Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

SESB Stalinen aroan

Kronologia

Stalin Sobiet Batasuneko buru egon zen urteak, 1924-1953, SESBren historiaren une nagusia dira, arrazoi askorengatik. Hiru hamarraldi horietan zehar taxutu baitzen, hain zuzen, bai alor politikoan bai ekonomikoan, sobietar sistema. Stalinen aroko elementu adierazgarrienetako batzuk, baina ?masa terrorea, esaterako?, 1953 ondoren desagertu ziren.

Ez zen zuzena izango, dena den, Stalinen aroa aldi uniforme bat bezala aurkeztea.

Urteak behar izan zituenaginpidean lehiakiderik ez izateko (1930 ondoko urteak arte ez zuen lortu). 1930-1940 hamarraldi horretan formula ekonomiko berriak eta gogorrak bultzatu ziren ?industrializazioa, nekazaritzaren kolektibizazioa?, eta, bestalde, gogor zapaldu zen politika jarduera oro. Alemaniaren erasoak (1941), uste izatekoa den bezala, bestelako premia larriago batzuk eta zenbait aldaketa ideologiko eragin zituen, errusiar nazionalismo ordurako sendoaren mesederako. Gerra bukatutakoan, baina, 1941 baino lehen indarrean zeuden arauetako batzuetara itzuli zen, hein batean.

Ez dago ukatzerik herrialdea Stalinen gidaritza hertsiaren pean egon zen hiru hamarraldi horietan SESBk hazkunde ekonomiko handia izan zuela. Hori bai, biztanleriaren egundoko pairamenaren lepora egin zen hazkunde hori, eta ondoko belaunaldiei zama ekonomiko ikaragarria utzirik: baliabideak agorturik, ingurugiroa hondaturik. Bigarren Mundu gerrak, bestalde, munduko herrialde ahaltsuenen artean kokatu zuen SESB.

 

Aginpidea iristeko borroka

LENIN HIL ONDOREN BORROKA GOGOR BAT HASI ZEN HARK UTZITAKO LEKUA BETETZEKO. LEHIA HORRETAN, BERE AGINPIDEA SENDOTU ETA BERE AURKARI NAGUSIAK BAZTERTZEA LORTU ZUEN STALINEK.Lenin hil zenean (1924) borroka gogor bat hasi zen boltxebikeen bi buruzagi nagusien artean: Trotski eta Stalin. Hasieran, Stalinek beste buruzagi batzuen babesa izanzuen, Zinoviev eta Kamenevena, esate baterako.

Borroka horretan bi eztabaidagai nagusi izan ziren: batetik, ?sozialismoa herrialde batean bakarrik? eraikitzea, Stalinek nahi zuen bezala, eta, bestetik, Politika Ekonomiko Berria (PEB), zeina, Trotskiren aburuz, bertan behera utzi behar baitzen, estatalizatze eta industrializatze orokorraren mesederako.

Borroka horretan, azkenean, Stalin atera zen garaile. Trotski Alderditik bota zuten, 1927an. Nolanahi ere, Stalinek, aurrerago, bere egin zituen aurkarien proiektu ekonomikoak, eta, beraz, baztertzen joan zen, pixkana-pixkana, PEB delakoa, lehenagoko gerrako komunismoa gogorarazten zuten formulen mesedetan.

Stalin aginpindean gero eta sendoago zegoen bitartean, eztabaida asko sortu zen, hark boltxebikeen hasierako egitasmoekin zuen harremana zela-eta. Gutxienez bi azalpen eman ziren horri buruz. Lehenengoaren arabera, artean bizi-biziak eta arrazionalak ziruditen harreman asko, nabarmen, batbatean eta ustekabean endekatzea eragin zuen Stalin agertu izanak. Bigarren azalpenaren arabera, berriz, nekez egongo zen Stalin aginpidean Leninek 1917-1922 bitartean hartu zituen neurri autoritario, hierarkiazale eta zapaltzaileetako asko hartu izan ez baliatu.

Alde batera, gauza ulertezina den bezala, estatu sobietarraren historiaren lehehengo urteetan gertatuak kontuan izan gabe, Stalin aginpidean sendo egotea, Stalin zela Leninek bilbatu zuen politika moldearenemaitza posible bakarra esatea ere ez litzateke zuzena. Eta, ororen gainetatik, ez da ahaztu behar zer nolako arrastoa utzi zuten gertaera haietan porrot ekonomikoek, batetik ?PEB plangintza ez baitzen aurreikusitako emaitzak ematen ari?, eta SESBri kanpotik egiten zitzaion setio galgarria, bestetik.

 

Industrializazioa, kolektibizazioa eta zapalketa

HIRUGARREN HAMARRALDIAN ERREFORMA EKONOMIKO ZORROTZAK EGIN ZIREN, ZEINEK HAZKUNDEAZ APARTE HERRIAREN SOFRIKARIOA ERE ERAGIN BAITZUTEN.Stalinen politikek aldaketa ekonomiko handiak eragin zituzten; handiena, plangintza zentralizatua izan zen, zeinak, hasi eta denbora gutxira, izugarri kontzentratu baitzuen erabakiak hartzeko agintea. Sistema horrek, aldaketak aldaketa, 1980 arte iraun zuen.

