Departamento de Cultura y Política Lingüística

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Mexikoko iraultza

Goian, trena mexikar iraultzaileen mende. Behean, Zapataren jarraitzaileak Sanborn’s Azulejos-en gosaltzen.<br><br>

XIX. mendean hiru gertaera erabakigarri izan ziren Mexikon: Espainiari buruzko independentzia, mugak zehaztea eta militarren estatu kolpeen segida amaitezina. XX. mendean, Porfirio Díaz jeneralaren diktadura kontserbadore gogorraren pean geratu zen Mexiko; horrez gainera, nekazarien egoera guztiz tamalgarria zen lehendik ere, gutxi batzuen esku baitzeuden lurrak. Egoera horri eman zitzaion erantzunari esaten zaio Mexikoko iraultza: 1910 eta 1928-29 urte artean gertatu zen eta gizarte sektore guztiz desberdinak izan zituen protagonista. Lurrarengatiko borroka izan zen iraultzaren eragile nagusietako bat, baina garrantzitsuak izan ziren askatasunaren eta erreforma demokratikoen aldeko borrokak ere.

 

Aurrekoak: Porfirioren diktadura (1876-1911) eta lurraren arazoa

1876an Porfirio Díaz jeneralak (1830- 1915) hartu zuen aginpidea. Porfirio Díaz militar profesionala zen, eta Benito Juárezek Maximilianoren eta inbasore frantsesen gobernuaren kontra antolatutako borrokan nabarmendu zen. Díazek, Juárezen gobernualdiko urteetan nagusi izan ziren gerrilla mugimenduak eta bandolerismoa desagerrarazteko asmoz, diktadura gogor baten aldera eraman zuen bere gobernua, nahiz eta gorde zuen, apaingarri gisa, konstituzioak bermaturiko bozketa, etengabe faltsutua.

Porfirioren diktadurak 35 urte iraun zuen; Mexikoren egitura ekonomikoa modernoagotu zuen, Estatu Batuetako kapitalismoaren laguntzarekin batetik, eta bestetik, zilar meategi berrien aurkikuntzari eta lurpeko petrolioaren ustiakuntzari esker. Herriaren masa handiena ordea oparotasun horretatik kanpo geratu zen, atzerriko kapitalarentzat bakarrik izan baitzen onuragarri –batez ere petrolioan eta burdinbideetan inbertitzen zuten Estatu Batuetako kapitalarentzat eta kapital anglo-saxoiarentzat–, eta Mexikoko talde sozial pribilejiatuentzat.

Horrez gainera, Díazen diktadurak lurjabeen alde egin zuen; haien aldeko legeak egin zituen, eta era horretan are larriagotu zen nekazari apalen egoera lehendik ere latza.

1910eko erroldaren arabera, Mexikoko biztanleak, guztira, 15 milioi lagun pasa ziren; %80 nekazariak ziren. Erroldan ondasundun gisa ageri ziren 840 lagun ziren, besterik ez, lur gehienen jabe; haien jabetzen eremua, batez beste, 100.000 hektareakoa zen. Latifundioa zen Mexikoko arazo nagusia; halaxe zen XIX. mendean, eta halaxe jarraitu zuen hurrengo mendean ere.

Alferrekoak izan ziren nekazaritza berriztatu eta kolonien garaiko jabetza handiakdesagertarazteko Benito Juárezek egin zituen ahaleginak; 1856ko desamortizazio zibil eta elizakoak, jabetza txikien sorrera bultzatzeko ordez, kreole pribilejiatuenei lagundu zien, eta nekazariak berriz auzo lurrez (ejidos) gabetu zituen. Horrela bada, latifundismoa sendotu egin zen. Arazoa are larriagotu zuten 1875 eta 1883ko kolonizazio legeek, atzerritar kolonoak erakartzeko egin baitziren, lugorriak lan zitezen. Helburu hori iristeko konpainia bereziak sortu ziren, zenbait lurjabe aberatsez osatuak, eta haiexek jabetu ziren lur gehienez, 49.000.000 hektareaz (Mexikoko lurren laurdena). Lur haietan sartu ziren, bestalde, legez kanpo, herri indigenen lurrak eta jabetza txikiak, horiek ezin baitzuten ezer egin lurjabeen alde agertzen ziren epaileen aurrean. Lurjabe eta ejidoetako jabe txikiak, milaka, peoi gisa joan behar izan zuten arrantxoetara, soldata guztiz urrien truke, edo mixeria gorrian geratu bestela.

