Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Arabiarrak eta Israelgo estatu berria

Soldadu israeldarrak.<br>

DESKOLONIZAZIO PROZESUEN ONDOREN, EKIALDE HURBILA LISKAR HANDIKO LURRALDEA IZAN DA, ETA GUZTIZ PREMIAZKO LURRALDEA ALDI BEREAN BAZTER HAIETAKO PETROLIOAN BEREN INTERESAK ZITUZTEN HERRIALDE GARATUENTZAT.Israelgo estatu berria Palestinako lurretan sortzeak liskar eta gatazka handiko eremu bihurtu zuen Ekialde Hurbila. Milaka urtetako kulturak -judua, islamiarra eta kristaua- leku berean elkarrekin egoteak elkarrenganako ezinikusiak eta istilu handiak sortu zituen. Israelgo estatuak, sortzetik beretik, indar handia izan zuen ekonomiaren aldetik, eta, batez ere, alderdi militarrean; sorrera hark ordea aurkari asko izan zituen lurralde haietan, eta etsaitasun hark piztu zituen eremu hartan geroztik izan ziren gerra ugariak. Israelgo estatuaren sorrerak areagotu egin zituen palestinarren erreibindikazioak, haiek ere beren estatua iritsi nahi baitzuten, Palestinan hain zuzen, zati handi bat Israelgo estatuaren baitan zeukan lurraldean. Israelgo estatuaren eta palestinar herriaren arteko borrokan, PAE (Palestinaren Askapenerako Erakundea) izan zen palestinarren erakunde garrantzitsuena. Bitartean, Ekialde Hurbilean izan zen beste gatazkarik; islamismo integristak aginpidea hartu zuen Iranen Khomeini buru zuela, eta Irak auzo herrian, berriz, Sadam Husseinek hartu zuen aginpidea, eta handik gutxira gerra odoltsu bat piztu zen bi herrialde horien artean. Sirian eta Libanon ere istilu eta borroka handiak izan ziren, eremu hartako nahaspila areagoturik horrela. Leku eta gatazka horietan guztietan Estatu Batuen eragina sumatzen zen, batzuetan bitarteko gisa eta bestetan borrokan ari ziren alderdietako bati lagunduz, beren nazio interesetarako oso eremu garrantzitsua baitzen hura estrategiaren aldetik.

 

Palestinaren auzia

BALFOURREN ADIERAZPEN OSPE HANDIKOAREN ONDOREN HASI ZIREN PALESTINAN ARABIARREN ETA JUDUEN -HANGOEN ETA EUROPATIK SALDOKA ETORRIEN- ARTEKO LISKARRAK.1916an Palestinak berebiziko garrantzia zuen Britainiar inperioarentzat, Siria mendean hartua zuten frantsesen aurrerapena gelditzeko, besteak beste. Baina ia aldi berean lurralde hura bera arazo bihurtzen hasi zitzaien britainiarrei, eta gerora egonkortasuna galarazi zion Ekialde Hurbil osoari.
Britainiarrek ezin zioten sionismoari ukatu ordu arte emana zioten laguntza, palestinarren ordezkaritza galtzeko arrikuskuan egongo baitziren bestela Frantziaren edo Turkiaren mesedetan. Erakunde sionistak Him Weizman izendatu zuen batzorde berezi baten lehendakari lurralde hartara joan, eta nazio egoitzaren maila eta nolakotasuna azter zezan, garai harako britainiar kanpo arazoetako ministroak 1917an egin zuen Balfourren Adierazpena zeritzan agiriak agindutakoa betez. Wiezmanek arabiar palestinarrekin hitzarmen bat sinatzeko egin zituen saioek ustel atera ziren, zeren juduen jarrera oso erradikala eta palestinarren aurkakoa izateaz gainera, Palestinako lurraldeosoarekin bat egingo zuen estatua eskatzen baitzuten. 1922ko uztailaren 22an Nazioen Elkarteko Kontseiluak, San Remoko erabakien bidez, Britainia Handiari ofizialki eman zion Palestinaren ardura. Dokumentu horretan sionisten aldeko jarrerak aintzat hartu zituen Nazioen Elkarteak. Baina istiluaketa iskanbilak 1920an hasiak ziren Jerusalemen eta Galilean. Kolonietako ministro Winston Churchillek Liburu Zuria egin zuen 1922an Palestinan bizi ziren bi komunitateak elkarrekin bakean bizi ahal izan zitezen lortzeko. Dokumentu hark erakunde legegile baten premia ikusten zuen, gerora konstituzio bat egiteko oinarri gisa. Garai hartako datuen arabera, Palestinan 600.000 arabiar-palestinar bizi ziren, eta 80.000 bat judu. Juduen kopurua asko handitu zen naziek Alemanian aginpidea hartu zutenez geroztik, 1935eko azken jende saldoa 61.000koa izan zelarik, baina aurretik, 1933tik 1935era bitarte, 72.000 juduk hartua zuen bizilekua Palestinan.

