Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Magreb: haserrea eta zalantza

Hidrokarburo hobiak Hassi Messaud-en, Aljeria. Aljeriako egoera politiko nahasiaren aurrean, Europako estatuen kezka nagusia hango gas naturalez hornitzen jarraitu ahal izatea da, Aljeria baita munduko gas esportatzaile nagusietako bat.<br>

Kolonien aurreko garaian ohiturazko erakunde politiko bereziek -klan eta leinu endogamiko eta aita bidezkoak- lotura gisa funtzionatu zuten, baina XIX. mendearen erdialdetik 1960 inguruan kolonizazioak indarrez suntsitu zituen erakunde horiek, higatu zituen gizarte haiek oinarri zituzten leinuak eta haien gizartekotze prozesuak, eta nazio erakundeak jarri zituen bitartekotzarako ohiko bideen ordez, agintaritzan zegoen gutxiengoak politika, finantza eta zuzenbide erakundeen monopolioa zuelarik ia beretzat bakarrik gordea.
Gaur egungo Magrebeko gizarte eta politika antolamendua herrialde bakoitzak zeinek bere independentzia iritsi ondoren sortu zen, patriarkatuaren eta hierarkiaren bidez dago tankeratua, eta erlijioa, familia, klana, talde etnikoak, aginpidea, bortxa bidezko agintea eta errituak ditu oinarri. Gizarte zibila estatuaren zaindaritzapean dago, ez du ia aginpide politiko eta ekonomikorik, eta zalantzaz, inongo uste onik gabe eta arriskuan begiratzen dio erabatekoa inondik ere ez den demokratizazio hari.

 

Aljeriaren egoera odoltsua

Militarrek 1992an jo zuten estatu kolpeak larriagotu egin zuen Aljeriako liskarra, ez baitzion aginpidea hartzen utzi biztanleen %60k botoa eman ez zuen hauteskundeak irabazi zituen Salbamenerako Islamiar Fronteari, eta luzarorako utzi baitzituen aginpidean independentziaz geroztik agintaritzari eutsia zioten militarrak. Oposizioa gogor zanpatzeaz gainera, militarrek errejimen gogor bat ezarri zuten, liskarrak izan zituzten haien aldekoen artean, baina halako zilegitasun bat iritsi zuten konstituzioa onartzeko erreferendumean eta lehendakaritzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeetan. Oposizio demokratikoak iruzurtzat salatu zituen militarren aldekoei legebiltzarrean gehiengoa eta Liamin Zerual jeneralari aginpidea eman zioten hauteskunde haiek, ez baitzuen errejimenaren aldekoek izan zuten adierazpen eskubide berbera izan, eta artean FIS alderdia klandestinitatean baitzegoen eta haren buruzagiak espetxean edo agintarien zainpean.
Alde batetik, agintariek giza eskubideak zapaldu dituzte autodefentsarako milizien laguntzaz segurtasun indarrek egiten ari diren «gerra zikinean», eta beste aldetik, oposizioa zatitu dute, uko egin baitiote beti FIS alderdia barne hartuko duen elkarrizketa saio orori (Erromako Nazio Kontratua eta bakearen aldeko hainbat deialdi).
Aljeria Frantziaren kolonia izan zen 1962 arte. Nazio Askapenerako Fronteak alderdi bakarreko diktadura ezarri zuen eta plangintza zentralean, gasaren eta petrolioaren esportazioan eta nekazaritza bertan behera uztean oinarritu zuen ekonomia. Buruzagiek irabazi handiak izan zituzten, eta burokrazia ustelkeriara emanak areagotu egin zuen baserri aldetik hiriratu zirenen kopurua,gizarte deserrotzea sorrarazirik haiengan.
Estatuak indarrez ezarritako bateratze erlijioso eta ideologikoak nahaspila hura areagotu zuen, ez baitzuen islam herrikoia eta berberiarren berezitasuna errespetatu.
1970eko hamarraldiaren bukaeran hidrokarburoen prezioak jaitsi zirenean ekonomiak lur jo zuen eta protesta handiak sorrarazi zituen, gudarosteak gogor zanpatu zituelarik.
Politikan eragin handiagoa zuten gizarte taldeek liberalizazioaren eta herriaren parte hartzearen alde egin zuten, eta alderdi aniztasuna lortu zuten 1990ean. Estatuak utzi zuen hutsuneari esker, gizartea berriz islamdartzen ahalegindu baitzen ezkerreko joerei aurre egiteko, FIS alderdia indartu eta gailendu egin zen, eta 1990eko udal hauteskundeak eta 1991eko legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituen. Gudarosteak gerra egoera ezarri zuen eta aurrabide demokratikoa geldiarazi zuen.
Gaur egun Bakearen eta Elkartasunaren aldeko Higikundeko islamiarrak gobernuan dira, FIS alderdi zatikatu eta oraindik erelegez kanpokoari bidea ixteko. GIA talde armatuak atentatu basatiak egiten ditu behin eta berriz. Gizartearen eta ekonomiaren egoera gero eta okerragoa da Nazioarteko Diru Fondoaren erabakiak indarrean jarri izanaren eraginez: enpresa publikoak eta gizarte zerbitzuak desegin dira, prezioak libre utzi dira eta oinarri-oinarrizko ondasunei ez zaie diru laguntzarik ematen.

