Departamento de Cultura y Política Lingüística

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Biogeografia

1. Irudia: Ameriketako landare mota kosmopolita baten banaketa eremua; Plantaina, Plantago major. (Cox & Mooreren arabera, 1985).<br>29

Biogeografia alde asko dituen jakintza bat da; izaki moten kopuruak leku batzuetan ala besteetan nola diren desberdin aztertzen du, eta desberdintasun hori esplikatzen saiatzen da. Eragile fisiko, biologiko eta historiko askok baldintzatzen dute izaki moten banaketa eremua; banaketa edo barreiaketa horrek ezin du, izadiak edo klimak jartzen dituzten oztopoak direla eta, era berekoa izan alde guztietan, eta, beraz, ezaugarritzat izaki mota jakin batzuk harturik, haiek agertzen eremuak definitzen dira. Eremu horien barnean, landareak eta animaliak bioma deitu ohi diren multzo handitan antolatuta daude.Lurraren gainean 1.600.000 izaki mota ezagutzen dira, eta horiez gainera, badira hainbat milioi izaki mota iraungiak, haietaz dakigun apurtxoa fosilen errejistroan utzi zituzten aztarnei esker dakigunak.
Izaki motak edozein tokitan agertu izan dira, historiak hartaraturik, ekologiak eraginik edo izaki bizien multzoen genetikaren eraginez, baina izaki mota bakoitzak geografiazko banaketa jakin bat du edo izan du; alegia, izaki mota bakoitzak bere eremu mugatua izan du Lurrean, habitat jakin batzuetan soilik agertzen da, eta leku guztietan ez da beti oparotasun berberaz agertzen.
Banaketa eremu horiek (1. irudia) (izaki mota bat bertan badela ziurtatu izan den leku multzoa mapa batean irudikatua) eta izaki moten ugaritasuna ez dira beti berdinak izan, aldakorrak dira aitzitik; hasieran txikiak izan ohi dira tamainaz eta kopuruz, gero handituz joaten dira, eta txikitzen hasten dira berriz, harik eta, azkenik, zeharo gutxitu eta izaki mota hori iraungi egiten den arte (2. irudia).
Beraz, izaki motak ez dira era berean banatzen Lurrean zehar, aitzitik eragile askok eta era askotakoek baldintzatzendituzte espazioan eta denboran zehar banatzeko dituzten ereduak. Banaketa horiek eta banaketa horien eragileak aztertzea du helburu biogeografiak. Maila desberdineko taxonen banaketa ereduak deskribatu eta ulertu nahi ditu; non sortu zen izaki mota jakin bat, zergatik bizi den eremu jakin batean, eta zergatik ez den bizi ustez egoera bera duten beste eremu batzuetan.
Galdera asko egin daiteke pentsaera horren inguruan, eta asko argi daitezke, argitu ere, historia argitan, besterik gabe.
Handia da, beraz, historiak biogeografiari egin dion ekarria; horretan, jakina, nahitaezko baliakizun dira fosilen azterketa eta plaken tektonika -Lurraren historian zehar kontinenteak nola elkartu eta bereizi ziren argitzen duen teoria-.
Hona biogeografiaren inguruan egin daitezkeen galdera batzuk: Non sortua da izaki mota jakin bat? Izaki mota batek zergatik du gaur egun duen banaketa eremua eta ez beste bat? Lehen ere banaketa eremu hori bera zuen? Zein da antzeko beste izaki mota batzuen banaketa eremua? Lurreko eremu jakin batzuetako izaki motak (Australia, Zeelanda Berria, Madagaskar) zergatik dirahain bitxiak? Nolako eragina izan dute plaken tektonikak edo Pleistozenoko izotzaldiek izaki mota askoren banaketa ereduan? Zergatik agertzen dira bata bestetik oso urrun dauden eremuetan elkarren oso antzekoak diren animalia eta landare motak? Izaki mota bat zergatik barreiatzen da eremu jakin batean bakarrik? Zergatik ez da urrunago barreiatzen? Zer nolako eragina dute klimak, topografiak edo beste izaki mota batzuek izaki mota jakin baten banaketan? Tropikoetan zergatik dago lurburuetan edo eremu epeletan baino askoz izaki mota gehiago? Nola kolonizatzen da sumendi erupzio batetik itsas zabalean bakan-bakanik sorturiko uharte bat? Zergatik dago izaki mota gutxiago uharte batean lehorreko eremu berean baino? Horrelako ehundaka galdera egin daitezke, baina galdera horiek, funtsean, biogeografiaren bi adigai nagusietan biltzen dira: nola aldatzen da animalia eta landare moten kopurua eremu batzuetatik besteetara eta nola azal daiteke desberdintasun hori.
Biogeografia alde asko dituen jakintza bat da, beste jakintza askoren jakitateak biltzen dituena (batez ere ekologia, izaki bizien multzoen biologia, sistematika, bilakaeraren biologia, geologia eta izadiaren historia), eta informazio kopuru handi bat laburtzen eta biltzen duena. Nolanahi ere, jakintza honetan diharduten zientzilariak oso arlo jakinetan espezializatzen dira: taxonomian (fitogeografoek landareak aztertzen dituzte, zoogeografoek, berriz, animaliak), biogeografia historikoan - taxonen edo komunitateen jatorria, haien barreiatzea eta iraungitzea argitzen saiatzen da-, edo biogeografia ekologikoan -izaki moten gaur egungo banaketa argitu nahi du, organismoek eta ingurune fisiko nahiz biotikoak elkarrengan dituzten eraginen argitan-.
Uniformismoa, Hutton-ek (1795) adierazia, oinarrizko hatsapena du biogeografiakbere alor historikoan. Teoria horren arabera Lurraren azalean gaur egun eragina duten prozesu fisikoak inoiz ez dira aldatu, eta denboran zehar indarrean egon diren oinarrizko lege berberen ondorio dira; alegia, gaur egungo prozesu naturalak (higadura, sumendien eragina, jalkipenak) iraganeko berberak dira.

