Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Onddoak: fungi erreinua

1. Irudia: Rhizopus onddoaren kolonia baten ernetzea eta hazkundea.<br>

LABURPENA: Izaki bizi zelulabakarrez edo zelulanitz heterotrofoz osatutako erreinua eratzen dute onddoek. Landare eta animalien bizkarroiak dira horietako asko, elikadura xumekoak baina bizi ziklo oso desberdinak dituztenak. Espora sexudunak edo sexugabeak eratzen dituzte.
Funtsezko papera jokatzen dute biosferan deskonposatzaile gisa.

 

Sarrera

Harrigarria gertatzen bazaigu ere, armairuan denbora luzez egondako larruzko janzkietan edo zapatetan ateratzen diren orban zuriak, biltegiko edo etxeko gelako paretan azaltzen diren ilununeak, “atleta oin” gogaikarria, barrengorriak, eta basoko perretxikoak, talde bereko izaki biziak dira denak.
Onddoak, eskuarki landareen sailean sartzen diren arren, ez dira landareak, ez baitute landareen ezaugarri nagusia den klorofilarik, eta beraz, ez dira gai fotosintesia egiteko. Izaki heterotrofoak dira, gehienetan lurrean edo landare ihartuetan bizi direnak, baina badira uretako edo itsasoko zenbait mota ere. Hazkurri xumekoak izaten diren arren, bizi ziklo oso desberdinak dituzte, eta bizitza ziklo horietan, hain zuzen, oinarritzen da onddoen sailkapena.
Onddoek zeregin funtsezkoa betetzen dute gainerako organismo bizien gorpuzkinak eta hondakinak deskonposatzerakoan, eta beraz, gai organikoak birziklatzeko duten garrantzia dela eta, oinarrizkoak dira biosferaren oreka ekologikoari eusteko.

 

Gorputz egitura : onddoaren antolakundea

Oso desberdina izan daiteke mota batzuetatik besteetara. Badira onddo zelulabakarrak –legamiak, esate baterako– eta onddo zelulanitzak; askoz ere mota gehiago dira azken hauek. Gorputzaren zati bat elikagaitzat balio dion gaiaz kanpora hazten da, eta beste zatia gaiaz barrura (1. Irudia) Onddoa hifa izeneko hodi mikrospiko zurrun batzuez eratua dago (1. eta 2. Irudiak).
Hifa horiek diametro bertsukoak dira, adarkatuak, eta barruan zitoplasmazko masa guneduna dute. Hifak izan daitezke paretaz zatituak –gune bat edo gehiagoko zelulak bereizten direla–, edota zenozitikoak (2B Irudia), hau da, paretarik gabeak, zelula luze gune-anitzak izatez. Substratuaren barruan gara daitezke (barneko hifak) edo gainaldean (aireko hifak).Sarritan, hifen barruan zitoplasma higitu egiten da punta aldera, eta zitoplasmako guneak eta zatikiak mugitu egiten dira. Hifa multzoak eratzen du koloniaren alde begetatiboa edo mizelioa. Hifen muturrek mugatzen dute mizelioaren hazkundea, eta kolonia hedatzen doan neurrian, erdialdeko zitoplasma –zaharrena– desagertu egin daiteke.Baina onddo guztiak ez dira harizpitsuak, eta ez dute aipatutako gorputz egitura; uretako zenbait mota zelulabakarrak dira, nahiz eta gehienetan gune bat baino gehiago duten; legamiak ere zelulabakarrak dira, eta era desberdinetakoak izan daitezke: esferikoak, arrautza formakoak, udare formakoak, triangelu formakoak, e.a., baina badira legamiak hazkunde harizpitsua ere izan dezaketenak (3A Irudia).
Onddoek oso ugalketa modu desberdinak dituzte; legamiak adibidez, ugal daitezke fisioz –zelula bi zelulakumetan zatituz, alegia– edota gemazioz –zelulakume bat sortu eta heltzen denean bereizi egiten da zelula amagandik– (3B Irudia, C). Baina onddo gehienek esporak eratzen dituzte. Beroriei esker barreiatzen dira leku berrietara, eta gai dira ingurugiro egoera desegokiak itxaronez gainditzeko. Esporak sexudunak edo sexugabeak izan daitezke (4.
Irudia); espora sexugabeez gainera sexudunak eratzeko gauza diren onddoei onddo perfektuak deitzen zaie, eta sexugabeak soilik eratzen dituztenei, onddo ez perfektuak.
Sexugabeko esporen artean hiru tipo nagusi daude:Klamidiosporak (4B Irudia): kasurik bakunena da; hifa barruko zelulak eraldatu egiten dira: biribildu eta loditu, eta gero askatu.Konidioak edo konidiosporak: hifak eratutako espora da; konidioforo izeneko egitura bereiztuan garatzen da eskuarki konidioa.
Aldagarritasuna oso handia da, eta sailkapenerako erabiltzen da.
Esporangiosporak (4A Irudia): Esporangio izeneko egitura bat eratzen da, eta haren barruan heltzen dira esporak; esporangioa lehertzen denean esporak kanpora ateratzen dira.
Espora sexudunen eraketan egitura desberdin askok parte hartzen dute; askotatasun hori guztiz erabilgarria da sailkapenerako (1. Taula).
Zoosporak: gameto zelulabakarrak batzen dira; bietako bat, edo biak, zelula flagelodunak edo zoosporak izan daitezke.Zigosporak (4D Irudia): hifa espezializatu batzuk batzen dira –guneak batzen dira gune diploide bat eratzeko–, eta gune diploide horren inguruan osatzen da espora.Askosporak (4E Irudia): zaku formako egitura bat sortzen da, aska izenekoa, eta berorren barruan askospora sail bat eratzen da, gehienetan askako zortzi. Askak bakunak izan daitezke, edo askokarpo izeneko estalki baten azpian bilduak egon (5. Irudia).
Basidiosporak (4F eta 6 Irudiak): Basidioa hifa zelula handitu bat da, eta berorren barruan sortzen dira basidiosporak. Basidioak basidiokarpo izeneko fruitu izaerako gorputzean biltzen dira. Zizak, esate baterako, onddo mota batzuen basidiokarpoak dira. Basidioetatik kanpo eratzen dira esporak, eta askosporak, aldiz, askaren barruan garatzen dira.Eumikofito edo benetako onddoetako onddo nagusien sailkapena. Ia beti zelula 250arteko paretak eta hifak dituzte; espora bidez ugaltzen dira. Klase zatiketa sexu egitura ezaugarrien arabera dago egina.

