Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Nafarroaren konkistatik Frantziako Iraultzara

XVIII. mendeko grabatua: “Nafarroako erregegaia koroatzeko eta ezkutuaren gainean altxatzeko unea”. (Xabierko Foru eta Lege Bilduma. Nafarroako Artxibo Nagusian).<br><br>

 

EGILEA:

Iñaki Reguera Historiako doktore. Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Modernoko irakasle.

 

Nafarroaren konkista

1512a baino lehen jabetu ziren Nafarroako erregeak, Albreteko Joan III.a eta Foixko Katalina, Errege Katolikoak eta Frantziako Luis XII.a Nafarroa hartu nahian zebiltzala.

Batetik larria, baina, bestetik orekazkoa zen orduko egoera, izan ere, bi erregek baitzeukaten erresuma bera begiz jota. 1512ko udan, ordea, okerrera egin zuen egoera horrek, Nafarroan sartu eta hori beren erregearentzat konkistatu baitzuten Gaztelako guda taldeek, Albako Dukea buru zutela. Uztailaren 21ean igaro zuten horiek Nafarroako muga, eta handik aurrera bizkor jazo ziren gertatzekoak.

Hil horren 24an men egin zuen Iruñeak, eta gainerako hiriek ere men egin zuten horren ondoren. Tuterak bakarrik eutsi zien luzaroago, baina horrek ere obeditu egin behar izan zuen, irailaren 9a arte setiaturik egon eta gero.

Hiru bider (1512ko urria-abendua bitartean, 1516ko martxoan eta 1521eko maiatza-ekaina bitartean) saiatu ziren Nafarroako erregeak kendutakoa berriz bereganatzen, baina hiruretan huts egin zuten, eta Nafarroa Gaztelako erregearentzat geratu zen betiko. Iruñea setiatzeraino eta hilabete (azaroa) inguru hala edukitzeraino iritsi ziren 1512ko ahaleginean, baina azkenean porrot egi zien saioak. Frantziatik sartuta saiatu ziren hurrengoan (1516); baina, are handiagoa izan zen oraingo porrota, zeren asmoak bizkorregi bete nahi izateaz aparte, kalkuluak ere oker egin baitzituen Albreteko Joanek, eta ez zuen Nafarroan oso aurrera sartzea lortu. Nafarroako ekialdeko mendietan zenbait gatazka galdu ondoren, atzera egin behar izan zuen. Horretan, 1521ekoan baino eskurago zirudien nahi zutena lortzeak, zeren, alde batetik, Frantzia eta Espainia elkarren kontra gerran baitzebiltzan Italian, eta bestetik, Komuneroen iraultza ere piztear baitzegoen Gaztelan; inbasioa, beraz, aurrekoetan baino testuinguru zabalagoan gertatuko zen, eta Karlos V.ak gudarosteak banatuak zituela egin beharko zion aurre.

Gipuzkoa eta Araba ere nahastuak zebiltzan, bestalde, korrejidorea izendatzeko gorabeherek sortutako gerra zibilean, bata, eta Aguraingo kondeak eragindako matxinada komuneroalean, bestea. Eta are baldintzak asmoei hobeto egokitzeko, Nafarroan itxaropentsu jarraitzen zuten agramondarrek, Albreten alde iraun zutenek. Eta adierazi den egoeraren arabera jazo ziren gertakizunak, hasieran bederen. Orreagatik sartu eta hiru egunen buruan Iruñeko ateetan ziren Frantziako guda taldeak, eta berehala men egin zuen horrek. Gainerakoa ere oso denbora laburrean konkistatu eta kontrolatu zuten. Baina, berriz ere planifikazio faltak galdu zituen horiek, zeren, hartutakoa sendotu gabe, kosta ahala kosta Logroño setiatu nahi izan baitzuen Andres Foixkoak, Asparrosko Jaunak. Baina, Komuneroen iraultza zapaldu eta Gaztelako gudarosteak handitzean, horiek erasoan zituela atzera egin eta Noaineraino erretiratu behar izan zuen. Noaingo gudua, berriz, Gaztelako gudarostearen alde erabaki zen, eta hartan ere ez zuen Nafarroak 1512 aurreko egoerara itzultzerik izan.

Nafarroaren anexioa ez zen, beraz, Aragoiko Koroaren mende zeuden lurraldeen kasuan bezala, bakezko moduz eta herentziazko legeen arabera gertatu.

Oso oinarri sendoko ez ziren zenbait arrazoi juridikok eta Julio II.a aita santuaren bulda polemikoetan oinarritzen ziren beste justifikazio kanonikoek Gaztelari armetarako aukera emanik baizik. Hain zuzen, urte berean (1512) publikatu zuen aita santuak Pastor ille caelestis bulda, Vatikanoaren eta bere aliatuen kontra altxatzen zen guztia bezala Luis XII.ari eta Frantziari laguntzen ziona ere eskumikatu egingo zituela zioena. Nafarroako erregeak Frantziaren aldera okertu zirela-eta Fernando Katolikoak aita santuaren aurrean egin zituen ahaleginak ez ziren, dirudienez, alferrikakoak izan. Egindako mehatxua betetzeko Exigit contumacium bulda publikatu zuen gero, 1513an. Bulda horrek eskumikaturik eta erregetzarako eskubiderik gabe utzi zituen Nafarroako errege-erreginak, Frantziako errege zismatikoaren alde eta aita santuaren aurka jarri zirelako.

