Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Perestroika

1985 eta 1991 bitartean Sobiet Batasunak, Gorbatxov gidari zuela, azken ahalegina egin zuen zenbait berrikuntza aurrera eramateko. Baina perestroika (berregituratzea) zeritzan ahalegin horrek huts egin zuen. Izan ere, neurri horiek ?sartaldean sobera idealizatu baziren ere maiz? aurrez behar bezala zehaztu gabe hartu ziren. Eta, gainera, beranduegi baliatu ziren, atzerakorik gabeko krisi gogor batean sartua baitzen ordurako sobietar sistema.

Gorbatxoven zuzendaritzak bi huts nabarmen egin zituen: batetik, indarra hartua zuen krisi ekonomiko gero eta sakonagoa geldiarazten ez asmatzea, eta, bestetik, SESBren barruko nazioen eztandaz ez konturatzea (horrek SESB bera desagertzea ekarri zuen azkenean). Nolanahi ere, emaitza onik ere izan zuten berrikuntzok, bi arlotan behinik behin: batetik, eta glasnot edo gardentasunari esker, sobietar gizarteak bere arazoei buruz eztabaidatzeko aukera izan zuen historian lehenengo aldiz, eta, bestetik, nazioarteko tirabirak baretu egin ziren (herrialde ahaltsuenek armak kontrolatzeko neurriak hartu zituzten, esate baterako).

 

Lehenengo berritze ahaleginak

PERESTROIKA INDARREAN JARRI ZEN LEHENENGO BI URTEETAN EZ ZEN NEURRI ZEHATZIK BATERE HARTU, BERRIKUNTZARAKO JOERA SUMATU BAZEN ERE.1985eko martxotik 1987 erdialdera bitarteko aldia iritziak aztertzeko aldi bat izan zen, perestroika ezagutarazteari dagokionez betiere. Ez zegoen oso garbi Gorbatxovek berrikuntza proiekturik zeukanik, eta izatekotan oso berrikuntza neurritsuak izan behar zuten. Eta hala, adibidez, 1985ean alkoholaren kontra bultzatu zuen kanpaina diziplinazko neurriak hartzeko proiektu bat izan zen funtsean ?Andropovek 1982an bideratu zuenaren antzekoa?, egiturak eta jokabideak eraldatzeko zinezko erreforma bat baino gehiago.

Horregatik, 1987. urtearen hasieran, bidezkoa zen SESBean gauzak ezer gutxi aldatu zirela esatea.

Nolanahi ere, bi arlotan behintzat izan zen berrikuntzarik, eta handiak, gainera.

Adibidez, lehenengo urratsak egin ziren gerora glásnost izenez ezagutuko zen prozesuan.

Hedabideetan gero eta askatasun handiagoz lan egiten zen, eta horrek aldaketa handia ekarri zuen baita ere iraganaldiari buruz. Aldi berean, 1985eko udazkenaz geroztik oso bestelako jokabidea nagusitu zen berehala kanpo harremanetan: bi herrialde ahaltsuenen buru nagusiak hitz egiteko elkartu ziren Geneban eta Reykjaviken.

Aldi berean armen kontrolari buruzko zenbait negoziazio desblokeatu zituen Gorbatxovek, eta bigunago jokatzen hasi zen.

Azken batean, hori abiaburua baizik ez zen,gerora ?pentsamendu berria? esango zitzaiona ari baitzen prestatzen.

Perestroikaren aurreneko bi urteetan, bestalde, ekonomiaren arloan iritzi berrizaleak entzun ziren aurreneko aldiz, eta horrekin batera hasi ziren lehenengo barne eztabaidak ?kontserbadoreen eta Gorbatxoven jarraitzaileen artean? alderdi komunistaren barruan.

