Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Darwinismoa

2. Irudia: Darwinen bilakaeraren teoriak animalia eta landare moten jatorria argitzen du.<br><br>

1859an izaki bizien bilakaerari buruz argitara eman zuen teoriarekin Darwinek erabat irauli zituen haien jatorriari buruzko orduko ideiak, eta Kopernikok, Galileok eta Newtonek lehenagotik egina zuten jakintza iraultza handia osatu zuen. Munduan barrena bost urtez egin zuen bidaldia erabakigarria izan zen eraldatzeari buruzko bere tesiak oinarritzeko frogak aurkitu eta biltzerakoan. Tesi horiei eta Malthusek biztanleriaren hazkunde gehiegizkoaz zituen ideien laguntza erabakigarriari esker, teoria osooso bat egin ahal izan zuen animalia eta landare moten sorrerak bi kausa zituela esplikatzeko: izaki bizien arteko aldaerak edo desberdintasunak, eta inguruak egiten duen bereizkuntza naturala; hala, hobekien egokitu direnek errazago irauten dute bizirik.

Darwinek bereizkuntza naturalaren aldeko froga asko erakutsi zituen, paleontologikoak, anatomikoak eta biogeografikoak batez ere. Gerora, bilakaera frogatzen duten gero eta aurkikuntza gehiago egin dira; horien artean Darwin hil ondoren sortu ziren jakintzen ekarriak, genetikarenak eta biokimikarenak batez ere, dira aipagarrienak.

 

Darwin

Darwin (1809-1882) jakintza unibertsaleko jakintsu handienetako bat da, Galileoren eta Newtonen mailakoa askorentzat.

1831n Beagle itsasontziak bost urtez lurbira osoan barrena egin zuen espedizioan naturalista gisa parte hartu zuen. Bidaldi horretan Hego Amerika, Ozeano Bareko uharteak eta Australia ezagutu zituen, eta hango izaki bizien eta fosilen aniztasun handiaz ohartzeko aukera izan zuen. Argentinan ugaztun handien hezur fosilak aurkitu izanak eta, batez ere, Galapago uharteetan txonta mota ugari ikusi izanak izan omen ziren Darwinen bidaldiko zirrara handiena eragin zioten gertaerak.Itzuli zenean, bidaldian egindako aurkikuntzak aztertzerakoan sortu zitzaizkion galdera ugarientzat azalpen bat bilatzen saiatu zen. Hona Galapago uharteetako txontei buruzko gogoeta bat: ?Uharteetan eta hurbileko lehorrean bizi diren animalia eta landare moten arteko kidetasunak harritu gaitu gehien, ez baitira, izatez, mota berekoak. Galapago uharteetan gertatzen da hori, han ia izaki bizi guztiek Ameriketako kontinenteko ezaugarriak baitituzte.

Zergatik izan behar du horrek horrela? Zer dela eta izan behar dute hain antzekoak Galapago uharteetan, eta ez beste inon, ustez sortuak izan diren animalia eta landare motak eta Ameriketan sorturikoak?? Darwin etsita zegoen animalia eta landare motak ez zirela aldaezinak, nahiz luzaroan ez zuen azaltzen jakin animalia eta landare moten aldaketak nola sortu ziren. Abere-hazleek aukeratutako animalia mota etxekotuekizaten zituzten aldaketek argibide batzuk eman zizkioten. Nolanahi ere, 1831n Malthus ekonomilariak giza biztanleriaz eginiko obraren irakurketak eman zion bere teoria sortzeko behin betiko giltza. Malthusek zioen biztanleria oro biztanleria horrek eskumenean zuen janaria baino lasterrago hazten zela, eta, beraz, gizabanakoek elkarren lehian ibili behar izaten zutela, bizirik iraungo bazuten, eta, bizirik iraun ere, egokienek baizik ez zutela bizirik iraungo. Ideia horiek beroriek aztertuak zituen animalia eta landare motetara aldaturik, bilakaerari buruzko bere teoriaren oinarriak jarri zituen Darwinek.

Ia aldi berean, beste zientzilari batek, Wallace (1823-1913), Darwinen ondorio berberak atera zituen; bi zientzilari horiek batera aurkeztu zituzten beren teoriak 1858an, eta Darwinek 1859an argitaratu zituen gizadiaren historiako jakintza lan handienetako bat den ?Landare eta animalia moten jatorria? liburuan. Geroztik garrantzi handiko beste liburu batzuk ere argitaratu zituen; haien artean ?Gizakiaren jatorria? izan zen aipagarriena, dudarik gabe haren lanik polemikoena gertatu zena.

 

Bereizkuntza naturalaren teoria

Darwinen bilakaeraren teoriak gertaera eta ondorio hauetan oinarriturik argitzen du animalia eta landare moten jatorria:Malthusek esan zuen bezala, izaki bizien multzoek ugaltzeko ahalmen handia dute, inguru jakin batean bizirik iraun dezaketen baino banako gehiago jaiotzen baitira. Ikusi besterik ez dago arrain, intsektu, etab. mota askok zer arrautza kopuru handiak erruten dituzten, bai eta landareek zer hazi kopuru handia izaten duten, belaunaldi gutxi batzuetan lurra asea geratuko litzatekeela ondorioztatzeko.Arestian esandakoa gorabehera, izaki multzo naturalek kopuru bera izateko joera izan dute denboran zehar. Inguruaren mugak dira (jatekoa, lekua, etab.) kontrolik izango ez lukeen hazkunde hori eragozten dutenak.