Horrez gainera, Porfirioren diktaduraren urteetan inoiz ez bezala egin zuten gora laborantza gaien prezioek, eta horrek areagotu egin zuen klase apalen egoera larria.

Langileen giro nahasia erantsi behar zaio horri, batez ere meatzarien eta burdinbide eta irundegietakoena; lan baldintza duinak lortzeko asmoz egin zituzten protestaldiak eta grebak gogortasun izugarriaz zapaldu zituzten, eta langile organizazio oro galarazi zen. Egoera horrek eztanda egingo zuen azkenean. Intelektual gazteen jarrera kritikoa (zenbait hirietan talde liberalak osatu zituzten) izan zen Díaz jeneralaren errejimenaren erorketarako lehen urratsa. 1906an zabaldu zen herri osoan zehar, ezkutuan, «Alderdi liberalaren egitaraua eta herriari zuzenduriko manifestu» bat, herria matxinatzera gonbidatzen zuena. Porfirioren errejimena kritikatzen zutenen artean, sektore moderatuenean, iparraldeko gizon aberats bat gailendu zen, Francisco Madero, Porfirio Díaz berriz hautatzearen kontra eta benetakobozketen alde herriz herri kanpaina egiten ibili zena. Maderoren arrakastarekin larritu egin ziren agintariak, eta, 1910ean, hauteskunde kanpaina bete-betean zela, atxilotu egin zuten, herria matxinadara bultzatzen zuelako salaketapean. Fiantza ordaindu, eta Estatu Batuetan hartu zuen babesa; handik antolatu zuen diktadorearen aurkako hurrengo kanpaina. Horrelaxe hasi zen iraultza prozesu luze baten lehen aldia, ezaugarri izan zituena, batetik, nekazarien protagonismoa eta, bestetik, laborantzaren erreformaren aldeko erribindikazio mugimenduaren zapalkuntza sistematikoa, aginpidera iristen ziren guztiek bideratua, Maderok aurrena, eta Huertak eta Carranzak gero.

 

Iraultzaren aldiak

 

Maderoren iraultza (1910-1913)

Maderok erbestetik antolatu zuen altxamenduak berehala lortu zuen Mexiko osoko nekazarien atxikimendua, laborantzaren erreforma egiteko –lur jabe txikiei lurra itzuli– eta indigenak babesteko aginduek erakarrita.

Bi lider gailendu ziren haien artean, herriak benetako mito bihurtu zituenak: Pancho Villa iparraldean eta Emiliano Zapata hegoaldean. Haien mugimendu iraultzaileak independenteak izan ziren, eta oso une jakinetan baino ez zuten bat egin.

Maderoren eta nekazarien matxinadaren indarraren ondorioz, azkenean, Díaz diktadoreak lehendakaritza utzi eta erbestera joanbehar izan zuen (1911). Madero, hiriburuan arrakastaz sartu eta bozketak egin ondoren, lehendakari hautatu zuten. Berehala izan zituen arazoak, bere gobernuaren moderazioaren eta nekazaritzaren erreforma erabateko baten eskaeraren artean sortu ziren tirabirak zirela-eta; erreforma hori «Ayalaren egitaraua» zeritzanean proposatzen zen, eta haren banderapean berriz matxinatu zen Zapata, ez baitzuen bere gudarostea desegin nahi lurrak banatzen ez ziren arte.

Egonkortasunik gabeko egoera horretan, Estatu Batuen esku sartzeak eta Porfirioren errejimenera itzultzeko saioek larriagotuta, Victoriano Huertas jeneralak, Maderoren armadako batek, estatu kolpea jo, Madero hil eta lehendakaritza beretu zuen.

 

Huertaren diktadura (1913-1914)

Huertaren diktadura oso laburra izan zen, bere politikagintza desegokia –gogor zapaldu zuen kontrako oro, eta gogortasun horren ondorioz berriz elkartu ziren indar iraultzaile guztiak– eta Estatu Batuen jarrera zirela-eta. Wilson lehendakariak –internazionalismo demokratikoaren idealak bultzatuta– ez zuen Huertaren gobernua onartu nahi izan; hauteskunde prozesu bat zabaltzea eskatu zuen, eta beste herrialdeetan presioa egin zuen, errejimen berria berrets ez zezaten. Ezbehar diplomatiko batek –Huertak marine talde bat atxilotu zuen Tampicon–, eta horrekin batera diktadorea alemanekin elkartu ahal izateak, Estatu Batuetako armada Veracruzen lehorreratzea ekarri zuen (1913). Aldi berean, Cohauilako lurjabe aberats bat, Venustiano Carranza, matxinatu zen, eta «Guadalupeko egitaraua» aldarrikatu zuen «konsituzioaren errestaurazioa» lortzeko. Herri osora zabaldu ziren matxinada armatuak: Villa Chihuahuan matxinatu zen, Alvaro Obregón –lurjabe mestizo bat– Sonoran, eta Zapata hegoaldean.

