Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Alphonse Daudet (1840-1897)

Alphonse Daudet frantses idazlea N?mesen jaio zen, Proventzan, 1840. urtean eta Parisen hil zen 1897an. Antzerki, eleberri eta kontakizun laburren idazle gisa nabarmendu zen, eta bere obretan Frantziako hegoaldeko pertsonaiak eta bizitza adieraztean erakutsi zuen umoreak eta sentimentalismoak eman zion, batez ere, ospea.<br><br>

 

Gaztetako urteak lehenengo idazlan aipagarriak

Daudeten aitak seda lantegi bat zuen, haina 1849. urtean lantegia saldu eta Lionera alde egin behar izan zuen Daudeten familiak. Hasieran atsekabea eragin zion Daudeti hango giro hezeak, baina gerora atseginez hartu zituen inguru hartako paisajeak eta lurraldeak. Lionen hasi zen idazten, oso gazterik ; hamalau urte zituenerako idatzita zituen, esaterako, olerki batzuk eta lehen kontakizuna.

1857. urtean gurasoen negozioek hondoa jo zuten, eta ondasun guztiak galdu zituztelarik, Daudetek bertan behera utzi behar izan zituen ikasketak. Eskola batean hasi zen lanean, atezain-edo, haina ez zuen lan hura atsegin eta sei hilabeteren ondoren utzi egin zuen lana. Esperientzia hark ordea ondorio onik ere ekarri zion Daudeti, garai hartako bizipenetan oinarriturik idatzi baitzuen, Le Petit Chose (1868, Txikitxoa) bere lehen eleberri aipagarria. Eleberri erdi autobiografikoa da ; haurtzaroko eta gaztaroko gertaerak jaso zituen, nahiz eta zenbait gertaera ezkutatu eta beste batzuk moldatu zituen.

Eskolako lana bertan behera utzi ondoren bere anaia nagusiarekin bizitzera joan zen, Parisa. Orduan hasi zen buru-belarri idazten eta idazle eta intelektual talde bohemio eta modakoekin harremanak izaten.

Garaitsu hartan ezagutu zuen, orobat, Marie Rieu modelo ederra ; hari eskaini zion Daudetek bere olerki liburu bakarra, LesAmoureuses (1858, Maitekorrak) izeneko bilduma, gaztetako olerkiak biltzen dituena. Maitasunezko harreman luze eta nahasia izan zuen emakume harekin, eta harreman horriburuzko xehetasunak eman zituen handik urte askora, Sapho (1884) eleberrian.

Daudetek aldizkari eta egunkarietarako artikuluak ere idatzi zituen, batez ere Figaro aldizkarirako. 1860. urtean Frederic Mistral ezagutu zuen, XIX. mendeko Proventzako hizkuntzaren eta literaturaren eraberritzaile handia, eta haren eraginez hasi zen Daudet Frantziako hegoaldeko bizitzarekiko lilura adierazten. Hegoaldeko bizitza sutsu, artistiko eta sentsuala miresten hasi zen, iparraldeko moralaren zorroztasunaren eta itxikeria intelektualaren aurrean.

Urte hartan bertan (1860) Mornyko dukearen idazkari gisa hasi zen lanean, baina hurrengo urteko negua Aljerian emanbehar izan zuen Daudetek. Izan ere, diru arazoak zituen eta sexu bidezko eritasun batek jota zegoen, eta hori zela-eta, sorterritik alde egitea erabaki eta Aljeriara bidaiatu zen. Bidaia hark emaitza bikaina izan zuen : Chapatin le tueur de lions (1863, Chapatin lehoi-ehiztaria). Obra horretako protagonistan oinarriturik sortu zuen, gerora, Tarascon lurralde irudizkoari eskainitako trilogiako Tartarin pertsonaia.

1862. urtean La Derniere Idole antzezlana aurkeztu zuen Parisko Odeon antzokian.

