzuk bederen, ondorengo hauek: ondasunen eskualdaketarako oinorde sistema, oinordekoari eta bigarrengoei behartutako ezkontzak, familia barneko liskarrak eta sistemaren kostua (ezkontzarik eza, herentzia kentzea, jaiotetxetik atera beharra, oinordekoaren mende egon beharra, e.a.). Baina, behin baino gehiagotan, landa ingurune hori bera izango da eta, batez ere, basoaren ingurua (burdinolak, errementaldegi, ikazkintza, garraio mota desberdinak…), nekazari ekonomia ahula hobetzeko edota bigarrengo seme-alaben marjinazioari eta baserriaren beraren estatusa indartzeko irtenbide ezinhobeak emango dizkiena.

Betiko baserria produkzio eta demografia unitate izanik ere, bere garrantzia areago doa. Giza zein politika antolamendurako lehen mailako elementu eta bermatzaile nagusietakoa baita. Gure Errejimen Zaharreko elementu biltzaile eta nortasuna eta izaera propiokoa izanik (bere egitura fisikoan islatzen da) ordena jakin bati erantzuten dio, kaparetzari, aterpean hartzen duenari izena, giza rola eta eskubide politikoa ematen diolarik. “Foruen” krisialdia berea ere bada eta errejimen liberalarekiko gatazka ere bere haragitan bizi beharko du. Baserriaz, nekazaritzako errealitate eta landa inguruaz hitz egiteak, noski, esangura propio eta oso zehatzekoa izanik, tentuinguru jakin batean murgiltzera eramango gaitu.

Uste daitekeenaren aurka, ordea, funtzionamendu sistema hau ez da gurean soilik gertatzen dena. Antzeko jokamoldeak oso ohikoak baitira, han eta hemen,Errejimen Zaharraren garaian Europako inguru menditsuenetan batik bat. Oinordekotza banaezinaren ereduak Euskal Herrian duen portaera molde parekoak ditu Kantauri aldeko landa inguruan, Pirinio edo Alpeetan, Asturias eta Kantabriako zati handi batean, Aragoin, Andorra, Katalunia, Rosellon, Aude, Ariege, Biarno eta beste hamaika lekutan. Hauetan guztietan jokabide beretsuak edo antzekoak ageri ohi dira. Eta beste hainbeste esan daiteke Alpeetako eta inguruko herrietako hainbat lekuz, Frantzian (Provenza), Alemanian (Leibzuchtt), Austrian (Ausnahm) edo Italian gertatzen baita, batzuk baino ez aipatzekotan.

Zenbait autorek “mendiko kultura ekotipoa” deitu duen inguru zabala hartzen du.

Baina, garai hartako baserriaz hitz egiteko, aurrez, landa ingurune osoa definitzen duten ezaugarri estrukturalak eta testuinguru ekonomiko eta soziopolitikoa ere kontuan hartu beharrekoak dira. XIX. mendearen erdialdera, artean, Euskal Herri hezeko biztanleriaren %80-85 inguru landan bizi da, nahiz eta denak ez izan, derrigorrez, nekazariak. Beraz, gaia gehiago zehaztu behar da. Egia da gehienak nekazariak direla, baina “landa” inguruan bizi diren guztiak ez. Nekazaritzak, hemen bezala beste hainbat lekutan ere, basoaren pentzutan egin du aurrera. Eta berau da, hain zuzen ere, landa inguruko jarduera guztiak biltzen dituen espazioa: ehiza eta uzta, abeltzaintza eta nekazaritza, zura, ikatza eta burdinaren industria. Nekazaritza eta burdingintza basoan elkartzen dira. Baserria, beraz, neurri handi batean, bi elementu horien arteko sinbiosi egoki baten mendean izango da. Eta bere jarraipena, euskal gizartearen elementu arautzaile gisa, bere egitura mugak gainditzen lagunduko dioten elementuen baldintzapean izango da. Eta ezin genezake ahaztu, era berean, ustiapen elementua ere badela, jabetzaren neurri txikiaren, aurreramendu gutxiko teknikaren eta produktibitate urriaren eta jasotzen duen giza talde handiegiaren arteko barne oreka zaila bilatu behar duena. Herri belaze eta basoen probetxamendua, aduana eta zerga marko berezia, datorren kontsumitzailearen aldeko estatusak, marko geopolitiko handi baten (Gaztela eta Frantzia) barne egotea eta beroriekiko harreman eredu bereziaren iraupena dira, bere izaeraren eta funtzionamendurako euskarri eta eboluziorako bideak. Hala, bada, baserriaz hitz egiterakoan mugikortasunaz ere hitz egin behar da, mende askotako prozesu luze baten historia egin, alegia.

