Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Hirugarren Munduaren goraldia

Nazio Batuen egoitza New Yorken.<br><br>

Hirugarren Munduak ?hau da, Garatze Bidean dauden Herrialdeek, orain esaten denez? testuinguru jakin batean egin zuen bere antolamendu politikoa. Bigarren Mundu gerra bukatu zenean inperio kolonial handiak lur jota zeuden, XIX. mendean Europak kolonietan izan zuen hedazaletasunean gidari izan ziren bi estatu handiak hondabidean baitzeuden. Horrez gainera, Estatu Batuak eta Sobiet Batasuna NBE estutzen ari ziren kolonien burujabetza bultza zezan autodeterminazio eskubidearen bidez. Arrazoi horien eta burujabetzaren aldeko higikundeen eraginez, Asiako herrialde batzuk, India batez ere, hirugarren nazio multzo bat eratzen saiatu ziren, nazioarteko politikan nagusi zen alderdi biko antolamenduari aurre egiteko. Antolamendu politiko berri hori Bandungen sortu zen, Afrikako eta Asiako herrialdeek Indonesiako hiri hartan 1955ean antolatu zuten bilkuran. Hirugarren Munduaren heterogeneotasuna garbi adierazi zuen bilkura hark jarraipena izan zuen Herrialde Lerrokatugabeen Higikundean (1961). Antolamendu politiko berri hura sortzeko helburu hura hasieran iritsi bazen ere, gerora herrialde multzo hartako herri bakoitzak politikan eta batez ere ekonomian zuen egoera bereziak oso zaildu zuen higikunde hark gutxieneko koherentzia izan zezan.

 

Bandungeko biltzarra

1955eko apirilaren 18ko bilkura hark aurretiko batzuk izan zituen. NBEko Batzar Nagusian Afrikako eta Asiako herrialde batzuek talde bat sortua zuten, halako disziplina boto bati atxikia. 1947an egin zuten herrialde horiek lehenengo batzarra New Delhin. 1954an, munduaren eta batez ere Asiaren egoera larria ikusirik (Indotxinako gerra, Formosako auzia, eta iraultzak Txinan garaitu izana), India, Pakistan, Birmania, Indonesia eta Zeilanek bilera egin zuten Kolonbon (harrezkero Kolonboko bostak deitu zitzaien), hurrengo urtean Bandungen egitekoa zen bilkurarako oinarriak jartzeko. Bandungeko bilkura hartan badira alderdi batzuk aipagarriak. Lehena, Afrikako herrialderik ia ez agertu izana, gehienak burujabetasunaren alde ari baitziren borrokan. Beraz, Asiako herrialdeen ideiak nagusitu ziren, batez ere Indiarenak eta Txinarenak, Nerhu zuela agintari lehenak eta Txu En-Lai (edo Zhou Enlai) bigarrenak.

Erlijiotzat islama zuten herrialdeek garrantzi handia izan zuten bilkura hartan, orobat Japoniak eta Turkiak, biak NATOko kideak zirela. Hiru joera nagusitu ziren berehala biltzarkideen artean: sortaldearen aldekoak, komunismoaren aldekoak eta neutraltasunaren aldekoak; azken horiek ?India buru? lortu zuten beren iritzien arabera egitea bilkura amaierako adierazpena.

Bandungeko hamar atalak esan zitzaion dokumentu horrek kolonialismoaren aurka eta munduko estatu burujabe guztien arteko berdintasunaren alde egiten zuen.

 

Herrialde Lerrokatugabeen Higikundea

Bandungeko bilkura egin zenetik urtebetera, Nehru, Nasser eta Tito buruzagiek bilera egin zuten Jugoslaviako Brioni uhartean, eta gerora Herrialde Lerrokatugabeen Higikundea izango zenaren oinarriak jarri zituzten, Bandungen erabakitakoaren ildotik.

Kairoko Bilkuran (1957) herrialde horiek neutralismo aktiboaren alde egin zuten, Estatu Batuen gidaritzapeko multzo kapitalistan eta SESBren gidaritzapeko multzo komunistan lerrokatzeari muzin eginik.