 

Animalia eta landare moten banaketa arautzen duten alderdiak.

Izaki biziak nonahi bizi dira, eta historia, fisika eta ekologiazko arrazoiei zor diete gaur egun duten banaketa eta ugaritasuna.
Horrek esan nahi du izaki mota jakin bat ez dela edozein lekutan bizi, biologiaren aldetik dituen premiak ingurugiroak asetzen dizkion leku hartantxe baizik (ekologian zokoa deitzen zaiona), eta horrexegatik dira izaki biziak ingurugiroaren ezaugarrien adierazle.
Beren banaketa eremuen bitartez, izaki biziek ingurugiroaren aldetik antzeko egoeran dauden eremuak definitzen dituzte.
Eremu horiek ez dira geldiak eta aldagaitzak, biziak baizik, hedatu eta uzkurtu egiten baitira, beste eremu batzuk kolonizatzeko prozesuen eta eremu jakin bateko izaki biziak, aldez edo osoro, iraungi izanaren ondorioz.
Espeziazio mekanismo konplexuen bidez izaki mota jakin bat eremu jakin batean sortzen denez geroztik, hedatzeko eta beste eremu hurbil batzuk kolonizatzeko aukera izaten du sakabanatze prozesuen bidez. Prozesu horiei esker, izaki mota jakin bateko banako bat edo gehiago edo beren haziak ordu arte beren lekuak ez zituzten beste eremu batzuetara iristen dira.
Sakanabatze mekanismoak aktiboak edo pasiboak izan daitezke, eta horiei esker iristen dira beste leku batzuetara animaliak, beren larbak edo landareen haziak. Mekanismo aktiboen artean, animalia askok bereizgarritzat dituztenak, animalia bera da aipagarriena, bere higiduraren bidez leku batetik bestera joaten baita (txoria har bedi kontuan).
Sakabanatze mekanismo gehienak pasiboak dira, eta horien artean bi dira nagusi: anemokoria -haizeak eramanda egindako lekualdatzea- eta hidrokoria -urak eramanda egina-.
Gauza jakina da txikoria-belarrarenak bezain hazi ezagunak haizearen laguntzaz sakabanatzen direla, bere “jausgailu” berezia ere lagungarri, eta beste hazi askok ere mekanismo lagungarriak badituztela haizeak eraman ditzan.
Landare batzuk egokituta daude haizearen bultzadaz basamortuetan zehar ibiltzeko.
Animaliek ere badituzte lekuz aldatzeko berezitasunak; armiarmak, adibidez, bere amaraunetakoen osagarri bereko hariak sor ditzake, hala haize-lasterrek batetik bestera eraman ditzaten. Harrigarria da ikustea zenbat bakterio, intsektu, artropodo, etab. dagoen eguratsean oso altura handitan, edo haizelasterrak batetik bestera eramanak.Hidrokoriak argitzen du zergatik animalia eta landare askok urruneko uharteak kolonizatu zituzten. Landare batzuek egokitze mekanismoak dituzte hazietan lekualdatze mota hau egiteko, eta igeri egoteko mekanismoak ere badituzte. Argigarria da oso kokoaren haziaren kasua, bere emankortasuna galdu gabe egun asko iraun baitezake bizirik itsasoko uretan, igerian egonez eta ur-lasterrek daramatela, harik eta non ernatua aurkitzen duen arte. Dokumentatu izan dira baita ere lehorrera iritsi arte enbor baten gainean igota itsasoz “bidaiatu” duten muskerren edo ugaztun txikien kasuak.
Zookoria garraio pasiboaren kasu berezi bat da, eta batetik bestera joateko animaliak lagungarri gisa erabiliak direla esan nahi du.
Hona adibide batzuk: hazi batzuek kakoak edo arantzak dituzte animalien ileari gogor heltzeko; intsektu batzuen larbak emigratzera doan txori baten lumei edo hankei atxikitzen zaizkie; animali batzuek fruituak leku batean jaten dituzte eta kaka egiterakoan handik urrun botatzen dituzte fruitu horien haziak; hamsterrek eta antzeko beste animalia batzuek eraman egiten dituzte fruituak, beste nonbait lasai jateko edo gordetzeko.
