Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Elian Canetti (1905-1994)

 

Idazle deserriratua

Elias Canetti Rustschuk-en (Bulgaria) jaio zen 1905ean, Bulgaria turkiarren mendean zegoen garaian, familia judu batean ; aita sefardia zuen jatorriz, ama, berriz, askenazia . 1911n Ingalaterrara joan zen bizitzera bere gurasoekin, eta han hil zitzaion aita, Manchesterren. 1913an, amak eta Canetti anaiek Vienan hartu zuten bizilekua. 1916tik 1924ra Canettik batxilergo ikasketak egin zituen Zurichen eta Frankfurten. 1924tik aurrera izadi zientziazko ikasketak egin zituen Vienan ; 1929an doktore izendatu zuten kimika zientzietan. Baina berehala hartu zuen Canettik literaturan aritzeko erabakia.

1935ean argitaratu zuen bere nobela bakarra, Die Blendung (Lilura edo Autodafe), 1935ean argitaratua eta naziek debekatua ; obra horren ondoren hogeita hamar bat urte eman zituen berarentzat bere obra osoko libururik garrantzitsuena zena idazten : Masse und Macht (Masa eta agintea), 1960an Hanburgon argitaratua.

Canettiren heste idazlan batzuk : Die Komodie der Eitelkeiten (1934, 1950ean argitaratua, Hutsalkerien komedia), Der andere Prozess. Kafkas Briefe an Felice (Beste auzia. Ka/kakFeliceri idatzitako gutunak), Die Provinz des Menschen. Aufzeichnungen (Gizonaren probintzia. Bizitza baten historia), Die Fackel im Ohr. Lebensgeschichte (1921-1931, Zuzia belarrian), Das Gewissen der Worte (Hitzen kontzientzia), Das Augenspiel.? Lebensgeschichte (1931- 1937, Begien jokoa).

Bitartean, gorabehera politikoak zirela eta, erbestera joan behar izan zuen berriz, eta Ingalaterran hartu zuen berriro ere bizilekua, han bizi izan zen luzaroan, harik eta 1970 inguruan Zurichen (Suitza) behin betiko kokatu zen arte. Canettik txikitandik bizilekutzat izan zituen hirien zerrendak - Rustschuk, Manchester, Viena, Zurich, Frankfurt, Londres- Europako erdialdeko hiri garrantzitsuenak biltzen ditu, eta ez ustekabean hala ere, zeren eta Canettirengan ondo gorpuzten baita, sefardia izanik,XX. mendean askenazi gehienek egin behar izan zuten ibilbidea, deserrian ibili behar izan baitzuten ia etengabe, naziek esetsita batik bat. 1981ean Literaturako Nobel saria eman zioten ; 1994an hil zen.

Europan barrena batetik bestera ibiltze horrek lurralde zabal eta era askotako batekoa zelako kontzientzia errotu zuen Canettirengan, eta sentipen horrek hizkuntza, kultura eta paisaje asko bereganatzea ekarri zion. Aberriaren uste mugatu oro arbuiaturik, Canettik txiki-txikitandik izan zuen Europa osoa lurralde kutuntzat, eta herri asko eta elkarren desberdinak izan arren, batasun bat ikusten zion eremu handi hari.

Harentzat, Europan zehar ibiltzea, eta Europako erdialdean bereziki, ez zen kokalekuz, aberriz edo kulturaz aldatzea. Bai hizkuntzaz aldatzea, baina ez kulturaz aldatzea, zeren eta Canettik oso kontuan hartzen baitzuen bereizkuntza hori, eta haren bizitzaren ezaugarri bat baita : ez bide zen gustura sentitzen nazio ideologiaren batek estuegi mugatutako lurralde batean, eta agian horrexegatik bizi izan zituen bere azken urteak Suitzan, hiruzpalau nazioz osatua eta hiruzpalau hizkuntza hitz egiten dituen herrialdea baita, askoz indar handiagoko eta ezaugarri indartsuagoko nazioen artean kokatua : Italiaren, Frantziaren, Alemaniaren eta Austriaren artean. Canettiren lurralde gabetasun horrek edo deserri horrek zerikusi handia du hizkuntzaz zuen usteekin eta sentipenekin.