Baina Herrialde Lerrokatugabeen Higikundea sortzeko bilera 1961ean egin zen, Titoren Jugoslavian; Sobiet Batasuna osatzen zuten blokeko erakunde guztietatik kanporatua zegoen ordurako Jugoslavia, bere jarrera heterodoxoa zela eta. Irailaren 1-6 bitartean 25 herrialdetako estatuburu edo gobernuburuek bilera egin zuten Belgradon.

Gehienak Asiakoak edo Afrikakoak ziren; Brasilek, Boliviak eta Ekuadorrek begirale gisa parte hartu zuten; Jugoslavia ?Titok gorpuzten baitzuen Afrikako eta Asiako herrialdeentzat hirugarren bidea? eta Cuba izan ziren bilera hartako herrialde garrantzitsuenak.

Bilkura hark itxaropen handiak sortu zituen, baina lortu, ez zuen gauza handirik lortu, EEBBek eta SESBk ?herrialde haiek beretu ezinik? zatiketa eragin baitzuten higikundean. Baina hala eta guztiz ere, munduaren ordena berria esanzaion horrek lehenbizi Bandungen eta gero Belgradon bilera egin zuten herrialde haien ekarria izan zuen, nazioarteko harremanetan nagusi ziren bi herrialde handi haien mendetasunetik askatzeko ahaleginean.

 

NBE

Bigarren Mundu gerra bukatu ondoren irabazleek nazioez gaindiko erakunde bat sortzeko premia ikusi zuten, eztabaidak han bidera zitezen eta hala gerra gehiagorik izan ez zedin. Bilera asko egin ondoren, 1945eko ekainaren 25ean eta 26an sortu zen San Franciscon Nazio Batuen Erakundea (NBE); aldez aurretik Nazioen Elkartea (NE), NBEren aurretiko erakunde porrot egina desegin behar izan zuten.

Berrogeita hamaika herrialdek sinatu zuten sorrera agiria; gehienak mendebalekoak ziren; gaur egun erakunde horrek 181 estatu ditu bere baitan. Lau dira erakunde horrek sortzez zituen zertarakoak: munduko nazioen artean bakea eta segurtasuna mantentzea; estatuen arteko adiskidetasun harremanak bultzatzea; estatuen arteko lankidetza sustatzea maila guztietan; eta, azkenik, eztabaida leku izatea, estatu kide guztien arteko ahaleginak bideratzeko eta helburu komunak iristeko. Horretarako, sailetan antolatu zuten erakundea: Biltzar Orokorra ?elkartekide diren estatu guztien ordezkariez osatua?; Segurtasun Batzordea ?Erresuma Batua, Errusia, Estatu Batuak, Frantzia eta Txinako ordezkariek eta batzordean aldika sartzen diren beste hamarestatutako ordezkariek osatua?; Idazkaritza Nagusia; Ekonomia eta Gizarte Batzordea ?finantzen eta gizarte garapenaren ardurarekin?; Auzitegia edo Nazioarteko Justizia Batzordea; eta Lurralde Fiduziarioen Administrazio Batzordea ?deskolonizazio prozesuen ardurarekin?. Gerra Hotzak sortu zituen tirabirek eragin handia izan zuten NBEn, baina erakundeak zeregin erabakigarria izan zuen 1950-1970 hamarraldietan ia mundu osoan izan ziren deskolonizazio prozesuetan.

 

Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanak

Hori da, zalantzarik gabe, sortaldearen eta sartaldearen arteko liskarra bukatu zenez geroztik munduak duen arazo nagusia.

Herrialde aurreratuen ?gutxienak? eta garatze bidean dauden edo behartasun gorrienean bizi direnen arteko tirabirek ?era askotarikoak eta oinarri-oinarrizko arrazoiek sortuak? nekez izango dute konponbiderik. Bigarren Mundu gerra eta 1973 bitartean munduak goraldi bat izan zuen ?%7 eta %8 inguruko hazkundea urtero?; batez ere Latinamerikan izan zuen eragina. Aldi horretan sortu ziren lankidetzarako eta garapenerako beste erakunde batzuk (OCDE, besteak beste). Urrezko Aro hori ordea 1970 ondoko urteetan bukatu zen. 1973an eta 1979an petrolioaren industriak izan zuen krisiak oso apaldu zuen aurreko hogei urtetako hazkunde tasa. Krisi hark garatze bidean edo garatu gabe zeuden herrialdeen erabateko hondamena ekarri zuen. Zorra izan zen, zalantzarik gabe, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarraldietan herrialde horietako ekonomien oztopo nagusia. Bien bitartean lehenengo mundua bere baitara bildua zen krisi hartatik atera ahal izateko. Hirurogeita hamarreko hamarraldia eta laurogeiko ia hamarraldi osoa kanpo zorraren garaiak izan ziren. Laurogeiko hamarraldiko azken aldian liberalismoan oinarrituriko egitasmoen bidez egokitu zen ekonomia, Latinamerikan batez ere, diktaduren eta bortxaz baliatzen ziren errejimenen bidez. Hala, Latinamerikan ekonomiak gora egin zuen, baita Asiako hego-ekialdean ere, baina Asiako mendebalean eta batez ere Sahara azpiko Afrikan erabateko pobrezia nagusitu zen.