Lurraldea konkistatu arren, ez zizkioten Nafarroari zituen erakunde tradizionalak eta foru sistema kendu. Konkista egiteko erabili zituzten arrazoien sendotasun faltak ere izan zuen horretan, beharbada, bere eragina. Gorago aipatu diren zirkunstantziek eta baldintzek indar militarren errenditzea bera “hitzarmen” eta “negoziaketa” bideetatik eramatea eragin zuten, bestalde. Dena den, beste bi urte igaro ziren gero, Gaztelako Koroak Nafarroa anexionatu aurretik (1515).

1521eko ekainaren 30ean, Noaingo guduan, galdu ziren Albretekoak berriz Nafarroako aulkira bihurtzeko esperantzak. Pirinioez hegoalderako alde horrentzat aldi berri bat hasi zen orduan, Gaztelaren mendeko izateak ezartzen zizkion baldintzetara “egokitu” eta “eratu” beharreko aldia, alegia. Karlos V.ak Nafarroa Beherea edo Mendiz Haraindiko aldea uztea erabaki zuen handik hamar urtera, arrazoi politiko eta estrategikoengatik, eta horrela, Pirinio mendiak Frantziaren eta Espainiaren arteko muga bilakatu ziren.

 

Nafarroako erresuma Austria dinastiaren garaian

Nafarrek ez zuten, gertatuak atzerabiderik ez zuela etsi zutenean ere, “nazio” kontzientziarik galdu. Eta Gaztelak, berriz, zer gertatukoren zelatan eta tarteka Frantziatik inbasioa zetorren zurrumurrua zabalduz jarraitu zuen, beste hogeita hamar urte inguruan (1550 arte). Frantziaren eta Espainiaren arteko tentsio hori 1559ko Cateau-Cambrésis-eko bake-ituna sinatzean baretu zen pixka bat, baina orduan ere ez mesfidantza giroa aienatzeko eta defentsarako prestaketak alde batera uzteko adina. Pirinio aldea, berriz, mendi horien babesean, izate bereziko entitate gisa eta Parisko eta Madrilgo politikari bizkarra emanda bizi den lurralde gisa agertzen da tarteka. Pirinioez harako eta honakoen bateragune zen, izan ere. Hori, elkarrekin zituzten larre partzuergoek, bailara federazioek, larre eta transhumantzia itunek, elkarri ez erasotzeko akordioek eta hangoen eta hemengoen arteko kontrabandoak adierazten dute argien.

Ez zuten Gaztelako erregeek, konkista ondoko urteetan bederen, Nafarroako gobernuan erreformarik egin. Fernando Katolikoak, eta berdin Karlos V.ak, biek eman baitzuten Foruak errespetatuko zituztelako hitza. Nafarroa Espainiako erregetzaren mendera igarotzeak ekarri zituen, hala ere, horrentzat zenbait aldaketa politiko. Aldaketa horiek, Nafarroan “nazio” kontzientzia bizirik zegoela egin ziren, bestalde; gobernu zentralak jarrera bigunagoa agertu izan zuen uneetan, hain zuzen. Karlos V.aren garaiko Nafarroako erregeordeak lurralde horretako herritarrak Austriako etxearen kontrako ez ote ziren kezketan bizi izan ziren, eta hala jakinarazi zioten Karlos V.ari. Nafarroako Foruak Espainiako erregetzaren gobernu sistema zentralistaren arauetara egokitu beharrak tirabira eta konponezin asko eragin zituen, Madrilgo agintarien asmoek Nafarroakoen erresistentzia aurkitzen baitzuten aurrean. Lehenengo horien eta beste hiru euskal probintzietakoen arteko harremanak ere halatsu ziren.

Karlos V.a hiltzean-eta indar handiagoa hartu zuen Nafarroa Gaztelaren arauetara egokiarazi behar horrek. Horrela, Nafarroaren gain kontrol zorrotzagoa behar zela-eta, hura zuzenean Gaztelatik gobernatu behar zela zioen Felipe II.ak.

Joera hori, ordea, ez zen izatez berria, 1512ko konkistaren ondoren-ondorengoa baizik. Hurrengo urtean bertan (1513) eratu zen Inkisizioaren Nafarroako tribunala, zentralizazio lanean gainerako beste baliabideei gehituko zitzaiena. Eta egitez erakutsi zuen horretarako zela, erlijio ortodoxiaz kanpoko auzietan ere esku hartu baitzuen. Frantziaren 1521eko inbasioaren ondoren, adibidez, Inkisizioko gizonak aritu ziren horiekin kolaboratu zutenen ikerketa egiten. Horiek horrela, ez litzateke ere, Nafarroako 1527ko sorgin ehiza hura agramondarren aldekoak atzemateko antolatutako aitzakia zela dioen tesia, dirudien bezain burugabea. Gaztelako koroak, gainerako planteamentuek huts ematen ziotenean, Erakunde Santu horri laguntza eskatzea ez da batere harritzekoa, zeren Inkisizioa baitzen, erregetzaren mende zeuden herrialde guztietan eskua sartzeko, eta hori muga politikoak eta lekuan lekuko aginpide bereziak batere aintzat hartu gabe egiteko, ahalmena zuen erakunde bakarra. 1521ean Inkisizioaren Nafarroako epaitegia Calahorrara aldatu zen, erresuma hori kanpotik, Gaztelatik kontrolatzeko asmoz.