 

Hizkuntzaren auzia

Canettik bulgariera eta ladinoa familiatik ezagutzen zituen, eta, geroztik, bizi izan zen herrialdeetako hizkuntzak ere ikasi zituen : ingelesa eta alemana. Eskolan grekera eta latina ikasi zituen, eta baita frantsesa ere, egonaldi luzeak egin baitzituen Parisen eta irakurri ere asko irakurri baitzuen frantsesez . Baina kontua ez da soil-soilik hizkuntza asko zekizkiela, gertaera horrek Canettirengan sortu zuen ikuspegi berezia baizik.Canettiren garaian eta bere inguruan izan zituen idazleen artean hizkuntza auzi erabakigarria eta oinarri-oinarrizkoa zen kulturari buruz zuten ikuspegian eta uste orokorrean . Hizkuntzaren filosofoa ez izanagatik, Canettik arreta handiz jarraitu zion XX. mendearen hasieran Europako kulturan, eta batez ere Vienan, hizkuntzari buruz izan zen eztabaida biziari. Giro horren adierazgarri da Hugo von Hofmannsthal-en, Fritz Mauthner-en eta Sigmund Freuden obren baitan zegoen hizkuntzaren filosofia ; oro har, literaturazko adierazpenaren oinarria, batetik, eta gizakien arteko komunikazioarena, bestetik, izatez den hizkuntzarekiko mesfidantza zen giro haren ezaugarri nagusia.

Eztabaida horri dagokionez, eragin handia izan zuen Canettirengan Karl Kraus olerkaria eta kritikaria ezagutu izanak eta hark zuen jarrerak. Canettik berak aitortua da Krausek Vienan egiten zituen hitzaldi sutsuen miresle handia izan zela, eta bere prestakuntza intelektualerako bi eredu nagusi izan zituela gaztaroan: Karl Kraus bera eta Robert Musil. Baina Canettik Krausi zion mirespen hura haren hitz egiteko moduak sortua zen, hitzaren bizitasunak eta edozein hizkuntzak duen ahalmen mugagabeaz jabetu izanak. Hitzaren errejistro fonetiko, musikal eta dramatikoez konturatu izanak eragin handia izan zuen Canettiren estiloan, eta isiltasuna eta arnasketa ere era berean balioetsi zituen, orrialde oso bateko esaldiak bezain esanguratsuak eta funtsezkoak iruditzen baitzitzaizkion, eta, Freuden hizkuntzari buruzko teorien harian, garrantzi handia ematen zion orobat batzuetan erreparatu ere gabe esaten ditugun hitzen atzean ezkutatzen den egiari.

Horrek ez du esan nahi Canettik interesik ez zuenik hizkuntzaren bidez esan eta eratu daitekeen guztian, baina oso kontuan hartzekoa da Canettirentzat hizkuntza etahizketa bete-betean zegozkiola gorputzari, eta, hortaz, hizkuntza mintzatuak ez zuen harentzat behar bezain eraginik izango, non ez baitzen gorputz bizi batetik sortua.

Canettik hizkuntzaren edukiaz zuen iritziari dagokionez, berbaldi tinko luzeak egiteko gauza ziren idazleak zituen maiteenak, gaztetan lilura sortua zion Karl Krausen oratoriaren bultzada eta bizitasuna zutenak, alegia. Aipa dezagun, besteak beste, James Joyceren hizkuntza literarioaren sakabanatzea Canettiri ez zitzaiola behin ere gustatu; Robert Musil idazle alemana eta Hermann Broch austriar nobelagilea, berriz, beti izan zituen gogoko, kontuan hartu beharra baitago bi horien prosa XX. mendean aleman hizkuntzak eman duen obrarik gailenena dela filosofiaren aldetik eta landuena adimenaren aldetik.

Bere garaiko pentsalari goren batzuek -Hoffmannsthal, Wittgenstein, Rudolf Steiner- hizkuntzaren adierazteko eta komunikatzeko ahalmena oso garbi ikusten ez bazuten ere, Canetti, aitzitik, hitzaren aldezle sutsua izan zen beti, eta mututasunaren etsai amorratua beraz : Jakinduria isila arriskutsua iruditzen zait, gero eta isilagoa izaten baita, eta, azkenik, ezkutuko jakinduria bihurtzen, XX. mendeko idazleen artean Canetti izan zen, Musil, Broch eta Freudekin batera, gehien borrokatu zena hitzaren arrazoiak eta zentzuak indarrean iraun zezan, eta, zentzu horretan, esan liteke Canetti Ilustrazioaren eta erromantizismoaren oinordekoa izan zela, hitzari dagokion energia espiritualaren ordezkari izan zenez.

 

Idazlearen egitekoa

Arestian aipatua da Canettik osotasun baten gisa ikusten zuela Europa, eta ez ziela, beraz, garrantzi handirik ematen nazioen berezitasunei eta ezaugarriei, non ez zuten osotasun hori indartzen eta iraunarazten. Hortaz, Canetti ez zen batere nazionalista izan, Europaren batasun espiritualean sinesten baitzuen, Goetheren eta posterromantizismoaren ideiekin eta tradizioarekin bat eginik.

