Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Europaren Batasuna

Lastertasun handiko trena Europako Erkidegoko herrialde guztietara zabalduko da etorkizunean.<br>

DIRU BAKARRAK ETA EUROPA EKIALDEKO HERRIALDEAK BARNEAN HARTZEAK BURUTUKO DU 1993AN MAASTRICHTEKO ITUNA INDARREAN JARRI ZENEAN HASI ZEN POLITIKA ETA EKONOMIA BATERATZEKO PROZESUA.Europa bateratzeko prozesuan egin den urratsa ez da zailtasunik gabea izan. Maastrichteko Itunari buruz Europako Erkidegoan egin zen lehenengo erreferendumean Danimarkako herriak ezetz esateak, eta geroago Frantzian egin zen erreferendumean baiezko botoak oso alde gutxirekin irabazi izanak, kolokan jarri zuen Europa bateratzeko proiektuari hiritarrek ustez egina zioten harrera ona. Beste erreferendum bat egin behar izan zen eta baldintza bereziak jarri orobat Danimarkak Maastrichteko Ituna onar zezan, eta hala jarri zen indarrean ordu arte Europako Ekonomia Erkidegoa izan zena harrezkeroztik Europako Erkidego deitu zuen agiria. Aro berri hark beste zalantza batzuk sorrarazi zituen, eta horrenbestez Europaren Batasunerako bideak zalantzazko uneak eragin zituen, batez ere herritarren onarpenaren aldetik. Elkartasunak, langabeziak, Europako Erkidegoko erakunde batzuk behar bezainbat demokratikoak ez izateak, eta era horretako beste zenbait arazok, zer gertatuko zain dauzka Europako herritar asko. Maastrichteko Ituna berrikustetik Amsterdamgo Itun berria (1997) sortu zen –Maastricht II–, eta horrek Europaren batasuna sakontzea ekarri zuen, eta XXI.
menderako Europako Erkidegoa prestatzea orobat, Europa ekialdeko herrialdeak sartuko baitira orduan erkidego horretan, eta hogei bat estatu izango baititu kide. Esan daiteke Europa batzeko prozesua eratze eta definitze unean dagoela orain, milaldi berriari begira.

 

Batasuna iristeko ituna

1992KO OTSAILAREN 7AN EUROPAREN BATASUNAREN ITUNA SINATU ZEN MAASTRICHT HOLANDAR HIRIAN, ETA URTEBETEZ BEHARREZKO ONESPENAK JASO ONDOREN, 1993KO AZAROAN SARTU ZEN INDARREAN.Maastrichteko Ituna, lehenengo artikuluan dioenez, «beste urrats bat da Europako herrien arteko lotura gero eta estuagoa sortzeko prozesuan». Itun horrek Batasun bihurtu nahi du Erkidegoa, ez bakarrik ekonomiari dagokionez, baita politikari dagokionez ere. Erromako Itunen bigarren aldaketa horrek beste urrats bat egin zuen batasun politikoan eta ekonomikoan, 1957ko Eratze Itunen eta 1986ko Europako Agiri Bakarraren jarraipen gisa. Hauek dira Maastrichteko Itunaren ezaugarri nagusiak: demokrazian oinarrituriko Europa eratzea, merkatu batasuna, ekonomia eta diru batasuna, ekonomia jardueren aurrerabide orekatua, ekonomiaren eta gizartearen bateratzea eta berdintzea sustatzea, eta kide diren estatuen eta herrien arteko elkartasuna bultzatzea, erkidegoaren ondare komuna errespetatzea, eta, azkenik, koherentziaren printzipioa hartzea gidaritzat Europako Erkidegoaren funtzionamendurako. Hiru zutabe ditu Maastrichteko Itunak: a) Eratze Itunak aldatzeari dagokion alderdia, aintzat harturik bereziki ekonomiaren eta diruaren batasuna; b) Kanpo eta segurtasunezko politika komuna; c) Lankidetza zuzenbidearen eta barne politikaren alorrean. Ekonomiaren eta Diruaren Batasuna (EDB) da alderdi garrantzitsuenetako bat, eta haren helburu nagusia diru bakarra sortzea da, euroa.
Helburu hori lortzeko urrats batzuk egin behar izan ziren aldez aurretik: Europako Diru Sistema sortzea, Europako Banku Zentrala eratzen hastea, eta, azkenik, diru bakarra sortzeko ezinbestekoak ziren bateratze irizpideak finkatzea, 2002. urteko urtarrilean baita indarrean sartzekoa diru hori. Maastrichteko Ituna uste baino bi urte beranduago jarri zen indarrean. 1992ko ekainaren 1ean, ezezko botoen zenbatekoa %50,7 izan zelarik, daniar herriak uko egin zion itun horri. Handik bi hilabetera, Frantziak ere erreferendumera deitu zuen, eta baiezko botoek oso alde gutxi atera zieten ezezko botoei, %51 izan baitzen batez bestekoa. Europako Kontseiluak Maastrichteko Ituna berretsi zuen 1992ko abenduan Ediburgon egin zuen bileran, baina salbuespen batzuk eginda Danimarka Europako Erkidegoan sar zedin. 1993ko maiatzean egin zen bigarren erreferendumean, erkidegoan sartzearen aldeko botoek irabazi zuten Danimarkan.
Era horretara konpondu zuen Europako Erkidegoak bere historiako unerik larrienetako bat, eta hala jarri zen 1993ko azaroan indarrean Maastrichteko Ituna.

