Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Ernalketa

1. Irudia: Zenbait animaliaren gametoak. A) Obulu mota desberdinak. B) Espermatozoide nemaspermo baten atalak. C) Espermatozoide anemaspermoak, oskoldun dekapodoenak.<br><br>

LABURPENA: Sexu bidezko ugalketaren aldi bat da ernalketa, gameto arrak eta emeak elkartu eta zigotoa sortzen dena. Elkarketan bi gametoen gune haploideak batzen dira —kariogamia— zigotoaren gune diploidea eratzeko. Batze horrek oso aldaketa handiak eragiten ditu, eta enbrioia eratzea dakar azkenean.

 

Sarrera

Gai hau aztertzen den kapitulu guztietan aipatzen denez, sexu bidezko ugalketa gertatzeko meiosia gertatu behar da, espermatozoideen zelula amek eta obuluek erdira murritz ditzaten beren kromosoma sailak.

Izan ere, sexu bidezko ugalketan gameto arra eta emea kromosoma sail oso bana daramatela elkartzen dira, eta ernalketaren bidez kromosoma sail bikoitza osatzen da berriro.

Hala beraz, diploideak dira, bai zigotoa, bai zigototik eratortzen diren zelula guztiak.

 

Ernalketa animalietan

Sexu organoek heldutasuna iristen dutenean, gameto arrak eta emeak prest daude ugaltzeko, hau da, bien guneko materiala (DNA) batzeko —kariogamia—. Gameto emea, normalean, ezin da mugitu, eta, bere erreserba gaiak direla-eta, handiagoa da arra baino; gameto arra, berriz, higikorra da, flageloduna gehienetan, eta emea baino askoz txikiagoa. Arraren material genetikoa (gunea) emean sartzean gauzatzen da ernalketa.

Ernalketa non gertatzen den, emearen barnean edo kanpoan, barneko edo kanpoko ernalketaz hitz egiten da. Uretan bizi diren animalietako askok, adibidez, uretan uzten dituzte gametoak. Barneko ernalketa egiteko, bi sexuen ugal aparatuek hartara egokituriko organo espezifikoak dituzte. Horien artean aipagarriena, arretan, zakila da, gameto arrak emearen barruan sartzeko zeregina duena; emeek, berriz, zenbait egitura berezi dituzte zakila eta gametoak hartzeko.

Espermatozoide helduak luzexkoak izaten dira, eta buruaz, lepo motz batez (edo tarteko segmentua) eta, espermatozoide nemaspermoen kasuan, isats fin luze batez (flageloa) daude osatuak. Buruan gunea eta akrosoma bereizten dira, eta 1. irudian lepoko eta isatseko beste egitura batzuk ere ikus daitezke. Horixe da hain zuzen knidario, ekinodermo, intsektu eta ornodunen eredua.

Beste animalia talde batzuetan, nematodo, oskoldun eta akaroen artean, esate baterako, espermatozoideak —espermatozoide anemaspermoak— ez dira isatsaren laguntzaz higitzen, pseudopodoen bidez baizik, eta bestelako egitura dute.

389Obulu helduak handiak eta biribilak izaten dira. Animalia batzuen kasuan —hegaztien arrautzen barruan, adibidez— oso-oso handiak dira. Gunea, oso handia —nukleolo bat edo gehiagorekin—, eta zitoplasma, erreserba gai ugarirekin (biteloa), dira obuluaren osagaiak. Zitoplasmak eta biteloak oboplasma osatzen dute. Bitelo kopuruaren eta bitelo banatua dagoen moduaren arabera, obulu mota desberdinak daude; enbriologiari buruzko atalean aztertuko da hori sakonago.Arrautzek, gainera, mintz bat baino gehiago izan dezakete (zitoplasmatikoa, bitelinoa). Adibidez, oiloaren arrautzak — gogoan izan arrautza ez dela obulu bat,obulu bat egitura konplexuez inguratua baizik— mintz hauek ditu: mintz mehe-mehe hauskor bat, gorringoa inguratzen duena; azala edo oskola; eta oskolaren inguruko geruza bat, mehea eta zurixka.

Arrautzak folikulu zelulez inguraturik daude, gai elikagarriez hornitzeko.

Espermatozoideak oso mugikorrak dira; obulu heldurantz abiatzen dira, kitzikadura kimikoek erakarririk, eta inguratu egiten dute. Barne ernalketan, sexu aparatu emearen barruan inguratzen dute espermatozoideek obulua; kanpo ernalketan, berriz, ingurunean, hots, uretan. Gametoen bat egitea errazteko egokitzapenak era askotakoak dira animalietan.