Mekanismo horien bidez, izaki biziak edozein lekutara irits daitezke, teorian behintzat, eta leku hori kolonizatu, eta denbora tarte luzeetan bizirik iraun dezakete ohiko dituztenen oso bestelako inguruneetan, hain zuzen ere, zeharkatu beharreko oztopo fisiko eta biologiko direnetan. Oztopo horiek gainditzea edo ez gainditzea, oztopo horien nolakotasunak eta organismoaren ezaugarriak baldintzatuko du.
Horrek zer esan nahi duen konturatzeko, aski da itsasoan galdu eta uharte batera iritsi diren pertsona batzuk irudikatzea. Uharte hori urez inguratua dago, ezin beraz handik irten eta beste uharte batera edo lehorrera iritsi. Inguru guztian daukaten itsasoa dute oztopo, hainbat eta oztopo igarogaitzagoa, zenbat eta handiagoa izan hurrengo lehorrerainoko distantzia. Gizakiarentzat igarogaitza den oztopo hori ez da igarogaitza txoriarentzat, eta horrek frogatzen du oztopo bera ez dela landare eta animalia guztientzatoztopo. Basamortuak edo mendikateak oso kasu argigarriak dira. Ipar Amerika eta Hego Amerika lotzen dituen Panamako istmoak tropikala, beroa eta hezea du berez klima, eta klima mota hori oztopo gertatzen da eta ez iparrera ez hegora igarotzen uzten die tropikalak ez diren izaki motei.
Animalia mota askok gizakiaren eragin zuzen edo zeharkakoari esker igaro ahal izan dituzte bestela igaroezinak liratekeen oztopoak, edo bizkortu ahal izan dituzte beren sakabanatze mekanismoak; horrek; behin baino gehiagotan, arras aldatu ditu banaketa eremuak eta tokian tokiko komunitateetara ustekabeko ondorioak ekarri ditu, sarraskia edo txikizioa maiz. Oso nabarmena izan da hori arratoiaren, txolarrearen, katuaren edo untxiaren gisako animalia motetan, horien etorrerak kaltea besterik ez baitie ekarri kokaleku berritzat hartu dituzten eremuetako animalia eta landareei. Patata zomorro ezaguna Ipar Ameriketako animalia mota bat da, geroztik Europara aldatua, eta patatarentzat izurri gertatu dena.
Beste kasu batzuetan, animalia jakin batzuk etekina ateratzeko asmoz berariaz aldatu izan dira eremu batera. Amuarrain arrunta, izatez Eurasia sortaldekoa baizik ez zena, Ipar Ameriketara, Txilera, Argentinara, Afrika Hegoaldera eta Afrika sortalderaa, Madagaskarrera, Australiara eta Zeelanda Berrira aldatu zen; gauza bera gertatu zen izatez Mediterraneo aldekoa baizik ez zen ostra arruntarekin. Gauza jakina da Euskal Herriko mendi asko eta askotan insignis pinua (Pinus radiata) dela nagusi, baina oso gutxik dakite pinu mota hori izatez Monterreykoa dela (Kalifornia), eta Odon de Yarzak ekarri zuela XIX. mendearen bukaeran Euskal Herrira. Kasu honetan, pinu-beldarra edo prozesionaria deritzan izurri ezaguna pinu horiekin batera etorri zen eta beste landare konifero mota batzuetara zabaldu, eta oso zaila da hari aurka egitea.
Oso adierazgarriak dira itsasontzien kroskoak kolonizatzen dituzten eta itsasozko merkataritzari esker oso urrun joaten diren itsasoko izaki moten kasuak. Aipagarria da orobat, eta oraintsukoa, Caulerpa taxifolia tropikoko itsas belar inbaditzailearen kasua; Monakoko Ozeanografia Museoko akuariotik abiaturik, Mediterraneoko eremu handiak ari baita kolonizatzen eta tokiko landarediarekin lehian baitabil. Antzeko kasuak maiz gertatzen dira itsasoko ingurunean; badira, adibidez, ostra salerosketa dela eta Japoniatik iritsi diren animaliak.