Hura zen bere lehen antzerki obra, baina arrakasta handia lortu zuen. Negu hartan Korsikara bidaiatu zuen, eta bidaia hartako pasarteak jaso zituen Lettres de mon moulin (1869, Nire errotako gutunak) bilduman ; han erakutsi zuen Daudetek bere obraren ezaugarri nagusietakotzat har daitezkeen lirismoa eta sentimentalismoa, eta hark eman zion ospea lehenengoz.Hurrengo urteetan, 1865ean Morny ministroa hil zen arte gutxi gorabehera, bizitza sozial bizia izan zuen. Egileak XIX. mende amaierako Frantziako bizimodu haren kritika gupidagabea jaso zuen Le Nabab lanean, 1877an.

1867. urtean garrantzi handiko gertaera bat jazo zen Daudeten bizitzan : Julia Allard idazlearekin ezkondu zen. Emakume harekin zeharo maiteminduta zegoen Daudet, eta laguntza handikoa gertatu zitzaion hurrengo urteetako obrak idazteko. Hiru semealaba izan zituzten.

Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerrak ere eragin handia izan zuen Daudeten obran, Les contes du lundi (1873, Asteleheneko ipuinak) idazlanean esaterako. Daudet gudarostean sartu zen, baina Paristik ihes egin zuen izuaren garaian, 1871n ; urte haietako bizipenak jaso zituen Ipuin-etan.

Hurrengo urtean Les aventures prodigieuses de Tartarin de Tarascon (1872, Taraskoneko Tartarin, Josu Zabaletak euskaratua) eman zuen argitara, baina ez zuen lan harekin arrakasta handirik izan hasieran . L Arlesien (Arlestarra) nekarazi giroko dramarekin ere huts egin zuen ; dena dela, azpimarratzekoa da obra hori, Bizetek musika jarri baitzion.

 

Errealismo poetikoa eta naturalismoa

Haien ondoren Fromont jeune et Risler aine (1874, Fromont gaztea eta Risler agurea) eleberria aurkeztu eta Frantziako Akademiaren saria eskuratu zuen ; arrakasta handia eman zion obra hark, nahiz eta zenbaitzuren aldetik kritika gogorrak jaso zituen. Lan hura idatzi zuen garaian hasi zen Daudet bizitza modernoko pertsonaiak aurkezten eta errealismo poetikoa sakonago lantzen, Zolaren eraginez bereziki ; dokumentazioan lan sakona egin zuen, Mornyren zerbitzuan jardun zuen urteetan batez ere. Dokumentazioari garrantzi handia eman zion, orobat, lehen aipatu den Le Nabab lanean, eta politika munduan bildutako gorabeheren berri xehea eskaini ahal izan zuen horrela.

Fromont-ekin lorturiko arrakastari esker hasi ziren, bestalde, orduko eta lehenagoko bere obra batzuk ezagutzen, Tartarin esaterako. Tartarin pertsonaia ospetsu bihurtzen ari zela ikusirik, beste bi parte erantsi zizkion Daudetek obra hari, Tartarin sur les Alpes (1885, Tartarin Alpeetan, Periko Diez de Ulzumtnek euskaratua) eta Port-Tarascon (1890).

Garaitsu hartan idatzia da lehen aipatutako Sapho eleberria. Oso lan berezia izan zen, dena den, Daudeten obraren barruan, alde batera utzi baitzuen oro har erabiltzen zituen umorea eta baikortasuna, eta kontakizun garratza eta latza idatzi baitzuen.

 

Azken urteak

Azken urteetan osasun arazo larriak izan zituen. Azken hamabost urteetan sexu bidezko eritasunaren ondorioak jasan behar izan zituen, baina bere bizitzaren amaieran kalte handiak izan zituen bizkarrezurrean eta horrek sortu zizkion ondoezik larrienak.

Bere eritasunak eragiten zion mina eritasun horri buruzko ikerketaren bidez ahazteko ahalegina egin zuen, eta ahalegin horren emaitza da, hain zuzen, bere azken lanetako bat : La Doulou (egilea hil ondoren argitara emana, 1931n).

