Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Alejo Carpentier (1904-1980) Julio Cortazar (1914-1984)

Alejo Carpentier

 

Alejo Carpentier

Habanan jaio zen, 1904ko abenduaren 26an. Aita bi urte lehenago Kubara joandako arkitekto frantses bat zen. Bera ere arkitektura ikasketak egiten hasi zen baina bukatu gabe utzi zituen. 1924-1928 bitartean Carteles aldizkariko zuzendaria izan zen eta Revisa de Avance aldizkariaren sortzaileetako bat, 1927. urtean. Gero espetxeratua izan zen bere ideia ezkertiar nazionalistengatik . Harreman estua izan zuen Amadero Roldan musikariarekin eta Kubako "musika berria"-ren lehen kontzertuak antolatu zituen. Frantziara erbesteratu zen eta han bizi izan zen bere bizitzako urte gehienetan, Iman aldizkariko zuzendari lana eginez, besteak beste. Espainian idazleen biltzar batean (1937), Kuban musikologia azterketak egiten eta irratain lan egiten (1939), eta Haitin esklaboen istoria aztertzen (1943), besteak beste, egon ondoren, 1945ean Karakasa joan zen eta han bizi izan zen 1959 arte. Urte hartan, Kubako Iraultzaren garaipena zela eta, bere herrialdera itzuli zen eta iraultzaileekin bat egin zuen.

Harrezkero Kubako gobernu iraultzailearen enbaxadore izan zen Frantzian, eta Parisen hil zen, 1980an.

"La discusion" aldizkarian artikuluak eta saiakerak idatziz bere burua ezagutzera eman ondoren, 1930ean bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, Ecue-Yamba-O!, afrokubatar estanpen bilduma bat ; eleberriak interes handiago du estilistika ariketa eta dokumentu gisa kontakizun gisa baino, eta ez dauka zerikusirik hurrengo lanekin.

Urte hartan bertan afrokubanismoari buruzko eleberri dokumental bat argitaratu zuen, argazki eta guzti. Gero denbora luzean batere argitaratu gabe egon ondoren -salbu musikologiazko lan bat, La musica en Cuba (1946, Musika Kuban)-, 1949an El reino de este mundo (Mundu honetako erreinua) eleberria argitaratu zuen, Santo Domingoko uhartean iraultza bitartean gertatu ziren gertaera batzuen berri emanez, gauza irudizkoak eta historikoak nahastuz, eta afroantilletarren sinesmen magikoak askatasuna eta justizia lortzeko nahiarekin elkartuz .

Hurrena Lospasosperdidos (1953, Urrats galduak) argitaratu zuen, aurrez aurre jarriz Latinamerikako ezaugarri nagusitzat zuen "miragarritasuna" sartaldeko zibilizazio teknikoaren mundu arrazionalista eta mekanikoarekin ; eleberri horretako protagonista musika primitiboari buruzko ikerketak egiten dituen Latinamerikako musikologo bat da, idazlea bera zen bezala.

Handik hiru urtera El acoso (1956, Esetsaldia) argitaratu zuen, Bautistaren errejimenaren klaustrofobia eta frustrazioak azalduz. 1958an Guerra del tiempo (Denboraren gerra) argitaratu zuen, aurretik idatzitako hiru kontakizunen bilduma : El camino de Santiago (Santiago bidea) -Kontraerreformako eta erlijio gerren garaiari buruzkoa-, Viaje a la semilla (Bidaia hazira) -kronologien eta biografien ohiko ordena irauliz, lur jabe baten bizitza kontatzen du, hil zoritik jaio bitarteraino eta are atzerago ere, gizakia bera sortu aurreko garaietario- eta Semejante a la noche (Gauaren antzeko).

Baina Carpentierren lanik ospetsuena El siglo de las luces da (1962, Argien mendea).

Eleberria kronika historiko mardul bat da, Kariben kokatua, Frantziako Iraultzak sortu zituen kontraesanen eta indarkeriaren berri ematen duena. Gertakizuna Guadalupeko uhartean gertatzen da, hango merkatari bat Frantziako Iraultzaren ideiak ez ezik gillotina ere ezartzen ahalegindu zenean.