 

Lau mendeko historia luzea (1450-1876)

Euskal Herri hezeko gizarteak, 1450. urte inguruan, harreman marko berri baten ezarpena ezagutuko du, ahaidetasuna eta leinu loturak araupetzen zuten hari gailenduko zaiona. Ondoren, zenbait urtetan zehar eta oinordekotzari eutsi ahal izan bazitzaion ere, ez dago inolako zalantzarik mundu berri baten aurrean gaudela, hirietako Ordenantzak, Hermandadeak edo Foruak zuzenduko duen gizarte baten aurrean. Ordutik aurrera, 1789tik 1876. urtera bitarte, euskal gizartea parametro desberdinak erabiliz aztertu beharko da. Eta burgesiaren eredu iraultzaileak, XVIII. mendean sortua, esperientzia horren amaiera ekarriko du. Gure azterketa, bada, bi muga horien barne kokatu behar da.• Euskal Baserri ingurua eta “hiri” ereduaren zabalkundea (1450-1575/ 1620) XV. mendearen bigarren erdialdean, “hiri” funtzionamenduaren eredu zabala indartuko da. Zabalpena eta bitartekotza jarduerak nabarmentzen hasten dira herrialde osoan zehar: “Asko irtetzen dira itsasora…” adieraziko du A. Navagerok 1528an. Herri pobrearen topikoa aberastasun erlatibo bilakatuko da norabide aldaketa honen eraginez. Merkataritza/garraioa, burdingintza eta burdinkiak eta itsasketak garapen maila handia izan zuten. Guztiak dira ezagunak. Jarduera honen antzinakotasunaz hitz egin zuten, besteak beste, Viguerako Foru Nafarrak (1130), Jerezko Korteak (1258), Irun-Urantzu eta Oiartzungo Burdinolen Foruak (1328), e.a. Hala, 1450 eta 1575. urte bitartean euskal burdina ezaguna izango da inperio osoan gure garraiari eta merkatarien eskutik, Ingalaterra, Flandria, Frantzia eta Inperioko beste hamaika itsas portuetara iritsiko baita. Kalkulu bat eginez, XVI. mendearen hasieran 350 siderurgia instalazio izango ziren gure inguruan, Europa osoan kontsumitzen zen burdinaren %10a ekoiztu eta biztanle guztietatik laurden bat, egun osoz zein zati batean, ari zen langintza honetan.

Nekazariek osagarri ezinhobea dute jarduera honetan eta baserriak eta bere funtzio arautzailea sendotu egingo dira. Sektore honek aukera eta irtenbide ederraematen die bigarrengoei, baina baita nekazariari berari ere, nekazaritza lana hainbestekoa ez den urte sasoian, diru iturri osagarriak izan baititzake: eta, bide batez, nekazaritza sektorearen hazkuntza bultzatzen du kontsumoko produktoren eskaera ere gehitu egiten delako. Erreaktibazio honen indarrez eta banderizoen marginazioak sortzen zuen segurtasun klima alde zuelarik, gure baserri kopurua gehitu egingo da garai honetan.• Erruralizazioa eta artoaren eredua (1575/1620-1766)Urte hauetan, eta Baiona eta Bilboko portu inguru hauek alde batera utzirik, Euskal Herri hezeko inguru gehienak atzerapen prozesu batean murgildurik egon ziren. Gaztelak denbora luzea darama bere inperio praktikaren eta atzerabide geraezinean dauden oinarri ekonomiko, finantzazko eta sozialen gaineko erabaki zalantzan. Gaztelako produkzio ekonomia atzeranzko prozesuan da, sekulako inflazio baten eraginez. Bestalde, Gaztelako produktuek ezin dute konkurrentziarik egin eta euskal burdina ere ez da salbuespen izango. Britainia Handiko, Flandriako edo Suediako burdinari aurre nekez egin diezaiokeenez euskal burdina Gaztela eta kolonietara begira jarriko da geroz eta gehiago, nahiz eta ez huts hutsik. Austriarren nagusitasun militarraren beherakada eta nazioarteko harremanetan diren liskarrek, berretsi baino ez dute egiten ekonomiaren alorrean aspalditik begibistakoa zen fenomenoa.