 

Maroko eta Sahara

1956 urteaz geroztik da Maroko erresuma burujabe. XII. mendeaz geroztik, ia almohadeen garaitik, estatu eta dinastia tradizio handia izan du, inperio otomandarretik bazter. Alauiarrak XVI. mendeaz geroztik daude aginpidean. Gaur egungo errege Hassan II.a haien oinordekoetako bat da.
Erregea da Marokoko politikaren ardatza, guztizko babesa du eta hura da buruzagi politiko eta erlijiosoa eta batasunaren sinboloa.
Independentziaz geroztik, eta 1962ko konstituzioaren onespenaz, erregearen aginpideak alderdi gehienak geldiarazi, zatitu edo erakarri zituen -Istiqlal alderdiko nazionalistak bereziki-, haien eragina mugatu zuen eta babesa eman zien haien atxikitasunaren eta erakundeak bere mende edukitzearen truke, eta landaldea eta hango administrazio tradizionala edo majzén ere bereganatu zuen, hitzarmenari eta bitartekaritza esker. Konponketarik onartu ez eta demokratizazioaren bideari eutsi zioten taldeak sarri matxinatu ziren, eta gobernuak gogor zanpatu zituen.
1990eko hamarraldian ekonomiak zertxobait gora egin bazuen ere, Maroko herrialde behartsua da, ia ez dago gizarte eskubiderik eta gizarte desberdintasunak oso handiak dira. Nazioarteko Diru Fondoaren aplikazioak ekonomiako magnitude nagusiak orekatu ditu, baina kaltea ekarri du biztanle gehienen eguneroko bizitzara, batez ere hirietan, han bizi baita biztanleen %47: soldatak bere horretan gelditu, langabeziatasa igo (ia %20), eta osasunbiderako eta etxebizitzarako aukerak zaildu. Emigrazioak eta turismoak ez dute aldez baizik berdintzea lortu Saharako borrokak sortu dituen gastu handiak, fosfatoen irabaziak gutxitu izana -fosfatoen prezioa beheratu egin baitzen- eta nekazaritza gero eta esportaziora bideratuagoen gainbehera. Kanpo zorra 22.000 milioi dolarrekoa zen hamarraldi horren erdialdean, per capita errenta ez zen 1.000 dolarretik gora igo, eta biztanleriaren %40k 30.000 pezetatik beherako soldata jasotzen zuen hilabetero, erregearen familiak, administrazioko burokraziako goi mailako kargudunek eta errejimenaren aldeko alderdietakoek irabazi handiak zituztelarik enpresa multinazionaletan eginiko inbertsioei esker.
Hala eta guztiz ere, monarkiaren bitartekaritzari esker Magrebeko beste herrialde batzuetan baino askatasun gehixeago dago.
Marokok ez du gobernu militarrik izan.
1990eko hamarraldian monarkiak halako itxuraldatze bat egin zuen. Legebiltzarrean Bloke Demokratikoak (Kutla) gehiengoa zuen –102 aulki-, Nazio Ententeak, berriz, 100 –erregearen aldeko alderdien batasuna da hori-, eta zentro eskubiko Independenteen Elkarteak, 97. Hiru indar horien arteko oreka Hassan II.aren eta haren balido Driss Basri barne ministroaren alde dago, Sidi Mohamed printze oinordekoaren ondorengotza ziurtatu nahi baitute, alauiarren dinastiak aginpidean iraun dezan itxura demokratikoan.
Hassan II.ak herriaren protestak geldiarazteko baliatu izan du Saharako liskarra, nazio batasunaren izenean. Espainiak 1975ean egin zuen deskolonizazio lotsagarriaren ondorioz, Mendebaleko Sahara Marokoren esku utzi zuen, eta autodeterminazio eskubidea ukatu zien sahararrei –nahiz Nazio Batuek hori agindua zuten–, eta beraz sahararrek Aljeriako Tindufen erbesteratu behar izan zuten, han bizi direlarik oraindik ere 200.000 pertsona nazioarteko laguntzaren mende eta Fronte Polisarioaren administrazioak sortu ahal izan dituen baliabideen esku. 1991ko irailean Marokoko eta Fronte Polisarioak elkar hartu eta sueten bat iritsi zuten, eta hitzarmen hau jarrizen abian: erreferenduma, sahararrek independentziaren edo Marokon baitan sartzearen alde bozka zezaten. Erreferendum hori behin eta berriz atzeratua izan da. Marokok 120.000 pertsonetara zabaldu nahi izan du errolda, horietako asko Marokoko hegoaldean bizi direla, eta Polisarioa ez dago prest 1974an Espainiak egin zuen erroldako 75.000 pertsona kopurua %10 edo %15 gehiago igotzea onartzeko. 1997ko irailean Houstonen Estatu Batuen babespean egin ziren hitzarmenek irtenbide bat eman nahi izan zuten, baina alauien monarkiak oztopoak jarri izan dizkio behin eta berriz arazo horren konponbideari.