 

Israelgo estatuaren sorrera

BRITAINIARREK LURRALDE HARTAKO AGINTARITZA UTZI ZUTENEAN SORTU ZEN PALESTINAN ISRAELGO ESTATU BERRIA, JUDUAK ETA ARABIARRAK BIZI ZIRENA.Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1947ko azaroaren 29an hartu zuen erabakiak bi estatutan banatu zuen Palestinako lurraldea: bata arabiarra eta bestea judua. Biltzar Orokorrak harturiko erabaki hura arabiarrek ez baitzuten onartu, 1948ko maiatzaren 15ean Israelgo estatua sortzeak larriagotu baizik ez zituen egin eremu hartako lurralde arazoak. Arabiarren eta Israelgo estatuaren arteko ezinikusiak hainbat gudu eragin zuen. Lehena estatu berri hura sortzean bertan izan zen, Haifa eta Safad lurraldeak beretu baitzituen. Gerra hartan juduek, palestinarrez gainera, Libia, Sira, Jordania, Irak eta Libano izan zituzten aurkari. 1949an Rodasen sinatu zen su-etenak eman zion amaiera gerra hari. Suezen auziak (Suezkoubidearen nazionalizazioa) jarri zuen abian arabiarren eta israeldarren arteko bigarren gerra; israeldarrek, Ben Gurion buru, frantses eta britainiar gudarosteekin bat egin zuten Egiptok hartu zuen erabaki haren aurka. Gerra haren ondorioz, Israelek Sinai eta Gaza beretu zituen. Hirugarren gerra 1967an izan zen, eta Sei Eguneko Gerra deitu zitzaion; Israelgo gudarosteak Siria, Jordania eta Egiptoko lurraldeei eraso zien, eta horrez gainera Palestinako gainontzeko lurralde guztiak beretu zituen, bai Siriako Golan ordokia ere; orduan sortu zen lurralde okupatuen adigaia. Azken gerra 1973koa izan zen, eta Yom Kipurreko gerra esan zitzaion.
Egiptoko eta Siriako gudarosteek Israeli eraso zioten, baina berriz ere arabiarrak izan ziren galtzaile. Liskar hura ez zen erabat konpondu harik eta Israelgo agintari Menahem Beginek eta Egiptoko Anuar el Sadatek 1978an Camp Davideko hitzarmena sinatu ez zuten arte. Hala, Egipto izan zen Israelgo estatua onartzen zuen lehenengo arabiar herrialdea. Erabaki hura zela-eta, 1981n hil zuten Sadat atentatu batean. Orduz gero ez dute etenik izan palestinarren eta israeldarren arteko tirabirek. Israelgo estatuak eta PAEk 1993ko irailean eta 1995eko azaroan Oslon sinatu zituzten hitzarmenek itxaropen apur bat sortu zuten arabiarren eta juduen elkarrekin Ekialde Hurbilean bizi behar korapilatsuaren konponbidean.

 

