Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Diktadura eta demokrazia Iberiako Penintsulan

Franco eta Hitler Hendaian, 1940ko urriaren 23an.<br>

 

Francoren diktadura

Francisco Francoren diktadura luzea gerra zibil odoltsu baten emaitzan eta oposizio politiko oro ezabatzean oinarritu zen.
1939ko Erantzukizun Politikoen Legeak legez kanpo utzi zituen ofizial ez ziren alderdi eta sindikatu guztiak, eta zapalkuntza lazgarria eragin zuen: 200.000 lagun erailak edo kartzeletan hilak, beste hainbeste nola edo hala mendekatuak, milioi erdia ia erbesteratuak.
Errejimena saiatu zen diktadorearen irudiaren inguruan gerran irabazleen aldean parte hartu zuten indar politiko guztiak biltzen. Hasieran, Falangeak izan zuen eraginik handiena, nahiz eta espainiar diktaduraren eredua oso urrun egon bere eredu aleman nahiz italianotik. Herriaren mobilizazioaren eragile, ideologia edo Falangea baino areago, diktadorearekiko lotura pertsonala izan zen, eta gerra zibila “Gurutzada” gisa definitu zuen eliza (batez ere irakaskuntzan eta gizarte ohituretan). Bigarren Mundu gerraren amaierak eta “gerra hotz” delakoaren hasierak aurreko bakardadetik irtetera bultzatu zuten errejimena; izan zuen horretan zerikusirik Vatikanoarekin eta Estatu Batuekin akordioak izenpetu izanak(berekin zekarten ezagutza inplizitoak: Konkordatoa eta 1953ko akordio militarrak, hurrenez hurren), edota bi urte geroago NBEan sartu izanak (eta nazioarteko beste erakundeetan, geroago: OECE 1958-1959an, GATT 1963an…). Aldaketa horiek antzeman ziren politikaren esparruan ere. 1957an Falangeak, formalki eta behin betiko, “Movimiento”ari egin zion leku, eta horrek esan nahi zuen “urdinak”, postu nagusietan, teknokratek ordeztuko zituztela, eta haiek, gehienak, Opus Dei eta enpresa indartsuekin lotuak zeuden. 1958ko maiatzaren 17an, Movimientoaren Printzipioen Legea aldarrikatu zuen Francok. Urte berekoa da Hitzarmen Kolektiboen legea, eta estatuko administrazio antolamenduaren berregituratzea, López Rodók egin zuena. Aldaketa horrek bazuen halaber esanahi ekonomikorik: autarkiatik zabaltze eta garapenezko aldi batera igaro zen ekonomia. Urte horietan hasi zen sumatzen oposizio taldeen lana ere. 1956ko ikasleen mugimendua (eta Ruiz-Giménez irekiagoa kargutik baztertu izana), langileen udaberriko grebak, Herri Askapenerako Frontearen sorrera (Julio Cerónen “Felipe”), PCEk bultzaturiko “nazio adiskidetzea”, Errepublikaren garaiko alderdien eta sindikatuen barneko krisia, Ekinen sorrerak aurrena eta ETArenak gero euskal nazionalismoan eragin zuten barne haustura, HOAC eta JOAC talde kristauen protagonismoa eta USOren fundazioa… horiek guztiek adierazten zuten, batetik, oposizioaren bizitasuna, nahiz eta oraindik gauza izan ez errejimena benetako arriskuan jartzeko, eta, bestetik, bazirela funtsezko aldaketak antifrankismoaren baitan.

 