Plangintza zentralizatuak, orohar, berehala eman zituen fruituak: hazkunde ekonomiko handi bat. Eta hazkunde horren babesean neurri zorrotz gehiago hartu zen, lanaren etekina handitu alde. Industria astuna aurreratzeko ere ahalegin handia egin zen ?1928 eta 1940 bitartean produkzioa laukoizteraino?, baina biztanleen bizi baldintzak batere hobetu gabe, hargatik. Baserritarrek sofritu zuten gehien: PEBk utzitako ekonomia pribatuaren azken hondakinak ezeztatu ondoren, produkzio bitartekoak kolektibizatzera behartu zituzten, bortxaz.

Ondorio horiek gorabehera, plangintza zentralizatuak eta kolektibizazioak baliabideak xahutu zituzten, eta sekulako hondamen ekologikoa eragin zuten.Stalin boterean sendotu zenean ez zen gehiago barne eztabaidarako aukerarik izan Alderdi Komunistaren barruan. Bien bitartean zapalkuntza neurri gogorrak hartu ziren, buruzagi boltxebikeak berak ere hilez.

Baina ez buruzagiak bakarrik; errepresioa alde guztietara zabaldu zen. Batzuen ustez, 1936-1950 bitarteko zapalketa politikoak hamar milioi inguru hildako utzi zituen.

Biktima horietako asko arazo nazionalak zeuden tokietan gertatu ziren.

 

Bigarren Mundu Gerra

HITLERREN ERASOPEAN, SESBEAN ?ETA POLONIAN? ERAGIN ZUEN KALTERIK HANDIENA BIGARREN MUNDU GERRAK.1939an, eta Hitlerren Alemaniarengana hurbiltzeko zenbait saio egin ondoren, Alemaniak eta Sobiet Batasunak itun bat izenpetu zuten, ?Ribbentrop-Molotov ituna? deitua. Itun hori baliaturik, Baltikoko hiru errepublikak hartu zituen Sobiet Batasunak.

Bien bitartean, Stalinek garbiketa gogorra egin zuen goi karguko militarren artean, eta asko murriztu zuen horrela armadaren erresistentzia ahalmena.

1941eko ekainean, baina, alemaniarrak Sobietar Batasunean sartu baitziren, argi geratu zen alemaniarrek eta sobietarrek 1939an izenpetu zuten itun hura gezurrezkoa zela. Gerra hasi eta lehenengo hilabeteetan Alemaniak aise menderatu zituen errusiarrak, baina hauek beren gudarostea berrantolatzean, batetik, eta negua iristean, bestetik, erabat aldatu ziren gauzak.

Stalinek diskurtsu guztiz nazionalista zerabilen ordurako: arriskuan zegoena ez zen jada ?herri sozialista handia?, ?errusiar ama herria? baizik.

Handik hara, beraz, gerrak beste norabide bat hartu zuen: Stalingrado eta Kurskeko guduetan, adibidez ?1942 eta 1943 urteetan?, sobietarrak atera ziren garaile. Garaipen horietan SESBren industria militarraren indarberritzeak bezainbesteko garrantzia izan zuen kanpoko laguntzak, Estatu Batuen laguntzak bereziki. 1944an Leningrado inguruan ezarririk zegoen setioa haustea lortu zuten, eta hurrengo urtean Alemaniako hiriburua, Berlin, hartu zuten. Hala, bada, SESB garaile atera zen Bigarren Mundu gerran, baina garesti ordaindu zuen garaipena: 15 milioi herrikide galdu zituen, eta guztiz hondaturik geratu ziren ekonomia egiturak.

 

Stalinen azkeneko urteak

MUNDUKO NAZIO AHALTSUENETAKO BAT BIHURTURIK, SESBK AHALEGIN HANDIA EGIN ZUEN BIGARREN MUNDU GERRA ONDOREN BERE EKONOMIA BERRANTOLATZEKO.Nazioarteko gainerako herrialdeei buruz, SESB indarturik atera zen mundu gerratik. Yalta eta Potsdamgo hitzarmenak zirela-eta, SESBren itzalpean geratu ziren Europako erdialdeko eta Balkanetako herrialdeak.

Eta, hala, Alemaniako Errepublika Demokratikoa izango zena, eta orobat Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Errumania eta Bulgaria ere, ?sobietar blokearen?barruan geratu ziren; SESB, beraz, herrialde horien sartaldeko mugaren ?zaintzaile? bihurtu zen. Garrantzi handiko beste gertaera bat Txinan iraultza nagusitzea izan zen, Sortalde Urruneraino hedatu baitzen Sobiet Batasunaren eragina.

Alde on horiek guztiek, baina, alde txarrik ere ekarri zuten, handik hara SESBk aurrez aurre izan baitzuen munduan zen beste herrialde ahaltsuena: Estatu Batuak, alegia. Hori zela eta, izugarri handitu zen sobietarren gastu militarra, ekonomiaren aurreramenduaren kaltean. Ekonomia zuzpertzea izan zen, hain zuzen, 1945etik aurrera egin ziren politiketako askoren helburua, gerran hondaturiko azpiegiturak osatze aldera.

Hartara, bost urteko plan handizale bat prestatu zen, diziplina neurri gogorrekin batera. Industria astuna berehala bizkortu bazen ere, nekazaritza produkzioak eta kontsumorako ondasunen produkzioak ez zuten aurrerabiderik egiterik izan. Stalinen heriotza arteko (1953) urteetan ez zen politika askatzeko zantzurik txikiena sumatu.

Errusiar nazionalismoa indartuz joan zen, gerraren ondorioz SESBren mende geratu ziren lurraldeak ?sobietartzeko? prozesua gauzatu bitartean.