 

A ) Alderdi fisikoak

A) Alderdi fisikoak Klimak, lur motak, urak, ur inguruneen ezaugarriak eta era horretako eragile fisikoek mugatzen dute bizitza. Klimaren eragina ondo ezaguna da. Lurreko eremu batzuek muturreko klima dute, horietan izaki mota gutxi batzuk baizik bizi ezin daitezkeela, lurburuetan edo basamortuetan adibidez; beste batzuek, berriz, epelagoa dute klima, eta askoz izaki mota gehiago dute. Eguzkiaren irradak eta tenperaturak, euri-elurrek, haizeek, lainoek, elur egunek, izotz egunek eta era horretako eragileek definitzen dute eremu bateko klima, eta bihurtzen dute eremu hori bizitzeko egokiago edo desegokiago.
Mikroklimak esaten zaie eremu bateko klima egoeran hainbat eragilek eskala txikian sorrarazi dituzten aldaketei. Adibidez, ibai ertz bateko mikroklima hurbileko beste leku batzuetakoa baino hezeagoa eta tenperatura apalagokoa izango da; baso sakonak ere bere mikroklima izaten du, eta mendi baten hegoaldeko klima mendi horren berorren iparraldekoaren oso bestelakoa izaten da. Gauza jakina da askoz hobe dela etxea hegoaldera begira egotea, epelagoa eta argitsuagoa izango baita.
Lur motak eta klimak baldintzatzen dute eremu bateko landaredi mota; lurra, berriz, harkaitzen higadurari organismoetatik datorren gai organikoa eranstearen ondorioz sortzen da, prozesu luze eta konplexu baten bidez. Animaliek ez bezala, landareek ez dute beste organismo batzuen laguntza behar elikadura lortzeko, eguzkiaren argitik eta eguratseko (CO 2 ) eta lurreko gai ezorganikoetatik lortzen baitute behar duten energia.
Lurraren osaketak baldintzatuko du, beraz, zeintzuk diren eremu jakin batean bizi daitezkeen landare motak.
Ur inguruneek beste eragile batzuk izaten dituzte: gazitasuna, argiaren sarkortasuna edo uraen elikagai edukia; ingurune horietako izaki moten banaketa aztertzerakoan oso kontuan hartu behar da urak ozeanoetan duten zirkulazio orokorra.

