Departamento de Cultura y Política Lingüística

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Voltaire (1694-1778)

Frantziako idazle handienetako bat da Voltaire. Lan ugari idatzi bazituen ere, gaur egun Voltaireren lan gutxi batzuk besterik ez dira irakurtzen. Mundu osoan ezaguna izan zen tiranokeriaren, fanatismoaren eta ankerkeriaren kontra egin zuen gurutzada ausartagatik . Voltairek, bestalde, bere garaiko frantses pentsamenduaren ezaugarriak irudikatzen ditu. Voltaireren bizitzak klasizismoaren azken urteak eta iraultzaren bezperakoak hartzen ditu. Trantsizio aldi horretan Voltaireren lanek eta ideiek eragin handia izan zuten Europako zibilizazioaren norabidean.<br><br>

 

Biografia

Voltaire (Francois-Marie Arouet-en ezizena) Parisen jaio zen, legegile familia burges batean. Bost anai-arreba izan zituen eta guztietan gazteena izan zen Voltaire ; anaietako bi oso gazte hil ziren. Zazpi urte zituela ama hil zitzaion, eta harrezkero, dirudienez, isolaturik bizi izan zen familiaren barruan, besteak beste, aitarekin oso ondo konpontzen ez zelako. Anaietako batekin ere liskar ugari izan zituen, hura jansenista zen-eta. Bere arreba Margueritekin eta haren bi alabekin izan zituen maitasunezko harreman sendoenak, eta denboraldi batez iloba haietako bat maitale izan zuen. Voltairek Louis-le-Grand jesuiten eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ondoren, nolabait beharturik, epaile ikasketak hasi zituen. Baina, berehala utzi zituen goi-mailako ikasketak eta idazteari ekin zion burubelarri . Hasiera nahasia izan zuen Voltairek literaturan : Orleansko Filiperen erreinaldian nagusi zen askatasunaz baliaturik, erregeak bere alabarekin sexu harremanak zituela eman zuen aditzera Voltairek poema batean.

Idatzi haren ondorioz, erbesteratu egin zuten . Parisa itzuli zenean, beste bi poema iraingarri idazteagatik kondenatu zuten berriz ere. 1718an Oedipe (Edipo) eta 1725ean Marianne (Mariana) trajediak idatzi zituen eta bi trajedia horiek eman zioten, hain zuzen, ospea. Edipo lanean Voltaireren pentsamenduaren bi gai nagusi azaltzen dira, optimismo morala batetik, eta bestetik, jainkoak hartzea gizakien akatsen erantzuletzat . Voltaireren bizitzako beste gertaera aipagarri bat Rohango zaldunarekin izan zuen auzia izan zen, izan ere, zaldunak, eztabaida baten ondoren, bere zerbitzarieiagindua eman baitzien Voltaire zigortzeko.

Voltaire, berriz, zaldunarekin duelo bat prestatzen saiatu zen, eta ondorioz, La Bastillera eraman zuten preso (1726). Berehala askatu zuten, baina Parisetik alde egiteko baldintzarekin. Voltaire, orduan, Ingalaterrara joan zen eta han bizi izan zen 1729. urtea arte. Ingalaterran bizi izan zen urteetan harremanak izan zituen Jorje I.aren gortearekin eta garai hartako pertsonaia eta idazle ospetsuenak ezagutu zituen. 1728an Henriade idatzi zuen, Henrike IV.aren lana goraipatzen zuen poema. Frantziara itzuli zenean Lettres philosophiques (1734, Filosofia eskutitzak) argitaratu zuen ; ingelesen tolerantzia ereduaren oinarriak goraipatzen zituen lan horretan. Lan horren ondorioz, preso hartzeko agindua eman zuten, eta ihes egin behar izan zuen. Suitzara alde egin zuen lehenbizi eta ondoren Lorrenara ; azkenik, maitale zuen Mme. de Chateleten gazteluan jarri zen babesean.