Testuinguru honetan Euskal Herria bere ekonomiaren oinarriak berriro egokitu beharrean da. Domingo Ochoa de Irazagorriak, Bizkaiko jaurerriko Armadako jagoleak, zehaztasun osoz deskribatzen du egoera hori, 1632an, honako hau dioenean: “Itsasoari ateratzen dioten etekin urria eta arriskua ikusirik (…),lurraren laborantza eta lantzeari gehiago ekiten diote itsasoko lanari baino”. 1550 eta 1752 artean burdinolen kopurua herenera jaisten da, eta neurri beretsuan burdin ekoizpena ere; aldi berean, landuriko siderurgia produktoen esportazioa urritu eta barretako burdinarena gehitzen da. Bizkaia, nolanahi ere, hobeto aterako da, baina Gipuzkoa eta Arabarekiko merkataritza harremanak nabarmenki gaiztotuz. Krisialdiak bereizketa inposatzen du eta Jaurerriak bere aberastasuna erabiltzen du (meatzeak).

Euskal siderurgia, XVIII. mendeko lehenengo herenean izan zuen garai oparoaren ondoren, aurreko egoera zailera itzuliko da, eta oraingo honetan Borbondarren ekonomia, zerga eta aduana politikak gehiago okertuko du. “Salbuetsirik zeuden herrialdeak” aduana marko orokor batean sartzeko ezetzaren ondorioz, koloniekiko “merkataritza libretik” kanpo geratuko dira eta, horrenbestez, haien produktuak atzerritarrak bailiran hartzen dira Erresuma barnean.

Egoera larri horretan, baina bere produkzio egitura konplexuaren zati garrantzitsu bat gordez, herria erruralizazio prozesua indartu beharrean dago. Hala, begiak baserrira itzultzen dira, eta tresna eta oinarri berrituen begiekin begiratzen diote. Ostera, ezinezkoa da nekazaritza defizitario batek XV eta XVI. mende bitartean hazten joan den biztanleria baten eskariari aurre egitea, hura orain egoera zailean dauden sektore moderno alternatiboekin batera joan baita hazten. Baina, bada horretarako biderik. Herritarrek, nekazaritzarako erabiltzen diren sailen eremua zabaltzea erabakitzen dute. Basoak goldatu eta padurak lehortzeko prestatzen dira. Alabaina, hedapen hori ez da nahikoa. Benetako bultzada, laborantza sistema berri batek ekarriko du: artoan oinarria duen bi urteko errotazio sistemak.

1620tik aurrera, gutxi gora behera, Euskal Herria, Europako gainerako Atlantiko alderako lurraldeak bezala, “Indietako artatxikia” ereiten hasiko da. Ziklo laburreko laborea da, eta udako berotasuna eta lurralde honetako berezko hezetasuna ditu ernetzeko lagunik hoberenak. Hala, laboragai honekin garia eta arbiaren katea osatzen da. “Mendeak dira lurrak atsedenik ez duela” errealitate bilakatzen hasten da. Lurraren produkzioa intentsiboa da, eta honela dio Larramendik: “Gaztelan eta beste lekuetan alerik nahi badute atseden ematen diote lurrari. Gipuzkoan (…) ez da sailik izango, urtean, segidan, bi uzta baino gutxiago emango duenik: garia eta lihoa, artoa eta arbia, garia eta artoa, eta bikaineman ere”. Aztergai dugun 150 urteko epe honetan, sistema berriak, ongarri eta bestelako lagungarriekin (simaurra, karea, ondarra, lurrustela…), produkzioa hirukoiztu egingo du, baita laboragai kopurua zabaldu ere: garia eta baba, artoa eta babarruna, arbia eta lihoa. Prozesu honek, zalantzarik gabe, krisialdiaren mamua gailentzea ekarriko du, neurri batean bada ere. Herrialde honetako Atlantikorako isurialdean baserriak ugaltzen dira, eta orobat bertako bizilagunak. Sistema intentsibo honek lanerako esku gehiago behar du baina mantentzeko gauza da.