Aurreko eleberrietan ez bezala, lan honetan Carpentierrek estilo barroko txundigarri baten maisutasuna erakutsi zuen, bere kontakizun egituren konplexutasunak eta xarmagarritasunak eta zorroztasun historikoak eta dokumentalak areagotua.

Azkeneko lanean artean hauek dira aipagarrienak : El discurso del metodo (1974, Metodoaren diskurtsua), El derecho de asilo (19872, Babes eskubidea), Los convidados de plata (1973, Zilarrezko gonbidatuak), Concierto barroco (1974, Kontzertu barrokoa), La consagracion de la primavera (1978, Udaberriaren sagaratzea) eta El arpa y la sombra (1979, Harpa eta itzala).

Carpentierrek, Espainiako Urrezko Mendeko idazleen eragin handia duen prosa izugarri oparo eta barroko baten bidez, Ameriketako kontinentearen bizitzako eta politikako arazoak aztertu zituen bere obran, bai eta beste inork baino hobeto erakutsi Karibeko mudu magikoaren xarma eta lilura.

 

Julio Cortazar

Bruselasen jaio zen, 1914ko abuztuaren 26an. Argentinan egin zituen ikasketak, argentinarrak baitzituen gurasoak, eta han hasi zen lanean ere, itzultzaile gisa. 1951n argitaratu zuen bere lehen kontakizun liburua, Bestiario, elementu irrazionalez betetako mundu bat aurkeztuz hizkuntza argi eta eutsi baten bidez. Handik gutxira, Frantziako gobernuaren beka bati esker, Parisa joan zen, eta han bizi izan zen aurrerantzean . Dena den, asko ibili zen batetik bestera, UNESCOko funtzionario gisa.

Kuban iraultzaileak nagusitu zirenean, bidaia egin zuen Habanara, Fidel Castrokgonbidatuta, eta iraultzaren aldezle eta zabaltzaile izan zen harrezkero, iraultzaren aldeko saiakerak eta artikuluak idatziz, eta hitzaldiak eginez. Nikaraguan ere izan zen, Fronte Sandinistak aginpidea lortu zuenean, eta han bizitakoaren berri emanez idatzi zuen Nicaragua tan violentamente dulce (1984, Nikaragua hain bortizki eztia).

Parisen, bizimodua ateratzeko, Poe eta Yourcenar-en lanak itzuli zituen, besteak beste, maisutasunez itzuli ere. Haren obraren parte handi bat argitaratuta bazegoen ere Buenos Airesen, Parisko aldian hasi zen haren ospea nazioartera zabaltzen. Poesia idazten hasi zen, Julio Denis izenordea hartuta (1938, Presencias). Nahiz eta prosak ekarri zion ospea, poesia idazten jarraitu zuen, eta prosan idatzitako poema bat ere argitaratu zuen, Los reyes (1949, Erregeak), minotauroren mitoari buruzko aldaera.

Garai hartan bere lehen ipuinak idazten hasi zen, Borges maisutzat eta ardaztzat zuen Buenos Airesko literatur ingurunean.

Izan ere, Borgesek errealismo erromantikoa baztertuta, ateak zabaldu baitzizkion fikzio fantastikoari. 1951n bere lehenengo kontakizun liburua argitaratu zuen : Bestiario (1951, Piztitegia). Eta urte hartan bertan joan zen Parisa, bai peronismoaren ezinikusiak bultzatuta, bai mugak gainditu beharrak bultzatuta.

Cortazarren fantasiaren ikuspegian nabarmena da bere maisu handi Poeren eragina, baina haren literaturaren handitasuna hizkuntzaren erabileran datza : alegia, idazlea pertsonaien hizketa moduan eta esaldi eginen eta modismoen erabilera inoiz isekazkoan oinarritutako sedukzio estrategia batez baliatu zen. Cortazarrek Argentinakoerdiko klaseko jendearen hizketa modua birsortu zuen, beste batzuek auzo pobreetakoa birsortu zuten bezala. Hori zuen fantasia egunerokotasunean tartekatzeko modua, bilbearen ifrentzuan dauden errealitateetara ihes egin nahiz bezala.