 

B ) Alderdi ekologikoak.

Izaki mota bakoitzak hedadura jakin bat du, gaur egun duen zoko ekologikoa eta bere historia islatzen duena. Ustiatzen dituen baliabideei buruz, eta non bizi daitekeen eta bere eremuaren baitan lor dezakeen gehienezko oparotasuna baldintzatzen duen ingurunearen egoera fisikoari buruz, izaki mota batek duen eskakizun multzoa da zokoa (3. irudia). Irudi horretan bi dimentsiotako zoko bat irudikatzen da (1 eta 2 baliabideak), nahiz edozein izaki biziren baliabideak askoz ugariagoak diren; landare baten kasuan, adibidez: tenperatura, behar duen ura, lur mota, argia, elikagaiak, polinizatzaileak, etab.
Benetako zokoa, hori baita izadian benetan agertzen dena, zoko ideala, teorikoa edo oinarrizkoa baino askoz txikiagoa izan ohi da neurriz; baliabide berak zeinek eskuratuko lehian dabiltzan beste izaki motak izaten dira txikiagotasun horren kausa adierazgarrienetako bat, eta hori dela eta zoko horiek bata bestearen gainera biltzen dira eta txikiago bihurtzen (benetako zokoa. 4. irudia).
Horra hor izaki mota baten banaketan eragina izaten duen beste kausa garrantzitsu bat, beste izaki mota batzuekiko lehia, alegia.
Harrapaketa (harrapari-harrapakin harremana) eta mutualismoa dira banaketa eremuak murrizten dituzten beste kausa soilsoilik ekologiko batzuk. Adibidez, bizitzeko harrapakin baten beharra duen harrapari bati (artalde baten beharra duen otso talde bat) harrapakina desagertzen bazaio (artaldea gorde edo lekuz aldatzen bada), harraparia ere desagertu egingo da; edo alderantziz, otso ardi-gose asko dagoen eremu batean ardi gutxi baldin bada, handik gutxira otsoek ardi guztiak akabatuko dituzte, eta haiek ere desagertu egingo dira zer janik ez dutela.
Mutualismoan bi izaki motek etekina ateratzen diote elkarri, eta horregatik elkarren mendekotasun handia dute; bat falta baldin bada, bestea desagertu egiten da. Horren adibide izan daiteke intsektu baten polinizazioaren mende dagoen landare bat; intsektua falta bada, landare horrek ezin du bere bizitza zikloa itxi, eta azkenean desagertu egingo da eremu horretatik. Hori gertatzen zaio pikuondo ezagunari, pikuak emateko liztor baten mende baitago; pikuondoa Ameriketara aldatu zutenean, ez zuen pikurik ematen, nahitaez behar zuen liztorra falta zuen eta.