 

Perestroika nola zabaldu zen

PERESTROIKAREN ERDIKO ALDIAN ARGI GERATU ZEN ALDERDIAREN APARATU ZAHARRA GAI ZELA GORBATXOVEK ABIAN JARRI ZITUEN BERRITZE NEURRIAK BERETZEKO.1987ko erdialdetik 1990eko uda bitarteko hiru urteek perestroikaren erdiko aldia dira. Denbora horretan neurri asko hartu ziren ?ez oso erradikalak horietako asko? hainbat eta hainbat arlotan.

Adibidez, eta hasteko, estatuak enpresa lege bat sortu zuen, enpresek erabakitzeko ahalmen handiagoa izan zezaten, plangintzarako organo zentralen kaltetan. Legearen edukia halako moduan aplikatu zen, non lan pribatu mota batzuk legeztatzea izan baitzen sorrarazi zuen kontuan hartzeko moduko aldaketa ekonomiko bakarra.

1988tik aurrera neurri berrizale eta askatzaile batzuk hartu ziren politikan, eta hurrengo bi urteetan, neurri horiei esker, hauteskunde sasidemokratikoak egin ahal izan ziren. Nolanahi ere, alderdi komunistak bere esku atxiki zuen prozesuaren kontrola, konstituzioak ezagutzen zion zuzendaritza lana legez deuseztua izanagatik 1990. urtearenhasieran. Nolanahi ere, oposizioko indarrek, hala nola Errusian Ieltsin buru zuena, neurri askatzaile horiei esker izan zuten azaltzeko aukera.

Kanpo harremanetan, berriz, aldaketak aurrera jarraitu zuen. Hauek izan ziren urrats nabarmenenak: SESBk eta EEBBek hitzarmen bat egin zuten 1987ko abenduan erdibideko irispideko lurreko arma nuklearrak suntsitzeko; 1989an sobietar gudarosteak Afganistanetik alde egin zuen; eta Gorbatxovek soldadu eta arma kopurua murriztuko zuela iragarri zuen bere aldetik.

Perestroikaren aldi honetako ongaitzei buruzko azterketa eginez gero, esan daiteke eztabaida franko eta interesgarriko aldia izan zela, baina ezer gutxi aurreratu zela neurriak aplikatzean, alderdiko eta estatuko aparatuek berehala indargabetzen baitzituzten neurri horiek. Ekonomiak ez zuen hala eta guztiz ere gora egin, eta aginpidegunetik urrun zeuden eskualdeetan hasiak ziren gogaitzen. Horrexegatik izan zuen halako gorakada nazionalismoak eskualde horietan, batez ere Baltiko aldean eta Kaukaso aldean.

 

Aginpidea lortzeko lehia eta estatu kolpea

1990 ETA 1991 BITARTEAN, BERRIZ,NAHASMENEZKO ETA EZTABAIDA GOGORREKO ALDI BATEAN SARTU ZEN PERESTROIKA. 1991EKO ABUZTUAN ESTATU KOLPE BAT JO IZANAK ONGI ADIERAZTEN DU EGOERAREN LARRIA.1990. urtearen erdialdean, alderdi komunistak egin zuen kongresuaren ondoren, artean alderdian zeuden sektore berrizaleetako askok alderdia uztea erabaki zuten. Eta hala, aldaketen kontrako alderdikideak nagusi zituen alderdi bateko buru geratu zen Gorbatxov. Egoera horrek ekarri zuen ondorio nagusia erabaki politiko ofizial asko zapuztea izan zen: 1990eko udazkenean programa ekonomiko berritzaileak baztertu, askatasunak mugatu, eta errepresio neurriak hartu ziren Baltikoko errepubliketan.

Jarrera horiek ez zuten ondorio onik ekarri, eta horregatik agian, berrikuntzen alde zeuden buruzagiekin ?Ieltsin tartean? hizketatzen hasi zen Gorbatxov 1991ko udaberrian.

Egoera berri horrek Batasunaren Hitzarmena izan zuen lehenengo emaitza, eta, hartara, zeini bere eskubide ordu arte ukatuak aitortu zitzaizkien errepublikei eta eskualdeei.