 

Metabolismoa eta hazkundea

Lehen mailako deskonposatzaileak dira, eta osagai organikoak dituen ia edozer suntsi dezakete: landare edo animalia hondakinak, jakiak (ogia, haragia, barazkiak, fruituak, gaztak), eta gure “gauzetako” asko, hala nola larruzko oinetakoak, soinekoak, paperak, argazki filmak edo pinturak. Zenbait onddo hegazkinen errekinetan ere bizi daitezke.
Onddo hauei saprobio deitzen zaie gai organiko hiletan bizi direlako, baina onddo mota asko bizkarroi dira, hau da, bizirik dauden beste zenbait organismoren –direla abere edo landare–, gai organikotan bizi dira. Edozeinetara ere, onddoek entzimak iraizten dituzte, eta hauek onddoen kanpoko txegostea eragiten dute; entzimek molekula organiko handiak gai txikiagotan zatitzen dituzte, hala onddoaren zelulek beregana ahal izan ditzaten. Jokamolde horren eraginez, onddoak, elikatu ahala, elikadura iturria aldatzen joaten dira.

 

Harreman sinbiotikoak: mikorrizak eta likenak

Onddo batzuek harreman sinbiotikoak dituzte algekin –likenak– eta goi mailako zenbait landareren sustraiekin –mikorrizak–.
Likenak ez dira banakako landareak, baizik eta bi erreinu desberdineko moten arteko konbinazio estua, bata autotrofoa –alga–, eta heterotrofoa bestea –onddoa–.
Mikorrizetan, onddoak mesede egiten dio landareari, lurzoruko gai organikoa desegiten lagundu eta, hala, zenbait mineralez elikatzeko aukera ematen baitio. Sustraiek berriz, azukreak, aminoazidoak eta beste zenbait gai organiko eskaintzen dizkiote onddoari. Elkarketak garrantzi handia du, hartaraino ezen, onddorik ezean, landare asko ez baitira behar bezala hazten, lurzorua berez aberatsa izanda ere. Arbola batzuekin elkartuak bizi diren zenbait onddoren ugaltze aparatua baizik ez dira basoko zenbait perretxiko preziatu. Hori dela eta, zenbait zuhaitz motaren azpian baizik ez dira hazten (pinudietan, hariztietan, etab.).

 

Ekonomia arloan duten garrantzia. Onddo patogenoak

Onddoen mundu konplexuaren barruan, badira onddo motak gizakiarentzat biziki erabilgarriak, hala nola ogigintzan, ardogintzan edo garagardogintzan erabiltzen diren legamiak, farmakologian erabiltzen direnak –antibiotikoak ekoizteko–, edota gastronomian hainbeste estimatzen diren onddo motak (zizak, perretxikoak, boilurrak, etab.).
Alderantziz, ez dira asko onddo patogenoak, ez gizakientzat ez animalientzat. Sortarazten dituzten gaixotasunak –mikosiak– oso gutxitan izaten dira larriak eta kutsakorrak, eta arnasbideak, hesteak, larruazala edo buruko azala erasotzen dituzte eskuarki (2. Taula).
Onddo batzuk gizakiaren elikagaiak aldarazi eta ahalmen patogeno handiko toxinak sortzeko gai dira.Onddoak dira landareen gaixotasunen arduradun nagusiak, eta ez dira libratzen, jakina, gizakiak landu eta elikagaitzat erabiltzen dituen landareak. Landarearen organoei erasotzen diete eta, noizean behin, sekulako galerak sortarazten dituzte, landareak desitxuratu, kolorea aldarazi edo hiltzen dituztelako. Irlandatik Estatu Batuetara 1840an izandako emigrazio handia, Phytophthora infestans zelako onddoak patata uzta desegin ondorengo goseteak eragindakoa izan zen. Milioi bat pertsona baino gehiago hil ziren, eta beste bi milioik atzerriratu egin behar izan zuten. Ezbairik gabe esan daiteke, beraz, onddo hark zerikusi handia izan zuela egungo Estatu Batuetako biztanleriaren jatorrian.Beste onddo batek, mahatsondoaren mildiuak, sekulako jipoia eman zion XX. mendearen hasierako Frantziako mahats eta ardo industriari, eta lur jota utzi zituen baserritar eta mahasti jabe asko.