Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Ekonomiaren zuzpertzea

Karitateko moja bat umeei jana partitzen Belgikan, 1946. urtean.<br><br>

Bigarren Mundu gerrak erabat nahastu zituen nazioarteko ekonomia harremanak. Hala ere, 1945 eta 1975 arteko aldia bereziki oparoa izan zen mundu osoan, nahiz eta oso alde handiak izan leku batetik bestera. Urteko %5eko baino hazkunde handiagoa izanik, Estatu Batuek, Europa mendebalekoak eta Japoniak atera zituzten etekinik handienak.

Goraldi demografikoak, inbertsio publiko eta pribatuen gehitzeak, aurreramendu teknologiko izugarriak eta trukeak mundu osora zabaltzeak, hazkundea bizkortu zuten, eta multinazional bihurtu ekoizpena. Hazkunde azkar eta etengabeko hiru hamarraldi izan ziren, ‘hogeita hamar urte gloriazko’, herri garatuenetan aldaketa ekonomiko, sozial eta kultural sakonak eragin zituztenak.

 

Europaren berreraikuntzaren giltzarriak

Egitura politikoen demokratizazioaren, Ipar Amerikaren laguntzaren eta keynesiar taxuko politika interbentzionistaren bidez, harrigarri bizkor egin zen Europaren berreraikuntza.

Gerra ondoko zuzpertze lasterrak bake, oparotasun eta lankidetzako aldi luze baten erroak ipini zituen mendebaleko Europako herrietan.

 

Gerra ondoko Europaren egitura politiko berria

Naziak garaituak izan ondoren, alderdi filofaxistek eta eskuin muturrekoek izena galdu zuten erabat, eta, aitzitik, berrindartu egin ziren sozialistak eta komunistak. Kristaudemokratak ere, ‘eskuin berria’, sendotu egin ziren: sozialisten klase gatazka eta berdintasunaren aurrez aurre, kristau anaitasuna gogorarazten zuen kristaudemokraziak, gizonak adiskidetzeko eta gatazka sozialen irtenbide moduan. Europako ekialdean sobietarren nagusitasunak gobernu komunisten garaipena erraztu zuen artean, mendebalean betoa jarri zieten gobernuetan iparramerikarrek komunistei; demokrazia parlamentarioaren eta merkatu ekonomiaren alde ere egin zuten. Zenbait herritan berehala itzuli ziren gerra aurreko bizimodura –hala Britainia Handian, han ez erakunde sistema, ez alderdi sistema, ez baitziren aldatu gerra garaian–; Suitzan eta Suedian ere antzera gertatu zen, ez baitziren gatazkan sartu. Baina nazien aginteak sistema liberalaren oinarriak suntsitu zituen lekuetan, prozesu konstituziogile bat jarri behar izan zen abian, faxisten kontrako indar guztiak bilduta. Halaxe sortu ziren 1946- 1949 urteetan IV. Errepublika Frantsesa, Italia errepublikarra eta Alemaniako ErrepublikaFederala. Demokraziaren aldeko prozesu horretatik kanpo geratu ziren Francoren diktadura (Espainian) eta Salazarrena (Portugalen). Egitura politiko berria definitu ondoren, berreraikuntza lanei heldu zieten europar gobernuek.

 

Marshall plangintza (1948-52)

1945ean Europa erabat etsita, lur jota eta akitua zegoen. UNRRA izeneko NBEaren mendeko organismoaren bidez jasotako laguntzak ez ziren inola ere nahikoak izan.