1735ean kendu zioten zigorra eta lan eta lan hasi zen : lan historikoak, trajediak, eleberriak, gai filosofiko eta politikoei buruzko bertsoak, etab. idatzi zituen. Bestalde, Prusiako Federiko II.arekin eskutitz bidezko harremana hasi zuen, eta 1750ean haren gortera joan zen. Berlinen argitaratu zen Le siecle de Louis XIV (Luis XIV.aren mendea) lanaren lehenengo argitalpena. Baina, Voltaire oso pertsona independentea zen eta berehala puskatu zuen <.errege filosofoarekin» zuen harremana ; azkenik, 1753an Prusia utzi, eta Seroneseko abadian denboraldi luzean egon ondoren -material ugari hildu zuen bertan bere lan historikorako-, Genevatik hurbil zegoen herri batera joan zen,.»Les Delices ,, izena eman zion herrira hain zuzen. Garai horretan idatzi zituen, besteak beste : La Pucelle (1755, Neskatxa),Joana Arc-ekoaren parodia lotsagabea ; La loi naturelle (1756, Lege naturala), moral deistaren azalpena bertsotan, eta Essais sur les moeurs (1956, Ohiturei buruzko saiakera), historiaren filosofiaren lan handia.

1758an Ferneyko gaztelua erosi zuen -Frantziako lurraldean, baina Suitzako mugatik hurbil- eta han hartu zuen bizilekua.

Hurrengo urteetan, historiaren eta politikaren alorrean Voltairek idatzi zituen lan nagusietako batzuk argitaratu ziren : lan horien gai nagusia erlijio fanatismoaren kontrako borroka zen. Iluminismoaren aitalehen izan zen eta Europako kultura-gizon ospetsuenekin eta printzeekin izan zituen harremanak. 1778. urtea arte ez zen Parisa itzuli; han ospe handiz hartu zuten Academien-n eta arrakasta handiarekin estreinatu zen Irene (Irene) trajedia, Voltaire hil baino bi hilabete lehenago. Hil baino lehen, Elizaren kontra esandako guztiak zuzendu zituen kapilau baten aurrean eta bakeak egin zituen elizarekin. Hilerri kristau batean lurperatu zuten, bihotzik eta garunik gabe (bihotza Villetteko markesaren esku gelditu zen -gaur egun Parisko Nazio Galerian dago- eta garuna familiaren zerbitzari izan zen Mithouart jaunaren esku).

 

Filosofoa, historialaria eta idazlea

Voltairek lan ugari idatzi zituen ; 1828an Bachautek prestatu zuen edizio kanonikoa (1877an Molandek osatua) 52 liburukik osatzen dute. Eta genero guztiak landu zituen : poesia, antzerkia, ipuinak, saiakera, historia liburuak, liburuxkak, aforismoak, artikuluak, tratatuak. Bestalde, Voltairek etorkizunean izan zuen eragina, bere obraren neurriaren araberakoa izan zen. Inork ez bezala irudikatu zuen Voltairek Ilustrazioaren izpiritua. Horrez gainera, pentsalari gisa ere eragin handia izan zuen bai ideietan, bai ohituretan, baita zibilizazioan ere, eta zenbait estiloren eta jarreren erreferentzia izan zen.

Voltaireren ezaugarri nagusietako bat bere literatura, filosofia, historia eta politika lanen arteko lotura estua da. Antzerki klasikoaren ereduak sentimenduen adierazpenera egokitzeko eta malgutzeko saiakera izan ziren Voltaireren trajediak, estetikari dagokionez ; hala ere, Voltaireren beraren ideia filosofiko eta politikoen hedabide izatea izan zen lan horien balio nagusia. Voltaireren trajedia nagusiak, aipatuez gainera, hauek izan ziren : Brutus (1730), Mahomet (1742, Mahoma), Les scytes (1767, Estetak). Trajedien ezaugarri horiek berak aurki daitezke Voltaireren bertso lanetan : Henriade, Discours sur l'homme (1738, Gizakiari buruzko hitzaldia), La loi naturelle, Poeme sur le desastre de Lisbonne (1756, Lisboako hondamenari buruzko poema).