Antiklerikalismoa izan zen aldi honetako ezaugarri nagusietako bat; Mexikoko iraultza guztiaren ezaugarria ere izan zen, Elizak diktaduren eta aberatsen alde egin baitzuen, eta herriak zigortu egin zuen. Matxinada haiek Huertaren errejimenaren amaiera ekarri zuten: diktadoreak uko egin zion lehendakaritzari, eta haren ordez, Carranzak hartu zuen, aldi baterako.

 

Carranzaren lehendakaritza eta nekazarien higikundearen zapalkuntza (1914-1917)

Huertak lehendakaritza utzi ondoren, aldi nahasi bat etorri zen, talde iraultzaileak zatikatu egin baitziren berriz ere (Aguascalienteseko Konbentzioa), eta berriz hasi zen borroka armatua. Villak eta Zapatak hiriburuansartzea lortu zuten, baina laster gailendu zitzaizkien Carranzaren osteak, Estatu Batuek babestuta, hasieran Pancho Villari lagundu zioten arren. Villak traiziotzat hartu zuen hura, eta sarraldiak egin zituen mugaz bestaldean eta hegoaldeko hirietan.

Wilsonek orduan, Villaren kontrako zigor ekinaldiak baimendu zituen, Carranzari haren berri eman gabe, eta haiek tentsio diplomatiko larria eragin zuten, hainbeste non Lehen Mundu gerran Alemaniaren alde egitera bultzatu zuen Mexikoko gobernua. Izan ere, Estatu Batuek gerra horretan neutraltasuna galtzeko arrazoietako bat Zimmermann telegrama delakoaren aurkikuntza (1917-III-1) izan zen; hartan, aginduak ematen zizkion Alemaniak bere Mexikoko enbaxadoreari, Estatu Batuekiko gerra piztuko balitz, aliantza bat proposa ziezaion mexikar gobernuari, Texas, Mexiko Berria eta Kalifornia berreskuratzearen truke.

 

Mexiko demokraziarantz (1917-1929)

Carranzaren gobernuak konsituzio berri bat onartu zuen (1917), sistema demokratiko bat ezartzen zuena –teorian–, eta errepublikako lehendakari aldiak lau urtera mugatzen zituena. Pixkana-pixkana indarra galdu zuen nekazarien mugimenduak, eta herriak berreraikuntzari heldu zion, erreforma sozialeko egitarau baten bidez: laborantzarenerreforma, irakaskuntzaren sekularizatzea, langileen eskubideak bermatzea, etab. Estatu Batuen eragin ekonomikoa –petrolioaren kontzesioen eta jabetzen bidez– indartu egin zen. Baina lehendakaritzan ondorengo izateko barne borrokek eragotzi egiten zuten egonkortasun politikoa, lehendakarigaien hilketarekin amaitzen baitziren behin eta berriz: Alvaro Obregón Carranzaren kontra altxa zenean ez zela haren ondorengo izango jakin zuenean, hil egin zuten; Obregónekin (lehendakari 1920- 1924 urteetan), gauza bera egiten saiatu zen Adolfo de la Huerta, baina huts egin zuen, eta Plutarco Elías Calles izendatu zuten lehendakari (1924-1928). Antiklerikalismo gogor batek markatu zuen haren politika –1926an berriz ere odoleztatu zen herria, Elizaren aldekoen («cristeros») eta kontrakoen arteko gatazkekin («camisas rojas»)–, eta orobat laborantzaren erreformarako egitasmoen gelditzeak; izan ere, Lázaro Cárdenasen agintaldia arte, 20 milioi hektarea lur banatu zirenean, ez zen erreforma benetan gauzatu (1934-40). Callesek sortu zuen Alderdi Nazional Iraultzailea, etorkizuneko PRI (Partido Revolucionario Institucional) ahaltsuaren sorburu zuzena, eta bera izan zen Mexikoko gizonik indartsuena Cárdenasek aginpidea hartu zuen arte. Alderdi horren sorrerak eta eliztarren matxinadak amaitzeak bukarazi zuten Mexikoko historiaren aldi iraultzaile hau.