Aurreko oharren ondorioz, esan daiteke izakiak elkarren lehian ari direla, norkbizirik iraungo; beraz, organismo bakoitza inguruari nola egokitzen zaion, hala izango du bizirik irauteko era berezia organismo horrek.

Izaki biziek era aniztasun handia dute bai moten artean eta bai mota beraren artean.

Galapago uharteetako eta beste leku batzuetako txonta eta dortoka motak ikusi besterik ez dago aniztasun hori frogatzeko.

Beraz, bizirik irauteko lehian organismo bakoitzak zeinek bere egoera izango du: batzuk hobeto eta besteak okerrago egokituko zaizkio inguruari. Inguruak, beraz, bereizkuntza bat egiten du, era horretara hobekien egokitzen direnak izango direlarik bizirik iraungo dutenaketa ondorengo gehiago izango dituztenak.

Bereizkuntza hori argi ikusten da abere hazkuntzan eta nekazaritzan.

Horrela, izaki egokienen ezaugarriak ondorengoetara igaroko dira, ondorengoek heredatu egingo dituzte ezaugarri horiek, ongi egokitu ez diren izakienak, berriz, desagertuz joango direla.Beraz, bilakaeraren prozesuak bi alderdi ditu Darwinentzat: izaki bizien aniztasuna eta bereizkuntza naturala. Inguru batean bizi diren organismoak elkarrengandik desberdinak dira (aniztasuna), eta, denek bizirik irauterik ez dutenez, bizi ahal izateko borroka moduko bat gertatzen da, ingurura ongi egokitzen ez diren banakoak desagertu, eta hobekien egokitzen direnak bizirik dirautela (bereizkuntza naturala) borroka horretan. Hobekien egokitzen diren banakoak gehiago ugaltzen dira, eta besteei aldea harturik ematen dizkiete beren ezaugarriak beren ondorengoei. Belaunaldi berri horrek eta hurrengoek prozesu hori bera biziko dute, eta, beraz, etengabe ariko dira bilakaeran.Lamarckek bezala, Darwinek ere kasu jakin batzuetara egokitu zuen bere teoria, besteak beste, jirafaren lepo adibide dagoeneko ezagunarako, irudian ikus daitekeen bezala.

Darwinen teoriaren bi alderdi nagusiek, aniztasunarenak eta bereizkuntza naturalarenak, balio dute gaur egungo ikuspegitikaztertuz gero ere. Aniztasunaren jatorria eta herentzia esplikatzeko ahaleginean, ordea, Darwinek huts egin zuen. Gogora bedi garai hartan genetika ez zegoela landua. Darwinek berak herentziaren teoria bat egin zuen 1868an, pangenesia, Lamarcken teoriatik hurbileko ideiak zituena: inguruaren eragina eta hartutako ezaugarrien herentzia.

Gaur egungo bilakaeraren teoria sintetikoak akats horiek zuzendu zituen.

 

Bilakaeraren frogak

Arestian esan dugunez, Darwinek munduan barrena egin zuen bidaldian organismoen bilakaerari buruzko froga asko aurkitu zituen, biogeografikoak (txontak Galapagouharteetan nola banatzen ziren) eta paleontologikoak (ugaztun fosilak Argentinan) batez ere. Geroztik egin zituen azterketetan egiaztatu zuenez, konparaziozko anatomiak eta enbriologiak ere animalia eta landare mota askoren jatorri komuna frogatzen zuten.

Geroztik, biologiaren beste adar askok, genetikak eta biokimikak adibidez, froga gehiago eman dituzte bilakaeraren teoriaren alde.

Lehenengo froga historikoak paleontologiak eman zituen, fosilen jakintzak. Fosilak eta gaur egungo animalia eta landare motak konparatuz gero, garbi ikusten da alde handia dagoela batzuen eta besteen artean, baina orobat ikusten da antzekoak direla oinarrizko alderdi batzuetan, ahaidetasunaren ustearen lagungarri, batzuk besteen ondorengo direlako ustearen lagungarri, alegia.

Beraz, froga horien arabera, bizitza motak ez dira aldagaitzak, aitzitik, aldatuz joan dira denboran zehar, eta badute elkarren artean halako jarraitasun bat. Organismo talde batzuen fosilak nahikoa ondo ezagutzen dira, eta, hala, haien iraganaren, haien filogeniaren berri jakin ahal izan da; zaldien aitzindariak, adibidez, ezagunak dira Eozeno aroaz geroztik.

Biogeografiak edo animalia eta landare motak, fosilak nahiz gaur egungoak, geografiaren arabera banatzen dituen jakintzaren alorrak bilakaeraren teoriatik kanpo ezin argi daitezkeen kasuak esplikatzen ditu.