“Komisarioek”, Inkisioko “senide” zeritzatenek eta bisita sistemak osatzen zuten Erakunde Santu horren begiraletza egitura. Horiek ziren lurraldeak eta, aldi berean, leku bakoitza kontrolatzeko erakunde horrek zituen baliabideak.

Gobernu zentralaren eta Nafarroako instituzioen arteko tentsioa etengabea izan zen gero ere. Lehenengoen zentralizazio joera handitu ahala, “nazionalisten” artean ere, kontrako erreakzioz, indartuz joan zen nortasuna finkatu nahia.

1561ean gobernu zentralak “foru paserako” eskubidea (sobrecarta) eman ziezatela lortu zuten Nafarroako agintariek, eta horrekin, are argiago geratu zen Nafarroaren berezitasuna. Foru pase horren arabera, Espainiako erregearen zedula eta xedapenek nahitaez Nafarroako Kontseiluaren onespena behar zuten, baliozko izango baziren. Felipe II.a ez zen horren kontra irten. Azpimarratu beharra dago orobat, Espainiako errege gobernuaren sinodo sistema osatzen zuten Kontseiluetan Nafarroakoa zela egoitza Iruñean zuen, alegia, Madrilen ez zuen bakarra.

Gorteen bilera arteko aldiak luze samarrak izaten zirenez eta bitarte horretan auzi asko pilatzen zenez, Nafarroako Diputazio iraunkorra sortu zen 1576an; geroztik, horren gain geratu zen bilera arteko arazoak konpontzea. Diputazioaren eta diputatuen esku geratu ziren, halaber, irainik eta kontraforurik gerta ez zedin zaintzea eta Gorteek erabaki gabe uzten zituzten auziak bideratzea ere. Eta horrekin, dirudienez baretu egin ziren gaztelar erakundeen nagusitasunaren kontrako erreakzioak.

Frantziako hegoaldean protestanteen heresia zabaldu izanak eta Albreteko Joana erregina bera heresia horren aldeko bihurtzeak zenbait neurri berri hartzera eraman zuten Felipe II.a, higanotei Espainian sartzea galarazi beharrez. Handik aurrera, mugak zorrotzago zaindu ziren, Inkisizioari esku handiagoa eta mugako eliz barrutiei beste antolabide bat eman zitzaien. 1567an, Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait eskualde, lehen Baionako eliz barrutira egiten zutenak, Iruñeko eliz barrutiari lotuak geratu ziren; Nafarroako erreinu osoa ez ezik, Gipuzkoako Deba ibairainoko aldea ere barruti horretakoa izango zen handik aurrera, eta horrekin, elizak eta administrazio publikoak muga berberak izango zituzten.

Pirinio mendiak bilakatu ziren bataren eta bestearen muga. Frantzia eta Espainia bata bestearengandik are bereiziago eta bakanduago bihurtu ziren horrela.

Gero (1583), Tuterako Gorteetan nafar izateko eskubidea ukatu zitzaien Mendiz haraindiko edo Ultrapuertos izeneko merindadeko biztanleei, hauek neurri horren kontra protesta egin arren.

Madrilgo eta Iruñeko gorbernuen arteko harremanak are okerrago bihurtu ziren XVII. mendearen erdialdean. Batez ere Olivares konde-dukearen politikaren lana izan zen bihurritze hori; Olivaresen iritzian, Espainiako erresumako gastu orokorretan lurralde guztiek hartu behar zuten parte. Union de Armas izeneko proiektuan gudaroste guztiak biltzea, nazio defentsan alde guztietako arma gizonek parte hartzea, eta horrek zekartzan gastuetan ere herrialde guztiek parte hartzea (zergak ordaintzea) ziren Olivaresen politikako beste zenbait puntu. Baina, herrialde gehienek ez zuten horrelakorik onartu, kontrara, matxinatu egin ziren Gaztelaz gainerako guztiak. Zer nolako giroa sortu zen, Kataluniako eta Portugalgo 1640ko matxinadek erakusten dute argien. Olivaresen politika horrek, egin nahi zuen gastu edo zerga banaketak, horren arma gizon guztiak mobilizatu beharrak eta ikuspegi zentralistak antz handia zuten Frantzian Richelieuk zerabilenarekin. Esan bezala, Gaztelaz beste lurraldeetako foru agintariak kontra atera zitzaizkion, ordea, eta ez zuen bere zentralizazio plana bideratzerik izan.

Aragoitarrek kontra egin zioten, eta gogor. Bizkaian ere, berriz, gatzaren zerga zela-eta nahasketa handiak sortu ziren 1631n eta 1634an, neurri horiek hango Foruen aurkako zirelako. Ez bakarrik Olivares, Jaurerriko bertako jauntxoak ere begi txarretik eduki zituzten matxinatuek, traidoretzat baitzeuzkaten.