Hori guztia, ordea, txanponaren alde bat baino ez da. Izan ere, aldi berean, baserriak indartu egiten du bere protagonismoa euskal gizartean, giza estratifikazio eta hautaketa politikoaren rola egokitzen zaiolarik. Interes ekonomikoen geroz eta handiago zati batek itzultzen dizkio begiak. Eta, ondorioz, jabetzaren batze prozesu geldi baina etengabea hasten da. Garai honetan, nekazari lurjabeen ehunekoa 75etik 30era jaisten da, gutxi gora behera; eta, noski, garrantzi handiko ondorioak izango ditu gizarte bizitzan eta politikan. Baserria, orain inoiz baino gehiago, elementu erregulatzaile bilakatzen da, baina jabeen eta maizterren arteko diferentzia nabarmenduz, eskubide politikoak, hala Udal antolamenduaren nola Batzar Nagusien mailan, jabeei bakarrik baitagozkie. Espainiako eta Frantziako koroek ezarririko politika fiskalak sortuko dituen zailtasunak estratifikazio eta marginazio prozesu hura areagotuko dute. Matxinadak eta dirudun eta pobreen arteko borrokak ere gehitzen eta ugaritzen dira; esandako hau argi erakusten dute, esaterako, 1632-34, 1718-21, 1755 edo 1766ko gizarte gatazkek.

Ordea, bereziki garrantzitsua da 1766ko data. Vargas Poncek garai horretan finkatzen du artoan oinarrituriko nekazaritza sistemaren ahitzearen hasiera. Urte horretan bertan eta ekonomia berriro indartzeko proiektu baten barne, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak nekazaritza sakonetik birmoldatu beharra planteatzen du. “Batez ere kezkagarria da, karean eta artoan oinarritu eta hain emaitza ona izan duen nekazaritzaren etapa hori gainditzeko modua aurkitzea, ez baitaiteke espero betirako izatea”. Eta azkenik, komenigarri da ez ahaztea aginpideak marginaturik zituen giza taldeek jokatu zuten rol garrantzitsua. “1766an –esaten du azkenik Fernandez Albadalejok– behetik eta goitik, Gipuzkoako gizarteak aldaketak eskatzen ditu”. Neronek, euskal gizarte osoak eskatzen dituela esango nuke.

 

Ereduaren ahitzea eta foruen krisialdia (1766-1876)

Vargas Poncek Gipuzkoako nekazaritzak bere gorena 1805ean izan zuela baieztatzen duenean, probintziako nekazari herrietako kurba demografikoek bete betean berresten duten gauza kontrastatzen du. Baina ez da gogoeta horretan geratzen. Industriaren eta merkataritzaren garapen urriaz da kexu eta “garai batean bezala, bere oparotasunaren iturriak bestelakoak izan daitezen” planteatzen du. “Zeren eta biztanleria handia badu ere, ez da behar hainbestekoa, eta ez da horrela, nekazari mundutik industriara eta merkataritza jarduerara ez delako behar bezala eta behar lukeen moduan igaro”. Eta jarraitzen du bere argudioekin, egoera honentzako irtenbide bakarra indarrean dagoen marko sozioekonomiko, fiskal eta politikoaren berrikuntza sakon batetik bakarrik etorriko dela, Foruen berrikuntza sakonetik, alegia. “Foruak indarrean dirauten bitartean Gipuzkoa ez da beharko lukeen bezain zoriontsu izango”. Baina, zenbaterainoko arrazoia du, adierazitako guzti horretan? Egia da artoan oinarrituriko nekazaritzak gorena jo duela. Egia da, baita ere, Errejimen Zaharrak –eta Foruen oinarri da– trabak jartzen dizkiola merkatuko nekazaritzari eta oztopatu egiten duela benetako garapena eta industriaren eta merkataritzaren eguneratzea. Baina egia da, era berean, indarrean direla eta artean pisu espefiziko aski handia dutela gizartean. Horrela bakarrik azal baitaiteke Gipuzkoako biztanle dentsitate handia –erresuma osoko altuena– eta aipatutako jarduera horietan murgildurik diren herrietako biztanle igoera txikia baina etengabea eta horrela egiaztatzen du, gainera, garai hartako dokumentazioak.