Ipuinetan eta kontakizun laburretan bere gaitasun ironikoaz baliatzen da Voltaire garai hartako bizitza politikoa eta zibila satirizatzeko eta bere proposamen herriak azaltzeko . Candide (1759, Kandido) da eleberri labur ospetsuena, eta Leibnizen optimismoari kontra egiteko eta pentsaera horren alderdi komikoa eta absurdua erakusteko idatzi zuen. Era horretako lanak dira Zadig (1748), Micromegas (1752) eta L'ingenu (1767, Inozoa). Voltairek idatzi zuen filosofia lan nagusiak ere, Elements de la philosophie de Newton (1736, Newtonen filosofiaren elementuak), erreibindikazio helburua du, zeinetan behaketa zientifiko modernoaren eta lege naturalen alde egiten duen, deismo hutsaren testuinguruan.

Voltaireren lanek historiografiako metodologia berri baterako bidea zabaldu zuten : Voltairek herrien garapenaren eta kulturaren interpretazio laiko eta globala egiten zuen, gertaera militar eta dinastikoen deskribapena egin ordez. Luis XIV.aren mendea lanean Voltairek balorazio positiboa egiten du Eguzki erregeak lortutako emaitzeninguruan -estatuaren bizitza modernizatzea, Europan nagusitasuna lortzea- ; horrez gainera, erreinaldi hartan nagusi izan ziren autoritarismoa eta erlijio tolerantzia eza kritikatzen ditu. Ohiturei buruzko saiakera lanean, berriz, bilakaera zibilaren arrazoiak historia unibertsalaren barnean bilatzen ditu, eta gertaeren analisi zorrotza batetik, eta bestetik, iritziaren indar erakargarria, lotzen ditu. Lan horretan, bestalde, Serveti buruz idatzi zuen kapitulu baten ondorioz, arazoak izan zituen kalbinistekin. Iraultza aurreko Frantzian indar handia izan zuen Voltaire politikariak : Traite sur la tolerante (1763, Tolerantziari buruzko tratatua), Dictionnaire philosophique (1764, Filosofia hiztegia), Idees republicaines (1763, Errepublikaren aldeko ideiak), A.B.C (1768).

Erlijio fanatismoaren kontrako borrokak Voltaireren eremu intelektual guztia hartzen zuen. Gogoeta historikoaren bidez, Voltaireren pentsamenduak heldutasun maila gorena eta ikuspegi kritiko zabala iristen ditu eta hori guztia etorkizunerako mezu batean laburtzen da : absolutismo ilustratua onartu ordez, askatasun zibila eskatu.Voltairek itxaropen osoa zuen poesia lanekin iritsiko zuela betiereko ospea. Gaur egun, ordea, Candide lana jende askok ezagutzen du eta haren bertso lanak, aldiz, ez dira ia irakurtzen. Voltaireren iritzirako, narratiba egokiagoa zen egintza intelektualerako jardun literariorako baino. Hala ere, Voltairek narratzaile gisa egin zituen hogeita hamar urteetan oso bide luzea egin zuen ; antzinako gero eta narrazio material eta egitura gehiago erabili zituen, eleberri pikareskoa eta exotismoa hesteak beste, eta aldi berean, gero eta gehiago lotu zitzaion fiction-ari, alegia ilusioaren eta akatsaren idazketari . Idazketa horretatik abiatuta, tresna berezi eta eraginkorra osatu zuen metafisika gaitzesteko. Voltaireren estiloa oso ondo egokitzen zen berak iritsi nahi zituen helburuetara. Erretorikako konbentzioak baztertu zituen eta hizkuntza zuzena erabili zuen : zartada moduko esaldiak osatzen ditu, doinu lehor eta sendokoak. Elkarrizketa izan zen Voltairek gehien erabili zuen baliabideetako bat, bere iritziak beste pertsonaia baten ahotan jartzeko aukera ematen baitzion elkarrizketak.