Pirinioez iparralderako lurraldeetan ere deskribatuaren antzera samar gertatu ziren gauzak, horietako zenbait matxinatu egin ziren Richelieuk ezarri zuen zerga sistemaren aurka, gabela zeritzanaren kontra bereziki. Ordu arte Frantziari zergarik ordaintzen ez zioten Gaskoinia-Guyennek, esate baterako, eskatzen zitzaiena ematen hasi behar izan zuten. Ez ziren, hala ere, neurri horiek nahasketarik gabe martxan jarri. 1641ean Baionako herri xeheak sortu eta eragin zuenmatxinada da horietan adierazgarrienetakoa. XVII. mendearen erdialdera arte errespetatu zitzaizkien Frantziako Pirinio inguruko herrialdeei zituzten berezitasun politikoak. Garai horretatik aurrera, ordea, laster hasi ziren bestalderako ahaleginak, zitekeen guztia zentralizatu nahiekoak, alegia. Zerga handiagoak ezartzeaz aparte, lurralde horietan bere aginpidea sendotzen eta ziren erakundeak kontrolatzen hasi zen Frantziako erregetza. Joera hori are garbiago erakutsi zuten 1650etik aurrera.

Nafarroa barruan ere tirabirak sortu ziren 1635ean, Espainiaren eta Frantziaren arteko gerra zela eta. Gerra horrek lurralde horretan ere zerga eta soldadu bilketa egitera eragin zuen Olivares konde-dukea. Kontrako erreakzioa ez zen oso gogorra izan. Unión de Armas erakundean Nafarroak parte hartzea gauza egindakotzat eman zen, eta gai hori ez zen Gorteetan eztabaidatu ere egin. Nafarroako erregeordeek soldadu bilketak egiten jarraitu zuten 1637tik 1640ra bitartean, hori foruen kontrakoa zela ziotenak aintzat hartu gabe. Nafarroako agintarien iritzian, soldadu bilketa egitea inork erresuma hori inbaditzen zuen kasuetan bakarrik onartzen zen Foruetan. Beren erreinutik kanpora erasora joan behar zen ekintzetan parte hartzearen kontrakoak ziren nafarrak.

Badirudi Olivaresek aginpidea galtzean berriz ere zuzpertu egin zirela Nafarroako erakundeak, eta, halaber, sustatu nafarren “nazio” kontzientzia. Argi geratu zen Gaztelako Koroaren batasun joera tradizionaletik Nafarroako lege eta erakundeei ez zetorkiela atarramendu onik. Guztiaz ere bada, Nafarroari dagokionez, beste konstatazio bat nahikoa deigarria, eta da, ez zela lurralde horretan, 1640tik 1653ra bitartean, Espainiako erresumaren ertzaldeetako beste Katalunia- Portugaletan-eta bezala matxinadarik eta Espainiatik bereizteko mugimendurik izan, ezta Aragoin Hijar-eko dukeak edo Andaluzian Medina-Sidoniakoak eragin zituztenak bezalako konspiraziorik ere, eta ez, halaber, Bizkaiko herri altxamenduaren antzekorik edo Sizilian nahiz Napolin zergen kontra izan ziren bezalako matxinadarik, nola Andaluziako hirietan bezalako nahasterik ere. Gisakorik gertatu ez bazen ere bazuten nafarrek horretarako adina aitzakia, dirudienez bederen.

Gertatu, ordea, 1647-1648ko Miguel de Iturbide diputatuaren kartzelaratzea beste gertakizun aipagarririk ez zen gertatu, ezagutzen denik bederen, eta, Nafarroa Espainiatik bereizteko konspirazio baten buru omen zen akusazio ilun frogarik gabe bat zela bide gertatua, hori bera.

Frantziaren kontrako gerrak eta Kataluniako matxinadak ez zuten Nafarroaren eta gobernu zentralaren arteko harremanetan eragin handirik izan. Tirabirarik handienak, eta bakarrak, soldadu bilketengatik izan zituzten, Nafarroako Gorteek aldiro protesta egiten baitzuten, hori foruei iraina egitea zela-eta. Azkenean, Felipe IV.ak onartu egin zuen soldadu bilketak egin edo ez eta nola egin Gorteen esku uztea.

 

Inkisizioa eta sorginkeria

Foru herrialdeetako hiru euskal probintziak, Nafarroako erresuma, Burgosko iparraldea, Soriako parte txiki bat eta gaur Errioxa eta Kantabria osatzen duten lurraldeak sartzen ziren Inkisizioaren Calahorra-Logroñoko tribunalaren jurisdikzio barrutian. Oso barruti zabala zen hori, eta iparraldean muga luzea zuena, halaber, San Vicente de la Barqueratik Izabaraino luzatzen baitzen hori. Bestalde, bi giza komunitatek, euskaldunek eta gaztelarrek osatzen zuten. 1570 arte Calahorra izan zen egoitza nagusia, eta urte horretatik aurrera, Logroño.