Gerra hotza piztu zenean, Sartaldeko Europa erraz geratuko zela komunisten esku uste izan zuten iparramerikar politikari askok, baldin eta ez bazuen laguntza azkarra eta egokia jasotzen. G. Marshallen ekimenez, Truman lehendakariak laguntza ekonomikoko plangintza zabal bat antolatu zuen 1947an europar demokraziak sendotzeko; besteak beste kreditu biguinak, lehengaiak, teknologia eta jestio moduak ugari bidaltzea aipatzen ziren plangintza hartan. 1948 eta 1952 urte artean jasotako laguntza, guztira, 12.800 milioi dolarretara iritsi zen. Marshall plangintza Europako 16 herrialdetan aplikatu bazen ere, onuradun nagusiak Britainia Handia, Frantzia, Italia, Alemania Federala eta Holanda izan ziren. OEEC sortu zen jasotako laguntzen banaketaren egokitasuna zaintzeko; erakunde horrek, gainera, garaile eta garaituen arteko hesia hautsi, elkartasuna sendotu eta mendebaleko ekonomien bateratzea bultzatu zuen. Iparramerikarren laguntzari esker, Europak ezin lasterrago finantzatu zuen bere berreraikuntza.

Baina Estatu Batuek ere izan zuten irabazirik.

Emandako kredituak berreskuratzeaz gainera, dolarraren internazionalizazioa lortu zuten, truke libreko eremu bat sortu Atlantikoaren bi aldeetan, eta merkataritzaren eragina sendotu zuten Europan, hura bihurtu baitzen amerikar ekonomiaren bezero nagusia.

 

Europar ekonomien ordenamendua, Keynesen ereduaren arabera

John. M. Keynesen eredu teorikoari jarraiki, OEECko ia gobernu guztiek estatuaren interbentzionismoaren alde egin zuten beren ekonomien hazkundea ordenatu eta bizkortzeko, enplegu betea eta gizarte kohesio handiagoa lortzeko. Inbertsio publikoa bultzatu zen, eta ekoizpena azkartu sektore erabakigarrien ‘nazionalizazioaren’ bidez (energia ekoizpena, garraiobide publikoak, telekomunikazioak, banku sistema, etab.).

Baina estatuaren interbentzioak ez zion sistema ekonomikoari bakarrik eragin. Beveridgek proposaturiko britainiar ereduari jarraiki, europar gobernuek sistema fiskal progresibo bat jarri zuten abian, babes sozialeko sistema sofistikatuen bitartez, nazio errenta banatzeko helburuaz; sistema horietan nagusiak irakaskuntza eta osasunaren dohakotasuna, etxebizitza erosteko laguntzak eta eritasun, enplegu falta eta jubilaziorako plangintza zabal bat ziren. Aberatsen eta pobreen arteko aldeak desagertu ez ziren arren, asko murriztu ziren desberdintasun sozialak. Lanaren mundura ere iritsi zen gizarte akordioa, eskubide sindikalak eta talde negoziazioak onetsi zirenean. Ugazaba eta langileen arteko adostasunak hartu zuen borrokaren lekua. Ekonomiaren berrindartzeak kultura demokratiko bat finkatu zuen, erradikalismo ideologikoak (barnean) eta nazioen arteko areriotasunak (kanpoan) desagertarazi zituena. Erreforma horiek guztiek oso tankera berezia eman zioten europar kapitalismoari, amerikarra baino askoz ere bigunagoa baitzen, eta gizarteari buruz askoz sentikorragoa.

 

‘Mirari ekonomikoen’ garaia

Sartaldeko Europako ekonomia oso bizkor eta modu ordenatuan garatu zen 1945etik aurrera. 1952an gerra aurreko ekoizpen indizeak iritsi ziren, eta hurrengo hogei urteetan ikusgarria izan zen OEECko herrialdeen hazkunde erritmoa. Bereziki aipagarria da Alemaniako Errepublika Federalaren kasua, hango ekonomia bihurtu baitzen, japoniarrarekin batera, munduko dinamikoena.

 

Alemaniaren kasua

1945eko Alemania garaitu, umildu eta behartsu hartatik, Errepublika Federala sortu zen, demokrazia liberal eta kapitalistaren eredu. Adenauerren eta haren Ekonomiako ministro Ludwig Erharden gidaritzapean, AEFak saihestu egin zituen nazionalizazioak.