Lehenengo munduak hirugarren munduaren ekonomia goratzeko eta berpizteko ahaleginean eskurik ez hartzeak tirabira asko sortu ditu Iparralde aberatsaren eta Hegoalde txiroaren artean; horra azkenerako eztanda egingo duen lehergailu gisako bat.

 

Aniztasuna eta krisia

Higikunde gisa baino gehiago, errealitate gutxi-asko homogeneo gisa edo nortasun komun gisa, Hirugarren Mundua hirurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran hasi zen desegiten, hain zuzen ere aurreko hamarraldiko arrakasta politikoen eraginez nazio multzo hura gora egiten hasia zenean elkarren kontrako bi muturretan banatua zegoen mundu hartan.

OPEP-ek (Petrolioa Esportatzen duten Herrialdeen Erakundea) hartu zuen erabakiak, petrolioaren prezioa merkatuak ezarri behar zuela, alegia, ez bakarrik petrolioaren prezioa asko igo zuen eta nazioarteko ekonomiak izan duen azken krisi handiari bide eman zion, orobat aberastu zituen, arin bai arin gainera, Hirugarren Munduko herrialde batzuk (edo, gehienetan, herrialde horietako jaun eta jabeak: xeke edo sultan musulmanak, alderdiko burokraziak eta oligarkak Latin Amerikan? Hortik aurrera, Hirugarren Munduaren baitan petrolioa ekoizten zuten herrialdeen eta petrolioa ekoizten ez zuten herrialdeen arteko BPGean (Barne Produktu Gordina) zegoen alde handia zela eta, ezin ziren herrialde horiek guztiak multzo bateratu gisa aipatu. Ez zegoen inongo loturarik Saudi Arabiaren eta Libiaren artean edo Txaden eta Pakistanean artean. Herrialde jendetsu jakin batzuetan ere, Venezuelan eta Nigerian adibidez, petrolio asko ekoiztenzutenak horiek ere, ekonomiak gora egin zuen.

Bestalde, ekonomiaren globalizazioari eta informazioaren teknologian izan zen iraultza handiari esker, Hirugarren Munduko herrialde eta eremu batzuk industrializatu egin ziren. Mexikok, Brasilek, Indiak eta «Ozeano Bareko Tigreak» esaten zaien herrialdeek (Hego Korea, Taiwan, Singapur eta Hong Kong) edo NIC taldekoek (Berriki Industrializatutako Herrialdeak edo Newly Industrializing Countries) goraldi handia izan zuten zeinek bere ekonomian, hainbesteraino non parekatu ere ezin zitezkeen «garapen bidean» zeuden beste estatu batzuekin.

Kontraesana badirudi ere, ekonomiaren globalizazio horrek berak zeharo lurjoarazi zion Hirugarren Munduko herrialde askori, batik bat Saharatik hegoaldeko herrialde afrikarrei, pobreturik, zorpeturik, gerrak eta agintari ustelduek hondaturik baitzeuden: Somalia, Txad, Sudan? baina baita Haitiri ere, Erdiko Amerikan; eta herrialde horiek ez zuten ordurako inongo zerikusirik, ez politikaren aldetik eta ez gizartearen eta ekonomiaren aldetik ere, Bandung, Kolonbo, Kairo eta Belgradoko bilkuretan gidari eta nagusi izan ziren herrialdeekin. Gaur egun Hirugarren Munduak ez du beraz inolako zerikusirik jarrera politiko komun batekin. Izan ere, orain «Hegoaldea» baizik ez da; besterik gabe.