Bizi ziren lekuaren arabera, bi sailetan banatuak zeuden Inkisizioko kideak: egoitza nagusia zegoen hirian, Calahorran edo Logroñon bizi zirenak osatzen zuten, bata, eta horien jurisdikzioko beste lekuetan bizi zirenek, bestea. Azkeneko talde horretakoek osatzen zuten Inkisizioaren begirale sarea, berebat, komisarioz eta Erakunde Santuaren senide zeritzatenez osatua zegoena. H. C. Lea-k “soldatarik gabeko funtzionario” zeritzan horiek oso sartuak zeuden herrietan, eta horiez baliatzen zen Inkisizioa lurraldeak “politika mailan ere” kontrolatuta edukitzeko.

Komisarioak, elizgizonak denak, herri edo leku nagusietan bizi izaten ziren, leku estrategikoetan, alegia. Horien egitekoa zen senide zeritzatenen lana koordinatzea, beren egoitza nagusira informazioa bidaltzea, Inkisizioaren barnean kargu bat izan nahi zutenen genealogia azterketa egitea eta, herrialdeetan idazki heterodoxorik sar zedin galarazteko, merkantziak nahiz itsasoko portuetan sartzen ziren ontziak kontrolatzea.

Senide zeritzatenek funtsezko garrantzia zuten Erakunde horren azpiegituran, zeren horiek eragiten baitzuten jendea inor zitatzera, eta egon ere, horiek egoten baitziren inoren zelatan edo “zeresanera”. Komisarioek bezala, bazituzten hauek ere beren pribilejioak, bizi ziren lekuetako jendearen aurrean nahikoa itzal handiko bihurtzen zituztenak: zergak ordaindu beharrik eza, ohiko epaimahaien aurrean inmunitatea e.a. Ahal zela ezkonduak izan behar zuten, bizimodu zuzenekoak, bakezaleak, 25 urtetik gorakoak, ekonomia mailan okerrik gabeak,“senidetza” lana egiten zuten lekuan bizi zirenak, ez mekanika ofiziokoak eta, nola ez, odol garbiko zirela froga zezaketenak. Dena den, baldintza horiek guztiak ez ziren beti derrigorrezkoak izan ohi.

Inkisizioaren “senidetzako” postu horiek oso ontzat hartuak izan ziren XVI.. endean, ematen zituen pribilejioengatik, batik bat. Estimazio hori galdu egin zuten XVIII. mendean, “senidetzan” kargu bat zuenak pribilejio horietarako eskubiderik ez izatean, zergak ez pagatzekorik batez ere. “Senidetzako” partaide izatea ere askoz zailago bilakatu zen, aldi berean, eta elitistago bilakatu zen erakundea bera.

Begirale sareaz aparte bazuen Inkisizioak lurraldeak kontrolatu ahal izateko beste era bat ere; horietara bisitak egitea zen beste modua. Han eta hemen tribunal berriak sortzeak eraman zuen horretara. Gero sistematizatu egin behar izan zituen bisitak; urteroko sarritasuna eman zieten. Bisita horiek bazuten berezko egitekoaz aparte beste alde on bat ere, salaketarako joerari bizirik eusten baitzioten, batetik, baina salaketak gero diru sarrera bihurtzen baitziren. Inkisizioaren Calahorra-Logroñoko gizonek, batez ere, bi arazo nagusirengatik etorri izan ziren Euskal Herrira: protestantismoa han sar zedin zegoen arriskuagatik eta sorginkeriagatik.

XVI. mendean kostaldea bisitatu izan zuten; luteranismoaren aldeko libururik sartzen ez uzteko, batik bat. XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, berriz, beste arrazoi batzuek aldarazi zituzten eskualde horietara, entziklopedismoaren eta Frantziako Iraultzaren aldeko ideiak sartzea galarazi beharrak, alegia.

Sorginkeriak ere ekarrarazi izan zituen, bestalde, Nafarroako Pirinio aldera eta Gipuzkoako nahiz Bizkaiko zenbait aldetara batez ere. Logroñoko auto de fé ezagunaren ondoren Alonso de Salazar y Frías inkisidoreak egindakoa (1611) da horietan aipatuenetakoa, Zugarramurdiko epaiketa sonatuei akabera ere eman baitzien horretan. Bisita horietan fede ediktua publikatzen zen aurrena, eta hori bukatzean grazia edo barkamena lortzeko, hots, batek fedearen kontra egin zituen okerrak inkisidorearen aurrean aitortzeko denbora hasten zen. Salaketak ere hartan hasten ziren.

XVI. mendearen hasieratik XVII.a aurreratxo sartu arte Europan izan zen sorgin bolada ez zen Euskal Herriko zenbait alde ere ukitu gabe igaro. Bereziki Nafarroako Pirinio aldean, Erronkariko eta Zaraitzuko haranetan, Baztango eta Orreagako jendearen artean, Bidasoa inguruan eta Lapurdiko partean izan ziren sorginkeria kasuak. “Siglo de brujeria vasca” izenez ere ezagutu izan da 1525- 1610 bitarteko aldi hori. Sorginkeriarako joera ez zen, hala ere, esan diren leku horietan bakarrik izan, ez horietan agertu ere lehenengo; 1500eko Anbotoko kasua eta 1507ko Nafarroakoa, sorginak harrapatu beharrez bazterrak odoldu zituena, adibidez, horiek baino lehenagokoak dira. Gipuzkoan ere behin baino gehiagotan izan ziren sorginkeria kontuengatik arazoak eta orobat Bizkaian, Enkartazioetan eta Arratiako bailaran batik bat. Sorginkeriagatik epaitzen zituztenei, deabruarekin elkar hartuta egotea, haurrak hiltzea edo labore sailak erretzea bizkarreratu ohi zitzaien gehienetan.