Cortazarren lanek Frantziako surrealismoaren eragin handia dutela esan ohi da.

Haren ipuinek bi espazio paralelo aurkezten dituzte : kontakizunean gertatzen diren gauzen bertsio errealista naturala erakusten du batean, eta gertakari horien berorien bertsio naturaz gaindikoa bestean. Ezaugarri horiek berak aurki daitezke haren beste ipuin liburuetan : Historias de Cronopios y de Famas (1962, Kronopio eta famen historiak) -Buenos Aires karikaturizatu bati buruzko oharren eta inprobisazioen bilduma umoretsu bezain samurra-, Las armas secretas (1964, Arma sekretuak) eta Octaedro (1974, Oktaedroa, Gerardo Markuletak euskaratua).

Baina behin betiko ospea eleberri batek eman zion, haren maisulantzat hartzen dena : Rayuela (1963), esperimentala hizkuntzari dagokionez, eta Parisen eta Buenos Airesen girotua. Liburu horretan, munduari buruzko ikuspegi zatikatua eta anbiguoa, batetik, eta argentinar emigranteen eta frantsesen arteko kontrapuntua, bestetik, halako friso polifazetiko batean elkartzen dira. Liburua abentura espiritual zoragarria da eta hitzaurrean idazleak irakurlea gonbidatzen du kontakizunaren prozesuan parte hartzera, kontakizunaren materia ordenatzeko modu desberdinak iradokiz. Errealitateari antz emateko eta gauzak adierazteko formula desberdinak proposatzen dituen liburua da, eta argitaratu zenean, kritikaren goraipamen eta laudoriozko hitzen artean, baina baita eztabaida handien artean, Carlos Fuentes idazle mexikarrak liburua Pandoraren kutxarekin konparatu zuen. Rayuela, eztabaida handiak piztu bazituen ere Latinamerikan, abangoardiaren eta modernoatasunaren ordezkari nagusi bilakatu da.

Ahalegin berritzaile horren bidetik, 62.

Modelo para armar (1968, Muntatzeko eredua) idatzi zuen gero. La vuelta al dia en ochenta mundos (1967, Egunari ingurua laurogei mundutan) eta Ultimo round (1969, Azken raunda) lanetan collage teknikaz baliatu zen eta egunkari zatiak, iruzkinak, prosa eta poesia nahastuta erabili zituen, generoen muga ortodoxoak hausteko ahaleginean. Geroko lanen artean aipagarriak ditu, besteak beste : eleberri bat, Libro deManuel (1973, Manuelen liburua), ipuin bildumak, Oktaedroa (1974), Alguien que anda por ahi (1977, Hor dabilen norbait), Un tal Lucas (1979, Lukas delako bat) -denetan autobiografikoena-, bidaia liburu berezi bat, Les Autonautes de la cosmoroute (1982, Kosmobideko autonatak), bere neska lagun Carol Dunlopekin batera idatzia.Julio Cortazarrentzat kontakizunaren legeak haustea ez zen lizentzia hutsa, idazteko modu bat baizik. Azken liburu horietako batean, Manuelen liburua, muturreraino eraman zuen lege hauste hori, bere konpromezu politikoa eta ezkerreko ideologia agerian uzteaz gainera. Azken batean, Cortazarren kontakizun guztiak eguneroko errealitatearen islaren eta ikerketa metafisikoaren artean oreka lortu nahiaren inguruan mamitu ziren, eta horrek ateak zabalik uzten zituen liburuak era desberdinetan interpretatzeko.

1983ko bukaeran Julio Cortazarrek bidaia egin zuen Buenos Airesa -oso harrera beroa egin zioten-, eta handik gutxira, 1984ko otsailaren 12an, hil zen, Parisen.