Baina, industria tradizionalaren hedatzea Vargas Poncek ulertarazi nahi duena baino handiagoa izan zen. Burdinolak, XVI. mendean izan zuten garapen mailara iristen ez badira ere, bizirik dirauen errealitate dira; batez ere Bizkaian ageri arren, beste lurraldeetan ere, maila apalagoan, garrantzizko elementuak dira oraindik ere. Honekin batera, iltze, erreminta eta nekazaritzako lanabesak egiten dituzten olak; aingura eta arma fabrikak, e.a. ugariak dira Euskal Herri hezean, tokian tokiko biztanleria oso osorik edo zati handi bat langintza honetara erakartzen duelarik. Ezin daiteke, ordea, ahaztu, mihise eta kardagintza, alpargata edo larrugintza etxeetan edo lantegi txikietan burutzen dena; eltzegintza, harrobi lana edo meatzaritza, eta beste hainbat jarduera. Nahikoa da hau guztia egiaztatzeko, Errejimen Zaharreko azkeneko urtetako mapak begiratzea, haietan jarduera ugari horien kokapen sakabanatua nabarmentzen baita. Landa inguruak aurreko garai oparo hura bizi ez badu ere, oraino, nekazaritzatik areago doan multzoa osatzen du. Industria aurreko osagai hori begi bistakoa da bere muga guztiekin, baina prozesu industrializatzaile orok behar duen giza eta finantza baldintzak finkatzen ditu, unea datorrenean, garapen modernorako prozesuan aurre egiteko. Eta, hain zuzen ere, arrazoi horiek ematen ditu Vargasek foru marko ahitu batek benetako industrializazio bati jartzen dizkion oztopoak azaltzeko unean.

Horixe zen, hain zuzen ere, mugaz bestalde eta are alde honetan ere, iraultzaren aldekoek pentsatu eta praktikara eraman nahi zutena. Ordea, denek ez zuten gauza bera pentsatuko. Izango ziren, noski, gauzak zeudenean uztea nahiago zutenak eta egokitzapen puntual zenbaiten aldekoak. Dena den, alternatibarik globalizatzaileenak ekonomiaren arazo orokorrari heltzen dio: “Itsasportuek protagonismoa irabaz dezaten soroen aldean”. Cabo Mucientesen alternatiba da…; Bilbo eta Donostiako merkatarien aukera. Baina, denbora luzean zutabe eta oinarrizko izan diren egiak zalantzan jartzen dituen alternatibarik ere bada: ekonomiaren eta politikaren liberalizazioa eta, azken batean, gizarte ereduaren eraberritzea planteatzen duenik.

Sakoneko erreformaren lehenengo ahalegin honek porrot egin ondoren, euskal nekazaritzak bi aukera baino ez ditu: berritzailea, “nekazaritza mota berri bat” bultzatzea, edota aurrekoari, betikoari, eustea, goldaketaren sistemara itzultzea.Lehenengoak, goldaketa berritan oinarrituriko nekazaritza zabaleko ustiapen mota utzi, eta nekazaritza mugatu baten alde egitea, nekazaritza kapitalistagoa dakar (zuhain, belaze artifizialak, makineria berria…). Herriak, ordea, nekazaritza tradizionalaren bidea hautatzen du, nahiz eta aldaketa handiak egin. Baso eta herri lursail goldagarriak pribatizatu egiten dira, eta hala sistema tradizionalaren euskarrietako bat ahultzen; errentak liberalizatu eta jabe eta mailegu emaileen aldeko kreditu sistema ezartzen da. Baserriaren eta norbanakoaren espezializazio xume bat aldarrikatzen da, lehena produkzio unitate huts batetara mugatuz eta bigarrena, berriz, eskubide politikoen bermatzaile izatera. Aduana markoaren erreforma dator (1841) eta foru markoa ere desagertzen da (1876). XVIII. mendearen bukaera eta XIX.aren hasiera aldera sumatzen zen erreforma garaile izan da bere abantaila eta mugekin, bere lorkizun eta kostuarekin. 1841etik aurrera industria modernoa hasten da pizten (ehuna, papera, siderurgia…), industrializazioaren abiapuntu izanik. Horren guztiaren ondorioz, euskal ekonomia aurreko mugak hautsi eta zabaltzen hasten da. Merkataritza harremanak arindu eta nekazaritza bera ere indartu egiten da. Baserri berriak jasotzen dira, zeudenetako zenbait egokitu, bi familia edo gehiagorentzako bizileku bilakatuz. Hala, 1761 eta 1840. urte bitartean produkzioa ia bikoiztu egingo da; eta honetan garrantzia handia du, zalantzarik gabe, patataren ereinketarekin zabaldu zen nekazaritza mugatuak. Azken batean, foruak bultzaturiko nekazaritza ereduko mugak gainditu ondoren bai foruak kendu zirelako, bai borrokarik izan zelako, bide berriak irekiko zaizkio ekonomiari, orohar, eta nekazaritzako ekonomiari, bereziki.