 

Amsterdam: Batasun zabalago baterantz

MAASTRICHTEKO ITUNAREN BERRIKUSTEAK AMSTERDAMGO ITUNA EKARRI ZUEN. BERRIKUSTE HORREN BIDEZ URRATS BAT AURRERA EGIN ZEN EUROPA BATZEKO BIDEAN, XXI. MENDEKO BATASUNARI BEGIRA, ABIAN BAITA EUROPA EKIALDEKO HERRIALDEAK EUROPAKO ERKIDEGOAN SARTZEKO ASMOA.Maastrichteko Itunean aurreikusia zegoenez, indarrean jarri eta handik urte batzuetara berrikusi beharra zegoen ituna bera. Turin italiar hirian egin zen gobernu arteko bilkuran hasi ziren ituna berrikusteko lanak, hala Europako Erkidegoak Europa ekialdeko herrialdeak bere baitan har zitzan, eta prest egon zedin XXI. mendeko premiei erantzuteko.
Urrirako bukatua zegoen prozesu hura, eta estatu buruek eta gobernu buruek Amsterdamen egin zuten bilkuran onartu zen hiri horren izena duen ituna. Hiru ziren Europako Erkidegoaren erronka nagusiak: hiritarrek Europako Erkidegoa bere egitea, Europako Erkidegoko erakundeetan demokrazia gehitzea eta erakunde horiek hiritarren eskurago jartzea, eta kanpo politika bateratua lortzea; baina arazo horiek ez ziren konpondu. Auzi nagusiak, erkidegoa zabaldu ahal izateko erakundeak egokitu beharra, adibidez (komisario kopurua, botoak nola banatu…), ezin izan ziren hitz hartu, handiegiak baitziren desadostasunak.
Erakundeak ekialdeko hogei bat herrialde bere baitan hartzeko egokitu beharra da, beraz, Europako Erkidegoak duen erronkanagusia, 1957an sortu zenean zeukan antolamendu berbera baitu gaur egun ere, guztiz ere bestelakoa izanagatik egoera. Nolanahi ere, Amsterdamgo Itun horrek aurreko ituneko artikulu kopurua murriztu zuen, baina, batez ere, aurrerabide handia izan zen Europa bateratzea izatez den prozesu historikoan.
Aurrerabide horren ondorioz Europako Erkidegoak kutsu politiko eta sozialago bat du; Europako Legebiltzarrak aginpide gehiago du, han gorpuztu nahi baita Europaren burujabetza, eta orobat dute aginpide gehiago eskualde, autonomia erkidego eta erakunde paraestatalek ere, argiagoak baitira haien eskumenak, eta, horrenbestez, hiritarrengandik hurbilago baitaude.