Liberalizazio ekonomikoaren nahigabeko ondorioak

1960ko hamarralditik aurrera Espainiako politika ekonomikoan izan ziren aldaketek, ez zuten parekorik izan askatasun politikoen esparruan. Ekonomian irekitzen hasi zen errejimen frankista, baina ezaugarri autoritarioak eta gobernu pertsonala gordeaz politikaren eremuan. Alabaina, aldaketa horiek berekin ekarri zituzten gizarte ohitura berriek areagotu egin zuten frankismoaren krisia. Nolanahi ere, ohean hil zen diktadorea, eritasun luze baten ondoren (1975eko azaroak 20). 1960ko hamarraldiko espainiar ekonomiaren liberalizazioa, nazioartekoekonomiaren goraldiaren baitan, atzerritar kapitalaren sarreraz baliatu zen (automobilaren industrian batez ere), eta orobat turismo hasi berriak, eta Europako herri askotara (Frantzia, Alemania, Herbehereak) joandako milaka espainiar emigratzaileek ekarritako kapitalez. Espainiar kapitala sendotzeaz gainera, protagonismo handiagoa hartu zuten hiriko klase ertainek eta profesionalek, eta Espainia osora zabaldu zen industriako langileria, ordu arte industria eremu ohikoak izan zirenak baino haruntzago: Katalunia, Euskal Herria, Asturias eta Madril. Bizi mailaren goratze etengabeak eta atzerriaren eraginak gizartearen eskaera eta itxaropen berriak bultzatu zituzten.
Testuinguru horretan, protestaldi sozialak indartzen ziren artean (sindikalismo berriaren garapena Comisiones Obreras sindikatuaren inguruan, ikasleen mugimenduaren berrindartzea, antzinako nazioen eskakizunak…), errejimena atzera egiten hasi zen. 1970ean gobernuak nazioarteko kanpaina gogor bati aurre egin behar izan zion, Burgosko auzian ETAko zenbait kide heriotzara kondenatu ondoren. Era berean, errejimena etorkizunerako erakundeak prestatzen hasi zen: Estatuko Lege Organikoa plebisiztoz onartu, eta Francoren ondorengo Joan Karlos Borbongoa izendatu.
Estatu buruaren eta Ministroen Batzordeko lehendakariaren irudiak banatzeak errejimena ez etetea zuen helburua, baina Francoren delfina, Carrero Blanco almirantea, ETAk atentatuan hil zuelarik (1973ko abenduak 20), aukera hori zapuztu zen, eta areagotu egin zen frankismoaren krisia.

 

Demokraziarako trantsizioa

Diktadorearen heriotzak eta Joan Karlos I.a errege koroatzeak demokraziarako bidea zabaldu zuten. 1976ko lehen hilabeteetan oso gogorrak izan ziren erantzun soziala nahiz politikoa, baina Arias Navarroren gobernuak entzungor egin zuen.
Gatazka eta istilu etengabeek gobernu buruzagitzan Adolfo Suárez jartzera eraman zuten erregea, eta hark, Movimientotik etorri arren, erreforma prozesua abian jarri zuen.
Haren alderdia, Unión de Centro Democrático, irabazle atera zen 1977ko lehen hauteskunde demokratikoetan, atzetik sozialistak, komunistak eta Manuel Fragaren eskuina zeuzkala. Urte horretako Konstituzioak errejimen demokratikoa bideratu zuen, merkatuko ekonomia librean, alderdi eta sindikatuen konkurrentzia askean, eta estatuaren deszentralizazioan oinarritua, eskualdekako autonomia sistema baten bidez.
Trantsizioa ez zen arazorik gabea izan; izan ere, frankismoa ondo errotua zegoen aginpide gune batzuetan (polizia, armada, erakundeak…). 1981eko otsailaren 23an, gobernuko alderdiaren krisi betean, militar talde bat, Armada, Milans del Bosch eta Antonio Tejero jenerala zirela buru, kolpe militar bat jotzen saiatu zen, espainiar gizartearen, alderdi politikoen eta erakunde demokratikoen erreakzioak eragotzi zutena.
Ondoren, PSOE alderdiak hauteskundeetan izan zuen garaipenak (1982ko urriaren 28an), eta aginpideak frankismoaren kontrako oposizio ohikoaren esku jarri beharrak, demokratizazio prozesua sendotu zuten, eta Espainia nazioarteko erakunde europarretan sarrarazi. Bitartean, ETA organizazioaren terrorismoaren bitartez adierazi zen euskal nazionalismoaren sektore baten adostasun eza. 1996an, alderdi kontserbatzaile batek, Partido Popular deituak, José María Aznar lehendakariaren gidatritzapean, hartu zuen PSOE alderdiaren lekua gobernuaren buruzagitzan, hamar urte baino gehiagoko gobernualdi baten ondoren; izan ere, ustelkeria politikoak eta terrorismoaren kontrako “gerra zikinak” markatu zuten urte horietan alderdi sozialista. Aldi horretan,nolanahi ere, aski modernizatu zen espainiar gizartea, eta espainiarren ibilbide politiko, ekonomiko eta soziala ez zen jada Europako beste edozein herriren oso bestelakoa.

 