Aitzitik, baserria bere ekonomia alorrera mugatuko da gero eta gehiago, eta lehenago aipatu dugun protagonismo korporatibista galduko du. Liberalismoak, norbanakoaren protagonismoak, hiri eta burgesiaren nagusigoak, industria eta merkataritza jardueraren indartzeak… gizarte berri batetarako bidea irekiko dute, baina aldaketaren kostua ere ez da txikia izango. Aldaketa horrek iraganaren etsipena irtenaraztea bultzatuko du sarritan, askotan interesatua bada ere; eta, azkenerako, bere nagusitasun eta protagonismoa liskar horren paradigma eta trauma bilakatuko da landa inguruan.

 

Industriaurreko eta baserri inguruko data esanguratsuak

1130 Viguerako foru nafarra: Euskal Herriko burdinolen lehen aipamena.

1258 Jerezko Gorteak: Euskal burdingintzaren lehenengo arautzea.

1328 Irun-Urantzu eta Oiartzungo Burdinolen forua.

1556 Felipe II.aren errege aldia: Espainiaren lehenengo hondamen ekonomikoa eta merkataritzaren beherakadaren hasiera.

1575 Bigarren hondamen ekonomikoa.

1568-1581 Herbehereetako independentzia borroka Espainiako inperioaren aurka eta Bilbo Flandria merkataritza harremanen etetea.

1588 “Armada Garaitezinaren” porrota: Gaztelaren aginpidearen amaiera eta Ingalaterrako merkataritzaren nagusitasuna.

1612 Pierre de Lancre-ren Tableau de l’inconstance des mauvais anges et demons argitaratu zen. Bertan, gogor kritikatzen da, eta are kriminalizatu ere, Euskal Herri hezeak etxeaz eta baserri familiaz duen ikuspegia.

1618-1648 Hogeita Hamar Urteko Gerra eta Westfaliako Bakea: Itsas zein merkataritza nagusitasunean izan den aldaketa berresten da.

1620 Data honetan sartu zen, gutxi gorabehera, artoa Euskal Herriaren Atlantikorako isuraldean.

1625 Martinez Isastik idatzitako Compendio historial de Guipúzcoa.

1632 Domingo Ochoa de Irazagorriaren memoriala, Bizkaiko ekonomiaren krisia eta erruralizazioari buruz; Gipuzkoara ere zabal daitekeena.

1659 Pirinioetako Bakea: Gaztelak izandako nagusitasunaren galera berresten da.

1728 Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren sorrera.

1754 Larramendik Corografía de Guipúzcoa idatzi zuen.

1756-1757 Exposiciones dirigidas a la Provincia por el Correguidor Dn. Pedro Cano y Mucientes sobre la escasez de frutos, industria y comercio del país y la necesidad de fomentar estos ramos lana aurkeztu zen.

1757 Ustaritzen Theórica y Práctica de Comercio y de la Marina en diferentes discursos y calificados exemplares… obra argitaratu zen.

1763 Plan de una Sociedad Económica o Académica de Agricultura, Ciencias y Artes útiles; y comercio adaptado a las Circunstancias y Economía particular de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa argitaratu zen.

1764-1771 Arriquíbar-ek Recreación Política idatzi zuen.

1765 Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Estatutuak idatzi eta onartu, eta Elkarteko lehenengo Batzar Nagusia.

1774 Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko aktetan jasotzen da lehenengoz patata ereiten dela Euskal Herrian.

1793-1799 Konbentzioko Gerra eta garapen ekonomiko eta antolaketa politikorako eredu baten inguruan Gipuzkoako gizartean sorturiko gatazka.

1802 Madrileko Historiako Erret Akademiak Diccionario Geográfico de España argitaratzen du. Lehenengo bi aleetan, Hego Euskal Herriko herrialde historikoak osatzen dituzten biztanleria unitate bakoitzari buruzko berri zehatza jasotzen da.

1805 Estados de Vitalidad y Mortalidad en Guipúzcoa en el siglo XVIII idatzi zuen Vargas Ponzek. Foru markorik gabeko garapen eredu bat aldarrikatzen du.

1831 Esposición del Ayuntamiento y Junta de Comercio de San Sebastián a la Provincia en las generales que celebró en la misma Ciudad por el mes de Julio de 1831.

1832 Memoria justificativa de lo que tiene espuesto y pedido la Ciudad de San Sebastián para el fomento de la Industria y comercio de Guipúzcoa.

1833-1839 Lehenengo Gerra Karlista.

1841 Aduanak muga eta kostaldera atzeratzen dira eta industrializazio prozesu xume bat hasten da.

1876 Bigarren Gerra Karlista amaitzen da, foruak galdu eta Bizkaiko industrializazioa abiatzen da.