 

C ) Alderdi historikoak

Lurraren azala etengabe aldatu da historian zehar. Kontinenteak mugitu egin dira (plaken tektonika), itsasoak hedatu eta uzkurtu egin dira, mendiak goratu, higatu, eta azkenean desagertu egiten dira, uharteak agertudesagertu egiten dira, hormategiek aurreraatzera egiten dute. Klima ere aldatu egin da.
Eragile horiek guztiek historia definitzen dute, oinarri-oinarrizko alorra hain zuzen, 31hura gabe ezin baitaitezke ulertu gaur egungo banaketa eremuak, eta batez ere oso adibide bitxi diren izaki motenak. Hala, adibidez, eragile historikoak ezinbestekoak dira eremu urrunak deriztenak argitzeko; eremu oso bat da hori, giroa egokia izan arren izaki mota batek bizilekutzat hartu ez dituen eremu zabalek zatitzen dutela eremu oso hori eremu txikitan, adibidez, 5. irudian magnolien eremua irudikatzen duena. Adibide horiek honela esplikatzen dira: klimak izan dituen aldaketek murriztu egin dute garai batean askoz zabalagoa zen banaketa eremua. Izaki mota horiei murriztuak esaten zaie.
Batera aritzen diren eragile fisiko, biologiko eta historiko horiek guztiek baldintzatzen dituzte banaketa eremuak. Badira izaki mota batzuk, kosmopolita esaten zaienak, garatzeko egoera egokia aurkitzen duten leku guztietan kokatzen direnak, eta mundu osoan barrena banatuta daudenak. Izaki mota horiek ez dute muga historikorik bere banaketan, soilik ekologikoak liratekeen mugak baizik; inguruneko eragileak oso ondo eramaten dituzten izaki motak dira horiek, eta, oro har, sakabanatze mekanismoak oso eraginkorrak izaten dituzte.
Endemismo esaten da izaki mota bat eremu jakin batera mugatua dagoenean; horrek soil-soilik esan nahi du izaki mota hori ez dela beste inon, eta endemikoa izan daitekeela geografia eremu batzuetan, leku eskala zabal batean (Iberiako endemismoa, Gipuzkoako endemismoa, Aralar Mendiko endemismoa), eta taxonomia eskala desberdinetan (orden endemikoa, familia endemikoa, jenero endemikoa, mota endemikoa, etab.).
Adibidez, kanguroak Australia eta Ozeaniako familia endemiko bat (Macropodidae) dira, eta hipopotamoek (Hippopotamidae familia), Etiopiako eskualdeko familia bat.

 

Biogeografia eskualdeak ( 6. irudia )

Lurrean badira oso eskualde handiak, kontinente osoek ere eratuak izan daitezkeenak, geografia oztopo gaindiezinez bereiziak, eta, beraz, zeinek bere animalia eta landare bereziak dituztenak. Biogeografiaren aldetik berariazko izenak dituzte eskualde horiek; asko dira, beraz, Lurraren atal biologikoak esan diezaiekegunak, maila desberdinekoak, eta beren animalia eta landare moten arabera zatituak.
Erreinu, eskualde eta probintzia derizten zatiketa horiek taxonomia dute oinarri, eremu bakoitzeko izaki bizien osaketak bereizten ditu, alegia. Izadiko oztopoek sortzen dituzte zatiketa horiek, zatiketa edo eremu horietako bati dagozkion izaki mota gehienei ez baitiete handik kanpo sakabanatzen uzten.
6. irudian ikusten da zer garrantzia duten itsaso eta ozeanoek, basamortuek edo mendikate handiek eskualdeak mugatzerakoan. Hala ere, erreinu horien arteko muga ez dago zehatz definitua, aitzitik badira nahasketazko eta bitarteko eremu zabalak; mendi handiak (Himalaia, adibidez), itsasadar zabalak edo izotz basamortuak daudenean, orduan baizik ez dira eskualdeen arteko zatiketak garbiak.
Datu zoogeografikoak eta fitogeografikoak konbinaturik, eskualde neoartikoa, paleartikoa, ozeanikoa, neotropikala, Etiopiakoa, sortaldekoa, Australiakoa eta antartikoa bereizten dira, nahiz denek ez dituzen bereizketa horiek onartzen (6. irudia).
Itsasoko inguruneak bere berezitasunak ditu, eta, kostaldeko animaliei dagokienez, eskualde hauek bereiz daitezke gutxienez: tropikokoa, Mediterraneokoa-Atlantikokoa, Atlantikoko iparraldekoa, artikoa, Itsaso Bareko iparraldekoa, hegoaldeko epela, antartiko aurrekoa eta antartikoa.handitan zati daitezke, zeinek bere landare eta animalia komunitate bereziak dituela, bioma izenekoak. Bioma horiek banatzeko eredu orokorrak klima eta lur mota ditu oinarri.
Biomen arteko bereizketak ez du zertan zerikusik izanik bioma horiek osatzen dituzten organismoen taxonomia sailkapenekin, aizitik organismo horien bizi ezaugarriekin du zerikusia, alegia, formarekin, egiturarekin, ohiturekin eta inguruneari erantzuten dioten bizi zikloekin. Bioma bakoitzak landaredi mota beti-batekoa du, izaki motak desberdinak izan arren. Horren ondorioz badira eginkizun bereko ordezkoak esaten zaien izaki motak, eskualde desberdinetan eginkizun bera dutenak, alegia. Adibidez, Estatu Batuetako sortaldeko ia kostalde osoan Hosto Erorkorreko Baso Epela da nagusi, eta harizti sail handiak dira gehien-