Portugal: Estado Novo-tik apirilaren 25era

Monarkiaren erortzeak (1910) eta urte bete geroagoko Errepublikaren sorrerak, egonkortasun faltako aldi bat jarri zuten abian Portugalen. Ondorengo hamabost urteetan zortzi lehendakari eta berrogeita lau gobernu izan ziren, ez ezkerraren eta monarkia zaleen saioei, ez beti inflaziora jotzen zuen ekonomiaren erronkari, erantzuteko gauza izan ez zirenak. 1926an, gobernu militar hirukoitz batek Carmona jeneralaren diktadurari leku eman zion, zeinak bi urte geroago Antonio Oliveira de Salazar ipini zuen gobernuaren buruzagi; hura, autoritarismo korporatibista eta katolikoaren bidez, eta liberalismo ekonomikoaren hastapenak aplikatuz, egoera ekonomikoa zuzpertzeko gai izan zen, eta gatazkan zebiltzan bi klaseei nagusitzeko: oligarkia lurjabea eta negozietako burgesia liberala.
1933ko konstituzioak eredu katolikoa berretsi zuen, Elizaren eraginpekoa, baserri giroaren zalea eta industriaren kontrakoa, eta tradizionalista. Alderdi bakarrean oinarritu zen arren (Uniao Nacional), itzuri egiten saiatu zen Europako antzeko alderdi faxistek eskaintzen zioten diktaduraren formulari.
Estado Novo hark Francoren alde egin zuen Espainiako gerra zibilean, eta Francoren gobernuarekin berretsi zuen 1941eko Iberiar Ituna. Alabaina, Britainia Handiarekin zuen harreman ohikoak eta Bigarren Mundu gerran neutral izanak, 50eko hamarraldian, errejimena irekiago egin zuten, eta, hala, nazioarteko zenbait erakundetan sartu zen. Aurrerabide hori ordea arriskutsutzat jo zen, eta, hala, hamarraldia bukatu baino lehen atzera egin zuen berriz gobernuak. Horren adierazgarri izan ziren 1958ko lehendakaritzako hauteskundeak: oposizioak gora egin zuelarik –Humberto Delgado jeneralaren inguruan, botoen %23arekin–, Salazarrek prozesu hori etenegin zuen, halako eran non lehendakaria bi ganbarek hautatua behar zuten, diktaduraren aldekoek beraz. Delgado, gainera, portugaldar poliziak erail zuen (PIDE). 60ko hamarraldian, Salazarrek eragindako geldialdi ekonomikoak erabat eten zuen garapena, eta gizartearen egoerak okerrera egin zuen. Portugaldik milaka kilometrora, kolonien askapen mugimenduek –Mozambike, Angola eta Ginea Bissau– eta NBEaren salaketek, gerraren kontrako iritzia zabaldu zuten, baita armadan bertan ere. 1968an Marcello Gaetanok hartu zuen Salazarren lekua, baina, ordurako, agerikoa zen errejimenaren krisia.

 

Krabelinen iraultza

Kolonien auzia konpondu ez izana dago diktadura amaiarazi zuen mugimenduaren oinarrian. Antonio de Spínola jeneral entzutetsuak –Portugal eta etorkizuna liburuaren egilea, non kolonietako gerraren amaia iragartzen zuen, eta metropoliaren eta kolonien arteko federazio baterako igarobidea proposatzen–, hartu zuen Gaetano postutik kendu zuen estatu kolpearen buruzagitza (1974ko apirilak 25). Spínolarekin politikagintzaren askatasuna berezarri zen, amnistia bat dekretatu zen eta autodeterminazio prozesuak eskaini zitzaizkion koloniei.
Alabaina, egoera soziekonomiko zailak eta egoera politiko larriak berak iraultza prozesu nahasi bat jarri zuten abian, protagonista talde militarrak izan zirena. Horrela, militar erradikalen presioak Spínola kargutik kendu zuen, haiek baitziren gehienak armadan, eta Costa Gomes jeneralak hartu zuen haren lekua. Taldeen arteko gatazkak eta barne gatazkak izan ziren aldi iraultzaile honen ezaugarria, eta orobat militarren eta alderdi politikoen arteko areriotasuna.
1975eko apirileko hauteskundeetan Mario Soares sozialista izan zen garaile (%37,8), Sa Carneiroren erdi-eskuinaren (%26,5) eta Alvaro Cunhalen komunisten aurretik (%18,5). Hala eta guztiz ere, ez ziren amaitu militarren eta alderdi politikoen arteko arazoak, eta era horretan, komunistek, bozketetan garaitu zituztelarik eta ez baitzeuden ados prozesu iraultzailearekin, armadan zituzten aldekoen presiora jo zuten.
Azkenean, Indar Armatuen Mugimenduak beretu zuen nagusitasun zibila, eta era horretan itun konstituzioegile baten aldeko bidea zabaldu zen, hain zuzen ere 1976ko apirileko konstituzioa ekarri zuena. Hala eta guztiz ere politika ez zen erabat normalizatu, baina bideratu ahal izan ziren egoera ekonomiko zailari aurre egiteko moduko konponbideak (%34ko inflazioa, ordainketa balantza oso defizitarioa, emigratzaile asko Europako gainerako herrietan, industriaren bultzadaren beharrean zegoen ekonomia…).
Bitartean, 1975tik aurrera, independentzia lortu zuten koloniek.