Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Gerrak eta diktadurak.
Armamentu norgehiagoka

Estatu Batuetako B-1 hegazkina, bonbardatzaile estrategiko nuklearra.<br>

Bi Mundu Gerra handiak XX. mendearen lehen erdian gertatu izanak ustearaz lezake mende hasiera horretan pilatu zirela zorigaitz guztiak. Baina XX. mendearen bigarren erdian ere ez zen odol faltarik izan, konta ezin ahala gatazka piztu eta zabaldu baitziren –eta oraindik diraute– Hirugarren Munduan.
Hirugarren Munduko gatazka horiek, heriotza asko eragiteaz gain, izugarrizko eragozpena izan dira herrien garapenerako. Arazo honen inguruan nahikoa da gogora ekartzea laurogeiko hamarraldian munduko gastu militarrak 44 estatu pobreenetako 2.600 milioi pertsonaren diru sarrerak adinaxe izan zirela. Beste hitz batzutan esanda, munduko biztanleriaren erdia baino gehiagoren diru sarrerak adina.
Hori baldin bazen Hirugarren Munduaren zati handi bateko errealitate beltza, iparraldean, berriz, bigarren mundu gerra amaitu ondoren armamentu norgehiagokak hartu zuen indarra –armamentu nuklearrarenak, bereziki–, bi potentzia handienen artean: Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna, batik bat. Halako norgehiagokaren berezko arriskuak alde batera utzirik ere, ez dira ahaztu behar ahalegin haiek ekonomian izan zuten eragin makurra, Sobiet Batasunaren kasuan bereziki.
Esan beharra dago, bestalde, SESB aitzindari zuen blokean tirabira gehiago izan zela Estatu Batuak buru zituen blokean baino, nahiz eta bigarren honetan hiru izan potentzia nuklearrak: Estatu Batuak, Frantzia eta Erresuma Batua. Mendebaleko blokeak kohesio handiagoa erakutsi izanaren arrazoietako bat, beharbada, Japoniak eta Alemaniak arlo militarra garatzeko zuten debekua izan zen.

 

Tirabirak eta lasaialdia

SESBAREN ARTEKO HARREMANEK HURBILTZE ETA ALDENTZE ALDI ASKO IZAN ZITUZTEN HURRENEZ HURREN.XX. mendearen bigarren erdiko ezaugarri nagusia, zalantzarik gabe, bi bloke handiren arteko –Estatu Batuetakoa eta sobietarra– armamentu norgehiagoka gogorra izan da. Denboran zehar, bi bloke handien arteko harremanek tirabira aldiak eta lasaialdiak izan dituzte elkarren segidan.
EEBBek Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti eta berehala, argi geratu zen Estatu Batuek eta SESBk bigarren mundu gerran egin zuten ituna indargabetua zela. Sobiet Batasuna berehalaxe hornitu zen arma nuklearrez «lehen gerra hotza» deitu zitzaion aldi hartan. Sobietarrek Berlini ezarritako blokeoa, Estatu Batuen presentzia Europan, eta Koreako gerra izan ziren aldi hartako ezaugarriak.
Stalin hil ondoren, eta Khruschoven «desizozte» aldiaren eraginez, nolabaiteko lasaialdi bat etorri zen, gerora baieztu baizik egin ez bazuen ere eragin-eremuen eskema.
Nahiz eta Sobiet Batasunak, Mendebaleko blokearen geroz eta presio handiagoaren pean, Austriatik eta Finlandiatik bere gudarostea erretiratu, eta Jugoslaviarekiko harremanak normalizatu zituen, ez zionHungarian esku hartzeari uko egin 1956an.
1960tik 1964ra tirabirak areagotu egin zirela garbi erakusten dute Kubako «misilen krisialdiak», Berlingo harresiaren eraikuntzak eta, beste alor batean, SESBaren eta Txinaren arteko gero eta egonezin handiagoak.
1964tik 1978ra bitartean gatazkak eta lasaialdiak aldizkatu ziren, nahiko bizkor aldizkatu ere. Sobiet Batasunak Pragako udaberria zeritzan matxinada zapalduagatik, eta Estatu Batuek Vietnamgo gerra odoltsuan esku hartuagatik, hala eta guztiz ere zenbait hitzarmen sinatu ziren armamentua kontrolatzeko, eta merkataritza harremanak pixkanaka-pixkanaka bide egiten hasi ziren.1978. urteaz geroztik, ordea, eta Estatu Batuak armez gogotik hornituak zirelarik, gatazka giroak okerrera egin zuen. 1979an Sobiet Batasunak Afganistan inbaditu zuen, eta hurrengo urtean Poloniako gobernua estutu zuen gerra legea ezar zezan herrialde osoan; bitartean arma nuklear berriak zabaldu ziren Europa guztian.
Ezin da aipatu gabe utzi prozesu horiek guztiak gertatzen ari ziren bitartean Nazio Batuen Erakundeak oso zeregin apala eta jokabide epela izan zuela, potentzia handiek beto eskubidea erabiltzen baitzuten zigor neurririk noizbait proposatzen bazen.