 

Biomak.

Erreinu bakoitzaren barneko izaki motak ez daude berdin banatuak, aitzitik erreinu biogeografiko bakoitza klima, lur eta erliebe mosaiko bat da, eta zeinek bere organismoak ditu. Landaredian oinarrituz gero, erreinu horiek multzo 32bat; gauza bera gertatzen da Europako eremu handi batean, baita Euskal Herriko zati batean ere. Baina, Estatu Batuetan hariztiak Quercus rubra edo haritz gorri motakoak dira, eta, Europan, Quercus robur edo haritz pedunkuludun motakoak. Bi landare mota horiek eginkizun bereko ordezkoak direla esan daiteke.
Lehorreko, ur gezetako eta itsasoko bioma asko daude. (7. irudia). Lehorrekoen artean hauek dira nagusiak: Tundra: Artikoko Zirkulu Polarraren inguruan dago. Neguan tenperaturak -57° C-raino jaisten dira, eta lurra izoztuta dago beti, baita urtaro beroan ere, baina orduan sakontasun jakin batetik behera egoten da lurra izoztuta. Hazkuntza urtaroa oso laburra da. Goroldioak, likenak, ihiak eta zuhaitz txikiak dira tundrak izan ohi dituen landare motak.
Taiga (Landare koniferoen ipar basoa): Landare koniferoak dira eskualde honetan nagusi. Neguak luzeak eta hotzak dira; udak, berriz, laburrak eta beroak. Neguan lurra izoztua eta elurrez estalia egoten da.
Hosto erorkorreko baso epela: Eremu honetan euri asko egiten du eta euria erregulartasunez banatzen da urte osoan zehar; tenperaturak epelak dira, eta neguak eta udak ondo definituta daude. Zuhaitzei (haritzak, pagoak, gaztainondoak, intxaurrondoak, etab.) hostoak erortzen zaizkie neguan.
Hosto erorkorreko baso tropikala: Tenperatura epelak izaten dira; zuhaitzei urtaro lehorrean erortze zaizkie hostoak.
Tropikoko baso euritsua: Cancer eta Capricornus tropikoen artean dago; tenperatura beroa izaten da, argi asko dago eta euri asko egiten du. Zuhaitz motak era askotakoak dira (300 zuhaitz mota desberdinetaraino 2 km 2 tan), eta izaki bizi motak ere bai.
Belardi epela: Basamortuan baino euri gehiago eta hosto erorkorreko baso epelean baino euri gutxiago egiten duen eremuei dagokio. Landare lastodunak dira nagusi.Eremu horietako animaliak belarjale handiak dira gehienbat.
Sabana (belardi tropikala): Cancer eta Capricornus tropikoen artean dago; oso klima beroa du beti, eta urtaro lehor luzea du. Landarediari dagokionez, belardi hutsa edo zuhaiztiekin tartekatua du. Landare lastodunak dira nagusi, garaiera handikoak batzuk (3.5 m.). Eremu horietako animaliak belarjale handiak dira gehienbat.
Mediterraneo aldeko landaredia (txaparrak): Negu oso epelak eta uda oso bero eta lehorrak dituzten eremuetakoa (Mediterraneo aldeko klima). Belardi eremuetan baino euri gutxiago egiten du. Landaredia esklerofiloa da (hosto gogortuak: artea).