Espermatozoide batek bakarrik lortuko du obuluaren mintza gurutzatzea eta bere gunea harenarekin batzea. Batzuetan, ordea, espermatozoide batek baino gehiagok igarotzen du obulu mintza —poliespermia fisiologikoa—, baina, halakoetan ere, batek bakarrik batuko du bere gunea obuluarenarekin.

Gainerakoak, edo endekatu egiten dira, edo obuluan uzten dituzte guneak, enbrioiaren eraketan parte hartu gabe bada ere. Prozesu horretan garrantzi handikoa da akrosomaren zeregina; akrosomak entzima hidrolitikoak ditu, obuluaren mintza desegiteko.Obuluaren mintzak poro espezifiko batzuk —mikropiloak— izan ditzazke espermatozoideak haietatik sartzeko (1A. irudia); nolanahi ere, poroak izanagatik, espermatozoideak ez dira nahitaez haietatik igarotzen. Inoiz, goragune txiki bat izaten da obuluaren gainaldean, espermatozoidea datorren aldetik —erakarpen fokua—.

Askotan, espermatozoidea ez da oso-osorik sartzen obuluan; burua eta lepoa bai, sartzen dira, baina isatsa kanpoan geratzen da.

Espermatozoidea obuluan sartu ondoren hasten da ernalketa erreakzioa; aldaketa fisiko-kimikoak gertatzen dira zitoplasman eta mintzetan, eta aldaketa horiek direla-eta, espermatozoideen akrosometan dauden entzimek ez dute eraginik haietan.

Espermatozoideak bere gune haploidea —kasu honetan progune arra esaten zaio—, eta zentrosoma eransten dizkio obuluari.

Gune emea da progune emea; obulu emeak ez du zentrosoma propiorik. Sartu ondoren, progune arra eta bere zentrosoma progune emerantz abiatzen dira; zentrioloa zatitu egiten da, gune ardatza edo ardatz mitotikoa eratzen da, eta proguneek bat egiten dute —kariogamia— zigoto bat eratzeko.

Gero, kromosoma diploideak trinkotu egiten dira, eta enbrioia sortuko duen mitosia hasten da.

 

Angiospermoen ernalketa

(2. eta 3. irudiak) Animalietan gertatzen den bezala, angiospermoetan ere, gametoak eratzean hasten da sexu bidezko ugalketa. Polen aleak (mikroesporak) loreziletako anteretako polen zaku edo mikrosporangioetan eratzen dira, eta obuluak (megasporak), berriz, megasporangio edo obulutegietan. Kontuan hartu behar da Botanikako obulua eta Zoologiako obulua ez direla termino sinonimoak. Botanikan obulua ez da gameto emea, barruan gameto emea eratzen duen egitura konplexu bat baizik.

Polen zakuak mikrosporozitoez beterik daude, tapetum edo zelula geruza elikagarri batez inguratuta. Mikrosporozito bakoitzari bi meiosi zatiketa gertatzen zaizkio, bi zelulako bikote bat eta lauko beste bat gero — tetradak—, eratzeko. Tetrada horiek lau mikrospora eratzen dituzte. Mikrospora bakoitza mitosi bidez zatitzen da, bi gune eratzen dituela: gune sortzailea da bata, eta polen hodiaren gunea, bestea; orobat eratzen da azal babestaile bat ere. Hori guztia da polen alea, iraunkortasun handikoa, ez baita endekatzen erraza. Sedimentu haitzetatik ere (fosiletatik) atera daitezke, haiek aztertuz garai jakin bateko floraren ezaugarriak jakiteko. Izugarri handia da polen aleen aniztasun morfologikoa (4. irudia).Heldutakoan, antera ireki, eta polen aleak kanpora zabaltzen dira, haizeak, animalieketa barreiaturik, eta mota bereko landare hermafroditen edo sexubakarren lore emeenganaino iristen dira.

Obulutegian (megasoporangioak edo obuluak daude obulutegiaren barruan), eratzen dira gameto emeak. Obulutegia zelula masa batez —nuzela— osatua eta ildaxka edo mikropilo bat duen tegumentuez inguratua dago; obuluaren oinari kalaza esaten zaio, eta hori pedizelo edo funikuluarekin lotua dago.

Obuluak megasporozito bakarra du, eta meiosi bidez zatizean lau megaspora sortzen dira hartatik. Megasporetako hiru dejeneratu edo endekatu egiten dira, eta laugarrena meiosi bidez zatitzen da, hurrenez hurren, bi, lau eta zortzi gune izateko. Une horretan eratzen da ernamuin zaku heldua, hots, gameto emea, barruan dituela hiru zelula antipoda, bi zelula sinergida, eta endospermoaren zelula ama, bi gune polar eta oosferarekin.