PAE, edo Palestinako estatua sortzeko ahalegina

PALESTINAREN ASKAPENERAKO ERAKUNDEAK HARTU ZUEN PALESTINARREN NAZIO IRRIKAREN ORDEZKARITZA. OFIZIALTASUNAREN ETA BAZTERRALDIAREN ARTEKOA IZAN DU ORAIN ARTE ERAKUNDE HORREK IBILBIDEA.1968ko Palestinako Nazio Gutunak adierazten duenez, palestinarrak dira 1947an Palestinan bizi zirenak eta haien ondorengoak.
Gaur egun bost bat milioi palestinar dago Ekialde Hurbileko lurraldeetan -Gaza, Zisjordania, Jordania, Libano, Siria, Israel-, eta Europan eta Ameriketan sakabanaturik. Palestinar herria PAEn dago gehienbat elkartua.
Erakunde hori Jerusalemgo arabiar alderdian sortu zen 1964ko maiatzaren 28an, Palestinako Nazio Kongresuak Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE) sortzea erabaki zuenean, Ahmed Choukeiri izan zuelarik hasieran buruzagi. Sei Urteko gerraren ondoren (1967) buruzagi hori kargutik bota zuten eta Yasser Arafat jarri zuten haren ordez. PAEk era askotako taldeak biltzen zituen, Palestinan palestinar estatuasortzea izanik horien guztien helburu komuna.
Berehala hasi ziren talde erradikalen eta moderatuen arteko liskarrak, baina moderatuak nagusitu ziren erakundean, Arafat buru. Palestinarren borrokan izan zen indarkeriazko ekintzarik: adibidez, 1972an Municheko Olinpiar Jokoetan palestinar batzuek atleta israeldar batzuk bahitu eta hil zituzten. Bestalde, PAEk beti izan du Arabiar Ligaren eta OPEPeko (Petrolioa Esportatzen duten Herrialdeen Erakundea) herrialde batzuen laguntza. Baina palestinarrak Israelgo gudarostearen aurka harrika altxatu izanak palestinarren borrokari ordu arte ez bezalako oihartzuna eman zion inondik ere mundu osoan. Intifada –matxinada esan nahi du arabieraz hitz horrek– 1987an hasi zen lurralde haietan, palestinarrek ezin baitzuten eraman israeldarren okupazioa eta gatazka haren konponbiderik eza. Hainbat arrazoik –nazio burujabe bat eratu nahia, ekonomiaren urritasuna eta gizarte egoera latza– bultzatu zituen palestinarrak 1993ko eta 1995eko Osloko bake hitzarmenak konponbidean jarri zuen matxinada hartara.

 

Ekialde Hurbila eta petrolioaren balioa

PETROLIOAK EMATEN DIO EKIALDE HURBILARI ESTRATEGIAREN ALDETIK DUEN GARRANTZI HANDIA.
EREMU HORRETAN DAUDENEZ MUNDU OSOKO PETROLIO ERRESERBEN BI HEREN, POTENTZIA HANDIEK EZINBESTEKO LURRALDEA DUTE BEREN INTERESERAKO.Ekialde Hurbileko arabiar estatuak petrolioaz baliatu izan dira beti beren interesak babesteko. Helburu hori bera iristeko eta Estatu Batuek merkartuan ezarri nahi zituzten arauei aurre egiteko, petrolioa esportatzenduten herrialdeek Petrolioa Esportatzen duten Herrialdeen Erakundea (OPEP) sortu zuten 1960an. Erakunde hark Vienan zuen egoitza nagusia, eta bi helburu nagusi zituen: petrolioaren prezioa bere horretan edukitzea eta irabazien gaineko zergak igotzea, zeinek bere estatuaren aurrerabidea bultzatzeko. 1968an Vienan egin zen batzar nagusian petrolioa esportatzen duten herrialdeek beren baliabideak zuzenean ustiatzeko erabakia hartu zuten, ordu arte petrolio hobiak atzerriko enpresen esku egon baitziren, Estatu Batuetako, Frantziako eta Britainia Handiko enpresen esku batez ere. Sei Eguneko Gerraren ondoren (1967) Petrolioa Esportatzen duten Arabiako Herrialdeen Erakundea sortu zen OPEPen baitan, ekonomiaren bidez mendebaleko herrialdeek Ekialde Hurbilean, eta hain zuzen Palestinaren auzian, zuten jokabidea aldatzera behartzeko. Gero eta petrolio gutxiago produzitu izanak eta eskaria gehitu izanak petrolioaren lehenengo krisia sorrarazi zuen 1973an; herrialde garatuek petrolio gutxiago erabiltzeko neurriak hartu zituzten, eta horren ondorioz ekonomia zeharo petrolio esportazioaren mende zeukaten hirugarren munduko herrialde asko zorpetu egin ziren.
1979an beste krisi bat izan zen, baina ez zen 1979koa bezain larria izan. Pertsiar Golkoko gerraren ondoren, eta Ameriketako eta Europako herrialde batzuk OPEPen sartu zirelarik, erakunde hori ahuldu egin zen barneko liskarren eraginez. Geroztik, herrialde kontsumitzaileek esku handia izan zuten petrolioaren merkatuan, eta horrez gainera Estatu Batuek babes militarra eman zieten petrolioaren truke petrolioaren esportazioan gailen ziren Kuwait eta Saudi Arabiari.