‘Merkatuko ekonomia sozial’ bat ipini zuen, presio fiskal apalean, diruaren egonkortasunean eta truke librean oinarritua.

Berandu gabe, industria gaien esportatzaile garrantzitsua bihurtu zen germaniar ekonomia, etengabe zabaltzen zen merkatu batean. 1960-70 hamarraldian, munduko hamar multinazional handienetakoen artean zeuden. Volkswagen (autoak), Bayer (botikak), eta Siemens (etxetresnak); lortua zegoen guztientzako lana, eta alemaniar aseguru sozialeko sistema munduko hoberenetakoa zen. Faktore sail batek ekarri zuen Alemaniaren arrakasta: egonkortasun soziala bultzatzen eta aurrezki pribatuak inbertsio produktiboetara bideratzen zituen politika ekonomikoa; langileria asko eta kualifikazio handikoa izatea; produktibitearen hazkunde etengabea, soldaten moderazioak eta enpresa adostasunak indartua; hezkuntza sistema publikoa, modernoa eta eraginkorra, kalitatezko formazio tekniko eta profesionala segurtatzen zuena, eta, azkenik, hornidura ondasunetan espezializatu izana ekonomia, berrikuntza teknologikorako ahalmen izugarri bati esker.

 

OEECko herrialdeak

Europako beste herrialdeek ez zuten iritsi Alemaniaren hazkunde tasa bera (1950- 1970 artean, %5,5 urteko batez beste). Batzuk ordea aski hurbildu ziren, Italia adibidez (%5). Energia faltak, Mezzogiornoaren atzerapenak eta gobernuaren egonkortasun faltak eragotzitako ekonomia hura indarrez bultzatu zuten konpainia multinazional handiek (Fiat, Olivetti), eta IRI (‘Industriaren Berreikuntzarako Institutua’) delakoaren inguruan bildutako estatuko sektorearendinamismoak. Frantziak ere gora egin zuen, mantso baina etengabe, nahiz eta langileak falta izan (inmigrazioak orekatu zuen nolabait akats hori), zurruna izan laborantza sistema eta kolonietako inperioa galdu. Baina gainditu ziren oztopo horiek guztiak, planifikazio argi bati esker batetik, eta bestetik, industriaren garapena, ekonomia misto baten baitan, bultzatu zuen inbertsio politika bati esker. Izan zuen orobat arrakastarik Iparraldeko (Suedia, Norvegia, Finlandia eta Danimarka), Austriako eta Beneluxeko ‘kapitalismo sozializatuak’. Herri horietan esportazioen tradizioa eta estatuaren bitartekaritza bateratu ziren, eta horrek gizarte adostasuna, merkatuaren oreka, errentaren banaketa eta gizarte zerbitzuen zabalkundea ziurtatu zuen. Emaitza eskasenak beste garai batean ‘munduko lantegi’ izan zen Britainia Handikoak izan ziren.

Urteko hazkunde tasa %2,5 izanik, azkena gertatu zen industria herrialdeetan. Produktibitatearen beherekadak, sektore nazionalizatuen gehiegizko pisuak eta gastu publiko handiegiak (zerbitzu sozialetan eta defentsan) areagotu egin zuten Britania Handiaren beherakada motela, gerra aurrean jada nabarmentzen zena.

 

Oparotasunezko hogeita hamar urte

Jean Fourastié frantses ekonomilariak finkatu zuen ‘hogeita hamar urte gloriazko’ esapidea 1945-1974 urteak, hau da, munduko (eta Europako) kapitalismoaren urrezko aldia izendatzeko. Teknologiaren garapenak (atomoaren aurkikuntza, petrolioaren gero eta garrantzi handiagoa energia iturri gisa, telekomunikazioak, kimika eta medikuntza, etab.), eginkizun erabakigarria izan zuen hiru hamarraldi oparotasunezko horietan. Baina ez zen ekonomia bakarrik hazi. Kontsumo gizartearen agerpenarekin batera, egitura sozialak, ohiturak eta talde pentsamoldeak ere aldatu ziren.