Aldi berean, SESBk Europan indar konbentzionalak gutxitzeko akordioa onartu zuen, eta babesa eskaini zien 1991ko hasieran EEBBek Iraken kontra egiten ari ziren erasoei.Alderdi komunistaren kongresuaren ondoren, alderdikideen sektore batzuek bizkarra eman zioten alderdiari, neurri gutxi-asko berrizaleak hartu zituelakoan. Egoera nahasi hartan estatu kolpe saio bat izan zen 1991ko abuztuan. Kolpearen erantzuleak estatuko eta alderdi komunistako buruzagiak izanik, presidentearen ingurukoak alegia, ataka gaiztoan gelditu zen Gorbatxov, eta handik atera ezinik. Legez kanpo jarri zuten alderdi komunista, eta aldi berean Baltikoko errepubliken burujabetasuna onartu zen. Gainera, aginpidea berehala aldatu zen SESBeko egitura zentraletatik Errusiara.

1991. urtearen amaieran, Ukrainak erreferendum bidez independente izatea erabaki ondoren, elkarte berri bat eratu zen ?Estatu Burujabeen Batasuna?, eta horrek Sobiet Batasunaren azkena ekarri zuen, eta perestroikarena harekin batera.

 

Zer izan zen perestroika?

GORBATXOVI BURUZKO IRITZIA OSO BESTELAKOA IZAN ZEN BERE HERRIALDEAN ETA BERE HERRIALDETIK KANPO; ATZERRIAN GORAIPATUA IZAN ZEN, SOBIET BATASUNEAN BERRIZ ASKOZ ESZEPTIKOAGOAK IZAN ZIREN HARENGANAKO, BAITA KRITIKOAK ERE.Adituek ere ez dute oso garbi perestroika zer izan zen. Hari buruzko hiru azalpen nagusi zabaldu dira. Lehenengoaren arabera, delako erreforma hura sistemak berak bultzatu zuen, sistemaren beraren mesederako bultzatu ere. Iritzi horretakoak zirenen ustez, erreformaren bidez burokraziaren lehengo abantailetako batzuk gordetzen saiatu zen Gorbatxov, burokraziari zenbait aldaketa egitea eskatuz ordainetan. Hauentzat, beraz, oso kontu handiz egindako erreforma izan zen perestroika, eta goitik ongi kontrolatua izatea izan zuen ezaugarri nagusia.

Bigarren azalpenaren arabera, sartaldeko munduak ?han erabiltzen ziren formula ekonomikoek batik bat? liluratua zeukan Gorbatxov. Barne krisiaren larriak konponbideak bilatzera behartu edo zuten, eta Gorbatxovek ?autogestio ereduez sobera fido ez eta? merkatu ekonomian baizik ez zuen bilatu konponbiderik. Azalpen honekin bat zetozenen ustean, beraz, Gorbatxov sobietar esperientzia ezerezten ari zen, 1917ra atzeratzen erlojua.

Eta hirugarren azalpenaren arabera, azkenik, Gorbatxovek behar bezala zehaztu gabe zeukan bere proiektua. Arazoei batbatean bururatutako konponbideak eman zizkien, eta batzuetan asmatu bazuen ere, beste batzuetan ordea ez. Inondik ere gertakarietan oinarritua den ikuspegi horrek garbi erakusten du nola gertaera bera era askotara interpreta daitekeen. Aurrenekoazalpenaren materialtasun nabarmenak ??neuroburokrazia? deituko dugu? eta bigarrenaren balizko ondorio sozialak ?batere itxaropentsuak ez? argibide izan litezke Sobiet Batasuneko herritar gehienek, aginpidearen erabakiek ez baitzituzten kontuan hartzen, Gorbatxovi eta haren berrikuntzei bizkarra zergatik eman zioten ulertzeko.