Euskal Herriko sorginkeria klasikoaren elementurik bereizgarrienak, beharbada, Zugarramurdiko kasuan agertzen dira argien: sorginkeria kolektiboa izatea, nekazari giroan gertatzea eta zeremoniak egiteko era ikusgarriak (akelarreak) hartzea. Bazituen beste ezaugarri batzuk ere, hala nola, haurrek eta gazteek sorginkerietan parte hartzea, inor kide egiterakoan zeremoniak egitea, familiaz edo dinastiaz sorgin bilakatzea, hegan egiten zutelako mitoa, pozoiak eta ukenduak erabiltzea, deabruzko animaliak (apoak e.a.) bitarteko hartzea eta zeremonietara eramatea, hildakoen hezurrak ateratzea eta nekrofilia praktikatzea, sexu orgiak egitea eta deabruarekin harremanak izatea.

Sorginkeria zapaltzeko eta galarazteko lana ez zuen guztia Inkisizioak hartu, herrietako agintarik ere asko saiatu ziren horretan. Epaiketak hasi eta antolatu, adibidez, eta are zitezkeen zigorrik gogorrenak sorginentzat eskatu ere, agintariek egiten zuten askotan; gero sartzen zen Inkisizioa epaiketa horiek kontrolatzera.

Sorginen kontrako zigorrei buruz esatekoa da, bestalde, ez zuela Inkisizioak, 1507koan Nafarroan erre arazi zituen hogeita hamarrak eta Zugarramurdikoan erre arazitako beste zazpiak aparte, oso zigor gogorrik ezarri izan: ematen zitzaien zigorra, kartzela, isun kozkorrak eta gogozko penitentziak izaten ziren gehienetan.

Inkisizioaren fama egiterakoan, ordea, indar handiagoa izan dute aipatu diren bi gehiegikeria ulertezin horiek gainerako guztiak baino, eta, esanak esan, dirudienez zaila izango da horren Kontseilu Gorenaren eginbidea moduzkoa eta zuhurra izan zela jendearen iritzian sarraraztea. Bidegabekeria litzateke, bada, 1525eko Auritzeko sorgin erreketa eta 1575eko Ultzamako hiru emakumezkoena agintari zibilen lana izan zela, eta hori Inkisizioari parte hartzeko eta azterketa egiteko (lan hori gero hartu zuen Inkisizioak) betarik eman gabe egin zutela ez esatea hemen; eta orobat litzateke ere, XVI-XVII. mendeetan, Europako zenbait lurralde Espainiakoaren estiloko Inkisizio modernorik ez zutenetan, nola Frantzian, Ingalaterran edo Alemanian, auzi beragatik milaka hilarazi zituztela ahaztea.

 

Borbondarrak eta Nafarroa

Borbon familiako erregeak Espainiako erregetzara iritsi arte itun batek zuzendu zituen foru herrialdeen eta erregetzaren arteko tirabirak; itun horren arabera, erregeak nahiz herriak, aitortu egin behar zion batak besteari zuen nortasuna. Erregetzarako Gerraren ondoren Borbon familiakoek Espainiako jargoia hartzean, ordea, eten egin zen indar oreka hori, zeren Borbon etxekoek Estatuari buruz zuten iritzian ez baitzen lurralde batean herrialde berezirik izatea onartzen. Felipe V.a, bada, Olivaresen garaian hasitako integrazio politikoa, hau da, “Gaztelako lege eta estiloaren araberakoa” osatzen hasi zen Espainiako aulkia hartu bezain laster; legedia eta administrazioa bateratzen, alegia. Horrela, Nueva Planta-ko dekretuak zirela bide, Aragoiko foruak abolitu ziren. Nafarroarako, Bizkaiko Jaurerrirako nahiz Gipuzkoa eta Araba probintzietako foruen gain ez zuten indarrik izan horiek. Lurralde horiek Erregetzarako Gerran Felipe Anjoukoaren alde atera izanak libratu zituen, noski, foruak galtzetik. Nafarroako Diputazioak ontzat eman zuen Karlos II.ak Felipe V.aren alde egin zuen testamentua (1700eko azaroa). Bestalde, gerrako aldirik gogorrenetan ere (1706an eta 1710ean) Austriako erregegaiaren kontra eta Borbongo etxearen alde agertu ziren nafarrak.

Espainiako erregetza Borbon etxekoek hartzen bazuten negozioek ere hobera egingo zutela uste zuten Nafarroako merkatari ahaltsuek, esportazioan eta inportazioan baitziharduten. Felipe Anjoukoak Espainiako erregetza hartzea gauza ona izango zen, bestalde, Espainiaren eta Frantziaren artean gerrarik ez izateko, eta horrek gastu militarrak eta kontribuzioak gutxitzea ekarriko zuen. Oso duina, baina, aldi berean, kostu handikoa izan zen Nafarroak Frantziako erregaiari eman zion laguntza. Gerrak, ohi duen bezala, harrapaketa eta triskantza handiak ekarri zituen Nafarroara ere, Aragoi ondoko herrietara eta Tuterako merindadera batik bat; gizonezkoen artean soldadu bilketak egiteari, gerra gizonei etxeak eta mantenua eman beharra eta gerrarako kontribuzioak ordaindu beharra erantsi baitzitzaizkien.