Basamortua: Oso eremu lehorrak, urteko eta metyro koadroko 250 mm baino euri gutxiago egiten du, eta, gainera, euri gutxi hori berehala lurrintzen da. Badira basamortu beroak, Saharakoa adibidez, han egunez bero handia egiten du, 50° C, eta gauez, berriz, hotz handia, eta neguak epelak dira; eta badira basamortu hotzak, Gobikoa adibidez, neguak oso hotzak eta hotz handiko bitarte luzeak dituena. Bi basamortu mota horiek oso landare gutxi eta harea eta harrizko eremu handiak dituzte.
Ur gezatako biomak lehorrekoak baino ingurunearen askoz mendekoagoak dira, eta lentikoetan -ura geldirik dago, aintzira eta urtegietan adibidez-, eta lotikoak -ura ibilian dabil, ibaietan adibidez- banatzen dira.
Lurretik etengabe hartzen dituzte elikagaiak, baina uraren ibiliak (ibaiak) eraman egiten ditu elikagai horiek. Ibaia nondik pasa, halakoak izango dira uraren ezaugarriak, beraz, oro har, oso aldakorrak izaten dira ezaugarri horiek. Oso giro desberdinak sortzen dira bioma hauetan. Landaremikroskopikoak dira nagusi (planktona).
Animalia asko dago bioma honetara mugatua (arrainak, hegaztiak, anfibioak, etab.).
Itsasoko biometan ezin da eskualde biomarik bereizi, itsasoko ingurunearen egoera era berekoa delako eskala handian, eta itsasoko izaki biziak erraz barreiatzen direlako. Urak dituen ezaugarri fisikoen ondorioz, itsasoan ez dira behin ere izaten lehorrean berez izaten diren tenperatura aldaketak; gainera, ura ez da faktore mugatzailea, argia bai ordea, ez baita metro gutxi batzuk baino sartzen.
Ozeano aldeko bioma: Kostaldearen eraginetik urrun dago eta hiru azpibiomatan banatzen da: igeri dauden eta ur-lasterrek eramaten dituzten izaki bizi batez ere mikroskopikoena (planktona); nektonak edo animalia multzo igerilari aktiboek (balea, izurdea, atuna, txibia, dortoka, etab.) osatzen dutena; eta, hondoko izakiek edo bentosak osatzen dutena.
Kostalde harkaitztsuetako bioma: Itsas belarrak dira hor nagusi, eremu batzuetan saldo horizontal ondo mugatuak eratzen dituztela, urak zenbat eta sakonago, saldo horiek orduan eta aldatuago (eremu banatze bertikala), animaliengan ere eragina duten itsasaldien ondorioz sortzen diren lehorraldien arabera. Lurreko eremu batzuetan koral uharriak izaten dira, eta beren ehunetan itsas belar mikroskopikoak dituzten koralak nagusi dira han nagusi.
Harrigarria da uharri horietako animalia moten ugaritasun handia, tropikoko baso euritsuaren pareko baitira ugaritasunez.
Kostalde hareatsu eta lohitsuetako bioma: Azpiak ez du egonkortasunik, itsasaldiek eta ur-lasterrek etengabe astintzen baitute, eta, beraz, etengabe ari da azpia berriz eratzen.
Itsas belarrak bakanak dira eta animaliak ugariak: harrak, soinberak eta oskoldunak gehienbat.