Vienan XX. mendearen hasieran zegoen kultur giroaren elementu batzuen bidez antolatu zuen Canettik bere literatura eta bere kulturaren ikuskera. Harentzat, pertsonaren nortasuna ez zen soilik konplexua, anitza zen gainera, eta horrek eragin handia izan zuen Canettiren beraren literaturaren teorian, eta itxuraldaketaren ideiarekin lotu zuen hala nortasunaren izate behin behinekoa nola hizkuntzaren higimena : «Hasieran ez zegoen inolako koherentziarik.

Milaka eta milaka ideia askaturik besterik ez. Ideia haiek pertsonaia bihurtzen hasi ziren arte ez zen sortu loturarik, ordena jakin baten hasiera edo izan zitekeen zerarik. Itxuraldaketaren bidez neure buruaz ahazteko ahalegin suminean neukan jarria neure arreta guztia.- 1976an idazlearen zereginari buruz Munichen egin zuen hitzaldi batean honela mintzatu zen Canetti : 4txuraldaketen gordelari deitu diet idazleei, eta hala dira zentzu batean baino gehiagotan. Mundua lanari etekinak ateratzera eta espezializaziora zeharo emana dagoenez, eta, halako mugatze lineal batean, iritsi nahi dituen helburuak baizik ikusten ez dituenez ; munduak, bere aldetik, gailur horietako bakardade hotzetara bideratzen dituenez bere indar guztiak, haina kontuan hartzen ez duenez eta nahasi egiten duenez hurbil duena, askotarikoa eta benetakoa dena, inongo gailurrera igotzeko zubi izatera makurtzen ez dena ; mundu horrek gero eta gehiago debekatzen duenez edozein itxuraldaketa, zeren eta ekoizpenaren helburu hakar eta unibertsalaren kontrakoa irizten baitio, eta guztiz modu burugabean ugaltzen dituenez bere burua suntsitzeko baliabideak eta saiatzen denez aldi berean gizonak aldez aurretik bereganatuak zituen nolakotasunen hondarrak itotzen, zeren eta horrek traba egin bailiezaioke ; mundu hori horrelakoa denez, eta izan litezkeen mundu guztien artean itsuena dela esango genuke guk, oso-oso garrantzitsua dirudi hain zuzen itxuraldaketaren dohain baliotsu horretaz baliatzen jarraitzeko prest dagoen jendea existitzeak, zer ere egiten duen munduak.»

 

Jendetza eta gizabanakoa

Canetti Europako inperiorik gailen eta zabalenetako batean jaio zen, inperio hori gainbeheran hasi zen unean bertan. Ordu arte inperio hura oso bateratua egona zen lurraldearen eta politikaren aldetik, hizkuntza bat nagusitua zen beste guztien artean -alemana-, eta burges onaren eta abertzale onaren mito liberal indartsua sortua zuen, inperioaren aurrerabide ekonomiko, politiko eta militarraren alde ari zen gizon txit prestuaren mitoa.

Baina handik aurrera errealitate eta uste haiek guztiak lilura hutsa bihurtu ziren : inperioa desegin egin zen, hizkuntzak ugaldu, lurraldeek mugak aldatu zituzten, eta haietako asko burujabe eta independente egin ziren. Garai hartan abangoardiako joerak nagusitu ziren artean, batzuk estetizistagoak, besteak iraultzaileagoak.

Testuinguru hartan, Elias Canettik hondamen haren aztarnak bildu zituen, mende osoan zehar egin zuen gertaera haiei buruz gogoeta, eta etengabe lehiatu zen Europaren baitako kultura eta zibilizazio humanistiko galdu hura berreskuratzen. Haren obran garbi adierazia dago XX. mendearen auzi nagusia masa edo jendetza eratu izana dela, eta horrek ondorio handiak ekarri dituela, eta masaren trinkotasun astun likatsu horren kontra gizabanakoen hitzezko burujabetza, adimenezko burujabetza, dela irtenbide bakarra. Canettirentzat gizabanakoaren zeregin nagusia burujabetza galdua berreskuratzea da, gizabanakoa baita, azken batean, itxuraldaketak egiteko eta masaren ideiak edo aitzakiak kutsatu gaheko adierazpenak egiteko askatasuna bere gain daukan bakarra . Azkenik, Canettiren iritzian, berreskuratze hori edozeinen esku dago, horretarako aski baita hizkuntza esaten diogun tresna unibertsal hori zaintzea eta trebatzea.