Eta Nafarroako Gorteen eta Diputazioaren protesta guztiak, aipatu diren neurri horiek lurralde horretako legeen kontrakoak zirela ziotenak-eta, alferrikakoak izan ziren.

Laguntzak laguntza, izan zen Nafarroaren eta erregetzaren artean tirabirarik XVIII. mendean. Gehiago oraindik, tirabirak gogorrago bihurtzea izango da mende horren ezaugarria. Borbondarren erreformismoa ez zen, hala ere, hartzen zituzten erabakiak kosta ahala kosta mantentzeko bezain gogorra izan. Hori erakusten du bederen aduanak kostara aldatzekotan (1717) gertatuak. Erabaki horren arabera, ez zen lur barruko portuetan (Balmasedan, Urduñan eta Gasteizen) aduanarik izango gehiago, horietan egiten zena itsasoko portuetan (Bilbaon, Donostian eta Irunen) egingo baitzen handik aurrera. Neurri horrek, ordea, matxinatzera eraman zituen Bizkaia eta Gipuzkoako mendebaleko partea (1718). Aldaketa horrek nekazarientzat zekartzan kalterik handienak, laboregaiak eta beharreneko beste zenbait gai ere, itsas portuetatik sartzen zirenez, garestitu egin baitziren horrekin. Matxinatu ere, horiek eta hirietako jende xehea matxinatu zen, 1631- 1634ko gatzarenean bezala oraingoan ere, traidoretzat jotzen zituzten jauntxoen kontra. Matxinada zapaldu zuten, baina aduanak lehengo lekuetara eraman zituzten berriro. Gauza bera gertatu zen Ebroko aduanekin, Pirinioetara aldatu (1717), eta atzera lehen ziren lekuetara bihurtu zituzten horiek ere (1722). Abenduaren 16ko Errege Dekretuan honela zioen Felipe V.ak: “Erabaki dut, 1717ko abuztuaren 31ko eta 1718ko abenduaren 31ko dekretuetan berriz planifikatu eta, Nafarroako erreinuan, Bizkaiko Jaurerrian eta beste probintzietan, itsasoko portuetara eta dagozkien beste mugetara aldatu ziren aduanak, lur barruko lehengo igaro lekuetara itzultzea”.

Soldaduz nahiz diruz erregetzari laguntzea, edo ez laguntzea, Gorteen erabakikoa zela defenditu izan zuten nafarrek, borbondarren garaian ere. Karlos III.aeta Karlos IV.a, berriz, kontrara saiatu ziren, zergak eta gastu militarretarako kontribuzioak biltzen, alegia. Karlos III.ak 1772an ezarri nahi izan zuen soldadu bilketako sistema berriak, erresistentzia handia aurkitu zuen lurralde horretan. Zerga kontuan, aldiz, XVIII. mendean nahikoa erraz amor eman izan zuten Gorteek.

Neurri batean eta zeharbidez, Nafarroako Gorteei lagundu egin zieten Espainiako erregeek, zuten autoritatea ez galtzen behintzat, zeren, nola horien baimenik gabe konstituzioa aldatzera ausartu ez ziren, konbokatu egiten zituzten, eta, gogoa bestalderakoa bazen ere, indarra ematen zieten hori egitearekin. XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, berriz, Instituzio horri protagonismoa kentzen saiatu ziren.

Baina, hartan ere ez ziren neurri erradikalik hartzera ausartu; bai, ordea, foru paseak onartzeari eta Nafarroako Gorteen erabakiei eta legeei onespenik ez ematera. Protagonismoa Diputazioak hartu zuen orduan, bai eta Espainiako koroak bidea eman horri ere; izan ere, erregetzak Gorteetako hiru Estatuekin baino nahiago zuen Diputazioarekin negoziatu.

Aurreko dinastiak XVII. mendeko krisian galdutako ahalmenak berreskuratu nahi izan zituzten Borbon etxekoek. XVIII. mendearen lehenengo erdia bitartean jarrera gogorra agertu zuten tradizioz tirabira iturri izan ziren puntuetan, soldadu eta kontribuzio bilketetan. Gainerakoan nahiko moldaerrazak agertu izan ziren Nafarroako autonomiarekiko. Esan da aduanak aldatzerakoan nolako frakasoa izan zuten; nolako protestak eta nahasketak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan horrekin foruei eta tradizioei egiten zitzaien gaitzagatik. Proiektu horrek aurrera egin izan balu, zerga handiagoak ordaindu beharko zituzten euskaldunek. Nafarroan, horri ere neurri berbera ezarri arren, beste lekuetako matxinadarik zergatik izan ez zen oraindik ez da argitu ahal izan. Lurralde horretan, neurri horren aldekoen eta kontrakoen kopuruetan diferentzia handirik ez zegoelako agian.