 

Armamentu nuklearraren norgehiagoka

XX. MENDEAREN BIGARREN ERDIALDEA DISUASIOAREN ALDIA IZAN ZEN BATIK BAT, ARMA NUKLEARREN BIDEZ EGINIKO MEHATXU ALDIA, ALEGIA.Arma nuklearrak izan ziren, inondik ere, EEBBen eta SESBren arteko armamentu norgehiagokaren muina. Arma horiek suntsitzeko gaitasun izugarria dute, eta Lurreko bazter guztietara daude hedatuta.
Armategi nuklear horietako asko lehorrean eta toki finkoetan badaude ere, asko dira ustez gatazka eremu izan daitezkeen lekuetara arma nuklearrak garraiatu dituzten hegazkinak eta itsasontziak. Alderdi horri dagokionez, bi potentzia handienen armategi atomikoek zeinek bere ezaugarri bereziak zituzten: sobietarren alderdian kontinente arteko misilak ziren erabilienak, –lehorrekoak, oso doiak, baina erasotzen errazak–; Estatu Batuen arma nuklear garrantzizkoenak itsasoz edo airez garraia zitezkeen misilak ziren, ez hain doiak, baina erasotzen zailagoak.
Lurreko zenbait eremutan, Europan eta Errusiaren eta Txinaren arteko mugan batez ere, arma nuklear gehiago kontzentratu ziren, eta horrek bazuen zerikusia, bistan denez, bi potentzia handienen estrategiekin.
EEBB eta Sobiet Batasunaz gainera, arma atomikoen jabe ziren orobat Txina, Frantzia eta Erresuma Batua, eta baita, agerian aitortu ez duten arren, Israel eta India ere.
Historian zehar bi bonba atomiko baizik erabili ez izanak –Hiroshiman eta Nagasakin– ez lituzke ahaztarazi behar arma mota horrek dituen arrisku ikaragarriak, bai alor militarrean eta bai ekologiaren ikuspegitik.
Bestalde, armamentu norgehiagokak eragin zuzenak eta ukaezinak izan zituen herrialde batzuen ekonomian –Sobiet Batasunekoan, esate baterako–, arlo militarrean egin zituzten ahaleginek areagotu baizik ez baitzuten egin krisialdia.

 

