Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Bizi zikloak

1. Irudia: Animalia baten bizi ziklo orokorra.<br><br>

LABURPENA: Sexu bidez ugaltzen diren organismoetan, gametoek bat egiten dute, gameto bakoitzak kromosoma sail osoa duela, alegia, haploideak dira. Gametoen zelula amak diploideak direnez, uneren batean murriztu egiten da kromosoma kopurua —meiosi bidez murriztu ere—, ernalketan ohiko sail bikoitza osatzeko berriro. Bizi zikloaren zein unetan gertatzen den meiosia, asko aldatzen da organismoa garapen aldi batean edo bestean izaten den denbora, eta horren arabera bereizten dira organismo edo ziklo biologiko diplonteak, haplonteak eta diplohaplonteak.

 

Sarrera

Beste kapitulu batzuetan esaten den bezala, bi ugaltze modu dituzte izaki biziek: sexu bidezkoa edo sexuala eta sexu gabea edo asexuala, bakoitzak bere abantailak eta desabantailak dituela. Ugalketa asexualaren bidez gurasoen berdin-berdinak sortzen dira ondorengoak. Ugalketa sexualaren bidez, berriz, berkonbinazio genetikoa gertatzen da, eta ondorengoek gurasoen DNA hartzen dute; DNAren berkonbizazioak eta nahasteak, beraz, aniztasun genetikoa eta aldagarritasuna dakartzate, eta orobat moldagarritasun handia.

Sexu bidezko ugalketak meiosia —hots, kromosoma kopurua erdira murriztea— dakar bizi zikloaren uneren batean, zeinarekin kromosoma hornidura erdira jaisten den; izan ere, sexu bidezko ugalketak gameto emeak eta arrak (obuluak eta espermatozoideak, adibidez) elkartzea baitakar, zein bere kromosoma sailarekin, era horretan motari dagokion kromosoma kopurua —bi kromosoa sail, osoak eta berdin-berdinak (2n)— osatzeko. Baina gametoak sortzen dituzten zelula aitzindariek (zelula amek) kromosoma kopuru osoa dutenez (2n), kromosoma murrizketa gertatu beharko da uneren batean.

Gizakiak normalean 46 kromosoma ditu, horixe da-eta zelula amen kromosoma kopurua. Meiosia gertatzean 23 kromosomako (n) obuluak eta espermatozoideak sortzen dira, eta ernalketan batzean, gure motari berez dagozkion 46ak osatzen dituzte (2n).

Horrek esan nahi du aldi diploide bat eta aldi haploide bat gertatzen direla meiosiaren ondoren. Oinarrizko eskema hori (1. irudia) berdina da sexu bidez ugaltzen diren izaki bizi guztietan; organismoak aldi diploidean edo haploidean egiten duen denboran, ordea, ez da berdina izaten mota guztietan; aitzitik, alde handia dago batetik bestera.

Meiosia bizi zikloko zer unetan gertatzen den da gauza; horren arabera bereizten dira organismo edo ziklo biologiko diplonteak, haplonteak eta diplohaplonteak.Aurrerago ikusiko denez, ziklo horietako batzuetan belaunaldi txandakatze bat gertatzen da (2. irudia). Haploideen belaunaldi baten ondoren, belaunaldi diaploidea etortzen da; bataren zein bestearen iraupena, itxura-eta, ez dira berdinak organismo guztietan.

Morfologian ere aldaketak gerta daitezke; hala gertatzen da, adibidez, briofito, pteridofito eta espermafitoetan.

Era honetako belaunaldi txandakatzeak ez dira animalietan inoiz gertatzen; sexu bidez edo partenogenesi bidez –obulu ernaldu gabeak heldutasuna arte garatuz– ugaltzen diren aldi diploideen artean ordea izan daiteke txandakatzerik.

 

Bizi ziklo haplontea

Kasu honetan, ernalketa gertatu eta berehala gertatzen da meiosia, hau da, zigoto jadanik osatuan (3. irudia). Banakoa haploidea da beraz, kromosoma sail bakarra duela; zigotoaren murriztea edo lehen murriztea deritzo halakoetan meiosiari. Banakoaren zelula guztiek kromosoma sail bakarra dute, eta murrizte prozesu gehiagorik gabe eratzen dira gametoak.

Banako heldu haploide bat (n) sexu gabe ugaltzen da, mitosi bidez, eta haploideak dira hartatik sortzen diren banakoak ere.

Heldu horiek berek gametoen betekizuna izan dezakete, beste batzuekin elkartuz eta zigoto diploideak (2n) sortuz. Zigoto horiexek dira meiosia egiten dutenak, banako haploideak (n) sortzeko berriro.