 

Tunisia, Libia eta Mauritania

Kanpoaldetik Tunisiak itxura turistikoa eta modernoa badu ere, 1996ko maiatzean Europako Legebiltzarrak adierazpen bat onartu zuen giza eskubideen eta askatasun demokratikoen zapalketak gaitzetsiz. 1997an Ben Ali lehendakariak hamar urte egin zituen aginpidean, estatu kolpe baten bidez aginpidetik bota baitzuen Bourgiba. Ben Alik lehendakitza bidezko errejimena ezarri zuen; hauteskundeak ez dira erabat garbiak izaten, lehendakariak gehiengoa lortzen baitu beti (163 eskutik 144) eta islamiar alderdi gero eta indartsuagoei parte hartzea debekatzen baitie. Ben Alik ekonomiaren goraldia eskaini dio herriari, baina autoritarismoa du haren politikak ezaugarri nagusia.
Erreforma ekonomikoak eredu neoliberalaren hiru oinarri izan ditu: inportazioak liberalizatzea, enpresa publikoak pribatizatzea eta dinarra libre trukatzeko aukera, baina horren ordainetan soldatak urriak dira, biztanleen %16 langabezian dago, eta 1995ean Europako Batasunarekin sinaturiko truke librerako hitzarmenaren ondorioak erronka handia dira Tunisiarentzat, bizi egoera zaildu bailezakete industria zaharkituak konkurrentzia ahalmena hobetzen ez badu.
Libiako Arabiar Herri Errepublika Sozialista militarren estatu kolpeak 1969an abiarazizuen iraultzaren geldialdiaren eta 1992az geroztik Estatu Batuei, Frantziari eta Britainia Handiari bi hegazkin atentatuen ikerketan ez laguntzeagatik nazioartean jasan behar izan duen bakartzearen artean egon behar izan du kolokan. Libiako errejimenaren gobernua Oinarrizko Herri Batzordeetan dago egituratua, urtero biltzen direlarik batzorde horiek Herriaren Kongresu Nagusian.
Batzorde sistema hori, benetako demokrazia izan zitekeen arren, iraultzaren buruzagi nagusiaren jarraibide ideologiko eta politikoen mende dago. Gadafi panarabista eta musulman berritzailea da, izatez ameslaria eta kontraesanez betea, mendebaleko inperialismoari eta gainerako arabiar buruzagiei buruhauste handiak eman dizkiona, «gidari» bakartu eta ustekabeko gisa.
Ez du inongo oposiziorik onartzen, are gutxiago islamiarrik, Gaddafik bultzatzen duen islam berritzailearen zeharo aurka baitaude.
Libiako ekonomiaren aurrerabideak hidrokarburoak ustiatzeko ahalmen handia du oinarri, hari esker Libiak azpiegiturak sortu ahal izan ditu, gutxieneko hornidura bermatu ahal izan du, eta biztanleen bizimodua hobetu ahal izan du. Baina errentaz bizitzeko joera zabaldu du biztanle askorengan, produkzioaren zati handi bat etorkinen esku utzia izan dela. Gainera, akatsak izan dira kontsumogaien, elikagaien eta tresneriaren horniduran, petrolioaren mozkinen mendeegi egoteagatik, prezioak beheratu egin baitira; akatsak izan dira orobat bai nekazaritzaren plangintzan, mugatuak baitira nekazaritzarako lurrak eta ura, eta bai industrian.
Mauritania independientea da 1958az geroztik, etnia asko (arabiarrak, berberiar nomadak eta tribu beltzak) estatu bakar batean biltzeak zailtasun handiak sortu zizkion.
1996ko legebiltzarrerako hauteskundeetan hasi ziren Mauritaniara demokrazia ekartzeko saioak, oposizioak boikota egin zien hauteskunde haiei, baina hala ere Mauritaniako Herri Alderdiko buruzagien eta gizarte zibilaren arteko etenak indarrean dirau. Mauritaniako ekonomia urria arrain sarden irabazietan eta mineralen –burdinarena batez ere– esportazioan dago oinarritua.