Dipnooak, adibidez, ur azaleko arrain birikadun bitxiak dira, gaur egun Hego Ameriketan, Afrikan eta Australian bizi direnak.

Lehen aroan hiru kontinente horiek elkartuta zeuden, Gondwana kontinenteko zati bat zirela. Han sortu ziren arrain hauen aitzindariak, eta kontinente hartan barrena sakabanatu ziren. Plaken higiduraren ondorioz, banandu egin ziren eta arrain multzo bakoitzaren bilakaera desberdina izan zen; gaur egungo dipnoo arrain motak hasierako kontinente hartan sortuak bide dira. Beste adibide aipagarri batzuk dira Darwinek aztertu eta arestian aipatu ditugun txontak eta Hawaiko drosofilak dira.

Animalia eta landare moten konparaziozko anatomia azterketek ere balio handiko frogak ematen dituzte bilakaeraren teoriaren alde. Organo jakin batzuk konparatzen direnean, adibidez ornodun batzuen gorputz adarrak (izurdea, balea eta lehorreko animalia batzurenak), oso antzekoak direla ikusten da, eta, beraz, aise jakin daiteke batzuen zein besteen hezurrek elkarrekiko duten egokitasuna.

Beste asko bezala, organo homologoen kasu bat da hori, alegia, kanpoaldea antzekoa izan ala ez, egituraz antolamendu berekoak diren organoena.

Gorputz atal horiek zergatik dute anatomia antolamendu komuna? Kidekoak direlako, aldez aurretik eredu bera izan baitzuten.

Har dezagun lehengo adibidea: antzinako ugaztunek berezko zuten bosthatzetako gorputz atalaren bilakaera oso desberdina izan zen animalia mota batetik bestera (balearen hegala, hegaztiaren hegoa, zakurraren hanka, etab.), era askotako inguruetara egokitu behar izan zutenez (ura, airea, lurra). Homologiek, beraz, oso desberdinak irudi dakizkigukeen organismoak kidetzeko balio dute (zakurra eta balea), eta baita animalia eta landare moten filogeniaren berri izateko ere.Azken hamarraldietan biokimikak zehaztasun handiko frogak eman ditu, DNA, RNA, proteinak eta era horretako molekula jakin batzuen osaketaren azterketak oinarritzat harturik. Azterketa horietan proteina batzuk baliatu izan dira bereziki: c zitokromoa, mioglobina, hemoglobina, etab. Proteina baten osaketak bi landare eta animalia motatan zenbat eta antz handiagoa izan, hainbat eta kidetuago egongo dira bi landare eta animalia mota horiek, beraz, hainbat eta hurbilagoa izango da haien aitzindarikomuna. Hala, c zitokromoaren kasuan ikusi da gizakiarenak eta Rhesus tximuarenak aminoazido baten aldea dutela, gizakiarenak eta zaldiarenak 11koa, gizakiarenak eta oiloarenak 13koa, gizakiarenak eta atunarenak 21ekoa. Gainera, azterketa horiei esker, konpara daitezke ameba, landarea eta animalia bezain organismo desberdinak, bestelako inongo konparaziorik egin ezin daitezkeenak (anatomikoa, enbriologikoa, etab.)

 

Darwinismoak gizartean sortu zituen eztabaidak

Bilakaeraren teoriak oihartzun handia izan du gizartean, jakintzako beste edozein ideiak baino handiagoa, eta gaur egun arte iraun duten istiluak sortu ditu. Animalia eta landare moten jatorria eta, batez ere, Gizakiaren jatorria argitaratu bezain laster, gogor eraso eta barre egin zion Darwini garai hartako gizarte talde askok, Bibliak Jainkoari izaki bizien sortzaile bakar gisa ematen dion zereginari egindako erasoa iritzi baitzieten haren ideiei.

Darwinismo soziala esaten zaionak ere beste eztabaida bat sorrarazi zuen Darwinen teoriak zirela eta. Spencerrek eta beste zenbait filosofok, Darwinen teorien aldezle sutsuak, itxuragabetu egin zituzten teoria haiek eta jakintzaren testuingurutik aterarik, ekonomiari eta gizarteari aplikatu. Horrela, XIX.. endearen bukaeran, darwinismoa garai hartako liberalismo ekonomikoak sorrarazi zituen gizarte bidegabekeriak zuritzeko erabili izan zen. ?Indartsuenak bizirik dirauelako? eta ?ahula suntsitzen? ideiaren izenean, gizabanakoen arteko borroka fisiko gisa interpretatu baitziren, gizarteko baztertuenen (meategietan lan egiten zuten haurrak barne) zapalkuntza gogorra, esklabotasuna eta arrazakeria zuritu ziren. Darwinismo soziala oker bidez darwinismo zientifikoaren berdindu nahi izan zenez, kalte handia egin zion hari, eta luzaroan gaitzetsia izan zen gizartean, ?ideologia? irizten baitzion askok darwinismoari oinarri sendoak zituen jakintza teoria bat bainoago.