Fernando VI.ak eta Karlos III.ak ere atera zuten aduanen auzia, eta aldatzeko proposamena Nafarroako Gorteen aurrean aurkeztu ere egin zuten (1757an eta 1780an), baina horiek ezezkoa eman zieten biei, eta saioak saio, 1841 arte lehengo lekuetan geratu ziren aduanak.

Lortu zuen, bada, Nafarroak, XVIII. mendea bitartean bederen, zituen foruei eustea, baita Aragoiri bereak kendu zizkioten Nueva Plantako Dekretuek sortu zuten kolokalditik onik ateratzea ere. Baina, mende horren erditik aurrera, zentralismoaren haize erauntsira lazturik dabilen itsasoan bere berezitasun politikoak gorde dituen uharte bakartu bat bezala agertu zen Nafarroa. Ilustrazioaren eta erreformismoaren jarraitzaileek ez zituzten foruen aldeko tesiak begi onez ikusten; eta gehiago dena, gisako partikularismoak mesprezatu egiten zituzten, zeren, foru eta gainerako erakunde autonomoek zenbait erreforma aurrera eramateko traba egiten baitzuten, horien iritzian. Nafarroako agintariak orduan, zituzten erakundeen eta lege propioen aldeko argudio eta oroi liburuak prestatzen hasi ziren. Diputazioak soldadutza sistema berria (soldadu bilketa urtero egitea) Nafarroan aplikatzearen kontra egin zituen protesta guztiak alferrikakoak izan ziren. Baina, neurri horrek Nafarroan eta beste euskal herrialdeetan eragin zuen kontrako erreakzioa zela bide, aplikatu ere ez zuten pentsatu bezain zorrotz egin.

Nafarroako Gorteek erakutsia zuten, bada, nahi bezain erraz erabiliko ez zituztena.

Ahal zuen guztian erakunde hori bazterrera uzten saiatu zen, bada, Karlos III.a. Baina, berrikuntza sakonak ezartzeko biderik egokiena Gorteak alde batera utzi eta errege zedulaz egitea ez zela ere laster konturatu zen. Godoyk foru sistemaren kontra zuen jarrera gogorra 1796ko Errege Zedulan gauzatu zen.

Zedula horren arabera “foru paseak” ez zuen gehiago indarrik. Neurri hori ere, ordea, ez zen idatzi bezain estu aplikatu. 1796-1808 bitarteko aldia Nafarroako Foruentzat gogorra izan zen, hala ere. Nafarroak beste edozein lurraldek baino gogorrago aurre egin zien bai Borbondarren zentralismoari, bai XVIII. mendeko erregeen mugimendu erreformistari nahiz batasun zaleari eta bai foru lurraldeak edo estatuaren barneko “estatuak” ezabatzearen aldeko joera guztiei ere. Tirabira aldia izan oreka aldia izan, Nafarroak bere bideari jarraitu zion beti, 1841ean ley paccionada edo sorreran “Foruak aldatzeko legea” zeritzana ezarri eta horiek Espainiako konstituzio liberalari egokitu behar izan zitzaizkion arte.

 

Nafarroa Gaztelak konkistatu ondoren

1512 Uztailetik iraila bitartean, Albako dukeak Nafarroa konkistatu zuen.Urritik abendura bitartean, Nafarroa berreskuratzeko lehenengo saioaegin zen.1513 Nafarroan Inkisizioaren tribunala sortu zen.1515 Nafarroa Gaztelako Koroari lotua geratu zen.1516 Nafarroa berreskuratzeko bigarren saioak frakaso eman zuen.1520-1521 Gaztelako Komuneroen matxinada.Gerra Zibila Gipuzkoan eta Aguraingo kondearen matxinada Araban.1521 Nafarroa berreskuratzeko hirugarren saioa. Frantziarren inbasioa.Noaingo gudua.1530 Nafarroa Frantziaren eta Espainiaren artean banatu zuten.Karlos V.ak Mendiz Haraindiko lurraldea utzi zuen.1559 Cateau-Cambrésis-eko ituna.1561 “Foru pasea” onartu zen. Erregeen probisioek Nafarroako Kontseiluarenbaimena behar zuten baliozko izateko.1572 San Bartolomé gaueko sarraskia Frantzian.1576 Nafarroako Diputazio iraunkorra sortu zen.1583 Tuterako Gorteek Mendiz Haraindiko merindadeko biztanleei nafarizateko eskubidea ukatu zien.1594 Enrike IV.a Frantziako errege egin zuten.1598 Nantesko Ediktuaz frantziar higanotei erlijio askatasuna aitortu zitzaien.1624 Richelieu Frantziako gobernuaren jabe egin zen. Olivares konde-dukeakUnion de Armas proiektua aurkeztu zuen.1631-1634 Gatzaren matxinada Bizkaian.1635 Espainia eta Frantzia gerran hasi ziren.1640 Portugal eta Katalunia matxinatu ziren.1648 Fronde elkartekoen matxinada Frantzian.1684 José Moret-en Anales del Reino de Navarra argitaratu zen.1705-1714 Espainiako Erregetzarako Gerra.1707 Nueva Planta-ko Dekretua.1718-1722 Aduanak (behin-behingo) kostara aldatu zituzten.1772 Nafarroan urteroko soldadu bilketa ezarri zuten.1789 Frantziako Iraultzarena. Karlos IV.a Espainian errege jarri zen.