Munduko gerrak

OSO ADIERAZGARRIA DA XX. MENDEAREN BIGARREN ERDIKO IA GERRA GUZTIAK HIRUGARREN MUNDUAN GERTATU IZANA.Bigarren mundu gerra amaitu zenetik, gerrak ugaldu eta gogortu ziren mundu guztian, baina batez ere Hirugarren Munduan.
Hala, 1945etik Sobiet Batasuna eta bere blokea desegin ziren arte, mundu osoan zenbatutako 127 gerretatik 125 Hirugarren Mundukoak izan ziren (1956ko Hungariako jazarraldia eta 69an txinatarren eta sobietarren artean izandako gatazka izan ziren salbuespen bakarrak, baina badirudi azken gerra hori gehiago dagokiola Hirugarren Munduari beste edozein eremuri baino).
Hondamena zenbaterainokoa izan zen argi adierazten duen beste datu baten arabera, XX. mendean gerrek urtean 525.000 hildako eta 1.200.000 zauritu eragin dituzte batez beste. Biktima zibilen kopuruak etengabe gora egin du: XX. mendearen erdi aldera gerran hildako guztien %50 zibilak baldin baziren, laurogeiko hamarraldian %75era igo zen hildako zibilen ehunekoa.
Sobera argia da gerren eta Hirugarren Munduko gastu militarren arteko harreman estua, alde batetik, eta defentsako gastu handien eta nazioarteko armamentu merkatuen artekoa, bestetik. Hala, nekez uka daiteke tokian tokiko diktaduren bitartez potentzia handiak izan direla askotan, EEBB batik bat, gerra horiek piztu eta ugaldu dituztenak.
Hauek dira gerrak bereziki zigortutako lurraldeak: Ekialde Hurbila, Indotxinako penintsula, Afrika hegoaldea, eta Erdiko Amerika.
Beste toki askotan ere gerra gogorrak izan dira, baina inor gutxiren arreta erakarri dute, urrun gelditzen baitziren herrialde aberatsetatik.
XX. mendearen azken urteetan hiru gertaera berezi eta interesgarri izan dira. Lehenik, laurogeiko hamarraldiaren hondarrean gatazkak konpontzeko halako joera pozgarri bat nagusitu zen. Orduko baikortasun horrek ordea indarra galdu du, ustez amaitzekozorian zeuden gerra batzuk –Afganistan, Kanbodia edo Angolakoak kasu– ez baitira itxuraz aldatu baizik egin. Bigarrenik, Sobiet Batasuna lehen aldiz etorri zen bat gatazka jakin batean –1991ko Golkoko gerran- EEBBek erabakitako gerra ekintzekin.
Azkenik, krisialdiak Europa erdialdea eta ekialdea gogor jo izanak zenbait gerra eragin ditu, Jugoslaviaren desegiteak eta Kaukasoko gerrek adierazten dutenez.

 

Mugimendu bakezaleak eta armamentuen kontrola

BI IZAN DIRA ARMAMENTU NORGEHIAGOKARI EMAN ZAIZKION ERANTZUN NAGUSIAK: BATA –MUGIMENDU BAKEZALEAK– GIZARTETIK JAIO DA, ETA BESTEA BERRIZ –ARMAMENTUEN KONTROLERAKO ADOSGUNEAK– ESTATUEN EKIMEN IZAN DA.Bakezaletasuna izan da armamentu norgehiagokari eta bloke militarrei aurka egin dien gizarte mugimendu nagusia. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarraldietan, indar handia hartu zuten mugimendu horiek mendebaleko Europan eta Estatu Batuetan.
Mugimendu bakezaleen puntu gorena, zalantzarik gabe, “euromisilen krisia” deitu zitzaiona izan zen, laurogeiko hamarraldiaren hasieran. Geroztik, nahiz eta indar ahulxeagoz, bakezaletasunak gogotik eutsi die bere eskariei: defentsa gastuak gutxitzea, gatazkei bakezko konponbideak aurkitzea, eta pertsonen aurkako minak desagertzea.
Estatuen arteko harremanen esparruan, “armamentuen kontrola” bermatzeaz arduratzen diren adosguneak sortu eta indartu dira hirurogeiko hamarraldiaz geroztik.
Adosgune horiei esker hitzarmen jakin batzuk izenpetu izan dira: arma nuklearrak ez ugaltzekoa –arma horien teknologia hirugarren batzuei saltzea edo ematea debekatzen duena–, arma estrategikoei dagozkienak –hirurogeita hamarreko hamarraldian SALT akordioak, eta laurogeita hamarrekoan START akordioak–, 1987an erdibideko irispidea duten arma nuklearrak deuseztea ekarri zuena, eta arma konbentzionalei buruz Europan sinatu zena.
Argi utzi behar da, nolanahi ere, armamentuen kontrolerako hitzarmenak ez direla beti desarmatze akordioak izan. Horrela, askotan, indarrean geratu diren armak berriztatu izan dira hala eta guztiz ere eta hitzarmenak hitzarmen, eta bestetan iragarri baino askoz arma gutxiago indargabetu dira. Akordioak gorabehera, XX. mendearen bukaeran potentzia handien armategi nuklearretako indarra hain handia da, non lurra behin baino gehiagotan errotik suntsitzeko ahalmena baitute, eta horrek erakusten du oraindik lan asko dagoela arlo horretan egiteko.