 

Batasunaren erronkak eta arazoak

EKIALDEKO HERRIALDEETARA ZABALTZEA EZ DA EUROPAKO ERKIDEGOAK DUEN ERRONKA BAKARRA.
PROIEKTU HORREK EZINBESTEKOA DU HIRITARREN ATXIKIMENDUA BEREGANATZEA, BATASUN HORI DEMOKRATIKOA, GARDENA ETA ZUZENBIDEAN, BAKEAN ETA ASKATASUNEAN OINARRITUA IZAN DADIN.Europako Erkidegoa gizarte eta politika eremu bat da, hamabost herrialdek osatua, 372 milioi biztanle biltzen dituena, eta Europa erdialdeko eta ekialdeko hainbat eta hainbat biztanle ere hartuko dituena. Munduko lehenengo merkataritza potentzia den honetan ordea, jende asko dago gizartetik baztertua arrazagatik, lanposturik ez izateagatik, sexuagatik, sinesteengatik edo behartsu izateagatik. Izatez munduko aberastasun ardatz handienetako bat den erkidego horrek nekez bildu eta bereganatuko ditu herritarrak bere batasun proiektu horretara, langabeen kopurua %11koa izanik (20 milioi langabe). Enplegua da hain zuzen Europako Erkidegoak duen erronka nagusia, eta hala erakusten dute Vitrollesen (1997) Renault fabrika itxi behar zutela-eta langileek egin zituzten protestaldiek, eta frantses langabeenek (1998). Arazo horri konponbidea aurkitzeko, goi mailako bilkura berezi bat egin zen enpleguari buruz 1997ko azaroan Luxenburgon, eta ekonomia eta lan politikak koordinatzea erabaki zen. Harritzekoa da ordea enplegua bezalako arazo bat ez izatea Europako Erkidegoaren politika bateratuaren gaia, eta estatu bakoitzaren esku egotea; finantza politika aitzitik Ekonomia eta Diru Batasunaren baitan dago. Europak gizarte arazoak hartu behar ditu kontuan, eta ongizatearen estatua hartu beharra dauka oinarritzat, haren inguruan lortu baitzen gerraondoko Europan oinarri-oinarrizko adostasuna. Horrez gainera, arrazagatiko bazterkeria ere arazo latza da Europan, eta ez bakarrik Afrikatik datozen etorkinena, baizik eta Europarenbihotzetik datozenena, haientzat Europako Erkidegoa oparotasun gunea baita, eta beraien eta beren familien egoera latza konpontzeko bide bakarra. Terrorismoa ere beste arazo latz bat da, mundu guztian du eragina, eta batez ere Europako leku jakin batzuetan, eta, hartara, hiritarrek justizia eta polizia barruti homogeneo bat eskatzen dute beren eskubideak babesteko. Arazo horiek konpontzeko, hiritarrek ezinbestez parte hartu beharko dute Europako Erkidegoa eratzeko prozesuan.

 