Heldutasun egoera horretan, polen aleak estigmara iritsi eta ernamuintzen dira; polen hodia, hari itxurakoa, eratzen da, eta estiloan behera irristatzen da obulutegiraino.

Horrek guztiak eratzen du gametofito ar heldua. Prozesu horretan zehar, bi esperma gunetan zatitzen da gune sortzailea, polen hodian behera irristatzen dira bi guneak, eta ernamuin zakuan barrentzen dira mikropilotik zehar. Polen hodia hautsi ondoren, gune horietako batek oosferarekin bat egin eta zigotoa eratzen du; bestea bi gune polarrekin elkartzen da, eta lehen mailako zelula endospermikoa eratzen du; zelula endospermiko horrek, behin eta berriz zatitu ondoren, endosperma edo albumena eratzen du, erreserba ehun triploide (hiru gunek bat eginik eratzen baita) eta zelulanitz bat. Zigoto horretatik eratzen da ernamuina. Angiospermoetan bakarrik gertatzen da bi esperma guneen eta obuluaren eta zelula amaren arteko ernalketa bikoitz hori.

Behin heldutasuna iritsi duenean, epispermoak (obulutegiko tegumentuetatik sorturik) inguratzen du ernamuina, eta dagoeneko eginak ditu ernamuin hostoak (kotiledoiak), gemula eta erradikula; horietatik garatuko da, hozitzean, hazi eratu berria.

 

Gimnospermoen ernalketa

Gimnospermo ezagunenak koniferoak (pinuak) dira. Ugalketa organoei kono esaten zaie, eta batzuk emeak dira, obuluak eratzen dituztenak, eta beste batzuk arrak, polena eratzen dutenak. Arrak luzexkoak dira, 3 cm-koak gehienez. Emeak, berriz, oso-oso handiak izan daitezke (“pinaburuak”), metro erdikoak, eta zurtoin baten inguruan bildutako ezkata moduko batzuez daude osaturik. Ernalketa gertatzeko baldintzak egokiak direnean, ezkatak pixka bat banatzen dira, eta haizeak obuluetaraino bertaraino eraman dezake kono arretatik hartutako polen heldua. Pinaburuak, beraz, haize hartzaile bikainak dira. Obuluak ez dituzte obulutegi baten barruan, ezkaten oinaren ondoan baizik, kanpoan beraz.

Obulu bakoitza estalki batez edo biz dago babestua, eta estalkiaren barruan megasporozito diploide bat dago; meiosi bidez, lau megaspora haploide sortzen dira megasporozito horretatik. Angiospermoetan bezala, lau horietatik hiru endekatu egiten dira.

Bestea mitosi bidez zatizen da, eta ernamuin zaku bat (gametofito emea) eratzen du.

Barruan sexu organo emeak ditu —arkegonioak—, bakoitza oosfera handi banarekin.

Kono arren ezkatetan bi polen zaku edo mikrosporangio izaten dira, eta, horietako bakoitzaren barruan, zelula amak; mitosi bidez zatitu eta zelula ama bakoitzetik lau mikrospora sortzen dira. Mikrospora bakoitzetik mikrogametofito bat (bakoitzalauna zelulekin) sortzen da mitosi bidez, eta hori da polen alea. Haizea arduratzen da polena zabaltzeaz eta kono emeenganaino eramateaz.

Haizeak polen aleak hartu eta kono emera eramaten ditu. Polen alearen zeluletako batek polen hodi bat eratzen du, eta hodia obuluan sartzen da mikropilotik zehar, gametofito emearenganaino. Polen alearen zelulak polen hodia eratzeak ez du zertan berehala gertatu. Batzuetan urtea baino gehiago igarotzen da hori baino lehen. Polen alearen beste zeluletako bat zatitu egiten da, eta bi esperma gune, hots, gameto arrak, eratzen ditu. Polen hodia arkegonioraino iristen da, irekitzen da, eta oosfera inguruanaskatzen dira bere bi guneak. Horietako bat gunearekin batzen da, eta zigoto diploidea eratzen du; bestea, berriz, desegin egiten egiten da. (Gogoan izan angiospermoetan beste gunea ez dela endekatzen, endospermoaren zelula amarekin batzen dela ehun triploide bat eratzeko). Gero, zigotoa zatitzen hasten da, eta ernamuina eratzen du.

Ernamuin zakuaren gainerako zelulak endosperma bilakatzen dira (haploideak, beraz). Hori guztia obuluaren tegumentuez inguratua geratzen da. Obulu ernaldua eta heldua hazia da.

Haziak, konotik askatu eta leku egokian erortzean, beste landare bat —esporofitoa— emango du.