Ondoezik zegoen arren, bere buruaren gain kontrol izugarria zuen, eta horri esker jarraitu ahal izan zuen Parisko literatura eta musika munduan parte hartzen.

1895. urtean Londresera eta Veneziara bidaiatu zuen, eta handik bi urtera hil zen, bat-batean.

 

Daudeten obraren ezaugarriak eta bilakaera

Daudeten obran egia eta irudimena, seriotasuna eta umorea, ironia eta errukia, elementu elkarri kontrajarri horiek guztiak aurki daitezke harmonia bikainean bateratuak.

Horiek dira, beraz, Daudeten ezaugarri orokorrak, baina, dena den, obra batzuen eta besteen artean bada desberdintasunik, eta bere bilakaeran zenbait joera literario desberdinen eragina antzematen da.

Horrela, Tartarin-en ironia antierromantikoaren ondoren muturreko errealismora jo zuen Errotako gutunak bilduman, eta ondoren trajediaren bidetik abiatu zen Arlestarra dramarekin.

Hasierako obretan baikortasun handiz tratatu zituen arazoak, baina urteetan aurrera egin ahala, gero eta kezka larriagoa agertu zuen gizakien arteko harremanetan sortzen diren gatazkekiko. Jack (1876) eleberrian, esaterako, emakume batek maitasun fisikoaren eta amaren maitasunaren artean bizi duen gatazka agertu zuen ; Numa Roumestan ( 1881) obran, berriz, hegoaldeko eta iparraldeko gizon-emakumeen izaeraren arteko desberdintasunak aztertu zituen ; L Evangeliste-n ( 1883) erlijio fanatismoaren kontrako jarrera aldarrikatu zuen ; Sapho maisulanean (1884) askatasunaren eta maite duen emakumearen artean aukera egin behar duen maitalearen dilemaren berri eman zuen, eta La Petite Paroisse-n (1895, Parrokiatxoa), azkenik, jeloskortasunaren kontraesanak aditzera eman zituen.

Le Tresor d Arlatan (1897, Arlatango altxorra), Notes sur la vie (Bizitzari buruzko oharrak) eta Nouvelles notes (Ohar berriak),bestalde, Freuden psikoanalisiaren iragarletzat har daitezke, konplexuei buruz bertan egiten den azterketa dela-eta.

Daudeten obraren ezaugarri aipagarriena erregistro bikoitzaren erabilera da, zalantzarik gabe : batetik errealismo biziz deskribatu zituen giroak eta pertsonaiak -Zolak benetako naturalismotzat hartu zuen Daudeten dohain bikain hori-, eta bestetik irudimenak sorturiko hainbat irudi eta pertsonaia bildu zituen bere obretan. Naturalismoa eta sentimentalismoa bateratu zituen, nolabait esateko, baina kontuan hartzekoa da, orobat, Europako naturalismoaren jarraitzaile gehienek ez bezala, bere lan gehienetan baikortasunez begiratu zuela errealitatea .

XIX, mendean idatziak diren arren, bere obrak erakargarriak gertatzen dira gaur egun oraindik ; obra xumeak dira, atseginak, egiatiak eta xarmantak, umore baikor eta axolagabez beteak. Egia da, bestalde, ez dutela halako bikaintasunik, bere garaiko beste frantses idazle batzuen maisutasunaren aldean, baina bere mugez jabeturik, errealitatearen behaketa naturalista eta errealismo narratiboa trebetasun handiz landu eta bateratu zituen Daudetek. Kritikak jaso zituen bere obren egitura ahula zela eta, azaleko baikortasun gehiegizkoa adierazi zuelako eta estilo oparoegia erabili zuelako, baina akats haien gainetik errealismoa nabarmendu zen, errealitatea islatzeko zuen dohaina nagusitu zen, eta gerora eleberrigintzan nabarmendu zen inpresionismoaren iragarletzat har daiteke, alde horretatik.