Euskadi Europan

EUROPAKO BATASUNAK ESTATU GISA ANTOLATURIK EZ DAUDEN ERAKUNDEEN SENDOTZEA EKARRI DU; EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARENA DA, BESTEAK BESTE, ZEINEK BERE ESKUMEN POLITIKO ETA EKONOMIKOAK DITUZTEN ETA HIRITARRENGANDIK HURBILAGO DAUDEN ERAKUNDE HORIETAKO BAT.Maastrichteko Ituna izenpetu zenez geroztik, Europako Erkidegoa eratzen duten herrialdeen arteko batasuna sendotzea baitu itun horrek helburu, Europako eskualde, autonomia erkidego eta landerrak gogotik ari dira lanean zeinek bere ordezkaritza eta erantzukizun maila iristeko. Helburu horrekin sortu zen Europako Eskualdeen Batzordea (EEB). Eskualdeen eta udalerrien 222 ordezkariz eratua dagoen erakunde horrek aholku emailearen zeregina baizik ez du, eta hari galdetu beharrak zaizkio kideen eskumenei dagozkien gai eta kontu guztiak.
Euskadik, nazio beregain gisa, badu bere ordezkaritza erakunde horretan, Kataluniak bezala. Erakunde hori motz gelditzen da, eta ordezkaritzen hetereogenetasuna da bilkura horren arazo nagusia: udalak, eskualdeak, autonomia erkidegoak eta landerrak, elkarren oso bestelakoak baitira eskumenez eta aginpidez. Eskumen eta erantzukizun maila handia duten Euskadiren gisako herrialdeak eskumenei buruz erabakiak hartzen dituzten batzorde eta bilkuretan egotea da Europako Erkidegoak duen erronka nagusia. Batzordea edo Kontseilua dira kutsu politiko handiagoa duten erabakiak hartzen dituztenak, eta han esku hartzea da hain zuzen Euskadi eta haren gisako nazioek duten premia. Baina ez bakarrik alor politikoan, zeren herri baten nortasunaren ezaugarriak, hizkuntza, ohiturak… gorde eta sustatu beharra baitago mundu osoan hedatzen ari den globalizazio prozesu horren baitan, non Europako Erkidegoa beste kate maila bat baita. Euskara eta euskal kultura, beste hizkuntza batzuekin batera, modu ofizialean aintzat hartzeak are gehiago sendotuko luke euskal herritarrek Europa batua eratzeko proiektuarekin duten identifikazioa.
Hori guztia hiritarrengandik hurbil egoteko printzipioa kontuan harturikdago egin beharra, hala ikus ditzaten beren buruak proiektu horretan kide. Nazioen nortasun politiko eta kulturalaren defentsak ekarri beharko du Europako Erkidegoa eratzen duten herrialdeen arteko lotura estuagoa.

 

Hizkuntza eta kultura multzo nabarra

Europako Erkidegoa gorde beharreko hizkuntza eta kultura multzo nabar bat da gaur egun. Katalana, euskara, gaelikoa, okzitaniera dira, besteak beste, erkidego horren eremuan mintzatzen diren eta modu ofizialean aintzat hartuak izan ez diren ehundik gorako hizkuntzen arteko batzuk. Nolanahi ere, Batzordearen hitzarmen batzuek eta Legebiltzarraren erabaki batzuek onartzen dute eremu urriko hizkuntza horiek existitzen direla, indarrean dirautela eta mintzatzen direla. Zenbait kasutan hizkuntza jakin batzuen erreibindikazioa bat dator politika eta kultura erreinbidikazioarekin, baina beste batzuetan ez. Hizkuntza eta kultura aniztasun hori Europako Erkidegoko askotasunaren oinarrietako bat da, eta erkidego hori zabaltzen eta mundu gero eta globalizatuago batean sartzen ari denez, kultura-hizkuntza multzo hori epe erdira desagertzeko arriskuan dago, baldin eta ez bada sustatzen, onartzen eta haren aldeko diskriminaziorik egiten. Europako erakundeek ez dute batere bizitasunik izan auzi hori konpontzeko, baina sortu izan dira eremu urriko hizkuntzen eta kulturen aldeko topaguneak, pribatuak izanagatik Europako Erkidegoko kide diren estaturik gabeko nazio, eskualde edo gobernuen eta agintari lokalen ordezkariez eratuak. Europako hizkuntza eta kultura gutxiengoen aldeko 2020 Topagunea da horietako bat. Belgikako estatuko komunitate flandriarrak sortu zuen fundazio hori, gai horri buruz Europako Erkidegoak hartzen dituen neurrietan eragina izateko eta haien hizkuntza babesteko eta bultzatzeko. Fundazio hori aldian aldiro biltzen da, eta eremu urriko hizkuntzen egoera aztertzen du.