Ziklo biologiko hau organismo primitiboena da, hala nola protistoena —alga mota asko, besteak beste— eta onddoena.

Beraz, pentsa daitekeenez, aspaldi-aspaldikoa da. Lurreko lehenengo izaki biziek kromosoma sail bakarra izango zuten segur aski, eta ziklo mota hori dateke sortu zen lehena, hots, gainerako guztien jatorria.

 

Ziklo diplontea

Ziklo honetan (4. irudia) gametogenesian zehar gertatzen da meiosia, hau da, ernalketa gertatu aurre-aurretik; sortzen diren gameto berriak haploideak dira, eta horiexek izango dira banakoak bizitza osoan izango dituen gisa horretako zelula bakarrak.

Gametoen murrizketa edo azken murrizketa ere esaten zaio meiosizko murrizketari.Ernalketa bitartez sortzen den zigotoa diploidea da, eta zelula diploideez osaturiko izaki heldua bilakatuko da. Helduaren ugalketa zeluletan meiosia gertatzean itxiko da zikloa.

Bizi ziklo mota hori oso zabaldua dago izaki bizien artean, batez ere animalia metazooen artean, eta zenbait protisto eta onddoen artean.

Partenogenesi bidez ugaltzeko gaitasuna duten animaliek aldizka erabiltzen dituzte ugaltze modu hori eta modu «normala»,hots, gametoen bat egitea. Errotifero batzuen artean, partenogenesiaren ondoko aldian, eme ernaldugabeek arrautza txikiak jartzen dituzte, ar gisa gara daitezen, eta eme ernalduek, berriz, arrautza handiak jartzen dituzte, negua igarotzeko erresistentzia handia dutenak (4B irudia).

 

Bizi ziklo diplohaplontea

Landare gehienetan, esporak sortzearekin batera gertatzen da meiosia; meiosi esporogenikoa da hori (2. irudia). Esporak haploideak dira (n), ernaltzen dira eta izaki heldu haploide bilakatzen dira, gametofito deritzana (n). Gametofitotik, mitosi bidez, gametoak (n) sortzen dira, eta horiek bat egitean zigoto diploidea (2n) eratuko da, hots, esporofitoa (2n). Esporofitoaren zelula espezializatuetatik, esporen zelula ametatik espora haploideak sortzen dira meiosi bidez, eta horrela berriro hasten da zikloa.

Ziklo mota hau askoz bilakatuagoa dago haplontea baino; material genetikoa bikoiztua duen belaunaldi esporofitiko bat ere badu, eta, hala, kromosoma batean aldaketarik gertatuz gero ere, bada informazioa gorde duen hura bezal-bezalako beste bat.

Sail horretakoak dira alga eta onddo asko, briofito guztiak, pteridofitoak eta espermafitoak.Landare guztietan ordea ez da berdina aldi baten edo bestearen nagusitasuna.

Goroldio landareak (briofitoak), adibidez, gametofitoa (n) dira, aldi nagusia, beraz.

Goroldio artean arretaz behatuz gero, muturrean halako zabalgune bat duten harizpi fin-fin batzuk ikus daitezke, esporofitoa (2n), hots, meiosia gertatzen den lekua. Esporofitoa gametofitoaren bizkar bizi da.

Iratzeetan (pteridofitoak), soroetan edo basoetan agertzen den landarea esporofitoa da (2n). Hostoen azpialdean esporangioak sortzen dira, eta esporen zelula amak daude esporangioen barruan; horiengandik sortzen dira, meiosi bidez, espora haploideak (n). Gametofitoa landare txiki-txikia da, sexu organoak eratzen diren lekua.Landare loredunetan agerian dagoena esporofitoa da; oso handia egin daiteke eta urte asko izan ditzake (pentsa, adibidez, arbola batean). Gametofitoa, berriz, mikroskopikoa da. Polen pikorrak, adibidez, alergiak-eta sortzen dituzten horiek, gametofito arrak dira, esporak heltzean sortuak.Algen bizi zikloak, Phylum Rhodophytarena gehienbat, oso-oso konplexuak dira.

Batzuetan gametofitoak eta esporofitoak oso desberdinak dira morfologian, baina antzekoak tamainan. Eta hala, zenbaitetan, alga mota desberdintzat hartu izan dira alga baten bizi zikloaren aldi desberdinak. Beste kapitulu batzuetan aztertu dira ziklo horiek xeheago.Bizi ziklo diplohaplontea