 

Gizarte egitura berria

Berreraikuntza ekonomikoa urbanoa eta industriala izan zen batez ere. Baserri giroan jaiotza tasak handiagoak izan arren, milioika gazteek hirietara jo zuten 50. eta 60. hamarraldietan. Landaldea uzteak berekin eraman zituen usadio zaharrak ere, eta aldi berean laborantzaren kapitalizazioa, eta nekazaritza intentsiboa eta mekanizazioa erraztu zituen. Bigarren sektorea izugarri hazi zen eta erdiko klase berri bat sortu zen, enpresa handien industria ekoizpenari loturik (ingeniariak, kontulariak, jerenteak,lantegi buruak), baina are gehiago hazi zen hirugarrena, merkataritza gaien salmentari eta banaketari, eta estatu zerbitzuei loturik (funtzionarioak, sendagileak, irakasleak, etab.). Aldaketa horiek konplexuagoa eta malguagoa egin zuten egitura sozio-laborala: irakaskuntza orokortuak, eta lanerako aukera ugariek, biziki erraztu zuten mugikortasun soziala. 1960-70 hamarraldiaren bukaera aldean, hirietako kulturaren eraginpean zegoen Europako gizartea ia osorik, bai bizitzeko estiloari, bai kontsumo moduari zegokionez.

 

Kontsumo gizartea

Soldaten gehitzeak, emakumea lan merkatuan sartzeak eta zerbitzu sozialeko sistema berriek, talde jokamoldeak aldatu zituzten.

Oinarrizko gastuek (jatena, jantzia eta etxebizitza) nagusitasuna galdu zuten familiaren errentan. Bai epekako salmenten sistemaren zabalkundeak, bai publizitate eta marketing sistema berriek, kontsumoaren zabalkundea erraztu zuten. Zinemak eta telebistak –dudarik gabe, horiek dira garai honetako aurkikuntza handiak–, kultura berdindu zuten, eta ‘amerikar bizimodu sistema’ zabaldu. Automobila kontsumo gizartearen ikur bihurtu zen, eta tresna elektrikoz bete ziren etxeak. 1956an, britainiar familietan, %8ak bakarrik zeukaten hozgailua, 1962an baziren %33, eta %69 1971n. Antzera gertatu zen garbigailu eta besteekin. Baina, aldi berean, urte haietako iraultza zientifiko-teknologiko handiaren itzalean, merkatu erraldoi bat sortu zen (ondasun, zerbitzu, ideia eta emozioena), kontsumitzailearen eskubide politiko funtsezkoena hautatzeko eskubidea bihurtu zuena.

 

Gazteen kultura

1960ko hamarraldian gazte dirudunentzat-eta (ikasleak edo langile ezkongabeak) pentsatutako moda bat sortu zen. Erritmoak, filmak eta janzkerak ziren, eta berehala gainditu zituzten mugak eta gizarte klaseak. Estilo berezia zuten, informala eta gurasoen seriotasunari nolabait ere irri egiten ziona. 60-70 urteetako gazteen uniformearen osagaiak jeansak ziren, kolore biziko elastikoak eta ile luzea mutilentzat, eta, neskentzat, minigonaren aukera. Alabaina, musikak markartu zuen batez ere gaztedi hura –folka, bluesa, rock and roll amerikarra eta ingelesa–. Ingelesez jakin gabe ere, mundu guztiko gazteak hunkitu zituen Beatlesen ‘Strawberry Fields’en eskapismo malenkoniatsuak, edo Rollings Stonesen ‘Jumping Jack Flash’en haserre ikonoklastak.